IV. KAPITULUA

 

        Fusako dendara buruz zihoalarik, Ryuji itsasontzira itzuli zen. Gero, nola edo hala eman behar izan zuen Fusakok lana amaitu eta berriro elkartu arteko denbora. Udako eguzkiak gogotsu jotzen zuen eta jende gutxi zebilen hirian zehar; beraz, taxi bat hartu eta bezperan denbora pasa ibili ziren parkera jo zuen. Hara joatea beste burutapenik ez zuen izan.

        Eguerdia izaki, parkean apenas zebilen inor. Iturri ttikiari zerion urak lurreko hartxintxarrak belzten ziharduen. Zuhaitzetan, ostera, txirritak kirrika ari ziren. Aurrean portuko ikusmira zabaldu zitzaiolarik, Ryujik eguerdiko portuko paisaia gauerdiko oroitzapenez apaindu zuen.

        Atzera ere bizi izan zuen bezperako eszena. Behin eta berriro ahogozatu zuen une bakoitza.

        Ezpainei itsatsitako tabako paper puskak atzamarrez kendu eta, izerdirik xukatu gabe, honela ziotson bere buruari: «Atzo zein gaizki mintzatu nintzen!»

        Ryujik ezin bada nahi bezala emakumeari adierazi loria eta heriotzari buruzko bere ideiak, bular sendoaren bestaldean gordeak zituen desirak eta malenkonia, ozeanoko uhinez betetako sentipen ilun eta bortitzak, eta saiatu bazen ere, alferlana izan zen. Hara, esate baterako zertan huts egin zuen: Manilako badian sartzean eguzkiaren ederrak bere bihotza sutzen zuen bakoitzean, Ryujik ziur sentitzen zuen gizon hautatua zela, baina hitz egokiak aukeratzen asmatu ezinik ibili zen eta zozotzat jo zuen bere burua.

        Fusakok honela hitz egin ziola oroitu zuen:

        — Zergatik ez zara ezkondu?

        Irribarre misteriotsua eginez, Ryujik arrapostu hau eman zion:

        — Inork ez du marinel batekin ezkondu nahi.

        Alabaina, berak egiaz esan nahi izan ziona besterik zen: —Nire lankide gehienek bizpahiru seme-alaba dauzkate. Itsasoan dabiltzalarik milaka aldiz irakurtzen dituzte senitartekoen gutunak. Umeek marraztutako etxe, eguzki, lore eta abarrak dituzten gutunak Lankide horiek, ostera, beren aukerak hutsean laga dituzte. Aurrerantzean ez dute beste aukerabiderik izango. Nik, aldiz, orain artean ezer gutxi egin dudan arren, benetako gizona neu naizela sinetsi izan dut. Zeren benetako gizona izanez gero, eguna urratzean tronpeta bakartiak bere hots gardena jotzen duenean, hodei lodi eta argitsuen artetik loriaren ahots zorrotzak zure izena ahoskatzen duenean, ohetik ziztu batean jaiki eta, familia etxean utzirik, bakar-bakarrik irten beharko baituzu ahots horrek deituta. Horrexegatik ez naiz ba ezkondu. Halaxe pentsatu izan dut eta dagoeneko hogeita hamar urte oharkabean iragan dira.

        Haatik, ez zion halakorik esan. Itxura batean emakumeei ulertezina egingo zitzaielako.

        Bestalde, ez zion aipatu bere baitan, berez, hazia zen amodio idealaren kontzeptua nolakoa zen: gizonak, bere mundualdian behin baino ez du topatuko emakume perfektua, eta heriotza beti bidera aterako zaienez, gero eta amodio sakonagoarekin lotuak izango dira. Seguruenik, kantu herrikoiren baten hitz neurriz kanpokoek eragindako kontzeptua.

        Baina fantasia hura denboraren poderioz gero eta finkatuago zegoen bere baitan, eta bertan beste zenbait osagairekin nahastu: uhintzar baten uluarekin, gora eta gora doazen olatuen tupusteko amilera edo atzetik etengabe segika doan itsasgoraren berebiziko indarrarekin...

        Eta ziur zegoen emakume perfektu hura oraintxe buruz buru zuela. Baina ez zen hura ahoskatzera menturatu.

        Aspalditik zuen fantasia neurrigabe eta inori sekula aipatu gabe hartan, gizona gizontasunaren eredua zen eta emakumea, aldiz, emetasunaren isla osoa. Eta bata nahiz bestea munduko mutur banatatik etorriak, halabeharrak elkartuko zituen, eta heriotzak ezkonduko. Orduan, kantuak eta agurretako paperezko zinta luzeak atzean utzirik, marinelen maitasun aldakorrak iragan munduan utzirik, oraindaino inor iritsia ez den bihotzaren amildegi sakonaren hondoraino jaitsiko ziren.

        Ryujik, aldiz, halako gogoeta zororen atalik ttikiena ere sentiarazi beharrean, honela esan zion:

        — Batzuetan, itsasaldi batean sukaldetik igaro eta lutxarbi edo arbi baten hostoak ikusten ditudanean, haien berdeak hunkitu egiten nau. Bai, halako txikikeriak une batean liluraturik uzten naute eta goretsi nahi izaten ditut.

        — Ulertzen dut. Hala izango da. Sinesten dizut —erantzun zuen Fusakok ulergarritasunez. Eta bere ahotsak argi erakusten zuen gizonari pozbidea eskaintzeak atsegina ematen ziola.

        Ryujik Fusakori haizagailua eskatu eta haren oinetan zebilzkion eltxoak uxatu zituen. Harantzago, urrunean, itsasontzi ainguratuen argi distirak ikusten ziren: honago, ostera, biltegietakoak, lerro-lerroan denak.

        Ryuji beste gripa bati buruz ere mintzatu nahi izan zitzaion, alegia, une batez lepotik sartu eta heriotzaren mehatxuetatik kanpo dagoen tokiraino eramaten duena; baina haren ordez bere haurtzaroko atsekabeak-eta hizpidera ekarri zituen, gero mihiarekin hotsa ateratzeko. Aitak, Tokioko funtzionario, emaztea galduz geroztik Ryuji eta arreba hazi zituela, osasunez makala izan arren semeari eskola ordaintzeko lan sobera egiten zuela, eta horiekin ere semea sendo eta indartsu hazi zela, etxea gerrako bonbardaketetan erre zela, arreba gerra amaitu eta berehala sukar ustel batek eraman zuela, gerraostean Ryujik nabigazio ikasketak amaitu eta lanean hastearekin aita hil zitzaiola, lehorreko bere oroipenak pobrezia, gaixotasuna, heriotza eta hodeiertzeraino zabaldutako lautada kiskaldu amaigabeak osaturik zeudela, eta beraz, lehorretik askatu nahi izaten zuela... Hots, emakume bati bere historia kontatzen zion lehendabiziko aldia.

        Bere bizi kaxkarraren berri ematean, Ryujik ahotsa bera ere gogoberoturik sentitzen zuen, eta bere kontu korrontearen emaitzaz oroiturik, berak —hain gizon arrunta izanagatik—, itsasoaren indarra eta ontasuna goretsi nahi izan zituen. Hots, besterik gabe, bere harropuzkeriaren beste alde bat.

        Itsas istorioak ere kontatu nahi izan zituen, honelakoak esate baterako: «Itsasoagatik ez balitz, ez nintzen hasiko sekretuki maitasunari buruzko halako gogoetak egiten. Jakina, heriotza bera merezi duen amodio bat, irentsi egingo zaituena. Itsasoa, altzairuzko ontzi batean giltzapeturik egon behar dugunontzat, emakumearen oso antzekoa da. Gertutik ezagutzen ditu haren ekaitz eta barealdiak, edo bere apetak, edota ilunabarreko eguzkia ispilatzen den bular ederra. Itsas gainean labaintzen den ontziari, ostera, gorroto dio, eta hango urak, mugagabea izanagatik, ez du balio bere egarria asetzeko. Gisa honetan, emakumea gogorarazten diguten osagai kontaezinez inguraturik, beti benetako emakumeengandik banandurik bizi beharra daukagu. Halako bizitza bizi ahala hasi nintzen ba amodioaz pentsatzen.»

        Halakoak adierazi ordez, beti xuxurlatzen zuen kantuaren errepika bat baino ez zuen ahoskatu: «Baina urrunduz doan herria agurturik, ene baitan nahi gabe sortzen da tristezia.»

        — Irrigarria iruditzen zaizu, ezta? Baina hauxe da gehien atsegin dudan kantua.

        — Kantu polita da —esan zuen Fusakok, nahiz eta Ryujiri gezurra iruditu.

        «Emakume hau, sekula entzun gabeko kantua aspalditik ezaguna balitzaio bezala jokatzen ari da. Nire duintasuna ez mintzearren mintzatuko zen horrela... Emakume honek ez dauka ulertzerik kantu horren sakonean gordetako nire sentimendurik, ez niri negarra eragiten didan zirrara mingarririk, ezta nire gizon bihotzaren hondo ilunik ere. Ederki: emakume hau niretzat beste gorputz bat bezala erabiliko dut.» Baina begiratu bakar batekin aski izan zuen jabetzeko halako haragi hauskor eta lurrintsurik aurkitzea nekeza izango zitzaiola.

        Fusakok, azpi-jantzi gorrilunaren gainean, zetazko farfailez egindako kimono beltz bat janzten zuen, brokado zuriko gerriko zabalarekin, eta ilunpetan bere begitarte zurixkak dirdai egiten zuen.

        Zetazko farfail beltzen artetik kolore gorriluna erogarriro igartzen zen. Fusakoren presentziak ingurumari hartako airea oro emakumeei dagokien samurtasunez igurzten zuen. Antza, artean Ryujik ez zuen halako emakume xarmantik ezagutzen.

        Fusakoren gorputzak mugimendurik ttikiena ere egiten zuen aldiro, kriseilu urrunen eraginez azpi-jantziaren gorrilunak more ilunera egiten zuen, eta marinelak antzeman egiten zien jantziaren tximurduren bestaldean ezkutatzen ziren emakume beraren tolesdurei. Brisak zekarkion haragi izerditsuaren lurrinak etengabe «Hil hadi, hil hadi, hil hadi!» oihukatzen zuela zirudien. Haren atzamar finek, kuku-gordeka eta gogogabeturik mugitzen zirenek, bat-batean su hartuko zutela egiten zitzaion marinelari.

        Halako sudur bikainik! Bai ederrak haren ezpainak! Ryujik, iluntasun lainotsu hartan, Fusakoren gorputz atal xarmangarriak oro banan-banan aztertu eta dastatu zituen, hala nola kokatzen dituen xake jokalariak bere irudiak taula gainean ongi hausnartu ondoren.

        Eta haren begi geldoek, hoztasunak lizun egiten zituenak, zeinei munduko gauzak bost axola zitzaizkien, eta aldi berean grina haragikoi eta etsitua erakusten zutenak... Begi haiek, bezperan afaltzera joateko ados jarri zirenetik, marinela harrapaturik zuten eta ez zioten lo egiten uzten.

        Eta bai hordigarriak haren sorbaldak! Itsasertzaren gisa, hasiera nabarmenik gabe, lepoan emekiro hasten ziren, eta bazirudien zetazko oihalen bat ziri-zara irristatzeko nahitara eginak zirela...

        «Honen bularrak eskuetan hartutakoan,» pentsatu zuen Ryujik, «nola bilduko ote dira nire esku ahurretan, astun eta izerditsu...! Emakume honen haragiaren arduradun sentitzen naiz, zeren haragi horrek eztiki eta tematsu eskatzen baitit nire menpeko gauzak oro bezala losinez betea izatea. Halako emakume eztirik nire alboan sentitze hutsak dardarka jartzen nau, eta ni hala ikustean, dardara batean, niregana egingo du, haizeak astindu zuhaitz bateko hosto baten antzo, eta bere begien atzealde zuriak erakutsiko dizkit.»

        Halako batean, kapitainak noizbait kontatutako burutapen bitxi eta txoroarekin gogoratu zen. Egun batez kapitainak Veneziara joatea proposatu zuen, eta itsasgorarekin jauregi ttipi dotore bat ikustea, beheko marmolezko zorua urez gainezkatua zuena hain zuzen ere.

        Ezustean hitz haiek ahoskatzekotan egon zen: jauregi ttipi, dotore eta uholdekatua...

        — Konta ezazu zerbait gehiago —esan zuen Fusakok. Baina marinelak ondotxo zekien halakoetan deus esan ez eta musu ematea zegokiola. Ezpainek leun eta sutsu mugituz elkar ukitu eta irensten zutenero, angelu desberdinetatik elkarren barrunbeak argitzen zituzten samurtasuna eta eztitasuna iraunaraziz. Ryujik arestian amestu sorbaldak, orain egiazkoak bihurturik, bere esku zabarren menpe zeuzkan.

        Fusakok bere betile luze eta zainduak beheratu zituen, intsektuak bere hegoak tolestatzen dituen gisa berean. Ryuji pozak zoratzen zegoen. Esan ezin ahalako poza sentitzen zuen. Emakumearen arnasak hastapenean bularraldetik ezpainetaraino igotzen zela irudi zuen, eta une hartan haren beroa, haren usaina aldaturik zetozen, gorputzaren zirrikitu sakonenetatik baletoz bezala. Orain beste errekin batek su ematen zion Fusakoren arnasketari.

        Eramanpenik gabeko mugimendu baldarrez laztandu zituzten elkarren gorputzak, oihanean suak hartutako basapiztia batek sua itzali nahian lurrean zabarki itzulipurdikatzen den gisan.

        Fusakoren ezpainak gero eta emeago mugitzen ziren eta Ryuji, hartan hil izan balitz ere, ziur zegoen merezi izan zuela.

        Eta bien sudur punta hoztu samartuek elkar ukitu zuten arte, marinela ez zen konturatu beraienak bi gorputz bananduak zirela.

        — Zergatik ez zara nire etxean geratzen? Hara, hor ikusten dena nire etxea da —esan zuen Fusakok parkeko zuhaiztiaren bestaldean gailendu arbelezko teilatua atzamarrez seinalatuz. Ordurako Ryujik arras galdua zuen denboraren neurria.

        Biak zutitu eta ingurumari haiei begiratu zieten. Marinelak bere kapela axolagabe jarri eta eskua Fusakoren sorbaldan ezarri zuen.

        Biak beste inor ez zebilen parke hartan; urruneko faroari zerizkion argi gorri-berdeak lerratu egiten ziren harrizko jarleku, iturri, lorategi eta harmaila zurietan.

        Ryujik, ohi zuen bezala, erlojuari so egin zion. Farolen argi xumean, hamarrak jota zirela ikusi zuen. Lanegun buruzuri bat balitz, gauerdiko guardia egiteko bi ordu faltako zitzaizkion.

 

 

        Ordurako jasanezina zen eguzkiaren bero sapa hura. Sartaldeko eguzkiak erre egiten zuen Ryujiren buruko atzealdea. Gainera, itsasontzian arropaz aldatu eta kapelarik gabe irten zen. Lehen ofizialak bi eguneko oporraldia emana zion eta bien bitartean bere lana egingo zuen marinela hurrengo portuan ordezkatu beharko zuen. Fusakorekin afaltzera joateko jaka eta gorbata ekarriak zituen arren, atorra jadanik izerditan blai zuen.

        Erlojuari begiratu bat eman eta laurak zirela ikusi zuen. Motomachi kaleko kafetegi batean ziren elkartzekoak, eta Fusakok han kolore telebista bat zegoela esana zion. Ordu haietako emankizunak, ostera, aspergarriegiak ziren bertan denbora pasa egoteko.

        Eserlekua utzi eta hesi gainetik portura begira geratu zen. Biltegietako teilatu triangeluarrek, Ryuji parkera iritsi zenean baino itzal luzexkagoak igortzen zituzten itsasertz aldera. Bizpahiru bela zuri ikusten ziren moilako amarra-lekurantz itzultzen.

        Itsas zabalaren gaineko hodeiek, mendebaldetik jotzen zuen eguzkitan, gihar zuri, fin eta tenkatuak ziruditen. Txaramelak ziren, inondik ere, baina artean ez zeuden euritan lehertzeko hainbat puztuak.

        Une batean Ryuji parke bazter bateko iturriraino joan eta, haur denborako jolas batekin oroiturik edo, iturri ahoa atzamar lodiaz itxi zuen. Orduan, haizagailu baten antzo, urak inguruetako dalia buru maker, krisantemo zuri eta arrosario loreak blaitu zituen, ordurako beroak gogor ahuldurik zeudenak. Halaber, petaloak dardarka hasi ziren eta bai zipriztinek nola eguzki printzek ortzadar ttiki bat osatu zuten. Loreak, uraren tupusteko erasoarengatik atzealderantz makurtu ziren.

        Hurrena, Ryujik beste molde batez estali zuen iturria, eta oraingoan ura berarengana itzuli eta ilea, aurpegia eta lepoa blaitu zizkion. Urak, eztarritik bularraldera eta handik sabeleraino labaindu ahala, freskotasun atsegina eskaini zion. Hura dena hain dibertigarria egiten zitzaionari, bost atorra bustitzea. Ondoren txakurren gisa eragin zion buruari, apur bat lehortzeko, eta jaka besoan harturik parke irteerara jo zuen. Atorra, pentsatzen zuen, denborarekin lehortuko zitzaion.

        Etxeak, beren teilatu sendo eta trinkoak sostengatuz eta hesiz inguraturik, erabateko isiltasun eta lasaitasunean zeuden, eta marinelari bitxia egin zitzaion. Ohi bezala, lehorreko bizitzaren xehetasunei abstraktu eta irrealak iritzi zien. Noizean behin, sukaldeetako ate irekietatik ontzien distirak-eta ikustean, hori dena errealitate bakoa iruditzen zitzaion; bere sexu irrikak berak ere, zenbat eta fisikoagoak izan, hainbat eta abstraktuago bihurtzen ziren, eta azkenik, denboraren poderioz, oroitzapen hutsak bilakatzen ziren bere bizipenetan, hau da, gauza gardenekin gertatzen ez zena, hala nola eguzki astunaren eraginez gorputz azalean geratzen zitzaion gatz kristalizatua. «Gaur ere seguruenik berarekin oheratuko naiz. Oporraldi honetako azken egunean ez dugu lorik egingo. Bihar arratsaldean atzera ere itsasoratuko naiz. Ezusteko bi gau hauek medio, ez nintzateke harrituko oroitzapenak baino agudoago lurrunduko banintz ere...»

        Beroak loguragabetzen zuen, baina irudimenak sexu gripa piztu egiten ziolarik, aldapa gorenera iritsi eta hutsagatik ez zuen harrapatu abaila bizian zetorren auto atzerritar handi batek.

        Une hartantxe, maldapeko karrika batetik irteten, mutiko sail bat ikusi zuen. Eta mutiko haietako bat gelditu egin zen Ryuji ikusteaz batera. Noboru zen.

        Mutilari tenk jarri zitzaizkion fraka motzen azpiko belaun koskorrak, eta marinelari begiratu ahala begitartea are tenkago jarri zitzaiolarik, Ryuji Fusakok goizean esandakoaz oroitu zen: «Noboru ohartu dela dirudi...» Ustekabeko topaketa hartan, Ryuji zeharo aztoratu zen mutikoaren aurrean eta, asaldamendu hura nolabait ezkutatzearren, neurriz kanpoko irria eginez esan zuen:

        — Hara! Zertan zabiltza hemen? Zer moduz igeriketan?

        Mutilak, ostera, ez zion ezer erantzun. Bere begirada ezaxolati gardena marinelaren atorran kokatzen zen.

        — Zergatik zaude horren bustirik?

        — Zer, hau? —ez zegokion irribarrea zabaldu zen atzera ere bere aurpegian—, zera, parkeko iturrian dutxatxo bat hartu dut.

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia