III. KAPITULUA

 

        Rakuyo urtarrilaren bostean itsasoratu zen. Ryuji, ostera, lehorrean geratu zen Kurodatarrenean gonbidaturik.

        Rexen, bestalde, seietan hasi ziren lanean. Kargaontzia Ryuji gabe abiatu zenez, Fusako sosegaturik eta pozik zegoen. Eguerdian dendara joan eta bai Shibuya jaunak nola gainerakoek Urteberriko zorionak opa zizkioten.

        Oporretan zeudela, merkatalontzi ingelesen banatzaile agentziatik dozenaka artikuluren faktura iritsia zen.

Rexeko jaun-andereak, Yokohama

Eskaera zenbakia. 1.062-B

        Itsasontziaren izena El Dorado zen, eta artikuluei buruzko xehetasunak hauexek: Gizonezkoentzako jertse eta gerruntzeak, bi dozena Cerdi: 34, 38 eta 40 tailako frakak, dozena bat t'erdi; orotara 82.500 yen, eta horri ehuneko hamarreko komisioa gehituz gero, 90.750 yen ziren. Jantzi haiek saldu gabe hilabete batez edo gordez gero, gutxienez 50.000 yen irabazten ahal zuten, zeren artikulu haietako erdiak ohiko bezeroek eskatuak izanik, nahi zutenean sal zitzaketen. Luzaroan gorde izanagatik ez zen salneurri beherakadarik izaten, eta huraxe zen maila goreneko ingeles agentziaren bidez egindako salerosketen abantaila; agentziak berak erabaki ohi zituen salgaien prezioak, eta baldin eta dendetan merkeago saltzen bazituzten, berehala ezeztatzen zuten kontratua.

        Shibuya zuzendaria Fusakoren bulegora joan zen.

        — Hilaren 25ean, Jackson Companyren sasoi aurreko moda erakusketa dago. Gonbidaturik gaude.

        — Beraz, berriro ere Tokioko denda handietako erosleekin lehiatu beharko dugu. Baina haiek jantzietarako ez dute batere begi onik, ezta?

        — Halaxe da, andere, horiek ez dakite ezertxo ere, sekula ez dute arropa onik probatzen-eta.

        — Egia da —Fusakok data jaso zuen bere idazmahaiko agendan—. Aizu, bihar Nazioarteko Merkataritza Ministeriora joan behar dugu, ezta? Burokratek urduri jartzen naute. Dena zure kontu utziko dut eta nik irribarre besterik ez dut egingo.

        — Bai, dena nire esku. Han bulegari zahar bat ezagutzen dut-eta.

        — Bai, esana zenidan. Lagungarri handia dugu, benetan.

        Fusakok, bezero berri zenbaitzuen apetak betetzearren, kontratu berezi bat sinatua zuen New Yorkeko Mens's Town and Country Shop-ekoekin. Kreditu txartelak ere bidaliak zituen eta merkantziak inportatu ahal izateko orduantxe behar zuen Ministerioaren baimena.

        Halako batean, Fusakok, bere mahaiaren bestaldean zegoen zuzendari adintsu, mehe eta modazalearen gerruntzeari begiratu zion, haren lepoko V zabalari bereziki.

        — Aspaldi honetan, zer moduz zabiltza osasunez?

        — Pattal samar nabil. Mina gorputz osora zabaldua daukat. Artritisaren eraso berri bat delakoan nago.

        — Egon al zara sendagilearenean?

        — Oraindik ez, badakizu, Urteberriko oporren nahaste-borrastearekin...

        — Baina urte amaieran jadanik gaizki zeunden.

        — Orduan hain lanpeturik genbiltzanez, sendagilearengana joateko astirik ere ez nuen izan.

        — Hobe da lehenbailehen sendagilearenera joatea. Nireak egin du ohean geratu behar baduzu.

        Zuzendari zaharrak irribarre indargea egin eta, ongi ote zegoen ziurtatzearren, orbainekiko esku zuriaz artega ukitu zuen gorbataren korapiloa.

        Une hartan dendako neska bat heldu zen Yoriko Kasugaren etorrera iragartzera. «Ostera ere filmaketan ariko ote da?», pentsatu zuen Fusakok bere baitan. Yoriko, bakar-bakarrik, bisoi larruzko beroki bat jantzirik, erakusapal baten gainean bermaturik eta artikuluei begira zegoen.

        Filmeetako aktoresa ospetsuak gauza ttikiak erosi zituen. Lancôme markako ezpain-lapitz bat, Pelican estilografiko bat eta tankera horretakoak. Ondoren, Fusakok bazkaltzera gonbidatu zuenean, aktoresa, begitartea alaituz, izugarri poztu zen. Fusakok Nishinohashi Zubiaz bestaldeko karrika batean zegoen Le Centaure izeneko jatetxe frantsesera eraman zuen. Jatetxe ttiki haren jabea jubilatu arte Frantses Kontsuletxean jarduna zen eta bertara, erregular, yatezaleak bildu ohi ziren.

        Fusako, emakume arrunt eta zozo samar haren bakardadea neurtu nahiko balu bezala, aktoresari beha geratu zitzaion. Yorikok ez zuen irabazia desiratzen zituen film sarietako bakar bat ere. Eta Yokohamako ikustaldi hura, seguruenik, gizarte aurrean saririk gabe ez ibiltzeagatik egin bide zuen, gizartearen begiratu hotz eta ziztagarria ekiditearren. Jarraitzaile asko izanagatik, Yorikok asaskatzeko lagun bakar bat baino ez zuen: lagun min handiegia ez zen luxuzko moda dendako ugazaba-anderea. Eta bazkaldu bitartean, Fusako antzezlari saririk hizpidera ez ekartzera deliberatu zen.

        Biek bouillabaisse bana eskatu zuten, eta horrekin batera, jatetxeko jabeak harrotasunez gomendatzen zuen etxeko ardoa. Fusakok egin zuen jan-edanen hautua, izanez ere Yorikok ez baitzekien frantsesezko menuak irakurtzen.

        — Zinez ederra zara, Amatxo. Edozein gauza egingo nuke zu bezain xarmanta izateagatik —esan zuen neska handikote ederrak.

        Orduan Fusakori iruditu zitzaion bere buruaren edertasuna hainbeste gutxiesten zuen aktoresa hura bezalakorik ez zegoela. Bular ederrak zituen, begi zoragarriak, forma fineko sudurra eta ezpain lizunak; baina hala eta guztiz ere besteen aurrean ezdeus samarra sentitu ohi zen. Pentsatu ere pentsatzen zuen, saminki, gizonek berarengan plazer iturri ikaragarria baino ez zutela ikusten, eta hargatik zine epaimahaiak saririk gabe uzten zuela.

        Fusakok atseginez ikusi zuen, hala ere, Yoriko zerbitzariarentzat kaira batean bere sinadura ezartzen. Bere sinadura eskaintzeko zuen moduarengatik antzeman zitekeen nola zegoen Yorikoren aldartea. Eta une hartan luma dantzatzen zuen molde jostalariarengatik, esan zitekeen bular bat eskaturik ere, Yorikok, eskuzabal, pozik oparituko zuela.

        — Mundu honetan nire zaleekin ez beste inorekin fidatzen naiz; agudo asko ahanzten bazaituzte ere... —murmurikatu zuen Yorikok zigarro inportatu bat piztu bitartean.

        — Eta niregan ez duzu konfiantzarik? —trufatu zen Fusako bestearen erantzunari aldez aurretik igarriz.

        — Zuregan konfiantzarik izan ez banu, ez nintzatekeen Yokohamaraino etorriko. Zu zaitut nire lagun bakarra. Sinetsidazu, otoi. Azken bolada honetan ez naiz gaur bezain sosegaturik egon... Zuri esker, Amatxo —aitortu zion Yorikok. Fusakok hainbeste gorrotatzen zuen hitza erabiliz.

        Jangelako hormak historia eta izen handiko yateen akuarelez apaindurik zeuden, XVII. mendeko Merry eta XIX.eko Amerika besteak beste. Bi emakumeak beste inor ez zegoen lauki gorriekiko zamauak nabarmen zeuden gela hartan. Kontraleihoak haizearekin txapaka ari ziren. Kalean apenas zebilen jenderik eta ipar haize indartsuak zenbait egunkari orrialde zurrunbildurik zeramatzan. Jatetxeko leihotik begiraturik, biltegietako horma grisak baino ez ziren ikusten.

        Yorikok bisoi larruzko berokia kendu gabe bazkaldu zuen, eta bularrean kulunkan zeraman urrezko iduneko astunak halako santutegi mugikorra zirudien, bular duin haien gainean lastozko edergailu sakratua bailitzan. Aktoresa, bazkari eder harekin bapo eginik, mundu esamesazale eta handinahitik ihesi, pozik zegoen, hala nola egoten den emakume langile mardula eguzkitan eseririk, egunean zeharreko lan nekosoen arteko atsedenaldietan.

        Zoritxarreko nahiz zoriontsu sentitu, Yorikori inork ez zion antzematen batera edo bestera egoteko arrazoirik, baina halako bizkorraldietan nabariago agertzen zen bere gain hamar laguneko familia bat aurrera eramateko zuen gaitasuna. Yoriko, haatik, ez zen ohartzen bere xarmarik handiena indar hartan zetzala.

        Halako batean Fusakok emakume harekin asaskatzeko gogo bizia sentitu eta dena aitortu zion. Aitorpenetan aurrera, bere zoriontasunaz horditurik, Fusakok kontatu egin zizkion hizpidera ekarri gabe utzi beharko zituen xehetasunak.

        — Bai zera! Bi miloi yeneko libreta eta zigilua eman dizkizu?

        — Halaxe da, bai, nahiz eta nik behin eta berriz uko egin...

        — Ez ba, emakumea, ez diozu diru horri uko egin behar! Halako gizonik! Zuretzat dirutza hori huskeria bat da, baina haren maitasuna uzten du agerian. Ez nekien gaur egun halako gizonik geratzen zenik. Niri inguratzen zaizkidanak, ordea, maitasunagatik ez, baina beste zerbaitengatik etortzen zaizkit, beti eske. Benetan zorionekoa zu.

        Fusakoren aitorpena entzunik, Yorikok zenbait aholku eman zizkion. Fusako harri eta zur geratu zen aktoresarengan sekula esperoko ez zuen ahalmen praktikoa ikusirik.

        Lehenik, ezkondu aurretik detektibe agentzia pribatu baten bidez Ryujiren iragan-orainak ikertzeko gomendatu zion; agentziara joatean haren argazkia eramateko eta ordaintzeko hogeita hamar mila yen eramateko, eta pixka bat estutuz gero, astebete baten buruan dena gertu egongo zela. Bestalde, Yoriko prest zegoen agentzia ezagun eta fidagarri baten izena emateko.

        Bigarrenik, marinel jendeak eritasun gaitzak izan ohi dituenez, Ryuji salbuespen bat izan zitekeen arren, badaezpada ere, elkarrekin ospitale batera joateko eta han osasun agiri bana eskatzeko.

        Hirugarrenik, semearen arazoa azken finean mutilari eta aitaordeari berari zegokienez, sobera ez kezkatzeko aholkatu zion. Semeak bere aitagai berria gisa hartan miresten baldin bazuen, eta Ryuji bihotz onekoa baldin bazen, bien arteko harremanak onak izango zirela.

        Azkenik, bere ondasunak oro Fusakori emanak zizkionez, begi bistan zegoen gizon hura ez zela batere berekoia; baina itsas garraio munduko ekonomiaren beherakadari begira —enpresen akzio guztiek nahiko behera egin zuten—, litekeena zela Ryuji bera ere beste bizimodu baten bila hasi izana, eta beraz, alarguntsa izaki, Fusakok ez zuela erraztasun handiegirik eskaini behar, hartara meneko emakumearen traza har ez ziezaion.

        Yorikok hura dena patxadaz eta argiro azaldu zion bera baino zaharragoa zen Fusakori. Hau, ostera, ordura arte tuntuntzat hartutako emakumea hain logika handiz mintzatzen ikusirik, aho bete hortz geratu zen.

        — Zu bai emakume aztia! —esan zion Fusakok artean miresmenaren saretik irten gabe.

        — Ez da hainbesterako, erraza da. Oraintxe aitortuko dizut zein den aholku horien koska: duela aspaldi, gizon batekin ezkontzeko asmoa hartu nuen, eta halaxe azaldu nion gure enpresako ekoizleari; ezagutzen duzu, bai emakumea, Koei Zinegintza Konpainiako Murakoshi jauna. Gizon bizkorra izaki, hark hitz erditxorik ere ez zidan esan nire lan, ospe edota kontratuari buruz; haatik, irribarrerik atseginena ezpainetan, ni zoriondu ondoren, oraintsu esan dizkizudanak bota zizkidan. Baina gomendio horiek denak betetzea nekagarria zitzaidanez, dena bere esku utzi nuen. Eta handik astebetera nire ezkongaiaren nondik norakoak ezagutu ahal izan nituen, alegia, hiru amorante eta ezkutuko bi haur zituela, gaixotasun bat ere bereganatua zuela, alferrontzi hutsa zela eta elkarrekin ezkonduz gero, nire familia kanporatu eta deus egin gabe nire bizkar bizitzeko asmoa zuela. Ikusten?, halakoxeak izaten dira ba gizonezkoak, nahiz eta noizbait salbuespenen bat izan...

        Orduz geroztik Fusako aktoresa gorrotatzen hasi zen, eta gorroto hura burges zintzo eta ohoragarri baten amorrazioaz beterik zegoen. Yorikoren aieru inkontziente hura ez zen Ryujiren kontrako eraso hutsa izan; ostera, oso bestera, Fusakoren ohore eta hezkuntza onak, Kurodatarren tradizio sotil eta sendoa —bere senar zenaren izen ona tarteko—, denak hankaz gora utziak zituen irain hark.

        Alabaina, bien hezkuntzak eta historiak hain desberdinak izanik, Ryujirekiko amodioak ez zuen zertan Yorikorenaren bidea harturik. Eta amorrazioz beterik, Fusakok honela pentsatu zuen: «Nola edo hala jakinarazi behar diot ezpal desberdinekoak garela. Baina oraingoz ez daukat ezer egiterik, izan ere lagun baino gehiago bezeroa baita...»

        Kontuak kontu, Fusako ez zen ohartu izan berria zuen kontradikzioaz, hots, halako pasio udatiarraren gorenean egon eta halako moldez sumintzea. Baina aitortu behar zuen haserre zegoela, eta haserre horren jatorria Ryujiri egindako irainean baino, bere seme eta senar zenduari egindakoan zegoela. Eta Yorikoren aierua Fusakok gehien beldurra zion giza salaketaren erasoa izan zen: bere burugabekeriaren kontrako giza kondena. Bere ausardiari halako «amaiera zoriontsua» zegokiolarik, Yorikok ez zion ba zorigaiztoko istorio hura kontatu... Eta Fusako, atzera bere senar zena eta semearen ohore irainduengatik sumindurik, kezka guztiak metaturik, zurbil baino zurbilago geratu zen.

        «Emakume honek sinetsarazi nahi izan didan bezala, Ryuji alfer-zaku bat izan balitz, ni ez nintzateke emakume txolin hau bezala maiteminduko. Gizasemeak hautatzeko begi fin eta fidagarriagoak dauzkat.» Baina bere gogoeta eta udako pasioa hura kontrajarririk zeuden, eta bere baitako murmurio haiek oharkabean irakin eta gainez egin zioten, ia bere ahotik purrustadaka kanporatzeko zorian jartzeraino.

        Yoriko, bestalde, kafea patxada handiz irentsiz, hinki-hanka zebilen eta inondik ere ez zen jabetzen Fusakoren barneko sentimenduez. Bat-batean, ezkerreko mahuka tolestu eta, eskumutur xuria erakutsirik, honela esan zion:

        — Aginduidazu ondo gordean izango duzula sekretu hau. Zuri beste inori ez diot aitortu. Orbain hau garai hartan egindakoaren ondorioa da, labanarekin eskumuturra ebaki eta nire buruaz beste egin nahi izan nuen.

        — Bitxia da gero, ez dut gogoan egunkarietan halakorik irakurri izana —esan zuen Fusakok bere onera etorririk eta irri minez.

        — Murakoshi jaunak ahalegin guztiak eta bost egin zituen horren herririk zabal ez zedin... Odola erruz isuri zitzaidan.

        Yorikok besoa altxa eta bere eskumuturrari maitekiro musu eman ostean, Fusakori luzatu zion orbaina hobeki ikus zezan. Orbain hura, ostera, ez zen hain nabarmena; are gehiago: arretaz ez aztertzera, ikusi ere ez zen egiten. Zenbait lerroxka xuri baino ez ziren, eta Fusakok, zauri hura berez axalekoa eta huskeria bat izango zelakoan, mesprezatu egin zuen. Aurkitu nahi eta ezin balebil bezala, arretaz eta kontu handiz arakatu zuen orbainaren aldea.

        Handik gutxira, atzera ere Rexeko ugazaba-andere bilakaturik, kopetilun eta errukior honela mintzatu zitzaion:

        — Gaixoa! Ene, jakin nahi nuke zenbat negar isuriko zen zu zeruratu izan bazina! Zure gorputz ederra zauritzea bekatu handia izango litzateke. Zuk ere aginduidazu ez duzula halakorik gehiago egingo.

        — Ez, ez dut egingo, ezta, ezta... Orain, nire heriotza dela medio negar egingo lukeen jendearentzat bizi naiz. Zuk ere egingo al zenuke negarrik niregatik, Amatxo?

        — Egingo ez nuen ba. Baina hobe dugu istorio triste hau lagatzea —adierazi zien Fusakok eztitasun paregabez.

        Gauzak ongi, Fusakori ez zitzaion hastapen egokia irudituko detektibe agentzia batera jo behar izate hura. Baina orain kosta ahala kosta aldeko txosten bat jaso nahi zuen, nondik eta Yorikoren senargaia gutxietsi zuen agentzia beretik.

        — Hara —hasi zitzaion—: bihar bertan Tokiora joan beharrean nago, Shibuya jaunarekin. Hango betebeharrak burutu ondoren, Shibuya alde batera utzi eta bakarrik joango naiz agentzia horretara. Estimatuko nizuke zeure bisita txarteletako batean halako aurkezpen ttiki bat egingo bazenit.

        — Bai horixe —Yorikok, erosi berria zuen luma krokodilo larruzko poltsatik atera eta gero han-hemenka bilatu ostean, nekez bada nekez, bere bisita txartel bat atzeman zuen.

 

 

        Zortzi egunen buruan, Fusakok Yorikori deitu eta, harrotasun handiz, honela esan zion:

        — Eskerrak emateko deitzen dizut. Mila esker. Zure aholkuak kontuan hartu ez ezik, arrakasta handia ere lortu dut. Jaso dudan txostena interesgarria da oso. Egindako lana ordaintzeko, gainera, hogeita hamar mila yen huskeria da! Irakurriko al dizut? Ba al duzu entzuteko astirik? Tira ba, entzuteko mesedea egingo didazu orduan.

        «"Honela dio: Azterketa bereziaren txostena. Argitzeko eskatu diguzun arazoari buruzko honako txostena dakarkizugu."

        »"Txostena. Ryuji Tsukazakiri buruz. Ikertzeko agindutakoak: bere historia pertsonala, emakumeekiko harremanak eta gainerakoak."

        »"Bere historia berak adierazitakoa bezalakoxea da. Berak hamar urte zituelarik, ama, Masako izenekoa, hil egin zitzaion. Bere aita, Hajime izenekoa eta Tokioko funtzionarioa izan zena, ez zen berriro ezkondu emakumea hil ondorenean eta bi seme-alabak hazi eta hezi egin zituen. Beren etxea 1945eko bonbardaketetan suntsitu zuten eta Ryujiren arreba, Toshiko izenekoa, urte bereko maiatzean sukar ustel batek harrapatu eta hil egin zuen. Ryuji berari dagokionez, Merkatal eta Nabigazio Eskola amaitutakoan, entzuten duzu, dena gisa honetakoa da. Ikaragarri gaizki idatzia dago! Pasarte batzuk beren horretan utziko dizut apur bat laburtze aldera... "Emakumeekiko harremanei dagokienez, orain behintzat ez zaio halakorik ezagutzen. Sekula ez da inongo emakumerekin bizi izan, eta ez du harreman sendo eta luzerik izan", horra zer dioen. Zer iruditzen zaizkizu esaldiok? "Gizon kaskagogor samarra izanagatik, langile prestua da, ardura handikoa. Bestalde, osasun onekoa da, eta indartsua, ez orain ez lehen ere ez baita gaixotu ere egin; horrez gain, bere ahaideen artean ez dugu aurkitu halako buru edo familia eritasunik"... Eta... eta..., bai, hemen jartzen du: "Benin ere ez da zorretan egon. Enpresari ez dio inolako zorrik eta, beraz, ekonomikoki zuzen dagoela esan daiteke. Bakarzalea da eta ez du gogoko lankideekin-eta ibiltzea, eta ondorioz ez dauka haiekiko harreman berorik." ... Nirekin baldin baditu, aski du! Ah, bai, ate joka ari zaizkizu? Bai, oraintxe eskegiko dut. Eskerrik asko denagatik. Benetan bihotz onekoa zara. Gutxienez eskerrak eman nahi nizkizun. Tira, berandu baino lehen egongo gara elkarrekin, ezta? Ryuji? Bai, gomendatu zenidan hezala, bizpahiru egun daramatza aprendiz lanetan. Hurrengoan etortzen zarenean aurkeztuko dizut Bai..., bai... Eskerrik asko berriro ere. Bai, agur, agur.»

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia