VII. KAPITULUA

 

        Urtarrilaren hogeita bian, goizean, Fusako eta Ryuji Yokohamako alkatearengana joan ziren, beren ezkontzako zeremoniak hark zuzen zitzan. Alkateak atseginez hartu zuen eskaria.

        Udaletik itzultzean, Isezaki auzuneko denda handi batetik igaro ziren, han gonbidapen gutunen inprimaketa eskatu nahi baitzuten. Eztei otoruntza, azkenik, New Grand Hotelean eskatua zuten.

        Gero garaiz bazkaldu eta Rexera itzuli ziren.

        Arratsaldeko ordu bata aurretxoan Ryuji dendatik irten zen, goizean zehar Fusakori aipatu hitzordu bat zela-eta. Goiz hartan bertan kargaontzi bat Takashimako iritsia zen eta Ryujiren eskolakide izandako lehen ofizial batek arratsaldean aspaldiko partez geratzeko eskatua zion.

        Bestalde, Ryujik ez zuen atsegin hain dotore jantzita joatea. Ezkontza ospakizuna amaitu arte ez zion bere aspaldiko lagunari ezer sumarazi nahi. Hargatik, lagunarengana joan aitzin, etxera joan beharra zeukan marinel jantziak hartzera. Halaxe esana zion Fusakori.

        — Ez zara ba itsasontzira igoko ni lehorrean utzita, ala? —galdegin zion Fusakok txantxetan, eta gizonari atariraino lagundu zion.

        Bezperan, eskolako lanak zirela-eta, Noboruk Ryujiri deitu eta honela esan zion:

        — Aita, nire lagunek bihar zure nabigazio istorioak entzun nahi dituzte. Eskola amaitutakoan, arratsaldeko ordubiak aldean, denok zure zain egongo gara igerilekuko muinoan. Zure kontuak entzuteko irrikatzen daude eta zinez eskertuko dizugu guregana etortzea. Marinelez jantzita gainera, marinel kapela eta guzti ahal dela. Baina amari ezertxo ere esan gabe. Hari esango diozu itsasoko lagun bat ikustera joan beharra daukazula, edo halako zerbait, eta aitzakia horrekin dendatik ospa egingo duzu.

        Mutikoak eskatzen zion lehendabiziko mesedea izanik, Ryujik ezin zuen semearen gutizia zapuztu. Aita baten betebeharra zen hura. Gero egia agerian geratuko balitz barrea baino ez zuen eragingo, eta hargatik irten zen dendatik hain goiz.

        Mutikoak ordu biak jota agertu ziren, Ryuji igerileku ondoko haritz baten zuztarretan eserita zegoela. Haietan batek, burutsua zirudienak, bekainak ilgoraren eran eta ezpainak gorrituak zituenak alegia, Ryujiri gizabidez eskertu zion haraino joan izana, eta horren ostean, itsas istorioak hobeki entzutearren, kai lehorreraino joatea eskatu zion. Toki hura kai nagusitik gertu zegoelakoan, Ryujik ongi iritzi zion. Mutikoak pozak txoratzen zihoazen, marinel kapela elkarri emanez eta buruan ezarriz.

        Neguko arratsalde atsegina zen. Laiotzean freskura egiten bazuen ere, eguteran, hodei mehe batzuk gorabehera, ez zegoen berokien premiarik. Ryuji, zamarra besoan, leporaino igotzen zen jertse grisaz eta marinel kapelaz jantzirik zihoan, eta bere inguruan, atzera-aurrera, sei mutikoak, nork bere poltsa eskuetan, algaraka eta alai. Sei mutikoek belaunaldi hartakoak izateko ttikixkoak ematen zutenez, Ryujiri sei atoiontzi ttiki iruditu zitzaizkion, denen artean ontzi bat itsas zabalera atoian zeramatelarik. Alabaina, ez zion igarri haien ibileretan ezkutatzen zen aztoramendu urduriari.

        Ilgoraren erako bekainak zituen mutikoak tren bat hartu behar zutela esatean Ryuji harriturik geratu zen. Hala ere aurrera jarraitu zuen, ongi baitzekien zein garrantzitsua zen mutikoentzat istorioen eszenatoki egokia izatea. Eta inork ez zuen jaistekorik egin harik eta Yokohamako hegoaldean zegoen Isogo auzuneko Sugitara heldu arte.

        — Nora arraio goaz? —galdegin zien Ryujik behin eta berriz, ibilera haiek dibertigarriak bailitzaizkion. Haiekin egotera deliberaturik, ez zen komeni haserre ibiltzea.

        Kontuz, Ryujik Noboruri begiratzen zion, arretaz, eta haren begirada zorrotz eta miatzaile hura uxaturik, lehendabiziko aldiz pozik ikusi zuen lagunarte hartan. Are gehiago: Noboru eta besteen arteko muga desegina zegoela iruditzen zitzaion, denak nahas-mahas ibiliko bailiran. Ia ezinezkoa zitzaion halako mutil bat, hain bakarti izanik eta helduei hain begirakune miaketaria zuzentzen ziena, gisa hartan ibiltzea.

        Ryuji, marinel jantzitan eta arratsalde osoa Noboru eta bere lagunekin emanez, mutikoari mesede bikaina egiten ziolakoan zegoen; aitaren ikuspuntu moral eta pedagogikotik begiraturik ere hala sinesten zuen (zenbait liburu eta aldizkaritan irakurria zuen bezala bestalde.) Egun hartako txango hura, aita-semeen arteko harremanen oinarria sendotzeko aukera ezin hobea zela iruditzen zitzaion, eta gainera semearen beraren eskariz. Eta jarraian, lehen elkarrentzat ezezagunak izan ziren aitaordeak eta semeordeak bat egingo zuten, eta ez nolanahi, baizik eta odol loturak baino urrunagoko lotura sakon eta maitekorren bidez. Ryujik hogei urterekin seme bat izan balu, ez zitekeen batere harritzekoa izango seme horrek orain Noboruren adina izatea.

        Azken geltokian jaitsi eta mutilek, elkar harturik, mendiko maldarantz atoian eraman zuten marinela. Ryujik jakin-minez beterik honela galdegin zien:

        — Aizue, mendian al dago kai lehorra?

        — Zergatik ez ba? Tokion, esate baterako, metroak gure buru gainetik pasatzen dira!

        — Ez dago gaizki esana! —esan zuen Ryujik harritu plantak eginez, eta mutilak, harroturik, irri karkaraka hasi ziren.

        Bideak, Aoto Muinoan barrena, Kanazawa auzunerantz segitzen zuen. Zentral elektriko baten aurretik igaro ziren, zeinak bere portzelanazko isolagailu eta kable nahasmenarekin, neguko zeruan osatutako halako amarauna baitzirudien. Ondoren Tomioka tuneletik igaro ziren. Eskuineko mendien hegaletan Tokio Yokohama Express-aren trenbideak ikusten ziren; ezkerrekoetan, ostera, muino gain oso-osoan zenbait etxe berriren orubeak.

        — Berehala iritsiko gara. Hango lur sailetatik igaro beharra daukagu. Ingurune hau lehen armada estatubatuarrarena izan zen —gisa hartako argibideak emanez aurrera zihoan taldeko burua, arestian Ryujiri begirune handiagoz mintzatu zitzaiona.

        Muinoko lur sailak jadanik taxututa zeuden; harrizko hesiak edota xendrak eginak ziren, eta baita hainbat etxeren hezurdurak ere. Sei mutikoak, Ryuji erdian zutelarik, muino hartako bide batean gora zihoazen.

        Muinoaren gailurrera hurbildu ahala, bidea desagertu eta taxutu gabeko belaze mailakatuak agertu zitzaizkien. Ikusmira hura liluragarria zen. Muinoaren behealdetik so eginik, sinestezina zen hain bide zuzen eta ongi markatua bat-batean eten eta belarrez estalitako toki malkartsuetan desagertzea.

        Ez zegoen jende arrastorik. Muinoko gailurraren bestaldetik bulldozer-en burrunbak heltzen ziren; behean, urrun, Tomioka tuneletik, aldiz, hara-honaka zebiltzan autoen harrabotsak. Arimarik gabeko ikuspegi zabal hartan makinen hotsak baino entzuten ez zirelarik, zalaparta hark berak areagotu egin zuen hango bakardade argitsua.

        Belaze idorrean zenbait zutoi ezarriak zeuden, han-hemenka, eta erdi usteldurik ikusten ziren.

        Belazea gurutzatu zuten. Orbelez basitutako bidexkak muinoaren gailurreraino egiten zuen. Eskuinean tanke herdoildu bat zegoen, alanbre latzez hesiturik eta belar luzeen artean abandonaturik. Okerturik baina tankeari itsatsirik, herdoilak jandako karteltxo bat zegoen. Ryujik, gelditurik, hango hitzak irakurri zituen.

 

                Armada estatubatuarraren eraikuntza.

                Debekaturik dago baimenik gabe sartzea:

                Lege japoniarraren arabera zigorgarria da.

 

        — Zer esan nahi du «zigorgarri» horrek? —itaundu zuen taldeko buru egiten zuenak. Ryujiri, zergatik ez bazekien ere, mutiko hura ez zitzaion laket. Haren begien kliskadengatik, iruditzen zitzaion mutilak ondotxo zekiela erantzuna zein zen. Batera nahiz bestera, gizalegez erantzuten ahalegindu zen.

        — Hor sartzea zigortua izan daitekeela esan nahi du.

        — Bai, baina orain Estatu Batuena ez denez, hemen nahi duguna egin dezakegu, ezta?

        Baina hitz egiten zuen heinean, zeruan galtzen ari den globo bat nola, bere arreta urrundu egiten zela zirudien.

        — Horra hor gailurra —erantsi zuen.

        Bidexkaren amaieran agertu zitzaien ikusmira zabalarekin, Ryuji txunditurik geratu zen.

        — Ene, bai toki zoragarria aurkitu duzuen hau!

        Ikusmirak ipar ekialdeko itsasora ematen zuen. Beren hankapean, ezkerraldean, amildegi batean buztinezko malda erraldoi bat egina zegoen. Bulldozer batzuk lanean ari ziren, eta kamiotzarrak lurra eraman eta eraman; kamioiek ttikiak irudi zuten, baina haien durundak inguruko aire guztia dardara batean jartzen zuen. Beherago, industria laborategi eta hegazkin lantegietako teilatu grisak ageri ziren, erreskadan, eta bulego nagusiaren hormigoizko patioan pinu ñimiñoak eguzkitan gozo-gozo ikus zitezkeen.

        Lantegi inguruetan, baserri gisako etxe multzoak. Eguzki printza indargeen itzal-argiak zirela eta, aski ongi bereizten ziren teilatu altu eta baxuak. Lantegi askoren itzalak txukun lerrokatzen ziren. Haranean zehar hedatzen zen gandu finaren bestaldetik autoetako kristalen dirdaiak nabarmentzen ziren.

        Itsasoak halako oroimina piztu zuen marinelarengan. Fusakoren logelatik ikusterik bazegoen ere, azken bolada hartan hurbildu ere ez zen egiten hari begiratzera. Urak, bedatsea urrunxko egonagatik, prusia urdin ziren, eta hodei bakanen batek ilundutako tarteetan ahul ikus zitezkeen, zuri hotzekoak. Arratsalde hartako zeruaren gainerakoa oskarbi ageri zen, eta urdin koloregabetu eta beti bat hura horizontera hurbildu ahala ahuldu egiten zen.

        Itsas bazter lohitik, urak itsas zabalera sare erraldoi baten tankeran zabaltzen ziren. Kai inguruan ez zegoen ontzi arrastorik. Itsas zabalean zenbait kargaontzi; denak ala denak ere ttikiak, hiru bat mila tonakoak, eta urrunetik begiratuagatik garbi antzematen zen beren zahartasuna.

        — Gure kargaontzia ez zen hain ttikia —adierazi zien Ryujik.

        — Hamar mila tonakoa zen —gehitu zuen Noboruk, arratsalde hartan apenas hitz egin ez zuelarik.

        — Etorri hona —agindu zion talde buruak zamarrari tiratuz.

        Orbelez beteriko bidexkan behera jaitsi eta inguruko maldetatik harrigarriro libratutako toki basati batera heldu ziren; hondamendiak han zuen muga ezarria, han mendiak antzinako itxura gordetzen zuen.

        Agerrune hura zenbait maldaz inguraturik ageri zen; mendebaldera ematen zuten zuhaitzez babestua, eta ekialdean, ostera, beste zuhaizti batek itsas haizetik gerizatzen zuen. Negu-toki baten gisako ingurune hura neguko barazkien hazleku aparta zen. Bidexka bazterretan, bestalde, aihen eiharrak itsasten ziren, eta haietan kuia idor gorri bat nabarmentzen zen. Toki hartara heltzean, mendebaldeko eguzki printzek etsi egiten zuten eta errainu bakanen batek isla gorrixkaren bat sortarazten zion orbeleko hostoren bati.

        Ryuji, bere haurtzaroan halako gauzak ere gertatu izan ziren arren, miretsirik geratu zen gazte haiek gai izan baitziren hura bezalako agerrune eta ezkutaleku bat topatzeko.

        — Zuetako zeinek aurkitu zuen toki hau?

        — Nik. Hemendik gertu bizi naiz-eta. Auzune honetatik igarotzen naiz eskolara bidean. Nik neuk aurkitu eta denei erakutsi nien —ihardetsi zuen ordura arte Ryujiri hitzik zuzendu ez zion batek.

        — Non da zuen kai lehorra?

        — Hementxe —bota zuen taldeko buruak irribarrez.

        Buruzagia, muinoko gailurrak iluntzen zuen kobazulo ttiki baten aurrean zegoen, irriño bat ezpainetan eta harako sarrera seinalatuz. Eta Ryujiri irri hura, kristaleria finaren antzera, oso hauskor eta arriskutsua iruditu zitzaion; orduan, Ryujirengandik betile luzeekiko begiratu hura urrundu, arraina saretik nola, eta azalpenak ematen jarraitu zuen.

        — Hauxe da gure kai lehorra. Mendi gaineko kai lehorra hain zuzen ere. Hemen ontzi hondatuak konpontzen ditugu. Batzuetan baita desegin ere, gero atzera konpontzearren.

        — Baita, baita... Baina ontziak honaino igotzeko lanak izugarriak izan behar dira, ala?

        — Ez, erraza da oso. Ez zaigu batere kostatzen —adierazi zuen mutikoak berriro ere aurpegia irribarre batez argituz.

        Zazpiak kobazulo aurreko belaze berde ahularen gainean eseri ziren. Laiotzean hotz handia egiten zuen. Itsasotiko brisa izoztuak ere aurpegiak kolpatzen zituen. Ryuji, zamarra jantzirik, hankak gurutzaturik eseri zen. Eroso sentitu bezain laster, bulldozer eta kamioien zaratotsak erasoka hasi ziren.

        — Zuetako norbait izan al da sekula itsasontzi handi batean? —itaundu zien Ryujik ahalik eta umoretsuena.

        Mutikoak, ostera, elkarri begiratu eta erantzun gabe geratu ziren.

        — Itsasontzia aipaturik, burura datorren estreinako gauza zorabioa da —ekin zuen Ryujik entzulego gogogabetu harentzat—. Marinel berri gehienak zorabioarekin jota gelditzen dira. Batzuei, lehendabiziko itsasaldiak halako oinaze gorria sortarazten die, eta nahiago izaten dute dena bertan behera uztea. Ontzia zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta kulunkada handiagoak egiten ditu, eta horrekin batera margoen usaina, gasolinarena eta sukaldekoa denak nahasirik...

        Zorabio kontuak axolagabeki entzuten ari zirela ohartzean, besterik ezean Ryuji kantuan hasi zen.

        — Aizue, ezagutzen al duzue kantu hau?

 

                Sirena-hotsa uluka, sokak askaturik,

                portutik abiatuko da itsasontzia.

                Marinel lanetan emanen dut bizia,

                baina urrunduz doan berria agurturik,

                ene baitan nahi gabe sortzen da tristezia.

 

        Mutikoak, ukalondoarekin elkar jo eta barrez hasi ziren. Noboru, auzo-lotsa sentituz, marinelari kapela kendu eta besteei bizkarra emanez, harekin jostatzen hasi zen.

        Kapelak malko irudiko intsignia handi bat zeukan. Haren erdian aingura bat brodaturik zegoen, urre koloreko hariz egindako kateak itsatsiak zituelarik; eskuin-ezker erramu hostoak, hauek ere urre koloreko hariz brodatuak, eta haien artean fruitu bakan batzuk ageri ziren, hari zilarkarez brodatuak, eta aingura solemneki besarkatuz; intsigniaren goi-beheetan, ostera, amarrak ziruditen txirikorda urrekarak zeuden. Kapela beltzean, arratsaldeko zeruaren argi malenkoniatsua distiraka islatzen zen.

        Eta kapela huraxe ez zen ba aurreko udako oskorri batean ontzia itsasoratzean dirdaia egiten zuena; kapela hura izan zen azken agurra eta mundu ezezagunaren ezaugarri distiratsua; kapela hura izan zen lehorretik urruntzeagatik, existentziaren uztarritik alde egin eta eternitateari harro-harro zuzendutako zuzia.

        — Nire aurreneko nabigazioaldian Hong Kong-era joan nintzen... —hasi zelarik, Ryujiri iruditu zitzaion mutilek gero eta arretatsuago entzuten ziotela.

        Ryujik kontatu egin zizkien bere lehendabiziko itsasaldi hartako bizipenak, oharkabean egindako aldrebeskeriak, aztoramena, irrika, urduritasuna eta abarren abarra. Baita munduko bazter desberdinetan ikusi eta entzundako pasadizoak ere: Suezko Kanaleko portuan geratu zirelarik inor ohartu gabe amarra lodi bat lapurtu zietenekoa: Alexandrian japonieraz zekien zaintzaile batek, portuko saltzaileekin elkar hartuta marinelei salerosketa proposamenak egin zizkienekoa (arrazoi pedagogikoengatik ez zien salgaien xehetasunik eman); Australiako New Castle-en ikatza kargatu bezain laster Sydneyra abiatu eta lau orduko itsasaldian hurrengo karga lanetarako prestaketak egiten izugarri lanpeturik ibili zirenekoa; ibilbidea guztiz zehaztu gabeko ontzi gehienek lehengaiak eta landu gabeko mineralak garraiatzen zituztelarik, halako batean, Hego Amerikako United Fruits-eko ontzi eder batekin topo egitean, hango leihatila gainalderaino pilatutako fruta tropikalen lurrin zoragarriak urrun baino urrunagotik heldu zitzaizkienekoa...

        Kontu-kontari ari zelarik. Ryujik ikusi egiten zuen talde burua ordura arteko larruzko eskularruak erazten eta haien ordez ukondorainoko gomazkoak janzten. Mutilak, goma hotza eskuei ongi itsasten saiatzen zen, behin eta berriro eskuineko atzamar bakoitza ezkerrekoarekin artegatsu gurutzatuz.

        Ryujik ez zion ezertxo ere esan. Ikasgelako burutsuena izan bide zena asperturik zegokeen eta zentzu bako bitxikeria hartan tematurik zegoen...

        Bestalde, Ryujik, itsas istorioak kontatu ahala gero eta hunkituago zegoelarik, toki hartatik marra urdin trinkoa zirudien itsasoari begiratzen zion.

        Une hartantxe horizonteko lerro gainean kargaontzi ttiki bat igaro zen, atzean ke bafada beltz eta luzanga utzirik. «Han egoteko aukerarik banu», pentsatu zuen Ryujik.

        Gisa hartan, mutikoekin mintzatzearekin batera, Ryuji emeki-emeki ohartu zen nolakoa izan zitekeen berak Noboruren irudimenean zuen irudia, «Betiko itsasoratzen den marinela izateko aukera ere banuen. Itsas bizitzaz erabat gogaiturik egonagatik, orain ontziaren garrantziaz jabetu zen.

        Itsasoko marearen grina iluna, itsas zabaletik zetozen uhin erraldoien garrasia, goraka eta goraka egin ondoren tupustean jausten ziren olatuak... Itsaso urrun ilunetik etengabe bere izena ahoskatzen zuen loria ezezagunak, heriotzarekin eta emakumearekin bat eginik, izan behar zuen bada berarentzat halako patu berezia prestaturik. Hogei urte zituelarik, Ryujik sinesten zuen iluntasunaren hondo-hondoan bazela argiño bat, berarentzat propio egina, eta soilik berari argia emateko hurbilduko zitzaiola.

        Ametsetan loria, heriotza eta emakumea beti baturik agertzen ziren. Behin emakumea lortuz gero, ostera, beste biak itsas zabalaren harantz aldera urrundu ziren eta, balearen orro goibela nola, ez zuten berriro bere izena ahoskatu. Lehen berak ukatutako horrexek orain atzea ematen zion.

        Inongo labe garaitako sugarren beroa bereganatu gahe egonagatik, ongi gogoan zuen, behin, lurralde tropikaletan eta palmondo baten azpian eguzki kiskalgarriak bere saihetsari itsatsi eta hortz zorrotzez nola egiten zion ausiki. Baina orain labean ilintiak baino ez dira gelditzen. Bizitza baketsu eta finkoa hastear dago.»

        Une hartan heriotza arriskutsuren batek ere uko egiten zion Ryujiri, eta baita loriak berak ere, jakina. Sentimenduen mozkorraldi mingarria. Samindura oinazez betea. Azken agur distiratsuak. Hegoaldeko eguzkiaren goitizena den Kausa Handiaren deia. Emakumeen malko maitagarriak. Etengabeko sufrimendua sortarazten zion irrika iluna. Gizontasunaren erpineraino igorritako indar ezti eta astun hura... Haiek denak amaituak ziren.

        — Nahi al duzu terik? —galdegin zion gibeletik talde buruak ahots gardenez.

        — Bai —erantzun zion Ryujik jiratu gabe eta artean gogoeta haietan murgildurik.

        Ryujik ikusitako uharteen irudiak ekarri zituen gogora: Hego Pazifikoko frantses kolonia zen Makatea, Kaledonia Berria, Malaysia inguruko uharte ttikiak, Indiako Mendebaldeko herriak...

        Uharte haiek kiskaltzen jartzeko moduko malenkonia eta gogaikarritasunean irakiten egoten ziren, kondor eta papagaioez josirik eta palmondoak nonahi; enperadore palmondoak eta nipak. Itsaso distiratsuaren barnetik heriotza agertu, hedatu eta eraso egitera zetorren. Ryujik amets egin zuen jadanik galdua zuen heriotza solemnearekin, hots, jende guztiaren aurrean jazoko zen heriotza ezin dramatikoago batekin. Mundua, berez, halako heriotza loriatsu baterako egina izanik, heriotza harengatik mundua bera ere suntsiturik gertatzea ez zen harrigarria izango.

        Uhinak, odola bezain epel, atoloi barrenean. Latorrizko tronpetaren hotsa bailitzan hedatzen den eguzkia. Bost koloreko itsasoa. Marrazoak...

        Ryuji damutzen hasteko zorian zegoen.

        — Tori, hemen duzu tea —Noboruk, atzean zutik, masail ondora luzatu zion plastikozko edalontzi marroi iluna. Ryujik, adia galdurik, eskutan hartu zuen. Noboruren eskuetan, hotzak eraginda seguruenik, dardarizo ttiki bat sumatu zuen.

        Artean ametsetan murgildurik, tragoxka batez te epel hura sabeleratu zuen. Mikatza egin zitzaion. Loriak, orok dakigun bezala, zapore mikatza du.

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia