VII. KAPITULUA

 

        Bihotz-bihotzez esanak ote diren ez jakin arren, emakume guztiek antzinatik hitz bertsuak errepikatu izan dizkiete marinelei, hodeiertzaren aurrean etsiak harturik, marra urdin eta ulergaitz hura itsuki gurtuz:

        — Bihar joan egin beharko duzu, ezta?

        Fusakok, ostera, erabakia zuen halakorik ez ahoskatzea. Baina bestalde, bazekien Ryujik hitz haiek entzun nahi zituela, alegia, haren nor izatea besteak beste emakumearen malkoetan ere oinarritzen zela. «Dena dela, bai gizon sinplea marinela! Bezperako solasaldian berean igarri nion. Izanez ere, bere itxura pentsakorra ikustean, berehala pentsatu nuen filosofia sakon eta grina erromantikoak aipatuko zizkidala, baina zer kontatzen hasiko eta sukaldeko barazkiei buruzko kontuak eta berari eskatu gabeko bere bizitzaren historia! Eta hitz aski nahas-mahas haiek esan ondoren, azkenean zer egingo eta modako kantu bat abestu!»

        Alabaina Fusako poztu egin zen Ryuji ameslari hutsa ez zela ohartzean; marinelak bazuen altzari zaharrei darien sinpletasuna, irudikorra baino areago iraunkorra den segurtasuna, eta hori dena laket zuen. Eta Fusakok inondik ere behar zuen gizonak segurtasunaren bermea eskain ziezaion. Aspaldidanik bere buruari onartu ez zizkion ekintza arriskutsu eta bat-batekoetan murgildurik, une batez izu-larriturik sentitu zen. Orduan galdutako segurtasuna berreskuratu nahirik edo, kosta ahala kosta fidatu beharra zeukan gizonaren zintzotasunaz eta segurtasunaz. Eta sakonago ezagutu beharko zuela sinetsirik egon arren, arazo ekonomikorik, behinik behin, ez ziola ekarriko pentsatzen zuen.

        Zaldikotxeen Bidea kaleko jatetxe batera bidean, taberna berri bat topatu zuten, iturriekiko lorategi bat eta argitxo gorri-horiak zituena, eta han aperitifa hartzea erabaki zuten.

        Fusakok mentazko frappé bat eskatu zuen, eta atera zioten kopan, berak halakorik eskatu ez bazuen ere, gerezi ale bat txotxa eta guzti ekarri zioten. Fusakok, trebe, hortzekin gereziaren haragia hezurretik bereiztu eta txotx-hezurrak beirazko hautsontzian laga zituen.

        Zeruko argitasunaren arrastoak, lorategiko iturrian islatu eta farfailezko gortinetan barrena iragazten ziren jende gutxiko saloian.

        Beharbada oskorriaren argitasun epelak eraginik, gereziaren hezurño garbi eta leuna, arrosakara deskribaezin, Ryujiri arras lizuna egin zitzaion. Orduan hura hartu eta ahora eraman zuen. Horren aurrean, Fusakori harridurazko auhen bat atera zitzaion, baina laster barreari eman zion. Halako gertutasun fisiko sakonik ezagutu gabea zen.

        Afalostean ostera bat egiteko jende gutxi ibili ohi zen Tokiawamachi ingurua aukeratu zuten. Biak, udako arratsari isuri bide zitzaion samurtasun eztiaren baitan, eskutik lotuta zihoazen. Fusakok, libre zuen eskuaz ilea ukitu zuen. Arratsaldean, orrazkera agudo txukuntzearren ile-apaindegira joana zen. Ilaiari olio usain-gozoa eman izan bazioten ere, egun hartan halakorik ez zuela nahi esatean, ile-apaintzaileak harridura keinua egin zion eta orain lotsatan zegoen. Orain, bai ilea nola gorputza bera ere, uda gaueko kaleetako usainen erdian, halabeharrez urtu egingo zitzaizkiola nabaritu zuen.

        Fusakori, bere atzamarrak gizonarenekin korapilaturik, hatz haiek biharamunean hodeiertzaren beste aldea seinalatuko zutela pentsatzean, orduko bizipen haiek erabat faltsu eta errealitatebakoak egin zitzaizkion.

        — Galdu egin naiz zuri esker —esan zion Fusakok ordurako itxirik zegoen mintegi baten ondotik igarotzean.

        — Niri esker? —galdegin zion Ryujik harriturik. Fusako, alanbrezko hesiaren bestaldean, mintegian ilunpetan zeuden zuhaitz tropikal, zuhaixka eta arrosondoei begira geratu zen. Zuhaitzen hostaiak, hain handi eta nahasturik, artifiziala zirudien eta Fusakori bat-batean bere barrena ikusten ari zela iruditu zitzaion. Ikusmira hura ikaragarria gertatu zitzaion.

        — Zergatik niri esker? —galdegin zion atzera ere Ryujik, baina alferrik.

        Halako bizimodu duina izan duten lehorreko andere errespetagarrien gisa, Fusakok agur batekin hasten zen aldi berri harengatik kexatzeko gogo bizia zuen, kaietako edozein emagalduren bizimodu berria hartzera bortxatua ia... Baina hala kexatzea eta «Bihar joan egin beharko duzu, ezta?» esatea igualtsu zen.

        Itsasontzietako bizimodu bakartian, Ryujik ondotxo ikasia zuen ez zegozkion kontuetan muturra ez sartzen. Eta Fusakoren destainari ohi bezalakoa iritzi zion, emakumeen ohiko arrangura. Hargatik sentiarazi zion bere «Niri esker» hark halako trufa kutsua emakumeari.

        Zenbat eta gogorragoa izan emakume harengandik alde egin beharra, hainbat eta garbiago oroitzen zuen bere gogobeteko esaera hura: Gizona da Helburu Nagusiaren bila abiatzen dena: emakumea, ostera, atzean geratzen da. Eta hala eta guztiz ere. Ryujik inork baino hobeki zekien itsasoan ez zegoela halako Helburu Nagusirik. Itsasoan eguna gauarekin lotzen zuten guardiak besterik ez zegoen, eta egunerokotasun gogaikarri arrunt eta harrapatzailea baino ez.

        Eta baita oharpen telegramak ere: «Azken egunotan zenbait abordaia istripu gertatu dira Irako Kanaleko hegoaldean eta Kurushima Itsasarteko sarrera inguruetan. Beraz, kontu handia izan kanal estu batetik igarotzean eta portu aldean sartzean. Gure enpresaren egoera kontuan izanik, bikoiztu itzazue istripuak ekiditeko ahaleginak. Nabigazio Saileko Zuzendaria.» Itsas garraio mailan ekonomia beherakada hasi zenetik, halako telegrama luzeetan betiere esaera hura tartekatzen zuten, hau da, «gure enpresaren egoera kontuan izanik.»

        Edota eguna joan eguna etorri, lemazainak oharrez betetzen zuen nabigazio egunkaria: eguraldia, haizearen norabidea eta indarra, eguratsaren presioa, tenperatura, hezetasun erlatiboa, distantziak, abiadura... Hau da, gizonen sentimenduak ez, baina itsasoaren eguneroko aldartea jasotzen duen egunkaria.

        Eta jangelako panpina japoniar tradizionala, bost leiho borobil, hormako mapamundia, larruzko uhal batetik zintzilik zegoen saltsa botila... Batzuetan leihatila batetik sartutako eguzki printzak hurbildu egiten zitzaizkion botilari, eta noiz aldendu noiz hurbildu ibiltzen ziren, zabuka, saltsa marroi hura miazkatu nahirik bezala, eta azkenik, berriro inguratu ondoren, brast alde egiten zuten.

        Sukaldeko horma batean eguneko menuak agertzen ziren:

        Gosaria:

        Miso zopa, berenjena eta soja gatzatuarekin. Errefau lehortu, txikitu eta egosia.

        Soja ondua, porru txikitu eta mostaza ahiarekin.

        Bazkaltzeko, ostera, zopa batekin hasten zen mendebal kutsuko menua, hormetan solemneki eta txukun adierazia egoten zena.

        Eta makina gelan, tutu ugari eta korapilatsuen artean, berdez pintatutako motorra dardara batean eta orroka ari zen, martxan, larriki sukartu den eriaren antzera.

        Biharamunean hasita, haiek guztiak jabetuko ziren Ryujiren bizitzaz.

        Biak burdin sarezko hesiaren ate ondoan gelditu ziren. Gizonaren sorbaldak atea doi-doia ukitu eta hau, giltzaturik ez zegoenez, emeki eta kulunka zabaldu zen.

        — Hara, barrura sar gaitezke —esan zuen Fusakok haur baten begi distiratsuekin.

        Bikotea, gauzainaren bulego argitura begiratu bat emanez, oihan artifizial eta ondo sakonaren barrenean kuku-gordeka sartu zen.

        Eskutik helduta, arrosondoen arantzak ekidinez eta hankapeko loreak ez zapaltzeko arreta handia jarririk, gizona bezain altuak ziren sasiak zeharkatu eta landare tropikalen halako erresuma batera heldu ziren; orkidea, platanondo, palmondo mota asko, kautxondo eta halakoen bazter batera alegia.

        Fusako soineko xuriz jantzirik eta baso hartan zutik ikusirik. Ryujiri halako emakumea lurralde tropikal batean topatu berria zuela iruditu zitzaion. Hosto luze zorrotzek begietan min egin ez ziezaien, elkarrengana kontuz inguratu eta besarkada sutsuan lotu ziren. Eltxoen burrunba apalarekin batera, emakumearen lurrina hedatzen zen. Eta Ryuji, denboran eta tokian galdurik, liluraturik, ia zorabiatzeraino larritu zen.

        Kanpoan, burdin sarezko hesitik landa, zenbait neoi-argi gorrixka urre-arrainen gisa ari ziren distiraka, eta noizean behin igarotzen ziren autoen argiek une batez itzalak desagerrarazten zituzten.

        Kalearen bestaldeko ardandegiko neoi-argi gorriak, palma hostoen pean zegoen emakumearen begitarte zuria gorritasunez tindatu zuen, eta ezpain gorria, ostera, belztasunez. Eta ezpain haiexetan Rvujik musu bat pausatu zuen.

        Une hartan, nor bere sentimenduetan murgildu zelarik. Fusakok sentitu zuen musu hark biharamuneko agurra adierazten zuela. Gizonaren aurpegiko azal bizar kendu berria ukitu ahala, haren bular sendoetatik goraka zegien haragi usaina nabaritu arau, marinelaren gorputz atal guztiek agur egiten ziotela sentitu zuen. Orduan, gizonak estu-estu besarkatu zuen, emakumearen presentziaren egiatasuna ziurtatu asmoz.

        Ryujiren ustetan heriotzaren musua zen hura, betidanik gogoan izandako amodio istorioan zegoen heriotza alegia. Emakumearen ezpainen leuntasun azalezina, begiak itxirik izanagatik ikus zezakeen haren ilunpeetako aho-zulo gorriaren hezetasun agortezina, koral itsaso epela, itsas belarren gisa kulunkatzen zen mihia... Hark guztiak eragindako eldarnioa heriotzarekin zuzen uztarturik zegoen. Ondotxo jakin arren hurrengo egunean bereizirik egongo zirela, une hartan marinela emakume harengatik hiltzeko prest zegoen.

        Bere baitan zerbait ezti eta erakargarri bilakatu zen heriotza.

        Une hartantxe Kai Nagusi aldetik itsasontzi baten sirena-hots apala entzun eta hura bikotearen ingurumarian hedatu zen, zabaldutako behe-lainoa bailitzan.

        Sirena-hotsa hain apal entzuten zen, non, Ryujik, marinela ez izatera, apenas entzungo zuen.

        — Oraintxe ontzi bat itsasoratzen ari da. Zein enpresatakoa ote da karga lanak amaitu eta hain azkar doana? —eta gogoeta hark hautsi egin zuen musuaren lilura. Ryujik bat-batean sirena-hotsa barren-barreneraino sartzen sentitu zuen, eta harekin batera berpiztu egiten zitzaiola Helburu Nagusiarekiko gripa. Baina zer ote zen Helburu Nagusia? Lurralde tropikaletako eguzkiaren ezizena behar zuen izan.

        Ryuji, ezpainak emakumearenetik bereizi eta sakelan haztaka hasi zen. Fusako geldirik zegoen. Ryujik, paperaren hots zakarra atera eta zigarro gakotu bat bildu zuen, eta ahora eraman ondoren supiztekoa hurbildu zuenean, Fusakok brast kendu zion huraxe eskutik.

        — Ez dizut surik emango —adierazi zion Fusakok, nahiz eta supiztekoari eragin. Sugarrak metal hots xume bati jarraitu zion, begi-nini geldoetan islatuz, eta emakumea palma hosto idortuei su ematen hasi zen. Nekez aritu zen, izanez ere uste baino zailagoa baitzen hostoek sua hartzea, eta Ryuji beldurtu egin zen emakumea lantegi hari hain loturik ikustean.

        Halako batean, supiztekoaren sugarren argitan, gizonak emakumearen masailetan isurtzen ziren malkoei antzeman zien.

        Fusakok, gizona ohartu zela konturatu bezain azkar, sua itzali zuen. Ryujik atzera ere besarkatu zuen emakumea, eta haren malkoak ikustean lasaiturik, berak ere negarrari eman zion.

 

 

        Noboru, amaren zain, luze iritzirik zegoen. Hamarrak aldean telefonoak jo zuen. Handik gutxira, etxezaina ohartaraztera joan zitzaion.

        — Amak kanpoan emango du gaua. Bihar goizean lanera joan aurretik, hemendik igaroko da arropaz aldatzera. Tira, zoaz gelara, oraindik etxeko lanak egin gabe dituzu-eta.

        Noboruren oroimenean, amak sekula ez zuen bera gauean bakarrik utzi, eta beraz, marinelaren istorioa harrigarria ez bazen ere, arteak hartu ezinik eta erabat sumindurik, gorri-gorri jarri zen. Alferrik zen gau hartan ere komodaren atzeko zirrikitutik gelaz bestaldeko agerpen eta mirakuluen zain jarraitzea. Gainera, arratsaldean egindako kuluxkaren eraginez orain ez zen batere logale.

        Idazmahai gainean, ukitu gabe eta pilaturik, oporretako eskola lanak zeuden.

        «Marinelak bihar alde egiten badu, amak lagunduko dit lanak amaitzen; edo baliteke goibel eta huts sentitzeagatik niri kasurik ere ez egitea. Dena dela, amak ongi egin ditzakeenak literatura, ingelesa eta artea besterik ez dira. Gizartea, erdipurdi. Eta matematika eta naturari dagokionez, arrastorik ez! Matematiketan hain gaizki ibiltzen den batek, nola eraman dezake aurrera denda bat? Beharbada Shibuya jaunaren esku egongo dira dendako kontu guztiak!»

        Testuliburuko orrialdeak pasa eta pasa ari zen arren, halako pentsamenduekin gogoa galdu egiten zitzaion. Ama eta marinela, biak etxetik kanpo zeudela pentsatze hutsak gero eta urduriago, gero eta larriago jartzen zuen mutila. Bat-batean zutitu eta eseri egiten zen, azkenean gelan aurrera eta atzera ibiltzen hasteko, geldirik ezin egon-eta. Zer egin behar zuen lokartzeko? «Amaren gelara joan eta handik itsasontzien argiak ikusten baditut, agian lasaitu egingo naiz.» Zenbait argi hori dirdiraka egongo ziren gau osoan, eta bestalde orduan ere entzungo zuen irteten ari zen ontziren baten sirena-hots luzea.

        Une hartan ondoko gelako atea zabaltzen sumatu zuen. Beharbada amak ziria sartu nahi izango zion eta orain Ryujirekin etxeratzen arituko zen. Mutila komodatik ateratako kaxoia bere tokian ipintzen ahalegindu zen, azkar baino azkarrago.

        Alabaina bere atea jotzen ari ziren. Ezin zuen kaxoia desorduetan toki hartan ikusterik nahi. Ateko txaramela, zaratatsu, alferrik jirarazten zuten.

        — Zertan ari zara? Ez al didazu ba sartzen utzi behar? —entzun zuen amarena ez, baina etxezainaren ahotsa—. Tira, ederki. Argia itzali eta ongi lo egin, dagoeneko hamaikak dira-eta.

        Noboruk atearen kontra ondo tematurik jarraitzen zuelarik, sarrailan giltza sartzen eta jiratzen nabaritu zuen. Giltzapean zegoen! Amak giltza guztiak gordetzen zituelakoan, bururatu ere ez zitzaion egin etxezainak baten bat gordeko zuenik.

        Zeharo sumindurik, bekokia izerditan, bortizki jiratu zuen atearen txaramela. Ateak, ostera, ez zuen irekitzekorik egin. Eskaileretan behera, kirris-karras zihoan etxezainaren oin-hotsak gero eta urrunago entzun ziren.

        Eta bera aukera ezin egokiago hartaz baliatuko zelakoan..., kuku-gordeka alde egin eta Buruzagiaren etxeraino heldurik, hura kontrazeinu batez esnaraziko zuelakoan... Une hartan mutilak mundu guztiari gorrotoa zion. Hargatik hasi zen egunkari luze bat idazten. Eta hasteko, Ryujiren hutsak zehatz-mehatz jaso zituen.

        Ryuji Tsukazakiren hutsak:

        Lehenengoa: Arratsaldeko topaketan niri irribarre zuri eta lausengarria egitea.

        Bigarrena: Arlote baten gisa atorra bustia eramatea eta niri parkeko iturrian bustialdi bat hartu duelako kontuarekin etortzea.

        Hirugarrena: Aldez aurretik ezer esan gabe amarekin gaua pasatzera joan eta ni bakardade gorrian uztea.

        Hobeki pentsaturik, Noboruk hirugarren hutsa ezabatu egin zuen. Argi zegoen lehendabiziko biak balio idealak eta estetikoak zirela; hirugarrena, aldiz, erabat bestelakoa zen. Ongi pentsaturik, hirugarrena bezalakoak norberaren kontuak ziren eta hutsa Ryujirena ez, baina Noboruren haurkeriarena zen.

        Gero, amorrazioari nolabaiteko ihesbidea ematearren, hortzetakoan orea jarri eta zakar eta zabar hasi zen hortzak garbitzen, entziei odola eragiteraino. Ispiluan bere hortz gorabeheratsuak biltzen zituen pistatxo koloreko aparta ikusi zuen: bere letagin zorrotzen punta distiratsuak baino ez ziren bereizten. Lur jota sentitzen zen. Menda usainak bere amorruari halako garbitasun bat eskaintzen zion.

        Arropak erantzi eta lurrean baldar bota ondoren, pijama jantzi eta gelako bazterrei so geratu zen. Arestian ateratako kaxoiak artean lurrean zeuden, Noboruren sekretua agerian utziz bezala.

        Kaxoietako bat hartu eta jaso zuelarik, ateratzean baino astunago iruditu zitzaion. Eta ustekabeko burutazioren batek eraginik, hura berriro lurrean utzi eta komoda barrean errazkiro sartu zen.

        Hastapenean urduritu egin zen zirrikitua estalia zutela pentsatzearekin, baina ilunpetan haztaka hasi zelarik, azkenik han jarraitzen zuela ziurtatu ahal izan zuen. Dena dela, amaren gela ikusteko ez zegoen gutxieneko argitasunik.

        Noboruk zirrikituari itsatsi zion begia. Orduan ulertu zuen lehentxeago amaren gelan sartu eta gortinak itxi zituena etxezaina izan zela. Iluntasunera ohitu ahala, New Orleanseko latoizko ohearen ertz distiratsuak antzeman zituen. Hala ere, distira hura ahulegia zen, metal gainean sortutako lizuna bezalakoxea.

        Lehen begiratu batean, gelak, artean eguerdiko beroaz zamaturik, zerraldo handi eta beltz baten barnealdea zirudien. Belztasun ikaragarrian, eta hala ere Noboruk sekula ikusi gabeko partikulek biziarazirik, unibertsoan belztasun handiagorik ezinezkoa zela egin zitzaion.

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia