Lotarakoa

 

        Sena ibaia luze hedatzen zen nire etxe aurrean, zimur bat ere gabe, goizeko eguzkiak bernizaturik. Zilar jario eder, zabal, geldi, luze bat zen, han-hemen purpuraz orbandua; eta ibaiaz beste aldean zuhaitz handiek berde kolorezko harresi erraldoi baztergabe bat hedatzen zuten lerro-lerro urbazter guztian zehar.

        Egunero berriro hasten den bizitzaren sentimena, bizitza fresko, alai, maitasunezkoarena, ikaraz ageri zen hostoetan, tupoka zebilen airean, ispiluz islatzen zen uretan.

        Postariak ekarri berriak zituen egunkariak eman zizkidaten, eta ibai ertzerantz joan nintzen, urrats lasaiz, haiek irakurtzera.

        Lehenengo zabaldu nuenean, hitzok erreparatu nituen: «Beren buruaz beste eginen estatistikak», eta bertan jakin nuenez, zortzi mila eta bostehundik gora pertsonak egin du bere buruaz beste aurten bertan.

        Bat-batean, ikusi egin nituen! Han ikusi nuen nekearen nekez biziaz etsi dutenen sarraski higuingarri beren gogozko hura. Odoletan ikusi nituen batzuk, masailezurra hautsirik, burezurra leherturik, bularra bala batez zulaturik, agonia geldian, hotel bateko gela batean bakar-bakarrik, beren zauriaz gogoratu gabe, beren zorigaitza baizik ez gogoan.

        Besterik ere ikusi nuen, zintzurra zabalik edo sabela urraturik, oraindik ere eskuan dutela sukaldeko aiztoa edo bizarra kentzeko labana.

        Besterik ere ikusi nuen, edo pospoloak bustitzen jarrita zeuden baso baten aurrean, edo txartel gorria zuen botilatxo baten aurrean eserita.

        Begiak finko begiratzen zioten horri, mugitu gabe; gero edan egiten zuten; eta zain geratzen ziren; gero keinu gaizto bat jartzen zitzaien matrailetan, zimurtzen zizkien ezpainak; izu batek galduan jartzen zizkien begiak, ez baitzekiten horrenbeste sufritu beharra zegoenik azkena heldu bitartean.

        Jaikitzen ziren, gelditzen ziren, erortzen ziren, eta esku biak sabelari helduta, erretzen sentitzen zituzten barrenak, likidoaren suak janik erraiak, pentsamendua iluntzen hasi ere egiterako.

        Besterik ere ikusi nuen, hormako iltzetik, leihoko maratilatik, sabaiko gakotik, mandioko habetik, zuhaitz adarretik zintzilik, arratseko euripean. Eta, mingaina aterata, hantxe geldirik geratu arteko beren egin guztiak sumatzen nituen. Sumatzen nituen haien bihotz esturak, haien azken zalantzak, haien soka lotzeko mugimenduak, ongi ote zegoen finkatuta, lepo inguruan nola lotzen zuten eta gorputza nola uzten zuten jausten.

        Besterik ere ikusi nuen, ohatze gupidagarritan etzanik, amak bere haurtxoekin, agureak goseak akabatzen, neska gazteak amodioaren esturak urraturik, denak zurrun, itolarritan, itorik, gelaren erdian sutontzia oraindik ere ketan zela.

        Eta sumatu nituen beste batzuk, gauez zubi hutsetan paseatzen. Horiek ziren tamalgarrienak. Ura hots bigun batez igarotzen zen arkuen azpitik. Haiek ez zuten ikusi ikusten... sumatu egiten zuten haren usain hotza usnatuz! Desio zuten eta beldur zioten. Ez ziren ausartzen! Baina behar zuten. Ordua jotzen zuen urrutiko kanpandorreren batean, eta bat-batean, ilunpeetako isiltasun zabalean, ibaira erortzen zen gorputz baten plastada entzuten zen, garrasi batzuk, eskuek jota urak ateratako plastadak, berehalaxe itorik. Beste batzuetan haien erorikoaren plaust hotsa baizik ez zen izaten, eurek eskuak lotu edo hanketatik harri bat erantsi zutenean.

        Ai gaixoak, gaixoak, gaixoak, zenbatetan sentitu ditudan haien estura larriak, zenbatetan hil naizen haien hiltzeaz! Haien miseria guztiak ditut igaro; haien tortura guztiak pairatu, ordu betean. Haiek hartaratu dituzten samin guztiak ditut ezagutu; ni baino lehen beste inork sentitu ez duen bezala baitut nik sentitzen bizitzaren belzkeria engainagarria.

        Nola ere aditu ditudan zoritxarrak hertsaturik, beren pertsonarik maiteenak galdurik, gerora izateko sarien ametsetatik edo, Jainkoa, anker izan ondoren, noizbait ere justu izango den bestelako izate baten ilusiotik iratzarririk, eta zorionaren mirariez desengainu harturik, hartatik nahikoa izan eta behin betirako bukatu nahi dutenak tregoarik ez duen drama edo komedia lotsagarri hau.

        Suizidioa! horra indarrik gehiago ez dutenen indarra, horra sinesterik gehiago ez dutenen esperantza, horra azpiratuen ausartasun gain-gainekoa! Bai, bada ate bat behintzat bizitza honentzat; beti dugu aukera ate hori zabaldu eta beste aldera igarotzeko. Naturak errukialdi bat izan du; ez gaitu kartzela batean itxi. Erruki etsientzat!

        Desengainatu baizik ez direnak doazela, bada, aurrera, arima libre eta bihotza bare. Ez dute zeren beldur izanik, alde egitea libre baitute; beti baitute atzean jainko amestuek ere itxi ezin duten ate hori.

        Beren gogoz hildakoen jendetza hori nerabilen gogoan: zortzi mila eta bostehundik gora urte batean. Eta munduari eskari bat igortzeko bilduak zirela iruditzen zitzaidan, erregu bat oihukatzeko, geroago, gauzak hobeto ulertzen direnean, egin ahal izango den gauza bat eskatzeko. Iruditzen zitzaidan heriotza emandako haiek guztiak, lepoa moztutako haiek guztiak, pozoitu haiek guztiak, urkatu haiek, ito haiek, saldo beldurgarrian, botoa ematen duten herritarrak bezala zetozela, gizarteari esatera: «Emaiguzue heriotza gozo bat bederen! Lagun iezaguzue hiltzen, bizitzen lagundu ez diguzuenok! Begira, asko gara, badugu eskubidea askatasuna, filosofiaren independentzia eta herritar ororentzako botoa finkatuak diren egunotan. Egiguzue, bizitzari uko egin diogunoi, higuingarri eta izugarri izango ez den heriotza baten amoina».

.................................................................................................

        Ametsetan hasi nintzen, nire gogoetari gai hauei buruz amets bitxi misteriozkoetan zehar hara-hona ibiltzen utzirik.

        Halako batean hiri eder batean nengoela iruditu zitzaidan, Paris zen: zein garaitan, ordea? Kaleetan zehar nindoan, etxeei, antzokiei, eraikuntza publikoei begira, eta hona non, plaza batean, eraikuntza handi, oso dotore, atsegin, polit bat hautematen dudan.

        Harriturik geratu nintzen, zeren honela baitzegoen idatzita fatxadan, urrezko hizkitan: «Borondatezko heriotzaren obra».

        Oi, gogoa mundu irreal baina izan daitekeen batean hegan hasten den esnaldiko ametsen bitxikeria! Ezerk ez nau harritzen hartatik; ez txunditzen ere, ezerk; eta fantasia jareginak ez daki gehiago bereizten zer den barregarri eta zer den hits.

        Hurbildu nintzen eraikin hartara; sarrerako zerbitzariak, galtza laburretan, ataurre batean zeuden eserita, jantziak gordetzeko gela baten aurrean, elkarte baterako sarreran bezala.

        Ikustera sartu nintzen. Haietako batek, jaikirik, esan zidan:

        — Ezer nahi, jauna?

        — Leku hau zer den jakin nahi nuen.

        — Besterik ez?

        — Ba, ez.

        — Nahi al duzu, orduan, obra honetako idazkariarengana eraman zaitzadan?

        Dudatan nengoen. Berriro galdetu nion:

        — Ez da traba izango harentzat?

        — Ez, bai zera, jauna, honen berri nahi duten pertsonei harrera egiteko dago hemen.

        — Orduan, banoa, zu aurretik.

        Agure batzuk hizketan ari ziren korridore batzuetan zehar eraman ninduen; gero bulego eder batera sartu ninduen; ilun samarra, altzari beltzez jantzia zen den-dena. Gizonezko gazte, lodi, sabeltsu bat zegoen gutun bat idazten, bitartean zigarro puru bat errez; haren usainak argi erakusten zuen goi mailakoa zela.

        Jaiki zen, elkar agurtu genuen, eta zerbitzariak alde egin zuenean, galdetu zidan:

        — Ezertan lagun al diezazuket?

        — Jauna —erantzun nion nik—, barka nire dena ikusi nahi hau. Etxe hau sekula ikusi gabe nuen. Fatxadan idatzita dauden hitz apur horiek guztiz harrigarri gertatu zaizkit: eta hemen zer egiten den nahi nuke jakin.

        Irribarre egin zuen erantzun aurretik, gero, ahots apalez, pozik dagoenaren itxuraz:

        — Bada, Jainkoagatik, jauna, hil nahi duten pertsonak garbi eta eztiro, ez naiz ausartzen esatera atseginez, hiltzen dira etxe honetan.

        Ez nuen bihotzeko zirrara handirik sentitu, normala eta justiziazkoa iruditu baitzitzaidan hori. Eta harriturik geratu nintzen batez ere, ideia apal, beti zerbaitetarako, humanitario, norberekoikeriazko, eta egiazko askatasun ororen hertsatzaileak baizik ez dituen mundu honetan, gizarte askatu baten duin iruditzen zitzaidan horrelako eginkizun bat gauzatzera ausartu ahal izan zirelako.

        Berriro ekin nion:

        — Nola iritsi zarete horretara?

        Hark erantzun zuen:

        — Begira, jauna, suizidio kopuruak halako moduan egin zuen gora 1989ko Erakusketa Unibertsalaren ondoko bost urteetan, non premia larria sortu baitzen neurriak hartzeko. Kaleetan, jaietan, jatetxeetan, antzokietan, tren-bagoietan, Errepublikako Lehendakariaren harrera ospakizunetan, nonahi hiltzen zuen jendeak bere burua. Nik bezala ongi bizitzea atsegin dutenentzat ondo ikuskari itsusia ez ezik, oso eredu txarra zen gainera haurrentzat. Horregatik bada, leku batean zentralizatu behar izan ziren suizidioak.

        — Nondik zetorren, bada, suizidioen ugaltze hori?

        — Ez dakit. Oinarri-oinarrian, banago ni zahartzen ari dela mundua. Hasten da bat gauzak garbi ikusten, eta ezin etsi. Gobernuarekin bezalaxe gertatzen da gaur egun patuarekin, badakigu zer den; ohartzen zara alde guztietatik atzipetu zaituztela, eta alde egiten duzu. Ikusi denean probidentziak diputatu batek egingo liekeen bezalaxe egiten diela iruzur, lapurretan, tranpatan gizakiei, orduan haserretu egiten zara, eta gure ordezkari bitartekariak izendatzen ditugun bezala hiru hilabetero beste bat izendatu ezin dugunez, alde egiten duzu, oso leku txarra baita.

        — Bai horixe!

        — A! ni neu ez naiz kexatzen.

        — Azalduko al didazu nola funtzionatzen duen zuen obrak?

        — Pozik gainera. Eta zure aldetik beste norbaiti azaldu nahi badiozu, azal diezaiokezu. Hau elkarte bat da.

        — Elkarte bat!!...

        — Bai jauna, herrialde honetako pertsonarik entzutetsuenek, izpiriturik handienek, bururik argienek sortua.

        Eta barren-barrenetik barre eginez gehitu zuen:

        — Eta egiaz diotsut, oso gustura egoten garela hemen.

        — Hemen?

        — Bai, hemen.

        — Harritzen nauzu.

        — Baina, Jainkoarren, elkarte honetako bazkideak heriotzaren beldur ez direlako, horregatik egoten gara gustura hemen, hura baita lur honetan pozen galerazlerik handiena.

        — Zertarako dira, ordea, elkarte honetako bazkide, bere burua hiltzen ez badute.

        — Nornahi izan daiteke elkarte honetako bazkide, baina ez du horrenbestez bere buruaz beste egiteko obligaziorik.

        — Eta orduan?

        — Esango dizut. Suizidio kopurua neurri gabe gora egiten ari zenez, ematen zizkiguten ikuskari higuingarriak kontuan harturik, ongintza soileko elkarte bat antolatu zen, etsita zeudenak babesteko, eta ezustez ez bada ere, gozo eta oinaze gabe hiltzeko modua eskaini zien.

        — Eta nork eman zuen honelako obra baterako baimena?

        — Boulanger jeneralak, aginpidean egon zen bitarte laburrean. Ez zekien ezer ukatzen. Hauxe besterik ez zuen onik egin, gainera. Horrela bada, elkarte bat antolatu zen pertsona erne, desengainatu, eszeptikoz osatua, eta Paris erdi-erdian tenplu moduko bat nahi izan zuten eraiki, heriotzaren mesprezuari eskainia. Etxe hau leku beldurgarria izan zen hasieran, inor bertara hurbiltzen ez zena. Hori zela eta, sortzaileek, bertan biltzen baitziren, inaugurazio ekitaldi handi bat egin zuten; han izan ziren Sarah Bernhardt, Julie, Théo, Granier eta beste hainbat eta hainbat dama; eta gizonezkoetan Reszké, Coquelin, Mounet-Sully, Paulus, etab...; eta gero kontzertuak ere bai, Dumasen komediak, Mailhac-enak, Halévyrenak, Sardourenak. Batean baizik ez genuen porrot izan, Becque-ren antzerki obra batean, jendeari tristea iruditu baitzitzaion, baina arrakasta handia izan zuen gerora Comedie-Françaisen. Hitz batean, bada, Paris osoa etorri zen. Gauza aurrerabidean zen, beraz.

        — Festa artean? Bai jostatze makabroak!

        — Ez, bai zera! Heriotzak ez du zertan triste izanik, berdin dion gauza bat behar du izan. Guk alaitu egin dugu heriotza, lorez jantzi dugu, usain gozoz bildu, errazago bihurtu. Etsenplu bidez ikasten da laguntzen; ikus daiteke; ezer ez da.

        — Jaietarako jendea etortzea oso ongi ulertzen dut, baina etorri al da inor... zeratzera?

        — Segituan ez, ez ziren fidatzen.

        — Eta geroago?

        — Geroago etorri ziren.

        — Asko?

        — Saldoka. Egunean berrogeitik gora ditugu. Senan ia ez da itorik gehiago aurkitzen.

        — Nor hasi zen lehena?

        — Elkarteko kide bat.

        — Zaleren bat?

        — Ez dut uste. Aspertu bat, kiebra joa, hiru hilabetetan baccara-n sekulako galerak izana.

        — Egiatan?

        — Bigarrena ingeles bat izan zen, gizaje xelebre bat. Orduan propaganda egin genuen egunkarietan, gure prozedura kontatu genuen, erakarmena zuten hildakoak asmatu genituen. Baina mugimendu handia behartsuek ekarri zuten.

        — Nola egiten duzue?

        — Nahi duzu ikusi? Horretara, azalpenak emango dizkizut aldi berean.

        — Bai, noski.

        Bere kapelua hartu, atea zabaldu, eta irteteko esan zidan, eta gizonezkoak edozein joko-aretotan bezala jokoan ari ziren areto batera sarrarazi ninduen. Gela sail bat igaro zuen gero. Horietan berriketan ari zen jendea, alai. Oso gutxitan ikusi izan dut, ordu arte, horren elkarte bizirik, horrenbesteko mugimendua duenik, horren barretsurik.

        Eta nola ni harritu egiten bainintzen:

        — A! —hasi zen berriro idazkaria—, obra honek uste ezineko arrakasta du. Munduan den jende txairo guztia da bazkide, heriotza ezertan ez duela itxura emateko. Gero, behin hemen direnean, alai egoteko obligazioa dutela iruditzen zaie, beldurturik dauden itxura ez izateko. Horregatik arrailerian jarduten da, barre egiten da, txantxak egiten dira, graziaz hitz egiten da, eta graziaz mintzatzen ikasten. Gaur egun Parisen jende gehien datorren lekua, lekurik jostagarriena da, zalantzarik gabe. Emakumezkoak ere honelakoxe eranskin bat ari dira oraintxe berentzat antolatzen.

        — Eta, hala eta guztiz ere, suizidio asko duzue etxe honetan?

        — Esan dizut, berrogei-berrogeita hamar egunean. Jende handikia gutxi izaten da; baina arlote jendea ugari da. Erdi mailako klaseak ere asko ematen du.

        — Eta nola... egiten da?

        — Asfixiaz... gozo-gozo.

        — Nola?

        — Guk asmatu dugun gas batez. Patentea dugu. Eraikinaren beste aldean bezeroentzako ateak daude. Hiru ate, kale txikitara ematen dutenak. Gizon bat edo emakume bat datorrenean, galdeketa egiten zaio lehendabizi; gero sorospen bat eskaintzen zaio, laguntza, babesak. Bezeroak onartzen badu, behar direnak bilatzen dira, eta askotan salbatu izan ditugu horrela.

        — Nondik ateratzen duzue dirua?

        — Asko daukagu. Bazkideen kuotak oso altuak dira. Eta gainera obrari emaitzak egitea ere ongi ikusia dago. Emaitzak egiten dituzten guztien izenak Figaro-n argitaratzen dira. Aberatsen suizidioa mila libera da, gainera. — Eta itxuroso hiltzen dira. Pobreen suizidioak dohainik dira.

        — Nola ezagutzen dituzue pobreak?

        — Ba! ba! Berehalaxe antzematen zaie, jauna! Eta behartsu ziurtagiria ekarri behar dute, gainera, beren auzoko polizia komisarioak emana. Jakingo bazenu zein gauza makurra den, haien sarrera! Nik behin baizik ez dut ikusi gure erakunde honen parte hori, eta ez naiz berriro hara itzuliko. Tokiari dagokionez, hau bezain ondo dago, hauxe bezain aberats eta eroso ia; baina hara datozenak... Hara datozenak!!! Ikusiko bazenitu iristen, agureak, pildaz jantzirik, hiltzera nola datozen; hilabetetan miseria gorrian lehertu beharrean egonda, kale kantoietan janez, kaleko txakurrak bezala; emakumeak, piltzarrez estaliak, hezur eta azal, gaixorik, elbarriturik, beren bizitza non duten ez dakitela, eta beren kasua kontatu ondoren esaten digutela: «Ikusten duzue honek ezin duela jarraitu, zeren nik ezin dut gehiagorik egin, ez dut zer irabazirik».

        «Laurogeita zazpi urteko atso bat ikusi nuen behin, bere seme-alaba eta biloba guztiak galdurik, ordurako kale gorrian lo egiten sei aste zeramatzana. Haren emozioz gaixorik egon nintzen. Eta hainbeste eratako kasuak ditugu, azkenean, sartu eta zuzenean "Non da?" galdetzen dizutenak kontatu gabe. Horrelakoak, barrura eraman, eta segituan bukatzen da egitekoa».

        Berriro galdetu nion, bihotza uzkurturik:

        — Eta... non da, bada?

        — Hemen.

        Ate bat zabaldu eta jarraitu zuen:

        — Sar zaitez, elkarteko bazkide direnentzat bereziki gordeta dagoen partea da, eta hauxe da gutxien erabiltzen dena. Hamaika ezerezte baizik ez dugu oraindik izan hemen.

        — A! Ezerezte deitzen diozue, hortaz, horri...

        — Bai jauna. Sar zaitez.

        Zalantzan nengoen. Sartu egin nintzen, azkenean. Galeria guztiz atsegingarri bat zen, berotegi moduko bat, kolore urdin motelezko, arrosa kolore apalezko, berde kolore arinezko beirategi batzuek tapizeriazko poesia girozko paisajez inguratzen zutena. Gela polit horretan baziren etzateko aulkiak, palmondo bikainak, loreak, arrosak batez ere, baltsamu usainezkoak, liburuak mahai gainetan, Bi Munduetako Aldizkaria, zigarro puruak zein bere markako ontzietan, eta —harritu ninduen— Vichy gozokiak gozoki ontzi batean.

        Eta nola harritu bainintzen:

        — A! Ohitura handia dago solasera hona etortzeko —esan zuen nire gidariak.

        Eta berriro ekin zion:

        — Bezeroentzako gelak ere berdinak dira, baina altzariz soilago jantziak.

        Nik galdetu nion:

        — Eta nola egiten duzue?

        Etzateko aulki bat erakutsi zidan, Txinako krepe apar-kolorezkoa, brodatu zuriz jantzia, ezagutzen ez nuen mota bateko zuhaixka kozkor batean azpian, haren orpoa hereza-belarrezko zerrenda batek inguratzen zuela.

        Idazkariak ahots beheran jarraitu zuen:

        — Nahi bezala aldatzen da lorea eta usaina, zeren gure gasak berez ezeren usainik ez duen arren, norberak maite izan duen lorearen usaina ematen dio heriotzari. Urrinekin batera zabaltzen da. Nahi duzu segundo batez usaintzera ematea?

        — Eskerrik asko —esan nion—, baina oraindik ez...

        Barrez hasi zen.

        — Tira, jauna, arriskurik ez da. Neuk ere behin baino gehiagotan probatu izan dut.

        Beldurra eman zidan ez ote nintzen haren aurrean koldar geratuko. Esan nion:

        — Bai, nahi dut.

        — Etzan zaitez Lotarakoan.

        Urduri samar, baina eseri nintzen Txinako krepezko aulki apal hartan, etzan nintzen, eta ia besterik gabe hereza-belarraren usain gozo batek bildu ninduen. Ahoa zabaldu nuen hura hobeto hartzeko, arima loak hartua baitzen, ahazten ari zen, eta asfixiaren lehen zoraldian opio xarmatzaile oinaztarriaren pareko baten mozkor sorgingarria ari zen dastatzen.

        Besoa astindu zidaten

        — Ai, jauna, jauna —ari zen esaten, barrez, idazkaria— egingo nuke gustua hartu diozula.

        .................................................................................................

        Baina, ahots bat, egiazko ahots bat, eta ez ameskerietakoa, ari zitzaidan agurtzen nekazarien hitz egiteko moduaz.

        — Egunon, jauna. Zer moduz gara?

        Ametsak hegan alde egin zidan. Sena ibaia argi ikusi nuen eguzkipean, eta herriko basozaina, bide zidorretik zetorrela, eskuineko eskuaz bere kepi beltz zilarrezko galoiduna ukituz. Erantzun nion:

        — Egunon, Marinel. Nora zoaz, ba?

        — Morillons inguruan atera duten ito bat begiratzera noa. Beste bat, bere burua errekara bota duena. Badirudi, gainera, galtzak erantzi eta hankak lotzeko erabili dituela.

 

(1889ko irailaren 16an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia