VI. KAPITULUA

 

        Noboruk Buruzagiari premiazko bilera bat egiteko eskatu zion eta sei mutilak eskola amaitutakoan udal igerilekuan batzartu ziren, atzerritarren hilerriaren behealdean.

        Igerilekura jaisteko, haritz tantaiz estalitako mendi bizkar batetik igaro zitekeen, zaldi bizkar baten gisako batetik. Mutikoek, hostoiraunkorrekiko zuhaitzen artetik joanda, malda erdian gelditu eta neguko eguzkitan dirdirka ikusi zituzten suharrizko hilobiak.

        Bizpahiru lerrokadetan mailakaturiko harrizko gurutze eta hilobien gibelaldeak baino ez ziren handik ikusten. Hilobi artean sagu palma berde beltzixkak zeuden eta gurutzetan, ostera, negutegietatik ekarriak izan bide ziren sasoiz kanpoko kolore gorri eta hori biziko liliak.

        Muinoaren eskuin aldean atzerritarren hilobi hura ikusmiran ageri zen; eta aurrez aurre haran ttiki bateko etxeen teilatuak eta, ororen gain, faroa. Ezkerreko haranean igerilekua zegoen. Igerilekuko ikusleentzako eserlekuak, orduan ez baitzen tenore egokia, mutiko haientzat batzarlekurik onena zen.

        Seiak maldan behera amildu ziren, saltoka eta korrika, eta harakoan belaze eihar estu bat zeharkatu zuten; malda hartan zuhaitz tantaien erroak zain beltz eta lodiak bailiran nabarmen geratzen ziren lur gainean. Igerilekua, azkenik, hostoiraunkorrekiko zuhaitz ugariz inguraturik, isiltasunean zegoen. Urdinez margotu hondoa guztiz idor zegoen eta margoa bera aski zartakaturik. Uraren ordez orbel eiharra bazterretan pilaturik ikusten zen. Burnizko eskailera ñimiño urdina hondotik gora ebakirik bezala geratzen zen. Eguzkia, mendebalderantz, bionbo antzeko amildegiaren atzealdean ezkutaturik zegoelarik, igerilekuaren hondoa jadanik ilun antzematen zen.

        Noboru, arestian begiztatutako atzerritarren hilobietako gibelaldeen irudiak gogoan zituelarik, ziztu batean zihoan lagunen orpotik. «Atzea ematen diguten gurutzeak; haiek guztiak gugandik bestaldera egonik, nola deitu behar ote zaio gu gaudeneko toki honi?»

        Seiak, Buruzagia erdian zutelarik, erronbo bat osatuz eseri ziren hormigoi heltzeko jarlekuan. Noboruk, txintik ere esan gabe, boltsatik kaiera mehe bat atera eta Buruzagiari luzatu zion. Kaiera azalean, gorri bizi-biziz, «Ryuji Tsukazakiren hutsak» idatzirik zegoen.

        Buruzagiarekin batera, denek lepoa luzatu eta irakurtzeari lotu zitzaizkion. Harako hura Noboruren egunkariaren laburpena zen, eta bezperako «Komoda barruko pasadizoa» barne, orotara hemezortzi atalez osaturik zegoen.

        — Izugarria da —adierazi zuen Buruzagiak ahots hitsez—. Hemezortzigarrenarekin gutxienez hogeita hamabost puntu dira. Orotara... Aurrenekoak bost puntu balio baldin baditu, zenbat eta atal gehiago irakurri, hainbat eta puntu gehiago dira. Guztira ehun eta berrogeita hamar baino askoz gehiago dira. Ez nuen hainbeste espero. Pentsatzekoa da, zinez.

        Buruzagiaren bakarrizketa hura entzunik, Noboruk halako hotzikara arina sentitu zuen. Honela galdegin zion:

        — Ez al dago salbatzeko aukerarik?

        — Ezinezkoa zaiguk. Errukitzekoa duk baina.

        Seiak ez hitz ez hitzondo geratu ziren. Buruzagiari isilune hura gogo ezaren adierazle egin zitzaion, eta hosto idor bat eskutan txiki-txiki eginez, hosto zainak hautsiz, honela esan zien:

        — Gu seiok apartak gara. Eta mundua, dakizuen bezala, hutsune bat baino ez da. Ez dakit zenbat bider errepikatu dudan gauza bera, baina egin al duzue gogoeta apur bat? Ez da aski pentsatzea gu edozer eginda ere barkaturik gaudela: horretaz gain, jakin beharko genuke gu geu garela irakasleak, eskolak, gurasoak gizartea eta antzeko beste purtzileria guztiak barkatzen ditugunak. Ez haiekin borrokatzeko hainbat indar ez dugulako, barkatzeko eskubide berezia dugulako baizik. Erruki izpirik izan bagenu, ezingo genuke dena hain hotz-hotzean barkatu. Hau da, barkaezinak direnak ere guk barkatu egiten ditugu. Barkagarriak, egia esan, oso gutxi dira, hala nola itsasoa...

        — Eta itsasontzia —erantsi zuen Noboruk.

        — Bai, halako gauza gutxi batzuk dira. Eta barkagarri diren gutxi horiek gure aurka amarrukeriatan hasten badira, hori egundoko azpikeria dela esan daiteke; zure etxeko txakur kuttunak ausiki egitea bezalakoxea da hori, izan ere gure eskubide bereziaren aurkako iraina baita.

        — Orain arte ez dugu ezer egin —tartekatu zuen Lehenengoak.

        — Ez pentsa ezer egin gabe geratuko garenik —azkar ihardetsi zion Buruzagiak argiki—. Ryuji Tsukazaki izeneko gizon horri dagokionez, taldeak ez du zertan aintzakotzat harturik; Hirugarrenarentzat, ostera, bada zerbait. Nik aipatu izan dizuedan munduko barne erlazioaren ezaugarri dizdizaria erakutsi zion behinik behin, baina gero iruzur egin zion, eta ez nolanahikoa gainera: munduko gaitzik okerrena beragan gauzatu da, aita egin baitzaio. Oso gaizki jokatu du. Hobe zukeen lehen bezalako marinel ziztrina izaten jarraitu izan balu.

        «Esan izan dizuedan bezala, mundu hau ikur eta erabaki xumeez egina dago. Ryuji ere, oharkabean izan bada ere, ikur horietako bat gertatu da. Hobeki esan, Hirugarrenaren arabera, gertatu bide zen.

        »Badakizue gure egitekoa zein den. Mekanikeriaren atal batek huts egiten badu, nahitanahiez atal hori konpondu beharra izaten da. Bestela ezin baita munduko ordena gorde. Mundua hutsarte bat dela dakigularik, guri ordenu hori mantentzea baino ez dagokigu. Gu gara ordenu horren begirale eta betetzaile —eta xalotasunez zera gehitu zuen—: Tira ba, heriotza-zigorra ezarriko diogu. Ez dago beste irtenbiderik. Azken batean bere onerako ere bada... Oroitzen al haiz, Hirugarren, zer esan nizuen Yamashita Kaian geundela, hau da, bazela modu bat gizon hori atzera heroi bihurtzeko eta laster horren berri emango nizuela?

        — Bai, gogoan diat —arrapostu zuen Noboruk belaun dardaratiak gorputzera hildu eta besoez inguratuz.

        — Oraintxe duk ba garaia.

        Bost mutikoak elkarri begira jarri eta isilean geratu ziren, ulertu baitzuten nolako garrantzia zuen Buruzagiak orduan esango zienak.

        Gazteek, beren begiratua gero eta ilunago zegoen igerilekura zuzendu zuten. Hondoko urdin zartakatuaren gainean zenbait marra zuri nabarmentzen ziren eta bazterretan, orbel idor pilatua.

        Igerilekuak, orain, izugarri sakona zirudien. Iluntasun urdin urtsuak ilunagotu ahala sakonera handiagoa hartzen zuela irudi zuen. Ustekabean jauzi egindako gorputza jasotzeko urik ez egoteak halako tentsioa sortarazten zuen igerileku inguruan. Urrun zegoen udako ur epel hura, bainuzaleen gorputzei abegi ona egin eta ondoren azalera eramaten zituena. Igerilekuak, bestalde, uda eta urari egindako monumentu baten gisa, arras mehatxagarri irauten zuen. Igerilekuaren ertz batetik beheratzen zen burdinazko eskailera ñimiñoa, hondotik oso urrun, tupustean eten egiten zen...

        Zinez, han ez zegoen soina sostengatuko zuen ezer.

        — Biharko eskola ordu bietan bukatzen da. Gero gizon hori aitzakiaren batekin etorrarazi eta Sugita auzuneko gure kai lehorrera eramango dugu. Aizak, Hirugarren, hire kontu geratzen duk hura honaino ekartzea, bai?

        «Orain zeinek zer ekarri behar duen adieraziko dizuet eta ez ahantzi gero. Nik pilula lo eragileak ekarriko ditut, eta bisturia. Halako gizon puskekin aritzeko loaz baliatu beharra daukagu, bestela ezingo genuke ezer egin. Gure etxean pilula alemaniarrak dauzkagu eta helduentzat halako birekin aski baldin bada, honi zazpi emango dizkiogu. Pilulak hobeki desegin daitezen, tean birrindurik botako dizkiot.

        «Lehenengoa, hik eskaladarako kalamuzko soka bat ekarriko duk, bost milimetroko lodiera eta ehun eta laurogei zentimetroko luzerakoa...: bat, bi, hiru, lau.... gehien jota bost ekarriko dituk.

        »Bigarrena, hik termo batean tea ekarriko duk, eskolako poltsa batean ezkutaturik.

        »Hirugarrena, hire kontu gure gizona honaino ekartzea, horrekin aski duk.

        »Laugarrena, hik azukrea, koilaratxoak, guretzat paperezko edalontziak eta berarentzat kolore iluneko plastikozko bat ekarri.

        »Bosgarrena, hik haren aho-begiak estaltzeko zapia eta eskuoihal bat ekarriko dituk.

        »Eta nork bere gogoko lanabesak ekarriko ditu ebakuntzarako: labana, daratualuak eta halakoak.

        »Ez da zaila izango, lehenago ere katuarekin arituak baikara. Ez duzue zertan kezkaturik. Katua baino handixeagoa izango da, eta ziurrenik, kirastuxeagoa.»

        Besteak, isil-isilik, igerileku hutsari beha zeuden.

        — Lehenengoa, beldur al haiz?

        Lehenengoak, doi-doia, buruaz ezetz adierazi zion.

        — Eta Bigarrena?

        Bigarrenak, tupustean hotza sentitu izan balu bezala, eskuak berokiaren patriketan sartu zituen.

        — Hirugarrena, zer gertatzen zaik?

        Noboruk, arnasestuka eta ahoa lehor baino lehorrago zuelarik, belar idorrez beterik bailuen, ezin izan zuen erantzun.

        — Banengoen ba ni! Mihiluze arraioak, garaia heltzen denean kikildu egiten zarete! Ederki: beharbada orain ekarri dizuedan honek hobekixe sentiaraziko zaituzte.

        Hori esan eta Buruzagiak poltsatik lege liburu bat atera zuen, okre koloreko azalekikoa, eta ongi asmatu zuen liburua nahi zuen orrialdean zabaltzen.

        — Arretaz entzun dezazuela nahi dut: «Kode Penala, Hamalaugarren Atala: Hamalau urtez beherakoak ezin dira zigortu.» Ozenkiago errepikatuko dut: Hamalau urtez beherakoak ezin dira zigortu —une hartan Buruzagiak liburua besteei utzi zien, norberak irakur zezan, eta gisa honetan jarraitu zuen—: Hauxe duzue gure gurasoek eta haiek sinesten duten gizarte horrek guretzat prestatu duen legea. Puntu honi dagokionez, badugu haiei zertan eskerturik. Lege honek ondo garbi erakusten du nolakoa den guregan duten esperantza, eta baita nolakoak diren beraiek gauzatzerik izan ez duten guztia ere. Beren buruari halako uztarri gogorra jarririk, pentsatzen dute ez garela ezer egiteko gai. Eta oharkabeki lege honetan zero urdin puska bat ez ezik, askatasunik osoena ere aukeran utzi digute.

        «Bai nik, bai Lehenengoak nola Hirugarrenak ere hamalau urte beteko ditugu datorren hilean. Gainerako hiruek ere martxoan beteko dituzte. Atera kontuak, orain egiten ez badugu gero jai izango dugu.»

        Buruzagiak besteei begitartera so egin zien. Aurreko eten behar hura aienatzen hasia zegoen eta beldurra ere urruntzen ari zitzaiela zirudien. Orduantxe konturatu ziren gizarte edo dena delako hark bihotzez eta gozoro hartzen zituela, eta batik bat etsaiak berak ere babesa eskaintzen ziela.

        Noboruk zerura begiratu zuen. Arestiko urdintasunaren ordez arratsaren kolorea hedatzen hasia zegoen. Eta Ryujik bere hilzoriaren gailurrean halako zero sakratuari begiratu nahiko balio? Penagarria zen bere begiak estali behar izatea.

        — Honakoa azken aukera dugu —errepikatu zien Buruzagiak—. Baldin eta aukera hau galtzen badugu, sekula ez dugu lortuko askatasun gorenaren arabera jokatzea, eta inolaz ere ezingo dugu mundu honetako hutsunea bete. Baina ikusten duzuenez, txorakeria izango litzateke borreroak berak ere bere bizia arriskatzea!

        »Honako egokiera hau alferrikalduz gero, sekula ezingo dugu lapurreta nahiz hilketarik burutu, hau da, giza askatasuna frogatuko duen edozein eginkizun. Formalismo, zurikeria, esamesa gaizto, morrontza eta beldurraren artean amaitu beharko dugu gure mundualdi hau, eguna joan eguna etorri beldurra airean eta auzokoen zurrumurruak hausnartuz, eta hori sagu bizitza baino ez da. Ezkondu ere egin beharko dugu, eta baita aita izeneko izakirik itsusiena bilakatu ere.

        »Odola behar dugu, giza odola! Bestela mundu hutsal honekikoak egin du! Guk gizon horren odol bizi eta gorria zurrupatu eta hilzorian dauden unibertsu, zeru, oihan eta lurrei eskaini behar diegu.

        »Oraintxe, oraintxe, oraintxe! Hilabete gutxi batzuen buruan amaiturik egongo dira gure kai lehorreko lanak eta horren ostean jendea erruz etorriko da. Bestalde, laster beteko ditugu hamalau urte.»

        Buruzagiak hosto iraunkorrekiko hostaian zehar begiratu eta zeru hits urtsua ikusi zuen.

        — Bihar eguraldi ona egingo du.

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia