C GUTUNA

RICA-k BERAri

 

        Lehengoan Frantsesen moden aldakortasun izugarriaz mintzo nintzaizun. Hala ere, ezin asma daiteke nolako seta duten horretan: dena ezartzen dute horren menpe; beste nazioetan egiten den dena arau horrekin neurtzen dute: arrotz deritzena beti irrigarritzat jotzen dutelarik. Aitortzen dizut ez nekikeela lotzen haien ohiturenganako furia hau egunero kanbiatzeko duten aldakortasunarekin.

        Arrotza den guztia mespretxatzen dutela diotsudanean, ezerezkeriez ari natzaizu: zeren, gauza inportanteetan, dirudienez, beren buruak ezdeustatzeraino mesfidatzen diren. Lotsarik gabe onartzen dute beste herriak zuhurrago direla, baldin, besteek onartzen badute haiek hobeto janzten direla. Prest Claude nazio etsai baten legeen menpe egoteko, baldin eta frantses ile-faltsugileek beren legeak ezartzen badizkiete perruka molde arrotzei. Ez dute deus ederresten gehiago, beren kusinarien moduak iparraldetik hegoalderaino, eta beren modisten arauak Europa osoko apaindegietan, gobernatzen ikustea baino.

        Aurrerapen noble hauekin, bost axola zaie giza legea atzerritik badatorkie eta gobernamendu politiko eta zibilari dagokion guztia beren auzotarrengandik hartua badute ere.

        Nork pentsa dezake Europako erresumarik zaharrena eta boteretsuena, gobernatua izan daitekeenik hamar mende pasatxoez geroztik, berak egin ez dituen legeez? Frantsesak konkistatuak izan balira ulergarria zatekeen; baina beraietxek dira konkistatzaileak.

        Nazioaren batzar orokorretan lehen erregeek eginiko lege zaharrak abandonatu egin dituzte; eta oraindik bitxiago dena, ordezkatu dituzten lege erromatarrak, parte batean beren enperadoreen legegile garaikideek egin eta idatziak izan ziren.

        Hartzea osoa izan zedin, beraz, eta atzerritik etor zintzaizkien giza lege guztia, Aita-sainduen konstituzio guztiak onartu dituzte eta beren eskubideko parte berria haiekin osatu: esklabotasun mota berria onartuz.

        Egia da azken garaietan, bildu dituztela idatziz hiri eta probintzietako zenbait estatutu; baina ia denak eskubide erromatarretik hartuak dira.

        Lege ugaritasun honen onartzea, eta nolazpait esateko, bere egitea, hain da handia, ezen berdin justizia eta epaileak lehertzen dituen. Baina lege bilduma hauek ez dira deus konparaturik glosatzaile, komentariogile eta biltzaileen oste izugarriarekin: beren eitearen zuzentasun eskasez hainbat direnak ahul, zenbat indartsu beren kopuru miresgarriez.

        Ez da hori dena. Giza arrazoinaren lotsa ematen du lege atzerritar horiek sortu duten formalitateen gehiegikeriak. Aski zaila da erabakitzea, forma kaltegarriagoa bilakatu den jurisprudentzian sartu denean ala medizinan: lege-gizon baten jantzi pean kalte gehiago egin duen, mediku baten txapelandi pean baino; eta batek jende gehiago errekara bota dituen besteak mundu honetatik baino.

Parisen,
1717ko Saphar-en ilargiaren 12an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia