II. KAPITULUA

 

        Ryuji Tsukazaki, harriturik, latoizko ohe ezezagun batean esnatu zen. Alboko ohea hutsik zegoen. Emekiro, lokartu aurretik Fusakok esana zionaz oroitu zen: Noboru Kamamurako lagunaren etxera igeri egitera joatekoa zen eta, beraz, goizean goiz itzarri beharra zeukan; semea bidali ondoren berriro logelara itzuliko zela eta ohean lasai eta isilean egon zedila.

        Ryuji mesanotxe gainean haztaka ibili zen, erlojuaren bila, eta hura eskuan harturik, gortina meheak zeharkatzen zituen eguzki argitan ordua begiratu zuen. Zortziak hamar gutxi. Artean semeak etxean behar zuen.

        Lau orduz egona zen lotan; itsasontziko guardialdia amaitu ohi zuen tenore bertsuan lokartu zen.

        Kuluxka bat besterik ez izanagatik, burua oso argi zuen eta gauez izandako atsegin handia artean bere baitan kuzkurtzen zen, hala nola biltzen den malguki baten espiral gotorra. Nagiak atera eta, besoak bularraldean gurutzatzean, gortinatiko argitan urre kolorea bereganatzen zuten besoen ile kizkur distirakorrak ikusirik, oso pozik jarri zen.

        Goiza izan arren, ordurako bero handia egiten zuen eta gau osoan irekirik egondako leihoko gortinak mugitu ere ez ziren egiten. Ryujik berriro ere nagiak atera eta luzatutako esku batekin mesanotxe gaineko haizagailua piztu zuen.

        «Bigarren ofiziala: guardiarako ordu laurden bat besterik ez. Prest egon zaitez.» Ametsetan, aski argi entzuna zuen lemazainaren deia. Eguna joan eguna etorri, Ryujik eguerditik arratsaldeko laurak arte egin ohi zuen guardia eta, gauez, ostera, gauerditik goizaldeko laurak arte, itsasoa eta izarrak lagun.

        Rakuyo merkatalontzian, eskifaiak Ryuji bakarzale eta arrarotzat zuen. Marinelek atsegingarri zituzten berriketetan parte hartzeko ere ez zen gai. Emakume kontuak, lehorreko pasadizoak, era askotako fanfarroikeria amaigabeak... Bakardadea arintze aldera egindako solasaldi mamirik gabeko haiek, edota gizonen arteko anaitasuna ziurtatzeko zeremoniak ez zituen batere gogoko.

        Marinel gehienei itsasoa maitatzetik datorkie itsasgizon izateko irrika; Ryujiri zegokionez, ostera, esan zitekeen itsasoarekiko maitasunagatik baino, lehorrari zion gorrotoarengatik hautatua zuela marinel bizitza. Okupazio armadaren aginduz, itsasontzi japoniarrei debekatua zitzaien itsaso zabalean nabigatzea, baina Ryuji Merkatal Nabigazio Ikasketak amaitu eta itsasoan hasi zenerako, amerikarrek bertan behera utzia zuten debeku hura. Hargatik, gerraostean lehendabizikoz zabaldutako nazioarteko itsasbidez, Ryujik Taiwan eta Hong Kong-era joateko aukera izan zuen. Gero India eta Pakistan ere bisitatu zituen.

        Tropiko aldeko lurretako gauzek egundoko poza ematen zioten marinel gazteari. Itsasontzia porturatu orduko, bertako haurrak inguratu ohi ziren, beren platano, papaia, anana, kolore biziko txoritxo eta tximinokumeen truke, nylonezko galtzerdiak eta erlojuak lortu nahian. Ryujik ibai lohitsuan itzala zabaltzen zuten palmondoak maite zituen. Hainbeste erakartzen zuten marinela, non bere aurreko bizitzan zuhaitzik ohikoena izango zela pentsatzen baitzuen.

        Alabaina, denboraren poderioz, atzerriko gauzekiko axolagabeago egin zen.

        Ryujiren baitan marinelen izaera osaturik zegoen. Ez itsasokoa ez lehorrekoa ez den izaera argiezina, beraz. Beharbada, lehorrari gorrotoa diotenek hobe dute lehorrean geratzea. Zeren eta lehorretik urrundu eta luzaz nabigatzen aritu behar izateagatik, azkenean nahitaez gorroto duten horretxekin hasten baitira ametsetan, lehorrarekin alegia. Eta hori bai xelebrekeria.

        Zerbait gorrotatzen bazuen, Ryujik lehorrak hain bereak dituen egonkortasuna eta itxura aldagaitza zen. Baina itsasontzia, finean, beste presondegi bat zen.

        Hogei urtetan, barren-barrenetik honela esan ohi zion bere buruari: «Loria! Loria! Loria! Loria besterik ez dut nahi!»

        Alabaina, inondik ere ez zekien zer nolako loria nahi zuen, ezta zein loria mota merezi zuen ere. Munduko iluntasunaren hondoan argi ñimiño bat zegoela, horixe baino ez zuen sinesten, eta argitxo hori berarentzat ez beste inorentzat prestaturik zegoela, eta beraz, berari ez beste inori ez zitzaiola hurbilduko.

        Zenbat eta gehiago pentsatu, hainbat eta argiago ikusten zuen, berak loria eskuratu ahal izateko, mundua itzulipurdikatzea ezinbestekoa zela; munduaren erorketa eta loria, biak uztarturik zeuden. Ryujik ekaitza piztea nahi izaten zuen. Itsasontziko bizimoduak, haatik, naturaren lege ordenatuak eta mundu aldakor haren egonkortasun dinamikoa besterik ez zion erakusten.

        Marinelek egutegiko zenbakiak banan-banan ezabatzen dituzten bezala, Ryujik halatsu aztertzen zituen bere amets eta desirak, eta haiek banaka-banaka ezabatzen hasia zen.

        Noizean behin, gaueko guardialdian, bere loria itsas sakonera beldurgarrietatik sortzen sentitzen zuen, eta halakoetan, gizakien munduko amildegi gainean, bere heroi itxurako irudia proiektatu nahi izaten zuen, urak argitasunez gainezka pizten dituzten noktiluken gisa.

        Halako gauetan, lema gela zuritu hartan, lema, radar, tutu-megafono, konpas magnetiko, sabaian eskegi urre koloreko kanpaia eta abarren nahasmenean, itsu-itsuan, Ryujik zera sinesten zuen: «Adur berezi bat egon behar da niretzat egokiturik. Adur distiratsua ni ez beste inorentzat gertu, eta ez inongo gizakume kaxkarrentzat.»

        Aldi berean, Ryujik modako kantuak atsegin zituen. Lehorrean azken diskoak eskuratu, nabigatu bitartean kantuak gogoz ikasi eta atsedenaldietan, norbait inguratzen sumatzen zuenean salbu, kantatzeari lotzen zitzaion. Marinel kantuak zituen atseginen, marinel harroek gorrotatzen zituzten haiexek, eta gogokoena «Ezin marinel bizitza utzi» zuen.

 

                Sirena-hotsa uluka, sokak askaturik,

                portutik abiatuko da itsasontzia.

                Marinel lanetan emanen dut bizia,

                baina urrunduz doan berria agurturik,

                ene baitan nahi gabe sortzen da tristezia.

 

        Kantu huraxe entzun ohi zuen eguneko guardia amaitu eta, afaldu arteko atsedenaldian, kamarotean sartzen zelarik; eguzkia kamarotean labaindu bitartean, bakardadean, hamaika bider errepikatzen zuen. Bolumen apalean entzuten zuen gainera, batetik lankideek musika hura entzutea nahi ez zuelako eta, bestetik, beldur baitzen musika entzunik berehala agertu eta berriketan hasiko ote zitzaizkion. Baina gainerako marinelek ongi ezagutzen zutenez, inortxo ere ez zitzaion ikustaldi bat egitera joaten.

        Batzuetan, poeman halatsu, kantua entzun edota abestu bitartean malkoak isurtzen zitzaizkion. Batere familia, ahaide eta seniderik gabeko marinel bakartia «urrunduz doan herria» hura entzunez hunkitu egiten bazen ere, negarra begietara etortzen zitzaion, auskalo nondik, barne-gune menperaezinen batetik ala nahitara garaitu gabe utzitako toki urrun, ilun eta indarge batetik.

        Alabaina, itsasontzia lehorretik benetan aldentzen ari zelarik, malkoak ez zitzaizkion sekula ateratzen. Aitzitik, begirada iraingarriz ikusi ohi zituen kai, atrakaleku, garabi eta biltegietako teilatuak emekiro lurruntzen.

        Hastapenean izandako sentipen beroak, marinel bizitzan emandako hamar urteren buruan erabat hozturik zeuden. Bien bitartean hau besterik ez zuen lortu: larru beltza eta begi zorrotzak.

        Guardian egon, lotara joan, esnatu, atzera ere guardiara, lotara... Ahal zuen guztietan bakarrik egoten saiatzen zenez, inoiz kanporatu gabeko sentimenduak bere baitan pilatzen zitzaizkion, eta baita dirua ere. Eguzkiaren altuera neurtzen trebatuago, izarren gero eta lagun handiago; kubiertako lanetan edo sokekikoan iaioago, gaueko kresal hotsa eta itsasoaren taupadak bereizten abilago; tropiko aldeko hodei multzo distiratsuak eta koral itsasoko koloreak ikusten ohituago, hainbat eta diru gehiago metatzen zitzaion bere libretan, eta ondorioz, bi miloi yen inguru izango zituen kutxan aurrezturik, esan nahi baita, ofizial soil batek sekula biltzerik izango ez zuen dirutza.

        Lehen dastatua zuen diru xahuketaren plazera. Estreinako nabigazioaldian Hong Kong-en lehorreratu zirenean, ofizial nagusi batek emagaldu txinatar batengana eraman zuelarik, haretxekin urratu zuen bere birjintasuna.

 

 

        Latoizko ohean erretzeari eman eta haizagailuari zigarro hautsak barreiarazten uzten ziolarik, bartko plazeraren zer nolakoak eta Hong Kong-en izandako aurreneko plazer xumearenak alderatzen jardungo balu bezala, Ryujik begiak erdi itxirik zituen.

        Une hartan, bere begien barnealdean, Hong Kong-eko kai iluna, hura milikatzen zuen ur uher astuna eta sampan piloaren argi ahulak agertu ziren.

        Masta eta lasto-oihal nahasmen haren bestaldean, aski urrun, Hong Kong hiriko etxe-orratzen leihoetako argiek eta Coca-Cola-ren neoi-argi distiratsuek galarazi egiten zuten gertueneko argi ahul, erdi itzaliak ikustea, eta urruneko neoi-argiak ziren hemengo ur beltzean islatzen zirenak.

        Ryuji eta ofizial nagusia, adineko emakume batek gidatzen zuen sampanean zihoazen. Txopa aldeko arraunak isil eta samur mugitzen ziren eta ontzia kai estu hartan barrena irristatuz zihoan. Eta hantxe agertu ziren nesken gela argiztatuak, lerro-lerroan, eta argi horien islak distiraka ur azalean.

        Loturiko sampan mordo batek, urezko patioa hiru aldetatik zedarritzen zuen. Ontzixka haien brankako oholetan intsentsua erretzen ari ziren eta, zutik, leinuaren jainkoa gorestearren, paperezko banderatxo gorri-herdeak zenbait makilaz lagundurik ageri ziren. Toldo erdi biribilaren barnealdean, oihal loreduna ezarria zegoen. Hondoan, oihal berdinarekin egindako aldare moduko baten kontra, ispilu bat. Sampan haien aurretik igarotzean, Ryuji eta ofiziala zihoazen ontzia ispilu bakoitzean balantzaka islatu zen, nesken gela batetik bestera.

        Neskek ezikusia egiten zuten. Haietako batek, hotzak, tapakitik burua besterik ez zuen aterea, eta bere begitartea panpina batena bezain zuri eta leun ikusten zen. Eta beste bat, gorputza koltxoi baten gainean erdi altxaturik, azti baten gisa ari zen kartak botatzen, eta bere atzamar mehe horizten artetik karten atzealdeko marrazki gorri urre kolorekoak begi bistan uzten zituen.

        — Zein neska nahi duzu? Denak gazteak dira —galdegin zion ofizial nagusiak.

        Ryujik, ostera, ez zion arrapostu. Bere bizitzako aurreneko neska Hong Kong-eko itsas ur arreetako argi isletan ezkutaturik gogoratzeak, eta alga zikin gorrizta haien bila 16.000 legoatako bidea egina zuela pentsatzeak nekea eta zorabioa sentiarazi zion. Edozein gisaz, neskak zinez ziren gazte eta xarmantak. Eta ofizial nagusiak neska hautatzeko esan baino lehen ere, Ryujik bazuen bat aukeratua.

        Hautatu neskarekin sampan batera igaro zenean, hotzak zegoen begitarte hori eta zimurtsuko emagalduari bat-batean irribarre alaia zabaldu zitzaion. Eta hura ikusirik, neskari zoriona ekarriko ziola pentsatu behar izan zuen. Neskak itxi egin zituen sarrerako gortina loredunak.

        Dena isilean eta hitzik gabe burutu zuten. Ryujik, apur bat buruiritzirik, dardarizo bat nabaritu zuen, mastan gora estreinako aldiz igo zenean bezalaxe. Gerritik behera tapaki eta koltxoien artean, neska mantso mugitzen zen, negualdia erdi lotan ematen duen animalia ttiki baten gisa; eta Ryujik zera sentitu zuen, gauaren izarrak mehatxukor abailtzen zirela mastako puntaren kontra. Izarrek aurrena mastaren hegoaldera egiten zuten, hurrena iparraldera, hurrenago ekialdera oso eta, finean, irudipena izan zuen denak mastari oldartzen zitzaizkiola. Aurrean zuena emakume bat zela garbiro ohartu zenerako, dena amaitua zegoen.

 

 

        Atea jo eta Fusako Kuroda azpil batean gosaria zekarrelarik gelara sartu zen.

        — Barka, berandutu egin zait. Noboru oraintxe irten da —esan zuen. Ondoren Fusakok azpila leiho ondoko te mahaian utzi eta gortina-leihoak ireki zituen.

        — Haize izpirik ere ez dabil. Gaur ere bero egingo du.

        Leiho ondoko itzalak ere, asfalto errea bailitzan, bero baino beroagoa zirudien. Ryuji Tsukazakik, ohean erdi altxaturik, izara zimurtuez inguratu zuen gerria. Fusako lanera joateko prestaturik zegoen. Bere besoak, lehen Ryuji besarkatzeko bezala, orain kafea egiteko mugitzen ikustea, gizonari bitxia iruditu zitzaion. Ez ziren bartko besoak.

        Ryujik, Fusakori beregana egiteko keinuak egin eta musu eman zion. Emakumearen begiak itxirik egonagatik, marinelak artega zegoela antzeman zion, izan ere haren betazal emeek argiro erakusten baitzuten begien mugimendu urduria.

        — Zer ordutan joango zara dendara?

        — Aski dut hamaiketarako han egotea. Eta zu?

        — Tarte batean itsasontziraino inguratuko naiz.

        Bart sortutako egoera berriak aztoratu samartuak zituen. Gainera, bien arteko adeitasuna ere aztoramen harexek eragindakoa zen. Ryuji, berak jende xehearen harrokeria neurrigabea deitu ohi zuenarekin, aztertzen ari zen zenbaterainoko ausardia erakusten ahal zion.

        Ryujik kontu egin zuen Fusakoren begitarte alaiak gauza asko adierazi nahi zituela; gaua berarekin pasa ondoren berpiztua zela, edo gauean izandakoaz jadanik ahantzirik zegoela, edota, bai bere buruari nola mundu guztiari, erakutsi nahi ziola gau hura ez zela huts egite bat izan.

        — Hemen gosalduko duzu, ezta? —esan eta sofarantz joan zen Fusako. Gizona brast jaiki zen ohetik.

        Emakumea leihotik portura begira zegoen.

        — Zure ontzia hemendik ikusiko balitz...

        — Kaiaren mutur-muturrean dago, ainguraturik... —esan zuen Ryujik, eta emakumearen gorputza atzealdetik besarkatuz, portuari so geratu zen.

        Leihoen bestaldean, biltegi zaharren teilatu gorriak ikusten ziren, lerro berean, eta iparraldeko Yamashita Kaian, apartamentu gisako hormigoizko biltegi berriak ageri ziren, erdi eraikirik. Itsasadarra, hara-honaka zebiltzan txalupa eta gabarrez gainezka zegoen eta biltegi sailaren harantz aldean, zurtegiak zurezko mosaikoa zirudien, ohol luzeak itsasgainerantz luzaturik zeudelarik. Burdinazko maketa erraldoi baten gisa, portuko paisaia haren gainean uda goizeko eguzkia altxatzen ari zen eta haren printzek, mailakaturiko metal-orri finak bailiran, dirdira egiten zuten.

        Ryujik ukitu egin zituen emakumearen liho urdineko soinekoan nabarmendutako bularrak. Fusakok apur bat burua goratu eta bere ilaiak gizonaren sudur punta kilikatu zuen. Marinelak kontu egin zuen distantzia handia ibili behar izan zuela (antipodetatik etorri izan balitz bezala) halako sentipen betera iritsi ahal izateko, eta sentipen bete hura, han, leiho baten ondoan eta udako goiz batez, hatz-mamietako urduritasun bizi batean gauzatzen zitzaion.

        Gelan, kafe eta marmelada usaina nagusitzen zen.

        — Noboru ohartu dela dirudi... Baina atsegin zaituela ematen duenez, bost axola guri. Dena dela, oraindik ez dut ulertzen nola gertatu zaigun hau dena —esan zuen Fusakok bere ahotsa apalaraziz.

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia