Eroa?

 

        Esan zidatenean «Badakizu Jacques Parent erotuta hil dela eroetxe batean», hotzikara samin bat, beldurrezko eta larritasunezko hotzikara bat, sartu zitzaidan hezurretan barrena; eta bat-batean bizi-bizi ikusi nuen, mutil handi, bitxi hura, aspalditik erotua beharbada, maniako kezkagarria, are beldurgarria ere.

        Berrogei urteko gizona zen, garaia, mehea, makurtu samara; bi begi eldarniatu, begi beltzak, beltzaren beltzez begi-ninia ere bereizten ez zitzaienak, begi mugikor, zelatari, gaixo, sorginduak. Zein izaki bitxia, kezkagarria, bere inguruan halako egonezin bat, arimaren eta gorputzaren halako egonezin lauso bat, naturaz gaindiko eraginetan sinetsarazten duten larritasun ezin ulertuzko horietako bat zabaltzen zuena.

        Bazuen tik gogaikarri bat: eskuak ezkutatzeko mania. Ia inoiz ez zien uzten, denok egiten dugun bezala, gauzak uki zitzaten, mahai gainean ibiltzen. Inoiz ez zituen eskuetan erabiltzen hor nonbait utzitako gauzak, ia gizon guztiek duten ohiko keinu horrekin. Inoiz ez zituen estali gabe uzten bere esku luze, hezurtsu, mehe, sukarrak hartu samar haiek.

        Patriketan sartzen zituen, edo galtzarbean besoak gurutzaturik gordetzen zituen. Bazirudien beldur zela ez ote zioten egingo, bere gogoz kontra, makurren bat, ez ote zioten egingo gauza lotsagarri edo barregarriren bat, libre eta beren mugimenduen jabe uzten bazituen.

        Eguneroko gauza normaletarako haiez baliatu behar zuenean, astindukada bortitzez, besoaren bultzada azkarrez, erabiltzen zituen, berez ibiltzen utzi nahi ez balie bezala, berak nahi zuena egitera ukatu eta beste gauza bat egiten utzi nahi ez balie bezala. Mahaian zegoenean, hain biziro hartzen zuen bere basoa, edo sardexka edo labana non inoiz ez baitzen izaten astirik zer egin nahi zuen aurrez antz emateko.

        Gau batean bere arimako gaixotasun harrigarri haren azalpena eman zidan.

        Aldian behin egun batzuetarako nire etxera etortzen zen, landara, eta gau hartan bereziki asaldaturik zegoela iruditzen zitzaidan.

        Ekaitza ari zen eratzen zeruan, itogarri eta beltz-beltz, sekulako beroa izan zen egun baten ondoren. Haize arin batek ere ez zituen hostoak mugitzen. Labe bafada bero bat igarotzen zen aurpegiaren gainetik, bularra arnasbehartuz. Ezin egonez nengoen, ondoezik, eta ohera joan nahi nuen.

        Alde egitera nindoala ikusi zuenean, larritasun keinu batez heldu zidan Jacques Parentek besotik.

        — Ez, ez! zaude pixka batean oraindik —esan zidan.

        Harrituta begiratu nion, ahopeka esanez:

        — Trumoi honek urduri jartzen nau.

        Intziri edo, hobeto, oihu egin zuen:

        — Eta ni, zer? Zaude pixka batean, mesedez, ez nuke bakarrik geratu nahi.

        Aztoraturik zegoela ematen zuen.

        — Zer duzu? Burutik nahasten ari zara?

        — Bai, geroz eta gehiago —esan zuzen zezelka—, honelako gauetan, elektrizitatea den gauetan... Ni... beldur naiz... neure buruaren beldur... ez didazu ulertzen? Badut dohain bat... ez... ahalmen bat... ez... indar bat... Ez dakit nola esan zer den, baina badut niregan magnetismo eragin bat hain berezia non beldur bainaiz, neure buruaren beldur, esan dizudan bezala!

        Eta ikara asaldatu batez ezkutatzen zituen bere esku dardaratiak jakaren azpian. Eta neu ere dardaratan sentitu nintzen, halako beldur lauso, ahaltsu, ikaragarri batez. Handik alde egiteko gogoa nuen, ihes egin, hura ez ikusi gehiago, ez gehiago ikusi haren begi noraezekoa nire gain pausatzen, gero ihes egiten, sabaiaren inguruan biratzen, gelako zoko ilunen bat bilatzen, eta hartan finko geratzen, era horretara bere begirada beldurgarria ezkutatu nahi izango balu bezala.

        — Ez didazu horrelakorik sekula esan —egin nion zezelka.

        — Hitz egin al diot honetaz inori, bada? —hasi zen berriro—. Begira, entzun, gaur gauean ezin naiteke isilik egon. Nahiago dut dena baldin badakizu; agian lagundu egin ahal izango didazu, gainera.

        Magnetismoa! Ba al dakizu zer den? Ez. Inork ez daki. Baina gauza frogatua da hala ere. Gauza aitortua da, sendagileek berek ere erabiltzen dute; horietako ezagunenetako batek, Charcot jaunak, lanbide bezala darabil; ez dago zalantzarik, beraz, magnetismoa bada, izan.

        Gizon batek, izaki batek beste bat bere borondatearen indarrez lotan jarri eta haren pentsamendua, poltsa bat ebasten den bezala, ebasteko ahalmen beldurgarri eta ulertezina du. Pentsamendua kentzen dio, arima kentzen dio alegia, arima, Ni-aren gordelekua, ezkutua, arima, atxikiezina zela uste zen gizonaren barren-barreneko hondo hori, arima, aitortu ezin diren ideien, ezkutatzen den guztiaren, maite den guztiaren, gainerako gizonetatik gorde nahi den guztiaren babesleku hori, zabaldu egiten du, bortxatu egiten du, erakusgarri jartzen du, jendearen bistara jaurtitzen du! Ez al da hori gauza ankerra, kriminala, lazgarria?

        Zergatik, nola gertatzen da hori? Badakigu? Zer dakigu ordea?

        Dena da misterio. Gauzekin gure zentzumen argal, erdipurdiko, gaixoen bidez baizik ez dugu harremana; hain ditugu ahulak zentzumenok non inguruan dugunak badirela frogatzeko ahalmena baizik ozta-ozta duten. Dena da misterio. Pentsa musika, arte jainkozko hori, arima azpikoz gora jartzen, jasotzen duen, horditzen, erotzen duen arte hori, zer da musika? Ezer ez.

        Ez didazu ulertzen? Entzun. Bi gorputzek elkar jotzen dute. Aireak dardara egiten du. Dardara horiek gutxiago ala gehiago izan daitezke kopuruz, handiagoak hala txikiagoak indarrez, talka nolakoa izan den. Guk, berriz, badugu belarrian mintz mehe bat airearen dardara horiek jasotzen dituena eta garunera hots gisa igortzen dituena. Tinpanoak egiten du mugimendua hots bihurtzeko metamorfosi harrigarri hori, mirari miresgarri hori. Horra.

        Musika, arte konplexu eta misteriozko, aljebra bezain zehatz eta ametsa bezain lauso hori, matematikaz eta eguratsez osatzen den arte hori, mintz puskatxo baten tasun berezi batetik baizik ez dator, hortaz. Mintz hori kendu, eta akabo hotsa, dardara bat baizik ez baita berez. Belarririk ezean, asmatuko al litzateke musika? Ez. Horixe, bada. Sekula sumatu ere egingo ez ditugun gauzez inguraturik gaude, haiek azalduko dizkiguten organoak eskas ditugulako.

        Magnetismoa da horietako bat, agian. Sumatu baizik ezin egin genezake ahalmen hori, izpirituen auzotasun horretan dardaraz saiatu, erdi ikusi baizik ezin dugu izadiaren sekretu berri hori, zeren ez baitugu gure baitan hori azalduko digun tresna.

        Niri dagokidanez... Niri dagokidanez, ahalmen beldurgarri bat dut. Esango litzateke beste izaki bat dudala nire baitan sartua, etengabe ihes egin nahi didana, nire borondatearen kontra jokatu nahi duena, nire baitan mugitzen dena, barrutik jaten nauena, ahitzen nauena. Zer izaki da? Ez dakit, baina bi gara nire gorputz gaixo honetan, eta bestea izaten da, beste hori, askotan indartsuena, gaur gauean adibidez.

        Jendeari begiratzea aski dut, opioa isuri izan banie bezalaxe lokarrarazteko. Eskuak luzatzea aski dut gauza ikaragarriak... ikaragarriak gertarazteko. Bazeneki! Bai. Bazeneki! Nire ahalmen hau ez da gizonetara bakarrik iristen, animalietara ere bai, eta baita ... gauzetara ere...

        Torturaturik eta izuturik nauka horrek. Askotan etorri izan zait begiak zulatzeko eta eskuak mozteko gogoa.

        Baina orain... Dena jakin dezazun nahi nuke. Begira. Oraintxe erakutsiko dizut... ez gizonarengan... alde guztietan egiten den bezala, animalia batengan baizik.

        Deitu Mirzari.

        Urrats handiz zebilen hara-hona, burtzoratuaren itxuraz, eta golkoan ezkutaturik baitzituen, handik atera zituen eskuak. Beldurgarri iruditu zitzaizkidan, bi ezpata biluztu izan balitu bezala.

        Eta itsu-itsuan bete nuen haren esana, haren mendeko, izumenaren dardaraz, ikusteko desira ezin eutsi batek barnetik jango banindu bezala. Atea zabaldu, eta etxe sarreran etzanda zegoen zakur emeari ziztu egin nion. Berehalaxe entzun nuen eskaileretan gora haren azkazalen hots itsumustuzkoa, eta han azaldu zen, pozik, isatsari eraginez.

        Besaulki batean esertzeko agindu nion keinuz; jauzi batez igo zen, eta Jacques ferekak egiten hasi zitzaion begira-begira.

        Hasieran urduri ematen zuen; dardara egiten zuen, gizon haren begirada finkotik ihes egiteko beste alde batera begiratzen zuen, geroz eta beldur handiagoak hartua ematen zuen. Bat-batean ikararen ikaraz hasi zen, zakurrek ikara egiten duten bezala. Gorputz guztia astintzen zitzaion, hozkirri luzez inarrosirik, eta ihes egin nahi izan zuen. Gizonak, ordea, eskua buruan jarri zion, eta animaliak, gauean landetan entzuten diren ulu luze horietako bat bota zuen, ukitu harekin.

        Neu ere pisutsu, zorabiaturik sentitzen nintzen, ontzi batera igotzean bezala. Altzariak makurtzen, hormak mugitzen ikusten nituen.

        — Aski da, Jacques, aski da —esan nion zezelka.

        Hark, ordea, ez zidan entzuten, Mirzari begira zegoen gelditu gabe, era beldurgarri batez. Mirza begiak ixten ari zen, eta burua erortzen utzi zuen, loak hartzean ohi den bezala. Jacques niregana itzuli zen:

        — Egina dago —esan zuen—, begira orain.

        Eta, bere musuzapia gelaren beste aldera jaurtirik, zakurrari esan zion:

        — Ekarri!

        Animalia jaiki zen, eta balantzaka, itsua balitz bezala estropezuka, hankak elbarriek ohi dituzten bezala arrastaka eramanez, hormaren kontra orban zuri bat eratzen zuen zapia zegoen lekuraino joan zen. Behin eta berriro ahalegindu zen muturrean hartzen, baina alboan egiten zuen hozka, ikusiko ez balu bezala. Harrapatu zuen azkenik, eta lehengo zakur sonanbuluaren balantza berberak eginez itzuli zen berriro.

        Izua hezurretaraino sartzeko gauza zen hura ikustea. Jacquesek agindu zion:

        — Etzan!

        Zakurra etzan egin zen. Gero, zakurrari kopeta ukituz, esan zion:

        — Erbia hor, harrapa, harrapa.

        Eta animalia, etzanda jarraituz, lasterka egiten ahalegindu zen, ametsetan ari diren zakurrek ohi duten bezala mugitu zen, eta muturra zabaldu gabe zaunka txiki batzuk egin zituen, bentrilokuo baten gisako zaunkak.

        Jacquesek eroturik zirudien. Izerdia zerion kopetatik behera.

        — Xaxa, xaxa nagusiari —egin zion oihu.

        Zakurrak bizpahiru astindu handi izan zituen. Esango litzateke ez zuela nahi, borrokan ari zela. «Xaxa», errepikatu zion. Eta orduan zakurra, jaikirik, nireganantz abiatu zen, eta ni hormarantz atzeraka, beldur ikaraz, hanka jasorik, zakurra jotzeko, atzera eragiteko.

        Jacquesek agindu zion:

        — Hona, etorri hona segituan.

        Zakurra harenganantz itzuli zen. Eta zakurrari burua bi eskuez igurzten hasi zen, ikus ezinezko loturaren batzuetatik askatzen ari balitz bezala.

        Mirzak berriro begiak zabaldu zituen.

        — Bukatu da —esan zuen Jacquesek.

        Ez nintzen ausartzen zakurra ukitzen, eta atea zabaldu nion, joan zedin. Geldiro joan zen, ikaraz, ahiturik, eta haren azkazalak berriro eskaileretan entzun nituen.

        Jacques nireganantz etorri zen:

        — Hori ez da dena. Gehien beldurtzen nauena beste hau da, begira. Gauzek ere obeditu egiten didate.

        Mahai gainean bazen halako sastakai-labana-edo bat, liburuetako orriak zabaltzeko erabiltzen nuena. Eskua hartarantz luzatu zuen. Bazirudien narraska zihoala eskua, geldiro-geldiro labanarantz hurbiltzen, eta bat-batean labana bera ikusi nuen, zinez ikusi, ikara egiten, mugitzen, geldiro irristatzen, bera bakarrik, mahaiko zuraren gainetik, gelditurik zain zeukan eskurantz, eta haren hatzen azpian geratu zen.

        Beldurrez oihuka hasi nintzen. Neuk ere erotu behar nuela iruditu zitzaidan, baina haren ahotsaren hots zoliak kolpetik baretu ninduen.

        Jacques berriro hasi zen esaten.

        — Gauza guztiak etortzen dira horrela nireganantz. Horregatik edukitzen ditut eskuak gordean. Zer den hau. Magnetismoa, elektrizitate indarra, imana? Ez dakit, baina nardagarria da guztiz.

        Eta badakizu zergatik den nardagarria? Bakarrik nagoenean, bakarrik gelditzen naizen bakoitzean, ezin dudalako gelditu inguruan dudan guztia nireganantz erakarri gabe.

        Eta egunak eta egunak ematen ditut gauzak lekuz aldatzen, nekatu gabe ahalmen gorrotagarri hau frogatzen, alde egin didan frogatzeko-edo.

        Bere esku handiak patrikan sartuak zituen berriro, eta gauari begira zegoen. Zaratatxo bat, ikara arin bat ematen zuen ari zela zuhaitzetan.

        Euria zen, erortzen hasia.

        — Beldurgarria da —esan nuen ahopeka.

        — Nazkagarria da —errepikatu zuen hark.

        Zurrumurru bat zabaldu zen hostadian, haize kolpe bat bezala. Eurijasa zen, erauntsi lodi uholdezkoa.

        Jacques bularra jasotzen zioten arnasaldi handiz hasi zen hats hartzen.

        — Utz nazazu —esan zidan—, euriak sosegatuko nau. Bakarrik egon nahi dut orain.

 

(1884ko irailaren 1ean)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia