Nork jakin?

 

 

I

 

        Ai Jainko nirea! Jainko nirea! Idatziko ote dut azkenik zer gertatu zaidan? Baina ahalko ote dut idatzi? Ausartuko ote naiz? hain baita bitxia, hain adieraz ezina, hain ulertezina, hain eroa!

        Ez banengo ziur ikusi dudanaz, ez banengo ziur nire arrazoibideetan ez dudala inolako ahulaldirik izan, ez dudala hutsegiterik izan nire egiaztapenetan, ez dudala makurrik izan nire oharpenen segida zorrotzean, haluzinatua nintekeela pentsa nezake, ikuspen ezohiko baten jostailu nintekeela. Zeren, azken-azken finean, nork baitaki?

        Gaur den egunean osasun etxe batean nago; baina neure gisaz naiz hona sartua, zuhurtziaz, beldurrez! Batek bakarrik daki nire historia. Hemengo medikuak. Idatzi egin behar dut. Ez dakit oso ongi zertarako. Aldetik kentzeko, ezin eramanezko amets gaizto bat balitz bezala sentitzen baitut nire baitan.

        Hona.

        Ni bakartia izan naiz beti, ameslaria, filosofo apartatu moduko bat, onginahia, gutxirekin aski zuena, gizonen kontra garraztasunik gabe eta zeruaren kontra amorrurik ez zuena. Bakarrik bizi izan naiz, beti, besteen aurrean izatean nire baitan sortzen-edo didan lotsa halako batengatik. Nola azaldu hori? Ezingo nuke. Ez diot muzin egiten jendeari, lagunekin hitz egin edo afaltzeari, baina inguruan luzaro dauzkadala sentitzen dudanean, hurbilenekoak ere, aspertu egiten naute, nekatu, urduri jartzen, eta geroz eta gogo handiagoa, gogo larri bat, hasten naiz sentitzen handik alde egin dezaten, edo neuk alde egiteko, bakarrik egoteko.

        Gogo hori premia baino gehiago da, ezinbesteko halabeharra da. Eta orduan inguruan daukadan jendearen presentziak jarraituko balu, haien solasei jaramon egin gabe ere entzun bakarrik luzaroan egin beharko banie, ezbeharren bat izango nuke, inolako zalantzarik gabe. Zer ezbehar? A! Nork jakin? Aldigaitzen bat, besterik gabe? Bai! Daitekeena horixe!

        Hainbesteraino gustatzen zait bakarrik egotea non ezin baitut onez eraman ezta sabai beraren aterpean lotan dauden besteen hurbiltasuna ere; ezin naiz Parisen bizi, hiltzeko zorian jartzen bainaiz denbora guztian. Aldartez herio batean naiz, eta gorputzez eta nerbioz ere hiltzen nau nire inguruan dirakien, lotan dela ere nire inguruan bizi den jendetza ikaragarri horrek. Ai! Besteen loa bera nekagarriago gertatzen zait haien solasa baino. Eta ezin dut atsedenik hartu inoiz, arrazoiaren aldiroko itzalaldi hauek eteten dituen existentziak sumatzen, sentitzen ditudalarik horma batean atzean.

        Zergatik naizen horrelakoa? Nork jakin? Baliteke oso erraza izatea arrazoia: oso bizkor nekatzen naiz nire baitan gertatzen ez den guztiaz. Eta jende askori gertatzen zaio niri bezalaxe.

        Bi arraza gaude munduan. Besteen behar direnak, besteekin laketzen, denbora betetzen, atsedeten direnak eta bakardadeak hormategi ikaragarri batetik igo beharrak edo basamortua igarotzeak bezala unatzen, akitzen, deusezten dituenak, eta, alderantziz, besteek aspertzen, arnegatzen, gogaitzen, adikatzen dituztenak, eta bakardadeak aldiz, lasaitzen dituenak, beren askatasunean eta beren pentsamenduaren fantasian soseguz bainatzen dituenak.

        Funtsean dela, gertaera psikiko normal bat da hori. Batzuek kanpoan bizitzeko dohaina dute, besteek barruan bizitzekoa. Nik neuk laburra dut kanporako arreta, eta berehalaxe ahitua, eta, behin bere mugetara iristen denean, ezinegon larri bat sentitzen dut nire gorputz eta adimen guzti-guztian.

        Eta hortik ondorioz etorri da oso lotu naizela, oso lotu izan naizela, bizigabeko gauzetara, izaki biziek garrantzia hartzen baitute niretzat, eta nire begietarako aurpegiak bezain atsegingarri zitzaizkidan gauza, altzari, familiako oroigarrien erdian bizimodu bakarti lantsu bat neraman mundu bat bilakatu zaidala, zitzaidala bilakatua, etxea. Horrelakoz bete-betea nuen poliki-poliki, horrelakoz apaindua, eta pozik sentitzen nintzen han barruan, atseginez, zoriontsu, bere laztan ohitura bihurtua halako premia bare gozo bilakatu den emakume amultsu baten besoetan bezala.

        Bideetatik aparte bakantzen zuen lorategi eder baten erdian jasoarazia nuen etxea, hiri ateetan, behar izanez gero ere, aldian-aldian desira sentitzen nuen gizartearen baliabideak aurkitu ahal izango nituen moduan. Etxeko otsein guztiek eraikuntza urrutiratu batean zuten lotarako lekua, horma handi batek inguratzen zuen baratzearen beste aldean. Nire egoitza zuhaitz handien hostapean galdu, ezkutatu hartako isiltasunean hain atsedengarria eta hain ona gertatzen zitzaidan gauen inguratze iluna, non ordutan egoten bainintzen zalantzan, gauero, oheratu ala ez, hartaz luzaroago dastatzeko.

        Egun hartan Sigurd eman zuten hiriko antzokian. Lehendabiziko aldia nuen musika eta sorginkeriazko drama eder hori entzuten nuena, eta biziki laket izan zitzaidan.

        Oinez nentorren etxera, urrats alaiz, soinuzko esaldiz beterik burua, eta begirada ikuspen ederrez sorgindua. Beltz zegoen, beltz, errepide handia ere nekez bada nekez ikusi ere ikusten bainuen, eta gutxi falta izan nuen, behin baino gehiagotan, bide ertzeko zangara erortzeko. Hazienda bulegotik nire etxera kilometro bete inguru da, gehixeago agian, hogei minutu, alegia, geldiro ibiliz. Goizeko ordu bata zen, ordu bata edo ordu bata t'erdi; zerua zertxobait zabaldu zen nire aurrean, eta ilargi langa agertu zen, ilargiaren azken laurdeneko ilargi langa hitsa. Lehenengo laurdeneko ilargi langa, arratseko lauretan edo bostetan jaikitzen dena, argia da, alaia, zilarrez igurtzia; gau erditik aurrera jaikitzen dena, berriz, gorraila izaten da, goibela, kezkagarria; horixe da Sabbat-eko ilargi laurden egiazkoa. Lehendabizikoak, haria bezain mehe bada ere, beti botatzen du halako argitxo alai bat, bihotz pozgarri, eta itzal zehatzak marrazten ditu lurrean; azken honek berriz, halako dirdai hilkor bat hedatzen du, hain margula non ez baitu itzalik ere egiten ia-ia.

        Urrutitik begiztatu nuen nire lorategiaren masa iluna, eta ez dakit nondik sortuta etorri zitzaidan halako alditxartze bat han sartu behar nuelako pentsatze hutsarekin. Baraxtu nintzen. Oso eguraldi gozoa zegoan. Zuhaitz multzo handiak hilobi bat ematen zuen, eta nire etxea han hobiratua.

        Zabaldu nuen ataka, eta etxerantz alde bietako platanoen adarrak arku eginik tunel garai bat eratuz ganga gisako bat eratzen zioten bidean barrena sartu nintzen, multzo ilunetatik igaroz eta ilunpe belurietan lore ontziek zertzelada zehazgabezko orban biribilak eratzen zituzten soropilen inguruz inguru.

        Etxera hurbildu ahala, halako artegatasun bitxi batek hartu ninduen. Gelditu nintzen. Ez zen ezer entzuten. Haize bafadatxo bat bera ere ez zegoen hostoetan. «Zer dut, baina, nik?» pentsatu nuen. Banituen hamar urte horrela etxeratzen, inoiz kezkarik txikiena ere izan gabe. Ez nintzen beldur. Inoiz ez naiz izan beldur, gauez. Gizon bat, lapurren bat, gaizkileren bat ikusi hutsak amorru bizia sartuko lidake gorputzean, eta inolako zalantzarik gabe egingo nioke jauzi gainera. Armaturik nengoen, gainera. Errebolberra aldean nuen. Baina ez nuen ukitu ere egin, nire baitan sortzen ari zitzaidan izu hari aurre egin nahi nion eta.

        Zer zen, ordea? Bihozkada bat? Ulertezina ikustera doanean gizonaren senaz jabetzen den misteriozko bihozkada, beharbada? Nork jakin?

        Aurrera nindoan heinean ikarak nituen azalean, eta horma aurrera iritsi nintzenean, nire egoitza zabaleko ataurre itxira iritsirik, atea zabaldu eta barrura sartzeko minutu batzuk beharko nituela konturatu nintzen. Aulki batean eseri nintzen, beraz, nire salako leihopean. Han geratu nintzen, atezuan, burua hormaren kontra, begiak hostailaren ilunpetarantz zabalik. Hasierako une horietan ezer berezirik ez nuen sumatu nire inguruan. Halako zurrunga batzuk nituen belarrietan; baina askotan gertatzen zait hori. Trenak igarotzen entzungo banitu bezala iruditzen zait batzuetan, kanpai hotsak entzuten ditudala, jende multzoen pauso hotsak entzuten ditudala.

        Gero zurrunga haiek zehatzago bihurtu ziren berehala, argiagoak, ezaguterrazagoak. Huts egin nuen. Ez zen nire zainen ohiko zurrumurrua belarrietan hots haiek jartzen zizkidana, oso hots berezi bat baizik, oso nahasia ordea, inolako zalantzarik gabe nire etxe barrutik zetorrena.

        Hormatik zehar bereizten nuen hots jarraitu hura, nahasmendua gehiago hots baino, gauza mordo baten halako mugitze zehazgabe bat, nire altzari guztiak astindu, lekuz aldatu eta geldiro arrastaka eraman izan balituzte bezala.

        Ai! Aski luzaro izan nuen oraindik zalantza nire belarriaren ziurtasunaz. Baina nire etxe barruko zarata hura hobeto entzuteko belarria horma kontra jarririk, guztiz ere sinetsita geratu nintzen, ziur, normala ez zen zerbait, ulertezinezko zerbait ari zela gertatzen nire etxean. Ez nintzen beldur, baina nengoen... nola esan bada hori... aztoraturik nengoen harriduraz. Ez nuen prestatu errebolberra, sumatzen bainuen ez nuela ezertarako beharko. Zain egon nintzen.

        Luzaro egon nintzen zain, ezertarako erabakirik ezin harturik, gogoa argi, baina eromenezko antsiaz. Zain egon nintzen, zutik, hango zarata geroz eta handiagoa entzuten, aldian-aldian bortxazko intentsitate bat hartzen baitzuen, urduritasunezko, haserrezko, misteriozko asaldamendu batezko orroa ematen baitzuen.

        Gero, bat-batean, nire koldarkeriaz lotsaturik, giltza multzoa hartu, behar nuena aukeratu, eta sarrailan sartu nuen, bi bider birarazi, eta neukan indar guztiaz ateari bultza eginez, trenkadaren kontra jotzera bidali nuen ate orria.

        Fusilaren tiroa balitz bezala entzun zen kolpea, eta horra non, eztanda hari sekulako trumilka hotsak erantzuten dion nire etxeko goiko aldetik. Hain bat-batekoa, hain ikaragarria, hain gortzeko modukoa izan zen, non urrats batzuk eman bainituen atzera, eta, nahiz eta alferrekotzat eduki orduan ere, errebolberra zorrotik atera bainuen.

        Zain geratu nintzen oraindik, labur ordea. Harrigarrizko urrats hotsa entzuten nuen orain nire eskailerako mailetan, zoruan, tapizetan, ez ordea oinetako hotsa, gizonaren oskiena, makuluena baizik, zurezko eta burdinazko makuluena, zinbalak balira bezala jotzen ari. Eta horra non ikusten dudan, bat-batetik, nire atalondoaren gainean, besaulki bat, nire irakurtzeko besaulki handia, zalantza-balantza kanpora bidean. Lorategian zehar joan zen. Haren ondotik beste batzuk, nire salakoak, gero kanape apalak, beren hanka laburretan krokodiloak balira bezala tarraska, gero nire aulki guztiak, ahuntzen gisa jauzika, eta aulkitxo guztiak, untxiak bezala trostan.

        Hura zirrara! Belar multzo batera joan herrestan eta hantxe geratu nintzen kuzkurturik, nire altzarien jarraigo hari begira, zeren han baitzihoazen guztiak, bata bestearen ondotik, zein bizkor zein geldiro, bakoitzaren tamainaren arabera. Nire pianoa, nire piano etzan handia, zaldi trosta batez igaro zen, alboetan musika zurrumurru bat zuela, gauza txikiak inurriak balira bezala igarotzen ziren hondarretan herrestan, zepiloak, kristalak, kopak, ilargiak ipurtargien distirak eragiten zizkiela. Zapiak herrestan zebiltzan, putzuetan zabaltzen ziren, itsasoko olagarroen modura. Non ikusten dudan nire bulegoko mahaia, joan den mendeko etxeko oroigarria, jaso ditudan gutun guztiak zituena, nire bihotzaren historia guztia, nik hainbeste sufritu dudan historia zaharra! Eta argazkiak ere baziren barruan.

        Kolpetik ez nuen gehiago beldurrik, gainera jauzi egin nion, eta heldu egin nion, lapurrari heltzen zaion bezala, ihesi doan emakume bati heltzen zaion bezala; eutsi ezinezko abiada batez zihoan, ordea, eta nire ahalegin guztiagatik, nire haserreagatik, ezin izan nion abiada baraxtu ere. Nola etsi-etsian eusten nion izugarrizko indar hari, lurrera erori nintzen haren kontra borrokan. Orduan han itzulikatu ninduen, hondarretan arrastaka erabili ninduen, eta altzariak, haren atzetik baitzihoazen, nire gainetik ibiltzen hasiak zitzaizkidan, hankak zapalduz eta zaurituz; gero, mahaia askatu nuenean, gainerako guztiak gorputzaren gainetik igaro zitzaizkidan, zalduneriako karga bat zelatik eroritako soldadu baten gainetik igaroko litzatekeen bezalaxe.

        Izumenez eroturik bada, ibilbide handitik kanpora alde egin ahal izan nuen, eta zuhaitz artean ezkutatu berriro, nireak izanak nituen gauzarik txikienak, apurrenak, apalenak, ahaztuenak ere nola desagertzen ziren ikusteko.

        Ondoren, orain etxe hutsek bezalako oihartzuna zuen nirean, ateak ixteko danbada ikaragarri bat entzun nuen urrutian. Etxean goitik beheraino jo zuten, harik eta azkenean, neuk, burugabe halako honek, ihes horretarako zabaldua nuen ataurrekoa, azkenik, itxi zen arte.

        Neuk ere ihes egin nuen, hirirantz lasterka, eta ez nintzen nire onera itzuli kaleraino iritsi eta han jende berandutua topatu nuen arte. Ezaguna ninduten hotel bateko atea jo nuen. Neure eskuez jantziak astinduak nituen, hautsa kentzeko, eta nire giltza sorta galdu nuela esan nien, eta haien artean zela baratzekoa ere, nire morroi-neskameak aparteko etxe batean bizi zirena, nire fruituak eta nire barazkiak lapurretatik gordetzen zituen itxitura horma baten atzean.

        Begietaraino sartu nintzen eman zidaten ohean. Baina ezin izan nuen lo egin, eta nire bihotza taupadaka entzunez eman nuen goizerainokoa. Goizean goizik nire jendeari jakinarazteko agindua eman nuen, eta goizeko zazpietan gelariak atea jo zuen.

        Aurpegia asaldaturik zuela ematen zuen

        — Ezbehar handia izan da gaur gauean, jauna, esan zuen.

        — Zer izan da?

        — Jaunaren altzari guztiak lapurtu dituzte, den-dena, gauzarik txikienetaraino.

        Poza eman zidan berri horrek. Zer dela-eta? Nork jakin? Neure buruaren jabe nengoen, disimulatzen jakingo nuela ziur, ziur ez niola inori ikusitakoaren ezeren berri emango, gordeko nuela, beldurgarrizko sekretu bat bezala gordeko nuela nire kontzientzian. Erantzun nion.

        — Giltzak lapurtu zizkidaten berberak izan dira hortaz. Oraintxe bertan poliziari jakinarazi behar zaio. Oraintxe jaikiko naiz, eta une batean zurekin nauzu.

        Bost hilabete iraun zuen ikerketak. Ez zuten ezer argitu, ez zuten aurkitu ezta nire oroitzapenik txikiena ere, lapurren arrastorik arinena ere. Arraio! Esan banie nekiena... Esan banie... neu sartuko ninduten, neu, ez lapurrak, horrelako gauza ikusi ahal izan zuen hau baizik.

        Ai! jakin nuen bai, isiltzen. Baina ez nuen berriro altzariz jantzi etxea. Alfer-alferrik zen. Berriro hasiko baitzen lehen bezala. Eta ez nuen berriro hara sartu nahi. Ez nintzen sartu. Ez nuen gehiago ikusi.

        Parisa etorri nintzen, hotelera, eta medikuetara joan nintzen nire nerbio egoera begiratzera, oso kezkaturik bainengoen negargarrizko gau hura ezkero.

        Bidaiatzeko gomendatu zidaten. Haien aholkua bete nuen.

 

 

II

 

        Italiara txango bat eginez hasi nintzen. Eguzkiak on egin zidan. Sei hilabetez ibili nintzen hara-hona, Genoatik Veneziara, Veneziatik Florentziara, Florentziatik Erromara, Erromatik Napolira. Gero Sizilia igaro nuen, lurralde miresgarria izaeragatik eta monumentuengatik, Grekoek eta Normandiarrek utzitako erlikiak, hain zuzen. Afrikara joan nintzen gero, bake handian igaro nuen gameluak, gazelak eta arabiar alderraiak hara-hona dabiltzan basamortu lasai handi hori, aire arin gardenean, ez gauez ez egunez, inolako goganbeharrik ez dabilena.

        Marseillatik itzuli nintzen berriro Frantziara, eta Probentzako alaitasuna gorabehera, zeruaren argi apalak tristatu egin ninduen. Ustez sendaturik dagoelakoan min sor batek gaitzaren jatorria oraindik ere ez dela itzali adierazten dion gaixoaren halako susmo bitxi hori sentitu zuen berriro kontinentera itzultzean.

        Gero Parisa etorri nintzen berriro. Handik hilabeterako, ordea, aspertu egiten nintzen. Udazkena zen, eta negua baino lehen Normandian zehar txango bat egitea deliberatu nuen, ez bainuen ezagutzen.

        Rouendik hasi nintzen, jakina, eta zortzi egunez ibili nintzen hara-hona arreta gabe, pozez, zoramenez, erdi aroko hiri horretan, aparteko monumentu gotikozko museo harrigarri horretan.

        Arratsalde batez, ordea, laurak aldean, erreka bat, «Eau de Robec» deitua, tinta bezain beltza, doan kale gezurrezkoa dirudien batera sartzen ari nintzela, nire arreta, hango etxeen itxura bitxi antzinakoari jarria bainuen, aterik atera luzatzen zen antigoaleko salgaien denda sail batek eraman zidan bat-batean.

        Ederki asmatua zuten lekua, zaharkin-saltzaile zeken haiek, ametsetako karrika hartan, erreka patu txarreko haren gainean, oraindik ere behinolako haize-orratzak kirrinka ari ziren teila eta arbelezko teilatu zorrotz haien azpian!

        Saltegi beltz haien barrenean pila-pila eginik ikusten ziren kutxa zizelatuak, Rouengo, Neverseko, Moustierseko faiantzak, irudi margotuak, beste batzuk haritz zurezkoak, kristoak, amabirjinak, santuak, elizako jantziak, kasuilak, aldareko ontziak ere bai, eta baita zur urreztatuzko sagrario zahar bat ere, Jainkoak alde egina. Ai! zein haitzulo bereziak etxe garai haietan, etxe handi haietan, sototik ganbararaino edozertariko gauzez beteak, gehiago ez zirela uste zen gauzez, beren berezko jabeak, beren mendea, beren garaia, beren boladak igarota ere bizirik, gauza bitxi gisa belaunaldi berriek eros zitzaten.

        Gauza zaharretarako zaletasuna berriro ari zitzaidan pizten zaharkinzalez betetako hiri honetan. Dendarik denda nindoan, Eau de Robec ur laster okaztagarriaren gainetik lau ohol ustel botaz egindako zubiak bi pausotan igaroz.

        Erruki! Zer zirrara! Nire armairurik ederrenetako bat agertu zitzaidan antzinako altzarientzako kanposantu bateko katakonbatarako sarrera zirudien ganga gauzaz bete baten ertzean. Gorputzaren atal guztiak ikaraz nituela hurbildu nintzen hartara, hainbesterainoko ikaratan non ez bainintzen ukitzera ere ausartzen. Eskua luzatzen nuen, zalantza egiten nuen. Huraxe zen, ordea: Luis XIII armairu berdinik ez zuena, behin bakarrik ikusita ere edonork ezagutuko lukeena. Horretan, aurreraxeago, galeria hartako barren ilunenetara begiraturik, nire hiru besaulki sumatu nituen, puntu xehezko tapizeriaz estaliak, eta gero, haraxeago, nire Henri II mahai biak, hain bakanak non jendea Paristik ere etortzen baitzen haiek ikustera.

        Pentsa ezazue! pentsa nire gogo egoera!

        Eta aurrera jarraitzen nuen, herbaldurik, emozioz hiltamuan, baina aurrera jarraitzen nuen, ni bihoztuna naiz eta, aurrera jarraitzen nuen garai ilunetako zalduna sorginkeriazko egoitza batean sartzen zen bezala. Eta pilaz pila nirea izandako guztia ari nintzen aurkitzen, nire argi lanparak, nire liburuak, nire koadroak, nire oihalak, nire armak, dena, nire gutunez betetako bulego mahaia salbu, hura ez bainuen ikusi.

        Soto ilunetara jaitsi, eta berriro goiko solairuetara igo, ari nintzen. Bakarrik nengoen. Deitzen nuen, inork ez zidan erantzuten. Bakarrik nengoen; ez zegoen inor labirintua bezain etxe zabal bihurri hartan.

        Gaua iritsi zen, eta nire aulkietako batean eseri behar izan nuen iluntasunean, ez bainuen alde egin handik. Aldiro-aldiro oihu egiten nuen: — Ea! Ea! Inor ba al da!

        Ordu betea baneraman, segurik, pausoak entzun nituenean, pauso arinak, bareak, ez dakit non. Ia-ia ihes egin nuen; baina, zurrundurik, berriro deitu nuen, eta argi bat sumatu nuen aldameneko gelan.

        — Nor da hor? —galdetu zuen ahots batek.

        Nik erantzun nuen:

        — Erostun bat.

        Erantzun zuten:

        — Oso berandu da dendetan horrela sartzeko.

        Berriro esan nuen nik:

        — Ordu bete eta gehiago daramat zure zain.

        — Etor zintezke bihar.

        — Bihar, Rouendik alde egina izango naiz.

        Ez nintzen ausartzen aurrera egiten, eta bera ez zetorren. Oraindik bistan neukan bere argiaren distira bi aingeru gudu zelai bateko hildakoen gainetik hegan zihoazen tapiz batean. Hura ere nirea zen. Esan nuen:

        — Zer? Bazatoz?

        Erantzun zidan:

        — Zure zain naukazu.

        Jaiki nintzen eta harenganantz joan nintzen.

        Gela handi baten erdian gizon txiki-txiki bat zegoen, txiki-txikia eta oso lodia, oso lodia, ikuskarietakoa balitz bezala, ikuskari higuingarri bat.

        Bizar bakana zuen, ile desberdin, bakandu eta horixkakoa, eta ile batik ere ez buruan! Ezta ile bat ere! Ni ikusteko kandela besoa jasota zeukanez, ilargitxo bat balitz bezala iruditu zitzaidan haren buruan, altzari zaharrez gainezka zegoen gela zabal hartan. Aurpegia zimurtua eta puztua zuen, begiak ez zitzaizkion ikusten.

        Neureak nituen hiru aulkiren tratua egin nuen, eta diru kopuru handi bat ordaindu nuen hantxe bertan, eta hoteleko nire gelako zenbakia eman nion. Biharamun goizeko bederatziak baino lehen ekarri behar zizkidaten.

        Eta irten egin nintzen. Oso adeitasun handiz lagundu zidan ateraino.

        Handik zuzenean poliziaren komisario zentralarengana joan nintzen, eta nire altzarien lapurretaren eta egin berria nuen aurkikuntzaren berri eman nion.

        Bilera jaso gabe argibideak eskatu zituen telegrafoz lapurreta haren txostena jaso zuen epaile bulegora, erantzunaren zain itxaroteko eskaturik. Handik ordu betera iritsi zitzaion, nire atseginerakoa.

        — Oraintxe bertan atxilotaraziko dut gizon hori eta bertatik egingo diot galdeketa, esan zidan, zeren baliteke susmoren bat hartu izana, eta zure gauza guztiak desagerraraztea. Zoaz afaltzera, eta zatoz bi ordu barru, hemen edukiko dut, eta zeure aurrean egingo diot berriro galdeketa.

        — Atsegin handiz, hala ere, jauna. Eskertzen dizut bihotz-bihotzetik.

        Nire hotelera joan nintzen afaltzera, eta uste izango nukeena baino hobeto jan nuen. Nahiko pozik nengoen behintzat. Harrapatua genuen.

        Bi ordu geroago polizi funtzionarioarengana itzuli nintzen berriro; zain neukan.

        — Ba, begira, jauna —esan zidan ikusi ninduelarik—. Ez dugu aurkitu zure gizon hori. Nire agenteek ezin izan diote eskua erantsi.

        Ai! Alditxartu behar nuela iruditu zitzaidan.

        — Baina... Haren etxea behintzat aurkitu duzue? —galdetu nion.

        — Hori bai. Eta zaindu ere zaindu eta begiratuko duzu gizona berriro etorri arte. Baina gizona bera, desagerturik.

        — Desagerturik?

        — Desagerturik. Gauak bere ondoko andrearenean ematen ditu normalean, Bidoin alargunarenean, zaharkin-saltzailea hura ere, ondo sorgin bitxia gainera. Gaur gauean ez du ikusi, eta ezin du haren berririk eman. Bihar arte itxaron behar da.

        Alde egin nuen. Ai zein hitsak, asaldagarriak, sorginduak iruditu zitzaizkidan Rouengo kaleak.

        Gaizki lo egin nuen, gaizki, loaldi bakoitzeko amets gaiztoak nituela.

        Kezkatuegi edo presatuegi eman nahi ez nuenez, hamarrak arte itxaron nuen, biharamunean, poliziarengana joateko.

        Saltzailea ez zen berriro agertu. Denda itxita zegoen oraindik.

        Komisarioak esan zidan:

        — Egin behar diren tramite guztiak egin ditut. Epaile bulegoa jakinaren gainean dago, elkarrekin joango gara denda horretara eta zabaldu egingo dugu, eta zuk esango didazu zer den zurea.

        Zalgurdi batek eraman gintuen. Poliziak zeuden, sarrailagile batekin, dendako atearen aurrean, eta zabaldu zuten.

        Sartzean ez nuen ikusi ez nire armairua, ez nire besaulkiak, ez nire mahaiak, ez ezer, bere garaian nire etxea jantzi zuen guztitik ezer ere ez, baina ezer ere ez, bezperan nire gauzaren bat topatzeke pauso bat bera ere egin ezin nuelarik.

        Komisario nagusiak, harriturik, mesfidantzaz begiratu zidan hasieran.

        — Jainkoarren, jauna —esan nion—, altzari hauen desagertzea saltzailea desagertzearekin batera gertatzeak badu zer pentsatua.

        Irribarre egin zuen.

        — Egia da! Gaizki egin zenuen zure oroigarria atzo erosi eta ordainduz. Susmoa hartu du.

        Berriro esan nion.

        — Ezin dut ulertu, ordea, atzo nire altzariak zeuden leku guztietan beste batzuk nola dauden gaur.

        — A! erantzun zuen komisarioak, gau osoa izan du, eta laguntzaileak inondik ere. Etxe honek ondokoetarako bideren bat badu, segurik. Ez izan beldur, jauna, arreta guztia jarriko dut afera honetan. Ez digu ihes egingo gaizkile horrek, habia guk daukagu eta.

        .................................................................................................

        Ai! nire bihotza, bihotz nirea, nire bihotz gaixoa, nola jotzen zuen taupadaka! Hamabost egunez geratu nintzen Rouenen. Gizon hura ez zen gehiago etorri. Arraioa! Arraioa! Zerk traba egin edo harritu ote zuen gizon hura?

        Horretan, hamaseigarren egunean, goizean, gutun bitxi bat jaso nuen nire etxe lapurtu eta geroztik hutsik geratutako zaintzaile zegoen lorezainarengandik; hona gutuna:

        «JAUNA,

        »Jakinaren gainean jarri beharra daukat berori, inork ulertzen ez duen gauza bat, poliziak ere ez guk baino gehiago ulertzen ez duena, gertatu dela bart gauean. Altzari guztiak itzuli dira, denak salbuespenik gabe, denak, txikienetaraino. Etxea lapurreta bezperan zegoen bezalaxe dago berriro. Erotzekoa da. Ostiraletik larunbaterako gauean gertatu zen. Bideak zangatuta daude erabat, kanpoko itxituratik atera dena arrastaka ekarri izan balute bezala. Desagertu ziren egunean ere halaxe zegoen.

        »Berorren zain gaude, bada; berorren zerbitzaririk apalena.

        »RAUDIN, PHILIPPE».

        Ez horixe, ez horixe, ez horixe. Ez naiz gehiago hara itzuliko.

        Rouengo komisarioari eraman nion gutuna.

        — Abilezia handiz itzulia da. Egin dezagun hildakoarena. Egunotakoren batean harrapatuko dugu.

        .................................................................................................

        Ez dute harrapatu ordea. Ez. Ez dute harrapatu, eta orain beldur naiz, harena, nire atzetik jaregindako piztia basati bat balitz bezala.

        Ezin aurkitu! Ezin dute aurkitu, ilargia bezalako burukaskoko gizon hori! Ez dute inoiz harrapatuko. Ez da itzuliko bere etxera. Zerk axola dio hari. Nik bestek ezin du aurkitu, eta ez dut nahi.

        Ez dut nahi! Ez dut nahi! Ez dut nahi!

        Eta berriro itzulita ere, bere dendan berriro sartzen baldin bada ere, nork froga dezake nire altzariak haren etxean zeudenik? Nire testigantza baizik ez dago, egon, haren kontra, eta ohartua naiz zein susmagarri ari den bilakatzen testigantza hori.

        Ez ordea! Bizimodu hori ezin zen gehiago eraman. Eta ezin nuen ikusitakoaren sekretua gehiago gorde. Ezin nuen jende guztia bezala bizitzen jarraitu, horrelako gauzak berriro hasiko ote ziren beldurrez.

        Osasun etxe hau zuzentzen duen medikua ikustera etorri, eta dena kontatu diot.

        Gauza asko eta luzaro galdetu ondoren, esan dit:

        Prest egongo al zinateke, jauna, alditxo batez hemen geratzeko?

        — Pozik, gainera, jauna.

        — Zerekin ba al duzu?

        — Bai, jauna.

        — Nahi al duzu etxetxo bat aparte?

        — Bai, jauna.

        — Lagunen bisitak hartu nahi al dituzu?

        — Ez, jauna, ez, inorenik ez. Rouengo gizona gauza da, mendekuz, hona ere nire bila etortzeko.

        .................................................................................................

        Eta bakarrik nago, bakarrik, bakar-bakarrik, orain dela hiru hilabetez gero. Beldur bat baizik ez dut... Zaharkin-saltzaile hura erotuko balitz... eta osasun etxe honetara ekarriko balute... Presondegiak ere ez dira leku seguruak...

 

(1890eko apirilaren 6an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia