V. KAPITULUA

 

        Ryujirekin topo egiteak arras kezkatu zuen Noboru. Ez zuen nahi topaketa hartaz bere amari ezer esatea eta berehalaxe hasi zen, marinelak amari ezer konta ez ziezaion, zer egin ote zezakeen pentsatzen. Hitz gutxitan, mutila ez zen Kamakurara igeri egitera joan, bere lagun taldearekin biltzera baizik. Gertatuak gertatu, garrantzitsuena buruzagia nor zen ezkutatzea zenez, lasai zegoen.

        Goiz hartan gazteak Kanagawa auzuneko Yamauchi moilara joan ziren bazkariarekin, eta biltegien aurreko trenbideen inguruan ibili ondoren, ohi bezala bilera egin zuten, giza funsgabetasunaz, bizitzaren zentzurik ezaz-eta mintzatzeko. Bilerak segurtasunik gabeko tokietan egiten zituzten, edonork muturra sar zezakeen tokietan alegia.

        Buruzagia bezala, Lehenengoa, Bigarrena, Hirugarrena (Noboruren ezizena), Laugarrena eta Bosgarrena oro har mutiko mozkote eta ahul antzekoak ziren, eta eskolan ikasle bikainak. Hain talde nabarmena osatzen zuten, irakasleek goraipatu egiten baitzuten, eta ikasle eredugarritzat jotzen zituzten hala-moduzko beste ikasleei adore emateko.

        Biltoki berri hura Bigarrenak aurkitua zen eta bai Buruzagiari nola gainerakoei atsegina iruditu zitzaien. UDAL EREMUA idatzirik zuen biltegiaren gibelaldean, krisantemo basati luzeen sailen artean, trenbide herdoildua zegoen. Norabide aldagailua ere herdoildurik zegoen eta gurpil zaharrak han-hemenka barreiaturik zeudenez, aspaldian bertan behera utzitako trenbidea zirudien. Handik urrun samar, biltegiko bulego aurreko lorategietan kanabazeen break eguzkitan gorri-gorri ikusten ziren. Itzaliz zihoazen uda hondarreko azken su lamak ziren. Baina haiek ikusteko moduan baldin bazeuden, ezagun zuen biltegizainak erraz antzemango ziela mutilei eta, beraz, apur bat aldendu eta bazter utzitako trenbidean aurrera egin zuten. Trenbide gorri hura beste biltegi baten ate beltz itxiaren aurrean amaitzen zen. Haren ondoan pilaturiko bidoi hori, marroi-ilun meta batetik gertu, inork ikusterik ez zuen belaze estu eta egokia aurkitu zuten eta bertan eseri ziren. Eguzki errainu astunak teilatu gailurrera iritsi arren, belazetxo hura artean gerizpean zegoen.

        — Marinel hori zinez aparta da. Itsasotik atera berria den eta oraindik azala bustia duen piztia harrigarria ematen du. Bart ama eta biak elkarrekin oheratzen ikusi ditut —eta Noboruk xehetasun guztiak azaldu zizkien. Denek aurpegi ezaxolatiekin begiratzen zioten, kontakizunaren hitz bakar bat ere galdu gabe, eta Noboru pozik jarri zen oso.

        — Hori al da ba hire heroia? —galdegin zuen Buruzagiak Noboruk amaitutakoan ezpain mehe gorriak bihurritu ahala Oraindik ez al haiz ohartu mundu honetan ez dagoela heroirik?

        — Baina marinel horrek zerbait egingo dik,

        — Zer egingo du ba?

        — Ba zerbait, halako batean zerbait miragarria egingo dik.

        — Txantxetan ari al haiz? Horrelako gizon batek ez dik ezertxo ere egingo. Azken finean hark hire amaren dirua nahiko dik. Amaren hezur muinak berak xurgatu eta irentsi ondoren, adio esan, emakumea zakarrontzira bota eta ihesari emango ziok.

        — Tira, ba hori ere baduk zerbait. Guk hori ere ezin diagu egin.

        — Inozo halakoa oraindik gizakiei buruz horrela pentsatzen baduk —esan zion hamahiru urteko Buruzagiak zakar—. Guri gauza bat egitea ezinezkoa bazaigu, helduei are gehiago. Bai honixe! «Ezintasuna», hara mundu hau estaltzen duen tapakia. Eta kontu egik guk ez beste inork ezin duela tapaki hori kendu!

        Buruzagiak bere jarduna amaitu zuelarik denak isilik eta aho bete hortz geratu ziren.

        — Eta hire gurasoek —esan zion Buruzagiak Bigarrenari—, oraindik ez ziaten, noski, haize karabina erosiko, ala?

        — Ez, eta honezkero etsiak hartuta nagok —esan zuen Bigarrenak bere burua kontsolatu nahirik eta besoekin belaunak bildurik.

        — Arriskutsua delako, ala?

        — Jakina.

        — Kaka zaharra! —oihukatu zuen Buruzagiak, udan ere zuri-zuri izan ohi zituen masailetan hutsarte bana ateratzen zitzaiolarik—. Haiek ez zekitek arriskua zer den-eta. Pentsatzen ditek arriskua zerbait fisikoa dela, aski duk urraturen bat egitea, odol apur bat ikustea eta egunkariak tar-tar-tar hastea. Hara, ba horrek ez dik arriskuarekin zer ikusirik bat ere. Benetako arriskua bizitzea bera duk. Eta bizitzea zer den? Ba existentziaren hondamena, hara. Zehatzago esanda, bizitzeak zera esan nahi dik, uneoroko existentzia zatikatu eta jatorrizko kaosa bilakatzea, eta orduan sortzen den kezkaz elikatuz une batetik bestera existentzia berriztatzea; zinez lan nahasi eta zoroa. Ez zegok hau baino eginkizun arriskutsuagorik. Existentziak, berez, ez dik arriskua esan nahi, ezta inongo kezkarik ere: bizitzeak, ostera, biak batera dizkik. Eta funtsean gizarteak ez dik zentzurik, dena nahas-mahas dagoen bainu erromatar bat baino ez duk. Eta zer duk ba eskola gizarte baten behe mailetako bat ez bada? Horrexegatik ari zaizkiguk ba etengabe aginduak ematen. Hara, itsu nazkante batzuk aspertu gabe agindu eta geure ahalmen neurrigabea txikitzen saiatzen ditek.

        — Eta zer diostak itsasoaz? —zioen Hirugarrenak, Noboruk, tematsu—, eta itsasontziari dagokionez, zer? Hik noizbait aipatu huen mundu honen barne lotura horren esanahia bart ulertu egin dudalakoan nago.

        — Itsasoa neurri batean onargarria iruditzen zaidak —esan zuen Buruzagiak hiltegi artetik zetorren itsas haizea barreneraino irentsiz—; bai, egia esan, munduko gauzarik onargarrienetarikoa duk itsasoa. Baina itsasontziari dagokionez, ez nagok ziur... Izan ere, nik ez diat alde handirik ikusten itsasontzi eta auto baten arean.

        — Ez duk ulertzen.

        — Ah, ederki... —Buruzagiaren bekain finetan, ilgora irudi zutenetan, irainduaren sumindura agertu zen. Bekainen itxura ez naturala bizarginari egotzi behar zitzaion: eta marraztuak ematen bazuten ere, bizarginak moztu egiten zizkiolako zen—. Ez diat ulertzen beraz... Noiztik daukak hik halakorik esateko eskubiderik?

        — Aizue, bazkaltzeko ordua dugu, ala? —proposatu zuen mutiko otzan eta isila zen Bosgarrenak.

        Bakoitzak bere bazkaria belaun gainean zabaldu zuelarik, bazkari zorroez jabetzen zen itzal batez ohartu ziren. Orduan Noboruk burua jaso zuen itzal hura nondik zetorkien ikusteko. Kaki koloreko atorra zikin bat zuen biltegizain zaharra zen, bidoi baten gainean ukondoetan pausaturik mutikoei so.

        — Bazkaltzeko ez duzue oso toki garbia aukeratu!

        Buruzagiak, lasai asko, eskola-ume baten irribarre garbiarekin begiratu zion zaharrari.

        — Axola ez badizu, jauna, hemen bazkaldu nahi genuke. Itsasontziak ikustera etorri gara eta bazkaltzeko gerizpetxo bat behar genuen...

        — Lasai, ez dit batere axola baldin eta zaborrak jasotzen badituzue.

        — Bai noski, oso zintzoak gara —denek haurrei dagokien irribarre inuzentea egin zuten—, gainera lasai egon zaitezke, izan ere halako gosearekin paper eta guzti jango baitugu!

        Biltegizainaren bizkar makurtua trenbide gainean urruntzen zihoalarik, egutera eta laiotzaren arteko mugan, Laugarrenak mihiarekin klask eginez honela esan zuen:

        — Nonahi aurki daitekeen gizontto horietako bat. Ohiko umezale bat, umeekin atsegin izatearekin poza sentitzen duen horietarikoa.

        Sei mutikoek ekarri sandwich, te hotz eta gainerakoak norberaren gustuen arabera banatu zituzten. Beren zirkulurantz, trenbide gainean hegaka zebiltzan zenbait hormatxori inguratu ziren, baina inor baino errukigabeago izateaz harro zeudenez, apurrik ttikiena ere ez zieten eskaini.

        Seiak «familia onekoak» ziren, bazkaria ederki atondua ekarria zuten eta Noboru, bere sandwich xumea zela-eta lotsatu egin zen. Belar gainean eseririk zeuden, fraka motzetan batzuk, unai-galtzetan besteak. Buruzagiaren eztarri fina, janariz gainezkaturik, ozta-ozta mugitzen zen.

        Bero sapa handia egiten zuen. Dagoeneko eguzkiak biltegietako teilatu gain-gainean jotzen zuen, eta teilatu hegalen itzal estuek apenas babesten zituzten.

        Noboruk indarrez mastekatzen zuen —amak sarritan egiten zion errietan ohitura hura zela medio—, presaka bezala, eta hori egitean begirada zeharka altxatu eta ogi koxkor zigortua irenstean eguzkia irensten zuela egiten zitzaion. Bart ikusia zuen pintura akasgabea ekarri zuen berriro gogora. Ia gaueko zeru erabat urdinaren agerpena izan zen. Buruzagiaren ustetan munduan ez zen deskubritzekorik geratzen; Noboruk, ostera, artean sinetsi egiten zuen tropikoko toki ezkuturen batean topa zitekeen abenturan. Portu bateko azoka nabar eta jendetsuan sinesten zuen, eta baita beltzen besoetan ageri ziren salgaietan ere, hala nola banana eta papagaioetan.

        — Aizak, Hirugarren, ametsetan babil. Otorduetan amets egitea umekeria duk —bota zion Buruzagiak tupustean, irribarre hotz eta mesprezugarria erakutsiz.

        Noboruk ezin izan zion erantzunik eman, ametsetan ez, baina asmaketan aritu baitzen. Bestalde «Sentimendurik ez izateko prestatzen garenez, ez dut haserretu behar» pentsatu eta amorrazioa bere baitan gorde zuen. Lehenik eta behin prestatua zegoen bezperakoa bezalako eszena sexualarekin topatuagatik, harridurarik ttikiena ere ez izatera. Halako kontuetara ongi moldatzeko Buruzagiak saiakera handiak eginak zituen; nondik atereak zituen ez bazekiten ere, Buruzagiak sexu eszenak ageri ziren zenbait argazki zituen, egokiera guztietan larrutan ari ziren gizon-emakumeenak, edota aurre-jolas bitxietan ari zirenenak, eta lagunei erakutsirik, gauza haiek zein zentzugabe eta hutsalak ziren adierazi ohi zien zehatz-mehatz.

        Gisa hartako ikasgaiak oro har gelako mutikorik handienek ematen dituzte, hots, buruz erabat hazita egon ez, baina gorputzez aski helduak direnek; Buruzagiak, ostera, mutil berezi eta burutsuek legez, beste era batera irakasten zuen. Esaterako, zakilari galaxiako izarrekin harremanetaratzeko bide bat zela irizten zion. Eta azal xuriaren hondoko zulo urdin-ilunetatik ateratzen ziren ileak, batzuk jadanik lodi eta sendo, izarrak bortxatu ahala haiei kilimak egiteko prestatuak zirela esaten zuen. Eta mutiko haiek halako txepelkeria sakratuez zoraturik, mesprezatu egiten zituzten topiko sexualekiko beterik zeuden eskola-lagun babo, zikin eta errukarriak.

        — Bazkalostean —zioen Buruzagiak—, nire etxera etorriko zarete.

        Dena gertu dago-eta.

        — Katua ere bai?

        — Ez, bilatu egin behar dugu baten bat. Laster hasiko gara.

 

 

        Buruzagiaren etxea eta Noborurena gertu zeuden, eta biltokitik urrundu egin zirenez, berriro trena hartu behar izan zuten itzultzeko; mutiko haiek oso atsegin zituzten halako alfer-bidaia zentzugabe eta nardagarriak.

        Buruzagiaren gurasoak ez ziren sekula etxean egoten, hargatik, Noboruk ikustaldi bat egiten zion aldiro, etxea deus gabe, inor gabe eta erabat hutsik zegoela egiten zitzaion. Buruzagia zinez mutil bakartia zen eta hamahiru urte betetzerako etxeko liburu guztiak irakurriak zituenez, asper-asper eginda egoten zen. «Azala ikuste hutsarekin, liburua zeri buruzkoa den esan zezakeat», esan ohi zuen.

        Munduaz jabetu den hustasunari buruzko bere gogoetak, ziurrenik etxe hartako hustasunean sortuak izango ziren. Inon ez zegoen halako etxe zabal, hotz eta txukunik. Egia esan, etxe hartako hustasun isilean komunera joateak ere beldurtu egiten zuen Noboru gaztea.

        Ontzietako sirena-hotsek alferrik durundatzen zuten inor bako gela haietan barrena.

        Buruzagiak aitaren bulegora eraman ohi zituen bere lagunak, eta Marokoko larruzko idazmahai aurrean eseririk, kobrezko letra grabatuekiko paperean eztabaidagaiak idazten zituen, funtsezko gauzak bailiran, luma tintontzia eta paperaren artean dantzaraziz. Idazkia gaizki ateratzen zitzaionero, paper inportatu garesti eta lodia zimurtu eta axolagabe zakarrontzian botatzen zuen. Behin batez Noboruk honela galdegin zion:

        — Aita ez al zaik haserretuko hainbeste paper erabilita?

        Buruzagiak irribarre hotz eta erdeinagarri batez erantzun zion.

        Batera nahiz bestera, mutikoek etxea bera baino maiteago zuten etxe atzealdeko etxola handia. Gainera, etxolara morroiek ikusiak izan gabe joan zitezkeen. Etxola barruan armairu batzuk besterik ez zegoen, zurgintzarako lanabesak, zenbait botila ardo eta atzerriko aldizkariak; bestalde, bertan gordetzen zituzten baztertutako altzariak eta zoruan bizpahiru ohol zabaldurik zeuden. Zoru gainean esertzean, gazteek beren atzealdeetan lur heze eta hotzaren freskura nabaritzen zuten.

        Katu ehizan ordubete inguru eman ondoren, azkenean miauka ari zen katakume galdu bat harrapatu zuten, zeina Noboruren esku ahurrean sartzen baitzen, hain ttikia zen.

        Ordurako sei mutilak izerdi patxetan zeuden eta, biluzik, etxolako bazter bateko iturrian bustialdi bana hartu zuten txandaka. Eta bainatu bitartean katakumea eskuz esku igarotzen zen. Noboruk katua bere bular bustiaren kontra ezarri eta haren taupada azkarrak nabaritu zituen. Eta bazirudien bihozkada haiek udako eguzki indartsuaren muin ilun eta alaia ekarriz etxolaratu zirela.

        — Nola egingo dugu?

        — Hor bazeudek ohol batzuk. Horietako baten kontra jaurtiki. Oso erraza duk. Tira, Hirugarren, hire kontura —agindu zion Buruzagiak.

        Azkenik iritsia zitzaion bere bihotzaren gogorra eta hotza frogatzeko unea. Dutxatu berria izanagatik, atzera ere izerditan zegoen. Itsasaldeko goiz brisaren antzera sentitu zuen bihotza, taup-taup-taup. Eta bere bularra atorra asko eskegitako burdinazko idortegi hutsal bat zela egin zitzaion. Berehalako batean haizeak atorrak astinduko zituen eta berak mixintxoa akabatzen jardungo zuen, gizarteak ezarritako debekuen katea amaigabea hausten.

        Katutxoa lepotik helduta, Noboru zutundu egin zen. Animalia ttikia, mutilaren eskutik zintzilik, indarge eta mutu zegoen. Bere baitan erruki halako zerbait aurkitzen saiatu zen, eta halaxe sentitu zuen, tren batetik fite baino fitago ikusten den leiho argituaren gisa, errukia urrunetik une batez distira egin eta desagertu egiten zela.

        Buruzagiak aspaldidanik nabarmendu zuen halako ekintzak beharrezkoak zirela munduaren hutsuneak betetzeko; hutsune beteezin hura soilik erailketaren bidez bete zitekeela, arraildura batek ispilua zeharkatzen duen gisan, eta, bistan dena, gazteek lortu egiten zutela existentziaren gaineko halako agintea.

        Noboruk katakumea ahalik gorenena altxa eta indarrez ohol baten kontra jaurtiki zuen. Arestian atzamarretan itsatsirik egon zen objektu epel eta biguna airea txistuka zeharkatu eta ohol kontra oldartzea, zoragarria izan zen. Noboruri, ostera, oraindik esku artean zeukala iruditu zitzaion.

        — Oraindik bizirik zegok! Berriro! —zioen Buruzagiak. Etxola barrean barreiaturik, dutxatu ondoren eta artean jantzi gabe, bost mutikoen begirada Noborurengan iltzaturik zegoen.

        Noboruk bere eskuetara eraman zuen zer hura dagoeneko ez zen katu bat. Bere baitan halako indar goranzko bat hazten zihoan eta hatz mamietaraino heltzen; lehen jaurtiketa errepikatu beharra zeukan eta katua ohol kontra behin eta berriro txikitu. Noboruk bere burua erraldoi eginik ikusten zuen.

        Bigarren jaurtiketan katakumeari txilio ttiki eta indargabea atera zitzaion. Oholean zapla eginik, lurrera jausi eta hankak mantso mugitu zituen, zirkulu handi bat marraztuz, harik eta geldi-geldirik geratu zen arte. Oholeko han-hemenkako odol arrastoek mutikoak gogobetetzen zituzten.

        Noboruk, osin bateko hondoari so bailegoen, katakumearen gorpua heriotzaren amildegian erortzen ikusi zuen. Noboruk bere aurpegia katakume hilarengana hurbildu ahala, bere samurtasun adoretsua eta borondate ona ere izan zitekeen atsegin lasaigarria sentitu zuen. Katakumearen aho-sudur-zuloei odol gorriluna zerien; mihia, ostera, kiribildurik tinko itsasten zitzaion ahosabaiari.

        — Tira, hurbil zaitezte. Hemendik aurrerakoa neuk egingo dut.

        Buruzagiak, inor konturatzerako gomazko eskularruak jantzi, artazi distiratsu parea hartu eta katakumearen gorpu gainera makurtu zen. Noboruk Buruzagiarentzat ezin zuen artazi haiek baino arma hoberik imajinatu: primerakoak ziren, duintasun burutsua eta hotza zituzten, eta etxolako traste eta prentsa zahar pilaren artean erluzetsu, hozkirria ematen zuten.

        Buruzagiak esku batez katakumearen lepoa hartu eta artazi puntak bularrean sarturik, eztarriraino leunkiro labaindu zituen. Jarraian, ebakidurak bereiziriko larrua eskuz bi aldeetara zabaldu zuen. Une hartan banbu zuritua bezalako barrualde xuri eta distiratsua agertu zen, katu-mozorroa kendua balu bezala. Orain katua itxura hutsa zen: bizitza zen katuz mozorrotu zena.

        Haren gorpu barrena mutikoena bezalakoxea zen, baina beren barnealde beltz eta korapilatsua artean bizirik zegoen, itsasoratzera zihoan ontzia irudi, eta nolabaiteko itzala ematen zion izaki ttiki haren baitako existentzia xuri, dirdaitsu eta lasaiari. Eta une hartantxe nolabaiteko batasuna lortu zuten katuarekin, edo zehazki esateko, katu izandakoarekin.

        Emeki-emeki begi bistan geratzen ari zen animaliaren barren-azal guztia. Bere perlama gardenaren ederra ez zen inondik ere higuingarria. Mintz azpian saihetsezurrak ikus zitezkeen, eta baita sabelaren azken mugimendu epel ezagunak ere.

        — Zer deritzozue? Ez al dago biluztuegi? Ez dakit hori ongi ote dagoen... Kortesiarik gabekoa iruditzen zait —esan zuen Buruzagiak soin-enborreko azala bi aldeetara areago baztertuz.

        — Erabat biluzik dago —jarraitu zuen Buruzagiak.

        Objektu hura ikusirik, bere biluztasunarekin munduari hain lotua zegoena, Noboruk gauean ikusitako ama eta gizon ezin biluziagoekin alderatu zuen. Alabaina, animaliaren aldean haiek jantziago zeuden, zeren eta haiek beren larruz estaliak baitzeuden behinik behin, Eta sirena-hots eder hura eta bere hedadurak gauzatzen zuen mundu zabala ez ziren hain sakon barneratu. Katakume larrutua, bere errai ageriekin batera, inongo ezbairik gabe munduaren muinarekin zegoen zuzen eta zirraragarriro uztartua.

        «Zer gertatzen ari da hemen?» pentsatu zuen Noboruk, kirats gero eta eramanezinago hura zela medio, musuzapi zimurtu batez sudurra estali eta ahoarekin arnas beroak hartu bitartean,

        Katakumeari apenas zerion odolik. Buruzagiak mintza ebaki ziolarik, gibel handi eta gorriluna agertarazi zuen. Gero, heste luze garbia askatu eta atera egin zuen, eskularru inguruko lurrinarekin bat, eta hestea xerratu ondoren, limoi ura bezalako zukua atera zuen besteek ikus zezaten.

        — Franela bezala ebakitzen da.

        Noboruk, esna ametsetan egon arren, ez zuen bat ere xehetasunik galdu: katuaren begi-nini Libel eta hilak, orbain zonez zipriztinduak; odol gogortuaz beteriko ahoa eta letaginen arteko mihi kiribildua. Hurrena, gantzez horiztatuko artaziez saihetsezurrak ebakitzean, kirrinkada moduko bat entzun ahal izan zen. Buruzagiak, soin-enborreko zuloan haztaka bilatu ondoren, bihotz-sare ttikia atera zuen, eta sare hartatik obal-antzeko bihotz ñimiñoa. Buruzagiak atal ttiki hura bi atzamarrez hertsi zuelarik, gelditzen zen odol apurra brast isuri eta atzamarrak tupustean gorrizkatu zitzaizkion.

        «Zer gertatzen ari da hemen?» Zatikapen haren aurrean, Noboruk ongi eraman zuen prozesu guztia, eta erdi ametsetan zegoelarik, errai barreiatuen epeltasuna, soin-enbor barnean geratutako odola eta, katu hilaren izpiritu handi eta malenkoniatsuak eragindako lilurapena, denak, banaka-banaka figura akasgabea osatzen ari zirela egin zitzaion. Orain gorpu ondoko gibela penintsula leuna bilakatuko zen, bihotz zapaldua eguzki ttipitto bat, askatutako heste luze atereak atoloi zuria, sabeleko odola itsaso tropikalaren ur epela. Heriotzaren poderioz, une hartantxe katakumeak mundu oso bat eratu zuen...

        «Neuk hil dut», esan zuen Noboruk berekiko, eta amets egin zuen esku urrun batek, hilketa hura saritzeko, elurra bezain zuria izango zen agiri bat ematen ziola. «Edozein gauza egin dezaket batere errukirik erakutsi gabe.»

        Eskularru kurrunkariak erantzirik, Buruzagiak bere esku zuri ederra Noboruren sorbaldan ipini eta honela mintzatu zitzaion:

        — Oso ongi bete duk hire egitekoa. Oraintxe egin haiz benetako gizon. A ze nolako freskura sentitzen dudan odola ikusi ondoren.

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia