Ero baten gutunak

 

        Sendagile estimatua, zure eskuetan jartzen naiz. Egizu nitaz nahi duzuna.

        Argi eta garbi azalduko dizut nire izpirituaren egoera, eta zuk ikusiko duzu ea ez ote litzatekeen hobe aldi baterako osasun etxe batean sartu han zaindu nazaten, inguraturik naukaten burtzoramenduen eta sufrikarioen mende utzi baino.

        Hona nire arimako gaitz berezi honen historia, luzea eta zehatza.

        Jende guztia bezalaxe bizi nintzen ni, bizitza gizonaren begi zabal itsuez ikusten, harritu gabe eta ulertu gabe. Abereak bizi diren bezala bizi nintzen, denok bizi garen bezala, gure izatearen eginkizun guztiak betez, inguruan duguna aztertuz, eta ustez ikusiz, ustez jakinez, ustez ezagutuz, harik eta egun batean hori dena gezurrezkoa dela ohartu nintzen arte.

        Montesquieu-ren esaldi batek argitu zidan bat-batean pentsamendua. Hona zer dioen: «Gure makinan organo bat gehiago ala bat gutxiago izateak arras bestelako adimena egin izango liguke.

        »... Alegia, gure makina era jakin batekoa delako finkatu izan ziren lege guztiak beste era batekoak izango lirateke gure makina era jakin horretakoa izan ez balitz».

        Hilabeteak eman ditut horri buruz gogoetan, hilabeteak eta hilabeteak, eta, poliki-poliki argitasun berezi bat sortu zait nire baitan, eta argitasun horrexek gaua ekarri dit.

        Hain zuzen ere, gure organoak ditugu kanpoko munduaren eta gure arteko bitartekari bakarrak. Esan nahi baita, gure baitako izatea, gure ni-a osatzen duena, kirio hari batzuen bitartez dagoela mundua osatzen duen kanpoko izatearekin harremanetan.

        Baina, kanpoko izaki hori, bere proportzioengatik, bere iraupenagatik, bere tasun izendaezinezko eta barnera ezinezkoengatik, bere jatorriagatik, bere etorkizunagatik edo bere helburuengatik, bere irudi urrutikoengatik eta bere azaltzeko modu amaigabekoengatik, guretzat atxiki ezinezkoa izatez gainera, mundu horretatik ezagutzeko gauza garen zatitxoaz ere, urri bezain ziurtasun gabeak dira gure organoek ematen dizkiguten berriak.

        Ziurtasun gabeak, gure organoen nolakotasunaren araberakoak direlako guretzat materiaren ageriko tasunak.

        Urriak, gure zentzuak bost baizik ez direnez, zentzu horien ikerketa alorra eta azal diezaguketenaren izaera bera oso murriztuak direlako horrenbestez.

        Azalduko dizut nire iritzia. — Begiak neurriak, formak eta koloreak azaltzen dizkigu. Huts egiten digu hiru puntu horietan.

        Neurria batez beste erditsukoa duten gauzak baizik ezin dizkigu azaldu, gizonaren tamainaren proportzioan, eta horrek eraman gaitu gauza batzuetarako handi hitza eta beste gauza batzuetarako txiki hitza erabiltzera, begiaren ahultasunak beretzat handiegia edo ñimiñoegia dena ikusten uzten ez diolako hain zuzen. Hortik ateratzen da ondorioz begiak ez dakiela eta ez duela ikusten ia ezer ere, unibertsoa ezkutaturik dagoela begiarentzat ia guztia, eta berdin espazioan bizi den izarra eta ur tanta batean bizi den piztia mikroskopikoa.

        Begiaren ahalmen normala baino ehun milioi aldiz handiagoa balu ere, arnasan hartzen dugun airean era guztietako izakari ikusezinak eta inguruan ditugun planetetako biztanleak ikusteko gauza balitz ere, piztia txikiagozko arraza infinituak geratuko lirateke oraindik, eta hain mundu urrunak non ezingo bailitzateke begia haietara iritsi.

        Gure proportzio ideia guztiak gezurrezkoak dira berez, handitasunean eta txikitasunean ezin baitaiteke mugarik izan.

        Neurriez eta formez hartzen ditugun ustezko iritziak ez du inolako balio absoluturik, organo baten ahalmenak eta geure buruarekin egiten dugun alderaketak baizik ez baitute erabakitzen hori.

        Gainera esan beharra dago begia ez dela gauza gardenak ikusteko gai. Akatsik ez duen beira batek huts eragingo lioke. Airetzat hartuko luke, airea ere ez baitu ikusten.

        Eta azter dezagun kolorea.

        Kolorea existitzen bada, gure begia halakoxea delako, eta gorputzek jotzen dituen argia beren baitan zurgatu eta beren izaera kimikoaren arabera deskonposatzeko duten forma desberdinak garunera kolore forman igortzen dituelako existitzen da.

        Zurgatze eta deskonposizio horren proportzio desberdinak dira kolorearen ñabardurak.

        Organo horrek, beraz, bere ikusteko modua, edo, hobeto esanda, neurriak eta argitasunaren eta materiaren arteko erlazioak atzemateko duen bere gisako modua harrarazten dio adimenari.

        Azter dezagun orain entzumena.

        Begiarekin gertatzen zen baino ere mendekoago eta tronpatuago gara fantasiaz betetako organo honekin.

        Elkarrekin talka egiten duten bi gorputzek astindu bat eragiten dute eguratsean. Mugimendu horrek dardara bat eragiten dio gure belarriko mintz txiki bati, eta horrek hots bihurtzen du izatez dardara bat baizik ez zena.

        Izadia mutua da. Baina tinpanoak badu espazioan gertatzen diren uhin ikusezinezko dardara guztiak guretzat gauza zentzudun gisa, eta bibrazio kopuruaren arabera zentzu desberdin gisa gainera, igortzeko ahalmen mirarizko hori.

        Belarritik garunera doan entzumenaren nerbioak burutzen duen metamorfosi horrek arte bitxi bat utzi digu sortzen, musika, arte guztietan poetikoen eta zehatzena, amets bat bezain zehazgabea eta aljebra bezain zehatza.

        Eta zer esan dastamenaz eta usaimenaz? Ezagutuko al genituzke janarien ezaugarriak eta urrin gozoak gure sudurraren eta ahosabaiaren ahalmen harrigarri horiek ez bagenitu?

        Gizona existi daiteke, hala ere, belarririk gabe, dastamenik gabe, usaimenik gabe, zarataren, ahogozoaren eta usainaren ideiarik gabe, alegia.

        Beraz, organo gutxiago bagenitu, gauza zoragarri eta berezi askoren ezjakin izango ginateke, baina organo gehiago bagenitu, frogatu ahal izateko biderik ez dugunez inoiz sumatu ere egingo ez ditugun ezin konta ahala gauza aurkituko genituzke gure inguruan.

        Beraz, ezagun dena juzkatzen dugunean huts egiten dugu, eta aztertu ez dugun mundu ezezagun batez gaude inguraturik.

        Beraz, ezer ez da ziur eta dena har daiteke era desberdin askotara.

        Dena da gezurrezko, dena izan daiteke, dena da zalantzazko.

        Adieraz dezagun bada gauza ziur hori behinolako esaera berrituz: «Pirinioetatik hona egia, handik hara gezur».

        Eta esan dezagun: gure organoan egia dena, aldamenekoan gezur.

        Bi eta bik ez dute zertan lau emanik gure atmosferatik kanpo.

        Egia lurraren gainean egia, urrutiago hutsegitea, eta hortik ateratzen dut ondorioz begiztatu baizik egin ez ditugun misterioak, hala nola elektrizitate indarra, hipnosia, borondatearen igorpena, sugestioa, magnetismozko gertaera guztiak, naturak horretarako organorik eman ez digulako, edo horiek ulertzeko organorik eman ez digulako, baizik ez direla guretzat ezkutuko.

        Nire zentzumenek erakusten didaten guztia, nik atzematen dudan bezala, niretzat baizik ez dela horrela, eta beste bat beste era batera antolatuta balego, hori dena harentzat guztiz bestela izango litzatekeela konbentzitu ondoren, eta gero horretatik ondorio gisa gizadia beste era batera egina balitz, bizitzari buruz, gauza guztiei buruz, guztiz gureak ez bezalako ideiak izango lituzkeela atera ondoren, hain zuzen ere gizonok sinesteetan dugun antza organoetan dugun antzetik baitator, eta irizpideen arteko desberdintasunak gure nerbio harien funtzionamenduan ditugun desberdintasun arinetatik baizik ez baitatoz, horren guztiaren ondoren, beraz, gizonaren neurriaz goitiko gogoeta ahalegin bat egin dut inguruan dudan atzeman ezinezko munduaren susmo apur bat hartzeko.

        Erotu egin naiz?

        «Gauza ezezagunez bildurik nago» esan diot nire buruari. Eta nire baitan irudi egin nuen gizonak ez zuela belarririk, baina susmoa bazuela, guk beste hainbeste misterio ezkutu susmatzen ditugun bezala, hotsa badela, fenomeno akustikoak konstatatzen zituela, baina ezin zuela ez erabaki zer diren, ez nondik datozen asmatu. Eta nire inguruko gauza guztien beldurra hartu nuen, airearen beldurra, gauaren beldurra. Ia ezer ezagutzeko gauza ez garenez, eta ezerk mugarik ez duenez, zer da gainerakoa. Ezereza, ezta? Eta zer dago itxuraz ezerez den horretan?

        Eta gizonaz munduaren hasieratik jabetu zen naturaz gaindiko gauzen beldur lauso hori arrazoizkoa da, zeren eta ezkutuan geratzen zaiguna baizik ez baitira, hain zuzen, naturaz gaindiko gauzak.

        Orduan ulertu nuen izumena zer den. Unibertsoaren sekretuetako batera iristen ari nintzela iruditu zitzaidan.

        Nire organoak bizitzen, kitzikatzen, unetxo batez ikusezinak atzematera behartzen ahalegindu nintzen.

        Nire buruari esan nion: «Dena da izaki. Airean igarotzen den oihua piztia bat bezalakoxe izakia da, jaio, mugimendu bat sortu, berriro eraldatu eta hil egiten baita. Beraz, izaki gorputz gabeetan sinesten duen arima beldurtia ez dabil oker. Zer dira horiek?»

        Zenbat gizonek ez dituzte sumatzen, ez dute hozkirria izaten hurbiltzen zaizkienean, ez dute ikara egiten haiek ozta-ozta ukitzen dituztenean. Baten inguruan sentitzen dira, inguruan, baina ezin dira bereizi, ez baitugu horiek ikusi ahal izango lituzkeen organorik, edo, hobeto esanda, horiek argitara atera ahal izango lituzketen organorik.

        Nik sentitzen nituen, ordea, beste inork baino gehiago, naturaz goitiko ibiltari horiek. Izakariak ala misterioak? Zer dakit nik? Ezin esango nuke zer diren, baina beti adierazi ahal izango nuke noiz diren han. Eta ikusia dut —izaki ikusezin bat ikusi— izaki horiek ikus daitezkeen heinean.

        Gau osoak ematen nituen geldi-geldi, mahaian eserita, burua esku artean eta horretan pentsatzen, haietan pentsatzen. Behin baino gehiagotan iruditu zitzaidan ukiezinezko esku batek, edo hobeto esanda, atzeman ezinezko gorputz batek, ileak ozta-ozta ferekatzen zizkidala. Ez ninduen ukitzen, bere izaera haragizkoa ez duenez, pisurik gabea, ezin ezagutuzkoa baizik.

        Horra bada, gau batean nire atzean zurezko zoruak kraska hots bat egiten zuela entzun nuen. Ikara sartu zitzaidan. Itzuli nintzen. Ez nuen ezer ikusi. Eta ez nuen gehiago hura gogoratu.

        Biharamunean, ordea, hots bera entzun zen, ordu berean. Hainbesteraino beldurtu nintzen, non jaiki egin bainintzen, nire gelan ni bakarrik ez nengoela ziur, ziur, ziur. Baina ez zen ezer ikusten. Airea garbi-garbi zegoen, alde guztietan garden. Nire bi argimutilek zoko guztiak argitzen zituzten.

        Zarata ez zen berriro hasi, eta poliki-poliki sosegatu egin nintzen; kezkaturik nengoen hala ere, eta sarritan itzultzen nintzen.

        Hurrengo egunean goiz sartu nintzen gelan, ikustera zetorkidan ikusezina nola ikusi asmatu nahiz.

        Eta ikusi nuen. Hil nintzen ia izuaren izuz.

        Nire tximiniako eta lanparako kandela guztiak piztuta neuzkan. Jai egun baterako bezalaxe argituta zegoen gela. Mahai gaineko bi argimutilak piztuta zeuden.

        Nire aurrez aurre nire ohea, haritzezko ohe zahar habedun bat. Eskuinetara tximinia. Ezkerretara atea, neuk morroiloz itxia. Atzean, armairu handi ispiludun bat. Ni neu hara begira nengoen. Begi bitxiak nituen, eta begi-niniak handituta.

        Gero egunero bezala eseri nintzen.

        Bezperan eta bezpera aurrean bederatziak eta hogeita bian gertatu zen hotsa. Zain nengoen. Une hori iritsi zenean, esan ere ezinezko sentipen bat izan nuen, isurkari bat, eutsi ezinezko isurkari bat nire haragiaren zati guzti-guztietan sartu izan balitzait bezala, nire arima guztia halako izumen erdiragarri, on batez itoz. Eta kraska hotsa entzun zen berriro, nire ondo-ondoan.

        Eta hain bizkor jaiki eta biratu nintzen, non erori bainintzen ia. Egunez bezalaxe ikusten zen, eta ez nuen nire burua ispiluan ikusi! Ispilua hutsik zegoen, garbi, argiz beterik, Eta ni ez nengoen barruan, nahiz eta aurrean egon. Begiak eroturik nengoen ispiluari begira. Ez nintzen ausartzen hartara hurbiltzen, bestea, ikusezina, bitartean zegoela eta hark estaltzen ninduela sumaturik.

        Hura beldurra izan nuena! Eta horra non hasi nintzen berriro ispiluaren barrenean neure burua laino batean ikusten, laino batean, uraren beste aldean bezala; eta ur hori geldiro-geldiro eskuinetik ezkerrerantz mugitzen zela iruditzen zitzaidan, segundotik segundora nire irudia zehatzago bihurtuz. Eklipse baten amaiera bezala zen.

        Ezkutatzen ninduen gauza hark ez zuen ertz zehatzik, poliki-poliki argituz zihoan gardentasun opako bat-edo baizik.

        Eta azkenean nire irudia zehatz ikusi ahal izan nuen, ispiluan begiratzen dudanean egunero ikusten dudan bezala.

        Ikusi egin nuen, beraz!

        Eta ez dut berriro ikusi.

        Baina haren zain nago betiere, eta ohartuta nago zain egote horretan burua joan egiten zaidala.

        Orduak, gauak, egunak, asteak ematen ditut nire ispiluaren aurrean, haren zain! Eta ez da etortzen.

        Ohartua da, nonbait, ikusi egin nuela. Baina ni sinetsita nago beti egongo naizela haren zain, hiltzen naizen arte, etengabe egongo naizela haren zain, ispilu horren aurrean, zelatan dagoen ehiztaria bezala.

        Eta, ispilu horretan, irudi eroak ikusten hasi naiz, munstroak, gorpu nazkagarriak, piztia mota beldurgarri guztiak, izaki ankerrak, eroen gogoa harturik duten begitazio itxuragabe guztiak.

        Hona nire aitorpena, sendagile estimatua. Esaidazu zer egin behar dudan.

 

(1885eko otsailaren 17an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia