III. KAPITULUA

 

        Rex, Yokohamako Motomachi auzune aberatseko luxuzko arropa-denda zahar eta ezagunetarikoa zen. Senarraren heriotzaz geroztik, Fusakok bere gain hartua zuen dendaren ardura.

        Espainiar estiloan egin bi solairutako eraikin ttiki hura nabarmen agertzen zen kale hartan. Aurrealdeko horma sendo zurian, denda aurre loreduna erakusten zuen, mendebal erara, beti finezia handiz apaindua. Behe-barrua irekia zuen, balkoi baten gisa, eta espainiar baldosez estalitako patioa, erdian zeukan iturriño batez horniturik zegoen. Bestalde, denda barrenean, salgaiez gain baziren antzinako arte europarreko zenbait lan, Fusakoren senarra zenak ekarraraziak, hala nola Bakoren brontzezko irudi bat, zeinean baldarkiro ezarritako gorbata batzuk baitzeuden.

        Fusakok, Shibuya zeritzan adineko zuzendaria eta lau langile enplegatzen zituen. Bezerorik nagusienak Yokohamako Yamate auzuneko atzerritar dirudunak zituen, eta Tokiotik ere modazale panpoxak eta aktore jendea erruz etorri ohi zen, baita Ginza auzunean denda zutenak ere, izanez ere Rexen ez baitzen nolanahiko artikulurik saltzen. Gehien inportatzen zituzten salgaiak gizonezkoentzako jantziak ziren. Shibuya zuzendariak, salgaiak inportatzerakoan Fusakoren senarra zenaren gustu bertsuak zituen eta, Fusakok, haren laguntzaz, arreta handiz hautatzen zituen.

        Itsasontziak etortzen zirenero, deskarga amaitu bezain laster, beste saltzaileak baino agudoago joan ohi ziren, merkantzia inportatua ikustera eta jasotzera, eta hartarako familiarekin betidanik ongi harremanduriko agentziaren eraginez baliatzen ziren.

        Rexen, artikuluen marka izenei berebiziko garrantzia ematen zitzaien eta, hargatik, Jaeger markako jertseak inportatzean esaterako, kalitaterik onenekoak eta arruntagoak hautatzen zituzten, garestienak eta ez hain garestiak. Bestalde, Italiako larrukiei zegokienez, Condotti kaleko luxuzko dendekin ez ezik. Florentziako Chieza Santa Croceri loturiko larrugintza eskolarekin ere harremanetan zegoen.

        Gainera, aurreko urtean Fusakok Europara bidalia zuen zuzendari adintsu hura, negozio bidaia bat egitera, zeren berarentzat ezinezkoa baitzen bidaiatzea semea etxean bakarrik utzirik.

        Bidaia haren ondorioz, Europa osoko luxuzko dendekiko tratuak sendotu ahal izan zituzten. Zuzendari haren bizitza gizonezkoentzako modari emana zela esan zitekeen. Eta beraz, Tokioko Ginza auzunea goitik behera arakatu eta inondik ere aurkitu ezineko oin-babes ingelesak, Rexenean aurki zitezkeen.

 

 

        Fusako betiko orduan heldu zen dendara. Bera ikusi eta egun ona opa zioten bai zuzendariak nola dendariek. Ugazaba-andereak, negozioari buruzko bizpahiru galdera egin eta behe-barruan zeukan bulegora igo zen, merkatal gutunak aztertzera. Leihoko aire girogailuak solemneki egiten zuen marmar. Ohiko orduan, ohiko mahai aurrean eseri ahal izateak, lasaitu ederra eman zion Fusakori. Edozein motatako oztopoak gorabehera, eta batez ere egun hartan, betiko orduan betiko tokian egon nahi izan zuen: «Zer gertatuko ote zitzaidan gaur huts egin izan banu...»

        Eta poltsatik ateratako zigarroa piztuz, mahai gaineko egutegian egun hartarako egitekoak zeintzuk ziren begiztatzeari ekin zion. Yoriko Kasuga, film aktoresa eta Yokohaman filmatzen zebilena, eguerdian erosketa mordoxka egitera etortzekoa zen. Yorikok. Europako zinemaldi batetik bueltan, hainbeste diru xahutua zuenez, ezin izan zien lagunei oparirik ekarri. Hargatik erabaki zuen bada Japoniara itzuli eta oparitarako Rexeko artikulu batzuk erostea, bere hutsa nola edo hala zuritzearren. Aldez aurretik hala agindua zion Fusakori, «Hogei gizonentzako artikulu frantses bana» prestatzeko.

        Hurrena Yokohama Biltegi Konpainiako gerentearen idazkaria etorriko zen, bere nagusiak golfean jantziko zituen polo italiar batzuen bila.

        Bezero haiek guztiak, nolabait esateko, erosle amorratuak ziren, eta pozten errazak oso.

        Pertsianaren zirriztu estuetatik ikusten zen beheko patioa artean isilik zegoen, eta han ipinia zegoen kautxondoaren hostoak distiraka. Antza, oraindik ez zen bezerorik etorri.

        Fusakok, artean bezperako gertaeren oroitzapenak bere baitan gordeta, begi-ondoak gorri samartuak zituen eta zalantzan jarri zuen Shibuya zuzendaria konturatuko ote zen. Gizon adintsu hark oihalaren kalitatea ziurtatzean bezala begiratu ohi zien emakumeei, baita bere ugazaba-andereari ere.

        Goiz hartan, Fusakok aurreneko aldiz zenbatu zituen senarra hil zenetik iragandako urteak. Ez zien asko iritzi, baina goiz hartan bost urte haiek arras luzeak egin zitzaizkiola pentsatu zuen, zinez luzeak, bertigoa eragiteko modukoak edota amaierarik gabeko gerriko zuri baten antzekoak.

        Fusakok zakarki itzali zuen zigarroa hautsontzian. Gizon hark, bere gorputzaren xoko-moko guztietan habiak eginak zituen. Soineko azpiko azal guztia bat eginik zegoen —aspaldi ez zuen halako irudipenik izan—, eta bularraldeko azala eta izter aldekoa erabat baturik zeuden. Gizonaren izerdi usainak ez zuen Fusakoren sudur-mintzetatik alde egiten. Pentsakor, oinetako barrenean behatzei gogor eragin zien.

 

 

        Fusako eta Ryujik elkar ezagutu zutenetik bi egun besterik ez ziren iragan. Noboru, itsasontziekin zoraturik, beti ontzi baten barrena ikusi nahi zuela esaka ibiltzen zen, eta behin, bezero onenetariko bat zen ontzi-garraio lantegi bateko exekutiboari, goleta bateko kapitainari alegia, amak bere gutizia betetzeko eskatu zion. Exekutibo hark berehalaxe gutun bat idatzi eta, hala, egun hartan Takashima kaian ainguraturik zegoen hamar mila tonatako Rakuyo itsasontzia ikustera joan ziren ama-semeak. Biek ala biek ere, urrunetik ikusi zuten berdez eta kremaz pintatutako Rakuyo ontzia, eguzkipean erluzetsu. Eguzkiak gupida gabe jotzen zuelarik, Fusakok, suge larruz egindako eskutoki luze zuriarekiko eguzkitakoa zabaldu zuen.

        — Han urrunean ere badira ontzi ugari. Haiek guztiak atrakalekura sartzeko txandaren zain daude —esan zuen Noboruk itsas zabala seinalatuz eta jakintsu plantak eginez.

        — Horregatik behar izaten dute hainbeste denbora deskarga lanak egiteko —esan zuen amak itsasontzia ikuste hutsarekin beroa eta nekea sentituz. Udako zerua, mendi irudiko hodeiez zipriztindurik, itsasontzien amarra gurutzatuez zatiturik zegoen.

        Rakuyoren branka, ikaragarri gora, zerura begira zegoen kokots sendoa bailitzan ageri zen, eta gailurrean, enpresaren bandera berdea dilindan. Aingura, txangurro baten gisa itsasten zitzaion kabalteari.

        — Pozak txoratzen nago —esan zuen Noboruk zeharo urduriturik—, direnak eta ez direnak miatu behar ditut!

        — Tira, laztana, ez egin ilusio gehiegi. Oraindik ez dakigu-eta gutun honek baimena lortzeko balio duen ala ez.

        Gero, hura dena oroitzean eta merkatalontzi haren irudia ikustean, Fusako bihotza jauzika ari zitzaiola ohartu zen. «Bai bitxia gero, haur bat bezain pozik nago.» Sentipen hura bat-batean eta oharkabean etorri zitzaion, itsasontziari begira zegoelarik eta beroa nekearekin batera jasan bitartean.

        — Jarraiko kubiertaduna da. Hau bai ontzi ona! —mutila, bere jakituria gorde ezinik, amari bost zitzaizkion kontuak argitzen ari zen, zehatz-mehatz. Rakuyora hurbildu ahala, handitu egiten zen musika izugarria bailitzan. Mutikoak, amaren aurretik atera eta, korrika batean, ontzia lehorrarekin lotzen zuen zilar koloreko zubixkan gora egin zuen.

        Fusakok, ostera, hara igo eta kapitainari zuzendu gutuna eskuan zuela, alferrik ibili behar izan zuen, han-hemenka, ofizialen gelen aurreko pasabidean.

        Kubierta aldetik berriketa hotsa entzuten zen, marinelak eta langileak deskarga lanetan ari baitziren, baina beheko pasabideko sargorian isiltasun mehatxagarria nagusi zen.

        Halako batean BIGARREN OFIZIALA idatzirik zegoen atea ireki eta Tsukazaki agertu zen, mahuka motzeko alkandora zuriaz eta ofizial kapela buruan.

        — Barka jauna, kapitainarekin egon nahi nuke.

        — Orain ez dago hemen. Zerbaitetan lagun al zaitzaket? Fusakok gutuna erakutsi zion. Bien bitartean, begiak zabal-zabalik eta argiturik, mutilak ofizialari begiratzen zion.

        — Ederki. Itsasontzia ikusi nahi duzue, ezta? Neuk erakutsiko dizuet —esan zuen Tsukazakik lehor, Fusakorengandik begirada aldendu gabe.

 

 

        Halakoxea izan zen bada estreinako topaketa.

        Fusakok ondo gogoan zuen marinelaren une hartako begirada. Aldarte txarra ageri zuen aurpegi beltzaranetik zuzendu zion begirakune hura, hala nola begiratzen zaion hodeiertzaren gainean lerratzen den itsasontziaren itzalari. Fusakori, behintzat, hala egin zitzaion.

        Hain gertu zegoen zerbaiti begiratzeko, begiek ez zuten zertan hain sarkorrak izan, hainbeste zehaztasunez zuzendu. Bien artean legoa asko ez zegoenez, begiradak ez zuen berezkoa ematen.

        Beti itsasoari begira dauden begiradak halakoak ote dira? Ustekabean ontzi baten zantzuak topatzea, horrek sortuko dituen beldurra eta poza, ardura eta itxaropena... Begiztatua izan den ontziak, ostera, baldin eta bi ontzien artean distantzia handia badago barkatuko du behako suntsitzaile hura...

        Marinelaren begirada hark hotzikara eragin zion.

        Tsukazakik aurrena ontzi-zubira eraman zituen. Kubierta nagusira igotzerakoan, uda arratsaldeko eguzki printza gogorrak burdinazko eskaileretan trabeska islatzen ziren. Noboru, itsas zabalean zeuden merkatalontzi mordoa ikusirik, arestian bezalaxe hasi zen jakintsuarena egiten:

        — Aizu, ontzi horiek atrakatzeko txandaren zain daude, ezta?

        — Bai, halaxe da, mutiko. Batzuetan lauzpabost egun itxaron behar izaten dituzte.

        — Atrakaleku bat libratzean, irratiz ohartaraziko diete, ala?

        — Bai, noski. Konpainiak telegrafiatu egiten diete. Konpainiak egunero egiten du «atrakaleku bilkura» delakoa.

        Marinelaren bizkar sendoari izerdia itsasten zitzaionez, haragia agerianago geratzen zitzaion. Fusakok eskertu egin zion orduan mutilari heldu bati bezalaxe zuzentzeagatik. Eta berari begiraturik gisa honetan galdegin zionean, apur bat lotsagorritu egin zen:

        — Zure semeak asko daki. Marinela izan nahi al du?

        Nabigatzaileak Fusakori begiratzen zion. Eta emakumeak ezin bada ziur jakin zakar ala nagi izan zitekeen gizon hura, harro sentituko ote zen bere lanbideagatik. Balizko harrotasun haren bila, eguzki errainu indartsuak ekidin nahian bekokiraino jaitsi zuen eguzkitakoa, eta gizonaren bekainen itzalean ustekabeko zerbait ikusi uste zuen, eguzki argitan bestela inoiz ikusten ez zion zerbait.

        — Hobe da beste lanbide bat aukeratzea. Hau baino bizibide aspergarriagorik ez dago ezta... Tira, mutiko, hau eguzki altueraren neurgailua da —Fusakoren erantzunari itxaron gahe hasi zen atzera ere, onddo itxurako tresna luze zuriari zapladatxo batzuk emanez.

        Pilotu gelan sartu zirenean, Noboruk gauza guztiak ukitu nahi izan zituen: makinagelarako mezu tutua, pilotu automatikoaren jirakonpasa, radar pantaila, itsasbide hautagailu elektrikoa eta abar. Mutikoak, makinen gaineko STOP, STAND-BY, AHEAD eta gainerako seinaleei eraginik, nabigazio arrisku ororekin amesten ari zela zirudien. Alboko mapa gelan ere, liburutegietan gainezka zeuden mapa eta taulekin, eta aztertzen ziharduten nabigazio mapa goma hondarrez zipriztinduarekin, harri eta zur geratu zen.

        Mapa azterketa hura, itsasoan askatasun osoz marrak zirriborratzen edo ezabatzen jostatzea langintza bitxia iruditu zitzaion.

        Horrez gain, bitakora kaiereko seinale batzuk, hots, egunsentia eta ilunabarra markatzen zituzten eguzkitxo erdi biribilak (bigarrenak lehendabizikoa okerretara baitzirudien), ilargiaren sartu eta irteera adierazteko urrezko adartxo parea, eta itsasgora eta behera seinalatzeko olatu eiteko ikurrak..., haiek guztiek mutikoa liluraturik utzi zuten.

        Noboru ametsetan bere gisara zebilelarik, Fusakok gertu-gertu zuen Tsukazaki, eta mapa gela sargori hark ez ezik, gizonaren presentziak ere bero itogarria zabaltzen zionez, horma kontran utzitako eguzkitakoa zorura erori eta oin gainean jo zuen; orduan bera, txilio bat eginez, konortea galtzen eta erori egiten zela sentitu zuen.

        Nabigatzaileak berehala jaso zuen eguzkitakoa. Bere mugimendua urpekari batena bezain sotila iruditu zitzaion Fusakori, marinelaren kapela zuria, denbora itogarriaren hondotik, astiro oso eguzkitakoarekin ur gainerantz eginez.

        Shibuya zuzendariak, ugazaba-anderearen bulegoko pertsiana baztertuz, bere aurpegi zimurtu eta argia erakutsi, eta honela esan zuen:

        — Yoriko Kasuga anderea etorri da.

        — Ederki. Oraintxe noa.

 

 

        Bat-batean ametsetatik esnatu izan bailitzan, berehala damutu zitzaion halako erantzun hotza eman izana.

        Artean mapa gela hartan balego bezala sentitzen zelarik, ispiluko bere begitarteari begiratu zion.

        Aktoresa, eguzki-lorea bezalako kapela neurrigabe bat buruan, neskame batekin zegoen patio erdian.

        — Dena Amatxoren esku utziko dut —Fusakoren esku alegia, esan zuen aktoresak.

        Fusakok ez zuen batere gogoko ardandegi bateko nagusiari bezala Amatxo deitzea. Edozein gisaz, eskailerak emekiro jaitsi eta Yorikoren aurrean geratu zen.

        — Egun on, ongi etorria. Bero egiten du, ezta?

        Aktoresa kexu agertu zen: portuko filmaketan jasan behar zuten bero izugarriaz eta baita jendeaz ere. Eta haren aieneak entzunik, Fusakori zimiko bat eragin zion filmaketako jende ikusminaren artean Ryuji imajinatzeak.

        — Ba al dakizu goiz bakar batean hogeita hamar eszena filmatzea zer den! Zur eta lur geratzeko modukoa da Honda zuzendariak eskatzen diguna.

        Antzezlari onenari eskaintzen zaion saria irabaztea desio zuen, zinez, eta Rexen egun hartan erosi behar zituenak sariketako epai-mahaikoentzako opariak ziren; halakoxea zen, beraz, bere azpilana saria irabaztearren.

        Gainera, Yorikok eskandaluak oro sinesten zituen, bereak salbu; eta seguruenik, emaitza onen truke, gai zen benetan pentsatzeko epaimahaikideei gorputza eskaini beharko ziela.

        Nekez bazen nekez, Yorikok familia ugaria ateratzen zuen aurrera, eta aldi berean biziki sinesbera eta engaina erraza zen. Fusakok ongi asko zekien nolakoa zen aktoresa haren bakardadea. Baina bezero ona izanik ere, nahiko emakume jasangaitza egiten zitzaion.

        Alabaina, goiz hartan Fusako halako samurtasun geldiarazleak hunkitua zegoenez gero, aktoresaren akats eta trauskilkeria guztiak, kristalontzi barruko arrainak bezain inozo eta kaltegabeak iruditu zitzaizkion.

        — Udazkena gainean dugunez, hasieran pentsatu nuen jertseak opari onak izango zirela. Baina opari hauek udan Europan erosiak izan behar dutenez, azkenean Cardin tertziopelozko gorbatak aukeratu ditut, lau koloretako Jiff lumak, polo batzuk eta horrela, eta emakumeentzat lurrinak. Dena dela, nahi baduzu goiko bulegora igo gaitezke, han erakutsiko dizkizut-eta.

        — Eskerrik asko, baina ez dut batere astirik, orain presaka bazkaldu behar baitugu. Dena zure kontu. Garrantzitsuena horiek ongi biltzea da. Beraz, oparien nolakoa nabarmentzeko, kaxa eta paperak nabarmendu behar, ezta?

        — Jakina baietz. Oparizorro ederrak egingo ditugu, beti bezala.

 

 

        Aktoresa zihoalarik. Yokohama Biltegi Konpainiako idazkaria heldu zen, eta huraxe izan zen ohiko bezeroetako azkena, izan ere gainerakoak arruntak izan baitziren.

        Ohi bezala, bazkaltzeko, Fusakok kalez bestaldeko alemaniar kafetegitik sandwich batzuk eta tea ekarrarazi zituen, eta plateren aurrean atzera ere bakar baino bakarrago geratu zen.

        Aulki gainean gorputza bihurritzen aritu zen behin eta berriz, jaiki ondorenean ere berriro ametsetan murgiltzeko oheratzen direnen gisa berean, eta bi egun lehenagoko Rakuvoren zubi gainera aise itzuli zen.

        Tsukazakik ama-semeak deskarga ikustera eraman zituen. Beheko kubiertara jaitsi eta handik laugarren sotoan lanean zebilen jendea ikusi zuten.

        Sotoko sabaizuloak aho ilun eta irekia zirudien, lurrean eginiko pitzadura bailitzan. Ohol estu batetik urruneko garabiaren nondik norakoak zuzenduz, kasko horiarekiko gizon bat ari zen, esku keinuka.

        Soto ilunxkaren hondoan, han-hemenka, deskargarien gorputz erdi biluziak ikusten ziren.

        Sotoko zama ezin zen eguzkiratu harik eta garabi besoak gora igo eta sabaizulo gainean kili-kolo agertu arte. Eguzki printzek, bestalde, airez zihoan zama gainean di-da argi-itzalezko marrak sortzen zutelarik, zama are azkarrago abailtzen zen ontzitzarren gainera.

        Prestakuntza ikaragarri mantso hura, zama erraldoi bakoitzaren bat-bateko hegaldia, altzairuzko kable zaharkituaren zilar distira arriskutsu eta bizia.... hori dena ikusten zuen Fusakok goardasol zabaldua sorbaldan ezarria zuelarik. Eta garabiaren beso sendoak hausnarketa eta prestakuntza luzearen ondoren zama astunak bata bestearen ondotik jasotzen zituen bezala, Fusakok ere bere baitatik halakoak jasotzen arituko bailiran sentitu zuen. Sotoan betiko jarraituko zutela ziruditen zamak halako batean aireratzen ikustea, Fusakori sinestezina eta behin eta berriro miresteko modukoa zitzaion. Sototik kanporatzea batetik zamaren patua izan zitekeen, baina baita, halaber, mirari iraingarria ere.

        — Hustu, hustu eta hustu ari da —pentsatu zuen Fusakok.

        Urrikalgaitz, zalantza eta akidura uneak gorabehera, lanak aurrera jarraitzen zuen eta une haiek denbora zorabiozkoa, estua eta motela osatzen zuten. Konortea galtzeko moduko denbora bero eta etengabea. Beharbada orduantxe izango zen Fusakok hau esan zuenean:

        — Mila esker hainbeste gauza interesgarri erakusteagatik. Ardura ez bazaizu eta beste hitzordurik ez baduzu, bihar afaltzera gonbidatuko zintuzket.

        Fusakok oso lehor eta hotz esandako hitz haiek gonbidapena konpromisozkoa egin zuten, baina Tsukazakiri, ostera, beroak pasatako emakume baten hitz txepelak iruditu bide zitzaizkion. Marinelak emakumeari begiratu zuzen eta susmagarria zuzendu zion. «Bart New Grand Hotelean afaltzera gonbidatu nuen —pentsatu zuen Fusakok—, soil-soilik eskerrak emateagatik. Ez nuen bestelako asmorik izan. Berak ofizial bati dagokion gizabidez afaldu zuen. Eta gero afalosteko ostera luze hura. Etxeraino lagundu nahi ninduela esan zuen, eta Yamate auzuneko parke berriraino heldu ginenean, elkar agurtu ezin eta portuko ikuspegia eskaintzen duen muinoko eserleku batean jesarri ginen. Gero luzaroan solastatu ginen. Amaierarik gabeko solasaldia gurea... Senarra hilez geroztik, behin ere ez dut gizonekin halako hizketaldi luzerik egin...»

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia