I. KAPITULUA

 

        — Ongi lo egin, laztana.

        Amak, Noboruren logelako atea itxi eta giltzatu egin zuen. Zer egingo ote zuen suteren bat piztuko balitz? Lehenik eta behin semea logelatik atera, halaxe agindua zion semeari. Baina suak zurezko atea berotu eta, haren eraginez, pintura urtuak sarraila-zuloa estaliko balu? Ba al zuen leihotik kanpora irteterik? Behealdean hartxintxarrezko bide bat zegoen eta, bestalde, etxe luzanga haren lehendabiziko solairuak etsitzeko moduko altuera zuen.

        Dena dela, Noboru bera izan zen erruduna. Behin, gauerdi batez eta buruzagiak hala agindurik, isilka-misilka kalera irten zen. Halakorik gertatu izan ez balitz bederen... Batera nahiz bestera, amaren errieta latzak eta galdera amaigabeak gorabehera, Noboruk ez zuen buruzagiaren izena azaldu.

        Yado muino gainean bizi ziren, Yokohaman, aita zenak altxaturiko etxean. Gerraostean, okupazio armadak etxea soldaduen bizitokitzat hartu zuenean, goiko solairuko logela guztietan bainutoki bana ezarri zuten. Gauez logelan giltzapeturik egotea, beraz, ez zen hain ezerosoa, baina bai irain handia hamahiru urteko mutilarentzat.

        Etxean bakar-bakarrik geratu behar izan zuen goiz batez, etsaiak harturik, Noboru logela itzulipurdikatzen hasi zen. Bere logela amarenetik bereizten zuen horman kaxoiekiko komodatzar bat zegoen. Hango kaxoi guzti-guztiak atera eta barruko arropak zorura botatzen ari zelarik, komoda hustu berriari argi izpi bat zeriola ohartu zen.

        Burua komodako hutsune hartan sartu eta argiaren sorburua aurkitu zuen: distiratsu eta bizia zen udako eguzkiaren argia, itsasoan islatu eta amaren gela huts hura betetzera zetorren. Komoda barruko espazioa aski handia izaki, erraz sar zitekeen behin makurtuz gero. Pertsona heldu batek ere, baldin eta etzaten bazen, bazuen sabeleraino sartzerik.

        Hormako zirrikitutik amaren gela aztertuz, hura sekula ikusi gabea zelako irudipen harrigarri eta kilikagarria izan zuen.

        Ezkerreko hormaren alboan, aita zenak Estatu Batuetatik ekarrarazi zituen New Orleans estiloko latoizko ohe parea zegoen. Bat ohagain xuriz txukun-txukun estalirik zegoen eta izaran K handi bat ageri zen (Kuroda baitzen familiaren deitura.) Haren gainean, zinta urdin argiz apainduriko lastozko kapela urdin-ilun bat zegoen. Mesanotxe gainean, ostera, haizagailu elektriko bat, hau ere urdina.

        Eskuineko leiho ondoan apain-mahaia zegoen, hiru ispilu obal-antzekorekin hornitua. Ispiluak zabaldu antzean zeudenez, goiko ertzak distiratsu ikusten ziren, izotz puskak balira bezala. Ispiluen aurrealdean, flaskoz osatutako ziutate ñimiñoa eraikia zegoen: eau de Cologne flaskoak, lurrin sprayak, labanda ura, dizdiz egiten zuen Bohemiako kristalezko kopa bat... Puntuzko eskularru marroi pare bat ere bertan utzirik zegoen, zimur-zimur, zedro hosto zimelduak bailiran.

        Apain-mahaiaren alboan, sofa bat, bi besaulki, lanpara bat eta mahai baxu, fin bat. Sofa hartan bermaturik, brodatu danbor bat zegoen, zeinak, erakusten zuen zilar gris koloreko zetazko oihalean, marrazki bat erdi amaiturik baitzuen. Molde hartako brodaketa aspalditxodanik zaharkiturik egon arren, amak era guztietako eskulanak maite zituen. Zirrikitutik ez zen oso ongi antzematen zein marrazki zen, baina loro ttiki ñabar bat edo zirudien. Brodaduraren alboan, bertan behera utzirik, nylonezko panty pare bat zegoen. Sasi damaskoko sofa hura eta nylon fineko pantyak elkarren ondoan egoteak, gelari halako aztoramendu kutsua ematen zion. Beharbada, etxetik irten eta pantyak urratu bat zuela ohartzean, amak beste batzuk hartako zituen.

        Leihotik begira, zeru itsugarria eta hodei puska batzuk besterik ez zuen ikusten, zeinek, uretan islaturiko argiaren eraginez, esmaltea bezain distiratsu eta gogor irudi baitzuten.

        Noboruk ezin zuen sinetsi, zirrikitu hartatik ikusten ari zena zer eta amaren logela izan zitekeenik. Puska baterako kalera irten den neska ezezagunen batena edo iruditu zitzaion. Alabaina, zerbait argi baldin bazegoen, horixe gela emakume batena izatea zen, inongo zalantza izpirik gabe. Emetasuna gelako zoko-moko guztietan dardarka ari zen, eta airean, aldiz, lurrin soil eta hezea hegaldaka.

        Bat-batean Noboruk halako burutapen bitxia izan zuen: hormako zirrikitu hura, berez egindakoa ote zen ala... gerraostean etxe hartan familia batzuk elkarrekin bizi zirenekoa...?

        Halako batean irudipena izan zuen berea ez beste gorputz bat, horaila, iletsua, komodako espazio hautseztatu eta estu hartan egona zela, nekez, eta goragalea sentitu zuen, ezen gogoeta hark inguruko airea gozo-garratz eta higuingarria bihurtu baitzuen.

        Komodatik gorputza bihurrituz eta herrestaka irten bezain agudo, tximistaren pare sarta zen amaren logelan. Atea zalapartaka ireki eta gelan sartu zeneko sentipen estrainioa sekula ez zitzaion ahantziko.

        Aurrean zuen amaren gela ohikoa eta beti bezalakoa zen, hormako zirrikitutik ikusitakoarekin antz arrastorik ere ez zuena. Amak gela hartan lagundu izan zion eskolako lanak egiten, brodaketa alde batera utzirik eta aharrausi egiteko gogoari eutsirik; gela hartara kexatzera eta asaskatzera joan ohi zen («Inoiz ez duzu gorbata ongi jartzen», edo «Itsasontziak ikusi nahi dituzula-eta, bada garaia nire gelara etortzeari utz diezaiozun, laztana, jadanik ez baitzara umetxo bat»); gela hartan amak dendatik ekarritako kontu liburua aztertzen zuen; gela hartan zerga aitorpenaren gainean gogoetatsu egoten zen...

        Noboru amaren gelara ematen zuen zirrikitua bilatzen saiatu zen. Langintza hura, ostera, ez zen batere erraza izan, ezen, zirrikitua ondo txikia izateaz gain, horman bazen marrazki zizelatuekiko panel bat eta haren zati batek ederki gordea baitzuen.

        Noboru korrika batean itzuli zen bere gelara, eta zoruan barreiaturik zeutzan arropak tarrapataka bildurik, kaxoietan ipini zituen ostera ere. Den-dena txukun eta lehen bezala jarri ondoren, bere buruari agindu zion arreta handiz ibiliko zela jende heldua zirrikituaren sekretuaz jabe ez zedin.

 

 

        Zirrikitua topatu eta handik puska batera, Noboru gauez amari zelata egiten hasi zitzaion, batez ere hark errietan ematen zion gauetan; logelan sartu bezain laster, zaratarik ttikiena ere atera gabe, kaxoiak atera eta lotara joan aurretik, amari begira-begira egoten zitzaion, aspergabe. Aldiz, amak semearekin atsegin eta adeitasunez jokatzen zuenean, ez zen sekula zelatan egoten.

        Gisa hartan jakin zuen, bada, Noboruk, amak oheratu aurretik biluzik egoteko ohitura zuela. Zirrikitutik begiraturik, amaren gelan bazen begi bistan geratzen ez zen ispilu handi bat, eta ama biluztuak ispilurantz egiten zuenean, Noboruren amorrurako, bere ikusmiratik desagertzen zen.

        Amak artean hogeita hamahiru urte besterik ez zituenez, eta astero tenisean jokatu ohi zuenez, gorputz lirain eta ederra zuen, gizenik bildu gabea. Bere soinaren xoko-moko guztietan kolonia Lira igurtzi ondoren sartu ohi zen ohean, baina gau batzuetan, sukarrarekin balego bezala, ispilu aurrean eseririk egoten zen, begiak erdi itxirik, geldi, atzamarrak —Noboruren usaimenera heltzeko adinako lurrin sarkorra zuten atzamar haiek—, mugitu gabe. Orduan, amaren atzazaletako margo gorria odoltzat harturik, dardara batean hasten zen seme zelataria.

        Huraxe izan zen, bada, Noboruk emakume baten gorputza zehatz-mehatz ikusi zuen lehendabiziko aldia. Amaren sorbalda, muino ttipi bat irudi, hondartzaren bateko pendiz leunaren gisakoa zen. Eguzkia hartzearen poderioz, lepo-besoak beltzaranduak zituen, baina bularretik behera kutsatu gabe zegoen, zuri-gorrixka, harrenetik argitua bailegoen. Malda zorrotzeko bere bular nabarmen haiek laztantzen zituelarik, ardo koloreko bi ditiburuak elkarrengandik banandu-edo egiten ziren, dantzan bezala. Sabelak bazuen halako dardarizo ahul eta xumea, eta erditu izanaren orbaina ageri zitzaion. Noboruk bazuen hartaz zerbait irakurria, non eta, merkatal eskuliburu eta loragintza liburu baten erdian, han, liburutegiko apalik altuenean eta atzekoz aurrera zegoen liburu gorri eta hautseztatu batean.

        Begirakunea orain haren ingurune beltzean iltzatu zitzaion. Hura ongi ikusteko egokieraren bila ibilita, betertzak mindu egin zitzaizkion; ez, ezin zen nahi bezain ongi ikusi. Mutikoa ahalik eta hitz lizunik gehienak oroitzen ahalegindu zen, baina hitz haiek ez zuten sastrakadi hartan sartzerik.

        Beharbada lagunek arrazoia zuten emakumearen zer hari «eme abandonatu, xume, urrikalgarria» deitzean. Alabaina, emakumearen zer hura etxe abandonatu izateak, ba al zuen zerikusirik Noburuk bere baitan sentitzen zuen hutsunearekin? Eta izatekotan, zer nolakoa?

        Bere hamahiru urterekin, Noburuk besteak ez bezalakotzak jotzen zuen bere burua (lagun taldeko guztiek bezala, bestalde), eta ziur zegoen mundua zenbait seinale eta erabaki xehetara mugatzen zela; gizakia jaiotzeaz batera, bere bizitza heriotzaren menpe geratzen zela, eta honen zeregina, bizitzan sustraituriko heriotzaren hazia ureztatzea besterik ez zela: umegintza fikzio hutsa zelakoan zegoen, eta gisa berean baita gizartea ere, eta munduko gurasoak eta irakasleak, guraso eta irakasle izate hutsarengatik, errudunak zirela. Hargatik, bere aitaren heriotza (berak zortzi urte zituelarik) zorioneko gertakaria izan zen, harro sentitzeko moduko zerbait.

        Ilargi gauetan, ama, lanpara itzalirik, ispilu aurrean larrugorritan jartzen zen! Ama ikusmiratik galtzeak Nobururi bihotzondoko sakona eragiten zion eta begiak bildu ezinik egoten zen. Ilargiak isurtzen zituen argi eta itzal samurretan, itsuskeria zabaldu eta mundu osoa estaliz joaten zen.

        «Ameba bat banintz —pentsatzen zuen mutilak—, gainditu egingo nuke itsuskeria hori nire gorputz mikroskopikoa dela medio. Gizaki gorputz ez ttiki ez erraldoi honekin ez daukagu ezertxo ere gainditzerik.»

        Gauez, zabalduriko leihotik, noizean behin itsasontziren baten sirena-hots ikaragarria heltzen zitzaion, amesgaizto baten erasoa bailitzan. Amak jator eta samur jokatuz gero, mutila zirrikitutik zelatan egin gabe ohera joan zitekeen. Halako gauetan, ostera, ametsetan agertzen zitzaion logelako ikuspegi hura.

        Noboruk, bere bihotz gogorrarengatik harroturik, ametsetan ere sekula ez zuen negarrik egiten. Bihotz gogorra. Burdinazko aingura distiratsu eta erraldoi baten gisakoa, itsasoaren hondamenari aurre eginez lanperna eta maskorrak mesprezatzen zituena: botila hutsak, profilaktikoak, zapata hautsiak, hortzak eskas zituen orrazi gorri bat eta garagardo botilen tapoiez beteriko itsas hondoko lohipean murgiltzen zihoana.

        Egunen batean, bihotz gainean aingura baten tatuaia eramatea zen bere ametsa.

 

 

        Udako oporraldiaren hondarrean, Noboruri gaurik desatseginena ustekabean etorri zitzaion, bai ustekabean etorri ere. Ez zuen izan haren etorrera aldez aurretik igartzerik.

        Arratsalde batean gertatu zen. Ama kalera joana zen. Bezperan ama-semeak itsasontzi bat ikusten aritu ziren, eta hango gidaritza lanak hain egokiro egin zituen bigarren ofiziala, Tsukazaki izenekoa, amak afaltzera gonbidatua zuela argitu zion.

        Azpi-jantzi gorrilunaren gainetik, zeta puntuzko kimono beltzez eta brokadozko gerriko zuri eta zabalez jantzirik, amak esan ezin ahalako edertasuna lortua zuen.

        Gaueko hamarrak aldean Tsukazakirekin etxeratu zen. Noboruk ongi etorria egin zion, eta txispaturik zegoen marinela itsasontzien gainean kontu-kontari hasi zitzaion. Hamar t'erdiak aldean, oheratzeko ordua zela-eta, amak semea logelara bidali eta giltzapean utzi zuen.

        Gaua sargori baino sargoriagoa izaki, Noburuk doi-doi hartzen zuen arnasa komoda barrenean. Beraz, kanpora ateratzea erabaki eta ondo-ondoan eseri zen, kukubilkaturik, behar zen garaian barneratzeko gertu. Hamabiak joak zirelarik, eskaileretan gora egiten zuen oin-hots apala entzun zuen. Ilunpetan, ateko txaramela jiratzen ikusi zuen, seguruenik ama izango zen, atea ongi giltzatua zegoen ala ez ziurtatzearren. Gero, amaren logelako atea irekitzen entzun bezain laster, izerditan blai, komoda barruan sartu zen.

        Amaren gelako leiho irekiaren kristalean, hegoaldean distiraka ari zen ilargiaren isla garbia ikusi zuen. Leiho haretxen kontra zutiturik, urrezko galoiekiko atorraren botoi batzuk askatuak zituelarik, bigarren ofiziala zegoen. Hurrena amaren bizkarra bistaratu zitzaion, marinelarengana hurbilduz eta gela zeharkatuz. Eta musu luze batean, elkar besarkatu zuten.

        Halako batean, gizonaren atorraren botoi bat ukituz, amak zerbait xuxurlatu zuen. Gero, lanpararen argi leuna piztu eta mutilaren begi bistatik ostendu zen; eta zirrikitutik ikusterik ez zegoen bazterreko armairu aurrean eranzteari lotu zitzaion.

        Gerrikoak, laxatzean, sugearen mehatxuzko abistua bezalako hots zorrotza egin zuen. Segidan kimonoaren ziri-zarak jarraitu zuen. Behingoan, amak erabili ohi zuen Arpège-ren lurrina hedatu zen. Gau sargorian etxera mozkorturik, oinez eta izerdi patsetan etorri ondoren, Noboruk ez zuen uste jantziak kendu eta oraindik ere hain lurrin sarkorrik zabal zitekeenik.

        Leiho ondotik, bigarren ofiziala Noborurengana begira zegoen. Lanpararen argitan, bere aurpegi belztuan begiak nabarmen distiratsu zituen.

        Lanpararekin nola-halako alderaketa eginez, Noboruk marinelaren altueraz kontu egin zuen. Ez zen metro hirurogeita hamarrera iristen, apur bat gutxixeago izango zuen. Ez zen, beraz, hagitz gizon handia.

        Marinela, atorraren botoiak askatzen hasi eta behingo batean biluztu zen.

        Amaren adinekoa-edo, haren gorputzak lehorreko gizonena baino askoz gazteagoa zirudien, itsasoak halaxe moldatutakoa bailitzan.

        Tenpluetako teilatuak antzo, sorbalda zabal eta karratuak zituen. Bular iletsua aurreraka aterea. Gorputzeko xoko-moko guztietan, zurdazko soka lodien antzeko giharrak antzematen zitzaizkion. Gorputzak, bere gogara erantz zezakeen haragi armadura bat irudi zuen. Eta orain, mutilak harriduraren harriduraz miresten zuen marinelaren sabelpeko sastraka artetik, harro baino harroago, gailentzen zen tenplu dorre distiratsua.

        Argi leunean, arnasketa sarkorraren poderioz, argi ikusten ziren bularreko ileak, beren itzal eta guzti, dardarka hasten. Eta mutilaren begirada sutsu eta arriskutsua, artean eranzten ari zen amarengan itsatsirik zegoen. Atzealdeko ilargi islaren eraginez, haren sorbaldak eta lepo sendoko arteriak urre kolorekoak bilakatzen ziren. Amaren soina haragizko urrea zen, benetakoa, ilargi argiak eta izerdi erluzetsuak eginiko urrea.

        Amari kosta egin zitzaion eranztea. Seguruenik, nahitara arituko zen hain emeki.

        Bat-batean, itsasontziren baten sirena-hotsa bete-betean durunditu eta logela ilun hartara zabaldu zen. Sirena-hots izugarria, neurrigabea eta derrigorrez tristezia eragiteko modukoa; sirena-hots bakartia, balearen bizkarraldea bezain beltz eta biguna: kresalak gordetzen dituen grinen eta milaka nabigazioaldiren oroimena; poz eta irain guztiez zamaturiko itsasoaren, eta ez inoren, negar auhena. Gauaren loria eta zoramenez beteriko sirena-hots hura durundaka sartu zen leihotik, berarekin urruneko itsas zabal eta ozeanoaren erditik nektar ilunaren egarria sortarazten zuelarik.

        Orduan Tsukazakik sorbaldak zakar jiratu eta itsasoari so egin zion.

 

        Mutila mirakulu baten aitzinean bezalaxe sentitu zen. Irudi zuen jaiotzetik bihotzaren hondo-hondoan gordea zeukan zerbaitek, une hartantxe mugagabe hedatu eta bere osotasuna lortu zuela.

        Sirena-hotsa entzun arte, zerbait delako hura marrazki lausotu bat besterik ez zen. Material ongi hautatu eta ezinbestekoak gertu izanik ere, eta dena une bikain baterantz abiaturik egon arren, osagai bat eskas zuen; beraz, begi itxi-ireki batean, mundu honetako material eta nahasmen honetatik jauregi zoragarri bat eraikitzeko indar berezi eta beharrezko bat falta izan zitzaion.

        Une hartan, jauregi akasgabea egiteko, sirena-hots hark gauza guztiei osotasun betea eman zien.

        Ordura arte, material ugari zegoen gertu, zalantzarik gabe, hala nola ilargia, itsas aldeko haize beroa, izerdia, lurrina, gizona eta emakumearen gorputz helduak, itsas bidaiaren lorratzak, munduko portu anitzen oroitzapenak, mundu horri begiratzeko zirrikitu ttiki eta itogarria, mutilaren bihotz gogorra... Karta sakabanatu haiek artean ez zuten deus adierazten. Baina sirena-hotsari esker, karta haiek halako lotura unibertsala lortu zuten, eta ondoren, Noboru eta ama, ama eta gizona, gizona eta itsasoa, itsasoa eta Noboru lotzen zituen bizitzaren zirkulu ezinbestekoa nabarmen egin zen.

        Noboru, izu-larriturik, izerdien eta lilurapenen sarean harrapaturik, konortea galtzeko zorian egon zen. Alabaina, ziur zegoen bere begi bistan, mataza nahasi batetik ateratzen zen hari batek irudi sakratu bat osatzen zuela. Eta inolaz ere ez zen hausten utzi behar, zeren eta hamahiru urte besterik ez izan arren, irudia berak egina izan baitzitekeen.

        — Inortxok ere ez du irudi hau apurtu behar. Hau apurtzen bada, akabo mundua. Hala gerta ez dadin edozein gauza egingo nuke, baita doilorkeriarik handiena ere —xuxurlatu zuen lilurapen erogarrien menpe zegoelarik.

 

 

 

© Yukio Mishima

© itzulpenarena: Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia