Benta

 

        Alpe Garaietan, izoztegien oinetan, mendien gailur zuriak ebakitzen dituzten harkaitzezko mendiarte gorrietan dauden ostatu etxe guztiek bezala, Schwarenbacheko bentak Gemmiko mendiartean dabiltzan bidaiariei babeslekua ematen die.

        Sei hilabetez egoten da zabalik, Jean Hauser-en familia han bizi dela; gero, elurra pilatu eta harana bete eta Loëche-rako jaitsi-bidea ezinezko egiten duenetik, emakumeek, aitak eta hiru semeek alde egiten dute, eta Gaspard Hari gidari zaharra uzten dute etxea zaintzeko, Ulrich Kunsi gidari gaztearekin, eta Sam, mendiko zakur handiarekin.

        Bi gizonak eta zakurra udaberria arte geratzen dira elurrezko espetxe horretan, begien aurrean Balmhornen malda erraldoi zuria besterik ez dutela, gailur zurbil distiratsuz inguratuta, inguruan gora igotzen zaien, etxetxoa biltzen, besarkatzen duen, teilatuan pilatzen den, leihoetara iristen den eta atean horma egiten duen elurraren azpian itxirik, irteerarik gabe, estalita.

        Hauser familiak Loëche-ra itzuli behar zuen eguna zen, negua hurbil baitzen, eta jaitsi-bidea arriskutsu ari baitzen bihurtzen.

        Hiru mando atera ziren aurretik, jantziz eta fardelez kargaturik, hiru semeak gidari zituztela. Gero ama, Jeanne Hauser, eta haren alaba Louise beste mando baten gainera igo, eta bideari eman zitzaizkion haiek ere.

        Aita atzerago zetorren, behera bidea hasten zen leporaino familiari lagundu behar zioten bi guardiekin batera.

        Lehendabizi aintziratxoari bira eman zioten; orain izozturik zegoen, bentaren aurrean zabaltzen den harkaitz zulo handiaren barrenean; gero haran maindirea bezain argi eta alde guztietatik gailur elurtuez inguratuari jarraitu zioten.

        Eguzki uholde bat ari zen erortzen basamortu zuri distiratsu izoztu haren gainean, gar itsugarri hotz batez argitzen zuen; inolako bizitzarik ez zen ageri mendi itsaso hartan; inolako mugimendurik ez bakardade neurrigabe hartan; inolako hotsik ez isiltasun sakon hura asaldatzeko.

        Poliki-poliki Ulrich Kunsi gidari gazteak, hanka luzeko suitzar garaiak, atzean utzi zituen Hauser aita eta Gaspard Hari zaharra, eta bi emakumeak zeramatzan mandora hurbildu zen.

        Emakume gazteenak hurbiltzen ikusten zuen, begi triste batez deika ari zitzaiola ematen zuen. Nekazari gazte ile-horail bat zen; haren masaila esne-koloreak eta ile zurbilak izotz artean egindako egonaldi luzeek margulduak ziruditen.

        Hura zeraman mandoraino iritsi zenean, eskua mandoaren bizkarrean jarri eta pausoa geldiagotu zuen. Hauser ama hizketan hasi zitzaion, negualdirako gomendio guztiak amaigabeko xehetasunez emanez. Han goian geratzen zen lehendabiziko aldia zen, Hari zaharra, berriz, hamalau negutan geratua zen elurpean Schwarenbacheko bentan.

        Ulrich Kunsi ulertuko ez balu bezala ari zen entzuten, eta neskari begiratzen zion etengabe:

        — Bai, Hauser andrea —erantzuten zion aldiro-aldiro.

        Haren pentsamendua urruti zegoela zirudien hala ere, eta haren aurpegi lasaiak bare jarraitzen zuen denbora guztian.

        Daubeko aintzirara iritsi ziren; haren azal luze izoztua lau-lau zabaltzen zen haran barrenean. Eskuinetara Daubenhorn mendiak bere harkaitz beltz zutak erakusten zituen Wildstrubel gaineko Loemmern izoztegiko morrena erraldoien ondoan.

        Loëcherako jaitsi-bidea hasten den Gemmiko lepora iritsi ahala, bitartean zuten Rodano haran sakon zabalaren beste aldeko Valaiseko Alpeen horizonte mugagabea topatu zuten bat-batean.

        Eguzkitan distiraz ari ziren gailur zuri, elkarren desberdin, zapaldu edo zorrotzezko elemenia bat zen, urrutian: Mischabel bere bi adarrekin, Wissehorneko mendi multzo ahaltsua, Brunnegghorn astuna, Cervino mendiaren, giza hiltzaile horren, piramide garai beldurgarria, eta Dent-Blanche, panpoxa munstrozko hori.

        Eta haien azpian, neurri gabeko zulo batean, amildegi beldurgarri baten hondoan, Loëche ikusi zuten, etxeek goitik Gemmik ixten eta burutzen duen eta behetik Rodanok zabaltzen duen arrakala erraldoi horretan botatako hondar bikorrak ziruditela.

        Mendi maldaren oinean ia ikusezin dagoen herritxo horretaraino mendi zutaren bizkarrean sigi-sagan, itzuli eta itzuli doan bidezidorraren ertzean gelditu zen mandoa. Emakumeek elurretara jauzi egin zuten.

        Bi gizon zaharrak elkartuak zitzaizkien.

        — Goazen —esan zuen Hauser aitak—, agur eta animu ona izan, datorren urtea arte, adiskideak.

        — Datorren urtea arte —errepikatu zuen Hari aitak.

        Besarkada bana eman zioten elkarri. Gero Hauser andreak ere masaila eskaini zien, eta neskak ere beste horrenbeste egin zuen. Ulrich Kunsiri txanda iritsi zitzaionean:

        — Ez ahaztu hemen goian gaudenok —xuxurlatu zion belarrira.

        — Ez —erantzun zion hark, hain apal, non entzun ez baina asmatu egin baitzion.

        — Goazen, bada, agur —errepikatu zuen Jean Hauserrek—, eta ondo izan.

        Eta emazteen aurrean jarriz jaisten hasi zen.

        Berehala galdu ziren hirurak bidearen lehenengo bihurgunean. Eta bi gizonak Schwarenbacheko bentara itzuli ziren. Geldiro zihoazen, elkarren ondoan, hitzik esan gabe. Kito, hantxe geratuko ziren bakarrik, elkarren aurrez aurre, lauzpabost hilabetez.

        Eta Gaspard Hari azkeneko neguan izandako bizimodua kontatzen hasi zen. Michel Canol-ekin egon zen; orain ordea hura zahartuxea zegoen berriro geratzeko; erraz izan baitaiteke ezbeharren bat horren bakardade luzean. Ez ziren aspertu, bestalde; lehenengo egunetik bertatik etsitzea zen kontua; eta zeinek bere josta-moduak, jolasak, eta denbora-pasa asko asmatzen ditu azkenerako.

        Ulrich Kunsik begiak beheraturik entzuten zion, gogoz Gemmiko kosketan behera herrira jaisten ari zirenei jarraituz.

        Berehalaxe ikusi zuten berriro benta, ia ikusezin, hain txiki, puntutxo beltz bat elurrezko uhin ikaragarrizkoaren oinean.

        Zabaldu zutenean, Sam, zakur handi ile-kizkurra, jauzika hasi zitzaien inguruan.

        — Tira, seme —esan zuen Gaspard zaharrak—, ez diagu gehiago emakumerik, afaria prestatu beharra zagok, hik patatak zurituko dituk.

        Eta biak, zurezko aulkitxoetan eseririk, zopa-salda beratzen hasi ziren.

        Biharamun goiza luze iruditu zitzaion Ulrich Kunsiri. Hari zaharra tabakoa erretzen eta sutara listu egiten ari zen; mutilak berriz etxe aurrean zegoen mendi distiratsuari begiratzen zion leihotik.

        Bazkal ondoren bentatik atera eta berriro bezperako bidea eginez bi emakumeak eraman zituen mandoaren oinatzak bilatzen aritu zen. Gero Gemmiko leporaino iritsi zenean, amildegiaren ertzean ahozpez etzanda Loëchera begira egon zen.

        Harrizko putzu hartan herritxoa ez zegoen oraindik elurrez itota, baina ez zuen urruti ere, herri inguruak babesten dituzten pinudietan doi-doi gelditua. Herriko etxe apalek belardi bateko harriak ematen zuten han goitik.

        Hausertarren neska ere han zegoen orain, etxetxo gris haietako batean. Zeinetan? Ulrich Kunsi urrutiegi zegoen zehatz bereizi ahal izateko. Nola gustatuko zitzaiokeen jaistea, oraindik ere jaitsi zitekeenez!

        Baina eguzkia Wildstrubel mendiaren gailur handiaren atzean ezkutatua zen; eta mutila bentara itzuli zen berriro. Hari zaharra tabakoa erretzen ari zen. Bere laguna itzuli zela ikusirik, karta jokoan aritzeko proposatu zion; elkarren aurrez aurre eseri ziren, mahaiaren alde banatan.

        Luzaro aritu ziren jokoan, briska izenez ezagutzen den joko erraz batean, gero, afaldu eta lotara joan ziren.

        Hurrengo egunak ere lehenengo haren antzekoak izan ziren, argiak eta hotzak, elur berririk gabe. Gaspard zaharrak arranoen eta gailur izoztu haietara azaltzen ausartzen ziren txori bakanen zelatan ematen zituen arratsaldeak; Ulrich, berriz, egunero itzultzen zen Gemmiko lepora herria ikusteko. Gero karta jokoan, dadotara, dominora, aritzen ziren, gauzatxoak irabazten eta galtzen zituzten trabesetan, beren partida interesgarriago egiteko.

        Goiz batean, Harik, lehenengo jaikia baitzen, bere lagunari deitu zion. Apar zurizko hodei ibiltari, sakon, arin bat ari zen jaisten inguruan, hotsik gabe, eta aparrezko gosna lodi gor baten azpian ehorzten zituen geldiro-geldiro. Lau egun eta lau gau iraun zuen horrek. Ate-leihoetatik elurra kendu beharra izan zen, pasabide bat ebaki eta maila batzuk egin hamabi orduko izotzaldi batek morrenetako granitoa baino gogorrago bihurtu zuten izotzezko hauts hartatik ateratzeko.

        Handik aurrera presoak bezala bizi izan ziren, beraz, beren bizilekutik kanpora oso gutxitan irtenez. Eginbeharrak banatuak zituzten bien artean, eta arauz betetzen zituzten. Ulrich Kunsik etxe garbitzeak, arropa garbitzeak, eta garbiketa guztiak zituen bere ardurapean. Egurra egitea ere haren kontu zen; Gaspard Harik berriz sukalde lanak egiten zituen, eta sua zaintzen zuen. Eginkizun horiek, arauzkoak eta monotonoak, karta-joko edo dado-joko luzez eteten ziren. Ez ziren behin ere haserretzen, lasaiak eta bareak baitziren biak. Larritasunik, umore txarrik, hitz mingotsik ere ez zuten behin ere, etsimenez ongi hornituak baitziren gailurretan negualdi hura emateko.

        Batzuetan, Gaspard zaharra, bere fusila hartu eta orkatz bila ateratzen zen; aldian-aldian baten bat botatzen zuen. Jai izaten zen orduan Schwarenbacheko bentan, eta haragi freskozko jate handia.

        Halaxe atera zen goiz batez. Kanpoko termometroak hemezortzi gradu markatzen zuen izotzez azpitik. Eguzkia jaiki gabea zenez, orkatzak Wildstrubel inguruan harrapatuko zituela espero zuen ehiztariak.

        Ulrich, bakarrik geratu baitzen, hamarrak arte geratu zen ohean. Lo zalea zen berez; baina ez zatekeen ausartuko bere joerari horrela jarraitzen, gidari zaharra, oraindik ere suharra eta goiztiarra baitzen, han izan balitz.

        Geldiro gosaldu zuen Samekin, hark ere su aurrean lotan ematen baitzituen egunak eta gauak; gero tristura sentitu zuen, bakardadeak beldurturik, eta eguneroko karta-jokoaren premiak larriturik, gainditu ezin duzun ohitura baten desirak hartzen zaituenean bezala.

        Horrela, bada, bere lagunari bidera irteteko atera zen, laurak aldera itzultzekoa baitzen.

        Elurrak berdindua zuen haran sakon guztia, arrakalak beterik, bi aintzirak ezabaturik, harkaitz muturrak betegarriz berdindurik, gailur ikaragarrien artean upel zuri, berdin, itsugarri izoztu bat eraturik.

        Hiru aste baziren Ulrich herria ikusten zuen amildegiaren ertzera berriro itzuli ez zela. Hara joan nahi izan zuen lehendabizi, Wildstrubelera daramaten aldapak igo aurretik. Loëche ere elurpean zegoen orain, eta etxeak ez ziren ia bereizten, estalki zurbil haren azpian ehortzirik.

        Ondoren, eskuinetara biraturik, Loemmern izoztegira jo zuen. Bere menditar pauso luzeaz zebilen, elur harria bezain gogorra bere makilaren burdinazko muturraz joz. Puntu beltz mugikor baten bila ari zen bere begi zorrotzaz, urrutitik, zamau neurrigabe hartan.

        Izoztegiaren ertzera iritsi zenean gelditu egin zen, zaharrak egiaz bide hura hartu ote zuen galdezka; gero morrenen ertzetik abiatu zen, pauso bizkorrago eta urduriago batez.

        Eguna jaisten ari zen; elurra arrosa kolorea hartzen ari zen; haize lehor izoztu bat hasi zen, bafada bortitzez, kristalezko azalaren gainetik. Ulrichek dei oihu zoli bat egin zuen, ozena, luzea. Mendiak lotan zeuden heriozko isiltasunean zabaldu zen ahotsa: urrutira joan zen, apar izoztuzko uhin geldi sakonen gainetik, txoriaren oihua itsasoko uhinen gainetik bezala; gero itzali egin zen, eta ezerk ez zion erantzun.

        Ibiltzen hasi zen berriro. Eguzkia ezkutatua zen zeruaren distirak oraindik ere gorriturik zeuzkan gailurren atzean. Eta mutilari beldurra sartu zitzaion bat-batean. Mendi haietako isiltasuna, hotza, bakardadea, neguko hilaldia bere baitan sartzen zitzaizkiola iruditu zitzaion, odola gelditu eta izoztuko ziotela, soin atalak zurrunduko zizkiotela, izaki geldi izoztu bat bihurtuko zutela bera. Eta lasterka hasi zen, bere bizilekurantz ihesi. Bera kanpoan zen bitartean zaharra itzulia izango zen, uste zuen. Beste bideren bat hartuko zuen; su aurrean eserita egongo zen, oinen aurrean orkatz bat hilik zuela.

        Luzera gabe begiztatu zuen benta. Kerik ez zen ateratzen. Ulrichek bizkorrago egin zuen lasterka. Samek festak egiteko jauzi egin zion, baina Gaspard Haririk ez zen ageri.

        Kunsi, burua nahasturik, atzeraka itzultzen zen, bere laguna zokoren batean aurkituko zuela uste balu bezala. Gero sua piztu eta zopa prestatu zuen, zaharra berriro ikusiko zuelako itxaropenean.

        Aldiro-aldiro kanpora ateratzen zen, ea agertzen zen. Gaua zen, mendietako gau zurbila, mendi ostean erortzear dagoen ilargi laurden hori mehe batek odaiertzaren ertzetik argitzen duen gau hits zuhaila.

        Gero mutila barrura sartzen zen berriro, esertzen zen, eta oinak eta eskuak berotzen zituen, gerta zitezkeen istripuetan amets eginez.

        Bazitekeen Gaspardek hanka hautsi izana, zuloren batean erori izana, pauso huts bat egin eta orkatila bihurritu izana. Eta elurretan egongo zen etzanda, hotzak harturik, zurrundurik, gogoa larriturik, oihuka, galdurik, laguntza eske agian, bere eztarriko indar guztiaz gaueko isiltasunean deika eta deika.

        Non, ordea? Mendia hain baitzen zabala, hain gogorra, hain arriskutsua inguru guztian, urte sasoi hartan batez ere, non hamar edo hogei gidari beharko bailirateke, eta zortzi egunetan ibili alde guztietan, mugagabeko eremu hartan gizon bat aurkitu ahal izateko.

        Nola nahi zela ere, Gaspard Hari gauerditik ordubata bitartean azaltzen ez bazen Samekin haren bila irtetea erabaki zuen Ulrich Kunsik.

        Eta prestamenak egin zituen.

        Bi egunetarako janaria jarri zuen zaku batean, altzairuzko kranpoiak hartu zituen, gerriaren inguruan soka luze, mehe baina sendo bat lotu zuen, begiratu zuen nola zeuden makila burdinazko muturduna eta izotzetan mailak zulatzeko erabiltzen den aizkoratxoa. Eta zain egon zen. Beheko sua piztuta zegoen; zakur handia zurrunga ari zen garraren argitan; erlojuak bihotza bailitzan jotzen zituen taupadak bere zur ozenezko azalaren barruan.

        Zain zegoen, belarria urrutiko hotsak entzuteko erne, haize arinak teilatua eta hormak igurzten zituenean ikara eginez.

        Gauerdia jo zuen; zirrara sentitu zuen. Gero dardaraz eta beldurturik zegoela sentitzen zuenez, ura jarri zuen sutan, bideari eman aurretik kafe bero-bero bat edateko.

        Erlojuak ordubata jo zuenean, jaiki zen, esnatu zuen Sam, zabaldu zuen atea, eta Wildstrubelerantz jo zuen. Bost orduz egin zuen gora, bere kranpoien bidez harkaitzetan gora igoz, izotzetan mailak eginez, beti aurrera, eta inoiz malkor pikoegiren batean, zakurra behean gelditzen bazitzaion, sokaz jasoz. Seiak inguruan iritsi zen Gaspard zaharra orkatzetara sarri joan ohi zen gailurretako batera.

        Eguna argitu arte itxaron zuen.

        Zerua zurbiltzen ari zen buru gainean; eta, bat-batean, nondik gabe jaiotzen zen argitasun bitxi batek argitu zituen kolpetik inguru guztian mila legoatan zabaltzen ziren gailur zurbilak. Esango litzateke elurretatik bertatik ateratzen zela argitasun lauso hura, gero espazioan zabaltzeko. Poliki-poliki haragiaren kolore arrosa berekoak bihurtu ziren urrutiko gailurrik garaienak, eta eguzki gorria agertu zen Bernako Alpeetako erraldoi astunen atzean.

        Ulrich Kunsi bideari lotu zitzaion berriro. Ehiztari bat bezala zihoan, makurturik, aztarren bila, zakurrari «Bila, potolo, bila» esanez.

        Mendian behera zihoan orain, leizeetan eta amildegietan begiratuz, aldiro-aldiro, espazio zabal mugagabe mutuan berehalaxe hiltzen zen oihu luze batez dei eginez. Belarria lurraren kontra jartzen zuen, entzuteko; ahotsen bat entzun zuela iruditzen zitzaion, lasterka abiatzen zen, berriro deitzen zuen, ez zuen ezer entzuten, eta nekaturik esertzen zen, etsiak hartuta. Eguerdi aldera, bazkaldu zuen, eta Sami ere jaten eman zion, bera bezain nekaturik baitzegoen hura ere. Gero berriro hasi zen bila.

        Gaua iritsi zenean ibiltzen ari zen oraindik, mendian berrogeita hamar kilometro eginda. Bere etxera itzultzeko handik urrutiegi zegoenez, eta ibiltzen jarraitzeko nekatuegi gainera, elurretan zulo bat egin zuen, eta hantxe kuzkurtu zen bere zakurrarekin batera, eraman zuen burusi batean bildurik. Eta elkarren kontra etzan ziren, gizona eta animalia, elkarren gorputzak berotzen, eta hezurretaraino izozturik hala ere.

        Ulrichek ia ez zuen lorik egin, gogoa ikuspenez beteta, eta soin atalak ikaraz astindurik.

        Eguna argitzera zihoala jaiki zen. Hankak zurrun zituen, burdinazko barrak balira bezala, arima kemen gabe, esturaren esturaz oihu egiteko zorian, bihotza taupadaka, zarataren bat entzun zuela iruditzen zitzaioneko zirraraz lurrera erortzeko aginean.

        Bera ere bakardade hartan hotzak hilko zela bururatu zitzaion orduan, eta heriotza haren beldurrak, kemena astindurik, indarrak piztu zizkion berriro.

        Bentara jaisten ari zen orain, erori, zutitu, atzerago Sam, hiru hanketatik herren, zetorrela.

        Arratsaldeko laurak aldea arte ezin izan zuten Schwarenbachera iritsi. Etxea hutsik zegoen. Mutilak sua piztu, jan eta loak hartu zuen, hain deneaturik, non ez baitzuen ezertan ere pentsatzen.

        Luzaro egon zen lotan, oso luzaro, ezin gaindituzko logale batez. Horretan, ordea, dei batek, oihu batek, izen batek «Ulrich», astindu zuen haren lozorro sakona eta jaikiarazi zuen. Ametsetan ari ote zen? Arima kezkatuen ametsetan entzuten den dei bitxi horietako bat ote zen? Ez, oraindik ere entzuten zuen, oihu zoli hura, bere belarrian sartu eta bere hatz urdurien puntaraino zabaldua. Oihua izan zen, egiaz: «Ulrich!» deitu zuten. Norbait zegoen, etxetik hurbil. Ezin zuen zalantzarik izan.

        Atea zabaldu eta eztarriaren indar guztiaz hasi zen garrasika:

        — Zu zara, Gaspard!

        Ezerk ez zion erantzun; ez hots bat, ez zurrumurru bat, ez intziririk, ezer ez. Gaua zen. Elurra zurbil-zurbila zegoen.

        Haizea hasi zuen, harriak zartatzen dituen eta goi lur abandonatu hauetan ezer bizirik uzten ez duen haizea. Basamortuko suzko haizea baino lehorgarriago eta hilgarriago diren bolada bortitzetan igarotzen zen. Ulrichek berriro oihu egin zuen:

        — Gaspard! - Gaspard! - Gaspard!

        Eta zain geratu zen. Dena geratu zen mutu mendian! Eta orduan izumena sartu zitzaion hezurretaraino. Jauzi batez bentan sartu zen, atea itxi zuen eta morroiloak bultzatu zituen; eta dardara batean erori zen aulki batean, bere lagunak arima askatzen zuen unean deitu ziola seguru.

        Horretaz seguru zegoen, bizirik zarela edo ogia jaten ari zarela seguru egon daitekeen bezala. Gaspard Hari zaharra bi egunez eta hiru gauez egon zen nonbait hiltzen, zuloren batean, beren zuritasunak lurpeko ilunpeak baino beldurgarriago egiten dituen trokarte sakon orbanik gabe horietakoren batean. Bi egun eta hiru gau eman zituen agonian, eta orduantxe hil berria zen bere lagunaz gogoratzen. Eta haren arima, Ulrich lotan zegoen bentara joan zen hegan gorputzetik askatu bezain laster, eta dei egin zion, hildakoen arimek bizien ondora joateko duten ahalmen misteriozko eta beldurgarri horren bitartez. Lotan zegoenaren arima akituaren baitan egin zuen dei, arima ahotsik gabe hark; bere azken agurrezko, eta gaitzespenezko, edo behar beste bilatu ez duen gizonarentzako madarikaziozko garrasia.

        Eta Ulrichek hantxe sentitzen zuen, hurbil-hurbil, horma atzean, itxi berria zuen atearen atzean, arima hura. Zelatan zebilen, argia dagoen leiho bat bere lumaz ukitzen duen gaueko txoria bezala; eta mutil beldurtuak ez zuen asko behar izumenaren izumenez garrasika hasteko. Ihes egin nahi zuen, eta ez zen irtetera ausartzen; ez zen ausartzen, eta ez zen gehiago ausartuko, hantxe geratuko baitzen mamua, gau eta egun, benta inguruan, gidari zaharraren gorpua aurkitu eta kanposantu bateko lur bedeinkatuan lur ematen ez zioten arte.

        Eguna etorri zen, eta Kunsik ziurtasun pixka bat hartu zuen eguzkiaren etorrera distiratsuarekin. Jatekoa prestatu zuen, bere zakurrarentzako zopak egin zituen, eta aulki batean geratu zen, mugitu gabe, bihotza torturatan zuela, elurretan etzanda zegoen agurea gogoratuz.

        Gero, gauak berriro mendia estali zuenetik, bestelako izumen berriak jabetu zitzaizkion. Batera eta bestera zebilen orain sukalde beltz, kandela baten garrak ozta-ozta argituan, gelaren alderik alde zebilen, pauso luzez, entzuten, aurreko gaueko oihu beldurgarriak kanpoko isiltasun tristea berriro zulatuko ote zuen entzuten. Eta bakarrik sentitzen zen, zoritxarreko, inoiz inor egon den baino bakarrago. Bakarrik zegoen elurrezko basamortu mugagabe hartan, bakarrik pertsonak bizi diren lurretik bi mila metro gorago, giza etxeetatik gorago, mugitzen, burrunba egiten eta taupadak jotzen dituen bizitzatik gorago, bakar-bakarrik zeru izoztuan! Norabait ihes egiteko gogo ero batek nahigabetzen zuen, berdin zion nora, berdin zion nola, Loëchera jaitsi, bere burua amildegian behera botata; baina ez zen ausartzen atea zabaltzera ere, ziur baitzegoen besteak, hildakoak, bidea itxiko ziola, bera ere han goian bakarrik ez geratzearren.

        Gauerdi aldera, ibiltzez nekatuta, esturak eta beldurrak deneatuta, loak hartu zuen azkenik aulki batean, leku sorgindu bati bezalakoxe beldurra baitzion oheari.

        Eta bat-batean bestearen garrasi karraskariak belarriak urratu zizkion, hain zolia baitzen, non Ulrichek besoa luzatu baitzuen arima herratuari atzera eragiteko, eta bizkarrez behera erori zen bere aulkian.

        Sam, zarata hark esnaturik, uluka hasi zen, zakur izutuek egin ohi duten moduan, eta etxean itzulika hasi zen arriskua nondik zetorren bilatu nahiz. Ate ondora iritsirik, usain egin zuen, puzka eta berriro indarrez usainka, ilea lazturik, isatsa zuzen, eta orroka.

        Kunsi, nahasturik, jaikia zen, eta aulkiari hanka batetik heldurik, oihuz hasi zen:

        — Ez hadi sartu, ez hadi sartu, ez hadi sartu, hilko haut bestela.

        Zakurrak, mehatxu horrek suturik, amorruz egiten zion zaunka bere nagusiaren ahotsari erronka jotzen zion ezezagunari.

        Sam poliki-poliki baretu zen, eta sutondoan etzan zen berriro, baina urduri jarraitu zuen, burua tente, begiak dizdiz, letaginen artetik orro eginez.

        Ulrich ere bere oneratu zen, baina izuaren izuz indarra galtzeko zorian sentitzen zenez, patar botila baten eske joan zen armairura, eta baso mordo bat edan zuen bata bestearen ondoren. Ideiak lausotzen ari zitzaizkion; ausardia pizten zitzaion; suzko sukar bat irristatzen zitzaion zainetan barrena.

        Biharamunean ia ezer ez zuen jan, alkohola edanez aski zuela. Eta egunetan egon zen segidan zahatoa bezain mozkor. Gaspar Hariren oroitzapena etortzen zitzaion unetik edaten hasten zen berriro, mozkorrak jota lurrera luze erortzen zen arte. Eta hantxe jarraitzen zuen, musuz behera, mozkor zerraldo, soin atalak akiturik, zurrungaka, bekokiak lur jota. Baina txegosten al zuen edari erogarri suzko hura, «Ulrich!» oihu hark esnatzen zuen berriro, bala batek garezurra zulatu izan balio bezala; eta oraindik balantzati jaikitzen zen, lurrera ez erortzeko eskuak luzaturik, Sami laguntzera etor zedin deituz. Eta zakurrak, jabea bezalaxe erotzen hasia baitzirudien, atearen kontra jauzi egiten zuen, atzamarka hasten zen, bere hagin zuri luzeez hozka egiten zion, mutil gazteak, lepoa atzeraturik, burua jasota, bere gogoeta, bere oroitzapena eta bere izumen laborri hura berehala loaraziko zizkion patarra, lasterraldi baten ondoren ura bezala, zanga-zanga edaten zuen bitartean.

        Hiru astetan alkohol hornidura guztia edan zuen. Mozkorraldi etengabeko hark, ordea, lo arin batez baretu baizik ez zuen egiten haren izumena, gehiago baretu ezin izan zuenean are zitalago piztu zena. Ideia finko hura, bada, hilabete oso bateko mozkorraldiak are gehiago minberatua, bakardade guztizko hartan handituz eta handituz, daratulu baten gisan ari zitzaion barneratzen. Piztia kaiolatu bat bezalaxe ibiltzen zen orain bere bizilekuan, belarria ate kontra jarri ea bestea oraindik han zen entzuten, eta horman zehar hari desafioka.

        Eta gero, nekeak menderaturik loak hartzen zuenean, ahotsa entzuten zuen berriro, eta jauzi batez zutiarazten zuen.

        Gau batean, azkenik, muturreraino bultzatu diren koldarrek ohi duten bezala, atera joan eta bat-batean zabaldu zuen, nork deitzen zion ikusi eta isiltzera behartzeko.

        Hezurretaraino izoztu zuen haize bolada bat jaso zuen aurpegi-aurpegian, eta ataka itxi eta morroiloa eman zion berriro, Sam kanpora irtena zela ohartu gabe. Gero, dardaraz, suari egurra eman eta berotzeko eseri zen; bat-batean, ordea, zirrara bat izan zuen, norbait ari zen horman atzamarka negarrez.

        Guztiz nahasirik oihu egin zuen:

        — Hoa hortik.

        Auhen luze samin batek erantzun zion.

        Geratzen zitzaion arrazoimen apurra izumenak eraman zion. «Hoa hortik», errepikatzen zuen itzuli eta non ezkutatu zokoren baten bila. Besteak, negarrez, etxe bira guztia egiten zuen, horma kontra igurtziz. Ulrichek baxeraz eta hornizioz beterik zegoen arasarantz jauzi egin, eta gizonarena baino indar handiago batez hura jasorik, ateraino eraman zuen arrastaka, hura hesitzeko. Eta gero, geratzen ziren altzari, lastaira, kamaina, aulki eta gainerako guztiez etsaiak inguratzen zaituenean egiten den bezalaxe trabatu zuen leihoa.

        Kanpokoak ordea intziri goibel luzeak botatzen zituen orain, eta mutila intziri berdinez hasi zitzaion erantzuten.

        Eta egunak eta gauak joan ziren bata zein bestea uluka zirela. Bata etxearen inguruan zebilen etengabe, eta hainbesteko indarrez egiten zuen atzamarka hormaren kontra non bazirudien bota behar zuela; besteak, barrutik, haren mugimendu guztiak jarraitzen zituen, makurturik, belarria harriaren kontra jarririk, eta garrasi urragarriz erantzuten zien haren dei guztiei.

        Gau batean Ulrichek ez zuen gehiago entzun, eta eseri egin zen, hain etenik non bertan loak hartu baitzuen.

        Oroitzapen bat bera ere ez zuela esnatu zen, pentsamendu bat ere ez zuela, loaldi nekatu hartan bere buru guztia hustu izan balitzaio bezala. Gose zen, jan egin zuen.

 

.................................................................................................

 

        Negua bukatua zen. Gemmiko lepotik igaro zitekeen berriro; eta Hauser familia beren bentara itzultzeko abiatu zen.

        Aldapa gorenera iritsi ziren orduko, mando gainera igo eta geroxeago topatu behar zituzten bi gizonez hasi ziren hizketan.

        Harriturik zeuden haietako bat egun batzuk lehenago, bidea ibiltzeko adina zabaldu zenez gero, herrira jaitsi ez zelako, negualdiaren berri ematera.

        Benta oraindik ere elurrez estalita zegoela ohartu ziren azkenik. Atea eta leihoa itxita zeuden. Ke pixka bat ateratzen zen teilatutik, eta horrexek lasaitu zuen zertxobait Hauser aita. Baina hurbildu ahala, arranoek zatitutako animalia baten hezurrak ikusi zituen ate aurrean, hezurdura handi bat alde baten gainean etzana.

        Denek aztertu zuten:

        — Sam izan behar du —esan zuen amak.

        — E, Gaspard —deitu zuen.

        Oihu batek erantzun zien barrutik, piztia batek egina zirudien oihu batek. Hauser aitak berriro errepikatu zuen:

        — E, Gaspard.

        Lehengoa bezalako beste oihu bat entzun zen.

        Hiru gizonak, aita eta bi semeak, atea zabaltzen ahalegindu ziren. Ezin izan zuten. Ukuilu hutsetik enbor luze bat hartu zuten, ahari buru gisa erabiltzeko, eta eginahalean jaurti zuten. Zurak garrasi egin zuen, atzera eginez, oholak zatitan puskatu ziren; zarata handi batek egin zuen eztanda etxean, eta barruan, arasa eroriaren atzean, zutik zegoen gizon bat ikusi zuten, ilea bizkarrean behera zuela, bizarra paparrean behera, begiak distiraz, eta zapi zarpak soinean.

        Ez zuten ezagutu, baina Louise Hauserrek esan zuen:

        — Ulrich da, ama.

        Eta Ulrich zela ohartu zen ama, haren ilea zuria zen arren.

        Bere ondora etortzen utzi zien, ukitzen utzi zien; baina ez zien erantzun egin zizkioten galderei; Loëchera eraman behar izan zuten; sendagileek erotuta zegoela egiaztatu zuten.

        Eta inork ez zuen inoiz jakin bere lagunari zer gertatu zitzaion.

        Hausertarren alaba hiltzear egon zen uda hartan mendiko hotzak eragina zela esan zen makalaldi batez.

 

(1886ko irailaren 1ean)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia