Emakume ezezaguna
Zorte ona izandako gertaerez hitz egiten ari ziren, eta bakoitzak bere kasu bereziak kontatzen zituen: topaketa harrigarri atsegingarriak, treneko bagoian, hotelean, atzerrian, hondartza batean. Hondartzak, hala ere, oso leku egokiak ziren amodiorako, Roger des Annettes jaunaren esanetan.
Gontran-i, isilik baitzegoen, iritzia eskatu zioten.
— Paris hobea da oraindik ere —esan zuen—. Emakumearekin gauza kuttunekin bezala gertatzen da, gehiago estimatzen da gutxien topatu uste zenuen lekuan topatuz gero, baina egiaz bereziak direnak Parisen baizik ez dira aurkitzen.
Segundo batzuk isilik egon, eta berriro hasi zen:
— Arraio! ederra da! Zoazte udaberri goiz batean gure kaleetara. Loreak bezala zabaltzen ari direla ematen dute etxe kantoietatik aurrera igarotzen diren emakumetxo horiek! Oi ikuskari polit, polit, polit hori! Bioleta usaina espaloi ertzean; merkatariek bultzaka daramatzaten gurdi geldietan igarotzen den bioleta.
»Giro alaia izaten da hirian; eta gizonek emakumeei begiratzen diete. Arraioaren arraioa, zein tentagarri diren beren zapitxo argiekin, azala erakusten duten beren zapitxo arinekin. Hara-hona ibiltzen gara, sudurra jasorik eta gogoa erne; hara-hona ibiltzen gara, usaina hartzen, eta zelatan. Zer gauza ederra, goiz horiek!
»Urrutitik ikusten da, ehun pausotara bereizten eta ezagutzen, hurbiletik atsegin izango duzun hura. Bere kapelako lorean, bere buruaren mugimenduan, bere ibileran, sumatzen zaio. Zureganantz dator. Esaten duzu: «Kontu, horra bat» eta haren aurrera joaten zara, begiez jan behar batean.
»Dendara erosketak egitera doan neska bat ote da, elizatik datorren emakume bat ote, edo bere maitalearenera doana ote? Zer axola dio. Bularra biribila du blusa gardenaren azpian. — Oi! haren gainean jarri ahal izango balitz hatza? hatza ala ezpaina. — Begirada uzkurra ala ausarta du, burua beltzarana ala ilehoria. Zer axola dio! Bizkor-bizkor doan emakume horren ukituak hozkirri bat eragiten dizu bizkarrean behera. Eta nola desiratzen den gaua arte, era horretan topatu dena! Egiaz diotsuet, hogeiren bat izakitxo baditut oraindik ere gogoan, era horretara behin edo hamar bider topatu eta hurbilagotik ezagutu izan banitu zoro-zoro maiteminduta edukiko ninduketenak.
»Baina, horra, itsu-itsu maite izango liratekeenak, ez dira inoiz ezagutzen. Ohartu zarete horretaz? nahiko gauza bitxia da! Aldian behin ikusten dituzu emakume batzuk ikusi hutsak desiraz abarrakitzen zaituenak. Baina ikusi besterik ez dira egiten, horiek. Nik, Parisko kaleetan ondo-ondotik igaro zaizkidan ume adoragarri horiek guztiak gogoratzen ditudanean, neure burua urkatzeko moduko amorraldiak izaten ditut. Non daude orain? Nor dira? Non topatu ahal izango nituzke berriro? Non berriro ikusi? Esan zahar batek dio askotan igarotzen garela zorionaren ondo-ondotik; horra! ni neu ziur nago behin baino gehiagotan igaro izan naizela bere haragi freskoaren beitaz zozoa bezalaxe harrapatu ahal izango nindukeenaren ondotik».
Roger des Annettes-ek irribarrez entzun zion. Honela erantzun zion:
Zuk bezain ongi ezagutzen dut nik hori: Begira zer gertatu zitzaidan behin: Orain dela bost urte-edo topatu nuen lehendabiziko aldiz, Concordeko zubian, emakume gazte sendo samar bat, halako itxura... itxura... harrigarri samar bat... hartu niona. Beltzarana zen, beltzaran loditxo bat, ile distiratsuak bekokia jaten ziola, eta bekainak bi begiak loki batetik besteraino zihoakion arku bakar batean bateratzen zitzaizkiola. Ezpain gainean bazuen bibote pixka bat, amets eragiten zizuna... amets... mahai gainean lore sorta bat ikusirik maite dituzun basoetan amets egiten den bezala. Gerria oso makurtua zuen, bularra oso irtena, erronka bat bailitzan aurkeztua, tentaldi bat bezala eskainia. Begia tinta orban beltz bat bezala zen esmalte zurian. Ez zen begi bat, zulo beltz bat baizik, zulo beltz bat haren buruan, emakume harengan, zabaldua, haren baitan ikusteko, harengana sartzeko bezala. Oi, begiratu bitxi, opako, hutsa, pentsamendurik gabea, eta hain ederra!
Emakume juduren bat izango zela iruditu zitzaidan. Gizon asko itzultzen ziren hura ikusita. Grazia askorik gabe balantzaka zihoan, baina burtzoragarri hala ere. Concordeko plazan zalgurdi bat hartu zuen. Ergelaren moduan geratu nintzen, Obeliskoaren ondoan; ordu arte inoiz harrapatu ninduen desirazko emoziorik gogorrenak jorik geratu nintzen.
Hiru-bat astetan erabili nuen gogoan, gero ahaztu egin nuen.
Handik sei hilabetera ikusi nuen berriro, Bakearen kalean; eta, behinola ero-ero maite izandako maitale bat berriro topatzen denean bezalako bihotz-zartada bat sentitu nuen hura ikustean. Gelditu egin nintzen nola zetorren ongi ikusteko. Nire ondotik, ia-ia ukituz, igaro zenean, labe baten aho-ahoan nengoela iruditu zitzaidan. Gero, urrutiratu zenean, aurpegian haize hozkirriak ferekatuko banindu bezalako sentipena izan nuen. Erokeriaren bat egingo ote nuen beldur nintzen, neure buruaren beldur.
Askotan azaldu zitzaidan ametsetan. Ezagutzen dituzu zuk obsesio horiek.
Urtebete joan zen berriro ikusi arte; eta gero, arrats batez, ilunabarrean, Champs-Elysées ibilbidean gora nire aurretik zihoala ezagutu nuen.
Etoileko arkua zeruaren suzko errezelean marrazten zen. Urrezko hauts bat, argitasun gorrizko laino bat zebilen airean, Parisko apoteosiak izaten diren arrats atsegingarri horietako bat zen.
Hari hitz egiteko gogo bizi batez jarraitzen nion, haren aurrean belaunikatu eta ito beharrean nindukan emozioa adierazi.
Bi aldiz pasatu nuen atzetik aurrera, eta bi aldiz atera itzuli. Bi aldiz sentitu nuen berriro, harekin topo egitean, Bakearen kalean jo ninduen berotasun suharrezko sentipen hark berak.
Begiratu egin zidan. Gero Presborg kaleko etxe batean ikusi nuen sartzen. Bi orduz egon nintzen ate batean haren zain. Ez zen atera. Atezainari galdetzea deliberatu nuen orduan. Ezer ulertzen ez zuen aurpegia jarri zidan:
— Bisitaren bat izango da —esan zuen.
Eta beste zortzi hilabete eman nituen ikusi gabe.
Eta horrela, urtarrileko goiz batez, Siberiako hotza egiten zuen goiz batez, Malesherbes kalean zehar, berotzeko-edo lasterka nindoala, non jotzen dudan topoz topo emakume bat; halako indarrez jo ere, non paketetxo bat erori baitzitzaion.
Barkatzeko eskatzera nindoan. Huraxe zen!
Harri eta zur ergeldurik geratu nintzen lehendabizi; gero, eskuan zekarren gauza hura berriro hari emanik, bat-batetik esan nion:
— Damu dut, baina pozik nago, andrea, horrela bultza egin dizudalako. Badira bi urte eta gehiago ezagutzen zaitudala, miresten zaitudala, norbaitek elkarren ezaguerak egin diezazkigun desirarik bortitzena nuela; eta ezin izan dut jakin nor zaren eta non bizi zaren. Barka horrela hitz egitea, baina emazu zuri agur egiteko eskubidea dutenen artekoa izateko desira suhar batek eragina dela. Horrelako sentipen batek ezin zaitu nahigabetu, ezta? Zuk ez nauzu ezagutzen. Roger des Annettes baroia naiz. Galde ezazu, onesgarria naizela esango dizute. Orain, nire eskariari muzin egiten badiozu, betirako zoritxarreko egingo nauzu. Izan zaitez ona, arren, emaidazu, esaidazu zu ikusteko moduren bat.
Finko begiratzen zidan, bere begi bitxi, hil hartaz, eta irribarrez erantzun zidan:
— Emaidazu helbidea. Ni joango naiz zure etxera.
Hain geratu nintzen harrituta, non antz ematen utzi nuen, itxura denez. Baina horrelako ustekabeetatik luze gabe oneratzen naiz beti, eta txartel bat eman nion segituan; keinu bizkor batez sartu zuen patrikan, ezkutuko txartel emateetara ohituta zegoen esku batez.
— Noiz ikusiko zaitut? —esan nion ahopeka, ausardia harturik.
Zalantza pixka bat izan zuen, kalkulu zail bat egin behar balu bezala, orduz ordu denbora zertan erabili behar zuen gogoratzeko, nonbait; eta xuxurlatu zidan:
— Igande goizean, nahi duzu?
— Bai, horixe, nahi dudala.
Eta joan egin zen, lehendabizi ni ondo arakatu, epaitu, haztatu eta aztertu ondoren, azalean zerbait, likaren bat-edo, uzten zizula ematen zuen begirada astun lauso hartaz; bai baitzirudien olagarroek ura zikindu eta beren ehizakiak lo arazteko erabiltzen duten isurkari lodi horietakoren bat jaurtitzen zizula.
Sekulako gogoeta lanak hartu nituen igandea arte emakume hura zer zen eta harekin zer jokaera izan behar nuen asmatzeko.
Ordaindu behar al nion? Zenbat?
Harri bitxi bat erosiko niola erabaki nuen, bitxi polit bat, zinez, erosi eta bere bitxi kutxatxoan jarri nuen, tximinia erlaitzean.
Eta haren zain geratu nintzen, oso gaizki lo egin ondoren.
Hamarrak aldera iritsi zen, lasai, pausatu, eta oso ezaguna banindu bezala luzatu zidan eskua. Eserarazi nuen, kendu nion kapela, estalkia, larruzko berokia, mahuka berokia. Eta, enbarazu pixka batez, galaixeago azaltzen hasi nintzen, ez bainuen astirik galdetzeko.
Bere aldetik ere ez zuen erregutu behar handirik izan, eta artean elkarri hogei hitzik esan gabe hasia nintzen hura biluzten. Berak bakarrik jarraitu zuen nik sekula onez burutzen asmatzen ez dudan eginkizun batere erraz ez den hori. Orratzetan sastatzen bainaiz, askatu ezinezko korapilotan nahasten ditut lokarriak, askatu ordez; dena nahasten dut, dena mordoilotzen, dena atzeratzen, eta burua galtzen dut.
Ai, adiskidea, ezagutzen al duzu hori baino momentu zoragarriagorik bizitzan, emakume guztiek duten ostrukaren lotsakortasun hori ez ikararazteko, banan-banan bere oinen inguruan erortzen ari zaizkion bere zapi burrunbari guztiez zuretzat biluzten ari denari gizalegez urruti samarretik begiratzen zaion une hori baino?
Eta zer politagorik, orobat, herioak jo balitu bezala hutsik eta bigun erortzen diren jantzi gozo horiek bereizteko egiten dituzten mugimenduak baino? Zein une harrigarria eta hunkigarria haragia azaltzen denekoa, besoak biluzik, eta bularra gerruntzea erori ondoren, eta zein zirraragarria azkeneko errezelaren azpian sumatzen den gorputzaren marra!
Horra non, ordea, gauza harrigarri bat ikusten diodan, orban beltz bat, sorbalda artean; bizkarra ematen baitzidan; orban beltz handi bat, koskor bat bezala, beltz-beltza. Ez nuela begiratuko agindua nuen gainera.
Zer zen? Ezin nuen zalantzarik izan, ordea; zeren agerian zuen bibotearen, begi biak batzen zizkion bekainaren, buru oskol bat balitz bezala estaltzen zuen txima haien gogoratzeak prestatu behar baininduen ustekabe hartarako.
Harridurak hartu ninduen hala ere, eta ikuspen eta oroitzapen ondo bereziek sorgindurik bat-batean. Mila eta bat gauetako magiagile haietako bat, gizonak amildegi ezezagunetan barrena eramateko ardura duten izakari arriskugarri, gaizto haietakoren bat, iruditzen zitzaidan ari nintzela ikusten. Salomon gogoratu zitzaidan, Sabako erregina ispilu baten gainetik igaroarazten, oinaren ordez apatxa ote zuen ezagutzeko.
Eta... nire amodio kantua kantatu behar nuenean, ahotsik ez baina, hots haritxo bat nuela ohartu nintzen, adiskidea. Barkatu, Aita Santuaren kantarien ahotsa nuen; hasieran harritu zitzaion, baina gero haserretu egin zen erabat, zeren lasterka berriro janzten ari zela, jaulki baitzuen:
— Ez zegoen zertan ni nekarazirik.
Harentzat erosia nuen eraztuna onarrarazi nahi izan nion, baina halako harrotasunez esan zidan «Zer naizela uste duzu, jauna?» non belarrietaraino gorritu bainintzen lotsaren lotsaz. Eta beste hitz bat esan gabe alde egin zuen.
Horra bada nire abentura guztia. Txarrena, ordea, orain maiteminduta nagoela, erotzeraino maiteminduta.
Ezin dut emakume bat ikusi hura gogora etorri gabe. Gainerako guztiek gogaitarazten naute, higuintzen naute, non eta haren antza ez duten. Ezin dut musu bat eman masaila batean besarkatzen dudanaren ondoan beste haren masaila ikusi gabe, eta torturapean naukan desira asegabe honek oinaze bizitan jarri gabe.
Han da beti, nire topaketa guztietan, fereka guztietan, denak hondatzeko, denak gorrotagarri bihurtzeko. Han da beti, jantzita edo biluzik, maitale bat bailitzan; han da beti, bestearen ondoan, zutik zein etzanda, ikusgarri, baina ezin atzemanezko. Eta sinetsita nago, egiaz, emakume sorgindu bat zela, sorbalden artean sorgin-kutun misteriozkoren bat zuela.
Nor den? Ez dakit oraindik. Bi bider topatu dut harrezkero. Agur egin diot. Hark ordea ez dit agurrik itzuli, ezikusi egin dit. Nor da! Asiako emakume bat, agian? Sortaldeko juduren bat, ausaz? Judua, horixe! Horretantxe nago, judua dela. Zergatik, ordea? Horra! Zergatik? Ez dakit!
(1885eko urtarrilaren 27an)
© Guy de Maupassant
© itzulpenarena: Josu Zabaleta