Gaua

 

        Amesgaiztoa

        Irrika biziaz maite dut gaua. Nork bere herria edo maitalea maitatzen duen bezalaxe maite dut, oldezko maitasun sakon menderaezin batez. Nire zentzu guztiez maite dut, begiez, haiek baitute ikusten, usaimenaz, hark usaintzen baitu, belarriez, haiek entzuten baitute haren isiltasuna, nire haragi guztiaz, ilunpeak laztantzen baititu. Enarak eguzkitan, goiz argietako aire urdinean, aire beroan, aire arinean kantatzen du. Mozoloak gauean zehar ihes dagi, orban beltz espazio beltzean ibiltari, eta iluntasun mugagabeak gozaturik, horditurik, bere oihu ozen erdiragarria jaurtitzen du.

        Egunak nekatu eta aspertu egiten nau. Zakarra da, eta zaratatsua. Nekez jaikitzen naiz, nagi janzten, damuz naiz irteten, eta pauso bakoitzak, mugimendu bakoitzak, keinu bakoitzak, hitz bakoitzak, pentsamendu bakoitzak karga lehergarri bat jasotzen ari banintz bezalaxe unatzen nau.

        Eguzkia beheratzen denean ordea, halako poz lauso batek, nire gorputz osoaren poz batek hartzen nau. Esnatu egiten naiz, piztu egiten naiz. Itzala handituz doan heinean, oso bestelako sentitzen naiz neu ere, gazteago, kementsuago, erneago, zoriontsuago. Loditzen-loditzen ikusten dut zerutik erortzen den itzal ilun handia: ezin atxikizko, ezin barneratuzko uhin bat bailitzan itotzen du hiria, ezkutatzen du, koloreak, formak ezabatzen ditu, besarkatzen ditu bere sumaezinezko ukituaz etxeak, pertsonak, monumentuak.

        Hontzak bezala gozamenaren gozamenez oihuka hasteko gogoa izaten dut orduan, katuak bezala teilatuz teilatu ibiltzekoa, eta maitatzeko desira gaindi ezin bat pizten zait zainetan.

        Ibiltzera joaten naiz, nahiz errebal ilunetan, nahiz Paris inguruko basoetan, eta han entzuten ditut zelatari nire arreba piztiak eta nire anaia ezkutuko ehiztariak.

        Oldez maite den guztiak hil egiten zaitu azkenean. Nola azaldu ordea zer ari zaidan gertatzen? Nola ulertarazi konta dezakedala ere? Ez dakit, ez dakit. Baina badakit horrelaxe dela. — Horra.

        Atzo, beraz —atzo al zen?— bai, inondik ere, lehenago ez bazen behintzat, beste egun batean, beste hilabete batean, beste urte batean, — ez dakit. Atzo bide zen, nolanahi ere, eguzkia ez baita atera, ez baitu eguna argitu, ez baita eguzkia gehiago azaldu. Baina noiztik dirau gauak? Noiztik?... Nork esango du? nork jakingo du inoiz?

        Atzo, bada, arratsero ohi dudan bezala atera nintzen, afal ondoren. Oso eguraldi ona zegoen, oso gozoa, oso beroa. Eta bulebarretarantz jaisten ari nintzela, kaleko teilatuek nire gainean zeruan ebakitzen zuten ibai beltz izarrez beteari begira nengoen, egiazko ibai batek bezalaxe birarazten eta mugitzen baitzuen argizagien erreka ibiltari hark.

        Dena garbi zegoen aire arinean, planetetatik hasi eta gas muturretaraino, dena. Hainbeste argi zegoen piztuta zeru goian eta hirian, non ilunpea ere argi iruditzen baitzitzaidan. Gau argitsuak pozgarriago dira eguzki beteko egunak berak baino.

        Bulebarrean kafetegiak distiratan zeuden; barrez, paseatzen, edaten ari zen jendea. Antzokian sartu nintzen une batez; zein antzokitan? ez dakit. Hain argi zegoen, non tristatu egin baininduen, eta bihotza goibel samar atera nintzen galeriako urreetako argi talka bortitzagatik, kristalezko argi armiarmaren distira artifizialagatik, barandako suzko hesiagatik, argitasun faltsu gordin haren malenkoniagatik. Champs-Elysées-etara itzuli nintzen; kontzertu kafetegiek su guneak ematen zuten orbelpean. Gaztainondoek pintatuak ziruditen, argi horiak igurtzirik, zuhaitz fosforeszenteak bailiran. Eta elektrizitatezko lanpek, ilargi distiratsu zurbilen gisan, edota ilargiaren arrautzak bailiran zerutik erorita, perla erraldoiak nola, bizi-bizi, zurbil bihurtzen zituzten, beren argi nakaratu, misteriozko eta erregetiarren pean, gas sareak, gas zikin gaiztozkoak, eta kolorezko kristalezko lore-sortak.

        Garaipen arkuaren azpian gelditu nintzen, ibilbide hura, ibilbide luze, zoragarri, izarrez betea, suzko bi lerroren artean Paris aldera nola zihoan ikusteko, eta argizagiak! Argizagiak han goian, argizagi ezezagunak, espazio zabal mugagabean aliritzira jaurtitako argizagi ezezagun haiek, hainbeste amets, hainbeste gogoeta eragiten duten irudi bitxi horiek marrazten.

        Boulogneko Basoan sartu eta luze, luze egon nintzen. Zirrara berezi batek hartua ninduen, ustekabeko emozio indar handiko batek, eromena izateko askorik behar ez zuen pentsamenduaren bizkorraldi batek hartua.

        Luzaro, luzaro ibili nintzen. Eta gero atzera itzuli nintzen.

        Zer ordu zen berriro Garaipen Arkuaren azpitik igaro nintzenean? Ez dakit. Hiria loak hartzen ari zen, eta hodeiak, hodei beltz lodiak ari ziren zeruan zehar geldiro hedatzen.

        Orduantxe sentitu nuen lehendabiziko aldiz gauza bakanen bat, gauza berriren bat, gertatu behar zitzaidala. Hotz egiten zuela iruditu zitzaidan, airea loditzen ari zela, gaua, nire gau maitea, astuntzen ari zela nire bihotzean. Ibilbidea hutsik zegoen orain, bi udaltzain baizik ez ziren, zalgurdien geltokian hara-hona, eta hiltzear ziruditen gas lanpek ozta-ozta argitzen zuten kalean barazki eramaileen gurdi errenkada luze bat zihoan Halles-etara. Geldiro-geldiro zihoazen, azenarioz, arbiz eta azaz beterik. Gidariak lotan zeuden, ikusezin, zaldiek pauso bera zuten beti, aurreko gurdiari jarraituz, zaratarik gabe, zurezko zoruan zehar. Espaloiko argi bakoitzaren aurretik igarotzean, azenarioak gorriz argitzen ziren, arbiak zuriz, azak berdez, eta elkarren segidan igarotzen ziren gurdi gorri haiek guztiak, suzko gorriz, zilarrezko zuriz, esmeraldazko berdez. Jarraitu egin nien, gero rue Royaletik biratu nintzen eta bulebarretara itzuli nintzen berriro. Ez zegoen inor, ez kafetegi argiturik, beranduturen bat edo beste, presaka. Inoiz ez dut ikusi Paris horren hilik, horren hutsik. Ordularia atera nuen. Ordu biak ziren.

        Ibili beharrak bultzatuta bezala nindoan. Bastillaraino joan nintzen, beraz. Hara iritsita, hura bezain gau ilunik inoiz ez nuela ezagutu ohartu nintzen, Uztaileko Koloma bera ere ez bainuen ikusten, eta haren urrezko jeinua iluntasun barneraezinean galdurik baitzegoen. Lainozko ganga espazioa bezain lodi batek itoak zituen izar guztiak, eta bazirudien lurrera jaisten ari zela, erabat deusezteko hura ere.

        Lehengo bidetik itzuli nintzen. Inguru guztian ez zegoen inor. Chateau-d'Eau-ko plazan, hala ere, ia-ia topoz topo jo ninduen mozkor batek, eta han nonbait galdu zen. Denbora pixka batez haren urrats koloka zaratatsuak entzun nituen. Montmartreko faubourg aldean zalgurdi bat igaro zen, Sena alderantz. Deitu nion. Zamaltzainak ez zidan erantzun. Drouot kale inguruan emakume bat zebilen:

        — Jauna, entzun.

        Pausoa arindu nuen hark luzatzen zidan eskuari ihes egiteko. Gero ezer ez. Vaudeville aurrean trapu biltzaile bat espaloi bazterrak miatzen. Haren linternatxoa zoru ondo-ondoan zebilen.

        — Zer ordu dugu, adiskidea? —galdetu nion.

        — Nik al dakit! Erlojurik ez dut! —jaurti zidan purrustaka.

        Bat-batean ohartu nintzen gas argiak itzalita zeudela. Badakit goiz itzaltzen dituztena, eguna argitu aurretik, urtaro honetan; baina eguna argitzea urruti zegoen oraindik, oso urruti!

        «Ea, noan Halles-etara —pentsatu nuen—, han behintzat bizi arrastoren bat izango da eta».

        Eta harantz abiatu nintzen, baina ibiltzeko lain ere ez nuen ikusten. Geldiro nindoan, basoan ibili ohi den bezala, kaleak kontatuz eta zein ziren gogoratuz.

        Crédit Lyonnais aurrean zakur batek zaunka egin zuen. Grammont kaletik hartu nuen, galdu egin nintzen; noraezean ibili nintzen puska batean, gero, inguruan duen burdin hesiagatik, Burtsa ezagutu nuen. Paris lotan zegoen oso-osorik, lo sakon, beldurgarri batean. Urrutiko lekuren batean, hala ere, zalgurdi bat zebilen, bat bakarra, lehentxo nire aurretik igaroa agian. Hura harrapatzen ahalegindu nintzen, haren gurpilen hotsa zetorren aldera jarraituz, kale bakarti beltz, beltzetan, heriotza bezain beltzetan zehar.

        Berriro galdu nintzen. Non ote nengoen? Nori bururatzen zaio gas argiak horren goiz itzaltzea! Ezta oinezko bat ere, ezta berandutu bat ere, ez zelatari bat, ez ogara dagoen katuaren miaurik. Ezer ez.

        Non zeuden bada udaltzainak? Nire artean pentsatu nuen: «Oihu egingo diet, eta azalduko dira». Oihu egin nuen. Inork ez zidan erantzun.

        Oso ozen ari nintzen deika. Nire ahotsa oihartzunik gabe joan zen hegan, ahul, gauak, gau barrenduezin hark, itoa, mazpildua.

        Garrasika hasi nintzen:

        — Lagundu! lagundu! lagundu!

        Nire dei etsigarriak ez zuen erantzunik izan. Zer ordu zen, bada? Atera nuen ordularia, baina pospolorik ez nuen. Ezagutzen ez nuen bezalako poz harrigarri batez entzun nuen haren mekanika xumearen tik-tak hotsa. Bazirudien bizirik zela. Ez nengoen horren bakarrik. Hura misterioa! Berriro ekin nion bideari, itsuaren gisan, hormak makilaren puntaz ukituz, eta une oro begiak zerurantz jasotzen nituen, eguna noiz argituko; zerua beltz zegoen ordea, dena beltz, hiria bera baino ere beltzago.

        Zer ordu ote zen? Denbora infinitua neraman oinez —hala iruditzen zitzaidan—, hankak makurtu egiten baitzitzaizkidan nire soinaren pisuaren azpian, bularrak taupadak jotzen zizkidan, eta sekulako gosea nuen.

        Topatzen nuen lehenengo kotxe sarreran txilina joko nuela erabaki nuen. Kobrezko botoiari tira egin nion, eta txilina jo zuen etxe ozenean; modu berezian jo zuen, etxean hots ozen hura baizik ez balego bezala.

        Zain egon nintzen, ez zuten erantzun, ez zuten atea zabaldu. Berriro jo nuen; berriro egon nintzen zain, —ezer ez!

        Beldurtu egin nintzen! hurrengo etxebizitzara joan nintzen lasterka, eta hogei aldiz jo nuen txilina atezainak lotan egon beharko zukeen pasabide ilunean. Baina ez zen esnatu, eta aurrerago jarraitu nuen, ateetako eraztunetatik edo botoietatik nire indar guztiaz tiraka, zabaldu nahi ez zuten ate haiek ostikoz, makilaz, eskuez kolpatuz.

        Eta usterik gutxienean Halles-etara iristen ari nintzela ohartu nintzen. Halles-ak mortu zeuden, ez zaratarik, ez mugimendurik, ez kotxerik, ez gizonik, ez barazki eskutada bat, ez lore bat. Hutsik, geldi, abandonaturik, hilik!

        Ikaragarrizko beldur batek hartu ninduen osorik. Zer ari zen gertatzen? Ai, Jaungoikoa, zer ari zen gertatzen?

        Alde egin nuen handik. Ordua, ordea? ordua? nork esango zidan ordua? Ordulari batek ere ez zuen ordurik ematen kanpandorreetan ez monumentuetan. «Nire ordulariaren beira zabalduko dut, eta hatzez haztatuko dut orratza», pentsatu nuen. Atera nuen ordularia... baina ez zuen taupadarik jotzen... geldirik zegoen. Ezer ez, ezer ez, ikara bat ere ez hiri osoan, argitxo bat ere ez, haizearen igurtzitxo bat ere ez. Ezer ez!, ezer ez! zalgurdiaren burrunba urruna bera ere ez, ezer ez!

        Ibai ertzeko kaietan nengoen, eta izotz giroa zetorren ibaitik.

        Sena ibaia, ba ote zihoan oraindik?

        Horixe jakin nahi izan nuen, eskailera topatu nuen, jaitsi nintzen... Ez nuen entzuten ibaiko ura zubiko arkupean borborka... Eskailera maila gehiago... gero hondarra... lokatza... gero ura... besoa busti nuen... bazebilen... bazihoan... hotz... hotz... hotz... ia izozturik... ia agorturik... ia hilik.

        Eta ongi konturatzen nintzen ez nuela berriro gora igotzeko indarrik izango... eta hantxe hilko nintzela... ni ere, gosez — nekez — eta hotzez.

 

(1887ko ekainaren 14an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia