V. KAPITULUA

 

        Amak semearekiko zuen jarrera aldatu egin zen. Lehen baino maitasun handiagoa erakusten zion eta arretatsuago agertzen zitzaion orain. Inongo zalantza izpirik gabe hura zerbaiten oharpena zen; bestela esanik, Noborurentzat onargaitza izango zen zerbaiten preludioa.

        Gau batez, Noboru bere logelarantz abiatu zelarik, ama eta Ryujiri gabon esan ostean, ohi bezala amak atzetik segitu zion «Giltza, giltza» esanez eta giltza-uztai bat eskuan. Ordura arte semea gauez giltzapeturik izatea usadioa bilakatu zenez, semea oheratzen zelarik, ama orpoz orpo joaten zitzaion, noiz ezti noiz malenkoniatsu, baina egundo ez zuen «Giltza» hura bezalakorik ahoskatu.

        Ryuji orduan Merkataritzaren errealitatea liburua irakurtzen ari zen, bata more gorrizta bat jantzirik, eta burua altxaturik, haren hitzak entzun izan balitu bezala, Fusakori deitu zion.

        — Zer? —esan zion Fusakok eskailera erdian gelditu eta burua marinelarengana itzuliz. Noboru une hartan ikaratu egin zen amak erabilitako doinu lausengarriaz ohartzean.

        — Zergatik ez duzu mutikoa giltzatu gabe uzten? Gure mutila ez da ume bat eta badaki ona eta txarra bereizten. Ez al da hala, Noboru?

        Gizonaren ahots sendoa eskaileretan barreiatu zen. Noboru, goiko iluntasunean zutik ordurako, geldi eta mututurik zegoen, ehiztariak inguratua duen animalia ttipiaren begiak erakutsiz.

        Amak, erantzunik eman gabe eta halako esker onik erakusten ez zuela ikusirik, amorrua bere baitarako gorde eta olioa bezain leuna zen samurtasunez, gelarako bidean honela esan zion:

        — Bai ongi, Noboru! Pozik egongo zara, ezta?

        Amak biharamuneko ikasgaiei eta ordutegiari begiratu bat eman eta arkatzak ongi zorrozturik ote zeuden ikusi zuen. Ryujiri esker matematikako lanak eginik zeuden. Gero semearen gelan atzera eta aurrera eginez, ohea eta lo-jantzia txukun egoteaz arduratu zen. Amaren mugimenduak biziki arinak eta irristakorrak ziren eta Noboruri dantzan-edo ari zela iruditu zitzaion. Eta luze gabe, «Gabon» esan eta gelatik irten zen, baina oraingo honetan Noboruk ez zuen ohiko giltza hotsa nabaritu atean.

        Logelan bakar-bakarrik, Noboru tupustean larritu egin zen. Mutilak ondotxo zekien bi heldu haien jokamoldea antzezpen hutsa zela, gezurretakoa alegia, baina ondoezik sentitzen zen.

        Ama eta Ryujiren artean erbia harrapatzeko lakioa ezarria zioten. Hauxe zen haiek espero zutena: harrapatutako animaliaren amorrazioa eta bere logelako usain intimoak beste zerbait bilakatzea, hots, bere kabuz giltzapean sartu eta mundua etsipenez eta halako bihotz zabaltasunez onartzea. Erbia lakio hartara jausiz gero ez zen gehiago erbia izango; halakoxea zen bada haiek ezarritako lakioa.

        Noboruk, giltzapeturik ez egoteak eragin zion urduritasuna zela-eta, lo-jantziaren lepoa estutu eta dardara batean zegoen. «Ni hezten hasi dira!» Heziketa beldurgarri eta suntsitzailea, aurki hamalau urte beteko zituen mutikoa heldu izatera behartuko zuena, edota Buruzagiaren hitzetan, usteltzera behartuko zuena. Noboruk, sukarrak nahasarazitako buruan halako gogoetak egiten zituen: «Ez ote da posible izango hemen egon eta hala ere kanpotik atea giltzaz ixtea?»

 

 

        Beste egun batean, eskolatik irtetean, Noboruk bere ama eta Ryuji bere zain ikusi zituen, zein baino zein dotoreago jantzirik, eta film bat ikustera eramango zutela esan zioten. Noboruk aspaldidanik ikusi nahi zuen 70 milimetroko film zoragarria zenez, pozak txoratzen jarri zen.

        Zinematik irtendakoan, Txinatarren auzuneko karrika batera joan ziren, afaltzera. Jatetxe bateko gelaxka batean hirurek elkarrekin afaldu zuten. Noboruri, janari txinatarrak ez ezik, platerak uzteko mahai borobil jiragarriak ere atsegin zitzaizkion.

        Plater guztiak atera zituztenean, Ryujik Fusakori begi kliskada bat egin zion. Fusakok, ostera, halako eginkizunetarako doi bat txispatu beharra zeukan eta Lao Chu sorta bat dastatu zuen; begi-ertzak gorritu samartuak zituen.

        Lehendabiziko aldia zen jende helduak Noboru hain ongi hartzen zuena. Egia esan, sekula ez zituen hain zalantzaz beteak ikusi, hain zozo eta mozolo. Hark denak zeremonia bat zirudien, baina Noboruk ondo asko zekien zer esan nahi zioten eta esatekoak zein gutxi axola zion. Edozein gisaz, mutilaren bihotza helduentzat halako txori bihotz minbera, izukor eta ahula bide zen eta Noboruri ikuskizun harrigarri hura atsegina egin zitzaion. Halakoxea zen bada plater gainean paratua zuten txoritxoa eta haren bihotza apenas ohartu gabe, apenas minik egin gabe jan nahi ziotela ematen zuen.

        Noboruk ez zion aurre egiten ama eta Ryujik beratzaz zuten irudiari; ez, berak biktima itxura izan behar zuen.

        — Tira, orain ongi entzun esan behar dizudana, oso garrantzitsua da-eta —esan zion azkenik Fusakok—. Berriz ere aita bat izango duzu. Tsukazaki jauna zure aita berria izango da.

        Noboru, aurpegiera batere aldatu gabe, pozik zegoen gai zelako aho bete hortz geratu denarena egiteko. «Orain artekoak ongi», pentsatu zuen. Baina berehala amak ez hitz ez hitzondo utzi zuen Noboru, izan ere berak ez baitzuen inondik ere halako jarraipenik espero:

        — Zure aita zena benetan gizon ona zen. Hura zeruratu zenean zuk zortzi urte zenituenez, sarritan gogoratzen zara aitarekin. Baina badakizu, ordutik hona bost urte igaro dira eta bakarrik sentitu izan naiz, zu bezala seguruenik. Guretzat senar edo aita berri bat beharrezkoa da. Ulertzen duzu, ezta? Zure onarengatik ere aita jator, indartsu eta bihotz zabalekoarekin ezkondu nahi nuen. Zure aita zena ikaragarri ona zen eta berriro ere ezkontzaz pentsatzeak erruz sufriarazi nau. Dagoeneko ez zara Lime bat eta ulertzen nauzu, ezta? Bost urteotan bakarrik bizi izan garelarik, ikaragarri babesgabe eta isolaturik sentitu naiz... —amak, ezin barregarriago, poltsatik Hong Kong-dik inportatutako musuzapia atera eta negarrari eman zion—. Hau dena zure onerako da, Noboru, dena zure onerako. Munduan ez dago Tsukazaki jauna bezalako aita indartsu, onbera eta gisakorik. Badakizu, gaurtik aurrera «aita» deituko diozu. Hurrengo hilabetearen hastapenean ezkonduko gara eta ezteietara jende piloa gonbidatuko dugu.

        Ryujik artean isilean jarraitzen zuen mutilari begiratu gabe: Lao Chuko edalontzian azukrea bota, nahasi eta edan ahala atzera ere zerbitzatzen hasten zen; beldur zen mutikoak lotsagabe handitzat jo zezan.

        Bi helduek Noborurekin jator jokatzen zuten, baina aldi berean beldur zioten. Mutikoa ere, hartaz oharturik, mehatxu ezti harekin erdi horditurik zegoen. Bi helduei ahalik eta bihotzik hotzenekin erantzun eta bere ezpainetara irribarrea loratu zen. Eta irriño hark, ozta-ozta sumatzen zen arren, eskolara etxeko lanik egin gabe doan ikaslearena zirudien, bere burua amildegian beheiti botatzen duenaren harrotasunaz azaltzen den irribarrea, alegia.

        Ryujik, mahai gorriaren bestaldetik, berehala erreparatu zion irribarreari. Baina oraingoan ere gaizki ulertu zuen haren esanahia; orduan Ryujik mutilari erantzun gisa erakutsi zion irriñoa eta parkeko egun hartan azaldu ziona bat eta bera izan ziren, esan nahi baita, Noboruri lehendabiziko nahigabea piztu zion huraxe.

        — Tira ba, Noboru, hemendik aurrera seme deituko diat. Emaiok aitari eskua, seme!

        Ryujik mahaiaren gainetik zakar luzatu zion bostekoa. Noboruk urpean dagoenaren zailtasunarekin, nekez bada nekez eskua luzatu bai, baina iruditu zitzaion sekula ez zela Ryujirena lotzera helduko. Hala ere noizbait heldu ere egin zen. Ryujiren atzamar lodiek estali egin zituzten mutikoarenak. Ukimen bero, zakarreko esku ematea izan zen. Noboruk bere baitan halako zurrunbiloa nabaritu zuen, jirabiraka bera hainbeste beldurtzen zuen mundu epel eta formagabekora zeramana...

        Gau hartan amak «Gabon» esanez atea giltzatu gabe utzi zuenean, Noboru zoraturik bezala sentitu zen.

        «Bihotz gogorra, burdinazko aingura bezain bihotz gogorra», errepikatu zuen goraki behin eta berriz. Eta une hartan bere benetako bihotz gogor hura eskuz estutzeko gogoa erne zitzaion.

        Amak gas berogailuaren entxufea itxia zuen. Orduan hotza eta beroa halako aire epel batean besarkaturik zeuden. Mutilak hortzak garbitu, pijama jantzi eta ohean sartu besterik ez zuen egin.

        Arrazoirik gabeko astuntasun ulertezin batek, ostera, jertsea eranzteko gogoa bera ere kendua zion. Momentu hartan Noboruk, egundo ez bezala, bihotzez eta irrika handiz desiratu zuen amaren etorrera; desiratu egiten zuen, esaterako, ama arestian ahantzi zerbaiten bila itzultzea: baina ber denboran egundo sentitu gabeko mesprezua zion.

        Noboru, hotza handituz zihoan gelan ama irrikatzen zegoen. Luze iritzita, halako fantasia txoroetan murgiltzen hasi zen; haietan ama berriro azaldu eta honela aitortu zion: «Ezetz ba, dena gezurra izan da. Zuri adarra jotzeko egin dugu, barre apur bat egitearren. Barkatu. Inolaz ere ez gara ezkonduko. Horrelakorik egingo bagenu, mundua suntsitu egingo litzateke: kaian hamar petrolio-ontzi hondoratu eta lehorrean, aldiz, milaka tren itzulipurdikatu egingo lirateke; kaleko kristal guztiak txikitu eta arrosa guztiak ikatza bezain beltz bihurtuko lirateke.»

        Baina ama etorri ez eta Noboruk, azkenik, halako egoera bitxi bat asmatu zuen, zeinean amaren itzulerak arazoak besterik ez baitzuen eragingo. Ezin bada zergatia eta eraginaren artean bereizi. Amaren etorrera hain zentzugabeki itxaroteak beharbada bere buruari ez ezik hari ere min egitea zekarren.

        Oraingoan sentitzen zuen kemen beldurgarriak eskuetan halako dardarizo moduko bat eragin zion. Amak semearen logela giltzapetu gabe utzi zuenetik, Noboruk ez zuen komoda ukitu ere egin. Hona hemen arrazoia: abenduko hogeita hamarrean Ryuji goizean itzuli zen etxera, eta une hartan bikotea zelatatzen egon zelarik, Noboruk bi irudien mugimendu nahasien kate liluragarriari jarraitu zion, azken uneraino. Giltzapeturik egon gabe, ostera, arratsaldean ezin zitekeen menturatu komodako hutsuneko arriskuetan.

        Alabaina, une hartan maldizioka hasteko zorian zegoen eta nolabaiteko matxinada bat desiratu zuen. Bera hain abila baldin bazen eta mundua nahasmen hutsa baino ez, zergatik ez zuen hura artez erakutsiko? Heldu jendeak sinesten zuen mundu hartako te kikaran halako zartatu bat eragitea baino ez zuen.

        Noboru supituki komodaraino joan eta kaxoi baten heldulekua atzeman zuen. Usaian zaratarik ttikiena ere atera gabe erakartzen zuen kaxoia, orduko hartan harrabots batean tiratu eta lurrean bota zuen zakar. Ondoren, mugitu gabe, adi-adi egon zen. Baina ez zen ezer entzuten eta eskaileretatik ere ez zen inongo arrapaladaren hotsik heltzen. Isiltasuna baino ez. Bere bihozkadak baino ez.

        Erlojuari so egin zion. Artean hamarrak ziren. Orduantxe burutazio bitxi bat izan zuen: komoda barrenean sarturik etxeko lanak egitea hain zuzen ere. Hura baino iseka handiagorik, jende larriaren susmo petralei ziria sartzeko hura baino modu hobeagorik ezin asmatu.

        Noboru, hitz ingelesez betetako kaiera ttiki bat eta eskuargi batekin, kaxoiak kendu eta komoda barrenean sartu zen. Indar misteriotsu batek ama semearen gelara eramango zuen, eta semearen jarrera susmagarria ikusirik, begiratu hutsarekin haren asmoez jabetuko zen; gero, lotsaz eta amorruz, zainetan jarriko zen; semea handik arrastaka aterarazi eta masailekoa emango zion. Alabaina, Noboruk arkumearen begirakune errugabea amarengana zuzendu eta ingeles hitzen kaiera erakutsirik, honela esango zion: «Gaizki egin al dut? Hemen ikasten ari nintzen toki estu batean hobeki ikasten dudalako.» Halako pasadizoa asmatzeari utzi eta, aire hautseztatu hura arnastuz, irri karkaraka hasi zen.

        Hutsarte hartan kuzkurturik, joan egin zitzaion ordura arte beratzaz jabetu zen artegatasuna. Hain estu egotea irrigarria egin zitzaion. Hitz ingelesak gogoan hartzeko asmorik ez zuen arren, irudipena izan zuen buruan primeran sartzen zitzaizkiola. Baina horrek bost axola zion: munduaren kanpoaldeko ertzean zegoen. Han zegoen bitartean, unibertsoari zuzenki loturik zegoen eta ahalegin guztiak eginagatik, urrunago ihes egitea ezinezkoa zen.

        Noboruk, besoak nekez bildu eta eskuargia lagun, kaiereko hitzak irakurtzen hasi zen.

        «Abandon... utzi, etsi, gabetu, zapuztu.»

        Usu ikusia zuenez, hitz hura ongi ezagutzen zuen.

        «Ability... ahalmen, gaitasuna.»

        Zein ote zen ability eta abilaren arteko desberdintasuna?

        «Aboard... ontzi barrenean.»

        Ostera ere itsasontzia. Noboru, itsasoratzean bozgorailuetatik kubierta gainean han-hemenka zabaltzen ziren ahotsekin gogoratu zen. Eta baita etsipenaren aldarrikatzea zirudien sirena-hots urrekara itzel harekin ere...

        «Absence... Absolute»... Noboru, eskuargia piztuta utzirik, ohartzeke lotan geratu zen.

 

 

        Ryuji eta Fusako aski berandu oheratu ziren. Afaltzean Noboruri beren asmoa azaldu ziotenetik, zama arindu eta goragoko maila batera igoak zirela zirudien.

        Oheratzerakoan, ostera, Fusakori ordura arte ezagutu gabeko lotsa erne zitzaion. Garrantzi handiko auziez luze solastatu eta senitartekoen sentimenduez sobera eztabaidatu ostean, egundo ezagutu gabeko lasaitasun sendoarekin batera, gauza sakratu eta ezezagunen batekiko lotsa eta erreparo misteriotsua sentitzen hasi zen.

        Fusako, Ryujiri laket zitzaion azpiko gona beltzaz jantzirik oheratu zen. Ordura arte beti Ryujiri uzten zion gelako argia haren gustura hautatzen, baina gau hartan Fusakok argia guztiz amatatzeko eskatu zion; Ryujik ilunpetan besarkatu zuen emaztegaia.

        Amodio orduak iraganik, Fusakok honela esan zion:

        — Ilunpetan lotsarik gabe jardungo nuelakoan nengoen, baina oker nengoen. Iluntasun erabatekoa begia bihurtzen da eta etengabe begiratua naizela deritzait.

        Ryujik, Fusakoren urduritasunari barre egin eta gela osoari so egin zion. Leihoetako gortinak medio ez zen kaleko argitasunik isurtzen: txoko batean zegoen gas berogailuan ez zegoen su gorririk; haren ordez, argi urdinxka baten isla urruna ikusten zen, hiri urrun bateko gau zerua irudi; ohearen latoizko zutabeen dirdaiak ilunpetan dar-dar ari ziren.

        Halako batean Ryuji alboko gela eta beraiena bereizten zuen hormaren beheko panelari begira jarri zen. Panel hura antigoaleko estilokoa zen, hots, goi ertzean uhin erako marrazkiak zizelaturik zituenetarikoa. Eta marrazki zizelatu haietako bati halako argi izpi ñimiño eta ahula zerion.

        — Zer ote da hura? —galdegin zuen Ryujik patxadaz— Oraindik esna ote dago Noboru? Etxe hau ondo zaharkiturik dago. Bihar neuk estaliko dut zirrikitu hura.

        Fusakok, erasoa aurretik bere batean kiribiltzen den sugea nola, bere lepo zuria altxa eta argiune hura zegoen tokiari so egin zion. Fite baino fitago ohartu zen. Ondoan zeukan bata hartu, ohetik jaiki bezain laster jantzi eta deus esan gabe, habaila bizian irten zen logelatik. Ryujik deitu zion arren, ez zitzaion arraposturik heldu.

        Marinelak Noboruren atea zabaltzen entzun zuen. Istant isil baten buruan Fusakoren negar purrustada hedatu zen. Hura entzutearekin batera, Ryuji ohetik jaiki bai, baina ez zen berehalakoan irten, izanez ere zalantza egin baitzuen haiengana hain azkar joatea bidezkoa ote zen, eta gisa hartan atzera-aurrera ibili zen. Gero, lanpara pizturik, leiho ondoko besaulkian eseri zen zigarro bat erretzeko.

        Noboru, indar bortitz batek galtzetatik tiratu eta komodatik bere gorputza brast ateratzean esnatu egin zen. Hastapenean ez zen ohartu. Gainean amaren beso mehe eta malguak joka ari zitzaizkion, noiz masailak, noiz sudurra, eta harrapatzen zuen oro, eta mutikoak ezin bada begirik ireki. Amak jotzen zuen aurreneko aldia zen.

        Amak semea herrestan zeramalarik, bietako batek kaxoiarekin estropezu egin eta alkandora eta gainerakoak zoruan barreiaturik geratu ziren. Noboru, hanka bat arropa haien azpian, zoruan erdi erorian zegoen. Ezin zuen sinetsi amak hainbesteko indarra zuenik.

        Doi-doia ikusi ahal izan zuen amaren irudia, zutik, arnasestuka, goitik beherako begirada zorrotz hura beragana zuzendurik.

        Amaren bata, pauma lumak zilar kolorez brodaturik zuen brokado urdin ilunekoa, hegal zabalekoa zen eta agerian uzten zuen gorputzaren behealdea, eta gorputz atal hura semearengana hanpatua eta mehatxagarri zegoela zirudien; behetik gora apurka estutuz zihoan gorputzaren gorenean, oso urrun, malkoz bustitako begitarte ttiki bat ikusi zuen, mindua, aieneka, une batetik bestera urteen zama bereganatu izan balu bezala; goiko argiak, azkenik, sabai urrunean eskegirik, amaren ile nahasien puntak nolanahi zilarreztatzen zituen.

        Noboru hori denaz bat-batean ohartu zen. Eta ordurako izozturik zuen buruaren atzealdera, oroipen ttiki bat etorri zitzaion; lehen, antzina, gisa hartantxe egon zela oroitu zuen. Beharbada ametsak izango ziren: ametsetan sarritan ikusitako zigor jipoiaren irudia behar zuen izan.

        Ama negarrez hipaka ari zen eta, bestalde, negarra begietan izanagatik, zorrotz so egiten zion semeari, eta marmarka, apenas ulertzeko moduan, honela esaten zion:

        — Lotsagarria! Lotsagarria da! Ene semeak halako zerrikeriarik egitea! Hil egin nahiko nuke! Ai ene, Noboru, ze gauza lotsagarria eta higuingarria egin duzun!

        Noboru une hartan harri eta zur geratu zen: ordurako galdua zuen ingelesa ikasten aritu izanaren plantak egiteko edota argudiatzeko gogoa. Halako aitzakiekin sesioan hasi ez hasi, bost axola zitzaion. Ama ez zegoen tronpaturik; haatik, ordura arte ezkutatzen ahalegindutako «errealitatea» bere gordinean agertzen zitzaion. Eta une hartan, egundo ez bezala, ama-semeak behingoz maila berean geratu ziren. Are gehiago: enpatiak uztarturik zeudela esan zitekeen. Noboruk egoera arretaz aztertzea erabaki zuen: hain gertu egona zen pertsona behingo batean zein urrun egoki zitekeen. Noboruk ondotxo zekien nondik zetozkion bere amari tristezia, amorrazioa, negargura, ahalkea eta gisakoak, hots, ez errealitatearen aurkikuntzarengatik, lehendik zuen aurreiritzi mota batengatik baizik. Amak fite baino fitago interpretatu zuen bere aurreko errealitate hura, eta interpretatzeaz gain, zapuztu ere egin zen. Hala izatera, zertarako balio zuen ingelesa ikasten ari zelako gezurretako aitzakiak?

        — Zurekin ez daukat zer eginik —esan zuen azkenik Fusakok, isilune luzexka baten ondotik, ahots beldurgarri bezain lasaiarekin—. Zu bezalako ume deabru bat sobera da niretzat. Zaude apur batean. Aitari esango diot demanda egin diezazun eta egurra emateko, horretara ez-egiteko gehiago burutzeko gogoa gal dezazun.

        Mehatxu haren aurrean amak Noboru negarrez hastea eta barkamena eskatzea espero zuen.

        Alabaina, une hartan zalantzan egon zen eta pentsatu ere egin zuen kalapita hura semea eta bien artean beranduxeago konpontzea: Ryuji agertu aurretik Noboruk negar malkotan barkamena eskatzera, Ryuji jakinean jarri gabe dena konpontzen bazen, ama bati zegokion duintasuna bere hartan geratuko zen. Baina Noboruk lehenbailehen eta negarrez eskatu behar zuen barkamena. Hala ere biek ezin zuten gisa hartan elkar hartu, izanez ere aita ekartzeko mehatxua egina baitzegoen, eta Fusakok isilean jarraitzea beste erremediorik ez zuen.

        Noboru ere mututurik zegoen. Martxan jarritako makineriaren azken xedea baino ez zitzaion axola. Komoda barreneko hutsarte ilun hartan, Noboru bere mundu zabaleko itsaso eta basamortuaren ertzean zegoen. Den-dena handixe sortua zenez eta han sartzeagatik zigortua izan behar zuenez, ez zuen inolaz ere jende epelaren herrira itzuli eta malko epelez ureztatu belazean makurtu behar; uda hondarreko gau batez zirrikitu hartatik garbiro ikusia zuen harreman distiratsuen eitea, eta sirena-hotsaren marruaz apaindutako gizakiaren gorentasun ederrari zin eginez, ez zuen etsi behar.

        Une hartantxe gelako atea astiro zabaldu eta Ryuji agertu zen.

        Fusako, ama-semeek egokiera galdua zutela ikusirik, amorratzen hasi zen. Bere ustetan Ryujik ez zuen han azaldu behar, edota, bestela, haste-hastetik berarekin joan behar izan zuen. Ryujiren desorduko agerpenak amorrararazirik eta bere sentimenduak ahalik azkarrena bideratu nahirik, lehen baino gorrotagarriago egin zitzaion semea.

        — Zer gertatzen da hemen? —galdegin zuen Ryujik gelara emekiro sartuz.

        — Zure semea zigortu behar duzu. Egurtzen ez baduzu, sekula ez da zentzatuko-eta. Ume babo honek zer egingo eta komoda honen barrunbetik gu zelatatzea egin du.

        — Egia al da. Noboru? —galdegin zion Ryujik haserrerik erakutsi gabe. Mutilak, zoru gainean eserita, hankak luze-luze, buruaz baiezkoa egin zion.

        — Baina gaurko kontua izango huen, ezta?; gaur bururatutako txorakeria bat?

        Noboruk buruaz ezezko borobila egin zion.

        — Orduan, behin edo birritan izango zen, ezta?

        Ezetza ostera ere.

        — Orduan, aspaldiko kontua da?

        Baiezko berri baten aurrean, bi helduek elkarri harriduraz beterik begiratu zioten. Eta tximistaren gisako begirada haren argitan Noboruk helduen porrota ikusi nahi izan zuen: marinelak amestutako lehorreko bizitza eta amaren familia osasuntsua; bi ikuspen horien isla urdinak agertu zitzaizkion, berehalakoan suntsitzen hasteko. Baina une hartan, ohi ez bezalako sentimenduen menpean egonik, bere irudimenaz sobera fidatu zela ohartu zen, zeren bera gogotik irrikatzen ari baitzen zerbaiten etorrera.

        — Ederki ba —esan zuen Ryujik bataren sakeletan eskuak baldar sartuz. Behealdean, bataren hegaletik behera, marinelaren bi hanka iletsuak ikusten ahal ziren.

        Ryujik aita-erabaki bat hartu beharra zeukan. Lehorreko bizitzan garrantzizko zerbait hartzera beharturik sentitzen zen aurreneko aldia zen. Itsasoaren zakarrarekin oroiturik, aldiz, lehorra uste baino askoz ere samurragoa iruditu zitzaion eta, beraz, nekeza egin zitzaion halako arazoei konponbidea aurkitzea. Mutikoari belarrondoko pare bat ematea erraza zen, baina beren harremanen geroa zalantzan jarriko zuen. Ama-semeen maitasuna duintasunez jaso beharko zuen, eguneroko gorabeherei erantzun bat eman, eguneroko ekonomia zuzen eraman edota beren sentimendu ulertezinak nola edo hala ulertu; halako egoera korapilatsuetan zergatiak ongi aztertu eta hezitzaile ezin zuzenagoa izatea zegokion; hitz bitan: eguneroko auzi-mauziak itsas handiko ekaitzen gisa konpondu beharrean, lehorreko arazotxoak haize leunaren antzera hartu behar ziren.

        Oso kontziente ez bazen ere, oraindik ere nabaritu egiten zuen itsasoaren eragina: sentimendurik gorenenak doilorrekin bereizteko gaitasuna galdua zuen eta, azkenik, pentsatzen hasia zen lehorrean ezin zela gauza garrantzitsurik gertatu. Berak erabaki errealak hartzen zituen bitartean, lehorreko gertaerek irrealtasunez tindatzen zuten bere bizitza.

        Lehenik eta behin, huts larria izango zen Fusakoren eskaria hitzez hitz hartzea; ez zuen zertan jipoiturik. Ryujik ondotxo zekien mutila barkatzera, Fusakok berak eskertu egingo ziola bere bihotz zabaltasuna.

        Hala gauzak, Ryuji bere aitatasun sentimenduez fidatzen zen. Egia esatera, funtsean ez zuen maite mutiko gorabeheratsu, motz eta itxi hura; baina une hartan, konpromisoak konpromiso, zinez maite zuela sentitzen zuen, halako sentimendu mota estreinakoz sentituko balu bezala. Are gehiago: harriturik geratu zen bere ustekabeko maitasunaren eraginarengatik.

        — Ederki ba —errepikatu zuen Ryujik, eta une batetik bestera hankak gurutzatu eta zoruan eseri zen.

        — Zu ere eser zaitez Fusako. Iruditzen zaidak hau ez dela hire erru hutsa izan, Noboru. Ni etxe honetan sartzearekin hire egoera bera aldatu egin duk. Hamahiru urteko mutiko bati bizimodu berriak jakin-mina piztea ohikoa duk, nahiz eta hik egindakoa ongi egon ez. Ez, inondik ere ez duk ongi jokatu. Hire jakingura hori ikasketetara zuzendu behar duk. Ulertzen al didak? Ez, ikusitakoaz ez diat ezertxo ere galdetuko. Ez haiz ume bat eta noizbait, heldua haizenean, pasadizo honetaz barre egingo diagu. Fusako, lasai zaitez, mesedez. Gertatuak gertatu, gaurko hau ahantzi eta denok elkarri lagunduz pozik bizi behar dugu. Bihar bertan zirrikitu hori estali eta horretara denok ahantziko dugu gaurko hau. Ez al da hala, Noboru?

        Ryujiren hitz haiek itolarria eman zioten Noboruri. «Zeinek eta gizon honek halakoak esaten? Lehen hain zoragarri eta miresgarria zen heroi distiratsu honek?» Noboruri sinestezinak egiten zitzaizkion marinelak esandakoak. Amak bezala «Lotsagarria da!» oihukatu nahiko luke.

        «Gizon hau oker mintzatzen ari da. Ahots eztiegi batez munduko hitzik zitalenak ahoskatzen ari da. Hauetxek dira mundua amaitu arte bere ahotik sekula atera beharko ez liratekeen hitz lohiak, hau da, gizakiek beren habia kirastuetan murmurikatzen dituztenak. Bestalde, Ryuji, bere buruaz fidaturik, sano-sano ari zaigu aitaren papera antzezten, bere baitan kabitu ezinik. Guztiz pozik!», pentsatu zuen Noboruk bere baitan goragalea sentitzen zuelarik. Biharamunean gizon haren esku kaxkalek, igandero zur lanetan jarduten duten aiten gisa, behin betiko estaliko zuten zirrikitu hura, aitak berak egun batez eremu deskribaezin batera zabaldu bidea alegia.

        — Ez al da ba hala, Noboru? —amaitu zuen Ryujik eskua mutilaren sorbaldan pausatuz. Orduan Nohonuk bere sorbalda ttiki eta hotza astindu zuen haren eskua kentzearren, baina ezin. Buruzagiak arrazoia zuen mundu honetan jipoiak baino gauza okerragoak zeudela esatean, eta orain hura egia berdaderoa egin zitzaion.

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia