Katuei buruz

 

 

I

Cap d'Antibes

 

        Lehengo batean, ate aurrean eserita, eguzki-eguzkitan, eguerdi-lili loratuzko saski baten aurrean, oraintsu argitaratu den liburu bat, liburu zintzo bat, gauza bitxia, eta polita gainera, Georges Duval-en Le Tonnelier ari nintzen irakurtzen. Katu handi zuri bat, lorezainarena, jauzi eginik belaun magalera etorri zitzaidan, eta kolpe hartaz liburua itxi zidan; alboan utzi nuen, piztia hura ferekatzeko.

        Bero egiten zuen; lore berrien usain bat, usain herabea oraindik ere, aldizkakoa, arina, zebilen airean, eta airean zabaltzen ziren orobat aldiro han urruti ikusten nituen gailur zurietatik zetozen hozkirriak ere.

        Eguzkia, ordea, kiskalgarria zen, bizia, lurra harrotu eta biziarazten duten horietakoa, bihia printzatu eta lotan diren hoziak pizten dituzten horietakoa, eta orobat kimuak ere, hosto gazteak zabal daitezen. Katua magalean kiribilka zebilkidan, bizkarrez behera, hankak airean, erpeak itxi eta zabaldu, ezpainen azpian bere letagin zorrotzak eta bekainen arteko zirrikitu ia itxiaren artetik bere begi berdeak erakutsiz. Fereka egiten nion eta eskuetan nerabilen piztia bigun urduria, sedazko oihala bezain malgua, gozoa, beroa, eztia eta arriskutsua. Pozik egiten zuen runrunka, hozka egiteko prest, igurztea adina gustatzen baitzaio hozka egitea. Lepoa luzatzen zuen, kiribilkatzen zen, eta ukitzen ez nuenean, zutitu eta nire esku jasoaren kontra bultzatzen zuen burua.

        Nik hura urduritzen eta hark ni urduritzen, zeren maite eta gorrotatu, biak egiten baititut nik piztia xoragarri eta doilor horiek. Atsegin dut ukitzea, nire eskuan igurzten nauen sedazko azal hori irristaraztea, ile horretan, larru fin, zoragarri horretan duten beroa sentitzea. Ez dago hori baino gauza guriagorik, ezerk ez dio ematen azalari sentsazio xumeagorik, finagorik, bakanagorik katu baten jantzi epel, dardaratiak baino. Baina jantzi bizi horrek ferekatzen ari naizen piztia itotzeko gogo bitxi basati bat jartzen dit hatzetan. Niri hozka egin eta urratzeko duen gogoa sentitzen diot, sentitzen eta hartu egiten dut gogo hori, komunikatzen didan isurkari bat balitz bezala; nire behatz puntetatik jasotzen dut bere ile bero horretatik, eta gora eta gora igotzen zait nire nerbioetan barrena, nire soin ataletan, nire bihotzeraino, bururaino, betetzen nau, azalean zehar zabaltzen zait, hortzak estuarazten dizkit. Eta denbora guzti-guztian, barneraino sartzen zaidan eta dena hartzen nauen kilima bizi arina sentitzen dut nire hamar hatzen puntan.

        Eta piztia hasten bada, hozka egiten badit, atzamarka egiten badit, lepotik heltzen diot, birarazten dut eta urrutira jaurtitzen dut, habaila batez harria bezala, hain azkar eta gogor non ez baitu inoiz izaten mendeku hartzeko astirik.

        Gogoan dut haurra nintzenerako ere horrelaxe maite nituela katuak, nire eskutxoetan itoarazteko bat-bateko gogo horiekin; eta, behin, lorategiaren barreneko aldean, basorako sarreran, belar handietan jiraka eta biraka ari zen gauza gris bat begiztatu nuela. Zer zen ikustera joan nintzen; katu bat zen, lakioan harrapatua, itotzen, arnasestuka, hiltzen. Bihurrika ari zen, bere erpeez lurra harrotzen zuen, jauzi egiten zuen, indarge erortzen zen, gero berriro hasten zen, eta haren hats zakar lasterrak punpa baten hotsa egiten zuen, oraindik ere entzuten dudan hots beldurgarri bat.

        Banuen pala bat hartu eta lakioa moztea, banuen morroia bilatu edo aitari esatea. Ez, ez nintzen mugitu, eta bihotza taupadaka nuela, dardarazko poz anker batez ikusi nuen hiltzen; katua zen! Zakurra izan balitz, lehenago moztuko nukeen neure haginez kobrezko haria segundo bat gehiago sufritzen utzi baino.

        Eta hil zenean, ondo hil zenean, oraindik ere bero zegoela, ukitzen eta isatsetik tira egiten hasi nintzaion.

 

 

II

 

        Zoragarriak dira, hala ere, zoragarriak batez ere, zeren ferekak egiten zaizkienean, gure haragiaren kontra igurtzi egiten duten bitartean, eta sekula guri begira daudenik ez diruditen beren begi horiez begira ari zaizkigula runrunka eta kiribilka aritzen diren bitartean, ederki ikusten baitzaie beren samurtasunaren ziurgabetasuna, beren plazerraren egoismo doilorra.

        Emakume batzuek ere ematen digute horrelako sentipena, amodioaren kontra igurzteko aukeratu gaituzten begi argi eta faltsuzko emakume xarmagarri, gozoek. Haien ondoan, ezpainak luzaturik besoak zabaltzen dituztenean, bihotza taupadaka besarkatzen dituzunean, haien laztan samurraren gozamen sentsual gozagarria dastatzen denean, ondo dakizu kateme bat duzula, erpeak eta letaginak dituen kateme bat, kateme doilor, azpikari, maitale etsai bat, musuez aspertzen denean hozka egingo duena.

        Poeta guztiek izan dituzte atsegin katuak. Baudelairek bertso jainkotiarrez kantatu zituen. Ezaguna da haren soneto miragarria:

 

                Les amoureux fervents et les savants austères

                Aiment également, dans leur mûre saison,

                Les chats puissants et doux, orgueil de la maison,

                Qui comme eux sont frileux, et comme eux sédentaires.

                Amis de la science et de la volupté,

                Ils cherchent le silence et l'horreur des ténèbres.

                L'Erèbe les eût pris pour ses coursiers funèbres

                S'ils pouvaient au servage incliner leur fierté?

                Ils prennent, en songeant, les nobles attitudes

                Des grands sphinx allongés au fond des solitudes

                Qui semblent s'endormir dans un rêve sans fin.

                Leurs reins féconds sont pleins d'étincelles magiques.

                Et des parcelles d'or, ainsi qu'un sable fin,

                Etoilent vaguement leurs prunelles mystiques.

 

 

III

 

        Nik izan nuen behin Kateme Zuriaren palazioan bizi izandako sentipena, piztia uhintsu, misteriozko, zirrara eragile horietako bat, agian izaki guztien artean ibiltzen entzuten ez zaion izaki bakarra dena, erregina zen magiazko gaztelu batean bizi izandako sentipena, alegia.

        Orain hurrengo neguan gertatu zen, Mediterraneoaren bazter honetan beronetan.

        Bero itogarria egiten zuen Nizan, eta eskualde honetako biztanleak gaineko mendietan arnasa hartzera joan ahal izateko haran libreren bat ez ote zuten galdetu nuen.

        Thorenc-ekoa aipatu zidaten. Ikustera joatea erabaki nuen.

        Grasse-ra iritsi behar izan nuen lehendabizi, urrinen herrira, alegia; aipatuko dut egunen batean berriro herri hori, beharbada litroak bi mila liberaraino egiten duen lore urrin horiek nola egiten diren kontatzen dudanean. Herriko hotel zahar batean igaro nuen hango arratsaldea eta gaua; erdipurdiko ostatua, janariaren kalitatea geletako garbitasuna bezain nolabaitekoa zuena; eta hurrengo goizean berriro abiatu nintzen.

        Bidea mendi-mendian sartzen zen, trokarte sakonen ertzetik eta gailur antzu, zorrotz, basatien azpitik. Galdezka ari nintzen neure buruari ea udako zer egonaldi bitxi agindu zidaten han; eta atzera itzuli eta gauerako Nizara itzultzear nintzela, non ikusten dudan bat-batean nire aurrean, haran guztia ixten zuela zirudien mendixka baten tontorrean, zeruaren kontra dorreak, harresi eroriak, gaztelu hil baten arkitektura harrigarri oso baten isla marrazten zuen hondoa jotako eraikuntza zahar izugarri eta miresgarri bat. Antzina Thorenc-eko lurraldea gobernatzen zuen behinolako Tenpleko ordenaren gomendio-buru baten egoitza.

        Mendia saihetsetik igaro, eta haran berde, zabal, atsedengarri bat topatu nuen. Barren-barrenean belardiak, ur lasterrak, sahatsak; eta maldetan lerrak, zeruraino.

        Gomendio egoitzaren aurrez aurre, haranaren beste aldean, baina hura baino beherago, bada jendea bizi den gaztelu bat, Quatre-Tours-eko gaztelua, 1530 inguruan eraikia. Gaur egun, ordea, Pizkundeko aztarnarik batere ez da geratzen.

        Eraikuntza karratu astun eta gotorra da, itxura ahaltsukoa, ertz banatan gudurako dorre bana duena, izenak berak dioen bezala.

        Egoitza hartako jabearentzat gomendiozko gutun bat neraman, eta ez zidan hotelera joaten utzi.

        Haran hori guztia, zinez gozagarria, amestu ere egin daitekeen egonlekurik atsegingarrienetako bat da. Arratsa arte ibili nintzen hara-hona; gero, afaldu ondoren, prestatu zidaten gelara igo nintzen. Hormak Cordobako larru zaharrez estalita zituen areto moduko batetik igaro nintzen lehendabizi, gero beste gela batetik; kandelaren argitan dama erretratu zahar batzuk ikusi nituen laster-laster hormetan, Théophile Gautier-ek aipatu izan dituen bezalako koadroak:

 

                J'aime à vous voir en vos cadres ovales

                Portraits jaunis des belles du vieux temps,

                Tenant en main des roses un peu pâles

                Comme il convient à des fleurs de cent ans!

 

        eta gero niretzako ohea zegoen gelan sartu nintzen.

 

        Bakarrik geratu nintzenean geldiro aztertu nuen. Paisaje urdinetan dorre arrosa-koloreak eta harribitxizko hostaila baten azpian zeuden hegaztitzar fantastikoak ageri ziren koadroz estalita zituen hormak.

        Nire komuna dorretako batean zegoen. Leihoak, gela aldetik zabalak, kanpora berriz estuak, hormaren loditasun osoa hartzen zutela, saieterak baizik ez ziren, gizonak hiltzeko baliatzen ziren zirrikitu horiek, alegia. Atea itxi nuen, etzan nintzen, eta lo hartu nuen.

        Ametsetan egin nuen; beti egiten da amets pixka bat egunean zehar gertatu denaz. Bidaiatzen ari nintzen; ostatu batean sartzen nintzen eta mahaira eseririk zerbitzari bat jaietarako jantziz eta hargin bat ikusten nituen, elkarte bitxia, batere harritzen ez ninduena. Victor Hugori buruz ari ziren, hil berria baitzen, eta ni ere solasean sartzen nintzen. Azkenean atea ixten ez zen gela batera joaten nintzen lotara, eta, horretan, zerbitzaria eta hargina ikusten nituen, adreiluz horniturik, geldiro-geldiro nire oherantz zetozela.

        Kolpetik esnatu nintzen, eta une batzuk behar izan nituen nire onera etortzeko; gero bezperako gertaerez gogoratu nintzen: Thorenc-era iristea, gazteluzainaren abegi ona... Berriro begiak ixtera nindoala, non ikusiko, ikusi zinez, ilunpean, gauez, nire gelaren erdian, gizonaren buruaren alturan gutxi gorabehera, suzko bi begi niri begira. Pospolo bat hartu, eta, igurzten ari nintzen bitartean, hots bat entzun nuen, hots arin bat, zapi heze bildu bat erori izan balitz bezala, eta argia piztu nuenerako ez nuen ezer ikusi gelaren erdian zegoen mahai handi bat baizik.

        Jaiki nintzen, arakatu nituen ondo bi gelak, ohe azpia, armairuak, ezer ez.

        Esnatu eta gero ere pixka batean ametsetan jarraitu nuela pentsatu nuen, eta berriro hartu nuen lo, zertxobait kostata. Berriro egin nuen amets. Oraingo honetan ere bidaian nintzen, baina Sortaldean, atsegin zaidan herrialdean. Desertu erdi-erdian bizi zen turko baten etxera iristen nintzen. Turko bikaina zen; ez arabiarra, turkoa baizik, lodia, abegikorra, xarmagarria, turkoz jantzia, turbante eta guzti, bizkarrean seda saltegi oso bat zeramana, Frantziako Antzerkiko egiazko turko bat, beraz, diban zoragarri batean gozokiak eskainiz abegi egiten zidana.

        Gero beltz koxkor batek gelara eramaten ninduen —amaiera hori baitzuten nire amets guztiek—, gela zeru-urdin bat zen, urrinez gozatua, zoruan piztia larruak zabalduta zituena, eta, su aurrean —suaren ideiak deserturaino jarraitzen zidan—, aulki apal baten gainean, emakume ozta-ozta jantzi bat nire zain.

        Sortaldetar itxurarik soilena zuen, izarrak zituen masailetan, bekokian eta kokotsean, begi handi-handiak, gorputz zoragarria, beltzaran samarra, baina beltzaran kolore bero burtzoragarri batekoa.

        Hark begiratzen zidan eta nik pentsatzen nuen: «Honela behar du izan, nire iritzian, abegi onak. Ez litzaioke gure Ipar herrialde ergeletan, gure ezertarako ez den itxuraren zaletasunarekin, gure lotsakortasun gorrotagarriarekin, gure moral zentzugabearekin, egingo arrotzari honelako harrerarik».

        Hurbildu nintzaion, eta hitz egin nion, baina keinuz erantzun zidan, turkoak, haren nagusiak, hain ongi zekien nire hizkuntza honetan hitz bat bera ere ez baitzekien.

        Hainbat hobeto, mutu egongo baitzen, eskutik heldu eta nire ohatzera eraman nuen, eta haren ondoan etzan nintzen... Une horietan esnatu egiten da bat beti, ordea! Esnatu nintzen, bada, eta ez nintzen askorik harritu nire eskuaren azpian maitekiro laztantzen ari nintzen gauza bero bigun bat sentiturik.

        Gero, pentsamendua argitzen ari zitzaidalarik, katu bat zela ohartu nintzen, katu handi bat nire musuaren kontra kiribilkatu eta lasai asko lotan zegoena. Hantxe utzi nuen, eta hark bezalaxe egin nuen nik ere, berriro.

        Eguna argitu zuenean alde egina zen; eta amets egin nuela iruditzen zitzaidan; ez bainuen ulertzen nondik sartu ahal izango zen nire gelan, eta handik irten, atea giltzaz itxia zegoenez.

        Nire abentura hori ostalari abegikor hari kontatu nionean (ez osorik), barreari eman zion, eta esan zidan:

        — Katu zulotik sartu da —eta errezel bat jasorik zulo beltz biribil bat erakutsi zidan horman.

        Eta orduan ikasi nuen lurralde honetako egoitza zahar gehienek dituztela horrelako pasabide estu luzeak hormetan, sototik ganbarara, neskamearen gelatik nagusiaren gelara, katua hango errege eta nagusi egiten dutenak.

        Nahi duen bezala ibiltzen da batetik bestera, gogoak ematen dion bezala arakatzen du bere jabegoa, ohe guztietan etzan daiteke, dena ikus eta entzun dezake, sekretu guztiak, etxeko ohitura edo lotsakizun guztiak ezagutu ditzake. Bere etxean dago alde guztietan, alde guztietan sar baitaiteke, hotsik egin gabe ibiltzen den piztia hori, zelatari isila, horma hutsetako gau ibiltaria. Eta Baudelaireren beste bertso hauek gogoratu zitzaizkidan:

                C'est l'esprit familier du lieu,

                Il juge, il préside, il inspire

                Toutes choses dans son empire;

                Peut-être est-il fée, - est-il Dieu?

 

(1886ko otsailaren 9an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia