VI. KAPITULUA

 

        Katakumea lurperatu eta Buruzagiaren etxetik irten bezain laster Ryujirekin topatzea benetako zoritxarra izan zen Noborurentzat. Eskuak-eta ongi garbituagatik, ez al zitzaion arropetan edo beste nonbait odol arrastorik geratu? Ez zitzaion ba katuaren kiratsa itsatsirik geratuko? Eta bere begiak, ez ote ziren izango norbait hil eta handik gutxira ezagun batekin topo egiten duen hiltzailearenak?

        Lehenik eta behin, amari ordu hartan karrika haietan zebilela esatea gogortxoa gertatuko zitzaion. Izan ere, ama erabat sinetsirik zegoen semea beste lagun batzuekin Kamakurara joana zela.

        Estualdi hartan Noboru guztiz aztoratu eta nahasturik zegoen, eta haren errua, inongo zalantzarik gabe, Ryujiri egotzi zion.

        Lagunek presaka elkar agurtu eta nork bere bidea hartu zuen. Eta arimarik gabeko kale beroan marinela eta mutikoa baino ez ziren geratu, zoruan arratsaldeko itzal luzeak eraginez.

        Noboru lotsa-lotsa eginda zegoen. Marinela Buruzagiari noiz aurkeztuko egon zen Noboru, egokiera onenaren zain, eta aurkezpena egoerarik onenean eta arrakastatsu gertatuz gero, Buruzagiak halabeharrez onartu beharko zuen Ryuji heroia zela eta, beraz, Noboru ohore horrek goretsirik sentituko zen.

        Orduan, ostera, ustekabeko topaketa zoritxarrekoan bigarren ofizialak zer egingo, eta atorra blaituarekin, itxura ezin tamalgarriago batean azaldu eta barre zuri eta ezegokia egin! Bai irribarre ustela! Hura zela eta, Noboru gutxietsirik sentitzeaz gain, marinela bera ere gizon umezale baten karikatura bilakatu zen, ezen gazteei zuzenduriko barre alaiegi eta puztua ez baitzen batere egokia izan eta, zalantza izpirik gabe, huts barkaezina izan zen.

        Ryujik, bestalde, sekula esan behar ez den hauxe esan zuen:

        — Hara! Zertan zabiltza hemen? Zer moduz igeriketan?

        Eta Noboruk atorra bustiaz galdegin zionean, marinelari honelako arrapostua ematea zegokion:

        — Ah, atorra bustia? Bai, hara, neska batek ez dik ba kaian bere burua bota, eta nik uretara jauzi egin behar izan diat. Arropa erantzi gabe, itsasoan igeri egiten dudan hirugarren aldia duk oraingoa!

        Alabaina Ryujik ez zuen halakorik esan eta horren ordez erantzunik txepelena eman zion:

        — Zer, hau? Zera, parkeko iturrian dutxatxo bat hartu dut —irribarre barkaezin batekin gainera.

        «Zurikeriatan dabilkit, jakina, maitale berriaren semeari atsegin gertatzea komenigarria zaio», pentsatu zuen Noboruk lasaixeago.

        Ohartu gabe, biak mutilaren etxerako bidean zihoazen. Ryuji, artean falta zitzaizkion bi orduak norbaitekin eman ahal izango zituelakoan, mutilaren atzetik zihoan.

        — Gu bion artean badago zerbait bitxia, ala? —ahalegindu zen Ryuji aurrera zihoazelarik. Baina Noboruri ez zitzaion gustatzen halako ardura borondatetsua erakusterik. Halarik ere, galdera hari esker errazago atera zitzaion bestela ere esan nahi zuena:

        — Aizu, jauna, amari ez diozu gure topaketa aipatuko, ezta?

        — Ez, ez diot aipatuko —hitzeman zion marinelak, bien artean sekretu bat gordetzeaz pozik, irribarrez eta konfiantza handiz: baina hori ere Noboruri ez zitzaion batere gustatu. Halako erantzun txepela eman beharrean, txantajea egin izan balio pozgarriagoa gertatuko zitzaion.

        — Hondartzara joan naizelakoan daude. Zaude apur batean —Noboru, bide bazterreko obra toki bateko hondar pilarantz joan eta, zapatilak erantzirik, oinak hondarretan ibili zituen. Nlutiko eskuxuri eta harroxko hura animalien bizkortasunez mugitzen ikusi zuen Ryujik.

        Marinela berari begira zegoela oharturik, Noboruk gero eta zalapartatsuago igurtzi zituen oinak hondarretan, eta emeki jantzi zituen atzera harea-alerik ez galtzearren.

        — Begira, hondarrak txantiloi biribilaren itxura hartu du —esan zuen mutikoak izter izerditsua seinalatuz eta mantso-mantso aurrera eginez.

        — Nora zoaz?

        — Etxera noa. Zergatik ez zara nirekin etortzen? Gure egongelan oso egotaro ederra egiten du, girogailua daukagu-eta.

        Egongelako atea eta leiho guztiak itxi ondoren girogailua piztu zuten. Ryuji patxada handiz eseri zen zurezko besaulki batean. Noboru, azkenik, bainugelan oinak garbitu, gogo txarrez bezala, eta leiho ondoko zurezko jarlekuan etzan zen.

        Etxezain andereak edari freskagarriak ekarri zituen eta Noboruri errietan eman zion:

        — Jende aurrean zintzo jokatu behar duzu, ez jarri horrela! Amari esango diot.

        Noboruk keinu baten bidez marinelari laguntza eskatu zion:

        — Lasai, ez dit axola. Igerian ibili ondoren nekatuta egongo da.

        — Bai, baina kontuz ibili beharko luke!

        Zalantzarik gabe andereak ez zuen Ryuji oso gogoko eta bere aldarte txarra Noborurengan husten zuen. Eta marmarka eta gogogabeturik, egongelatik alde egin zuen bere ipurdi astuna dantzatuz.

        Ryujiren defentsak bien arteko itun isila sortu zuen. Mutilak, fruitu zuku horia zakar edan bitartean, aurreneko aldiz gizonari irribarre egin zion.

        — Itsasontziei buruz nik dena dakit.

        — Oso gutxi falta zaik benetako marinela izateko.

        — Ez duzu zurikeriatan zertan ibili! —bota zion mutilak amak brodatu kuxinetik burua altxa eta begirada sumindua igorriz—. Zer ordutan egiten duzu guardia?

        — Arratsaldez eta gauez; eguerditik arratsaldeko lauretara eta gero gauerditik goizaldeko lauretara. Hori dela-eta lapurren guardia esaten ziotek.

        — Lapurren guardia! A ze izena! —esan zuen mutilak barrez lehertu eta gorputza arku baten gisa makurtzen zuelarik—. Eta, zenbat jende egoten da guardian?

        — Txandako ofiziala eta hi lemazain.

        — Eguraldi gaiztoarekin, jauna, zenbat gradutan eskoratzen da ontzia?

        — Gehienez 30-40 bat gradutan, baldin eta ekaitza oso gogorra bada. Froga egin ezak 40 graduko aldapa bat igotzen, hormetan igoko bazina bezala sentituko haiz. Izugarria duk, zinez. Halako eguraldiarekin lehenik eta behin...

        Hitzen bila bailebilen, marinelak puntu urrunen batera zuzendu zuen bere soa. Mutilak, ostera, gizonaren begietan ekaitzen zurrunbiloa eta ozeanoko olatuak sumaturik, halako hotzikara nabaritu zuen ondoren liluraturik geratzeko.

        — Jauna, zuen ontziak ez du lineako zerbitzua egiten, ezta?

        — Ez, ez diagu linea erregularrik egiten —ihardetsi zion marinelak gogo txarrez, bere handiustea ukitua izan balitz bezala.

        — Oso oker ez banago, Japoniatik Txina eta Indiara joaten zarete.

        — Zuzen ari haiz. Baina batzuetan gari garraioan aritzen gaituk. Australiatik Ingalaterrara.

        Noboruren galderak molde askotakoak izan ziren, bere arretak alde batetik bestera egiten zuelarik.

        — Aizu, zein da Filipinetako gairik nagusiena?

        — Lahuango zura esango niake.

        — Eta Malaiakoa?

        — Burdina. Eta orain hire txanda: ba al dakik Kubako gairik nagusiena zein den?

        — Azukrea, noski. Aizu, eta inoiz izan al zara Mendebal Indian?

        — Bai, baina behin bakarrik.

        — Igaro al zinen Haititik?

        — Bai.

        — Zein ederki! Zein zuhaitz mota dago han?

        — Zuhaitzak?

        — Bai, kaleetan daudenak-eta.

        — Ah, bai. Tira, ba palmondoak dituk nagusi. Bestalde, mendiak zuhaitz flamigeroz josita zeudek. Eta baita zeta zuhaitzez ere. Ez nauk gogoratzen elkarren antzik baduten ala ez. Edozein modutan, loretan direnean sutan daudela ematen dik. Eta iluntzean zerua euri hodei beltzez estaltzen denean, sugar horiek izugarrizko kolorea hartzen ditek, inon ez diat halako lorerik topatu.

        Ryujik palmondo basoekiko sentitzen zuen liluraz hitz egin nahi zuen arren, mutil bati halakoak nola adieraz ziezazkiokeen jakin ez eta mutu geratu behar izan zuen. Hitzik bat ere ez zetorkiolarik, Pertsiar Golkoko ilunabar ia azken judizioko hura gogoratu zuen, distiraz betea, edota itsasontzia ainguraturik egon eta masailak ferekatuz igarotzen den brisa, edo ekaitzaren etorrera iragartzen duen barometroaren beherakada asaldagarria, edota ozeanoa eta nabigazioaldiko beste hamaika gertakari; eta itsas amesgaiztoak harrapaturik sentitu zen berriro, bere aldartean eta bere irriketan halako eragin handia zuena.

        Noboruk, arestian marinelaren begietan ekaitz olatuak sumatu bazituen ere, orain haietatik igarotako mamuak oro ikusi ahal izan zituen. Une hartan, lur urrunen ikuspenek eta itsas hizkeraren hotsek eraginda, Ryujirekin batera urruneko Mexikar Golkora, Indiar Ozeanora, Pertsiar Golkora eta milaka ozeanotara joango zela iruditu zitzaion. Hori dena, bere aurrean zegoen bigarren ofizial benetako haren eraginez gertatu zitzaion. Eta hura izan zen Noboruren irudimena sendotzeko nahitaez behar zen artekaria, luzaroan itxaron izan zuen gauza, alegia.

        Mutilak pozak txoratzen itxi zituen bere begiak. Marinelak «Hau loguraz zegok» pentsatzearekin batera, mutilak atzera begiak zabaldu eta aurrez aurre ofiziala zuela ziurtaturik, izugarri poztu zen.

        Bi zaldi-indarreko girogailua zurrumurruka zebilen eta egongelan dagoeneko freskura zabaldurik zegoen. Ryujiren atorra ordurako lehorturik zegoen. Honek besotzarrak buruaren atzealdean gurutzatu zituen. Zume kordondu finaren maila-guneek bere atzamarrak ukitu zituzten.

        Lehentxeago mutilak begiak itxi zituenerako bigarren ofizialak utzia zuen ametsen mundua eta gela ilun-ikarako bazter guztiei begiratu zien; apal batean txukun ezarritako urrezko erlojua, sabai goratik eskegirik zegoen lanpara kristal landutakoa eta zoragarria, apalategian doi-doia zutik zegoen jadezko loreontzi lepo luzea..., horiek denak txunditurik utzi zuten marinela. «Zein ezkutuko indarrak galaraziko ote dio gela honi dardarka hastea?» Berarentzat bezperara arte existitu ez ziren objektu haiei azken agurra eman behar zien. Beste egun bat eta alde egina izango zen, eta hala ere objektu haiek eta berak bazuten zerbait komunean: emakumeari egindako keinu bat, gorputzaren hondotik ateratako seinale bat, hau da, bere gizontasunaren indartzarra bera. Eta hori jakiteak misterioz betetzen zuen, hala nola itsas zabaleko ontzien arteko topaketa batean. Eta uztarketa hartan bere haragia bera tarteko izan zen arren, toki hartako irrealtasunak halako izu-ikara sentiarazi zion.

        «Zer arraio ote da egoera hau, ni udako egun batean eta gela honetan? Eta nor arraio ote naiz ni, atzo maitatutako emakumearen semearekin hemen liluraturik eta eseririk nagoena? Atzo arte banuen malkoak eragiten zizkidan kantu bat, eta hark eta nire bi miloi yenek segurtatu egiten zuten nire errealitatea, eta orain ostera...»

        Noboruri, bestalde, ez zitzaion bururatu ere egin gizona halako amildegi batean egon zitekeenik, eta are gutxiago gizonak ordurako begiratu ere egiten ez zionik. Bezperako lo faltak eta zenbait ustekaberen eraginez neka-neka egina zegoen, eta bere begi gorriztak, etxezain anderearen ustetan igerialdiak eragindakoak, itxi egiten zitzaizkion; eta lozorroaren atzaparretan jausi ahala, kontu egin zuen oraingo mundu higiezin, geldo, aspergarri eta antzu haren bestaldean, nolakoak ziren guztizko errealitatearen irudi distiratsuak, bezperatik orainera bitartekoak...

        Irudi haiek oihal beltz eta berdinean egin urrezko brodatuen gisa ikusi zituen: ilargitan sirena-hotsaren aldera mugitu zen bigarren ofizial biluzia, hortzak agerian zituen katakume zintzoaren aurpegi hila eta haren bihotzaren errubi kolore... «Horiek denak bai benetakoak, erabatekoak...; beraz. Ryuji ere egiazko heroia da. Denak itsas gaineko edo beheko gertakariak dira...» Noboruk loak hartzen sentitu zuen bere burua. «Zoriona..., esan ezin ahalako zorion betea», pentsatu zuen Noboruk.

        Mutila lotan geratu zen.

        Ryujik, erlojuari begiratu bat manda, irten beharko zuela pentsatu zuen. Sukaldeko atea jo eta etxezain andereari deitu zion:

        — Mutikoa lo dago.

        — Bai, jakina. Beti bezala...

        — Tapakiren bat edo beharko du, bestela hoztu egingo da.

        — Bai, oraintxe ekarriko dut.

        — Nik alde egin beharra daukat.

        — Gauean atzera etorriko zara, ezta?

        Anderea, betazal lodien azpitik irribarre eginez bezala, begira geratu zitzaion.

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia