Dibortzio kasu bat

 

        Chassel andrearen abokatuak hartu zuen hitza:

        Lehendakari jauna,

        Epaile jaunak,

        Zuen aurrean defendatzeko ardura dudan auzi hau medikuntzari gehiago dagokio zuzenbideari baino, eta patologiazko kasua gehiago da zuzenbide arruntekoa baino. Gertaerak oso argi daude lehen ikusian.

        Gizon gazte bat, oso aberatsa, arima prestua eta suharra, bihotz eskuzabala, neska guztiz eder, eder baino gehiago, adoragarri, polit bezain graziaz bete, xarmagarri, on batez maitemintzen da, eta ezkondu egiten da.

        Aldi batez senar arduratsu eta samurtasunez bete baten gisa jokatzen du emaztearekin, gero, ordea, baztertu egiten du, tratu txarra ematen dio, badirudi ezin gaindituzko higuina, ezin eramanezko nazka sentitzen duela emaztearentzat. Behin jo eta guzti egiten du, inolako arrazoirik gabe ez ezik, inolako aitzakiarik gabe.

        Ez dizkizuet marraztuko, jaunak, haren tankera bitxiak, inork ulertu ezin zituenak. Ez dizuet margotuko bi izakion bizimodu negargarria, ez eta emakume gazte honen samin ikaragarria ere.

        Aski izango dut, konbentzi zaitezten, gizajo honek, ero gaixo honek, egunero-egunero idatzi izan duen egunkari batetik zati batzuk irakurtzea. Eroa baita aurrean duguna, jaunak, eta kasu hau are da jakingarriagoa, are interesgarriagoa, zeren oraindik aspaldi ez dela hil den eta Bavarian platonikoki erreinatu duen errege bitxiaren, printze zoritxarreko horren antza baitu gauza askotan. Eromen poetikoa deituko diot kasu honi.

        Gogoan duzue zertzuk kontatu ziren printze bere gisako horrez. Bere erresumako paisajerik ederrenetan ipuinetako gazteluak eraikiarazi zituen. Gauzen eta lekuen edertasuna bera ez zuen aski, bere egoitza uste ezinezko horietan odaiertz artifizialak irudikatu, sortu zituen, antzerkian erabiltzen ziren trikimailuez, dekorazio aldaketez, baso margotuz baliatuz, ipuinetako inperioak sortu zituen, zuhaitzetako hostoak harri bitxiak zirenak. Alpeak eta izoztegiak, estepak, eguzkiak kiskalitako basamortuak, denetik zegoen; eta gauean, egiazko ilargiaren argitan, distira elektriko fantastikoz argitzen ziren azpitik aintzirak. Aintzira horietan beltxargak ibiltzen ziren igerian, eta ontzitxoak irristatzen ziren, munduko musika jotzailerik onenek osatzen zuten orkestra batek errege eroaren arima poesiaz horditzen zuen bitartean.

        Gizon horrek ez zuen emakume traturik, birjina zen. Ez zuen inoiz amets bat besterik maite izan, bere ametsa, bere jainkozko ametsa.

        Arrats batean, emakume bat eraman omen zuen bere ontzira, emakume gazte, eder bat, artista handi bat, eta kantatzeko eskatu zion. Eta hark kantatu zuen, bera ere paisaje zoragarri hark, airearen gozotasun epelak, loreen usain gozoak eta printze gazte eta eder haren estasiak horditurik.

        Kantatu zuen, maitasunak ukitu dituen emakumeek ohi duten bezala, eta pozez zoratzen, dardaraz, erregeren bihotz gainera erori zen, haren ezpainen bila.

        Hark ordea aintzirara bota zuen, eta arraunei heldurik lehorrera itzuli zen, kantaria salbatzen zuten ala ez ardurarik ez ziola.

        Guk ere, epaile jaunak, horrelakoxe kasu antz-antzeko bat dugu aurrean. Bere idazmahaiaren tiradera batean aurkitu diogun egunkariaren pasarte batzuk irakurri baizik ez dizuet egingo orain.

.................................................................................................

        Zein den triste eta itsusia dena, beti berdin, beti gogaikarri. Nola amesten dudan nik lur ederrago bat, prestuagoa, nabarragoa. Bai urria litzatekeela horien Jainkoaren irudimena, Jainko hori existituko balitz, edo beste leku batzuetan bestelako gauza batzuk egin izan ez balitu.

        Beti basoak, basotxoak, ibaiak ibaien itxurako, zabaldiak zabaldien itxurako, dena da berdin eta monotono. Eta gizona! Gizona? Zer animalia nardagarri, gaizto, harro eta higuingarria.

.................................................................................................

        Maitatu egin beharko litzateke, eroki maitatu, zer maitatzen den ikusi gabe. Zeren ikustea ulertzea baita, eta ulertzea arbuiatzea da. Emakumeaz mozkortzeraino beharko litzateke maitatu, ardoaz mozkortzen den bezala, zer edaten den ez jakiteraino. Eta edan, edan eta edan, arnasarik hartu gabe, gau eta egun!

.................................................................................................

        Aurkitu dut, nik uste! Badu bere baitan gauza bat ideala, mundu honetakoa ez dirudiena, eta nire ametsari hegoak jartzen dizkiona. Ai, nire ametsa, zein desberdin erakusten dizkidan izakiak, izatez direnetik. Ile-horaila da, kolore horail arin batekoa, eta baditu ileetan ñabardura azaldu ezinezko batzuk. Begi urdinak ditu! Begi urdinek baizik ez didate jasotzen arima. Emakume guztia, nire bihotzaren barrenean dudan emakume guztia, agertzen zait begian, begian bakarrik.

        Oi! misterioa! Zer misterio? Begia... Hartan dago unibertso osoa, ikusi egiten baitu, islatu egiten baitu. Bere baitan du unibertsoa, gauzak eta izakiak, basoak eta itsasoak, gizonak eta piztiak, eguzki sartzeak, izarrak, arteak, dena, dena, dena ikusten, biltzen eta gordetzen du; eta oraindik ere gehiago dago bere baitan, han dago arima, han dago maite duen gizona, barre egiten duen gizona, sufritzen duen gizona! Oi! begira emakumeen begi urdinak, itsasoa bezain sakonak, zerua bezain aldakorrak, eztiak, eztiak, haize arina bezain eztiak, musika bezain eztiak, musuak bezain eztiak, eta gardenak, garbiak atzean ikusteraino, arima ikusten baita, kolorea ematen dien arima urdina, bizitzen dituena, jainkozko egiten dituena.

        Bai, begiradaren kolore bera du arimak. Arima urdinak baizik ez du bere baitan ametsa, uhinei eta espazioari kendu die urdin hori.

        Begia! Pentsa ezazue begian! Begia! Itxurazko bizitza edan eta hartaz bazkatzen du adimena. Mundua, kolorea, mugimendua, liburuak, koadroak, eder den guztia eta itsusi den guztia edaten du, eta ideia bihurtzen ditu. Eta begiratzen digunean, mundu honetakoa ez den zorion baten sentipena ematen digu. Inoiz jakingo ez duguna sumarazten digu, gure pentsamenduetako errealitateak zaborkeria erdeinagarria besterik ez dela ulertarazten digu

.................................................................................................

        Bere ibiltzeko moduagatik ere maite dut.

        «Txoria dabilenean ere, hegoak dituela sentitzen da» esan zuen olerkariak.

        Bera igarotzen denean, emakume arruntak ez bezalako beste arraza batekoa dela sentitzen da, arraza arinago eta jainkotiarrago batekoa.

.................................................................................................

        Bihar ezkontzen naiz... Beldur naiz... hainbeste gauzen beldur naiz.

.................................................................................................

        Bi piztia, bi zakur, bi otso, bi azeri, basoan zelatari dabiltza, eta elkar topatzen dute. Bat arra da, bestea emea. Arremetu egiten dira. Arrazari, beren arrazari, itxura, ilea, neurria, mugimenduak eta ohiturak hartu dituzten arrazari iraunaraztera behartzen dituen berezko piztia senak hartaratuta arremetzen dira.

        Piztia guztiek egiten dute berdin, zergatik ez dakitela!

        Guk ere bai

.................................................................................................

        Horixe egin dut ezkonduz, emearenganantz bultzatzen gaituen bulkada ergel horren agindua bete.

        Nire emaztea da. Idealetan desiratu izan dudan bitartean burutzear zegoen amets burutu ezina izan da niretzat. Nire besoetan eduki dudan segundotik bertatik, nire esperantza guztiei huts emateko izadiak baliatu duen izakia baizik ez da izan.

        Huts eman dit? —Ez. Eta hala ere aspertu nau, ezin ukitzeraino, eskuaz edo ezpainez fereka bat ezin egiteraino aspertu ere, bestela ezin adierazizko nazka batek hartzen baitit bihotza, ez bere nazkak, nazka goitiarrago batek baizik, nazka handiago, arbuiatzaileago batek, amodiozko besarkadaren nazkak, hain makurra baita, izan ere, non gauza lotsagarri ezkutatu beharrekoa bihurtu baita pertsona sotil diren guztientzat, ahapeka, koloreak gorriturik baizik aipatzen ez dena

.................................................................................................

        Ez dut nahi nire emaztea berriro nigana etortzen ikusi nahi, irribarreaz, begiradaz eta besoez deitzen didala. Ezin dut. Haren besarkadak zeruraino jasoko ninduela uste nuen lehen. Behin gaixo egon zen, sukar igarokor batez, eta giza ustelduren hats arin, mehe, ia atxikiezina sumatu nuen haren arnasan. Erabat asaldatu nintzen!

        Ai! haragia, simaur erakargarri bizia, ibiltzen, pentsatzen, hitz egiten, begiratzen eta irribarre egiten duen ustelkia, janari guztiak hartzitzen diren lekua, arima bezala arrosa-kolorea, polita, tentagarria, engainagarria dena

.................................................................................................

        Zergatik dute loreek bakarrik horren usain ona, lore handi distiratsu zein zurbilek, haien ñabardurek ikaraz jartzen baitidate bihotza eta asaldatu egiten baitizkidate begiak? Hain dira ederrak, hain egitura finak, hain askotarikoak eta hain sentsualak, organoak balira bezala erdi irekiak, ahoak baino tentagarriago, eta hutsak, beren ezpain bihurtu, ertz horzduneko, haragitsuekin, bakoitzaren baitan bere urrin berezia sortzen duen bizi hazi batez hautseztaturik.

        Loreak bakarrik ugaltzen dira, loreak bakarrik mundu osoan, beren arraza bortxatu ezinezkoa zikindu gabe, beren inguruan beren maitasunaren intsentsu jainkotiarra, beren fereken izerdi usaintsua, bere gorputz konpara ezinen, beren gorputz edertasun guztiez jantzien, kolore guztien dotorezia eta usain guztien erakarmen hordigarria duten forma guztiez jantzien, esentzia lurrinduz

.................................................................................................

Zati hautatuak, sei hilabete geroago

 

        Loreak, ez lore bezala, izaki material gozagarri bezala baizik, maite ditut; emakumeak haremean bezala loreak gordetzeko ditudan negutegietan igarotzen ditut nire egunak eta nire gauak.

        Nork ezagutzen du, nik ez bada, samurtasun horien gozotasun, eromen, estasi ikarati, haragizko, ideal, gizonarena baino gehiagokoa; eta nork lore miresgarrien haragi arrosa, haragi gorri, haragi zuri miragarriro desberdin, hauskor, bakan, fin, gantzutsuetan emandako musu horiek?

        Baditut negutegi batzuk ni eta haien ardura duena baizik sartzen ez garenak.

        Atsegin sekretuzko leku batean labaintzen den bezala sartzen naiz ni haietan. Beirazko galeria garaian, lurretik sabairaino maldan igotzen diren korola itxi, erdi ireki edo zabalduzko bi multzoren artetik igarotzen naiz lehendabizi. Hori da bidaltzen didaten lehenengo laztana.

        Horiek, lore horiek, nire misteriozko pasioetarako sarrera hori apaintzen duten lore horiek nire zerbitzariak dira, ez nire gogokoenak.

        Handik igarotzen naizenean beren distira aldakorraz eta beren hasperen freskoez agurtzen naute. Pollitak, ederrak dira, ezkerretara zortzi mailatan eta eskuinetara zortzi mailatan banatuak, eta hain elkarren kontra estutuak non bi lorategi baitirudite nire oinetaraino zabalduak.

        Bihotzak taupadaka egiten dit, begia pizten zait, ikusten ditudanean, odola zainetan asaldatzen zait, arima altxatzen zait, eta eskuak dardaraz hasten zaizkit haiek ukitzeko desiraz. Aurrera jarraitzen dut. Hiru ate itxi daude galeria garai haren barren-barrenean. Aukera egin dezaket. Hiru harem ditut.

        Baina orkideetara sartzen naiz maizenik, nire loeragile gogokoenetara. Haien gela sabai apalekoa da, itogarria. Aire heze beroak izerditan jartzen du azala, hasperenka eztarria, eta dardaraz behatzak. Padura lurralde kiskalgarri, erigarrietatik datoz neska berezi horiek. Undinak bezain erakargarri dira, pozoia bezain hilgarri, harrigarriro bitxi, asaldagarri, beldurgarri. Badira tximeletak diruditenak, hego erraldoiekin, hanka meheekin, begiekin! Begiak baitituzte! Begira egoten zaizkit, ikusten naute, izakari harrigarri, sinestezinezko horiek, maitagarriak, lur sakratuaren, aire ukiezinaren eta munduaren ama den argi beroaren alabak. Bai, hegoak dituzte, eta margolari batek ere berdindu ezin ditzakeen begiak eta ñabardurak, amets daitezkeen xarma eta forma guztiak. Magala usaintsu eta garden barrendua dute, amodiorako zabalik, emakumeen haragi guztia baino tentagarriago. Beren gorputzñoen margo irudika ere ezinek irudi eta gozamen idealezko paradisu batera goratzen dute arima horditua. Ikara dagite bere zurtoinetan, hegan egitera balioaz bezala. Hegan egingo al dute? Ez, nire bihotza da hegalari beren inguruan, ar mistiko maitasunak torturatu bat bailitzan.

        Inolako piztiaren hegalak ezin ukitu ditu. Bakarrik gaude, haiek eta ni, eraiki diedan presondegi argian. Begira egoten natzaie, so, miresten ditut, banan-banan adoratzen ditut.

        Zein diren lodi, sakon, arrosa-koloreko, desiraren ezpainak bustitzen dituen arrosa-kolore bateko! Zein maite ditudan! Kukuluaren ertza kizkurtua dute, eztarria baino zurbilago, eta han ezkutatzen da korola, aho misteriozko, erakargarri, gozoa mihiaren azpian, jainkozko izaki xume usain oneko eta inoiz hitz egiten ez duten hauen organo sotil, miragarri eta sakratuak erakusten eta ezkutatzen.

        Aldian behin pasio berezi bat izaten dut hauetako batentzat, bere bizitza adina, egun batzuk, gau batzuk, irauten duena. Orduan denentzako galeriatik kendu eta Itsaso Bare handitik ekarritako zohi baten kontra ur hari bat murmurka doan beirazko gelatxo batean sartzen dut. Eta haren ondoan geratzen naiz, suhar, sukarretan, torturaturik, badakidalako heriotza hurbil duela, eta ihartzen ari dela ikusiz, nik neuretzen dudalarik, bere bizi laburra adieraz ezinezko fereka batean arnasten, edaten, biltzen dudan bitartean.

 

.................................................................................................

 

        Pasarte horiek irakurri ondoren, abokatua berriro hasi zen:

        «Begiruneak ez dit uzten, epaile jaunak, ero lotsagarri idealista honen aitorpen harrigarrien berri zuei ematen jarraitzen. Azaldu dizkizuedan pasarteok aski izango dituzue, nik uste, eromen histerikozko eta lotsa galduko garai honetan uste bezain bakan ez den adimen gaixotasun honen zer-nolakoak neurtzen.

        »Uste osoa dut, beraz, nire bezeroak eskubide gehiago duela beste edozein emaztek baino, bere senarraren zentzumen nahaste harrigarri horrek eraman duen egoeran, dibortzioa eskatzeko».

 

(1886ko abuztuaren 31n)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia