Tik bat

 

        Afaltiarrak geldiro ari ziren sartzen hoteleko gela handian, eta zein bere lekuan esertzen ziren. Zerbitzariek poliki-poliki hasi zuten zerbitzua, berandu zetozenei iristeko astia emateko, eta gero platerak berriro ekarri beharrik ez izateko; eta aspaldiko bainulariek, ohitura zutenek, beren egonaldia aurreratzen ari zitzaienek, interes biziz begiratzen zuten atera, hura zabaltzen zen bakoitzeko, aurpegi berriak azaltzen ikusteko gogoz.

        Horixe izaten da bainu herrietako jostagarri nagusia. Afaria arte itxaroten da egun horretan iritsiak aztertzeko, nor diren, zer egin duten, zer pentsatzen duten asmatzeko. Desira bat ibiltzen dugu gure izpirituaren inguruan, topaketa atseginak, ezagutza amultsuak, agian amodioak izateko desira. Harreman bizitza honetan, berebiziko garrantzia izaten dute ingurukoek, ezezagunek. Jakin-mina erne egoten da, sinpatia zain, eta jendetasuna lanean.

        Badira astebeteko gaizki ikusiak eta hilabeteko adiskidantzak, bestelako begiez ikusten da jendea, bainu herriko ezagutzaren ikuspegi berezitik, hain zuzen. Gauean, afaldu ondoren, ur sendatzailea borborka ari den parkeko zuhaitzen pean, ordubeteko solasaldi batean, aparteko adimena eta harrigarrizko merituak aurkitzen zaizkio gizon bati, eta handik hilabeterako erabat ahaztu dira adiskide berri haiek, lehenengo egunetan hain maitagarriak zirenak.

        Harreman iraunkor eta zinezkoak ere sortzen dira han, beste inon baino bizkorrago sortu ere. Egun guztian ikusten da elkar, elkar ezagutu ere oso bizkor egiten da; eta hasten ari den txera horretan aspaldiko ezagun zaharren arteko lañotasuna eta goxotasuna ere nahasten da. Gerora oroitzapen kutun samurra gordetzen da adiskidetasunaren lehen ordu horiez, arima hura ezagutu ahal izateko balio izan duten lehenengo solasaldiez, galderak egiten dituzten eta ahoak oraindik ere egiten ez dituen galderei eta gogoeta ezkutukoei erantzuten dieten lehenengo begirada horiez, bere bihotza zabaltzen ari zaizunari zuk ere zure bihotza zabaltzeak ematen duen sentipen xarmagarri horrez.

        Eta bainutegiko tristurak, beti berdin diren egunen monotoniak, are beteago egiten dute ordurik ordu, txeratasunezko eztanda hori.

 

* * *

 

        Arrats hartan, bada, arrats guztietan bezala, aurpegi ezezagunak noiz azalduko zain geunden denak.

        Bi baizik ez ziren azaldu, baina oso bereziak biak, gizonezko bat eta emakumezko bat: aita eta alaba. Edgar Poe-ren pertsonaiak iruditu zitzaizkidan segituan; baina bazuten halako xarma bat, xarma dohakabe bat; patu gaiztoaren biktimak iruditu zitzaizkidan. Gizonezkoa oso handia eta argala zen, konkortu samarra, ilea zuri-zuria zuen, zuriegi haren aurpegiera oraindik gazterako; eta halako jite serio bat zuen bere tankeran, protestanteek mantendu ohi duten portaera zorrotz hori. Neska, hogeitalau-hogeitabost urtekoa agian, txikia zen, oso mehea hura ere, zurbila oso, halako aire nekatu, unatu, abaildu batekin. Izaten dira pertsona batzuk bizitzako premia eta beharretarako ahulegiak diruditenak, mugitzeko, ibiltzeko, egunero egiten ditugun horiek guztiak egiteko ahulegiak diruditenak. Nahiko polita zen, haurtxo hura, agerpen baten edertasun gardenekoa; eta guztiz geldiro jaten zuen, besoa mugitzeko ere ia ezgauza balitz bezala.

        Hura zen, ziur aski, urak hartzera etorria.

        Nire aurrean suertatu ziren, mahaiaren beste aldean, eta berehalaxe ohartu nintzen aitak bazuela tik bat oso-oso berezia.

        Zerbaiti heldu nahi zion bakoitzeko, itzuli bizkor bat egiten zion eskuak, sigi-saga erotu bat bezala, bila ari zena ukitu aurretik. Une batzuen buruan, beste aldera biratzen nuen burua, ez ikusteko, hainbesteraino gogaitarazi baininduen mugimendu hark.

        Neskak ere, jateko, ezkerreko eskuko eskularrua ez zuela kentzen ohartu nintzen.

        Afal ondoren bainutegiko parkean ibili bat egitera joan nintzen. Auverniako bainu herritxo batean zen hori guztia, Châtel-Guyon-en; zintzur batean dago, mendi garaien oinean, antzinako sumendien su sakonetatik borborka ateratzen den ur irakina azaleratzen den mendiaren oinean, alegia. Barren-barrenean, gure gainean, domoak, krater itzaliak, beren gailur ebakiak mendi sail luzeaz gainetik jasotzen. Domoen eskualdearen hasieran baitago Châtel-Guyon.

        Handik urrutiago gailurren eskualdea dago, eta oraindik urrutiago amildegien eskualdea.

        Puy de Dôme da domoetan garaiena, Pic du Nancy gailurretan altuena, eta Cantaleko amildegia amildegietan handiena.

        Oso bero zen gau hartan. Ibilbide itzaltsu hartan luze-zabalka nenbilen, parkea azpian hartzen duen hegitxo baten gainean kasinoko musika-taldeari lehenengo abestiak jotzen entzuten.

        Eta aita-alabak, urratsak geldiro eginez, nireganantz zetozela ohartu nintzen. Agur egin nien, bainu herrietan hotel-kideei agur egiten zaien bezala; eta gizonak, bertan gelditurik, galdetu zidan:

        — Esango al diguzu, jauna, nora egin dezakegun ibilaldi laburtxo bat, erraza, eta polita, ahal bada; eta barka, arren, nire ausardia.

        Errekatxo mehea datorren ibartxora laguntzeko eskaini nintzaien; ibar sakon bat da, zintzur estu bat bi malda harkaiztsu, basoz bete, handiren artean.

        Ongi iritzi zioten.

        Eta hango uraren dohainez hasi ginen, jakina, hizketan.

        — Izan ere —zioen aitak—, nire alabak badu gaixotasun bitxi bat, nondik datorren ez dakiguna. Ulertu ezinezko nerbio gorabeherak izaten ditu. Batzuetan bihotzeko gaixotasuna duela uste dute, hurrengoan gibelekoa duela, hurrengoan bizkar muinekoa duela. Gaur egun esaten ari direnez, urdailekoa omen du mila modutara eta mila lekutan agertzen zaion gaixotasun-Proteo hori, urdaila omen da-eta gorputzaren galdara eta arautzaile nagusia. Nire ustez, nerbioetako gauza da batez ere. Ondo gauza tristea da, edozeinetara ere.

        Haren eskuaren tik bortitza gogoratu zitzaidan segituan, eta galdetu nion:

        — Herentzia kontua ez da bada izango? Zeuk ere ez al dituzu nerbioak gaixo samar?

        Lasai erantzun zidan:

        — Nik?... Bai zera, ez... Nik nerbioak oso bare izaten ditut beti!

        Eta gero, bat-batean, pixka batean isilik egon ondoren, berriro hasi zen:

        — A!, zerbait hartu nahi dudan bakoitzean eskuak egiten didan gihar zimurdura hori esan nahi duzu zuk? Hori behin izan nuen ikaragarrizko bihotz zartada batetik datorkit. Egizu kontu bizirik ehortzi genuela haur hau!

        Harridura eta hunkipenezko «A!» bat baizik ez nuen aurkitu esateko.

        Eta jarraitu zuen:

        Hona nola izan zen. Oso gauza soila da: Juliette-k bihotzeko gorabehera larriak zituen aspaldi samarretik. Bihotzeko gaixotasunen bat zuela uste genuen, eta edozer gerta zitekeela etsita geunden.

        Egun batean hotz, bizigabe, hilik ekarri zuten. Lorategian eroria zen. Medikuak hil agiria eman zuen. Egun bat eta bi gau egon nintzen beilan; neuk sartu nuen zerraldoan, eta hilerriraino lagundu nion; han gure familiaren hilobian lur eman genion. Landa-landan izan zen, Lorrenan.

        Bere bitxiekin, eskumuturrekoekin, idunekoekin, eraztunekin, niregandik jasotako opari guztiekin, eta bere lehen dantza soinekoarekin ehortzarazi nahi izan nuen.

        Kontu egin zenezake nola nekarren bihotza eta zer animu nuen etxera itzuli nintzenean. Hura besterik ez nuen, emaztea aspaldi hila baitzen. Bakarrik, erdi eroturik, abaildurik sartu nintzen gelan, eta ezeren gogoraziorik gabe, ezertarako indarrik ez nuela jausi nintzen besaulkian. Makina oinazetu, dardarati bat baizik ez nintzen, larrutu bat, zauri bizia ematen zuen nire arimak.

        Nire gelari zaharra, Prosper, Juliette bere zerraldoan sartzen eta azken lo horretarako prestatzen lagundu zidana, sartu zen, hotsik egin gabe, eta galdetu zidan:

        — Nahi al du jaunak jateko edo edateko zerbait?

        Buruaz «ez» egin nion, erantzun gabe.

        — Jaunak gaizki egiten du, jarraitu zuen. Gaitzen bat gertatuko zaio jaunari. Nahi al du jaunak oheratzen lagun diezaiodan?

        Nik esan nuen:

        — Ez, laga nazazu.

        Eta handik alde egin zuen.

        Zenbat ordu joan ziren, ez dakit. Ai! zer gaua!, zer gaua hura! Hotz egiten zuen; sua itzalia zen tximinia handian; eta haizea, negu haize izoztua, izozteko haize bete-betea, ari zen leihoak astintzen, hots zorigaiztoko beti berdin batez.

        Zenbat ordu joan ziren? Han nengoen, lorik gabe, ahuldurik, abaildurik, begiak zabal, hankak luze, gorputza indarge, gogoa etsimenak gorturik. Horretan sarrerako ateko ezkila handia, etxebarruko ezkila handia jo zuten.

        Halako gorputz astindua hartu nuen, non aulkia puskatu egin baitzen nire azpian. Haren hots sakon astunak hilobi batean bezala egiten zuen dardar gaztelu hutsean. Goizeko ordu biak ziren. Nor etor zitekeen ordu horietan?

        Eta kolpetik bi aldiz jo zuen berriro ezkilak. Etxeko otseinak ez ziren ausartzen, zirudienez, jaikitzera. Kandela bat hartu eta neu jaitsi nintzen. Galdetzera nindoan:

        — Nor da?

        Baina lotsatu egin nintzen beldur hori izateagatik, eta geldiro-geldiro morroilo handiari tira egin nion. Bihotza taupadaka nuen. Kolpe batez zabaldu nuen atea, eta irudi zuri bat ikuskatu nuen ilunpean, mamu baten gisako zerbait.

        Atzera egin nuen, izumenak herbaldurik, ozta-ozta zezelkatuz:

        — Nor... nor... zara zu?

        Ahots batek erantzun zidan:

        — Ni naiz, aita.

        Alaba hau zen.

        Erotua nintzela iruditu zitzaidan; eta atzeraka nindoan, sartzen ari zen mamu haren aurrean; atzeraka nindoan, eskuaz, hura uxatzeko bezala, lehen ikusi didazun keinu hori eginez; keinu horrek ez dit gehiago alde egin, harrezkero.

        Agerpenak esan zidan:

        — Ez izan beldur, aita; ez nengoen hilda. Eraztunak ostu nahi izan dizkidate, eta hatza moztu didate; odola jariatzen hasi da, eta horrek piztu nau.

        Eta egiaz odoletan zegoela ohartu nintzen.

        Belauniko erori nintzen, ito beharrean, zotinka, arnasestuka.

        Gero, berriro nire onera etortzen hasi nintzenean, oraindik ere iristen ari zitzaidan zorion ikaragarria ongi ulertzen ez nuela, nire gelara igoarazi nuen, nire besaulkian eserarazi nuen; eta Prosper-i deitu nion kolpe bortitzez, sua berriro piztu zezan, edateko zerbait presta zezan, eta laguntza eske joan zedin.

        Sartu zen, bada, begiratu zion nire alabari, zabaldu zuen ahoa izumen eta beldur laborrizko estura batean, eta zerraldo erori zen ahoz gora.

        Hura zen hilobia zabaldu, nire haurrari hatza moztu eta gero han utzi zuena: ezin baitzituen lapurretaren aztarrenak ezabatu. Zerraldoa bere lekuan uzteko lanik ere ez zuen hartu, ziur baitzegoen ez nuela haren susmorik hartuko, fede osoa bainion.

        Ikusten duzu, bada, jauna, ondo zoritxarrekoak garena.

 

* * *

 

        Isildu egin zen.

        Gaua iritsia zen, ibar bakarti triste hura osorik bilduz, eta halako beldur misteriozko bat sentitzen nuen jende berezi haren ondoan, hilda gero bihurtu haren eta keinu beldurgarriak egiten zituen aita haren ondoan egonez.

        Ez nekien zer esan.

        — Zer gauza izugarria! —esan nuen ahopeka.

        Eta handik minutu batera jarraitu nuen:

        — Itzuliko al gara?, hotz egiten duela iruditzen zait.

        Eta hotelerantz itzuli ginen.

 

(1884ko uztailaren 14ean)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia