Madame Hermet

 

        Eroek biziki erakartzen naute. Pertsona horiek gogoeta bitxizko herri misteriozko batean bizi dira, lurrean ikusi duten guztia, maitatu izan duten guztia, egin izan duten guztia, gauzak gobernatzen eta gizonaren pentsaera arautzen duten lege guztiez kanpo geratzen den irudimenezko existentzia batean berriro hasten den eromenaren hodei zulaezinean.

        Eroentzat ezinik ez dago, sinetsi ezinezkoa desagertu da, magiazko gauzak ohiko dira eta naturaz goitikoak etxeko. Logika, hesi zahar hori, arrazoia, harresi zahar hori, zentzuzkotasuna, ideien itxitura zahar hori, zartatu egiten dira, erori egiten dira, behea jotzen dute aske jaregiten den, fantasiaren lurralde mugagabean ihesi doan, sekulako jauziak egiten dituen eta inork gelditzen ez duen irudimenaren aurrean. Eroentzat dena gertatzen da eta dena gerta daiteke. Ez dute inolako nekerik hartzen gertaerak menderatzeko, erresistentziak makurtzeko, oztopoak kentzeko. Aski dute beren borondate iruzurgilearen nahikunde bat, eta printze, enperadore edo jainko bihurtzen dira, munduko aberastasun guztien jabe bihurtzen dira, bizitzako gozagarri guztiak eskuratzen dituzte, plazer guztiak gozatzen, beti indartsu dira, beti eder, beti gazte, beti maitatu! Horiek baizik ezin izan daitezke zoriontsu lur honetan, horientzat ez baita existitzen Errealitatea. Atsegin dut eroen gogo iheskorrari beha egotea, hondo-hondoan erreka ezezagun bat, ez nondik datorren, ez nora doan inork ez dakiena, borborka ari den leize bati so egoten den bezala.

        Arrakala horietara begira egoteak ezertarako ez du balio, ordea, ez baita inoiz jakin ahal izango nondik datorren ur hori, edo nora doan. Kanpoan dabilen ura bezalakoxea baita, gainera, azken finean, eta ikusteak ere ezer gutxi erakutsiko liguke.

        Eroen gogoari begira aritzeak ere ez du ezertarako balio, zeren haien ideiarik bitxienak ere ideia ezagunak baizik ez baitira, bitxiak izanik ere, Arrazoiak kateatzen ez dituelako. Ideia horien sorburu aldartetsuak nondik darion ikusten ez dugulako harritzen gaitu ustekabean. Uraren bidean harri kozkor bat erortzea aski izan baita, inondik ere, borborka horiek eragiteko. Eta hala eta guztiz ere biziki erakartzen naute eroek, eta beti itzultzen naiz haietara, gogoz kontra bada ere, eromenaren misterio arruntak dei egiten didalarik.

        Behin batean, bada, eroetxe bat ikusten ari nintzelarik, nire gidari zihoan sendagileak esan zidan:

        — Begira, kasu interesgarri bat erakutsiko dizut.

        Eta gela bat zabaldurik, berrogei urte inguruko emakume bat erakutsi zidan, oraindik ederra, besaulki handi batean eserita, eskuko ispilutxo batean bere aurpegia etengabe aztertzen ari zena.

        Ikusi gintuenetik bertatik, jaiki zen, joan zen gelaren beste alderaino aulki batean utzita zegoen belo baten bila, bildu zuen hartan kontu handiz aurpegia, eta guregana etorri zen berriro, gure agurrari buru keinu batez erantzunik.

        — Zer moduz, bada, gaur goizean? —galdetu zion sendagileak.

        Emakumeak hasperen sakon bat egin zuen.

        — Oi, gaizki, oso gaizki, jauna, egunetik egunera marka handiagoak ari zaizkit egiten.

        Sendagileak konbentzitu itxuraz erantzun zion:

        — Bai zera, bai zera! egi-egiaz diotsut engainatuta zaudela.

        Gaixoa sendagilearengana hurbildu zen, esanez:

        — Ez, ziur nago. Hamar zulo kontatu ditut gaur goizean: hiru eskuineko masailean, lau ezkerrekoan eta hiru bekokian. Nazkagarria da, nazkagarria! Ezingo naiz inoren aurrera gehiago azaldu, ezta nire semearen aurrera ere, ez, ezta semearen aurrera ere! Galdurik nago, itsustu naiz betiko.

        Berriro bere aulki gainera erori eta negar zotinka hasi zen.

        Sendagilea, aulki bat hartu, haren ondoan eseri, eta kontsolamenduzko ahots gozo batez hasi zitzaion:

        — Tira, tira, ea, erakuts iezadazu, zaude ziur ez dela ezer. Kauterio ukitu batez desagerraraziko dizut nik hori dena.

        Emakumeak «Ez» erantzun zion buruari eraginez, hitz bat ere atera gabe. Sendagileak beloa ukitu nahi izan zion, hark ordea bi eskuez heldu zion, hatzak haragitan sartzeraino.

        Sendagilea arren uzteko eskatzen eta ziurtasuna ematen hasi zitzaion berriro:

        — Tira, tira, badakizu beti kentzen dizkizudala zulo itsusi horiek, eta nik zaindu ondoren ez direla gehiago ikusten. Erakusten ez badizkidazu, ezin sendatuko zaitut.

        Ahopeka erantzun zion hark:

        — Zuri bai, erakutsiko dizkizut, baina zurekin datorren beste jaun hori ez dut ezagutzen.

        — Hau ere sendagilea da, nik baino hobeto zainduko zaitu honek.

        Orduan erakutsi zuen, bada, aurpegia, baina lepoa jantzian barrenera sartzen zen lekuraino gorritzen zion haragia beldurrak, emozioak, ikus zezaten lotsak. Begiak apaldu eta behin ezkerrera behin eskuinera bihurtzen zuen aurpegia, gure begiradei ihes egiteko, eta aldi berean ahopeka ari zen:

        — Ai, hau sufrikarioa horrela azaldu beharra! Nazkagarria da, ezta? Nazkagarria da?

        Txunditurik nengoen hari begira, ez baitzuen ezer aurpegian, ez markarik, ez orbanik, ez zakarrik.

        Nireganantz bihurtu, begiak apalik betiere, eta esan zidan:

        — Nire semea zainduz harrapatu nuen gaixotasun beldurgarri hau, jauna. Hura salbatu nuen, baina ni itxuragabe geratu nintzen. Nire edertasun guztia eman nion, nire haur gaixoari. Azken-azkenean, nire eginbeharra bete nuen, kontzientzia lasai dut. Zenbat sufritzen dudan, Jainkoak baizik ez daki.

        Sendagileak akuarelak margotzeko pintzeltxo bat atera zuen patrikatik.

        — Utz iezadazu —esan zion—, oraintxe kenduko dizut hori dena.

        Gaixoak eskuineko masaila erakutsi zion, eta ukitu arin batzuk egiten hasi zitzaion sendagilea, kolore puntutxo batzuk jarriko balizkio bezala. Ezkerreko aldean beste horrenbeste egin zion, eta gero kokotsean eta bekokian, eta esan zion:

        — Begira, ez da ezer geratu, ez dago ezer!

        Gaixoak ispilutxoa hartu, eta luzaro, kontu handiz, arreta bizi-biziz, bere gogoaren ahalegin handienaz saiatu zen begira, ea zertxobait aurkitzen zuen, eta hasperen egin zuen azkenik:

        — Ez, ez da askorik ikusten. Eskerrik beroenak ematen dizkizut.

        Sendagilea jaikia zen. Agurtu zuen gaixoa, irteteko esan zidan eta atzetik etorri zen: eta atea itxi bezain laster, esan zidan:

        — Hona zorigaitzeko gaixo honen historia makurra.

       

        Mme. Hermet du izena. Oso andre ederra, andre pinpirina, maitatua eta pozetan bizi izana bere garaian.

        Mundu honetan eutsiko dienik, gobernatuko dituenik edo bizitza honetan kontsolatuko dituenik, beren edertasuna eta besteentzat atsegingarri izan nahia baizik ez duten emakume horietako bat zen. Bere freskotasuna etengabe zaindu nahia, aurpegiari, eskuei, hortzei, erakutsi zitzakeen bere gorputzeko atal guztiei kontu egin nahiak hartzen zizkion bere ordu guztiak eta arreta guztia.

        Alargun geratu zen, seme batekin. Miresmen handia jasotzen duten mundu asko duten emakumeen haurrek ohi dutena bezalako hezkuntza izan zuen harenak ere. Maite zuen, ordea.

        Mutikoa hazi zen; eta ama zahartzen hasi zen. Krisialdi ondorio txarrekoa iristen ikusi zuen, ez dakit. Beste askok bezala igaro ote zituen hark ere orduak eta orduak, behinola hain fina, hain gardena eta hain argia izandako azala betazpian zertxobait zimurtzen nola hasten den, oraindik ere antzematen ez diren baina egunetik egunera, hilabetetik hilabetera gehiago eta gehiago sakonduz joango diren mila marratxotan izurtzen nola hasten den begiratzen? Eta ikusi al zituen bekokiko zimur luzeak, ezerk gelditzen ez dituen suge mehe horiek, geldiro baina etengabe hazten eta hazten? Pairatu ote zuen hark ere ispiluaren tortura, zilarrezko kirtendun ispilutxoaren tortura nardagarria, mahai gainean utzi nahi eta ezina, amorruz jaurti eta berehalaxe berriro hartzen dena, gertutik ikusteko, gertuagotik ikusteko, geroz eta hurbilago datorren zahartzaroak eragiten duen hondamen gorrotagarri lasaia? Gertatu al zitzaion hari ere egun berean hamar aldiz, hogei aldiz ere, ezkutatzea, lagunak solasean ari diren egongelatik inolako arrazoirik gabe alde eginik, bere gelan, eta sarrailen eta morroiloen babespean, zimeltzen ari den haragi helduaren higalana begiratzeko, oraindik ere inork, itxuraz, ez dakien baina berak, berak hain ongi ezagutzen duen gaitzak egindako aurreramendu arina etsimenez frogatzeko. Badaki non diren adinaren erasorik makurrenak, hozkadarik sakonenak. Eta ispiluak, zilar zizelatuzko koadroko ispilutxo biribilak, gauzarik makurrenak esaten dizkio, zeren hitz egiten baitu, barre egiten duela baitirudi, iseka egiten dio, eta argi esaten zer datorkion, zer miseriak gorputzean, eta zer oinaze ankerrak bere gogoetetan, heriotzako eguna arte, huraxe izango baita, izan ere, askatasunaren eguna.

        Egin ote du negar, burua nahasirik, eta belauniko, bekokia lurreraino makurturik, otoitz egin ote dio zahartzaroa gogorrago izan dezaten baizik gaztetasuna ematen ez dien Hari, berehalaxe kentzeko baizik edertasuna ematen ez dien Hari; egin ote dio otoitz, erregutu ote dio, beste inorentzat egin ez duena beretzat egin dezan, xarma, freskotasuna eta grazia azkeneko eguna arte utz diezaion alegia? Gero, urteei, bata bestearen atzetik, bultza egiten dien Ezezagun gupidagabeari alferrik otoika eskatzen diola oharturik, erori al da, besoak bihurrituz, gelako tapizean, jo al ditu bekokiaz altzariak, bere eztarrian etsimenezko oihu lazgarriei ezin eutsirik?

        Dudarik ez da horrelako torturak sufritu izan dituela. Zeren hona zer gertatu zen:

 

        Egun batean (hogeita hamabost urte zituen orduan) bere hamabost urteko semea gaixotu egin zitzaion.

        Gaixotasuna nondik zetorkion eta zer eratakoa zen oraindik ziur erabaki gabe oheratu zen.

        Apaiz batek, bere irakasleak, zaintzen zuen, eta ia-ia ez zuen alde egiten ere; Mme Hermet, berriz, goizean eta gauean azaltzen zen berrien galdetzera.

        Goizean, gauerako etxeko soinekoz jantzirik sartzen zen, irribarrez, ordurako usain gozoz urrindua, eta atetik galdetzen zuen:

        — Zer, Georges, hobeto gabiltza?

        Mutikoteak, gorri-gorri, aurpegia handiturik, eta sukarrak erre beharrean, erantzuten zion:

        — Bai, amatxo, hobetoxe.

        Ama unetxo batez gelan geratzen zen, droga botilei begira, eta ezpain muturrez aldiro «uf!» eginez, eta gero bat-batean hasten zen: «Ai! Ia ahaztu nuen presa handiko gauza bat», eta laster bai laster bazterrak husten zituen, igarotako lekuan garbitzen erabilitako usain gozozko arrasto bat utziz.

        Gauean lepo hutseko jantzitan agertzen zen, goizean baino ere presatiago, norabaiteko berandu baitzen beti; eta galdera egiteko astia baizik ez zuen:

        — Eta, zer esan du sendagileak?

        Apaizak erantzuten zuen:

        — Oraindik ez dute erabaki, Madame.

        Gau batean, ordea, abadeak erantzun zuen:

        — Madame, zure semeak baztanga du.

        Amak beldur oihu bat bota eta ihes egin zuen.

        Biharamun goizean gelaria sartu zenean, azukre errearen usain handia sentitu zuen lehenik gelan, eta begi handiak zabal-zabalik, aurpegia lo faltaz zurbil, eta estutasunez dardaraka aurkitu zuen emakumea bere ohean.

        Leihatilak zabaldu zituenerako, galdezka zen Mme Hermet.

        — Zer moduz dago Georges?

        — Ai! bada ez oso ondo gaur, Madame.

        Eguerdia arte ez zen jaiki, bi arrautza jan zituen, katilu bete terekin, gaixorik bera balego bezala, eta gero irten eta baztangaz ez kutsatzeko nola jokatu behar zen galdetu zion farmazialari bati.

        Afaltzeko ordurako ozta-ozta itzuli zen etxera, botilatxoz karga-karga eginik, eta zuzen-zuzenean bere gelara sarturik, desinfektagarriz blai egin zen.

        Apaiza jangelan zegoen zain.

        Andreak ikusi al zuen, emozioz betetako ahots batez hasi zitzaion:

        — Eta?

        — Ai! Onik ez. Sendagilea kezkatuta dago oso.

        Andrea negarrez hasi zen, eta ezin izan zuen ezer jan, hainbesterainoxe baitzegoen asaldatua.

        Biharamun goizean goizetik eskatu zituen berriak; ez ziren hobeak izan, eta gelan eman zuen egun osoa, sutontzitxo batzuetatik, ketan, usain bortitzak zeriela. Gelariak zioenez, gainera, arratsalde osoan zotinka entzuten omen zitzaion.

        Aste oso bat igaro zen horrela, andrea, arratsalde erditsuan-edo, aire pixka bat hartzeko ordu bete, bi ordu baizik ateratzen ez zela.

        Ordu oro eskatzen zuen orain semearen berri, eta negar zotinka hasten zen berri txarragoak zirenean.

        Hamaikagarren egunean, goizean, apaizak, ikusi nahi zuela adierazirik, aurpegia serio eta zurbil zuela sartu zen, eta andreak eskaintzen zion aulkian eseri gabe esan zion:

        — Madame, zure semea oso gaizki dago, eta ikusi egin nahi zaitu.

        Bertan belaunikatuz, esan zuen:

        — Ai, Jaungoikoa! Jaungoikoa! Ez naiz ausartuko! Jaungoikoa! Jaungoikoa! Lagun zakizkit!

        Apaiza berriro hasi zen:

        — Sendagileak itxaropen urria du, Madame, eta Georges zain duzu!

        Eta irten egin zen.

        Bi orduren buruan, mutila hiltzen ari zela oharturik, berriro amaren galdez hasi zenez, apaiza harengana joan eta belauniko aurkitu zuen oraindik, negarrez, eta behin eta berriro errepikatzen:

        — Ez dut nahi... ez dut nahi... Beldur handiegia dut... ezin dut...

        Ahaleginak egin zituen erabakia hartzen laguntzen, adorea ematen, semearengana eramaten. Nerbio erasoaldi luze bat eman eta oihuka hastea baizik ez zuen lortu.

        Sendagilea ilunabarrean berriro etorri zenean amaren koldarkeria haren berri eman ziotelarik, nahi ala nahi ez eramango zuela esan zuen. Baina arrazoi guztiak eman eta alfer-alferrik zenez, gerritik heldu eta semearen ondora zeramala, ateari heldu zion eta halako indarrez heldu ere, non ezin izan baitzuen handik askatu. Gero, sendagileak askatu zuenean, haren oinetan belaunikatu zen, barkazio eske, dohakabe bat zelako erruki eske. Eta oihuka esaten zuen:

        — Ez da hilko, esaidazu ez dela hilko, mesedez, esaiozu maite dudala, adoratzen dudala, esaiozue mesedez...

        Mutila agonian zegoen. Azkeneko unea zuela oharturik, amari agur esateko etortzeko ekar zezatela erregutu zuen. Hilzorian direnek batzuetan izaten duten iragarmen-edo horrez, dena ulertu zuen, dena asmatu zuen, eta esaten zuen:

        — Sartzen ausartzen ez bada, erregutu iezaiozue behintzat etor dadila balkoitik nire leihora, ikus dezadan behintzat, begirada batez agur esan ahal diezaiodan, besarkatu ezin dudanez gero.

        Sendagilea eta apaiza berriro joan ziren andre honengana:

        — Ez duzu arriskurik —esaten zioten—, beira egongo baita zure eta haren artean.

        Hori onartu zuen, burua estali zuen, hartu zuen gatz ontzi bat, egin zituen hiru pauso balkoian, eta bat-batean, aurpegia esku artean ezkutaturik, zotinka hasi zen:

        — Ez... ez... ez naiz ausartuko ikusten... ez... inoiz ez... beldur handiegia diot... ez, ezin dut.

        Arrastaka eraman nahi izan zuten, baina burdinei heltzen zien eta halako oihuak egiten zituen, non kaleko ibiltariak burua jaso eta begira geratzen baitziren.

        Eta hilzorian zegoena zain zegoen, begiak leiho hartarantz begira, zain zegoen, hiltzeko, bere amaren aurpegi gozo maitagarria, bere amaren aurpegi sakratua, azkenekoz noiz ikusiko.

        Luzaro egon zen zain, eta gaua iritsi zen. Orduan hormara begira jarri zen, eta ez zuen hitzik gehiago esan.

        Eguna argitu zuenean, hilik zegoen. Biharamunean erotuta zegoen ama.

 

(1887ko urtarrilaren 18an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia