IV. KAPITULUA
Noboruren eskola urtarrilaren hamarrean hasi zen, baina egun hartan klaseak goizean izan ziren. Oporretan bere taldeko lagunek ez zuten elkar ikusteko paradarik izan. Batez ere Buruzagia, gurasoen gutizia bat medio Kansai Herrialdera bidaia bat egitera joan baitzen. Aspaldian elkarren berririk izan gabe, eskolan bazkaldu ostean, jende gutxiko toki baten bila abiatu ziren, Yamashita Kairantz.
— Seguruenik han ikaragarrizko hotza egiten duela uste duzue, jende guztiak halaxe pentsatzen baitu. Oker zaudete. Han gerizpe zoragarri bat dago. Goazen, ikusiko duzue —esan zuen Buruzagiak.
Egun hartako arratsaldean lainotzen hasia zegoen eta ohi baino hotz handiagoa zegien. Mutikoek, harako bidean, itsasotik joka zetorkien ipar haizetik babestu nahirik, aurpegia bestaldera jiraturik zeramaten.
Kai muturrean, amaiturik zeuden itsasoari espazioa kentzeko lanak, baina dikeren batean artean amaitzeke zeuden. Itsaso artean, goiti-beheiti, bizpahiru buia etengabeko kulunkan ari ziren. Portuaren bestaldeko laiotzean ageri zen lantegi multzo batean, argindar konpainiako zenbait tximinia luze nabarmentzen ziren. Teilatuen begi ilunen gainetik halako ke laino horixka hedatzen zen. Ezkerreko dikean zegoen dragatik jendearen oihu astunak iristen ziren ur gainean gaindi. Portu sarrerako alde banatan zeuden bi faro zurigorriek, bikiak irudi, dike haren ezkerreko muturrean zutabe bat osatzen zutela ematen zuen.
Eskuineko udal biltegiko estalpe aurreko dikean, ostera, bospasei tonako kargaontzi ezin zaharkituago bat ainguraturik zegoen; txopako bandera japoniarra, lehen zuri orain gris, erdi zabaldurik zegoen. Harantzago zegoen ontzia atzerritarra bide zen; biltegiko teilatu gainean masta zuri eta eder asko, halako zuhaizti bat osatuz ikusten ziren; paisaia goibel hartan hegaka ari ziren objektu argitsu bakarrak ziruditen.
Berehala ulertu zuten zer zen Buruzagiak aipatu gerizpe zoragarria: dikea eta biltegien arteko zabalgunean baldar ezarritako estalki-kaxa mordoa. Haietan batzuk zilar kolorekoak ziren, beste batzuk berdeak, eta denak ala denak ere beren barruan txekor bat sartzeko modukoak. Burdinazko marku eta oholez eginak ziren arren, bai burdina bai oholak kolore berdinez margoturik zeuden, gainazalean esportatzaileen izenak idatzirik, eta kanpoaldean nolanahi utzirik.
Kutxez osatutako herrixka hura topatu bezain laster, nork bere aldetik hango hutsarteetan kukutzen jardun zuen; labirinto hartako bidexkei jarraiki lasterka hasi eta besteekin topatu arte, edota besteei segika, han ibili ziren, denbora pasa, hala nola ibiltzen diren mundu osoko mutiko guztiak. Azkenean, denak ondo izerditurik. Buruzagiak zilar koloreko estalki kutxa pilaren artean hutsik zegoen bat aurkitu zuen: burdinazko markoak eta oholezko bi horma besterik ez zituelarik, barneko zamarik gabe, soilik oholen kolore argia erakusten zuen.
Buruzagiak, mika baten antzeko garrasiak eginez, sakabanaturik zebiltzan lagunei deitu zien. Batzuk kutxa haren barrunbean eseri ziren, beste batzuk burdinazko marko batean bermaturik zutik geratu ziren. Eta gisa hartan zeudela, garabi batek ibilgailu xelebre hura eraman eta neguko zeru lainotsuan gora jaso izan balu bezala sentitu ziren.
Nola edo hala irakur zitezkeen zurean zirriborraturiko hitzak: Yamashita Parkean elkartuko gara — Ahantz ezazu dena eta inolako ardurarik gabe ongi bizi!» Hango lerro bakoitzak, poema klasiko baten bertso-lerro erlazionatuak bailiran, aurreko lerroko esperantzak eta ametsak itzulipurdikatzen zituen ateraldi bat eskaintzen zuen. «Gazteok, maitemin zaitezte! — Ahantz ezazue neska alu hura! — Ez ezazue ametsa galdu! — Bihotz beltzeko orbain beltzaren lelo goibela»... Haien artean marinel gaztetxo baten arima dardaratia igar zitekeen: Aldaturik nago. Ni beste gizon bat naiz.» Beltzez marrazturiko kargaontzi batetik lau gezi ateratzen ziren: eskuinekoak Yokohama seinalatzen zuen; ezkerrekoak New York: goikoak Zerua, eta behekoak, azkenik, Infernua.
Letra larriz ALL FORGOT idatzirik zegoen, zirkulu handi eta indartsu batez inguraturik, eta begirada malenkoniatsua zuen marinel baten erretratua ere ikusten ahal zen, zamarraren idunekoa altxaturik eta pipa ahoan. Zirriborro haiek guztiek nabigazioaldiaren bakardadea eta irrika urduria baino ez zuten erakusten, harrotasuna eta uxatu ezinezko malenkoniarekin bateratsu, era estereotipatuegian egia esatera, nola edo hala nork bere ametsak izateko eskubidea nabarmendu nahiko balu bezala.
— Hauek denak gezur hutsak dira —esan zuen Buruzagiak haserre antzean, eta ukabil zuri, ttiki eta ahularekin zirriborroz basitutako horma jo zuen. Haren eskuttoa sei mutil haientzat etsipenaren zantzua zen. Gezurrek beraiek ere bizkarra ematen zieten.
Behin batez, Buruzagiak adierazi zien munduan ««ezintasuna, idatzia zuen etiketa irakurtzen zela, eta hura kentzeko norbait gai izatekotan, beraiek zirela...
— Aizak, Hirugarren, zer gertatu zaiok hire heroiari? Hona itzulia dela entzun diat —galdegin zion Buruzagiak hotz-hotzean eta halako doinu maltzurrez, denen begiradak beregan iltzatuak sentitzen zituelarik. Hori esan eta berokiaren sakela batetik, forru lodi eta biguneko eskularruak atera eta jantzi egin zituen; haien ertzak kanpoaldera tolestu eta forruko sugar kolorea begi bistan geratu zen.
— Bai, itzulia duk —arrapostu zion Noboruk gogogabeturik bezala, gai hura aipatzerik nahi ez bailuen.
— Eta, nabigatu bitartean egin al dik zerbait miresgarririk?
— Ez bereziki... Ah, bai. Kariben urakan beldurgarri baten atzaparretan jausi hituen.
— Ez ezak esan! Eta, xagu busti baten antzera geratu al zen, blai eginda? Aurreko hartan parkeko iturrian dutxatu zenean hezala?
Buruzagiaren trufen eraginez denak barrez hasi ziren, eta behin irri karkaraka hasi zirelarik, ez zekiten gelditzen. Noboruk, ostera irri algara hura bere aurkako trufatzat hartu zuen. Hala ere, berehalakoan halako duintasuna berreskuratu eta, intsektu baten ohituren gisa, atzera ere hasi zen Ryujiren eguneroko bizimodua kontatzen.
Urtarrilaren zazpira arte Ryujik apenas egin zuen ezer berezirik etxean. Rakuyo hilaren bostean irten zela jakiteak sekulako hihotzondokoa eragin zion Noboruri. Zeinek eta Rakuyorekin bat eginik zegoen gizonak, udan itsasoratutako ontzi eder eta dizdizariaren atal zenak, Rakuyo bere gisa utzi eta mutikoarenean arras aienatu zituen ametsetako itsasontzia eta nabigazioko mamuak.
Bestalde, itsas kontuak entzun nahirik, Noboru neguko oporraldi osoan Ryujiri itsatsirik ibili zenez, orain halako jakinduria zabala lortua zuen. Baina mutilak benetan nahi zuena ez zen jakinduria hura, Ryujik korrika itsasoratzean bere atzean uzten zituen tanta urdin freskoak baizik.
Itsasoa, ontzia eta nabigazioko mamuak, tanta urdin eta distiratsu haietan baino ez ziren existitzen. Egunak pasa ahala, Ryuji egunerokotasunaren hats higuingarriaz gero eta kutsatzenago zihoan; etxeko hatsa, auzunekoa, bakearena, arrain errearena, agurrarena, toki berean mugitzen jarraituko duen artzainarena, etxeko diru-kontuen liburuarena, asteburuetako bidaien hatsa..., hitz bitan: lehorreko jende orori gutxi-asko darien kiratsa.
Ryuji zintzo-zintzo hasi zen ahaleginak eta bost egiten: lehorreko kulturaren jabe egiteko, marinela Fusakok gomendatzen zizkion literatur eta arte liburu zozoetan murgildu zen, telebistaren bidez ingelesa —nabigazio hitzez gabetua— ikasi zuen, Fusakoren negozioari buruzko solas-molasak entzun zituen, hark dendatik ekarritako dozenaka jantzi dotore probatu zituen, soingainekoak eta beste arropa mordoxka ere prestatzen hasi zen... Eta finean, urtarrilaren zortzian Fusakorekin batera joan zen Rexera salerosketa lanetan hasteko, nola eta egun hartarako propio josarazitako jantzi ingeles bat jantzirik eta pozez gainezka.
— Pozez gainezka —esan zuen Noboruk mihi puntan izotz koxkor bat baleuka bezala.
— Pozez gainezka! —esan zuen Lehenengoak Noboruren doinua imitatuz.
Noboruren kontaketa entzun ahala, mutikoak barre egiteari uzten hasi ziren, zeren orduan jabetu baitziren egoeraren larriaz. Eta Noboruren kontaketa hartan ikusi zuten zein zen bere ametsaren emaitza eta nolakoa zen gainera zetorkien etorkizun beldurgarria: «Baliteke mundu honetan deus ez gertatzea!»
Une hartan, estalki kutxen arteko bidexka meharretatik, mototxalupa bat ikusi zuten olatu zuriak eraginez. Motorraren hotsak luzaroan iraun zuen.
— Hirugarren —esan zuen Buruzagiak halako doinu malenkoniatsuaz bizkarra horma kontran jarri bitartean—, nahi al duk marinela ostera ere heroi bilakatzea?
Noboru, bere kontaketa amaitu bezain laster hotzak sentitu zen eta kuzkurturik zegoen. Bere hatz eskularruz estaliekin oinetako puntak ukitzen ari zen, jostatuz bezala, mutu; eta tupustean ezusteko arrapostua eman zion:
— Baina oraindik ere bere marinel kapela, zamarra, leporainoko jertse zikina eta abar altxor baten gisa gordetzen dizkik. Nonbait ez zeukak horiek botatzeko.
Buruzagiak, aldiz, ohi bezala bestearen erantzunari jaramonik egin gabe, ahots garbi gardenez honela hitz egin zion:
— Ostera ere heroi bilakatzeko bide bakarra zegok. Baina oraindik ezin dizuet adierazi bide hori zein den. Hala ere, noizbait iritsiko zaigu hori esateko ordua. Laster gainera.
Buruzagia misteriotsuki mintzatzen hasten zelarik, inork ez zuen jakin-mina asetzeko eskubiderik izaten. Hargatixe, Buruzagiak erraz asko aldatu zuen ordura arteko mintzagaia.
— Tira ba, orain nire buruaz hitz egingo dut. Urteberriko bidaian, aspaldiko partez, aita-amak etengabe nire mutur aurrean izaten nituen. Aita-amak! Atera kontuak: benetan botalarria eragiteko modukoak dira. Gurasoak gaizkia haragiz jantziak dira; gizakien era guztietako itsuskeriaz leporaino daude!
«Guraso onik ez dago, izan ere aitaren papera bera gaiztoa baita. Guraso gogorrak, guraso gozoak, guraso erdipurdikoak, denak dira txarrak. Gure progresurako bilakaeran bide erdian jartzen zaigun oztopoa dira; guri leporatzen dizkigute beren gutxiagotasun konplexuak, beren desio asegaitzak, beren gorrotoak, idealak, beren baitan gordea duten ezdeustasuna, beren erruak, beren amets eztiegiak, gauzatu ezin izan dituzten xedeak... Hori dena gure gain utzi nahi izan dute! Baita neureak bezalako guraso axolagabeek ere. Damu dira beren seme-alabei arretarik ttikiena ere eskaini ez izanagatik.
»Urteberrian, Arashiyamako Ilargirako Zubia zeharkatzean, honela galdegin nion aitari: «Aita, ba al dago gure bizitzan helbururik?» Zuek ondotxo dakizue zer zen galdera harekin adierazi nahi zuena, ezta?: «Aita, zertarako bizi zara mundu honetan? Hobe duzu lehenbailehen hemendik desagertzea!», hara zer esan nahi nion. Baina, badakizue, nire aitak ez zion igarri nire zeharkako ironia hari, izan ere, harentzat zailegia baizen ongi ulertu ahal izateko! Ez hitz eta ez hitzondo geratu zitzaidan, zur eta lur, eta goitik behera begiratu zidan. Nik sekulako gorrotoa diot jende helduak erakusten digun harridura inozo horri. Azkenik aitak honela erantzun zidan: «Hara semetxo, inork ez digu bizitzaren helburua ematen, hori norberak aurkitu behar du.» Ene, halako kaikukeriarik! Nola eman dezake halako arraposturik! Gainera, a ze begirada duten gurasoek halakoak erantzutean! Sormenarekin lotutako guztiari izua diote; mundua beren burubideetara mugatzen baino ez dira saiatzen. Gurasoak, egia begi bistatik kendu eta seme-alabak gezurrez elikatzen dituzten makinak dira. Baina okerrena zera da: beren artean egiaren arartekotzat jotzen dutela beren burua.
»Gurasoak mundu honetako euliak dira. Egokiera baten esperoan inguruka ibiltzen zaizkigu, eta gurean zer edo zer ustelik topatuz gero, eraso egiten digute. Ezpata euliak, beren emazteekin larrutan egin dutela lau haizetara iragartzen dutenak! Gure erabateko askatasuna eta ahalmenak izorratzearren zernahi egingo dute, beti beraiek eraikitako herri likitsak defendatu nahirik.»
— Nire aitak oraindik ez dit aire-eskopetarik erosi —murmurikatu zuen Bigarrenak belaunak bilduz eta besoez inguratuz.
— Sekula ez dik erosiko. Baina hik ongi jakin behar duk halako eskopetak erosten dituzten gurasoak erosten ez dituztenak bezain kaxkalak direla.
— Nire aitak atzo berriro ere jo ninduen. Urteberritik hona, honezkero hirugarren aldia da —esan zuen Lehenengoak.
— Jo egin hauela? —galdegin zion Noboruk ikaraturik.
— Bai, batzuetan zaplastakoak masailetan, besteetan ukabilkadak.
— Zergatik ez diok aurre egiten?
— Ez dudalako hari aurka egiteko hainbat indarrik, hara bestea.
— Orduan, orduan —esan zuen Noboruk suturik eta oihuka—, jar ezak bere ogi txigortuan zianuro potasikoa-edo.
— Jipoitzea ez duk txarrena —adierazi zuen Buruzagiak bere ezpain mehe eta gorrien ertza goraino okertuz—. Hik ez dakik. Hi zoriontsua haiz. Hire aita hil zenetik hi aukeratua izan haiz. Baina hik ere ezagutu egin behar duk munduko gaitza, bestela inoiz ez duk egiazko indarra lortuko.
— Nire aita egunero mozkortuta etxeratu eta ama jipoitzen hasten da. Amaren alde ateratzen naizenean, bere aurpegi zurbilean irribarre maltzur bat ikusten dut, eta orduan honda esaten dit: «Aizak, hoa atzetik putz egitera, hire ama dibertitu egiten duk-eta» —esan zuen Laugarrenak—. Eta gorabehera horiez gain, aitak hiru amorante dauzka.
— Nire aitak Jainkoari errezatu besterik ez du egiten —adierazi zuen Bosgarrenak.
— Zertarako? —galdegin zion Noboruk.
— Familiaren ona, munduko bakea, lan arrakasta eta halakoak eskatzeko. Aita gu familia onaren eredu garelakoan dago; amak ere horixe pentsatzen du, aitak engainatuta. Etxea garbi baino garbiago dago eta badirudi mundua jende onberaz beterik dagoela. Sabai gaineko saguei ere jaten ematen diete, zertarako eta janaria ostuz bekaturik egin ez dezaten. Guk, azkenik, platerakoa jaten amaitutakoan, miazkatu egiten dugu Jainkoaren dohainak ez alferrikaltzeko.
— Hori ere aitak aginduta?
— Aitak ez du sekula agintzen. Bera da zerrikeria horiek egiten hasten dena eta gero guk geuk ere hori egitea beste erremediorik ez dugu... Zorionekoa haiz, Hirugarren, eskerrak eman beharko hituzke.
Noboru lagunak jota zituen mikrobioetatik salbu bazegoen ere, bere nola-halako zoriona beira bezain hauskorra zela begitandu zitzaion, eta beldurtu egin zen. Auskalo zein motatako zorteari esker, Noboru munduko gaitzetatik aske zegoen. Hala ere, bere garbitasuna ilberriarena bezain hauskorra zen. Bere inozentziak halako antena sare bat hedatua zuen mundu gainera, baina zenbat iraungo zuen urratu gabe? Munduak bere handitasuna galdu eta noiz jarriko ote zion halako alkandora hertsagarri bat? Egun hura berandu gabe zetorrela sumaturik, Noboru adorea ibaika galtzen sentitu zen.
Buruzagiak Noborurengana jiratu zuen hotzak jotako aurpegia. Eta ikusi gabe hari begiraturik, ongi zaindutako ilgora erako bekainak jasoz, estalki-kaxen artetik apenas ikusten zen itsas gaineko ke eta hodei multzo grisari erreparatu zion. Bere hortz zorrotz, dizdizari eta ttikiekin eskularruaren forru gorriari haginka egin zion.
© Yukio Mishima
© itzulpenarena: Hiromi Yoshida