Erretratu bat

 

        — To, Milial! —esan zuen norbaitek inguruan.

        Seinalatzen zutenari begiratu nion, aspalditik bainuen Don Juan hura ezagutzeko gogoa.

        Ez zen gaztea dagoeneko. Haren ile grisak, halako gris uher batekoak, ipar herri batzuetako biztanleak erabiltzen dituzten ilezko kapeluen antza-edo zuen, eta haren bizar aski luzeak ere larruzko berokiaren itxura-edo zuen, paparrean behera erortzen zitzaiola. Emakume batekin ari zen hizketan, harenganantz makurturik, ahots apalez, begi gozo, gorazarrez eta laztanez bete batez begiratzen ziola.

        Banekien haren bizitzaren berri, edo haren bizitzatik ezagutzen zena behinik behin. Maitasun suharrak izana zen, behin baino gehiagotan; eta drama bat baino gehiago gertatu zen, haren izena tartean zena. Oso gizon erakargarriaren ospea zuen, ia ezetzik eman ezinezkoa. Hura gehien goraipatzen zuten emakumeei ahalmen hori nondik zuen jakin nahiz galdetzen nienean, gauza bera erantzuten zuten beti, une batez bila ahalegindu ondoren:

        — Ez dakit... xarma du.

        Egia esan, ederra ez zen. Ez zuen emakumeen bihotzaren jabe egiten direnek omen dituzten dotorezia horietatik bat ere. Interes handiz galdetzen nion neure buruari ea non gordetzen ote zuen bere liluramen hura. Hitz egiteko gatzean?... Baina inoiz ez zidaten haren hitzik aipatu, edo haren sen berezirik goretsi... Begiradan?... Litekeena... Ala ahotsean?... Batzuen ahotsak badu halako guritasun berezi bat, jarki ezin zaiona, jateko gozoak diren gauzen ahogozoa. Horrelakoei entzuteko gosea izaten da, eta horrelakoen hitzak gutiziak balira bezalaxe sartzen zaizkigu gorputzean.

        Adiskide bat zegoen ondoan.

        — Ezagutzen al duk Milial? —galdetu nion.

        — Bai.

        — Lagun iezaguk, hortaz, elkarren ezaguera egiten.

        Handik minutu batera elkarri bostekoa eman, eta bi ateren artean solasean ari ginen. Hark esaten zuena egia zen, entzuteko atsegina, gainera, hortik goragoko gauzarik batere gabea. Ahotsa ere halaxe zuen, noski, ederra, gozoa, ferekagarria, musikazkoa; baina hura baino zirraragarriagoak, itsasgarriagoak entzunda nengoen ni. Atseginez entzuten zitzaion, iturri eder batean ur jarioari begira egon lekiokeen bezala. Arreta berezirik ez zen behar hari jarraitzeko, inolako ezkutuko esanahirik ez zerabilen, harrapatzen aritzeko, ez zuen entzulea jakin-zain edukiko, haren arreta pizteko. Bestela baizik, barea zen haren solasa, eta ez zizun pizten ez erantzuteko edo kontra egiteko gogo bizirik, ez onespen suharrik.

        Hari entzutea bezain erraza zen, bestalde, ihardespena ematea ere. Berez etortzen zen erantzuna ezpainetara, hark solasa bukatu bezain laster, eta hark esandakoak berez ahotik irtenarazi balitu bezala joaten ziren atzera erantzuneko esaldiak.

        Burutazio batek, ordea, harritu ninduen bat-batean. Ordu laurden bat izango zuen ezagutzen nuela, eta aspaldiko lagun zaharra iruditzen zitzaidan dagoeneko, aspalditik ezagutzen nuela haren guztia: haren aurpegia, haren keinuak, haren ahotsa, haren ideiak.

        Une batzuk berriketan eginik, guztiz etxe-etxeko egina zirudien bat-batean. Ate guztiak zabalik zeuden gure artean, eta, bestela neure buruaz lagunik zaharrenei baizik esaten ez dizkiedanak ere esango nizkiokeen, agian, hala eskatu izan balit.

        Bazen hartan misterioren bat, zinez. Pertsonen artean izaten diren hesi itxi horiek, begikotasunak, zaletasunetan antzeko izateak, kultura intelektual bera izateak, eta etengabeko harremanak izateak askatu dituztenean denborak banan-banan eramaten dituen hesi horiek, bazirudien bat bera ere ez zegoela gure artean, eta ezta hura eta halabeharrak haren bidean jartzen dituen, gizon zein emakume, gainerako guztien artean ere.

        Ordu erdi baten buruan bereizi ginen elkarrengandik, sarri-sarri elkar ikusiko genuela agindurik; eta bere helbidea eman zidan, biharamun hurrengoan haren etxean bazkaltzeko gonbita eginik.

        Ordua ahaztu bainuen, goizegi iritsi nintzen; hura itzuli gabe zen oraindik. Otsein duin mutu batek egongela eder, ilun samar, bildu, gozo baterako atea zabaldu zidan. Eroso sentitu nintzen han, neure etxean banengo bezala. Zenbatetan ez ote dut gogoratu zer eragin duen bizilekuak jendearen izaeran eta moldetasunean! Gela batzuetan ergel sentitzen da bat beti; beste batzuetan, berriz, erne sentitzen zara beti. Batzuek tristatu egiten zaituzte, argiak, zuriak, urre kolorekoak izan arren; beste batzuek alaitu egiten zaituzte, kolore bareko zapiz tapizatuta egonda ere. Gure begiak baditu, bihotzak bezalaxe, bere gorrotoak eta bere samurtasunak, askotan ohartarazi ere ohartarazten ez dizkigunak, eta gure umoreari ezkutuki, sekretuan, ezartzen dizkionak. Altzarien harmoniak, hormenak, gela janzten duten gauzen estiloak zuzen-zuzenean eragiten du gure adimenaren izaeran, basoko aireak, itsasokoak edo mendikoak gure izaera fisikoa aldatzen duen bezalaxe.

        Bigungarrien azpian desagerturik zegoen etzan-aulki batean eseri nintzen, eta lumazko gosnatxo sedaz jantzi horiek eusten, biltzen, jasotzen nindutela iruditu zitzaidan, nire gorputzaren forma eta lekua altzari horretan lehendik markatuak baleude bezala.

        Eta gero begira hasi nintzen. Ezer distira berezikorik ez zen gela hartan; gauza eder apalak alde guztietan, altzari soil bakanak, Louvretik ez baina harem batetik zetozela areago ziruditen Sortaldeko errezelak, eta, nire aurrean, emakume baten erretratua. Ez handi ez txiki, tartekoa baizik; burua eta gorputzaren goiko aldea ageri ziren, eta liburu bat zuen eskuetan. Gaztea zen, buruhas, adats leunez orraztua, irribarre triste samar batez. Buruhas zegoelako ote zen, ala haren jarrera hain zelako berezkoa, baina inoiz ez zait iruditu izan hura gela hartan zegoen bezain bere giroan inon egon zitekeenik emakume baten erretratua. Nik ezagutu ditudanak itxurakeriaz eginak dira denak, dela andreak arrandiazko jantziak dituelako, edo ondo jotzen duen orrazkera berezia duelako, edo badakiela sumatzen zaiolako noren aurrean ari den jartzen, margolariaren aurrean lehendabizi, eta geroztik izango diren begirale guztien aurrean gero, edota ondo-ondo aukeratutako etxeko jantzi batez jarrera nagi bat hartuta dagoelako.

        Batzuk zutik, itzaltsu, edertasun bete-betean, beren eguneroko bizitzan luzaro mantendu ezin izan duten halako goitasun aire batez. Beste batzuek losintxa egiten dihardute, oihalaren gelditasunetik; eta denek dute zertxobait, lore bat, bitxi bat, arroparen toles bat, ezpain izur bat, margolariak deigarri jarria. Kapelua dutela, farfaila dutela, edo ilea besterik ez, baina berehalaxe antzematen zaie berezkoa ez duten zerbait. Zer? Ezin jakin, ez baititugu ezagutu, baina halaxe sumatzen da. Nonbait bisitan baleude bezala dirudite, norbaiti atsegin eman nahiz bezala, norbaiti beren alde onak baizik erakutsi nahi ez balizkiote bezala; eta oso ongi ikasia dute beren jarrera, batzuetan apala, beste batzuetan burgoia.

        Zer esan, bada, hartaz? Bere etxean zegoen, noski, eta bakarrik gainera. Bai, bakarrik zegoen, bakarrik zaudela gauza triste gozoren bat gogoratzen zaizunean bezala egiten baitzuen irribarre, eta ez norbait begira duzunean irribarre egiten den bezala. Hain zegoen, gainera, bakarrik, eta bere etxean, non hutsunea sortzen baitzuen bizileku handi hartan guztian, erabateko hutsunea. Bera zen biztanle, berak betetzen zuen, berak bakarrik bizitzen leku hura; sar zitekeen jendea ugari, eta aritu zitekeen jende hori guztia hizketan, barrez, kantuan ere; hura, ordea, bakar-bakarrik egongo zen beti, bere irribarre bakartiarekin, eta hark baizik ez zuen biziaraziko gela hura, bere erretratuko irribarrearekin.

        Besterik ez bezalakoa zuen, gainera, begirada ere. Zuzen-zuzenean zetorkidan, laztanez eta finko, ikusi ikusten ez ninduela. Erretratu guztiek dakite begiratzen diegula, eta begiez erantzuten digute, ikusteko gai diren begiez, pentsatzeko gai diren begiez, bizi diren gelan sartzen garenetik handik irteten gareneraino une batez ere galdu gabe jarraitzen diguten begiez, hain zuzen.

        Erretratu hark ez ninduen ikusten, ez zuen ezer ikusten, begirada zuzen-zuzen nire gain jarria bazuen ere. Baudelaireren beste bertso harrigarri hartaz gogoratu nintzen:

        Et tes yeux attirants comme ceux d'un portrait.

        Ezin eutsizko indarrez erakartzen baininduten, zirrara bitxi, bortitz, berri bat eragiten zidaten, inoiz bizi izandako, agian oraindik ere bizi ziren, begi pintatu haiek. Oi! Zer xarma mugagabea, igarotzen den eguratsa bezain hebaingarria, ilunabar more, arrosa eta urdin batean hiltzen ari den zerua bezain liluragarria, ondoren datorren gaua bezalatsu, zer xarma zerion koadro ilun hari, begi barrendu ezin haiei! Begi horiek, pintzel ukitu arin batzuez sortutako begi horiek, ba ote den baina ez den, emakume begirada batean azal daitekeen, gure baitan maitasuna ernarazten duen ezkutuko gauzaren misterioa dute beren baitan gorderik.

        Atea zabaldu zen. Milial jauna ari zen sartzen. Berandutu izanagatik barkazioa eskatu zuen. Nik goizegi iritsi izanagatik eskatu nuen barkazioa. Eta esan nion:

        — Gehiegi galdetzea al da emakume hori nor den esateko eskatzen badizut?

        — Nire ama da, oso gazterik hila —erantzun zidan.

        Eta orduan ulertu nuen nondik zetorkion gizon hari bestela azaldu ezinezko erakarmen hura!

 

(1888ko urriaren 29an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia