Horla

(Lehen bertsioa)

 

        Marrande doktoreak, ero-sendagile famatuen eta goratuenak, bere hiru lankide eta izadi jakintzetako lau jakintsuri bere zuzendaritzapeko ero etxera ordu beterako etortzeko erregua egin zien, bere gaixoetako bat erakutsi behar ziela eta.

        Bere lagun haiek elkartu ziren bezain laster esan zien:

        — Inoiz topatu dudan kasurik bitxien eta kezkagarriena erakutsi behar dizuet. Nire bezeroari buruz zer esanik ez dizuet, gainera. Berak hitz egingo du.

        Sendagileak txirrina jo zuen. Morroi batek sarrarazi zuen gizona. Oso argala zen, hilotz baten argaltasunekoa, gogoetak barrenetik jaten dituen ero batzuk argal izan ohi diren bezala, zeren pentsamendu gaixoak sukarrak edo bularrekoak baino gehiago jaten baitu gorputzaren haragia.

        Bertaratuak agurtu eta eseririk, honela hasi zen:

        — Jaunak, badakit zergatik bildu zaituzten hemen, eta prest nago zuei nire historia kontatzeko, nire adiskide Marrande sendagile jaunak erregutu didan bezala. Denbora luzez erotuta nengoela uste izan du. Gaur egun zalantzak ditu. Denbora gutxi barru ikusiko duzue zuek bezain adimen osasuntsua, zuek bezain argia eta zuhurra dudala, niretzako tamalez, eta zuentzat ere bai, tamalez, eta gizadi osoarentzat orobat.

        Baina gertaeretatik beraietatik hasi nahi dut, gertaera soiletatik. Hona:

        Berrogeita bi urte ditut. Ez naiz ezkondua, oparotasun pixka batean bizitzeko adinako fortuna dut. Sena ibaiaren ertzean, Biessard-en, Rouenetik hurbil, dudan etxalde batean bizi nintzen. Ehiza eta arrantza zalea naiz. Nire atzean, nire etxe gaineko harkaitz handien atzean, Frantziako oihanik ederrenetako bat dago, Roumareko oihana, eta munduko ibairik ederrenetako bat etxe aurrean.

        Oso etxe zabala da, kanpotik zuriz margotua, polita, antzinakoa, lehen aipatu ditudan harkaitz horietaraino igoz basoraino iristen den zuhaitz bikainezko lorategi baten erdian.

        Nire etxeko langile multzoa kotxezain bat, lorezain bat, gelari bat, sukaldari bat eta aldi berean garbitzaile eta giltzazain zen emakume batez osatzen da, edo osatzen zen, hobeto esanda. Jende horrek guztiak hamar-hamasei urte zeramatzan nire etxean, ongi ezagutzen ninduen, ongi ezagutzen zuen etxea, lurraldea, nire bizigiro guztia. Zerbitzari on lasaiak ziren. Horrek badu bere garrantzia gero esango dudanerako.

        Esan beharra dut, orobat, Sena ibaia, nire lorategia ukitzen duena, ontziz ibiltzeko ibaia dela Roueneraino, ziur aski badakikezuenez; eta ontzi handiak ikusten nituen egunero, bai bela ontziak bai lurrin ontziak, munduko bazter guztietatik etorriak.

        Horrela bada, joan den udazkenean urtebete egin du, guztiz ondoez bitxi azaldu ezinak izan nituen bat-batean. Gau osoak iratzarririk edukitzen ninduen nerbioetako ezinegon bat izan zen lehendabizi, zaratarik txikienak ikara eragiten zidan gehiegizko urduritasun bat, alegia. Umoretxartu egin nintzen. Bat-bateko haserre bortitzak izaten nituen, zergatirik gabe. Sendagile bati deitu nion, eta potasio bromuroa eta dutxak agindu zizkidan.

        Goiz eta arrats dutxatzen nintzen, bada, eta bromuro edaten hasi nintzen. Berehalaxe hasi nintzen berriro, hasi ere, lo egiten, loerrea bera baino askoz ere txarragoa zen lo batez ordea. Oheratuz batera begiak ixten nituen, eta ezdeustu egiten nintzen. Bai, ezdeusean erortzen nintzen, guztizko ezdeusean, izate osoaren heriotzan, harik eta bularrean pisu zapalgarri bat nuela, eta ahoan nire bizitza jaten ari zitzaidan beste aho bat nuelako sentipen beldurgarri batek hartatik bortizki, era urragarri batez, ateratzen ninduen arte. Haiek astinduak! Hori baino gauza lazgarriagorik ez dut ezagutu.

        Irudika ezazue lotan dagoen gizon bat, hiltzen dutela, eta eztarrian labana duela esnatzen dela; eta arrastaka doala odoletan, eta ezin duela arnasa hartu, eta hiltzera doala, eta ez duela ulertzen — horra!

        Kezkatzeko moduan ari nintzen argaltzen, etengabe; eta non ohartzen naizen bat-batean, nire kotxezaina ere, aski gizon lodia, argaltzen ari zela neu bezalaxe.

        Azkenean galdetu egin nion:

        — Zer duzu, bada, Jean? Gaixo zaude.

        — Sinetsita nago berorrek bezalakoxe gaixotasuna harrapatu dudala. Gauek hondatzen dizkidate egunak —erantzun zidan hark.

        Etxean ibaiaren hurbiltasunak eragindako sukarren bat zegoela pentsatu nuen, bada, eta, ehiza aro bete-betean bageunden ere, bizpahiru hilabetetarako handik alde egitekoa nintzela, ustekabean ohartutako gertaera guztiz bitxi batek halako aurkikuntza sail harrigarri, beldurgarria ekarri zidan, non hantxe geratu bainintzen.

        Gau batez egarri nintzela, baso erdi ur edan nuen, eta botila, neuk hala aginduta nire ohearen aurrean komoda gainean jarria, kristalezko estalkiraino betea zegoela ohartu nintzen.

        Gau horretan lehen esan dizkizuedan amets gaizto beldurgarri horietako bat izan nuen. Piztu nuen kandela, larritasun laborri batean, eta berriro edan nahi izan nuelarik, non ohartzen naizen, harri eta zur eginik, hutsik zegoela botila. Ezin nuen sinetsi begiek ikusten zutena. Edo norbait sartu zen nire gelan, edo sonanbulua nintzen bestela.

        Hurrengo gauean froga berbera egin nahi izan nuen. Atea giltzaz itxi nuen, gelan inor ezin sartuko zela ziur egoteko. Loak hartu ninduen eta gauero bezala esnatu nintzen. Bi ordu lehenago hantxe ikusia nuen ur guztia edan zuten.

        Nork edan zuen ur hura? Neuk, inondik ere, baina ziur nengoen, guztiz ziur, nire lo sakon eta mingarri hartan mugimendu bat bera ere ez nuela egin.

        Trikimailuez baliatu nintzen, beraz, horrelako oharkabeko gauzarik ez nuela egiten konbentzitzeko. Gau batean Bordeleko ardo zaharrezko botila bat, katilu bat esne, nik gorroto diodana, eta zale amorratua naizen txokolate pastelak jarri nituen ur botilaren ondoan.

        Ardoa eta gozoak ez zituzten ukitu. Esnea eta ura desagertu egin ziren. Egunero hasi nintzen bada edariak eta janariak aldatzen. Janari sendo trinkoak ez zituzten inoiz ukitu, eta isurkarietan, ura eta esnea edan zuten batez ere.

        Zalantza mingarri hark nire baitan jarraitzen zuen ordea. Ez ote nintzen neu jaikitzen, ohartzeke, eta neuk edaten gorroto nituenak ere, sonanbulutako lozorroan nire zentzumenak aldatuak baitziren beharbada, eta normalean zituzten higuinak aldaturik bestelako zaletasuna hartu izan.

        Beste trikimailu bat erabili nuen neure buruaren kontra. Nahitaez ukitu beharrak ziren gauza guztiak muselina zurizko zerrendatan bildu nituen, eta haren gainetik batistazko zapi batean bildu nituen oraindik ere.

        Gero, oheratzerakoan, berunezko minaz igurtzi eta lohitu nituen eskuak, ezpainak eta biboteak.

        Esnatu nintzenean garbi-garbi zeuden gauza haiek guztiak, norbaitek ukituta hala ere, zeren zapia ez baitzegoen nik utzita bezala; eta ura eta esnea edan egin zituzten gainera. Baina nire atea segurtasunezko giltzaz itxia zegoenez, eta kanpoko leihatilak badaezpada ere giltzarrapoz lotuak zirenez, inori ez zioten sartzen utziko.

        Horrela bada, galdera beldurgarri hau egin nion neure buruari: Nor egoten zen, hortaz, gauero, nire ondoan?

        Hau dena bizkorregi kontatzen dizuedala ohartu naiz. Irribarre egiten duzue, hartua duzue iritzia: «Erotuta dago». Deskribapen luze batez azaldu behar nizuen, bere baitan itxirik, adimena zuhur, botila bateko beiran zehar lotan zegoen bitartean desagertu den ur poxi bati begira dagoen gizonaren zirrara hori. Gauero eta goizero berritzen den tortura hori, eta logale menderaezin hori, eta esnatze oraindik ere beldurgarriago horiek, ongi ulertarazi behar nizkizuen.

        Noan aurrera, ordea.

        Horretan, bertan behera gelditu zen miraria. Ez zuten gehiago ezer ukitzen nire gelan. Kito. Osasunez ere hobeto nenbilen, gainera. Hasi banintzen hasi, alaitzen, non entzuten dudan nire auzoetako bat, Legite jauna, ni egona nintzen egoera berberean zegoela. Eskualde hartan sukar gaiztoren bat zebilela iruditu zitzaidan berriro. Nire kotxezaina hilabete lehenago alde egina zen, oso gaixo.

        Negua joana zen, udaberria hasten ari zen. Horretan, goiz batez, nire arrosa alor inguruan paseatzen ari nintzela, non ikusten dudan, ikusi, zehatz ikusi, hurbil-hurbil, arrosarik ederrenetako baten txortena puskatzen, esku ikusezin batek bildu izan balu bezala; gero beso batek ahora eraman izan balu bezalakoxe kurba egin zuen loreak, eta aire gardenean eskegita geratu zen, bakarrik, mugitu gabe, beldurgarri, nire begietatik hiru pausotara.

        Izu laborriak harturik, jauzi egin eta harrapatu nahi izan nuen. Ez nuen ezer aurkitu. Desagertu egin zen. Neure biziko amorrua hartu nuen neure buruaren kontra. Zentzuzko gizon serio batek ez ditu zilegi horrelako begitazio eroak!

        Begitazioa al zen, ordea? Txortena bilatu nuen. Berehalaxe aurkitu nuen landarean, eten berria, adarrean geratu ziren bi arrosaren artean; hiru arrosa baitziren, nik ederki ikusiak.

        Etxera itzuli nintzen, bada, burua nahas-nahasirik. Entzun iezadazue, jaunak, ni pertsona patxadatsua naiz; ez nuen sinesten naturaz gaindiko gauzetan, orain ere ez dut sinesten horietan; une hartatik aurrera, ordea, ziur egon nintzen, egunaz eta gauaz ziur egon daitekeen bezala, nire inguruan bazela ikusi ezinezko norbait, ondora etorri eta gero alde egina, eta berriro zetorrena.

        Handik geroxeago izan nuen horren froga.

        Nire neskame eta morroien artean berebiziko haserreak pizten ziren egunero, itxuraz funtsik ez zuten baina harrezkero niretzat zentzu bete-betea zuten mila arrazoirengatik.

        Veneziako kristal eder bat berez puskatu zen, inork eragin gabe, jangelako arasa gainean, egun-argiz.

        Gelariak sukaldariari egotzi zion errua, eta hark garbitzaileari, eta hark ez dakit nori.

        Gauean itxita utzitako ateak goizean zabalik egoten ziren. Goizero esnea lapurtzen zuten sukalaurretik. —A!

        Zer zen? Zer izaera zuen? Jakingura urduri batek, haserrea eta beldurra ere bazituenak, guztiz asaldaturik nindukan gau eta egun.

        Baina berriro lasaitu zen etxea; eta ametsak zirela irizten hasia nintzen berriro, non zerau gertatu zen:

        Uztailaren 20a zen, arratseko bederatziak. Bero egiten zuen oso; leihoa zabal zabalik utzia nuen, argia piztuta neukan mahai gainean, Musset-en liburu bat Nuit de Mai orrian zabalduta haren argitan, eta ni besaulki handi batean etzana nintzen, eta loak hartu ninduen.

        Berrogeiren bat minutu lotan egon ondoren, berriro zabaldu nituen begiak, bestelako zirkinik ere egin gabe, halako zirrara nahasi bitxi batek iratzarririk. Hasieran ez nuen ezer ikusi, horretan, ordea, liburuko orri bat bere kasa itzuli zela iruditu zitzaidan, berez. Leihotik ez zen haize bafada bat ere sartu. Harritu nintzen; eta zain geratu nintzen. Handik lau minutura-edo, non ikusten dudan, ikusi bai, jaunak, neure begiez, beste orri bat goratzen eta aurrekoaren gainera itzultzen, behatz batek orriak pasatuko balitu bezala. Nire besaulkiak hutsik zegoela zirudien, baina berehala konturatu nintzen han zegoela hura! Jauzi batez igaro nuen alderik alde gela osoa, hura harrapatzeko, ukitzeko, heltzeko, ahal baldin bazen... Besaulkia, ordea, ni hara orduko hankaz gora erori zen, nire aurretik norbaitek ihes egin izan balu bezala; mahai gaineko argia ere erori, eta itzali egin zen, beira hautsita; eta leihoak, gaizkileren batek heldu eta bultza egin izan balio bezala, topea jo zuen... A!

        Itsumustuan txilina jo eta deitu nuen. Gelaria azaldu zenean, esan nion:

        — Dena bota dut hankaz gora eta dena puskatu dut. Ekar iezadazu argia.

        Gau hartan ez nuen lorik egin. Baina bazitekeen, hala ere, begitazioren bat gertatu izana. Esnatu nintzenean zentzua nahasia nuen oraindik ere. Ez ote nituen neuk irauli besaulkia eta argia, eroak bezala jauzi egitean?

        Ez, ez nintzen ni! Ongi baino hobeto nekien, segundo batean zalantzarik ez izateko moduan. Baina hala sinetsi nahi nuen oraindik ere.

        Zaudete. Izakia! Nola deituko nioke? Ikusezina? Ez, ez da aski. Horla bataiatu dut. Zergatik? Ez dakit. Horlak, beraz, ez zidan ia alde egiten. Gau eta egun nerabilen auzotar atxikiezin hura han nuelako sentipena, ziurtasuna, eta ordutik ordura, minututik minutura, bizitza kentzen ari zitzaidala orobat.

        Ezin ikusi izanak amorraturik nindukan, eta nire gelako argi guztiak pizten nituen, argi hartan ikusi ahal izango banu bezala.

        Ikusi nuen, ordea, azkenean.

        Ez didazue sinesten. Baina ikusi nuen. Liburu bat, edozein, hartu eta haren aurrean eserita nengoen, ez irakurtzen, zelatan baizik, nire gorputz organo guztiak atzar-atzarririk, nire gertuan sumatzen nuen haren zelatan. Han baitzegoen, noski. Non ordea? Zertan ari zen? Nola atxiki?

        Ohea aurrean, haritzezko ohe zahar habeduna. Eskuinean tximinia. Ezkerrean atea, kontu handiz itxia nuena. Atzean armairu ispiludun handi bat, egunero bizarra mozteko, janzteko, erabiltzen nuena, eta aurretik igarotzen nintzen bakoitzean burutik oinetara dena begiratzeko ohitura nuena.

        Irakurtzen itxura egiten nuen bada, hura engainatzeko, hura ere zelatan aritzen baitzitzaidan niri; eta bat-batean nire bizkar gainetik irakurtzen ari zela sentitu nuen, ziur nengoen, han zegoela, belarria ia-ia ukitzen zidala.

        Tupustean jaiki nintzen, eta bat-batean itzuli, ia-ia erori bainintzen. Eta zer?... Egun-argiz bezalaxe ikusten zen... eta neure burua ez nuen ikusten ispiluan! Hutsik zegoen, garbi, argiz bete-beterik. Nire irudia ez zegoen han... Eta aurrean nengoen... Goitik behera garbi-garbi ikusten nuen beira handia! Begiak eroturik ari nintzen hori dena ikusten, eta ez nintzen ausartzen aurrerago egiten, argi sentitzen bainuen bitartean zegoela hura, eta berriro ihes egingo zidala, baina garbi ikusten nuen haren gorputz sumaezinak nire isla xurgatzen zidala.

        Hura beldurra izan nuena! Gero, bat-batean laino batean hasi nintzen ikusten nire irudia ispiluaren barren-barrenean, laino batean, ur geruza batean barrena bezala; eta geruza hori ezkerretik eskuinerantz mugitzen ari zela iruditu zitzaidan, geldiro-geldiro, segundotik segundora nire irudia zehatzago bihurtzen zela. Eklipse baten amaiera ematen zuen. Ezkutatzen ninduen zera hark ez zirudien isla zehatz-zehatza zuenik, poliki-poliki argituz zihoan gardentasun opako bat baizik.

        Azkenean egunero ispiluan begiratzen nuenean bezain argi eta garbi ikusi ahal izan nuen neure burua.

        Ikusi nuen, bada. Harrezkero geratu zitzaidan beldurrak zirgit eragiten dit oraindik ere.

        Biharamunean hemen nengoen, hemen eduki nintzaten erregutu bainuen.

        Orain, bada, jaunak, bukatzera noa.

        Marrande jaunak, luzaro zalantza izan ondoren, bere aldetik nire lurraldera bidaia bat egitea erabaki zuen.

        Nire auzoetako hiru daude, gaur egun, nik izan nuen gaitz berak jota. Egia da?

        — Egia da —erantzun zuen sendagileak.

        Gauero beren gelan ura eta esnea uzteko gomendatu zenien, ea desagertzen ziren ikusteko. Halaxe egin zuten. Desagertu al ziren isurkari horiek nire etxean bezala?

        Sendagileak seriotasun solemne batez erantzun zuen:

        — Desagertu egin dira.

        Bera, jaunak, izaki berri bat, zalantzarik gabe aurki gu ugaldu ginen bezala ugalduko dena, azaldu da lurrean.

        Irribarre egiten duzue! Zergatik? izaki hori ikusezin delako oraindik ere. Gure begia, ordea, hain da organo oihesa non ozta-ozta bereizten baitu bizi izateko nahitaezkoa duguna ere. Txikiegi denak ihes egiten dio, handiegi denak ihes egiten dio, urrutiegi dagoenak ihes egiten dio. Ur tanta batean bizi diren xomorroak ez ditu ezagutzen: izarrik hurbilenekoetako biztanleak, landareak eta zorua ez ditu ezagutzen; gauza gardenak ere ez ditu ikusten.

        Jar iezaiozue aurrean zilarbizirik gabeko beira bat, akatsik gabea, ez du nabarituko, eta gainera etorriko zaigu, etxe barruan geratu eta burua beira kontra hausten duen txoria bezala. Ez ditu ikusten, beraz, gorputz gotor gardenak, izan, ordea, badirenak; ez du ikusten airea, gure elikagaia, ez du ikusten haizea, izadian den indarrik handiena, gizonak lurrera botatzen dituena, etxeak eraisten dituena, zuhaitzak erauzten, itsasoa granitozko malkorrak amilarazten dituzten mendi bihurturik jaikiarazten.

        Harritzekoa ote da, hortaz, gorputz berri bat, argi izpiak geldiarazteko tasuna baizik falta ez duena, begiak ezin ikusi izana,

        Ikusten al duzue elektrizitate indarra? Baina izan, bada!

        Nik Horla izendatu dudan izaki hori, hori ere bada.

        Zer den? Jaunak, lur honek gizonaren ondoren espero duena da! Gu gure jargoitik kentzera, bere mende jartzera, gu bezatzera, gutaz, gu idiez eta basurdeez bezala, elikatzera agian, datorrena.

        Mendeak dira izaki hori sumatzen dela, haren beldurra dela, iragartzen dela! Ezin ikusiaren beldurra beti izan dute gure arbasoek.

        Iritsi da.

        Maitagarrien elezaharrak, intxixuenak, aireko zelatari atxikiezin eta gaizkileenak, hartaz ari ziren denak, hartaz ari ziren, gizon kezkatsu eta ikaratzen hasiak aurrez sumaturik.

        Eta zuek, jaunok, azkeneko urte hauetan egiten ari zareten guztiarekin ere, hipnotismo, sugestio, magnetismo deitzen duzuen horrekin, hura ari zarete iragartzen, hura ari zarete aurrez profetizatzen!

        Esaten dizuet iritsi dela. Urduri dabil bera ere, lehenengo gizonak bezala, zer indar eta zer ahalmen duen oraindik ere ezagutzen ez duelako, baina laster ezagutuko du, lasterregi.

        Eta hona, jaunak, bukatzeko, nire eskuetara iritsi den eta Rio de Janeirotik datorren egunkari zati bat: Irakurriko dizuet: «Badirudi eromen izurri bat zabaldu dela azkenaldi honetan Sao Paoloko probintzian. Zenbait herritako biztanleek ihes egin dute beren lurrak eta etxeak bertan utzirik, ustez lotan dauden bitartean beren arnasatik bizi diren, eta gainera, itxura denez, ura baizik, eta inoiz edo behin esnea, edaten ez duten banpiro ikusezin batzuek esesten eta jaten dituztelakoan!»

        Eta nik gehitzen dut: «Ia-ia hiltzera eraman ninduen gaixotasunak lehenengo aldiz harrapatu baino egun batzuk lehenago, oso ongi gogoratzen naiz lau mastako brasildar ontzi handi bat ikusi izana, bandera zabalik zuela, ibaian gora pasatzen... Esan dizuet nire etxea uraren ertzean dagoela... zuri-zuri... Ontzi hartan zegoen ezkutaturik, inondik ere...»

        Beste ezer ez dut esateko, jaunak.

 

        Marrande doktorea zutitu zen, eta ahopeka esan zuen:

        — Nik ere ez. Ez dakit gizon hau erotuta dagoen ala biok gauden erotuta..., ala... gure ondorengoa dagoeneko iritsia den egiaz.

 

(1886ko urriaren 26an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia