Beldurra

 

        Trena bafada batean zihoan ilunpeetan zehar.

        Bakarrik nengoen, errezeletik kanpora begira ari zen agure baten aurrez aurre. Fenol usain handia zegoen inondik ere Marseillatik zetorren P.-L.-M.-ko bagoi hartan.

        Ilargi gabeko gau bat zen, aire gabea, erregarria. Ez zen izar bat ere ikusten, eta abailan zihoan trenaren bafadak halako gauza bero, bigun, abailgarri, itogarri bat botatzen zigun.

        Hiru ordu lehenago Paristik irtenik Frantzia erdi aldera gindoazen, igarotzen ari ginen eskualdeetatik ezer ere ikusi gabe.

        Ametsezko agerpen bat bezala izan genuen bat-batean. Baso batean, su handi baten ondoan, bi gizon zutik.

        Segundo batez ikusi genuen hori: Bi gizaje errukarri ziren, hala iruditu zitzaigun, zarpaz jantziak, suaren distira bizian gorri-gorri, beren aurpegi bizartsuak gureganantz itzulirik, eta, haien inguruan, drama baten antzezlekua bailitzan, zuhaitz berdeak, berde argi dirdaitsu batez, enborrak garraren distira biziak jota, hostotza barnera isurtzen zitzaion argiak alderik alde igarota, hanpatuta, bustita.

        Eta ondoren dena beltz bihurtu zen berriro.

        Oso ikuspen berezia izan zen, inondik ere! Zertan ari ziren bi alderrai haiek han, baso hartan? Zergatik su hura gau itogarri hartan?

        Nire aurrekoak erlojua atera, eta esan zidan:

        — Gauerdia da doi-doi, jauna, gauza berezia ikusi dugu.

        Ados nengoen, eta solasean hasi ginen, jende hura zer izan zitekeen: gaizkileren batzuk, frogak erretzen, ala aztiak, edaberen bat prestatzen? Ez baita horrelako surik pizten uda bete-beteko gauerdian, baso batean, zopa egosteko. Zertan ari ziren, hortaz? Ez genuen ezer asmatu ahal izan egiaren antzekorik.

        Eta nire bidaia-kidea hizketan hasi zen... Agurea zen, ezin izan nuen zehatz jakin zer lanbide zuen. Bere gisakoren bat inondik ere, oso ikasia, itxuraz andeatu samarra zirudiena.

        Jakin al daiteke, ordea, jakin, nortzuk diren zuhurrak eta nortzuk eroak, askotan arrazoiari eromen eta erokeriari jeinu deitu beharko litzaiokeen bizitza honetan?

        Esaten ari zen:

        — Pozik nago hori ikusi dudalako. Minutu batzuetan, galdurik nuen sentipen bat sentitu ahal izan dut berriro!

        Zein zirraragarri ote zen lurra behinola, hain misterioz betea zenean!

        Ezagutzen ez denaren errezelak jasotzen diren heinean, hustu egiten da gizonen irudimena. Ez al zaizu iruditzen, jauna, gaua hutsik dagoela, beltz arrunta baizik ez dela, agerpenik ez duenez geroztik?

        Esaten da: «Kito fantasiak, kito sineste bitxiak, azalpenik ez duen guztiak badu orain azalpena. Naturaz goitiko gauzen mundua ubide batek husten duen aintzira bat bezala ari da husten; zientziak egunetik egunera atzerago eramaten ditu gauza miragarrien mugak».

        Ba, ni behintzat, arraza zaharrekoa naiz, sinestea atsegin duen arrazakoa. Ez ulertzera, ez bilatzera, ez jakitera ohituta zegoen behinolako arraza sinesberakoa, misterioz inguraturik egotera ohitua zen eta egia soil zehatza onartzen ez duen arraza hartakoa naiz, alegia.

        Bai, jauna, irudimena hustu dute, ikusezin atzemanik. Gure lurra mundu abandonatu, hustu, biluztua iruditzen zait gaur egun. Joan dira mundu hau poetiko bihurtzen zuten sinesteak.

        Nola nahiko nukeen nik berriro sentitu kanposantuko horma ondotik igarotzean atso xaharrei aitaren eginarazten dien, edota aztikeriatan sinesten duten azkenak paduretako lurrin harrigarrietatik eta arima-argi iheskorretatik ihes egitera behartzen dituen larritasun haren hotzikara! Nola nahi nukeen sinetsi ilunpeetan igarotzen sumatzen den halako gauza lauso beldurgarriren batean.

        Antzina bai izango zela gaueko iluntasuna ilun, beldurgarri, alegiazko izaki ezezagunez, alderrai gaiztoz betea zenean, zer itxura zuten jakin ezin zen baina haien beldurrak bihotza izozten zuenean, haien ahalmenak gure pentsamenduaren bazterrak oro gainditzen zituenean, eta haien erasoa itzuri ezina zenean?

        Naturaz gaindiko gauzekin batera, egiazko beldurra ere ezabatu egin da lurretik, zeren ez baitzaio egiazko beldurrik ulertzen ez denari baizik. Ageriko arriskuek eragin dezakete zirrara, asaldarazi dezakete, larritasuna sor dezakete! Zer da, ordea, hori dena mamu herrari bat ikusi behar dela, hildako baten besarkada jasan behar dela, gizonaren izumenak asmatzen dituen piztia nardagarri horietakoren bat topatu behar dela pentsatze hutsak arimari eragiten dion astinduaren aldean? Ilunpeak argiz beteak iruditzen zaizkit sorgindurik ez daudenez gero.

        Eta horren froga argia duzu: beren suaren argitan agertu zaizkigun bi gizon nolabaiteko horien irudiak gehiago eragingo liguke, baso horretan bat-batean bakarrik aurkitu izan bagina, inolako arrisku egiazkoaren beldurrak baino.

 

        Berriro errepikatu zuen:

        — Ez zaio egiazko beldurrik ulertzen ez denari baizik.

        Eta oroitzapen bat etorri zitzaidan bat-batean, Turgenievek igande batean Gustave Flauberten etxean kontatu zigun historia bat.

        Ez dakit inon idatzi ote zuen.

        Errusiar eleberrigile handi hori bezalakorik ez da izan gauza ezezagun estalien zirrara hori ariman sartzeko, eta ipuin harrigarri batean erdi-ilunetan gauza kezkagarri, ziurgabe, mehatxagarrizko mundu bat erdi-ikusten uzteko.

        Harekin oso ondo sentitzen da Ikusezinaren beldur lausoa, horma atzean, ate atzean, itxurazko bizitzaren atzean dagoen ezezagunaren beldurra. Harekin, gure beldurra areagotzeko adina baizik argitzen ez duten argitasun zalantzatiek alderik alde igarotzen gaituzte bat-batean.

        Batzuetan badirudi itxuraz ustekabez gertatzen diren, baina izatez borondate ezkutu maltzur batek gidatzen bide dituen egokiera bitxien, ezusteko hurbil uneen esanahia erakutsi nahi digula. Hari atxikiezin bat bezala sentitzen dugu harekin, bizitzan zehar misteriozko era batez, zentzurik aurkitzen ez diogun amets lauso batean zehar eramango bagintu bezala, garamatzana.

        Ez da sartzen ausarki naturaz goitiko gauzen munduan, Edgar Poe edo Hoffman bezala; tartean gauza lauso samarren bat edo gauza kezkagarri samarren bat edo beste duten historia soilak kontatzen baizik.

        Hark ere halaxe esan zigun egun hartan:

        — Ez zaio egiazko beldurrik ulertzen ez denari baizik.

        Besaulki batean eserita, edo hobeto esanda, barreneraino sartuta zegoen, besoak zintzilik, hankak luze eta bigun, burua zuri-zuri, Aita eternoaren edo Ovidioren Ibai baten itxura ematen zioten zilarrezko bizar eta ile uholde hartan itorik.

        Geldiro mintzatzen zen, esaldiei xarma ematen zien halako nagitasun batez, mingain astun samarrean hitzen doitasun kolore-bizia azpimarratzen zuen zalantza apur bat zuela. Haren begi zurbil, handi, zabalak, haur baten begiak bezala islatzen zituen bere pentsamenduaren emozio guztiak.

        Honela kontatu zigun:

 

        Gazte zelarik Errusiako oihan batean ehizan ari omen zen behin. Egun guztian oinez ibili ondoren, arratsalde bukaera aldera ibai bare baten ertzera iritsi zen.

        Zuhaitzen azpitik, zuhaitzetan zihoan ibaia, ur gaina belarrez beteta, ibai sakon, hotz, gardena.

        Ur garden haietan murgildu behar larri bat jabetu zitzaion ehiztariari. Erantzi zen, eta ur lasterrera jauzi egin zuen. Mutil handia eta indartsua zen oso, azkarra, eta igerilari ausarta.

        Gorputza ur gainean utzi zuen bare-bare, arima lasaiturik, urpeko belarrek eta sustraiek igurtziz ukitzen zutela, bere haragiaren kontra aihenen irristada arina sentitzearen pozez.

        Horretan esku bat pausatu zen haren bizkarrean.

        Kolpe batez itzuli, eta ikusi gosez begira ari zitzaion izakari beldurgarri bat sumatu zuen.

        Emakume edo tximino eme bat ematen zen. Sekulako aurpegitzarra zuen, zimurra, keinuka eta barrez. Ezin izendatuzko bi gauza, bi titi inondik ere, zituen bere aurrean igeri, eta ile luze-luzea, nahasia, eguzkiak gorritua, orobat, aurpegiaren inguruan eta bizkar gainean igeri.

        Naturaz gaindiko gauzen beldur nardagarriak, beldur izotzezkoak harrapaturik sentitu zen Turgeniev.

        Ezer pentsatu gabe, gogoetarik egin gabe, ezer ulertu gabe itsumustuan hasi zen igerian bazterrerantz. Munstroak, ordea, bizkorrago egiten zuen igeri, eta lepoa, bizkarra, izterrak ukitzen zizkion, pozezko barretxoak eginez. Mutilak, beldurrez eroturik, bazterra iritsi zuen azkenik, eta lasterka batean abiatu zen basoan zehar, bere jantziak eta bere fusila hartu behar zituenik ere gogoratu gabe.

        Eta izaki nardagarri hark jarraitu egiten zion, bera bezain bizkor, eta kurrinka isildu gabe.

        Iheslaria, gehiago ezinean eta beldurrak herbaldurik, erortzear zen ia; horretan ahuntzak zaintzen ari zen haur bat etorri zen, zigor batekin, eta giza piztia nardagarri hari joka eraso zion; hark ihes egin zuen, oinazez oihuka. Eta Turgenievek hosto artean ikusi zuen desagertzen, gorila eme bat bailitzan.

        Emakume ero bat zen, hogeita hamar urtetik gora artzainen errukitik bizi zena, eta bere egunen erdiak ibaian igerian igarotzen zituena.

        Errusiar idazle handiak amaitu zuen:

        — Nire bizitza guztian ez dut horrelako beldurrik izan, munstro hura zer izan zitekeen ulertu ez nuelako.

 

        Nire bidaia kidea, gertaera hori kontatu niona, berriro hasi zen:

        — Halaxe da, ez zaio egiazko beldurrik ulertzen ez denari baizik. Ez da sentitzen izumena deitzen den arimaren asaldura hori, baldin eta beldurrarekin batera iragan mendeetako sineskeriazko ikara hartako zertxobait ez bada. Nik sentitua dut izumen hori bere izugarritasun osoan, eta oso gauza sinple bategatik sentitu ere, lotsa ematen baitit esateak ere, hain baitzen gauza inozoa.

        Bretainian zehar nenbilen bidaian, bakarrik, oinez. Finistère dena ibilia nuen, landa galduak, harri sakratuen, harri sorginduen ondoan otea baizik hazten ez den lur gorriak. Bezperan Raz-eko mutur beldurgarria ikusia nuen, bi itsaso, Atlantikoa eta Mantxakoa, etengabe elkarrekin borrokan ari diren mundu zaharreko mutur hori; elezaharrez betea nuen gogoa, sineskeria eta superstiziozko lurralde honi buruz entzun edo irakurriak nituen historiez betea.

        Penmarch-etik Pont-l'Abbé-ra nindoan, gauez. Ezagutzen al duzu Penmarch? Itsas hegi ordokia, guztiz ordokia, guztiz sakona, itsasoa bera baino beherago dagoena, dirudienez. Alde guztietan ikusten da, mehatxari eta gris, itsaso hori, piztia amorratuak bailiran bitsa dariela dauden uharriz betea.

        Arrantzale taberna batean afaldu, eta bi eremuren artean zuzen doan bidetik nenbilen. Oso ilun zegoen.

        Aldiro-aldiro druiden harri bat edo beste, mamu zuti bat bailitzan, nola igarotzen nintzen begira geratzen zitzaidan, itxuraz, eta halako beldur lauso bat ari zitzaidan sartzen poliki-poliki; zerena? Zer nekien nik. Badira gauak izpirituek ukitzen zaituztela iruditzen zaizunak, arimak zergatik gabe ikara hartzen duena, bihotza beldur diodan gauza ikusezinen baten ikaraz taupadaka hasten dena.

        Luzea iruditzen zitzaidan bide hura, luzea eta hutsa amaierarik gabe.

        Zaratarik batere ez, olatuen zurrunga baizik, han, nire atzean, eta zarata beti berdin eta mehatxagarri horrek oso hurbil zirudien zenbaitetan, hain hurbil ere, non orpo-orpoan nuela iruditzen baitzitzaidan, bere apar frontearekin zabaldian zehar lasterka, eta ihes egiteko gogoa sartzen zitzaidan, olatu haien aurrean arrapaladan ihes egiteko gogoa.

        Haizeak, bafadaka jotzen zuen behe haize batek, ziztu eragiten zien inguruko oteei. Eta oso bizkor nindoan arren, hotza nuen besoetan eta zangoetan: izumenezko hotz doilor bat.

        Zer poza, orduantxe norbait topatu izan banu!

        Bidea ere ozta-ozta ikusteko ilun beltz egiten zuen orain.

        Eta, horretan, burrunba hots bat entzun nuen urrutitik, nire aurrean. «Begira, karrozaren bat», pentsatu nuen. Gero ez nuen gehiagorik entzun.

        Handik minutu batera zehazki entzun nuen hots hura bera, hurbilago.

        Ez nuen argirik ikusten, ordea; baina nire golkorako esan nuen: «Ez dute esku argirik, nonbait. Ez da harritzekoa lurralde basati honetan».

        Hotsa berriro isildu zen, eta berriro hasi zen gero. Apalegia zen gurdia izateko; eta zaldiaren trosta ere ez nuen entzuten gainera, eta harritzen ninduen, gaua bare baitzegoen.

        Bila eta bila ari nintzen: «Zer ote da hori?»

        Bizkor zetorren, oso bizkor! Gurpil bat baizik ez nuen entzuten, egia —ez ferra hotsik ez oin hotsik, —ezer ez. Zer ote zen hura?

        Ondo-ondoan zegoen; zanga batean etzan nintzen beldurrak eragindako mugimendu batez, eta orgatxo bat ikusi nuen bakarrik... ibiltzen, inork ez zeraman... esku orga bat... bakar-bakarrik...

        Bihotza hain bortizki hasi zitzaidan taupadaka non belarretan unaturik geratu bainintzen, itsasorantz urrutiratzen ari zen gurpilaren itzulika hotsa entzuten. Eta ez nuen kemenik jaikitzeko, ez ibiltzeko, ez mugimendu bat egiteko; zeren hots hura berriro itzuli izan balitz, atzetik jarraitu izan balit, hantxe hilko bainintzatekeen beldurraren beldurrez.

        Luze behar izan nuen nire onera berriro etortzeko, oso luze. Eta halako larritasuna erabili nuen falta nuen bide guztian, non zaratarik txikienak era arnasa eteten baitzidan.

        Ez al da ergelkeria?, esaidazu. Zer beldurra, ordea! Geroago, hartan berriro pentsatzean, ulertu nuen dena; haur bat izan, oinutsik, esku orga hura zeramana; eta ni gizon baten buruaren bila ari, hark izan behar zuen alturan!

        Ulertzen duzu... lehendik bihotzean naturaz gaindiko gauzen hozkirria duzunean... bakarrik dabilen esku orga bat... Hura beldurra!

 

        Segundo batez isildu, eta berriro hasi zen:

        — Begira, jauna, oraintxe daukagu ikuskizun ondo bitxia eta izugarrizkoa: koleraren eraso hori.

        Usaindu duzu bagoi hauek hanpaturik dituen fenol usaina, kolera hor nonbait den seinale.

        Toulon ikusi beharra dago une honetan. Zoaz hara, ederki sentitzen da han dagoela. Eta ez du gaixotasun baten beldurrak asaldatzen jendea. Kolera bestelako gauza bat da, Ikusezina da, behinolako, lehenagoko garaietako izurria da, berriro itzuli den Izpiritu gaizto bat, beldurtu adina harritzen gaituena, dagoeneko desagerturik diren garaietako gauza baita, itxura denez.

        Sendagileek barre eragiten didate beren mikrobioekin. Ez ditu zomorro batek izutzen pertsonak leihotik behera jauzi eragiteraino, kolerak eragiten du hori, Sortaldeko hondo-hondotik datorren izaki azalezin beldurgarriak.

        Zabiltza Toulonen, jendea dantzan ari da kaleetan.

        Zergatik dantza egin heriotzazko egun hauetan? Hiri inguruko landa herrietan suziriak botatzen dituzte; poz argiak pizten dira; orkestrek musika alaiak jotzen dituzte pasealeku publiko guztietan.

        Han baitago, desafio egiten zaio, ez Mikrobioari, Kolerari baizik, eta ausartak nahi dute izan haren aurrean, zelatan daukazun etsai ezkutatu baten aurrean bezala. Harentzat egiten da dantza, harentzat barre, harentzat pizten dira suak, harentzat jotzen dira balsak, harentzat, alde guztietan garai bateko apaiz barbaroek konjuratzen zuten antzinako mamu haietako bat bezala ikusezin, mehatxakor, sumatzen den Izpiritu hiltzailearentzat.

 

(1884ko uztailaren 25ean)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia