Eskua

 

        Bermutier instrukzioko epaile jaunaren inguruan zeuden biribilean, Saint-Cloud-eko gertaera misteriozkoaz iritzia ematen ari baitzen. Hilabetea bazuen krimen argitu ezin hark Paris asaldaturik zeukala. Gai hartan inork ez zuen ezer ulertzen.

        Bermutier jauna, zutik, bizkarra tximiniaren kontra, bikain, frogak biltzen, iritzi desberdin guztiak eztabaidatzen ari zen, baina ez zuen ondoriorik ateratzen.

        Emakume batzuk altxatu eta harengana hurbilduak ziren, eta zutik jarraitzen zuten, begiak hitz sakonak ateratzen ari ziren epailearen aho bizarra txukun moztuan finkaturik. Emakume haiek ikaraz dar-dar egiten zuten, beren beldur jakin-minak, arima sorgintzen dien goseak bezala torturatzen zituen, izu-premia aseezinak larriturik.

        Haietako bat, besteak baino zurbilago zegoen, hasi zen isil une batean:

        — Izugarria da. «Naturaz goitikoa» da ia. Ez da jakingo inoiz.

        Epailea harengana itzuli zen:

        — Bai, andrea. Aise gerta daiteke inoiz ezer ez jakitea. «Naturaz goitiko» esan duzun horri dagokionez, hemen zer ikusirik ez du. Artezia handiz prestatutako krimen bat da esku artean daukagun hau, artezia handiz burutua, hain ederki misterioz bildua non ezin soildu baitugu inguratzen duten zirkunstantzia atxiki ezinetatik. Baina neuk ere izan nuen, garai batean, egiaz tartean gauza fantastikoak ageri zirela zirudien auzi bat argitu beharra. Utzi egin behar izan nuen, gainera, argitzeko baliabiderik ez nuelarik.

        Emakume pilatxo bat hasi zen, denak batera, hain bizkor non ahots guztiek bat baizik ez baitzuten egiten:

        — Oi! Konta iezaguzu hori.

        Bermutier jaunak irribarre egin zuen, handizki, instrukzio epaile batek irribarre egin behar duen bezala. Jarraitu zuen:

        — Ez ezazue uste izan behintzat, instant batez ere gertaera honetan gizonaz goitiko ezer izan zela gogotik igaro ere egin zitzaidanik. Nik kausa normaletan baizik ez dut sinesten. Baina ulertzen duguna adierazteko «naturaz goitikoa» esamoldea erabili ordez, «azaldu ezinezkoa» esamoldeaz baliatuko bagina, askoz hobe izango litzateke. Edozeinetara ere, kontatzera noakizuen gertaera honetan, gertaera inguratzen zuten zer-nolakoek, prestameneko zirkunstantziek, eragin zidaten batez ere zirrara. Hona, bada, gertatuak:

        Ajaccio-n nintzen instrukzioko epaile; hiritxo txuri-txuri bat da, alde guztietatik mendiz inguratua dagoen itsas golko zoragarri haren ertzean etzana.

        Han vendetta arazoak nituen batez ere zaintzeko. Badira vendetta bikainak, izan daitezkeen dramatikoenak, ankerrak, heroikoak. Han aurkitzen dira amets ere egin daitekeen mendeku gai ederrenak, mendeetako gorrotoak, aldi batez baketuak, baina sekula ere ez itzaliak, maltzurkeria nardagarriak, azkenerako masakre eta ia-ia egitate handi bilakatzen diren hilketak. Bi urte baziren odolaren prezioa baizik aipatzen entzuten ez nuela, egin den hoben oro egin duenaren gain, haren ondorengoen gain edo haren ahaideen gain mendekatzera behartzen zuen Korsikako ustekeria ikaragarri hori alegia. Agureak, haurrak, lehengusuak lepoa moztuta ikusia nintzen, burua bete-betea nuen horrelako historiez.

        Horrela bada, Ingeles batek golkoaren bestaldeko txalek bat urte batzuetarako alokatu zuela jakin nuen egun batean. Frantses morroi bat ekarri zuen, Marseillatik igarotzean kontratatua.

        Luzaro baino lehen jende guztiak ahotan zerabilen pertsonaia bitxi hura, bere egoitzan bakarrik bizi zena eta ehizarako eta arrantzarako baizik handik ateratzen ez zena. Inorekin ez zuen hitz egiten, ez zen inoiz etortzen hirira, eta goizero-goizero ordu bat edo bi ematen zituen pistolaz edo karabinaz tiroan trebatzen.

        Ipuinak eta esamesak sortu ziren hari buruz. Batzuek ziotenez, maila handiko norbait omen zen politika zela-eta bere herrialdetik ihes egina; beldurgarrizko krimen bat egin ondoren ezkutuan zegoen bat omen geroago. Xehetasun bereziki izugarrizkoak ere aipatzen ziren.

        Instrukzioko epaile nintzen aldetik, gizon hari buruzko berri zehatzagoak jakin nahi izan nituen; ezin izan nuen ezer ikasi, ordea. Sir John Rowell izenez aurkezten zen.

        Hurbiletik zainduz etsi behar izan nuen, beraz; baina ez zidaten ezer susmagarririk jakinarazi hari buruz.

        Nolanahi ere, hari buruzko zurrumurruak gelditzen ez zirenez, handitu eta zabaldu baizik, arrotz hura neure begiaz ikustera joatea deliberatu nuen, eta aldiro haren jabegoaren inguruan ehizara joaten hasi nintzen.

        Luzaro egon nintzen aukera on baten zain. Nik bota eta ingelesaren sudurraren aurre-aurrean erori zen eper baten itxuran etorri zen abagune hori. Zakurrak niri ekarri zidan, baina ehiza harturik, nire oiheskeria barkatzeko eta sir John Rowelli arren hegazti hila oparitzat hartzeko eskatzera joan nintzaion.

        Gizatzar ile-gorri bat zen, bizar-gorria, oso handia, halako Herkules baketsu, eratsu bat. Ez zuen ezer britainiarra esan ohi den zurruntasun horretatik, eta esker onak eta asko eman zizkidan nire opariagatik, Mantxaz bestaldeko azentudun frantses batean. Handik hilabeterako, elkarrekin bospasei aldiz solasean jardunak ginen.

        Hala bada, arrats batez, haren ate aurretik nindoala, pipa erretzen ikusi nuen, aulki batean hankalatraba eseririk, bere lorategian. Diosal egin nion, eta baso bat garagardo edatera sartzeko gonbita egin zidan. Ez nuen bi aldiz esan beharrik izan.

        Ingelesen kortesia zehatz guztiarekin egin zidan harrera, gorespenez hitz egin zuen Frantziaz, Korsikaz, lurralde hau, itsasertz hau guztiz atsegin zuela aitortu zuen.

        Eta orduan, nik, kontu handiz, eta oso interes biziko itxuraz, galdera batzuk egin nizkion bere bizitzaz, bere asmoez. Enbarazurik gabe erantzun zidan; oso bidaiatua omen zen, kontatu zidanez, Afrikan zehar, Indietan zehar, Ameriketan zehar. Eta barrez-barrez gehitu zuen:

        — Ni abentura asko izan, oh! yes.

        Gero ehizaren gaia atera nuen berriro, eta xehetasunik bitxienak eman zizkidan hipopotamoaren ehizaz, tigrearenaz, elefantearenak, gorilarenaz ere.

        — Animalia horiek guztiak beldurgarriak dira —esan nion.

        Irribarre egin zuen:

        — O, ez! Gizona txarrena.

        Eta barrez hasi zen, pozik dagoen ingeles lodikote baten barre beteaz:

        — Askotan ehizatu nik gizona ere.

        Gero armez hitz egiten hasi zen, eta etxera sartzeko eskaini zidan, sistema desberdinetako fusilak erakutsi nahi zizkidalako.

        Egongela beltzez tapizatua zuen, urrez brodatutako seda beltz batez. Lore hori handi batzuk zituen han-hemenka oihal ilunaren gainean, sua bezalako distiraz.

        — Japoniako oihala —azaldu zuen.

        Baina tarte handienaren erdian zegoen gauza bitxi batek erakarri zidan begia. Belus gorrizko koadro batean gauza beltz bat nabarmentzen zen. Hurbildu nintzen hara: esku bat zen, giza esku bat. Ez eskuaren hezurdura, zuri garbia, esku beltz ihartu bat baizik, aizkora kolpe batez bezala besoaren erdi aldean zehatz ebakitako hezurren gainean bere azkazal horiak, giharrak agerian, eta odol orban zaharrak, kraka balitz bezalakoak zituela.

        Burdinazko katetzar batek, eskumuturraren inguruan soin atal trakets hura estutuz, hari itsatsirik, elefante bat lakioan edukitzeko adinako zirgilo batez loturik zeukan eskua hormara.

        — Zer da hori? —galdetu nion.

        Ingelesak lasai erantzun zidan:

        — Nire etsai onena zen. Amerikatik etorri zen. Sableaz moztu, eta azala harri zorrotz batez kendu, eta eguzkitan lehortu zortzi egun. A! Oso ona niretzat hori.

        Giza hondakin hura ukitu nuen; erraldoi batena izana inondik ere. Hatzak, neurriz goitik luzeak, oraindik ere han-hemenka azal zerrendak zituzten zainez lotuak zeuden. Esku hura nazkagarria zen ikusteko, larrutua zegoen bezala, eta basatiren baten mendekua gogoratzen zuen segituan.

        — Gizon hori oso indartsua zen, inondik ere —esan nion.

        Ingelesak emeki esan zuen:

        — O yes; baina ni indartsuagoa izan hura baino. Kate hori jarri eusteko.

        Bromatan ari zela iruditu zitzaidan. Esan nion:

        — Orain alferrik du kate hori, esku horrek ez du ihes egingo.

        Sir John Rowell-ek serio erantzun zidan:

        — Beti nahi alde egitea. Kate hori beharrezkoa.

        Begirada batez haren aurpegia arakatu nuen, neure buruari galdez:

        — Erotuta dago, ala adarjotzaile gaiztoren bat ote?

        Baina haren aurpegiak barrendu ezin, lasai eta onginahizko jarraitzen zuen. Beste gai batez hasi nintzen hizketan, eta fusilak miretsi nizkion.

        Ohartu nintzen, hala ere, hiru errebolber kargatu zeudela altzarietan jarrita, gizon hura beti erasoren baten beldurrez bizi balitz bezala.

        Askotan itzuli nintzen haren etxera. Gero ez nintzen berriro joan. Ohitu egin ginen hura han izatera; pertsona arrunt bihurtu zen denentzat.

 

* * *

 

        Urte oso bat joan zen. Goiz batez, azaro bukaera aldera, morroiak esnatu eta gau hartan sir John Rowell hil zutelako berria eman zidan.

        Handik ordu erdira, ingelesaren etxean sartzen ari nintzen, komisario nagusiarekin eta jendarmeriako kapitainarekin batera. Haren morroia ate aurrean zegoen, negar eta negar, bere onetatik aterata etsi-etsian. Hari hartu nion susmoa lehendabizi, baina errugabea zen.

        Inoiz ez zen erruduna aurkitu ahal izan.

        Sir Johnen egongelan sartzean, gorpua ikusi nuen lehen begiratuan, ahoz gora etzanda, gela erdi-erdian.

        Txalekoa urratuta zegoen, mahuka erauzi bat zegoen zintzilik, borroka izugarria izan zela adierazten zuen denak.

        Ingelesa itota hil zen! Haren aurpegi beltz puztu, beldurgarriak izumenezko ikara bat adierazten zuen, itxuragatik; zerbait zeukan bere hortz estutuen artean; eta lepoa, burdinazko puntaz eginak ziruditen bost zulorekin, odolez estalia zegoen.

        Sendagile bat etorri zitzaigun laguntzera. Haragiak zituen hatz markak luzaro aztertu ondoren, hitz bitxiok esan zituen:

        — Eskeleto batek ito duela ematen du.

        Hotzikara batek igaro zidan bizkar osoa, eta hormarantz luzatu nituen begiak, behinola larrutuaren eskua ikusia nuen lekura. Ez zegoen han. Katea, etena, zintzilik zegoen.

        Horretan, bada, hildakoaren gainerantz makurtu nintzen, eta haren aho estutuan desagertua zen esku haren hatz bat aurkitu nuen, hortzek bigarren hatz hezurraren paretik moztua edo, hobeto esanda, zerratua.

        Gero froga bilketa egin zen. Ezer ez zen aurkitu. ez aterik, ez leihorik, ez altzaririk ez zen behartu. Bi ate-zakurretatik bat ere ez zen esnatu.

        Hona hitz gutxitan morroiak adierazia:

        «Hilabete bat lehenagotik-edo nagusiak artega samar zirudien. Gutun pila bat hartu zuen, eta hartu ahala erre.

        »Behin baino gehiagotan, zigor bat hartu, eta eromena zirudien batez amorru bizian jo omen zuen, hormari lotua zegoen eta krimena izan zenean, inork nola ez dakiela, handik kendu zuten esku ihartu hura.

        »Oso berandu oheratzen zen, eta kontu handiz ixten zuen dena. Beti zituen armak eskura. Gauetan ozen hitz egiten aritzen zen askotan, norbaitekin errietan ari balitz bezala».

        Gau hartan, hala behar-eta, ez zuen zaratarik batere egin, eta leihoak zabaltzera etorri zenean aurkitu zuen otseinak sir John hila. Inoren susmorik ez zuen.

        Hildakoaz nekizkien guztiak esan nizkien epaileei eta poliziako ofizialei, eta ikerketa sakon bat egin zen uharte osoan. Ez zen ezer aurkitu.

        Krimena izan eta handik hiru hilabetera, ordea, amets beldurgarri bat izan nuen. Esku hura, esku beldurgarri hura, lupua edo armiarma bezala nire errezeletan eta hormetan zehar lasterka. Hiru bider esnatu nintzen, hiru bider loak hartu ninduen berriro, hiru bider ikusi nuen berriro hondakin nardagarri hura nire gelan zehar lasterka, hatzak hankak balira bezala mugituz.

        Biharamunean ekarri zidaten, hilerrian, sir John Rowellen hilobiaren gainean aurkitu zutelarik; han baitzegoen lur emanik, haren familiarik aurkitu ezin izan zenez. Hatz erakuslea falta zuen.

        Hona, bada, andreak, nire historia. Gehiagorik ez dakit.

 

* * *

 

        Emakumeak, asaldaturik, zurbil-zurbil zeuden, dardaratan. Batek esan zuen:

        — Hori ez da baina historia baten amaiera edo azalpena ere! Ez dugu lorik egingo, zure iritzian zer gertatu zen esaten ez badiguzu.

        Epaileak halako irribarre serio bat egin zuen:

        — Ai, andre nireak, zuen amets beldurgarri horiek hondatzera noakizue ziurrenik. Nire iritzian esku haren legezko jabea ez zegoen hilda, eta geratzen zitzaionarekin bestearen bila etorri zen. Baina ezin izan nuen asmatu nola egin zuen, adibidez. Vendetta moduko bat izan zen, alegia.

        Emakumeetako batek ahopeka esan zuen:

        — Ez, ezin du horrela izan.

        Eta epaileak, irribarrez betiere, bukaera eman zion:

        — Esan dizuet nire ustezko azalpena ez zenutela atsegin izango.

 

(1883ko abenduaren 23an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia