Marteko gizona

 

        Lanean ari nintzen, eta non ematen didan abisua morroiak:

        — Jauna, jaun bat etorri da eta berorrekin hitz egin nahi omen du.

        — Esaiozu sartzeko.

        Gizontxo bat ikusi nuen agurtzen. Ikasketa maisu makaltxo betaurrekodun baten itxura zuen, bere gorputz argala jantzi zabalegi haietara inon itsasten ez zitzaiona.

        Totelka hasi zen:

        — Barkamena eskatzen dizut, jauna, barkamena traba egiten dizudalako.

        Esan nion:

        — Eser zaitez, jauna.

        Eseri zen eta berriro hasi zen:

        — Jaungoiko nirea, kezkaturik naukazu, jauna, hasi naizen egiteko honengatik. Baina norbaitengana jo beharra nuen derrigor, zu besterik ez zegoen... zu besterik... Tira, ausartu egin naiz... baina egiaz... ez naiz ausartzen gehiago.

        — Ausar zaitez, baina, jauna.

        — Hona, bada, jauna, kontua da hitz egiten hasi orduko erotzat hartuko nauzula.

        — Jainkoarren, jauna, zuk zer esan, orduan ikusiko dugu hori.

        — Horixe, bada, jauna, esan behar dizudana gauza bitxia da. Baina erregu egiten dizut pentsa dezazula ez naizela eroa, hain zuzen ere, egin behar dizudan isilmandatuaren bitxitasuna neuk esaten dizudanez.

        — Ea, bada, jauna, has zaitez.

        — Ez jauna, ez naiz eroa, baina bestelako jendeak baino gogoeta gehiago egin eta batez besteko gogoetaren mugak baino, gutxiagatik bada ere, harago joan direnen ero airea dut. Kontu egizu, jauna, mundu honetan inork ez duela ezertaz gogoeta egiten. Bakoitzak bere gauzak zaintzen ditu, bere fortuna, bere plazerrak, bere bizitza, hitz batean, bere jostagarriak, hala nola antzerkia, pintura, musika edo politika, txepelkeriarik zabalduena horixe, edo industriako kontuak. Nork egiten du ordea gogoeta? Nork? Inork ez! Ai, abiatu naiz! Barka. Banator berriro nire ardietara.

        »Badira bost urte hona etortzen ari naizela, jauna. Zuk ez nauzu ezagutzen, nik ordea, nik ondo ezagutzen zaitut... Ni ez naiz inoiz nahasten zure hondartzako edo zure kasinoko jendearen artean. Labarren gainean bizi naiz, biziki maite ditut Entretat-eko labar hauek. Ez dut besterik ezagutzen horren ederrik, horren osasunerako onik. Arimaren osasunerako onak, nahi dut esan. Bide miresgarri bat da zeruaren eta itsasoaren artean, bide belarrez estali bat, harresi handi horren gainean doana, lur ertzean, itsasoaren gainean. Belarrezko malda batean, olatuak baino ehun metro gorago etzanda, eguzki-eguzkitan, ametsetan igaro ditudanak dira nire egunik onenak. Ulertzen didazu?

        — Bai, jauna, ederki ulertu ere.

        — Eta orain, utziko al didazu, arren, galdera bat egiten?

        — Galdetu ezazu, jauna.

        — Zure iritzian, beste planetetan bizi al da inor?

        Zalantzarik gabe eta harridura itxurarik gabe erantzun nion:

        — Jakina, nire iritzian bai.

        Alaitasun bizi batek piztu zuen, jaiki zen, eseri zen berriro, ni bere beso artean estutzeko ageriko gogo batez, eta oihu egin zuen:

        — Ai! ai!, hauxe suertea, hau zoriona! Lasaitzen nauzu! Nola egin ahal izan ote dut baina zutaz zalantza? Gizona ez litzateke adimen zorrotzekoa beste munduetan jendea bizi denik sinetsiko ez balu. Tentela behar du izan gizonak, buruz motza, txepela, astoa behar du izan, uste izateko milaka milioi unibertso horiek gizona, zomorro burugabe hori, josta dadin eta harriturik gera dadin baizik ez dihardutela jiraka eta dizdizka, ez ulertzeko lurra ikusi ere ezinezko hauts bat besterik ez dela munduen hautsetan, gure izarretako bizitzaren molekula batzuk baizik ez dela sistema osoa, eta aurki hilko direla horiek ere. Begira Esne Bidea, izarrezko ibai hori, eta egin kontu orban bat baizik ez dela zabaltasun infinituan. Pentsatu horretan hamar minutu besterik ez bada ere, eta berehalaxe ulertuko duzu zergatik ez dakigun ezer, zergatik asmatzen ez dugun ezer, zergatik ulertzen ez dugun ezer. Puntutxo bat baizik ez dugu ezagutzen, hortik aurrera ez dakigu ezer, hortik kanpo ezer ez, inongo ezer ez, eta sinetsi egiten dugu, eta baieztatu egiten dugu. Ai! ai! ai! Azalduko baligute bat-batetik lurraz kanpoko bizitza handiaren sekretu hori, a zer harridura gurea! Ez, baina..., ez baina... ergela naiz neu ere, ez genuke ulertuko, zeren gure adimena ez baita lur honetako gauzak ulertzeko baizik egina, ezin du urrutirago iritsi, mugatua da, gure bizitza bezala, aldean garamatzan bola honetara lotua, eta konparazioz juzkatzen ditu gauza guztiak. Ikusten duzu, bada, nola jende guztia den inozoa, estua, eta gure adimenaren ahalmenaz uste handia duena, ozta gainditzen badu ere animalien sena. Geure gaixotasuna atzemateko beste gaitasunik ere ez dugu, gurinaren eta gariaren salneurria jakiteko eginak gara, edota bi zaldiren, bi itsasontziren, bi ministroren edo bi artistaren balioaz eztabaida egiteko, gehienez ere.

        »Horra guztia. Lurra lantzeko eta haren gainean dagoenaz aski moldegabeki baliatzeko doi-doi gara gai. Berez dabiltzan makinak egiten hasiak ozta-ozta gara, eta haurrak bezalaxe harritzen gara zinez goi mailako izakariak bagina aspaldiko mendeetan eginak behar genituzkeen asmazio horietako bakoitzarekin. Ezezagunak inguraturik gaude oraindik, elektrizitatearen susmoa hartzeko ere adimenezko bizitzazko milaka urte behar izan diren une honetan ere. Iritzi berekoak al gara horretan?»

        Barrez erantzun nion:

        — Bai, jauna.

        — Ederki, orduan. Eta zu, arduratu al zara zu inoiz Martez?

        — Martez?

        — Bai, Marte planetaz.

        — Ez, ni ez, jauna.

        — Nahi al duzu hari buruz gauzatxo batzuk esatea?

        — Bai horixe, jauna, gustu handiz gainera.

        — Jakingo duzu, noski, gure sistemako munduak, gure familia txiki honetakoak, eguzki nebulosatik banan-banan askatuz joan ziren gasezko eraztun primitiboak globotan kondentsatzez sortuak direla?

        — Hori, jauna.

        — Hortik ateratzen da urrutien dauden planetak direla zaharrenak, eta haiek izan behar dutela, horrenbestez, zibilizatuenak. Hona haien jaiotza ordena: Urano, Saturno, Jupiter, Marte, Lurra, Artizarra, Merkurio. Onartuko didazu planeta horietan badirela biztanleak, Lurrean bezala?

        — Bai noski. Zergatik uste izan Lurra salbuespena denik?

        — Oso ongi. Marteko gizona Lurrekoa baino zaharragoa denez... Bizkorregi noa, ordea. Marten biztanleak badirela frogatu nahi dizut lehendabizi. Lurrak Marteko begiraleentzat dukeen antzeko itxura du gure begietarako Martek ere. Itsasoek eremu laburragoa hartzen dute han hemen baino, eta barreiatuago daude gainera. Kolore beltzean antzematen zaie itsasoei, urak argia xurgatzen baitu, eta kontinenteek, aldiz, islatu egiten dute. Geografiazko aldakuntzak sarri gertatzen dira planeta horretan, eta horiexek frogatzen dute han badela bizia. Urtaroak hemengoen antzekoak ditu, poloetan elurra du, eta aldien arabera hedatzen eta urritzen dira. Urtea oso luzea du, Lurreko seiehun eta laurogeita sei egun, Marteko seiehun eta hirurogeita zortzi egun, era honetara banatuak: ehun eta laurogeita hamaika egun udaberri, ehun eta laurogeita bat egun uda, ehun eta berrogeita bederatzi udazken, eta ehun eta berrogeita zazpi negu. Horregatik, hemen baino beroago eta hemen baino hotzago egin behar du han.

        Moztu egin nion.

        — Barka, jauna, Marte Eguzkitik gu baino askoz urrutiago dagoenez, hemen baino hotzago egin behar du beti, nire ustez.

        Nire bisitari bitxi hark suharraren suharrez egin zidan oihu:

        — Oker zaude, jauna! Oker zaude, erabat oker! Gu bai gaude, gu, eguzkitik urrutiago udan neguan baino. Hotzago egiten du Mont Blanc mendiaren gailurrean haren oinean baino. Helmotzen eta Schiaparelliren beroaren teoria mekanikoa gogoraraziko dizut, gainera. Eguzkiaren beroa atmosferak duen lurrin kopuruaren mende dago batez ere. Hona zergatik: ur lurrunezko molekula batek hamasei mila aldiz xurgamen handiagoa du aire lehorrezko molekula batek baino, ur lurruna da beraz gure bero biltegia; eta Martek Lurrak baino hodei gutxiago duenez, askoz ere beroagoa eta aldi berean askoz ere hotzagoa izan behar du Lurra baino.

        — Ez dizut zalantzan jartzen.

        — Oso ongi. Orain, jauna, entzun iezadazu kontu handiz, mesedez.

        — Horixe ari naiz egiten, jauna.

        — Entzun al duzu 1884an M. Schiaparelli-k aurkitu zituen kanal famatuen berri?

        — Oso gutxi.

        — Nola, baina, hori! Jakin ezazu, bada, 1884an Marte Lurrari buruz oposizio egoeran zegoela, eta laurogei milioi legoatako distantziara besterik ez gugandik, M. Schiaparelli, gure mende honetako astronomialaririk gailenetakoa eta behatzailerik ziurrenetako bat denak, lerro beltz zuzen edo irudi geometriko erregularrei jarraituz eteten ziren pila bat aurkitu zuen, kontinenteak zeharkatuz Marteko itsasoak lotzen zituztenak! Bai, bai, jauna, kanal zuzenak, kanal geometrikoak, norbaitek egindako kanalak! Bai, jauna, Marten biztanleak direla, han bizi direla eta pentsatzen dutela, lan egiten dutela eta begiratzen digutela erakusten duen froga: ulertzen duzu, ulertzen?

        »Handik hogeitasei hilabete geroago, berriro oposizio egoera izan zenean, berriro ikusi ziren kanal horiek, lehen baino gehiago, bai jauna. Eta izugarrizkoak dira, ehun kilometrotik gora baitira zabal.»

        Irribarrez erantzun nion:

        — Ehun kilometro zabal. Langile sendoak behar dira horrelakoak zulatzeko.

        — Ai, jauna, zer diozu, baina? Ez dakizu, nonbait, lana askoz ere arinagoa dela Marten Lurrean baino, Marte osatzen duten gaien dentsitatea gure gaien dentsitatearen hirurogeita bederatziren bat baizik ez dela! Hango astuntasuna gurearen hogeita hemeretzirena da ozta-ozta.

        »Kilogramo bat urek hirurehun eta hirurogeita hamar gramo baizik ez du pisatzen han!»

        Kopuru horiek halako ziurtasunez jaulkitzen zizkidan, kopuruak zer balio duen merkatariaren halako uste osoz, non ezin izan bainion barreari eutsi, eta gogoa nuen Marten azukreak eta gurinak zenbat pisatzen duten galdetzeko.

        Burua astindu zuen.

        — Barre egiten duzu, jauna, ergeltzat hartzen nauzu orain, lehen erotzat hartu ondoren. Baina nik aipatzen dizkizudan kopuruok astronomiako edozein liburu berezitan aurkituko dituzun berberak dira. Marteren diametroa gurearen ia erdia da; haren gainaldea Lurrarenaren ehuneko hogeita hiru baizik ez da; bolumena Lurraren bolumena baino sei eta erdi bider txikiagoa da, eta haren bi sateliteen lastertasunak frogatzen duenez, haren pisua hamar bider txikiagoa da gurea baino. Beraz, astuntasunaren intentsitatea masaren eta bolumenaren, hau da, pisuaren eta erditik azalera dagoen distantziaren araberakoa denez, zalantzarik gabe ateratzen da ondorioz arintasun egoera dela nagusi planeta horretan, bizitza erabat desberdina egiten duen arintasun bat, ekintza mekanikoak guk ezagutzen ez dugun bestelako modu batez arautzen dituena, eta han nagusitasuna bizi mota hegodunei eman behar diena. Bai, jauna, Marteko izakien Erregeak hegoak ditu.

        »Hegan egiten du, kontinente batetik bestera ibiltzen da, izpirituak bezala paseatzen dira beren unibertsoaren inguruan, hartara gainditu ezin duen atmosferak lotzen duela betiere, nahiz eta...

        »Hala bada, irudikatzen al duzu planeta hori guk zer itxuratakoak diren susmorik ere ez dugun landarez, zuhaitzez eta aberez betea, eta guri aingeruak bezala margotu zaizkigun izakari hegodun handiak dituela biztanleak? Ni neu ikusten ari naiz izaki horiek zabaldien eta hirien gainean han duten aire urre-kolorean hegabiraka. Zeren garai batean Marteko atmosfera gorria zela uste baitzen, baina horia da, izan, hori urre-kolore eder batekoa.

        »Harritzen al zaitu orain izaki horiek ehun kilometro zabaleko kanalak zulatu ahal izanak? Eta gogoratu besterik ez duzu zer egin duen zientziak gure artean mende batetik hona... mende batetik hona... eta har ezazu gogoan Marteko biztanleak gu baino gehiago direla agian...»

        Bat-batean isildu zen, begiak apaldu zituen, eta oso ahots apalez murmurikatu zuen:

        — Oraintxe bai, erotzat hartuko nauzu... esaten dizudanean ia-ia ikusi nuela bat... neuk... lehengo gau batean. Badakizu, edo ez dakizu, izar usoen egunetan gaudela. 18tik 19rako gauean batez ere, sekulako piloak ikusten dira urtero; itxura denez, kometa baten hondakinen artetik-edo igarotzen gara une horretan.

        »Mane-Porte-n eserita nengoen, bada, itsasoan barrena urrats bat egiten duen labar-hanka erraldoi horren gainean, eta nire buruaren gain erortzen zen mundu txikizko euri horri begira nengoen. Suziriak baino jostagarriago eta politagoak dira, jauna. Horretan nire gain-gainean ikusi nuen bat, oso hurbil, argizko globo garden bat, hegan ari ziren hegal erraldoiz inguratua, edo hegalak ikusi nituela iruditu zitzaidan behintzat, gaueko erdi-ilunpetan. Itzuliak egiten zituen, txori zauritu batek bezala, hots handi misteriozko batez bere gain itzulikatzen zen, zalantzatan zirudien, hiltzen, galdurik. Nire aurretik igaro zen. Beirazko globo handi bat zela esango litzateke, barrua dena izakari asaldatuz betea, ozta-ozta bereizten zirela, baina gobernurik gehiago ez duen eta olaturik olatu itzulika doan ontzi bateko eskifaia bezala aztoraturik. Eta globo bitxi hori, kurba handi bat eginik, itsasoan urruti erori zen; kanoi tiro bat bezala entzun nuen haren erorikoaren hots sakona.

        »Jende guztiak entzun zuen, bestalde, zarata hori eskualde hartan, eta tximista baten eztandatzat hartu zuen. Nik bakarrik ikusi nuen, ikusi nuen... itsasertzean niregandik hurbil erori izan balira, Marteko biztanleak ezagutu izango genituzkeen. Ez ezazu ezer esan, hausnar ezazu, hausnar ezazu luzaro eta gero konta ezazu hori egunen batean nahi baduzu. Bai, ikusi nuen, ikusi... lehenengo aire ontzia, gogoeta egiteko gai diren ikasiek infinitura bidalitako lehenengo izar arteko ontzia... ikusi nuena Lurrak erakarritako izar uso baten hiltze hutsa ez bazen behintzat... Zeren jakina izango duzu, noski, jauna, planetek kanpora egozten dituztela espazioko mundu herratuak, guk hemen alderraiak egozten ditugun bezala. Lurrak, txikia baita eta ahula, ezin ditu gelditu bere bidean zabaltasun handi horretako ibiltari txikienak baizik.»

        Zutik jarria zen, gogoa suturik, eldarniotan, besoak zabaldu eta argizagien ibiliak irudikatu nahiz.

        — Kometak, jauna, gu trinkogune batzuk baizik ez garen izar hodeiaren mugetan baitabiltza, kometak, txori aske eta argitsuak, Infinituaren barren-barrenetik datoz eguzkirantz.

        »Beren argizko isats erraldoiak atzetik dituztela datoz izar distiratsurantz; halako abiadaz bizkortzen dute beren bidaia galdua non ezin baitute topatu deika dutena; igurtzi baizik ez egin ondoren espazioan zehar jaurtikitzen ditu berriro beren erorikoaren lastertasunak berak.

        »Baina beren bidaia harrigarri horietakoren batean planeta ahaltsu baten hurbiletik igaro baldin badira, beren bidetik desbideratuta haren eragin eutsi ezina sentitu baldin badute, nagusi berri horrengana itzultzen dira orduan, eta handik aurrera gatibu edukitzen ditu. Beren parabola mugagabea kurba itxi bihurtzen zaie, eta horregatik kalkula dezakegu kometa periodikoaren itzulera. Jupiterrek zortzi esklabo ditu, Saturnok bat, Neptunok ere bat, eta haren kanpoko planetak ere bat, eta izar uso gudaroste bat... Tira, tira... agian lurrak mundu herratu txikitxo bat gelditzen zuen unea baizik ez dut nik ikusi...

        »Agur, jauna, ez iezadazu erantzun ezer, hausnar ezazu, hausnar ezazu hau dena eta gero konta ezazu egunen batean nahi baduzu...»

        Egina dago. Errentazale arrunt bat ergelago iruditzen baitzait ero hura baino.

 

(1889ko urriaren 10ean)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia