III GUTUNA
ZACHI-k TAURIS-en dagoen USBEK-i
Eunukoen buruari paseatzera eraman gaitzan agindu diogu, eta ez zaigula deus ere gertatu esango dizu. Ibaia pasa behar izan genuenean eta gure etzalekuetarik irten, kutxa batzuetan sartu ginen ohi bezala bi morroik bizkar gainean eraman gintuztelarik begirada guztiei ihes eginez.
Nola bizi nintekeen, Usbek maitea, Ispahan-go zure anderenean, etengabe oroitzen nintzelarik plazer iraganez, nire desioak egunero bortizkeria berri batek samurtzen zituenean? Gela batetik bestera nenbilen zure bila beti inoiz ezin aurkiturik, eta orotan zorion iraganaren oroitzapen krudela edirenez. Behin, lehen aldiz besarkatu zintudan txokoan ikusten nintzen; bestean, zure andereen arteko eztabaida famatu hartan, ni hautatu ninduzunekoan. Nork bere burua besteena baino ederragotzat zuen. Zure aurrean presentatu ginen zintzilikari eta hornigarriz janzteko irudimenak eman zigun hoberena ahiturik. Gure artearen mirariak gustu handiz ikusi zenituen; zu poztearren grinak noraino eraman gintuen miretsi zenuen. Baina berehala xarma erantsiak bere lekua utzi zion berezkoari: gure obra osoa desegin zenuen. Kenarazi zenizkigun hain desegoki zeritzuten generamatzan hornimenduak oro, eta zure bista aurrean jaio bezalaxe aurkeztu behar izan genuen. Deusek ez ninduen ahalketzen, lorian soilik bainuen pentsatzen. Usbek zoriontsua, zenbat xarmant zure begien aurrean! Luzaro ikusi zintuztegun xarmaz xarma erraturik bezala, zure izpirituak duda-mudatan iraun zuen luzaro, grazia berri bakoitzak zure arreta eskatzen zuen; lipar batez denak zure musuz eta bailakoz estaliak izan ginen; zure begirada kuriosak xokorik ezkutuenak behatu zituen; istant batez hamaika era ezberdinetan ezarrarazi gintuzun; une oroz agindu berri bat eta berehalako obedientzia berria. Aitortzen dizut, Usbek, anbizioa baino biziago den grina batek zu plazerez betetzera bultzatu ninduela. Eta oharkabean zure bihotzaren jabe sentitu nintzen, dastatu ninduzun, utzi, nireganatu zinen berriro eta zu nirekin gelditzea lortu nuen. Garaipen osoa niretzat eta etsimendu hutsa nire etsaientzat. Bageneritzon bakarrak ginela Munduan, inguruneak ez baitzuen merezi gure arretarik. Ailetsa jainkoak ene etsaiek kuraiaski lezaten zugandik hartu ditudan amodio seinale guztien lekuko izateko! Nire pasioaz ongi ohartu baziren berehala konturatuko ziratekeen ere nire eta beraien amodioaren diferentziaz; ikusiko zuketen xarmaz nirekin konpara bazitezkeen ere, ezinezkoa zitzaiela sentsibilitatez erkatzea.
Baina non nago? Nora narama eresi alfer honek? Zorigaitza bada maitatua ez izatea, zorigaitzago, irain handiagoa jada ez izatea. Utzi gaituzu, Usbek, atzerrietako paraje basatietan barna ibiltzeko. Zer! Hain gauza ezereza deritzozu maitatua izateari? O! Ez dakizu benetan zer galtzen duzun! Nire barnetik ihesi doazkizun suspirioak ez ditu inork aditzen; malkoak darizkit eta ez dituzu gozatzen; badirudi amodioaren hotsa nabari dela anderenean eta zure bihotzaren gogorrak urruntzen zaitu gero eta gehiago nigandik! A! ene Usbek maitea, zoriontsua izaten jakingo bazenu!
Fatmé-ko anderenetik,
1711ko Maharram-en ilargiaren 21ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu