II. KAPITULUA

 

        Ryujik Fusakori armadilo larruz egindako poltsa bat oparitu zion. Arratoi buruaren itxura zuen tresna xelebre eta barregarria zen, helduleku laburrekoa eta joskera traketsekoa gainera; guztiarekin ere, Fusakok edozein tokitara poz handiz eraman ohi zuen, eta baita Rexen harro asko erakutsi ere, nahiz eta Shibuya zuzendariak kopeta zimurtu.

        Urte Zahar egunean, Fusakok galtzak bete lan zuen Rexen, eta Ryujik, bestalde, arratsaldeko guardia egin beharra zeukan. Beraz, nor bere tokian egon beharrean zeuden, banandurik, baina egun erdiz bakoitza bere kasa ibiltzea ohikoa egin zitzaien.

        Fusako hamarrak jota itzuli zen, eta etxeko garbiketa gainerako Urte Zahar egunetan baino askoz arinago amaitua zegoela ohartu zen. Izanez ere, Ryuji, neskamea eta Noboruren artean agudoago egina baitzuten. Ryujik nagusiarena egin zuen, ontziko kubiertako garbiketan arituko balitz bezala. Noboruk, ostera, sukarra apur bat ahantzirik, nagusiak agindutakoa atsegin handiz betetzen jardun zuen.

        Ryujik jasoak zituen jertsearen mahukak eta buruan halako eskuoihal bat paratua zuen. Eta mutikoak ere, haren janzkerazale, buru inguruan toalla bat loturik zeraman, eta beheraxeago masailak gorrituak antzematen zitzaizkion. Fusako etxeratu zenean, semea eta gizona zoru-garbitzailea eta baldea eskuetan, eskaileretan behera zetozen, ordurako goiko solairua oso-osorik garbitua zutelarik. Fusakok aho bete hortz begiratu zien, pozik, eta jarraian bezpera arte gaixorik egondako semeaz arduratu zen.

        — Lasai emakumea. Sendatzeko, apur bat lan egin eta izerditzea hezalakorik ez dago.

        Ryujiren hitz desegoki antzeko haiek ez zuten balio inor kontsolatzeko, baina etxe hartan behintzat, aspaldian entzun gabeko «gizonezkoaren hitzak» ziren. Haren hizketa hotsera etxeko zutabe eta horma zaharrak are sendoagotzen zirela iruditu zitzaion Fusakori.

        Familiak kanpaiak entzun bitartean pasta tradizionala janez igaro zuen Urtezahar gaua, eta segidan neskamea urtero bezala honakoarekin gogoratu zen:

        — Lehen, McGregortarrenean egon nintzenean, Urte Zaharrean jende asko gonbidatzen zen, eta hamabi-hamabietan ondoan zegoen edonori musu ematen zioten. Eta niri behin irlandar bizardun batek ez zidan ba masailean sekulako musua eman...!

        Logelara erretiratu zirenean, Ryujik Fusako besarkatu zuen. Gero, egunsenti aurretxoan, haurkeria bat egitea proposatu zion: Urteberriko lehen egunsentia ondoko parke batera ikustera joatea alegia. Fusako, pozak airean, txoratu egin zen goizeko hotzetara irteteko burutapen xelebre harekin.

        Ahalik eta arroparik gehiena jantzi zuten; Fusakok galtzerdi luze eta lodien gainetik frakak jantzi zituen, eta katxemirazko jertsearen gainetik Danimarkako eski jertse ederra. Ryujik emakumearen sorbaldak estali zituen bere zamarraren mahukekin, eta ondoren, albait isilen, ateko giltzari eragin eta kanpora irten ziren.

        Beren gorputz beroei atsegina egin zitzaien goiztiriko aire hozkirria. Eta inoren arrastorik gabeko parkeko isiltasunean, korrika hasi ziren, irri karkaraka, eta bata bestearen atzetik ibili ziren altzifre arboladian barrena. Gero hats jaurtiketari lotu zitzaizkion, zeinek baino zeinek lurrin xuriagoa atera. Eta gau osoko ferekek bustitako ahoetan halako izotz geruzaño bat antzeman zuten.

        Portu aldera zegoen hesian bermatu zirenerako, goizeko seiak paseak ziren. Artizarra hegoalderantz kokatua zegoen. Parkeko iluntasunean, artean egoitza, biltegi eta itsas zabaleko ontzien argiak ikus zitezkeen arren, tarteka iluntasuna urratzen zuen faroaren argi gorri-berde jirakorra bezala, dagoeneko zerua gorri-ubel ageri zen eta etxeen inguramena bera ere gero eta zehatzago.

        Urrunetik, parkeko zuhaixken adarrak dardarazten zituen haize goiztiar eta hozkirrian gaindi zetorkielarik, aldika, apal, urte hartako aurreneko kukurruku beldurgarria entzun zuten.

        — Urte hau gu guztiontzat ona izan dadila —esan zuen Fusakok, otoitz bat egiten den gisa berean. Eta egiten zuen hotza arintzeko elkarri itsatsirik zeudenez, Ryujik, ondo-ondoan zuen emakumearen ezpainetan musu emanez, honela erantzun zion:

        — Hala izango da. Hala izan behar du.

        Emekiro, ur azala gero eta garbiago ikusirik eta gertuko egoitza baten kanpo eskaileretako argi gorriari erreparatuz, Ryujik barren-barrenetik sentitu zuen lehorreko bizitzaren zaflada. Urte hasi berri hartako maiatzean hogeita hamalau urte beteko zituen; beraz, bazen garaia aspaldiko ametsa bertan behera uzteko; bazen garaia berarentzat propio prestatutako loria edo antzekorik ez zegoela ohartzeko; bazen garaia —bost axola biltegietako teilatu hegaletan zeuden argi ahulek egunsentiaren berde-grisei aurre egiten bazioten begiak zabaltzeko.

        Urteberria izanagatik, portuan, ohi bezala, makinen tremolo goibelak hedatzen ziren. Txalupa bat, kanaleko ontzi sailetik bereizirik eta hots lehorra atereaz, norabait abiatua zen.

        Ur azala zenbat eta borobilago eta zabalago agertu, zenbat eta mahats kolore handiagoa bereganatu, hainbat eta ahulago ikusten ziren ontzi ainguratuen argi-itzalak. Goizeko seiak eta hogeita bost: parkeko merkurio farolak denak batera itzali ziren.

        — Hotzak al zaude? —galdegiten zion Ryujik behin eta berriro.

        — Hezur-muinetaraino sartua daukat hotza! Baina ongi nago. Laster eguzkia irtengo da.

        Baina Fusakori «Hotzak al zaude?» galdegiten zion aldiro, Ryujik galdera hau egiten zion bere buruari: «Benetan utziko al diozu ozeanoko sentipenari; ohikoa izan ez eta etengabe dardarizoak eragiten dizkizun sentipen hordi eta ilunari?; agurraren xarmari; modako kantuen malko eztiei?; benetan utziko al diozu zure gizontasuna mundu honetatik aldendu, sendotu eta handitzen duen bizimoduari?

        Bere bularralde mardulean ezkutaturik zegoen heriotzarako irrika. Loria eskuragaitz, heriotza eskuragaitz. Onerako ala txarrerako, den-dena eskuragaitza zen.

        «Utziko al diezu loria eta heriotza eskuragaitzei? Zuzen-zuzen loturik egon zara bai olatu ilun eta hanpatuekin, bai zeruko hodei ertzetako argi gorenarekin, eta beraz, zure bihotza aldian ahula aldian indartsua da, batzuetan sentimendurik sotilenak zekenekin bereizteko gai ez delarik, eta finean, horrek ere gehiegi axola ez duelarik, izanez ere itsasoa baitzen arduraduna... Nolatan utziko diozu halako askatasun bikainari?»

        Alabaina, azken nabigazioalditik etorria zelarik, marinel bizitzaren txepelkeria eta aspergarritasunaz barren-barrenetik gogaiturik zegoela ohartu zen. Erabat sinetsirik zegoen itsas bizitzaren nolakoa sakon ezagutzen zuela eta haren zaporeak oro dastatuak zituela: ikusten? Inon ez zegoen loriarik! Munduko inongo alderditan ez: ez ipar hemisferioan, ez hego hemisferioan! Ezta marinel guztiek amesten duten Hegoko Gurutzearen azpian ere!»

        Oholdegiko ur azaleko zimurren nahas-mahas hura ere gero eta garbiago ikusten ahal zen; ostera ere zabaldu zen airean oilarraren kukurrukua; zerua, azkenik, herabe bezala, jadanik gorriturik zegoen, eta portu lainotuaren itsasontzien irudiek, itzaltzear zeuden argiekin batera, mamuak ziruditen.

        Zeruak su kolorea hartu zuelarik eta hodei fin eta luzeak itsas zabalean islatu, parkeko espazio irekia bikotearen atzealdean gero eta zuriago eta hedatuago agertu zen. Faroko argi birakorraren errainuak ere urtu egiten ziren airean, eta argi gorri-berdeen dirdaia biziak baino ez ziren antzematen.

        Hotzak eraginik, elkarri heldu eta oinekin lurrari kolpeka hasi ziren. Hotza, begitarteei eraso beharrean, hankapetik barneratzen zitzaien.

        — Eguzkia irtetear dago —esan zuen Fusakok ustekabeko txorien firuriken artean. Hozmindurik zegoen Fusakoren aurpegi xurian, orain nabarmen ageri ziren etxean presaka margotutako ezpain gorriak, eta Ryujiri ederrak egin zitzaizkion.

        Handik gutxira, oholdegiaren eskuin aldera, zeru hits argian, goienean, zirkulu gorri lausotua agertu zen. Eguzkia, berehalako batean zirkulu gorri baino gorriagoa bilakatu bazen ere, bere printzak artean ahulak ziren eta zuzenki begira zekiokeen, ilbete gorrixka zirudielarik.

        — Badakit aurtengoa Urteberri ona izango dela. Gezurra dirudi gu hemen lehendabiziko egunsentia miresten egotea... Gainera, lehendabiziko aldia da Urteberriko egunsentia ikusten dudala —aitortu zuen Fusakok dardarizoak hartutako ahotsez.

        Ryujik, neguko kubiertan iparreko enbataren kontra garrasika mintzatzen zenean bezala, ahots sendo eta indartsu batez, honela esan zion:

        — Otoi, ezkonduko al zara nirekin?

        Fusakok, ostera, zer esan zuen galdegin zion. Ryujik, galdera egin izanagatik larriturik, isilean uztea komeniko liratekeenak ere ezustean bota zizkion:

        — Galdegin dizut ea nirekin ezkondu nahi duzun. Ni marinel xumea baino ez naizen arren, sekula ez dut bizitza lotsagarririk eraman. Barregarria irudituko zaizu, baina baditut bi milioi yen aurrezturik. Gero libreta erakutsiko dizut. Horixe da nire ondasun guztia. Eta baietz erantzun ezetz erantzun, zuri emango dizut.

        Ryujiren hitz xalo haiek, berak uste baino askoz ere sakonago hunkitu zuten emakume sofistikatuaren bihotza. Bozkarioz gainez eginik, negarrari eman zion.

        Ordurako eguzkiak gogotik jotzen zuen eta irrikaz beteriko Ryujiren begiek ezin zioten zuzenki begiratu. Trenen ziztuak eta autoen harrabotsak, portuko azantza amaigabe eta gero eta ozenagoarekin batera goia jo zuten. Urrunean, hodeiertza lausoturik ikusten zen, urturik balego bezala, eta eguzkiaren errainuek, azkenik, gorriztatu egiten zuten ur azalean pausaturiko lainoa.

        — Bai, zurekin ezkonduko naiz. Baina horretarako lasaiago hitz egin behar dugulakoan nago. Noboru, esate baterako, eta dendako lana... Jarri al dezaket baldintza bat? Gure ezkontza burutzea zaila izango da atzera ere itsasoratzeko asmotan baldin bazaude...

        — Ez, bolada batean ez naiz itzuliko. Edo beharbada... —Ryujik zalantza egin eta isilean geratu zen.

 

 

        Fusakorenean ez zegoen gela japoniarrik. Bere bizimodua mendebal erara antolatua zuen, baina Urteberria bederen, Japoniako usadioei jarraiki ospatu ohi zuen; Urteberri eguneko sakea dastatuz, egun hari zegokion gosaria egin zuten mendebal erara dekoratutako egongelan. Ryuji, lorik egin gabe, aurpegia ur gaztetan igurtzi ondoren, hara sartu eta Ipar Europako portu herriren bateko Kontsuletxe japoniarrean balego bezala sentitu zen.

        Lehen, urte amaieran kargaontzia beste herri batera heltzen zelarik, tokian tokiko Kontsuletxe japoniarrean, ofizial guztiak Urteberriko otoruntzara gonbidatzen zituzten. Une hartan ere, europar estiloko egongela argitsuko mahai gainean, han zeuden sakea hartzeko antosinak, azpil batean, txukun-txukun, marrazkiz hornituriko zurezko kopatxoak, eta baita lakazko kaxak ere, zizka-mizka tradizionalez gainezka.

        Noboru gorbataz jantzirik zegoen. Elkarri «Urte berri on» opa zioten. Aurreko Urteberriko gosarian Noboruk izan zuen sakea lehenengo dastatzeko ohorea; Ryujirekin zeuden urte hartan, ostera, lehenengo kopa ez zegokion Noboruri.

        — Tsukazaki jaunak ez du ba koparik ttikiena hartuko, ala? —esan zuen Noboruk ume herabearena eginez, eta sakea dastatzen estreinakoa izan behar zen Ryujiri beha geratu zitzaion, bere esku zabar eta zailduan halako kopatxoa nola eramaten zuen ikusirik. Eta urrezko aranondoaren marrazkiaz apaindutako kopatxo gorri hura, amarrei eusten ohitutako halako eskuan hondoraturik zegoela, izugarri ezdeusa iruditu zitzaion.

        Behin sakearen zeremonia bukaturik, Ryuji, Noboruren eskariari aurrea hartuz. Karibe Itsasoan jasandako urakan bati buruz kontu-kontari hasi zitzaion.

        — Ontzia bilin-boloka hasten delarik arroza egostea ere ezinezkoa egiten da. Baina nola edo hala egosi, eta arroz bolatxoetan biltzen dugu, bestela ez baitago hori jango duen ama semerik. Mahai gainean katiluak jartzea ere ezinezkoa bilakatzen da, eta jangelako xixiluak jasota, zoruan eseri eta ahal bezala jaten dugu.

        «Baina Kariben harrapatu gintuen zikloia benetan ikaratzekoa izan zen. Gure Rakuy o ontzia atzerrian erosia da, hogei bat urte izango ditu eta, beraz, aski zaharra da; horregatik, urakana datorrelarik, ontzipean berehala sartzen da ura, dzarrast! Orduan, ofizial izan menpeko izan, denok latz egin behar izaten dugu lan, eta han ibiltzen gara, blai eginda, ura kanporatzen, uraren sarbideen kontra koltxoiak ezartzen, zuloak hormigoiaz estaltzen... Eta nahiz eta hormaren kontra jo edo ilunpetan jausi, beldurtzeko betarik ere ez dugu izaten. Ez, ez, eskarmentu handia izanagatik, urakanak ez dira batere gozoak. Haize erauntsi beldurgarri haren bezperako oskorria sute handi baten gisakoa izan zenez, gorri-beltza, eta itsasoa bareegi zegoenez, susmo txarra hartu nion...

        Fusakok, belarriak eskuez estalirik, oihu egin zuen:

        — Ez jarraitu, otoi, ez jarraitu, ikara ematen dit-eta!

        Amaren jokaera gogaikarria egin zitzaion Noboruri: zergatik kexatu behar zen ama, zergatik estali behar zituen belarriak eta muturra sartu Noborurentzat propio kontatuko istorio bat izanik? Ala amari zuzendutako istorioa ote zen?

        Gogoeta horiek eginez, Noboru ezeroso sentitu zen. Ordurako Ryujik makina bat itsas pasadizo kontatuak zizkion, Baina hark beste kutsu bat zuen.

        Kutsu hura, Noboruren ustetan, bere salgaiak esku lohiekin eskaini ohi zituzten buhameen antzekoa zen. Bizkarrean daraman fardela eraitsi eta zoru gainean erakusten du han dakarrena: Karibeko zikloi bat, Panamako Kanalaren itsasertzeko paisaiak, Brasilgo herrixka bateko jaialdi lugorriz hautseztatuak, hango zeruan igerian dabiltzan hodeiak supituki herriak urperatzen dituzten euri-jasa tropikalak, zero ilunaren azpian garrasika dabiltzan zazpi koloreekiko lorotxoak eta beste...

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia