Adatsa

 

        Gelako hormak hutsik zeuden, karez pintatuak. Horman oso goian, inor ez iristeko moduan, zulatutako leiho estu saretadun batek argitzen zuen gela argi, hits hura; eta eroak, lastozko aulki batean eseririk, begirada finko, lauso, oinazetu batez begiratzen zigun. Oso argala zen, masailak hustuak, eta ilea ia zuri, handik hilabete gutxitara zuritua izango zela uste izatekoa. Jantziek zabalegi ziruditen haren soin atal iharrentzat, haren bular estutuarentzat, haren sabel hustuarentzat. Bere gogoetak suntsituta ikusten zen gizon hura, harrak fruitua jaten duen bezala, pentsamendu batek, bere Pentsamenduak, marruskatua. Bere Eromena, bere ideia, hantxe zegoen, buru hartan, tematua, gizona hertsatzen, barrenetik suntsitzen. Poliki-poliki gorputza jaten ari zitzaion. Ideia Ikusezin, Ukiezin, Atxikiezin, Materiagabe hura haragia higatzen, odola edaten, bizitza itzaltzen ari zitzaion.

        Hura misterioa, Amets batek hildako gizona! Bihotz mina ematen zuen, bihotz mina, beldurra eta errukia, Behargabedun hark! Zer amets berezi, beldurgarri, hilkor bizi zen denbora guztian berritzen ari ziren izur sakonez zimurtzen zuen bekoki hartan?

        Sendagileak esan zidan:

        — Sekulako zakarraldiak izaten ditu, nik ikusi dudan erorik berezienetako bat da. Eromen erotiko makabro batek joa dago. Nekrofilia moduko bat du. Bere egunkaria idatzia du gainera, eta oso garbi erakusten digu bere arimako gaixotasunaren mundua. Bere eromena ageri-agerian dago, nolabait esateko, idazki horretan. Interesa baduzu, azter dezakezu dokumentu hori.

        Sendagilearen atzetik haren bulegora joan nintzen, eta gizon errukarri haren egunkaria eman zidan.

        — Irakur ezazu, eta esango didazu zer derizkiozun.

        Hona zer zegoen koaderno hartan.

 

* * *

 

        Hogeita hamabi urte bete nituen arte bakean bizi izan nintzen, maitasunik gabe. Oso gauza soila, ona eta erraza iruditzen zitzaidan bizitza. Aberatsa nintzen. Hainbeste gauza gustatzen zitzaizkidan non ezin bainuen ezertarako grina berezirik sentitu. Gauza ederra da bizitzea! Zoriontsu esnatzen nintzen egunero, gustatzen zitzaizkidan gauzak egiteko, eta pozik oheratzen nintzen, biharamunerako itxaropen bare batez, etorkizunak kezkarik ekarriko ez zuelako ustez.

        Maitale batzuk izana nintzen, nire bihotza desiraz erotua edo haiek gozatu ondoren arima amodioz oinazetua inoiz eduki gabe. Gauza ederra da horrela bizitzea. Maite izatea hobea da, ikaragarria da, ordea. Baliteke jende guztiak ohi duen bezala maitatzen dutenek zorion suhar bat sentitzea, nirea baino apalagoa agian, zeren sinetsi ere ezin den moduan etorri baitzitzaidan niri maitasuna.

        Aberatsa nintzenez, altzari zaharren eta antzinako gauzen zale nintzen; eta askotan etortzen zitzaizkidan gogora gauza haiek igurtzi zituzten esku ezezagunak, haiek miretsi zituzten begiak, haiek maite izan zituzten bihotzak, gauza horiek maitatu egiten baitira, zinez! Ordutan geratzen nintzen maiz, orduak eta orduak, iragan mendeko erlojutxo bati begira. Hain zen apaina, hain pollita, bere esmaltearekin, bere urre zizelatuarekin. Eta emakume batek bitxi fin hura edukitzeko pozean erosi zuen egunean bezalaxe zebilen oraindik ere. Sekula ez zuen eten bere taupada, sekula ez zuen gelditu bere bizitza mekanikoa, eta etengabe jarraitzen zuten bere tik-tak hura egiten, mende bat igarota ere. Nork erabili ote zuen lehendabiziko aldiz bere bularrean, bere zapietako epeltasunean, erlojuaren bihotzak emakumearen bihotzaren ondoan taupadaka egiten zuela? Zein eskuk eduki ote zuen bere hatz bero samarretan, eta gero itzuli, berritzuli, eta gero azalaren hezetasunak segundo batez lausotutako portzelanazko ertzak xukatu? Zer begik zelatatuko ote zuten haren ordutegian, itxaroten ari ziren ordua, ordu maitea, jainkozko ordua?

        Nola nahiko nukeen nik ezagutu, ikusi, gauza zoragarri eta bakan hura aukeratu zuen emakumea! Hilik da! Behinolako emakumeen desira horrek guztiz harturik nauka; maitatu izan duten emakume guztiak maite ditut, urrutitik! Samurtasun igaroen historiak nahigabez betetzen dit bihotza. Ai edertasuna, irribarreak, fereka gazteak, itxaropenak! Horrek guztiak ez al luke betirako izan behar!

        Zenbat negar egin dudan, gau osoetan, garai bateko emakume gaixo haiengatik, hain samurrak, hain gozoak, besoak musu hartzeko zabaldu zituztenak, eta gaur egun hilik daudenak! Musu horiek betierarako dira! Ezpainik ezpain doaz, menderik mende, belaunaldiz belaunaldi. — Gizonek hartzen dituzte, ematen dituzte eta hil egiten dira.

        Iraganak erakartzen nau, orainak izutzen, etorkizuna heriotza delako. Dolu dut egin izan den guztia; negar eragiten didate bizi izan diren guztiek; denbora gelditu nahi nuke, ordua gelditu nahi nuke. Baina denbora joan egiten da, igaro egiten da, segundoz segundo nirea den zerbait kentzen dit, atzoko ezerezari emateko. Eta ez dut berriro hori biziko.

        Agur atzoko emakumeak. Maite zaituztet.

        Baina ez dut zertaz kexu izan. Aurkitu dut zain nengoena, eta sinetsi ere ezinezko plazerrak dastatu ahal izan ditut hari esker.

        Parisen zehar nenbilen goiz eguzkitsu batez, bihotza jaietan, oina alai, begirazalearen interes zehazgabe horrez dendetan begira. Horretan XVII. mendeko italiar altzari bat begiztatu nuen zaharkin denda batean. Oso ederra zen, oso bakana. Garai hartan fama handia izan zuen Vitelli izeneko veneziar artista batek egina iritzi nion.

        Eta aurrera jarraitu nuen.

        Zergatik jarraitu zidan hainbesteraino altzari haren oroitzapenak, berriro atzera itzularazteraino? Denda aurrean gelditu nintzen berriro, altzaria berriro ikusteko, eta tentatu egiten ninduela sentitu nuen.

        Zer gauza bitxia tentazioa! Gauza bati begiratzen diozu, eta, poliki-poliki, limurtu egiten zaitu, nahastu egiten zaitu, jabetu egiten zaizu, emakume baten aurpegia balitz bezala. Haren xarma barreneraino sartzen zaizu, haren formak, haren koloreak, haren gauza itxurak sortzen duen xarma; eta maite duzu dagoeneko, desira duzu, nahi duzu. Haren jabe izan behar bat nagusitzen zaizu, behar gozoa hasieran, herabea balitz bezala, baina hazi egiten da, oldartsu bilakatzen da, ezin eutsizko bihurtzen da. Eta badirudi saltzaileek begiradaren garretan sumatzen dutela hazten ari den gurari ezkutuko hori.

        Altzari hura erosi eta segituan etxera eramateko agindu nuen. Nire gelan jarri nuen.

        Ai, erruki diet bildumagileak erosi berri duen gutiziarekin izaten duen eztialdi hori ezagutzen ez dutenei. Fereka egiten diozu, begiaz eta eskuz, haragizkoa balitz bezalaxe; behin eta berriro haren ondora itzultzen zara, gogoan erabiltzen duzu beti, nora ere joaten baitzara, zer ere egiten baituzu: eta berriro ere etxera itzultzen zarenean, eskularru eta kapeluak erantzi ere baino lehenago, hura ikustera joaten zara, maitale baten samurtasunaz.

        Zortzi egunez adoratzen eduki nuen, egiaz, altzari hura. Une oro zabaltzen nituen ateak, tiraderak; liluramenetan maneiatzen nuen, jabe izateak dituen barne poz guztiak gozatuz.

        Arratsalde batez, ordea, albo baten loditasuna haztatzen ari nintzela, han gordetegiren bat egon behar zuela ohartu nintzen. Bihotza taupadaka hasi zitzaidan, eta gau osoa eman nuen sekretuaren bila, aurkitu ezinda.

        Biharamunean lortu nuen, zureriako zirrikitu batean burdin xafla bat sartuz. Ohol bat lerratu zen, eta belus beltzezko estalki baten gainean emakume baten adats zoragarri bat ikusi nuen!

        Horixe, adats bat, ile hori, ia gorrizko adats bat, ilea inondik ere hondo-hondotik moztu eta urrezko hari batez loturik egina.

        Txunditurik nengoen, dardaraz, asaldaturik! Urrin ia ezin atzemanezko bat, hain zaharra non bai baitzirudien usain baten arima zela, zabaltzen zen tiradera misteriozko hartatik eta erlikia harrigarri hartatik.

        Heldu nion adatsari geldiro, ia erlijiozko begirunez, eta ezkutalekutik kanpora atera nuen. Bat-batean zabaldu zen, uhin urre-kolore baten gisan lurreraino erortzeko, lodi eta arin, malgu eta distiratsu, kometa baten suzko isatsa bailitzan.

        Zirrara bitxi batek hartu ninduen. Zer zen hura guztia? Noiz, nola, zergatik gorde zen ile hura altzari hartan? Zer abentura, zer drama ezkutatzen zuen oroigarri hark? Nork moztu zuen? maitale batek agur egun batez? senar batek mendeku egun batez? ala buruan eduki zituenak berak, etsimen egun batez?

        Komentuan sartu beharreko batek jarri ote zuen maitasun fortuna hura han, bizien munduan utzitako bahitura bat bailitzan? Hildako emakume gazte ederra hilobian iltzatzeko orduan gorde ote zuen, maite zuenak, haren buruko apaingarria, huraxe zuelako harengandik gorde ahal izango zuen gauza bakarra, haren gorputzetik ustelduko ez zen zati bizi bakarra, aurrerantzean maitatu eta ferekatu ahal izango zuen zati bakarra, oinaze saminetan musu eman ahal izango zion gauza bakarra?

        Ez al zen gauza harrigarria ile adats hura horrela geratu izana, jaiotzatik zuen gorputzaren zatirik txikiena ere geratzen ez zenean?

        Hatzen artetik irristatzen zitzaidan, azala fereka berezi batez, hildako baten ferekaz, kilimatuz. Negar egitera banindoa bezala sentitu nintzen samurturik.

        Luzaro eduki nuen, luzaro, eskuetan, gero mugitzen ari zela iruditu zitzaidan, hartan gorderik arimaren zatiren bat geratu izan balitz bezala. Eta denborak higatutako belusaren gainean jarri nuen berriro, eta tiraderari bultza egin nion, eta altzaria itxi nuen, eta kaleetan barrena abiatu nintzen, amets egiteko.

 

* * *

 

        Tristuraz beterik nindoan aurrerantz, baina nahasmenduz beterik orobat, maitasunezko musu baten ondoren bihotzean gelditzen zaizun nahasmendu horrez beterik. Lehenagoko garaietan bizi izana nintzela iruditzen zitzaidan, emakume hura ezaguna nuela.

        Eta Villon-en bertsoak etorri zitzaizkidan ezpainetara, zotina etor daitekeen bezala:

 

                Dictes-moy où, ne en quel pays

                Est Flora, la belle Romaine,

                Archipiada, ne Thaïs,

                Qui fut sa cousine germaine?

                Echo parlant quand bruyt on maine

                Dessus rivière, ou sus estan;

                Qui beauté eut plus que humaine?

                Mais où sont les neiges d'antan?

                ..................................

                La royne blanche comme un lys

                Qui chantait à voix de sereine,

                Berthe au grand pied, Bietris, Allys,

                Harembouges qui tint le Mayne,

                Et Jehanne la bonne Lorraine

                Que Anglais bruslèrent à Rouen?

                Où sont-ils, Vierge souveraine?

                Mais où sont les neiges d'antan?

 

        Berriro etxera itzuli nintzenean, nire aurkikuntza bitxi hura berriro ikusteko ezin eutsizko gogo batek hartu ninduen; eta berriro hartu nuen, eta hura ukitzean hotzikara luze bat sentitu nuen soin atal guztietan zehar.

        Egun batzuetan normal egon nintzen, nolanahi ere, adats haren oroitzapen bizia sekula joaten ez bazitzaidan ere.

        Etxera itzultzen nintzenean, hura berriro ikusi eta berriro eskuetan erabili beharra izaten nuen. Maitearen atea zabaltzen den bezalakoxe hozkirri batez birarazten nuen armairuko atea, zeren halako premia nahasi, berezi, etengabe, sentsual bat bainuen nire eskuetan eta nire bihotzean, nire hatzak ile hilezko errekasto xarmagarri hartan bustitzeko.

        Gero aski ferekatu nuenean, altzaria berriro itxia nuenean, han sentitzen nuen oraindik ere, izaki bizi bat bailitzan, ezkutuan, preso; eta hura sentitu eta berriro desiratzen nuen; ezin eutsizko premia sentitzen nuen berriro hura eskuetan hartzeko, ukitzeko, ukipen hotz, labain, haserregarri, erogarri, zoragarri hark berriro gaixotzeraino suhar nintzan.

        Hilabete bat edo bi bizi izan nintzen horrela, ez dakit zenbat. Gogoa erabat hartua zidan, sorgindua ninduen. Zorioneko nintzen, eta torturatua, maitasunaren itxaropenean bezala, maitea estutu aurretiko aitorpenen ondoren bezala.

        Bakarrik geratzen nintzen harekin, nire azalaren gainean sentitu ahal izateko, hartan nire ezpainak estutzeko, musu emateko, hozka egiteko. Nire aurpegiaren inguruan kiribiltzen nuen, edan egiten nuen, nire begiak urrezko uhin hartan itotzen nituen, hartan zehar eguna urre-koloreko ikusteko.

        Maite nuen! Bai, maite nuen! Hura gabe ezin nuen etsi, ezin nuen ordu bat eman hura ikusi gabe.

        Eta zain nengoen... zain... zeren zain? Ez nekien. —Haren zain.

        Gau batean bat-batetik esnatu nintzen, nire gelan bakarrik ez nengoelako susmoarekin.

        Bakarrik nengoen, ordea, baina ezin izan nuen berriro lo hartu, eta loerre sukar bat nuenez, adatsa berriro ukitzera joateko jaiki nintzen. Ohi baino leunago zegoela iruditu zitzaidan, biziago. Hildakoak itzultzen al dira berriro? Berotzeko ematen nizkion musuek zorionez zorabiarazten ninduten; eta ohera eraman nuen, eta hantxe etzan nintzen, nire ezpainen kontra estutuz, gozatu behar den maitalea bezala.

        Hildakoak berriro itzultzen dira! Hura itzuli egin da. Bai, ikusi egin dut, beso artean eduki dut, neure egin dut, garai batean bizi zenean bezalaxe, handi, ilehori, bete, titiak hotz, gerria lira baten gisa; eta ferekaz bete dut eztarritik oinetaraino haragiaren bihurgune guztietan zehar doan uhinezko lerro hori.

        Bai, egunero, gauero eduki dut. Berriro itzuli da, Hildako emakumea, Hildako ederra, Adoragarria, Misteriozkoa, Ezezaguna, gauero eduki dut.

        Hain handia izan nuen zoriona, non ezin izan bainuen gorde. Gizonaren indarra baino gehiagoko zorabioa sentitzen nuen haren ondoan, Atxikiezina, Ikusezina, Hila zeuretzeak ematen duen poz sakon, azaldu ezina. Inongo maitalek ez du izan hura bezain gozamen suharrik, ikaragarririk!

        Ez nuen jakin nire zoriona ezkutuan gordetzen. Maitasunaren maitasunez ez nuen gehiago harengandik aparte egon nahi izan. Aldean erabiltzen nuen beti, alde guztietan. Nire emaztea balitz bezala atera nuen paseatzera hirian zehar, antzokira eraman nuen, antzokiko begiratoki sarez ezkutatuetara, maitalea bailitzan... Baina ikusi egin zuten... asmatu egin zuten... kendu egin zidaten... Eta kartzelan sartu naute, gaizkile bat banintz bezala. Kendu egin didate... Hau zoritxarra!...

 

* * *

 

        Horretan eteten zen eskuizkribua. Eta bat-batean, medikuarengana begi aztoratuok jasotzen ari nintzeneantxe, oihu beldurgarri bat, amorru ezinduzko eta desira sukarrezko orro bat entzun zen eroetxean.

        — Entzuten duzu —esan zuen sendagileak—. Bost bider dutxatu behar da egunean ero lizun hori. Bertrand sarjentua ez da hildako emakumeak maite izan dituen bakarra.

        — Baina... adats hori bada, izan? —galdetu nion zezelka, harridurak, izumenak eta errukiak asaldaturik.

        Sendagilea jaiki zen, zabaldu zuen flaskoz eta tresnaz beteta zegoen armairu bat, eta ile horizko txinparta hari bat jaurti zidan, bere bulegoaren alderik alde, urrezko txori baten gisa hegan.

        Ikara eragin zidan nire eskuetan haren ukitu ferekatzaile arina sentitzean. Eta bihotza taupadaka geratu nintzen, nazkaz eta desiraz, nazkaz krimenetan hara-hona erabilitako gauzak ukitzean bezala, eta desiraz, gauza lotsagarri eta misteriozko baten tentazioaren aurrean bezala.

        Sendagileak bizkarra jaso, eta esan zuen:

        — Gizonaren izpiritua edozertarako gauza da.

 

(1884ko maiatzaren 13an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia