I. KAPITULUA

 

        Abenduaren hogeita hamarrean, goizeko bederatzietan, Fusako bakarrik joan zen Kai Berrira, hango aduanatik irtengo zen marinelaren bila.

        Kai Berria auzune bitxi eta nahasi antzekoa zen. Jende gutxiko kale garbi baino garbiagoak, zuhaitz ihartuak, adreilu gorri eta zaharrekiko biltegiak, sasi-errenazimentu erako bulegoak...; eta auzunea zeharkatzen zuen trenbidean, lokomotora zaharkitu bat zihoan, ke jario. Kateak ere gezurrezkoa zirudien eta, beraz, auzune hartan errealitate eza zen nagusi, izanez ere auzunearen izatea nabigazioan zetzan, eta adreilu bakoitza itsasoarentzat baino ez zen bizi, eta itsasoak auzunea xumetasunez eta abstrakzioz janzten zuen bitartean, errealtasuna galdurik, ametsetan hondoraturik zegoen.

        Gainera, euria zen. Biltegietako adreiluei euriak eragindako margo gorria zerien. Teilatu gailurretan nabarmentzen ziren mastak busti-bustirik zeuden.

        Fusako, autotik atera gabe, marinelaren zain zegoen. Euri tantak itsatsiak zituen leihatilaren bitartez, emakumeak zurezko etxola txikerretik —aduanatik, alegia— marinelak banaka-banaka irteten ikusi zituen.

        Ryuji zamarra urdin-ilun batez jantzirik zegoen eta lepoa ongi babestearren, idunekoa altxaturik zekarren; marinel kapela bekain azpiraino jaitsirik, maleta zaharra eskuan eta bizkarra doi bat makurturik, euripean aurrera egiten zuen. Fusakok aspaldikoa zuen txoferrari Ryujirengana hurbiltzeko agindu zion.

        Ryuji, euritan blaitutako maleta handiarekin, tximistaren pare sartu zen autoan.

        — Banengoen ba ni, ziur nintzen etorriko zinela! —esan zuen Ryujik arnaska eta Fusakoren sorbaldei larruzko beroki gainetik eraginez. Gizonaren masailak, aurrekoan baino askoz ere beltzaranagoak, euri eta malkotan bustirik, emozioak okerrarazirik zeuden. Fusakok, ostera, asaldamenduak odola motelarazia balu bezala, aurpegi zurbil-zurbila zuen, auto barrenean zabaltzen zen leihatila zuria irudi. Orduan biek, musuka, negarrari eman zioten. Ryujik, eskuak emakumearen berokipetik sarturik eta egonarri handirik erakutsi gabe, haren atal guztiak miatu zituen, itotzetik salbatutako gorputza bizirik ote dagoen egin ohi den eran. Ondoren, Fusakoren presentzia ahalik ongiena dastatzeko, besarkatu egin zuen haren soin leuna.

        Handik Fusakoren etxeraino autoz joateko sei bat minutuko bidea zegoen. Yamashita Zubia zeharkatzean, azkenik, gai arrunten gainean solastatzen hasi ziren.

        — Mila esker gutun piloarengatik. Bakoitza ehunka bider irakurri dut.

        — Baita nik ere. Aizu, Urteberria gure etxean igaroko duzu, ala?

        — Bai, asmo horrekin etorri naiz. Eta Noboru? Non da?

        — Nirekin etorri nahi zuen, baina katarro ttiki bat harrapaturik, ohean geratu da. Ez da ezer larririk. Sukarra ere...

        Solasaldi arrunt bat besterik ez zen, lehorrekoen artean berdin-berdin gerta zitekeena. Elkarrengandik urrun zeudelarik, irudipena zuten nekeza baino, ezinezkoa izango zitzaiela sei hilabete lehenago bezala berezko harremanak izatea. Bazirudien iraganean gertatutakoak zirkulu akasgabea osatzen zuela, non ez baitzen berriro sartzerik izango. Ongi aterako al ziren gauzak; duela lau hilabete, gelako gako batean eskegi den jakaren mahukan besoa sartzea bezain erraz menturaz? Gisa hartan arduratzen ziren biak ala biak ere.

        Alabaina, bozkariozko malkoek ezabatu egiten zituzten haien kezka eta larritasunak, eta pertsona ahalguztidunen antzera sentitzen ziren. Ryujik, leloturik bezala, ez zuen bihozminik sentitzen elkarrekin ikusiak zituzten paisaia haiek berrikustean. Ezker-eskuin, han zeuden Yamashita Zubia, Faroa eta Yokohamako gainerako sinbolo guztiak; eta bere baitan hainbestetan hausnartu zituenez, ez zitzaion bihotzondokorik sortzen. Hala ere, lanbro gortina hura medio, dena oroimeneko paisaia bailitzan ikusten zuen, dena ezin errealagoa bilakatuz. Rvujik itsasontzia utzi eta puska batean bilintx-balantx ibili beharko zuela pentsatua bazuen ere, oraingo honetan puzzle baten osagai baten gisa sentitzen zen, mundu atsegin eta lagun hartan ezin hobeki kokaturik.

        Autoa, Yamashita Zubia zeharkatu eta Frantziako Kontsuletxe ondoko maldan gora zihoan. Eskuinean, tapaki grisez estali ontzixka mordoa ikusten zen, ia ubidea betetzeraino. Zeru gorenean, hodei puska barreiatu eta argitsuek aurki atertuko zuela iragartzen zuten. Malda osoa igo eta parke baten aurretik igaro ondoren, Yatozaka kalean ezkerreko karrika batera sartu eta Kurodatarren etxe aurrean gelditu zen autoa. Hesitik atarirainoko harrizko iraganbide laburra ondo bustirik zegoen. Txofer adintsuak Fusakori euritakoa zabaldu eta atariko txirrina jo zuen.

        Adineko neskameak atea ireki zienean, Fusakok, ezkaratza ilun sainar zegoela ikusirik, argia pizteko esan zion. Ryuji ateko maila ttikia gainditu eta iluntasunean barneratu zen.

        Atea zeharkatzea besterik egin ez zuelarik, Ryujiri halako kezka bat abaildu zitzaion: emakumearekin osatutako zirkulu distiratsu hura utzi zutenez geroztik gauzak zeudenetan egongo zirela pentsatzen zuen, baina une hartan ohi ez bezalako zertxobait antzeman zuen, neurtezina zitzaion halako aldaketa bat. Fusakok, bai agurtzean nola ondoko gutunetan, kontu handia jarri zuen betierekotasun hitzak ez erabiltzearren; arestiko besarkadek, ostera, argiro erakusten zuten biek ala biek ere toki berera, etxe hartaraxe itzuli nahi zutela. Dena dela, hain zegoen irrikaz beterik, Ryujik bitxikeria hartaz pentsatzeko betarik ere ez baitzuen izan. Are gehiago: ez zen konturatu etxe arras desberdin batean sartzen ari zela.

        — Ibaika ari du euria —jarraitu zuen Fusakok—, baina luze gabe atertuko du.

        Argia piztu eta atariko marmolezko zorua, veneziar erako ispilu batez apaindurik, begi bistara agertu zitzaien.

 

 

        Egongelako beheko suan egurra pindarka ari zen. Sutegi gainean azpil bat eta bertan Jainkoari eskaintzeko ohiko arroz opil parea, alga, madari hosto, itsas mahats eta abarrekin apaindurik.

        — Ongi etorria, jauna. Kuroda anderea eta Noboru zu ikusteko irrikatzen egon dira —esan zion neskameak Ryujiri tea apalki zerbitzatu bitartean.

        Ryujik egongelako zenbait berrikuntzari erreparatu zien: Fusakoren brodatu berri batzuk eta tenisean lortutako trofeo ttiki bat. Fusakok banan-banan argitu zizkion: Ryuji itsasoratu ondoren, lehen baino gehiago eta gogotsuago murgildu zen bai zetaren brodaketan nola tenisean. Egunean zehar, asteburuetan ez ezik, lanegunetan ere astia zuen aldiro, Myokoji tenplu ondoko tenis klubera joan ohi zen jokatzera; gauez, ostera, bere gelako bakardadean zetazko oihalaren broda lanari lotzen zitzaion. Brodatugaiek, oro har, bazuten zer ikusirik itsasoarekin: antigoaleko bionboetan ageri diren itsasontzi portugaldarren bat eta baporeen gurpiltzarrak, udazken hartan brodatutako kuxinetan ikusten ahal ziren. Trofeoa, azkenik, urte amaiera ospatzeko antolatu zen lehiaketan eskuratua zuen. Eta berritasun haiek guztiak, gizonaren kanpoaldiak iraun bitartean, Fusakoren kastitatearen adierazgarri ziren.

        — Baina itsasoan zeunden bitartean —esan zuen Fusakok—, ez zait ezer zoragarririk gertatu.

        Eta Ryujiri aitortu zion haserretu ere egin zela bere buruarekin, izanez ere ez itxarotea erabaki arren, azkenean etsi egin behar izan baitzuen; lanari lotu zela gizona ahanztearren, baina azken bezeroak alde egin eta denda huts-hutsik geratzean, patioko iturriaren murmurioa entzun eta beldurra bere baitan nagusitzen zelarik, orduan konturatzen zela: itxaroten jarraitzen zuen...

        Orain Fusako gai sentitzen zen bere sentimenduak errazkiago eta bihotzetik etorri ahala kontatzeko. Eguna joan eguna etorri, marinelari idatzitako gutun pilek ustekabeko askatasuna ematen zioten.

        Ryujiri ere ber gauza gertatzen zitzaion eta lehen baino berritsuago eta umoretsuago ari zen. Aldaketa haren zioa Honolulun jaso zuen Fusakoren lehendabiziko gutunari zegokion. Nabarmen aldatu zen, irekiago-edo egin, eta atsegin hartzen hasi zen marinelek egongelan egin izan dituzten berriketaldietan. Ondorioz, luze gabe Rakuyoko ofizial orok Ryujiren amodio kontuen gorabehera guztiak zekizkiten.

        — Igoko al zara, arren, Noboruri ikusi bat egitera? Zu ikusteko irrikatzen egon da-eta. Gainera bart oso lo gutxi egin duela uste dut.

        Maletatik mutilarentzako oparia atera eta Fusakori jarraitu zitzaion eskailera ilunetan gora, udako gau hartan estreinako aldiz dardarka igo zituen eskailera haiexetan alegia; baina orain gizon itxaronaren ibilera tinkoa erakusten zuen.

        Noboruk gero eta gertuago entzun zituen oin-hotsak. Zain egon behar izateagatik larri zegoen, gorputza gogorturik Eta bestalde, iruditu zitzaion oin-hots haiek ez zirela hainbeste espero zuen marinelarenak.

        Atea kask-kask jo eta brast zabaldu zuen. Noboruk krokodilo marroixka ttiki bat ikusi zuen. Jadanik atertua zegoen zerutikako argitasuna gela osoan barreiatzen zen, ura irudi, eta atean azaldu zen krokodiloak, airean flotatzen zuten lau hankatxo gogor, aho handi ireki eta begi gorri distiratsuekin, bizirik zegoela zirudien. «Animalia biziak armarrietako blasoi gisa erabiliko ote dira?», pentsatu zuen Noboruk, nahasi eta sukartsu. Hona hemen egun batez Ryujik Koralaren itsasoaz zer kontatu zion: atoloiaren barnealdeak uhinik gabeko urmael geldia zirudiela, eta atoloi kanpoaldeko itsas zabalean joan-etorrian zebiltzan olatuen gailur zuriak urrun ikusten zirela, ametsetan bezalatsu; mutilak pentsatu zuen bere buruko min hura, bezperan baino ttikiagoa orain, itsas zabaleko eta atoloiaz bestaldeko olatu zuri metatu haien gisakoa zela, gero eta urrunago. Eta krokodiloa, ostera, bere buruko minaren eta aginte urrunaren armarria bilakatu zen. Ezbairik gabe, eritasunak maiestatetasun ukitua ematen zion mutilaren begitarteari.

        — Tori, zure oparia da hau —esan zuen Ryujik gelan krokodiloaren atzetik sartzearekin batera. Lepo luzekiko jertse gris batez jantzirik zetorren eta aurpegia ondo belztua.

        Noboruk marinelarekin topo egitean bozkariozko irribarrerik ez erakustea erabakia zuen. Eta gaixorik zegoelako aitzakiarekin, aldarte txarreko aurpegierari eustea lortu zuen.

        — Bai bitxia! Oraintsu arte hain egon da pozik eta aztoraturik! Sukarra al duzu ostera ere? —ez-esatekoa esanik, Noboruri ama inoiz baino pertsona arrunt eta ezdeusagoa egin zitzaion.

        — Krokodilo ttiki hau —segitu zuen Ryujik mutilaren barne sentimenduei igarri gabe—, Brasilgo indioek egina duzu. Baina benetako indioak gero! Jaietako ospakizunetan, lumazko apaingarriekin batera buruan halako krokodilokume edo urtxori disekatu bat ezartzen dute. Eta kopetan hiru ispilu borobil eta ttiki. Ispilutxo horietan sugarrak islatzen direlarik, hiru begiko deabruak ematen dute! Gainera, lepoan panteren hortzekin egindako idunekoa eramaten dute, eta gerrian, pantera larrua: bizkarrean gezi-ontzia, eta eskuan kolore biziekiko gezi ederrak. Krokodilo disekatu bao ttikia izan arren, ezinbestekoa da ospakizunerako janzkeran.

        — Mila esker —esan zuen, llabur, Noboruk; eta krokodilokumearen bizkarraldeko konkor xumeak eta hanka ximelak ferekatuz, kristal gorriko begipeko hautsa miatuz —Brasilgo herrixkaren bateko dendaren batean itsatsia zitzaiola ziurtatzeko—, marinelak esandakoa hausnartzeari lotu zitzaion. Gelan bero sapa handiegia zegoen; berogailuak itolarria sortarazten zuen. Burukoaren gainean antzeman zitezkeen azal puskatxoak Noboruren ezpainenak ziren. Lehentxeago haiek ezkutuki kentzen jarduna zen. Ezpain-azala gorriegi egongo ote zen eta apur bat larritzen hasi zenean, oharkabean komoda barruko zulotxoari erreparatu zion. Baina begiratzearekin batera damutu egin zen: kasu, gero, bere begiradari jarraiki heldu jendea bere sekretuaz jabetzen bazen! Hala ere ez zegoen zertan kezkaturik: pertsona haiek Noboruk uste baino dezente txepelagoak ziren. Biak ari ziren maitasun loarazle hartan kulunkan.

        Noboru Rvujiri begira jarri zen. Tropiko aldeko eguzkiak belzturiko aurpegiak lehen baino gizontasun irmoagoa-edo emana zion, haren bekain beltz lodiak eta hortz zuriak lehen baino nabarmenago zeuden orain. Noboruk, aldiz, halako artifizialtasun kutsua hartu zion marinelaren bakarrizketa luzeari, mutikoaren ilusioari halako bizkorraldia nahitara eman nahiko balio bezala, eta berak gutunetan azalduak zizkion gehiegizko sentimenduei makurtuegi zegoela iruditu zitzaion. Une hartan buruz buru zuen marinela faltsutzat jo zuen. Noboruk, orduan, bere sentipenari eutsi ezinik, ezustekoa bota zuen:

        — Ez dakit ba, gezur traza hartzen diot honi guztiari.

        Ryujik, hala ere, onez hartu nahi izan zuen mutikoaren esana:

        — Aizu, txantxetan ari al zara? Ttikiegia delako ote diozu hori? Krokodiloak ere umetan ttikiak izaten dira! Zoaz, bestela, parke zoologikoa ikustera!

        — Noboru! Benetan harrituta naukazu! Horren petral jokatu gabe, zergatik ez diozu Tsukazaki jaunari seilu bilduma erakusten?

        Eta Noboruk eskua luzatu baino lehenago, amak berak hartu zuen mahaiko seilu liburua Ryujiri erakustearren: bilduma hartan mutilak marinelaren gutunetatik jasotako nazio askotako seiluak zeuden, denak ongi bildu eta txukun ezarririk.

        Ama, aurpegia leihoko argitasunera jarria, besaulkian eseririk eta orriak pasatzen hasi zen: bere alboan, marinela, aulki bizkarrean esku bat bermaturik eta zutik, liburuari beha zegoen. Biek ala biek ere profil ederra zutela pentsatu zuen Noboruk. Neguko argi ahul eta gardenean, beren bi begitarte erakargarrietan sudur gainak zilarreztaturik ageri ziren.

        — Noiz itzuliko zara itsasora? —galdetu zuen Noboruk supituki.

        Amak ikarak hartutako aurpegia semearengana zuzendu eta honek zurbiltasuna antzeman zion. Galdera huraxe izan behar zen Fusakok gehien egin nahi eta ber denboran beldurgarriena zitzaiona.

        Ryujik, nahitara bezala leihoari so, begiak erdi itxirik eta emeki, arrapostu hau eman zien:

        — Oraindik ez dakit.

        Arrapostu hark mutilari bihotzondokoa eragin zion. Fusako, deus esan gabe, kortxozko tapoi batez itxitako botila bezain mutu zegoen, bere baitan borbor ari ziren sentimenduek gainez egin ez ziezazkion. Bere aurpegiera mozolo hark ez zuen garbiro adierazten zorioneko ala zoritxarreko sentitzen zen. Noboruri une hartan ama arropa garbitzaile bat baino ez zitzaion iruditu.

        Isilune baten ondotik, Ryujik, emekiro, hitz egiteari ekin zion. Bere ahoskera apala zen, onbera, besteen bizitzen kartak bere esku dituen gizonaren gisa.

        — Edozein gisaz Urteberrira arte izango da, deskarga lanak urte amaierarako ere ez baitira bukatuko.

 

 

        Amak eta Ryujik gelatik alde egitearekin, Noboruk, zainetan eta gorri baino gorriago, eztul batean, burukoaren azpitik bere egunkaria atera eta honela idatzi zuen:

        Ryuji Tsukazakiren hutsak:

        Hirugarrena: Noiz itsasoratuko den galdetzean, ustekabeko erantzuna eman dit, hau da, ez dakiela noiz.

        Une hartan Noboruk idazteari utzi eta, amorru gaiztoa bere baitan jabetu ahala, gogoetatsu egon zen. Ondoren zera erantsi zuen:

        Laugarrena: Etxe honetara itzultzea, horra hor hutsik nabarmenena.

        Baina handik gutxira damutu egin zitzaion hainbeste asaldatu izana. Non geratu ote zen «sentimendurik erakutsi gabe» jokatzeko ikasitako hura? Noboruk, bere barrenean amorruaren aztarnarik ttikiena ere aienatua zela ziurtaturik, atzera ere irakurri zuen arestian idatzitakoa. Behin bukatutakoan, zer zuzendurik ez zegoela ikusi zuen.

        Une hartan, aldameneko gelatik zarata ttikiak heldu zitzaizkion; ama bertan bide zegoen. Baita Ryuji ere... Eta Noboru ez zegoen giltzapeturik. Bihozkada gero eta handiagoak nabaritu zituen: «Nola asmatuko ote nuke, giltzatu gabeko gela honetan, goizeko ordu hauetan gainera, di-da batean kaxoiak atera eta komodan kukutzeko, nola moldatuko ote naiz?»

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia