HITZAURREA

 

        a) Yukio Mishima

        Yukio Mishima idazle ospetsua (bere benetako izena Kimitake Hiraoka zen) Tokion, 1925eko urtarrilaren hamalauan jaio zen. Bere aita, Tokioko Unibertsitatean ikasketak amaitu ondoren, Estatuko funtzionario egin zen. Ama, berriz, antzinako filosofo baten ondorengoa eta Tokioko eskola ezagun bateko zuzendariaren alaba zen.

        Hiraokarrak, jatorriz, Hyogo probintziako (Japoniako mendebaldean, Osaka ondoan) nekazariak ziren, baina Yukioren aitona, Teitaro, probintzia hartatik Tokiora joan eta han zuzenbide ikasketak amaiturik, Estatuko goi funtzionario bilakatu zen. Alabaina, Yukiok ezer gutxi kontatzen du gizon ahaltsu eta erakargarri hartaz; agian bere amonaren begietatik ikusten zuelako eta hura senarraz oso ongi mintzo ez zelako. Amonaren izena Natsuko zen, antzinako Shogunen ahaidea, eta harro sentitzen omen zen bere odol jatorriarengatik. Eta Mishimak aitatasunaz zuen irudian aitona-amonen harreman hark eraginik izan zuela dirudi.

        Hiraokarren zorigaitza Teitarok zenbait gorabeherarengatik lanari utzi eta berehala hasi zen. Teitaro familia aurrera ateratzen saiatu zen arren, bere ahalegin guztiek porrot egin zuten eta zor handiak bereganatu zituen. Kontuak kontu, Mishimaren jaiotzarako familia estutasun ekonomiko larriegirik gabe bizi zen.

        Aginduei aski emana zen amona Natsuko; honela gogoratzen zuen bere bilobak: «Ene amona, arima maltzur, erorgaitz, zoratu eta poetikoa zen.» (Mozorro baten aitorkizunak) Andere harro eta prestu hark senarrari berebiziko gorrotoa zion, ez baitzuen bere lanbidean deus burutu eta beti erdi bidean geratu baitzen. Bestalde, ardo eta emakumeenganako zaletasunik ere erakusten zuen eta, jakina, Shogunen ahaideentzat laidogarria zen familian halako etxekalterik izatea. Etxearen hondamendi giro hartan, amonak zirenak eta ez zirenak pairatu zituen eta kontsolagarri zitzaiolakoan edo, izugarri maite izan zuen bere aurreneko biloba: Yukio. Maitasun itsu hark eraginik, mutila amarengandik bereizarazi eta berarekin izan ohi zuen. Beraz, amonaren gelan gorderik, Mishimak neskekin jostatzera eta liburuak irakurtzera beharturik igaro zuen haurtzaroa. Zalantza izpirik gabe, amonaren maitasun itsu hark eragin handia izan zuen bere bizitzan.

        Zergatik maite ote zuen hainbeste mutikoa? Familiaren oinordekoa izateaz gain, badirudi Mishima amonaren zoritxarrerako hagitz sentibera zela, eta nola edo hala hura lasaitzen eta kontsolatzen ahalegintzen zela. Hortixe datorke emakumeen grina eta sentimenduak agertzeko idazleak erakutsi zuen trebezia goiztiarra.

        Bestalde, Hiraokarrenean nabaria zen orduko giro burgesaren askatasuna eta giro berezia, zeinak Yukioren orrialdeetan barrena utziko baitu islarik.

        Mishimak hamalau urte zituela, amona Yatsuko hil egin zen, baina apur bat lehenago mutila bere gurasoekin bizitzen jarria zen. Orduan amaitu zen nolabaiteko kartzela giro hura, oharkabean mutilaren irudimena indartu eta idazteko zaletasuna piztua ziona. Bere amak, Shizuek, honda idazten du: «Ene semeak bost urte zituenerako, olerki moduko idazkiak egiten zituen, gu harri eta zur utzirik. Eta nik, semea idazteko gai zela ikusirik, gaitasun hori bultzatzeko ardura hartu nuen.» (Ene semea, Yukio Mishima).

        Horra hor ttikia izanagatik semearengan hitzen dohaina deskubritu zuen ama, ondorenean hura babesten ahaleginak eta bost egingo zituena. Amaren aldeko jarrera harekin, literaturak uztarturik, eztizkoak izan ziren ama-semeen arteko harremanak. Idazleak, haur denborako amaren irudia dela-eta, zera diosku: «Amonarekin bizitzera behartuta nengoenez, amak asko sufritzen zuen. Ama gordeka elkartu ohi zaigun pertsona mota horietarikoa zen, isileko maitale moduko bat. Amaginarrebarekin bizi zuen tirabirak eta seme gabeziak tristura eta sufrimendua zekarzkion. Hala ere, nire aurrean sekula ez zuen halakorik erakusten. Oso gogoan dauzkat amarekin ezkutuka kaleratzen nintzeneko egun benetan atsegin eta ederrak. (Amaren gainean kontu-kontari).

        Sei urte zituelarik. Mishima Gakushuin izeneko eskola pribatu eta entzute handikoan sartu zen. (Eskola horretan puntako familien seme-alabek ikasi ohi zuten, enperadorearen ondorengoak kasu.) Orduz geroztik, Unibertsitatean sartu arte, eskola hartan ikasten jardun zuen. Han poesia tradizionalarekiko zaletasun handia zegoen, eta bertako zenbait literaturzale eta irakasle ezaguturik, eskolako literatur klubeko aldizkarian poemak argitaratzen hasi zen. Emeki-emeki, nobelak, kritikak eta beste genero batzuetako idazlanak aurkeztu izan zituen, eta 1944an, hemeretzi urte zituelarik, bere lehendabiziko liburua (ipuin bilduma bat) plazaratu zuen.

        Bien bitartean, semea zenbat eta sakonago murgildu literatur munduan, hainbat eta setatiago tematu zen aita bere aurka. Idazleak honela dio: «Ni literaturara emanago, eta aita etsaiago nuen. Bizitza normal bat egiteko ahalmena galduko ote nuen beldur zen.» (Amaren gainean kontu-kontari).

        Egun batez, nobela bat idazten ari zelarik, aita bat-batean etorri eta erdi bukatutako folioak txiki-txiki egin zizkion. Ordurako, «literatura, ama eta nire arteko ezkutuko lana aldaturik zegoen.» Ama, argi eta garbi senarraren kontra eta semearen alde atera zen; «abelera hura mutil batentzat nahiko tragikoa izaten zen, eta nire bizitzaren norabidea arras markatuko zuelakoan nago» (Amaren gainean kontu-kontari).

        Hala ere, idazleak ondotxo zekien aitak zergatik jokatzen zuen gisa hartan; inondik ere, semeak artistek ohi dutena baino ogibide seguruagoa izan zezala nahi zuen. Horren argibidetzat, Mishimak garai hartako aitaren gutun bat gordetzen zuen. Gutunean, aitak semearen etorkizunaz kezka handia erakusten zuen, baita maitasunik ere. Alde batera, amak semeari literaturarako bidea zabaldu zion eta beti alde izan zuen konplizea suertatu zitzaion; bestera, ostera, aita ageriko etsaia gertatu zitzaion eta beste molde bateko hezkuntza eskaini zion. Kontuak kontu, Tokioko Unibertsitatera joatean Mishimak ez zuen literaturako departamendua hautatu, zuzenbidekoa baizik (horrek aitaren aholkua onartu zuela erakusten digu.) Eta gero, zuzenbideko ikasketek literatur lanetan asko lagundu ziotela baieztatu ohi zuen. Beraz, bistan da ama-semeen binomioak bezainbesteko garrantzia izan zuela aita-semeenak ere, Arratsaldeko atoiontzia nobelan bertan aski nabaria zaiguna.

        1941ean, Mishimak hamasei urte zituelarik, lau urtez iraun zuen bigarren Mundu Gerra hasi zen. Idazleak ez zion, haatik, idazteari utzi eta are gutxiago Japoniako nahiz atzerriko literatura irakurtzeari. 1946an gero Nobel Saria jasoko zuen Yasunari Kawabata idazle ospetsua ezagutu zuen, eta haren bidez aldizkari entzutetsu batean obra bat aurkezteko aukera paregabea izan zuen. Gerra ondorenean literatur aldizkari mordoxka plazaratu ziren, eta horietan ere Mishimak parte hartzen zuen bere obrak bata bestearen atzetik aurkeztuz. Eta mundu hartan, gerra osteko idazle berri eta bereziaren sona bereganatuz joan zen.

        1948an, hogeita hiru urterekin, aurreneko aldiz antzerki lan bat idatzi zuen: Su etxea, hurrengo urtean, Japoniako antzerki talde ezagunenetariko batek taularatu zuena. Orduz geroztik, antzerkiaren xarmak hartaraturik, jenero horretako obretan murgildu zen. Antzerkirako zaletasuna ere haurtzaroan sortua zitzaion, sarritan eramaten baitzuten antzerki tradizionalak ikustera. Eta haur denborako zaletasunak eta artearen genero desberdinak elkartu nahiak, gure idazlea antzerki mundura eraman zuen.

        Unibertsitateko ikasketak amaitutakoan, aita eta aitona bezala, Yukio ere Estatuko goi funtzionario egin zen, hots, Estatuko lana idazlearenarekin elkartzen hasi zen. 1949 urtean, 24 urte zituelarik, bi lanak batera egitea nekeza suertatzen hasi zitzaion eta, azkenean, funtzionario izateari utzi eta idazteari lotu zitzaion. Urte hartan, berpiztutako arimaz idatzi zuen Mozorro baten aitorkizunak obrak arrakasta handia ekarri zion. Eta haurtzaroko eta nerabezaroko bizitzan oinarritutako nobela honekin, gure idazleak Japoniako literatur giroan urrats garrantzitsua eman zuen.

        Handik aurrera Maitasun egarria (1950, ekaina), Gau zuria, Urdinaren garaia (1950, abendua), Baso loratua (1951, abuztua), Kolore debekatua: lehen atala (1951, azaroa), eta beste ipuin, kritika eta antzerki lan ugari argitaratu zituen. Garai hartako Mishima sasoi betean ari zen, iturri agortezin bat zirudielarik, edota deabruaren dohaina balu bezala.

        Idazle gisa bizimodu eder eta zorionekoa zeramala ematen zuen arren, etengabe bakardadearen kontra borrokatu beharra izaten zuen, eta aldika urdaileko minak erasotzen zion. Ataka hartan, bere barrena asaskatu nahirik edo, bale ehizan aritzeko, hegoaldeko ozeanora joateko eta atzerrira bidaiatzeko irrikitan egon ohi zen. Garai hartan, ordea, gure nobela honetan irakurri ahal izango dugun bezala, bidaiatzea biziki zaila zen estatubatuarrek uhartea okupatzen zutelako.

        Hala eta guztiz ere, 1951 urtean, bere desira gauzatzeko aukera ezin hobea izan zuen, izan ere, egunkari enpresa batek Mishima berriemale berezi izendatu eta munduan zehar lan egitera bidali baitzuen. Bidaia hark bost hilabete iraun zuen, eta munduko alde askotatik idatzi zituen hurrengo urtean liburu batean argitaratuko ziren erreportajeak. Lan haiek ez ziren bidaiari baten egunkari arruntak, zibilizazio eta kulturei buruzko kritika zorrotzak baizik. Hain pertsona pentsakor eta sentibera izanik, herri desberdinetan ikusitakoek gogoeta sakonak eragin zizkioten. Dena dela, Japoniatik kanpo egindako estreinako bidaia hura guztiz emankorra egin zitzaion, eta bizitza zoriontsu baterako itxaropena eta bizipoza berpiztu zizkion.

        Bidaia hartatik itzuli eta ondoko hamar urteak gorabehera gutxikoak izan ziren literatur mailan, idazle ospetsu gisa egoera eroso eta finkatu samarrean kokaturik baitzegoen. Garai hartan Kolore debekatua: bigarren atala (1953), Kresal hotsa (1954), Ur-jauzi hondoratua (1955), Urrezko pabiloia (1956), Kvokoren etxea (1959), Banketearen ostea (1960), Basapiztien jolasak (1961) eta abar argitaratu eta sona handia lortu zuen. Ber denboran, bere zenbait obratatik filmak eta antzerki lanak egin zituzten eta hainbat literatur sari jaso zituen. Horretaz gain, atzerrian ere bere obra asko eta asko tokian tokiko hizkuntzetara egokitu zituzten.

        Hurrengo hamarkadan —bere burua hil arte, hain zuzen ere—, beste garai bat zabaldu zen. Denbora aurrera joan ahala, gaztetasunaren azkenetan zegoela sentiturik, bizitza eta gizartearekiko zalantza eta segurtasun eza gero eta sarkorrago egin zitzaizkion. «Zein aro eta zein egunetarako jaioa ote naiz? Ene patuak, bizitzeko, zahartzeko eta gorabeherarik gabeko egunerokotasunean idazteko jarrai dezadala agintzen dit. Ene baitan, ordea, sendatu gabeko arima erromantikoa eta hegaka ari den zer xuri bat sentitzen ditut. Alabaina, aldi berean, ironia mikatz batek etengabe haginkatzen du ene bihotza.» (Guregandik ihesi).

        Beraz, bera bizi zen garaiko hustasunagatik amorrua eta malenkonia sentitzen zituen, baina sentimendu berberak berriz altxatzeko agintzen zion, goiari eusteko eta berpiztutako izpiritu batez lanari berriro ekiteko. Edozein modutara, garai hartan ere gogotik ari zen idazten (Arratsaldeko atoiontzia, besteak beste, garai hartakoa da.) Eta idazlanetatik kanpo zenbait ekintzatan ere parte hartu zuen, hala nola filmetan aktore lanak egin, argazkietan modelo irten...

        Bestalde, tenore hartantxe gero eta sakonago sentitzen zuen aberria defendatzeko eta aberriaren okerrak zuzentzeko erantzukizuna. Eta orduko Japoniako egoerak kezkaturik, jendeak eskuindartzat jotzen zuen bidetik abiatu zen. 1966an, berrogeita bat urterekin, Japoniako Defentsa Armadan sartzeko gutizia erakutsi zuen. Egun haietan Eztabaida Kazeta aldizkariko kazetari batekin hitz egin eta honelakoak bota zituen: «Gazte jendea aberriaren okerrak zuzentzeko ahaleginak eta bost egiten ikustea hunkigarria iruditu zait. Ongi pentsatuz gero, gazte jendearengandik ihesi joan nahi izaten banuen ere, egia esan betidanik haien zain egon naizela uste dut. Gazteekin elkarganatzeak, ordea, beldurtu egiten nau, haiekin harremanetan jartzeak zahar jendeari dagokion ardura ezartzen baitit... Betidanik ene barreneko zirrikituetan uste izan dut literatura gaztetasunaren aurkako lanbide ustel bat dela. Benetako gaztea baldin bazara, munduko kontraesan eta bidegabekeriei zuzen aurre egin eta borrokatzea dagokizu, eta azkenik, etsaia ala zure burua hil, bietako bat.» (Gazteriari buruz).

        Harrezkero benetako gaztetasunaren bila hasi zen. 1967an, froga gisa armadan sartu eta maila guztietako soldadu eta ofizialekin harremanak izan zituen, batzuetan aberriaren defentsari buruz eztabaidatzen eta besteetan gudaldietarako entrenatzen; eta soldadu izatea zer den ikasi zuen. Gero, azkenean, bere aldeko gazte jendearekin, Tate no kai (Ezkutuaren Elkartea) izeneko taldea sortu zuen, aberriaren defentsaren ideia gauzatzeko.

        Literaturari dagokionez, garai berean bere azken obra izango zen Emankortasunaren itsasoa (lau atalekoa) idazten jardun zuen, baita antzerki lan mardul batzuk ere. Obra horietan argi erakusten du mundu honetan nola alferrikaltzen diren fideltasuna, sinesmena, adiskidetasuna, helburuak eta antzeko idealak. Obra horiek guztiak orduko gizarte, egoera politiko eta idazlearen beraren sentimendu eta gogoeten ezkutuko islak ziren. Arestian aipatu azken nobela amaitzekotan zela, esaterako, honela mintzatu zen: «Egia esan, nobela hau bukatzeak izu-ikara eragiten dit; batetik, nobela hau ene bizitza bera bilakarazten ari delako; eta bestetik, nobela honen ondorioak berak beldurra ematen didalako.» (Emankortasuna itsasoari buruz).

        1970eko azaroaren 25ean, azkeneko obra argitaratzaileari eskaini ostean, Tokio erdian zegoen armadako kuartel nagusian, bere buruaz beste egin zuen.

 

        b) Arratsaldeko atoiontzia

        Nobela hau 1963an idatzia izan zen, idazleak hogeita hemezortzi urte zituelarik. Bere eszenatokia Yokohama hiria da eta, beraz, Tokio ondoan kokatzen da. Hiri horrek portu erraldoi bat du, eta bai atzerritik merkantziak ekartzeko nola atzerrira eramateko, Japoniako aterik garrantzitsuenetako bat da. Hargatik, binan betidanik halako giro exotikoa nagusitu izan da. Nobela honetan ere portuko eta itsasoko giroek eragin handia dute: marinelak, kargaontziak, atoiontziak, kaiak, aduanak eta beste xehetasun asko eta asko... Eta eszenatoki horretan gure protagonistek —marinela, emakumea eta honen semea— drama bat eskaintzen digute.

        Nobela honetako gai nagusiak bitan laburbil daitezke: bata, marinela eta emakumearen arteko amodio istorioa eta, bestea, bi heldu horiei inguratzen zaien mutil taldearena. Bi gai hauek ezin dira bata bestearenetik bereizi, eta, esate batera, mutil taldeak gertutik jardungo du helduen jokabideak aztertzen.

        Noboru, emakumearen semea, talde horretako partaidea da. Berak miretsi egiten ditu marinelaren gorputz-arima sendo eta indartsuak, eta baita bere amarekin osatzen duen maitasun mundu akasgabea ere. Elkar ezagutu ondoren marinela itsasoratu egiten da atzera, emakumea negarretan utzirik, baina tau hilabeteren buruan itzultzean, emakumearekin ezkondu eta lehorrean geratzea erabakitzen du. Beraz, negar malkotan bukatu ohi den melodrama ez da bukatzen behar bezala; aitzitik, hortik beste istorio bat hasten da, egunerokotasunean eta asperkerian basitutako familia antzerki bat hain zuzen ere. Eta bistan dena, hori mutilarentzat irain handia da, irain barkaezin eta jasanezina, barkagaitza baita zazpi ozeanoetan ibili ostean orain hain gisa apalean lehorrean kokatzea. Mutil taldea, «beraien etorkizuneko irudi» hari heriotza-zigorra eman beharrean gertatzen da...

 

        c) Itzulpena

        Itzulpen hau zuzenean japonierako originaletik egina izan da (Gogo No Eiko), eta nahiz zenbait erdaratan bestelako izenburuak nagusitu diren (The sailor Who Fell From Grace with Sea; Le marin rejeté par la mer; El marino que perdió la gracia del mar, e.a.), nobelaren izenburuari itzulpen literalagoa ematera deliberatu naiz. Bestalde, itzulpena burutzeko, oso baliagarria gertatu zait bai Tokion bertan Iñaki Beobidek eskainitako laguntza nota Patxi Zubizarretak Euskal Herritik emandakoa. Beraz, itzulpen hau euskaldun eta japoniarren arteko elkarlana da eta bihoazkie hitzaurre honetatik nire eskerrik beroenak Iñaki eta Patxiri. Euskal irakurleari, azkenik, Mishimaren Arratsaldeko atoiontzia nobelarekin goza dezala opa diot.

Hiromi Yoshida

 

 

 

© Hiromi Yoshida

 

 

"Yukio Mishima / Arratsaldeko atoiontzia" orrialde nagusia