Hildako andrea

 

        Eromeneraino maite izan nuen! Zergatik maitatzen dugu? Harritzekoa al da mundu honetan izaki bat baizik ez ikustea, gogoan pentsamendu bat baizik ez izatea, bihotzean desira bat baizik ez, eta hitz bat baizik ez ahoan: etengabe goraka datorren izen bat, iturri bateko ura nola, arimaren barren-barrenetik igotzen dena, ezpainetaraino igotzen dena, esan eta berriro esaten dena, gelditu gabe murmuriatzen dena, alde guztietan, otoitz bat bailitzan.

        Ez dut kontatuko gure historia. Maitasunak bat besterik ez du, beti bera. Topatu eta maitatu egin nuen. Horra dena. Urte betez bizi izan nintzen haren samurtasunean, haren besoetan, haren laztanetan, haren begiradan, haren jantzietan, haren hitzetan, harengandik zetorren guztian bildurik, loturik, kartzelaturik, hain erabat, hala ere, non ez bainekien egunez zen ala gau, hilik nintzen ala bizirik, lur zahar honetan ala beste nonbait.

        Eta horra non hil zen. Nola? Ez dakit, ez baitakit.

        Bustirik itzuli zen, euri gau batez, eta biharamunean eztulka zen. Astebete-edo egin zuen eztulka, eta oheratu egin zen.

        Zer gertatu zen? Ez baitakit.

        Etortzen ziren medikuak, idazten zuten, joaten ziren. Ekartzen ziren sendagaiak; emakume batek edanarazten zizkion. Eskuak bero zituen, bekokia erretzen eta bustirik, begirada distiratsua eta triste. Hitz egiten nion, ez zidan erantzuten. Zer esan genion elkarri? Ez dakit. Ahaztua dut den-dena, dena! Hil egin zen, oso gogoan dut haren hats arina, haren hats arin hain ahula, azkena.

        Zaintzaileak «Ai!» esan zuen. Horrekin ulertu nuen, horrekin ulertu nuen! Ez nuen besterik jakin. Ezer ere ez. Apaiz bat ikusi nuen, hitz hau esanez: «Zure maitalea». Irainka ari zitzaiola iruditu zitzaidan. Hilda zegoenez, inork ez zuen hori jakiteko eskubiderik. Kanpora bota nuen. Beste bat etorri zen, eta oso ona izan zen, oso goxoa. Negar egin nuen hilaz hitz egin zidanean.

        Mila gauza galdetu zidaten hiletetarako. Ez dakit.

        Zerraldoaz, berriz, oso ondo gogoratzen naiz, barruan iltzatu zuteneko mailukaden hotsak. Ai! ene Jainkoa!

        Lurperatu egin zuten! Lurperatu! Hura! Zulo hartan! Batzuk etorriak ziren, lagunak. Nik ihes egin nuen. Lasterka.

        Luzaro ibili nintzen kaleetan zehar. Gero etxera itzuli nintzen.

        Biharamunean bidaia baterako abiatu nintzen.

 

        Atzo, Parisa itzuli naiz berriro.

        Berriro ikusi nuenean nire gela, gure gela, gure ohea, gure altzariak, bat hil denean haren heriotzaren ondoren haren bizitzatik geratzen den guztia geratua zen etxe hau guztia berriro ikusi nuenean, hainbesterainoko tristura kolpeak hartu ninduen berriro, non hutsa behar bainuen leihoa zabaldu eta nire burua kalera botatzeko. Gauza hauen artean ezin gehiago egonik, ezin egonik hura eduki zuten, hura babestu zuten eta beren zirrikitu antzeman ezinetan haren mila atomo, haren haragiaren eta arnasaren mila atomo gorderik izan behar zituzten horma hauen artean, kapela hartu nuen, alde egiteko. Bat-batean, ordea, atera iristeko unean, hark egunero, irteerakoan, ondo jantzirik ote zegoen, botinetatik orrazkeraraino behar bezala eta polit zihoan begiratzeko burutik oinera osorik ikusteko han jarrarazia zuen sarrerako ispilu handiaren aurretik igaro nintzen.

        Eta seko gelditu nintzen hura hainbeste bider islatua zuen ispilu horren aurrean. Hainbeste bider, hainbeste bider, non haren irudia ere gordea baitzukeen.

        Hantxe nengoen, zutik, dardaraz, begiak finko beiran, beira lau, sakon, huts, baina hura oso-osorik edukian, hura nik adina, nire begirada grinatuak adina beretua zuen hartan. Ispilu hori maite nuela iruditu zitzaidan — ukitu nuen, — hotza zegoen! Ai! oroimena! oroimena! ispilu samin, ispilu erre, ispilu bizi, ispilu izugarria, estura guztiak sufriarazten dituena! Zorionekoak bihotzak, isla ispiluan irristatu eta ezabatzen den bezala, barnean izan duen guztia, aurretik igaro zaion guztia, haren samurtasunean, haren maitasunean begiratu, miretsi izan den guztia, ahazten dienak! Hau nire sufrimendua!

        Irten, eta nire gogoz kontra, ohartu gabe, nahi gabe, hilerrirantz joan nintzen. Haren hilobi guztiz soila aurkitu nuen, marmolezko gurutze bat, hitz gutxiokin: «Maitatu zuen, maitatua izan zen, eta hil zen».

        Han zegoen, han azpian, ustelduta! Zer izugarrikeria! Negar zotinka hasi nintzen, bekokia lurraren kontra nuela.

        Luzaro geratu nintzen han, luzaro. Gero, horretan, gaua zetorrela ohartu nintzen. Desira bitxi, ero, maitale etsiaren desira bat jabetu zitzaidan orduan. Gaua haren ondoan igaro nahi nuen, azkeneko gaua, haren hilobiaren gainean negar egiteko. Ikusi egingo ninduten, ordea, kanpora egotziko ninduten. Nola egin?

        Maltzur jokatu nuen. Jaiki eta hara-hona hasi nintzen joandakoen herri hartan. Ibili eta ibili egin nuen. Zein den ttikia hiri hau, bestearen aldean, bizitzen denaren aldean! Izan, ordea, gehiago dira biziak baino, hilok. Etxe garaiak, kaleak, horrenbeste leku behar dugu, eguna ikusi, iturrietako ura, mahastietako ardoa edan eta zabaldietako ogia janaldi berean egiten dugun lau belaunaldiontzat.

        Eta hildakoen belaunaldi guztientzat, gureganaino jaitsi den gizadiaren mailadi osoarentzat, ia ezer ez, alor bat, ezer ez ia! Lurrak hartzen ditu berriro, ahazturak ezabatzen ditu. Agur!

        Erabiltzen zen hilerriaren muturrean, utzita zegoen hilerria ikusi nuen bat-batean, hildako zaharrak lurrarekin erabat nahasten direna, gurutzeak ere usteltzen direna, bihar azkeneko iritsiak jarriko direna. Arrosa librez, altzifre azkar beltzez betea dago, lorategi triste bikaina, giza haragiz bazkatua.

        Bakarrik nengoen, ondo bakarrik. Zuhaitz berde batean kuzkurtu nintzen. Oso-osorik ezkutatu nintzen han, adar lodi ilunen artean.

        Eta zain geratu nintzen, enborrari atxi-atxikirik, itsasoan galdua ontzi kondar bati bezala.

 

        Gaua beltz, oso beltz bihurtu zenean, nire babesa utzi eta emeki-emeki ibiltzen hasi nintzen, urrats geldiz, urrats sorrez, lur hildakoz bete haren gainean.

        Luzaro ibili nintzen hara-hona, luzaro, luzaro. Ez nuen aurkitzen. Besoak luzaturik, begiak zabalik, eskuez, oinez, belaunez, bularraz, buruz ere, hilobiak joz bila eta bila nindoan, aurkitzen ez nuela. Ukitzen nuen, bere bidearen bila ari den itsuaren antzera haztatzen nuen, harriak, gurutzeak, burdinazko kateak, beirazko koroak, lore zimelduzko koroak ukitzen nituen! Hatzez irakurtzen nituen izenak, hizkien gainetik igaroz. Hura gaua! Hura gaua! Ez nuen aurkitzen!

        Ilargirik ez! Hura gaua! Beldur nuen, beldur ikaragarria bi hilobi ilararen arteko bidezidor estu haietan! Hilobiak! hilobiak! hilobiak. Hilobiak beti! Eskuinean, ezkerrean, aurrean, inguruan, alde guztietan, hilobiak! Baten gainean eseri nintzen, ezin bainuen ibiltzen jarraitu, hainbesteraino bihurtzen baitzitzaizkidan belaunak. Bihotzaren taupadak entzuten nituen! Eta beste gauza bat ere entzuten nuen! Zer? Hots nahasi izendaezin bat! Nire buru erotuan ote zen, gau barrendu ezinean, ala lurrazpi misteriozko hartan, giza gorpuz ereindako lurrazpi hartan, hots hura? Inguruan begira ari nintzen!

        Zenbat denbora egon nintzen han? Ez dakit. Izumenak gogorturik nengoen, ikararen ikaraz mozkorturik, oihuka hasteko prest, hiltzeko prest.

        Eta horretan, eserita nengoen marmolezko lauza mugitzen hasi zela iruditu zitzaidan. Horixe, mugitzen ari zen, jaso izan balute bezala. Jauzi batez ondoko hilobirantz egin nuen, eta alde egin berria nintzen harria nola zutitzen zen ikusi nuen; eta hildakoa agertu zen, hezurdura soil bat, bere bizkar okertuaz harria kentzen. Ikusten ari nintzen, oso ongi ikusten, gaua sakona bazen ere. Gurutzean irakurri ahal izan nuen: «Hemen datza Jacques Olivant, berrogeita hamaika urte zituela hila. Maite zituen bereak, gizon zintzoa eta onezkoa izan zen, eta Jaunaren bakean hil zen».

        Orain bere hilobi gainean idatzita zeuden gauzak irakurtzen ari zen hildakoa ere. Gero harri bat hartu zuen bidetik, harritxo zorrotz bat, eta kontu handiz hasi zen gauza haiek karrakatzen. Erabat ezabatu zituen, astiro, bere begi hustuez ordu arte grabatuta egonak ziren lekuari begira; eta bere eri erakuslea izandako hezur muturraz pospolo mutur batez hormetan idazten diren argizko marra horiek bezalako hizkiz idatzi zuen:

        «Hemen datza Jacques Olivant, berrogeita hamaika urte zituela hila. Bere gogorkeriez bere aitaren heriotza bizkortu zuen, haren herentzia jaso nahiz, emaztea torturatu zuen, haurrei sufriarazi zien, auzoak tronpatu zituen, ahal zuen guztia ostu zuen, eta miserian hil zen».

        Idaztea bukatu zuenean, bere lanari begira geratu zen geldirik hildakoa. Eta atzera itzulirik, hilobi guztiak zabalik zeudela ohartu nintzen, gorpu guztiak irtenak zirela, ahaideek hilobiko harrian idatzitako gezurrak ezabatuak zituztela denek, han egia jartzeko.

        Eta haiek guztiak beren ahaideen borrero izan zirela ikusten nuen, denak gorroto zaleak, makurrak, hipokritak, gezurtiak, maltzurrak, inoren izenaren maiseatzaile, bekaizti, lapur, iruzurti, lotsagarrikeria guztiak eginak zituztela, izugarrikeria guztiak eginak zituztela guraso on haiek, emazte zintzo haiek, seme jator haiek, alaba garbi haiek, merkatari neurrizko haiek, gizon eta emakume akats gabeko omen haiek.

        Denak ari ziren batera idazten, beren betiereko egoitzaren ataurrean mundu honetan inork ez dakien edo ezjakin itxurak egiten dituen egia anker, izugarri, santua.

        Eta nireak ere bere hilobian halaxe idatzia zukeela bururatu zitzaidan.

        Eta orain jada batere beldurrik gabe, zerraldo erdi irekien artean, hildakoen gorpuen artean, hezur artean ibiliz, haren bila nindoan, berehalaxe aurkituko nuela ziur.

        Urrutitik ezagutu nuen, aurpegi hil oihalez estalia ikusi gabe.

        Eta lehen «Maitatu zuen, maitatua izan zen, eta hil zen» zekarren lekuan, honela zekarren orain: «Egun batez bere maitalea engainatzeko asmoz irtenik, euritan hoztu zen, eta hil egin zen».

 

        Itxura denez, hurrengo goizean jaso ninduten, sena galduta, hilobi baten ondoan.

 

(1887ko maiatzaren 31an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia