VIII. KAPITULUA

 

        Bikoteak Yamashita Zubi ondoko hotel zahar eta ttiki batean eman zuen gaua, izan ere, hiriko emakume ezagunenetarikoa izanik, Fusakori inondik ere ez zitzaion komeni hotel jendetsu batean gizon batekin agertzea. Hotel haren aurretik sarritan iragan bazen ere, auskalo zenbait bider, sekula ez zukeen imajinatuko halako hotel bateko bezero izango zenik. Bi solairuko egoitza kaxkar hura kristalezko ate baten bestaldean zegoen, zuhaixka hautseztatu zenbaitez inguraturik; ataria batere graziarik gabekoa zen eta harrera gelan garraio enpresa batek emandako egutegitzarra beste apaingarririk ez zegoen; halakoxea zen bada hotel gustubako hura.

        Goizaldean loaldi ttiki bat egin zuten. Gero, Ryuji itsasora egingo zuen ordura arte, nor bere bidetik joan zen. Fusako jantziak aldatzera etxeratu eta atzera ere dendara joan zen; Ryujik, ostera, erosketak egitera joatekoa zen lehen ofiziala ordezkatuz, karga zaindu beharra zeukan harik eta itsasoratzeko ordua heldu arte. Bestela ere beti karga lanetan jardun behar izaten zuen, zeren egiteko garrantzitsu hartan sokei erreparatzea ere bere kontu baitzegoen.

        Rakuyo arratsaldeko seietan itsasoratzekoa zen. Ainguraturik egon bitartean eguraldi ona egin izan zien eta karga aurreikusi bezala burutu zen. Kargaontzia Brasilgo Santos hiriraino joatekoa zen, eta bere ibilbide sigi-sagakoa portuetako merkantzia jabeek erabakiko zuten.

        Fusako, dendatik hiruretan atera eta etxean zetazko yukata jantzi zuen, Ryujik japoniara itzuli arte ez baitzuen kimonoz jantzitako emakumerik ikusiko; eta zilarrezko eskutoki luzearekiko eguzkitakoa harturik, Noborurekin batera autoa hartu eta porturantz abiatu zen. Errepidea nahikoa libre zegoenez, laurak eta laurdenetarako kaian zeuden.

        Zementuzko etxola baten inguruan, garabi bat eta zenbait kamioi elkarlanean ari ziren, eta garabi besoak ontziko branka kulunkarazi egiten zuen. Ryujik lana amaitu arte, Fusakok auto barrenean itxarotea erabaki zuen, haizagailuak freskura goxoan mantentzen baitzuen.

        Noboru, ostera, ezin bada geldirik egon. Autotik jauzi batez irten eta kai zaratatsu hartan, zer ikusiko ibili zen ontzi eta biltegietako zoko-mokoetan.

        Etxola barrean utzirik zeuden burdinazko bahe berde zikinak, eta haien azpian zurezko kaxa zuri eta berri Ligari ageri ziren, kanpoaldean ingeleseko hitz estanpatuak eta metalezko errematxeak zituztenak. Noboruk, hango zama pilaketen artean hantxe bertan amaitzen zen trenbide lagungarri bat topatzean, halako poz ikara nabaritu zuen: trenak haurrengan piztarazten dituen ametsen amaieraraino iritsia zen. Baina baita halako atsekabe ttikia ere: ibai ezagun baten bideari jarraiki, azkenean iturburutxoa aurkitzen denean bezalaxe.

        — Ama! Ama! —Noboruk, autoraino lasterka joana, indarrez jo zuen leihatilako kristala, zeren kargaontziaren branka aldean, aingura altxatzeko makinaren ondoan, Ryuji ezagutu baitzuen.

        Fusako, eguzkitakoarekin autotik irten eta, semearekin batera, eskuari eragin zion. Ryuji oso goian ikusten zen.

        Atorra zikindurik eta marinel kapela batekin jantzirik zegoen, eta berak ere eskua altxatuz erantzun zien, laster berriro ere ikusmiratik galtzeko, izan ere han eta hemen lanean jardun beharra baitzuen. Han jo eta ke ari zen marinel hura laster itsasoratuko zela pentsatzean, Noboru harro baino harroago sentitu zen.

        Gizona berriro noiz ikusiko, eguzkitako zabalduarekin zain, Fusako portuko paisaiari beha geratu zen. Atrakalekuko Rakuyoren hiru amarrek portuko paisaiari hiru labankada ematen zizkiotela zirudien, eta tristezia samin eta etsigarri batek arratsaldeko eguzki galgatan zegoen paisaia argiegi hura astiro-astiro irensten zuela.

        Halakoxe nahigabea zen aire argitsuaz jabetzen zena, eta kubiertako burdin oholen azantzaren errepikak eta kableek zorua jotzean ateratzen zuten klaskatakoak biderkatzen zutena.

        Berotasuna hormigoizko zoruan harrapaturik zegoen, batere aterabiderik gabe, eta brisa makalegia zen inongo freskurarik sortarazteko.

        Ama-semeak kaiko bazter batean jarri ziren, eguzkiari bizkarrean jotzen uzten ziotelarik, eta lizuna bezalako mantxa zuriz zipriztinduriko harrien gainean, uhinen apar xuria harantz-honantz ikusten egon ziren.

        Beren begipean, kulunkan, giharrak elkarrengandik noiz hurbildu noiz urrundu ari ziren.

        Gabarren gainean eskegitako arropa artean kaioak hegaka zebiltzan eta, ur uherretan, ager-gordeka ari zen irudi osoagoa zuen egur puska bat.

        Uhinek lerroka egiten zuten aurrera, urdin-ilunean gorpuztuz eta deseginez, diseinu bertsua behin eta berriro errepikatuz eta begiei hori besterik eskaini nahiko ez baliete bezala.

        Noboru ozenki aritu zen flotazio lerro inguruko zenbakiak irakurtzen; ur gaineko 60tik hasi, 84 eta 86 arteko lerroa pasa eta aingura zuloko altueran zegoen 90era arte.

        — Ura iritsiko ote da noizbait zenbaki hartaraino? Behin iritsiz gero, hondamendia izango litzateke... —esan zuen Noboruk, itsasoari begira zegoen ama eta logelako ispilu aurrean egon ohi zen ama biluzi eta bakartia pertsona bera zirela sentituz, eta ongi igarriz amak zer nolako tristura izan behar zuen une hartan. Baina amak ez zion arraposturik eman.

        Badiaren harantz aldean Naka auzune gaineko ke gris argia eta dorre zuri-gorria ikusten ahal ziren, eta itsas zabalean, azkenik, masta zuri ugariren oihana. Zeruan hodei meta distiratsuak, mendebaldetik jotzen zuen eguzkiari aurre eginez.

        Une hartan Rakuyoren atzealdetik bapore ttiki bat azaldu zen, deskargaturiko gabarra atoian eramanez eta ikusmiratik aldenduz.

        Bostak pasatxo zirelarik, Ryuji jaitsi egin zen. Ontzia eta kaia uztartzen zituen zubian jadanik jarriak ziren zilar koloreko kateak, atzera ere edozein momentutan jasotzeko prest.

        Lehentxeago kasko horidun langile mordoxka jaitsi zen zubi beretik, gero karga-deskarga enpresaren autobus batean denak pilaturik alde egiteko.

        Portuko nagusien zortzi tonako garabia ere joana zen. Karga amaiturik zegoen, beraz. Handik gutxira Ryuji agertu zen.

        Fusako eta Noboru, gibelean itzal luze bana herrestan eramanik, korrika joan ziren marinelarengana. Gizonak mutilaren lastozko txapela zapaldu eta barre egin zuen ikusirik mutilak zer nolako lanak egiten zituen txapel haren hegalak beren onera ekartzeko.

        — Tira, agurraren ordua da ba. Ontzia irteterakoan txopan egongo naiz —adierazi zien gizonak urrunean ikusten zen Rakuyoren txopa seinalatuz.

        — Luzaroan ikusterik izango ez duzunez, kimonoz jantzirik etorri natzaizu.

        — Seguruenik hala izango da, Estatu Batuetara joaten diren turista taldeetako atso zaharrenak salbu.

        Harrigarria zen une hartan zein gauza gutxi zuten elkarri esateko. Fusakok zalantza izan zuen esan ez esan hark alde egin ondoren zein bakardade latza nozituko zuen, baina ez esatea erabaki zuen. Agurra hiru egun lehenago elkar ezagutu zutenean hasia zen, sagar mami zuria haginkadaren ondoren berehala kolorez aldatzen den bezalaxe. Beraz, agur hark ez zuen ezer apartekorik.

        Noboruk, haurrarena eginez, adi, helduen eta unearen perfekzioari erreparatzen zion. Eta aldi berean eszenaren guardia irudi zuen. Zenbat eta denbora gutxiago geratu, hainbat hobe. Eta agurra motzagoa eta perfektuagoa.

        Une hartan, emakumearengandik banandu eta Lurraren bestaldera zihoan gizona izanik, bigarren ofiziala izanik, izaki akasgabea zen Ryuji. Baita Fusako bera ere. Noboruren ustetan, amari ere, lehorrean geratzen den emakumearen antzera, berarekin oroitzapen onak eta tristeziaren gogorra bere baitan gordetzen dituen emakumearen gisa, perfektutasuna zegokion.

        Biek ala biek ere ez-egiteko arriskutsuak burutuak zituzten, baina haiek gorabehera, une hartan ezin zuten hobeki jokatu. Noboruren beldur bakarra gizonak lelokeriaren bat esatea zen eta aldika, txapelaren hegal zabalen azpitik, noiz amaren begitarteari noiz marinelarenari begiratzen zien.

        Fusako musukatu nahi bazuen ere, marinela ez zen ausartu mutilaren aurrean. Bestalde, hilzorikoak bezala, bazekien denekiko ezti eta gisakoa izan behar zuela. Une hartan garrantzitsuagoak zitzaizkion besteen sentimendu eta oroitzapenak bereak baino; eta hala eta guztiz ere, ukapen haren ezin gozoak ezkutaturik, lehenbailehen ihes egiteko desira nabaritu zuen.

        Fusakok, bien bitartean, ez zion bere buruari onartzen zetorkion itxaronaldi luze eta neketsuaz pentsatzea. Gizonari antsia handiz begiratu zion, gisa hartan zenbat denbora iraun zezakeen neurtu nahiko balu bezala. Baina bai itxura bitxia berea; bere mugetatik at zabaltzerik nahi ez zuen objektu errefraktario bat zirudien. «Objektu hau laino mugagabe eta nahasia balitz, hobe izango litzateke. Objektu arrunt eta aldagaitz hau astunegia da oroimenetik ezabatzeko; bere bekain nabarmenak edo sorbalda irmoegiak, adibidez...»

        — Idatziguzu, otoi, ahalik eta seilurik desberdinenak erabiliz —esan zuen Noboruk, zegokion papera ongi baino hobeki betez.

        — Bai, portu guztietatik idatziko dizuet. Baina zuek ere bai niri, ados? Gu marinelok, irrikatzen egoten gara gutunak jasotzeko —aitortu zien Ryujik. Hirurek elkarri bostekoa eskaini zioten. Ryujik zilar koloreko eskaileratik gora egin zuen, eta goraino heldurik, kapelari eragin zion.

        Eguzkia emeki-emeki biltegietako teilatu gainetik sartzera zihoalarik, mendebaldeko zerua sugarrez estalia irudi zuen. Sugar haiek, azkenik, altzairuzko zubi zuriaren gainean zutabe eta onddo formako itzalak eraginez islatu ziren. Hara-honaka hegaldatzen ari ziren kaioen hegalak ilunak ziren oso, eta beren gorputzen sabelaldeak eguzkitan krema kolore garbiz argitzen zutela egin zitzaion Noboruri.

        Rakuyoren ingurumarietan, alde egin beharreko garabi eta kamioi guztiak ordurako joanak, isiltasuna eta mendebaleko eguzkiaren distira ahaltsua nagusitzen ziren.

        Alabaina, artean baziren lanean ziharduten bizpahiru marinel: bat helduleku altuak garbitzen; beste bat, begi batean txaplata bat jarririk eta besoan pintura ontzi bat zintzilik zeukalarik, leiho baten markoa pintatzen. Noboru ez zen ohartu seinale-bandera urdin, gorri eta horiak mastan altxatu zirenik. Kargaontziaren gorenean irteerako bandera urdina kulunka ari zen.

        Ernekiro, Fusako eta Noboru txopa aldera abiatu ziren. Biltegietako burdinazko ate urdin-berdeak dagoeneko itxirik zeuden eta horma luze eta ilunetan EZ ERRE zioten txarteltzarrak irakurtzen ahal ziren, edota zenbait kai nagusiren izenak —Singapur. Hong Kong, Lagos Gurpilek, zakarrontziek eta txukun lerrokaturik zeuden gurdiek beren itzala luzatzen zuten.

        Beren gain altxatzen zen txopa garaian artean ez zen inor ikusten. Isurbideetatik ateratzen ari zen uraren murmurioa entzun zitekeen; eta agerian zeuden bai kareleko KONTUZ HELIZEAREKIN seinale erraldoia nola ondoko zutabe baten itzalpean zabuka ari zen Japoniako bandera.

        Seiak laurden gutxitan, lehenengo sirenak beldurgarriro jo zuen. Hura entzutean, Noboruk argi ikusi zuen bi gau lehenago izandako ikuskaria benetakoa zela: eta amets guztien hastapena eta amaiera zegoen puntuan zegoela egin zitzaion. Orduantxe ikusi zuen Rvuji bandera japoniarraren ondoan agertzen.

        — Deituiozu —agindu zion Fusakok. Noboruk sirena-hotsa amaitzeaz bat oihu egin zuen, eta ber denboran gorrotatu egin zuen bere ume ahotsa. Ryujik, burua altxaturik, eskuari eragin zion. Bere begitartea ez zen ongi antzematen, haro zegoen urrun. Ondoren atzera hasi zen lanean, bi gau lehenago ilargipeko sirena-hotsaren aldera jiratu zen molde bertsuan, eta ez zien gehiago begiratu.

        Fusakok branka aldera behatu zuen. Zubia jadanik jasoa zegoen. Beraz, itsasontzia eta lehorra uztartzen zuen azken lokarria ere mozturik zegoen. Kargaontziaren krosko krema kolorekoak, tupustean zerutik jausi eta, ontzia eta lehorraren arteko lotura ebakitzen zuen aizkora erraldoi baten ahoa zirudien.

        Dagoeneko tximiniari kea zerion. Eta keak uholdekatuz gora egiten zuen harik eta zeru urdin argia belzten zuen arte. Bozgorailuen bidez kubiertan zebiltzan marinelen ahotsak entzun ziren.

        — Prest egon aingura altxatzeko.

        — Tenka ezazue aingura apur bat —eta berriro sirena-hots ttikia.

        — Ederki.

        — Bai.

        — Jaso ezazue aingura.

        — Bai.

        — Goazen ba. Atrakalekutik aldendu. Jaso txopako amarrak!

        Atoiontzi batek eramanik, Fusako eta Noboruk Rakuyoren txopa aldea ikusi zuten atrakalekutik astiro aldentzen. Portu irteera eta kargaontziaren arteko uraren zabalgune distiratsuak abaniko itxura zuen. Eta abaniko hura handituz joan ahala, txopan zutik antzematen zen Ryujiren marinel kapelaren urrezko galoiaren distira, gero eta urrunago ikusten zen. Ama-semeek ontziari begirik kendu gahe jarraitzen zuten eta halaxe ikusi zuten emeki jiratzen eta azkenik atrakalekuarekin angelu zuzen bat osatzen.

        Angelua une batetik bestera aldatu eta ontziak bere forma konplexu eta aldakorrak erakutsi zizkien. Atoiontziaren atzetik urruntzen zen heinean, kargaontzi luzea bionbo baten gisa tolestuz zihoan, kubierta mailak bata bestearen gainean pilatuz bezala eta zoko-moko guztietan eguzkiaren distirak eskainiz, eta halaxe erakutsi zuen zerurantz igotzen zen Erdi Aroko gaztelu gisako hura.

        Efektu hura, ostera, istant bakar batekoa baino ez zen izan, zeren atoiontzia, branka itsas zabalerantz jiratu nahirik, txopa moila alderantz zirkulu handi batean jiratzen hasi baitzen, eta hain konplikatua zirudien ontziaren figura non berriro desegin baitzen; brankatik hasi eta gainerako atalak oro beren benetako eitea hartzen hasi ziren, eta arestian begi histatik galdutako Ryujiren silueta, nahiz eta pospolo bat bezain ttikia izan, berriro agertu zen bandera japoniarrarekin patera, eta Ryuji, txopan, lehorrerantz jiratu eta ilunsentiko eguzkiari begira jarri zen.

        — Aska atoiontziko amarrak! —zioen bozgorailuko ahotsak, brisaren gainetik aski argi entzunaraziz. Atoiontzia Rakuyotik baztertu eta alde egin zuen.

        Uretan geldirik, hiru bider jo zuen ontziko sirenak. Tupustean isilune deseroso bat sortu zen eta orduan bai Rakuyo barneko Ryuji bai kaiko Fusako eta Noboru, une lirdingatsu eta denentzat berdin batean harrapaturik sentitu ziren.

        Eta finean, portu osoa astinaraziz eta hiriko azken bazterreraino iritsirik, afaria labean zegoen etxeetara ailegaturik, edo maindireak sekula aldatzen ez diren hotel ziztrinetara, edo haurren zain dauden ikasleen mahaietara, eskola, tenis zelai edo hilerrietara, denetara heldurik, une zamatsu eta doilor bat zabaldu zen, baita une hartan inplikaturik ez zeuden bihotzetara ere, eta orduantxe Rakuyoren sirenak agurraren azken garrasi ozen eta ahaltsua aireratu zuen. Eta ke xuria ateraz, Rakuyo itsas zabalerantz abiatu zen, zuzen. Eta Ryuji erabat desagertu zen ikusmiratik.

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia