Agerpena

 

        Bahiketa kontuak aipatu ziren auzi gertatuberri baten kontura. Adiskide minen arteko arrats bilera batean izan zen, Grenelle kalean, jauregitxo zahar batean, eta bakoitzak bazuen bere historia, egiazkoa zela zioena.

        Horretan, Tour-Samuel-eko markes zaharra, laurogeita bi urteko agurea, jaiki, eta tximiniara arrimatu zen. Honela hasi zen, bere ahots dardarati samarraz:

        — Nik ere badakit gauza bat bitxia, hain bitxia, hala ere, nire bizitzako obsesioa izan baitut. Oraintxe dira berrogeita hamasei urte gertaera hori jazo zitzaidala, eta hilabeterik ez zait igarotzen ametsetan berriro ikusi gabe. Beldurrezko marka, arrasto bat geratu zait egun hartatik, ulertzen didazue? Bai, hainbesterainoko beldur ikaragarria sentitu nuen, hamar minutuz, non halako izumen etengabe bat geratu baitzait ariman ordudanik. Ustekabeko hotsek bihotzeraino ikaratzen naute; gaueko ilunpetan ongi zehazten ez ditudan gauzek ihes egin behar ero bat eragiten didate. Gauez beldur naiz, alegia.

        Ai! Horrelako gauzarik ez nukeen inoiz aitortuko orain dudan adinera iritsia ez banintz. Orain dena esan dezaket. Batek laurogeita bi urte dituenean zilegi du irudimenezko arriskuen aurrean beldur izatea. Egiazko arriskuen aurrean nik ez dut sekula atzera egin, andreak.

        Historia honek hainbesteraino asaldatu ninduen bere garaian, halako nahasmen sakonera, hain misteriozkora, hain beldurgarrira jaurti ninduen, non ez baitut inoiz ere kontatu. Neure baitako barrenik ezkutuenean gorde izan dut, sekretu saminak, sekretu lotsagarriak, gure izatean zehar izan ditugun ahulezia aitor ezin guztiak gordetzen diren barren zoko horretan alegia.

        Izan zen bezalaxe kontatuko dizuet gertaera, azalpenik ematen ahalegindu gabe. Egia da azaldu daitekeela, azaldu, nire ero ordua izan ez banuen behinik behin. Ez ordea, ez nintzen erotu, eta emango dizuet horren froga. Pentsa nahi duzuena. Hona gertaerak, soil-soilik.

        1827an izan zen, uztailean. Rouenen nengoen, soldadu.

        Egun batean, kaian paseatzen ari nintzela, nor zen zehatz gogoratu gabe ere ezagun gertatzen zitzaidan gizon bat topatu nuen. Ohartzeke, gelditzeko keinada bat egin nuen, senez. Arrotz hark ere ikusi zuen keinada, begiratu zidan, eta besartean hartu ninduen.

        Nire gaztetako lagun bat zen, adiskide mina izana. Baziren bost urte ikusi gabe, mende erdiz zahartua zirudien. Ile guztia zuritua zuen, eta okerturik zebilen, ahiturik bezala. Nire harriduraren zergatia ulertu zuen, eta bere bizitza kontatu zidan. Ikaragarrizko zoritxar batek eten zion bizitza guztia.

        Neska batez ero-ero maitemindurik, zorionezko estasi gisako batean ezkondu zen harekin. Urtebetez gizonaz gaindiko zorion batean eta maitemin baretu gabean bizi izanik, bihotzeko gaixotasun batez hil zitzaion bat-batean, amodioak berak hilik, inondik ere.

        Emazteari lur emandako egun berean alde egin zuen gaztelutik, eta Rouenen zuen jauregitxora etorri zen bizitzera. Han bizi zen, bakarrik eta etsita, saminak zuziturik, zoritxarraren zoritxarrez bere buruaz beste egitea baizik gogoan ez zerabilela.

        — Honela aurkitu zaitudanez gero —esan zidan—, mesede handi bat eskatu behar dizut, nire etxetik, nire gelako, gure gelako idazmahaitik behar-beharrezko ditudan paper batzuk ekartzea. Horrelako ardurarik ezin diot nire mendeko bati edo negozio gizon bati eskatu, guztiz zuhurra eta guztiz isila behar baitu izan. Neu, berriz, inolakoagatik ere ez nintzateke berriro etxe hartan sartuko.

        »Emango dizut gela hartako giltza, neuk itxi bainuen irteterakoan, eta baita idazmahaiarena ere. Horrez gainera nire gutun bat eraman behar diozu lorezainari; hark zabalduko baitizu gazteluko sarrera.

        »Baina zatoz bihar nirekin bazkaltzera, eta hitz egingo dugu horretaz.

        Mesede hori egingo niola agindu nion. Pasealdi bat baizik ez zen, gainera, niretzat, haren etxaldea Rouendik bost bat legoatara baitzegoen. Ordubete beharko nuen zaldiz.

        Hamarretan harenean nintzen, biharamunean. Elkarrekin aurrez aurre bazkaldu genuen, baina ez zuen hogei hitzetik gora esan. Barkatzeko eskatu zidan, bere zoriona zetzan gela hartara egin behar nuen bisitak arras nahasten omen zuen. Bereziki urduri zegoela iruditu zitzaidan, hain zuzen, kezkaturik, ariman misteriozko guduren bat gertatu izan balitzaio bezala edo.

        Azkenean zehatz-mehatz azaldu zidan zer egin behar nuen. Giltza neraman altzariaren eskuineko lehenengo tiraderatik gutun multzo eta paper sorta bat hartu behar nituen.

        — Eskatu beharrik ez dizut ez begiratzeko barruan —jarraitu zuen.

        Ia mindu ninduen hitz horiez, eta halaxe esan nion bizi samar.

        — Barka iezadazu, gehiegi ari naiz sufritzen —zezelkatu zidan.

        Eta negarrez hasi zen.

        Ordubata aldera alde egin nuen handik, nire egitekoa betetzeko.

        Eguraldi distiratsua zegoen, eta trosta bizian nindoan belardietan zehar, larretxorien kantuak eta nire sableak botan egiten zidan hots erritmatua entzuten.

        Gero basoan sartu nintzen, eta pausora ekarri nuen zaldia. Zuhaitz adarrek aurpegia ferekatzen zidaten; eta aldian behin hostoren bat harrapatzen nuen hortzetan, eta gogotik murtxikatzen nuen, zergatik ez dakizula halako zorion gainezkako eta atxikiezin batez, halako indar mozkor batez betetzen zaituzten bizipoz horietako batean.

        Eta gaztelutik hurbil nintzela, lorezainarentzat nuen gutunaren bila hasi nintzen sakelan, eta harriturik ohartu nintzen zigilatua zela. Hainbesteraino harritu eta haserretu ninduen hark, non ez zuen askorik behar izan atzera itzuli eta nire egitekoak bertan behera uzteko. Gero, ordea, horrela eginez gero gizalegezkoa ez den sentiberatasun bat erakutsiko nuela otu zitzaidan. Nire adiskideak oharkabean itxia izango zuen, gainera, gutun hura, zegoen nahasmenduan egonda.

        Bizileku hark azken hogei urteetan hutsik egona zirudien. Langa, zabalik eta usteldua, ezin jakin zitekeen nola zegoen ere zutik. Ibilbideak belarrez bete-beteak zeuden, belarguneen ertzak ez ziren bereizten jada.

        Kanpoko leiho bati ostikoka atera nuen zarata entzunda agure bat atera zen albo ate batetik, eta txunditurik zirudien ni ikusirik. Zalditik jaitsi eta gutuna eman nion. Irakurri zuen, irakurri zuen berriro, itzuli zuen, begiratu zidan goitik behera, sartu zuen papera patrikan, eta esan zuen:

        — Zer nahi du berorrek, hortaz?

        Brau erantzun nion:

        — Jakingo duzu, hor zure ugazabaren aginduak jaso baitituzu; gaztelu honetan sartu nahi dut.

        Izuturik zegoela ematen zuen.

        — Orduan... berorrek haren gelara nahi du joan?

        Egonarria galtzen hasi nintzen.

        — Bistan da! Niri galdeketaren bat-edo egiteko asmoa duzu, ala, ausaz?

        — Ez, jauna... —zezelkatu zuen—, baina... bada... gela hori ez baita zabaldu... bada... hil zenetik. Berorrek bost minutu itxaroten badit, oraintxe noa... ea...

        Haserre moztu nion:

        — Zer dugu, ordea, ziria sartu nahi, ala? Zuk ezin duzu sartu, zeren, begira, hona giltza.

        Ez zekien zer esan.

        — Bidea erakutsiko diot, hortaz, jauna.

        — Erakuts iezadazu eskailera, eta utz nazazu bakarrik. Neuk aurkituko dut, zure beharrik gabe.

        — Baina, jauna... hala ere.

        Oraingo honetan erabat haserretu nintzen:

        — Orain isil zaitez, ezta? edo nirekin izango dituzu ikustekoak.

        Bortizki bazterrera bultzatu nuen eta etxean sartu nintzen.

        Lehendabizi sukaldea igaro nuen, gero gizon hark bere emaztearekin bizitzeko zituen bi gela txiki. Ezkaratz zabal bat igaro nuen ondoren, eskailera igo nuen, eta nire adiskideak esandako atea ezagutu nuen.

        Nekerik gabe zabaldu, eta sartu nintzen.

        Gela hura hain zegoen ilun non hasieran ez bainuen ezer bereizi. Geldi geratu nintzen, inor bizi ez den gela kondenatuek, gela hilek, ohi duten lizun usain geza horrek atxikirik. Gero, begiak poliki-poliki ilunpetara ohitu zitzaizkidan, eta nahiko zehazki ikusi nuen gela desordenatu bat, ohe handia maindirerik gabe, baina koltxoia eta bururdiak bazituena, bururdietako batek, hala ere, ukalondo baten edo buru baten aztarren sakona zuela, norbait gainean egon berria balitz bezala.

        Aulkiek nahas-mahas ziruditen. Ateetako bat, armairu batena, inondik ere, erdi zabalik geratua zela ohartu nintzen.

        Lehendabizi leihora joan nintzen, argia sartzeko, eta zabaldu egin nuen; baina kanpoko leihoaren burdinkiak hain zeuden herdoilduta non ezin izan bainituen askatu.

        Zartarazten ere ahalegindu nintzen, nire sableaz, baina ez nuen lortu. Alfer lan hark haserre jartzen ninduenez, eta begiak ilunbetara erabat ohitu zitzaizkidanez, argiago ezin ikusiko nuela etsi, eta idazmahaira joan nintzen.

        Besaulki batean eseri nintzen, beheratu nuen apala, eta esandako tiradera zabaldu nuen. Ertzetaraino beteta zegoen. Hiru sorta baizik ez nituen behar, banekien nola ezagutu, eta bila hasi nintzen.

        Begiak erre beharrean ari nintzen helbideak igarri nahiz, eta non iruditzen zaidan nire atzean igurtziren bat-edo entzun edo, hobeto, sentitu nuela. Ez nion arretarik jarri, ustez haize lasterren batek oihalen bat mugituko zuelakoan-edo. Handik minutu batera, ordea, beste mugimendu ia zehatz batek halako hozkirri ezatsegin bat eragin zidan azalean. Hain zen, ordea, zentzurik gabea horregatik mendrenik ere ikaratzea, non ez bainuen burua itzuli nahi izan, neure buruarekiko lotsaz. Bilatu behar nuen bigarren gutun multzoa aurkitua nuen orduantxe, eta hirugarrena topatu berri-berria nuen, non nire bizkarraren kontra egindako hasperen handi samin batek jauzi ero bat eragiten didan, handik bi metrotaraino. Oldar horretan eskua sablearen kirtenean nuela jiratu nintzen, eta koldarraren gisa ihes egina nintzatekeen, sable hura aldean sentitu ez banu.

        Emakume handi zuriz jantzi bat begira zegokidan, segundo bat lehenago eserita nengoen besaulkiaren atzean zutik.

        Soin atal guztietan zehar igaro zitzaidan ikararen ikaraz ez nuen askorik behar hankaz gora erortzeko. Ezin baita ulertu, sentitu ez bada, horrelako izumen beldurgarri eta zentzugaberik. Urtu egiten zaizu arima; bihotza ez da sentitzen, gorputz osoa belaxka bihurtzen da, belakia bailitzan, barren guztia hondoratzen zaizula esango litzateke.

        Nik ez dut sinesten mamuetan; bada, horra! flakia eragin izan dit hildakoen beldur nazkagarri horrek, nire bizitzako gainerako guztian baino gehiago sufritu izan dut, sufritu bai, naturaz gaindiko beldurraren larritasun ezin eutsizko horretan.

        Hitz egin izan ez balu, hilik nintzatekeen beharbada! Baina hitz egin zuen, kirioak dardararazten zituen ahots gozo samin batez hitz egin zuen. Ez nuke esango berriro neure buruaren jabe egin eta nire senera itzulia nintzenik. Ez. Asaldatuta nengoen, zertan ari nintzen ez jakiteraino; baina nire baitan dudan halako barne harrotasun horrek, nire lanbideak berez dakarren harrotasuna nonbait, ia neure gogoz kontra halako gizatasun bat gordearazten zidan. Neuretzat ikusgai jarrita nengoen, eta baita harentzat ere, zalantzarik gabe, zer ere zen hura, emakume ala mamu. Geroago ohartu nintzen horretaz, zeren, egiaz diotsuet, agerpen hura izan nuenean ez nuen ezertan pentsatzen. Beldurra nuen.

        Hark esan zuen:

        — Ai, jauna! egingo al didazu mesede handi bat!

        Erantzun nahi izan nion, baina ezin izan nuen hitz bat bera ere atera. Hots sor bat atera zen nire eztarritik.

        Berriro hasi zen:

        — Nahi al duzu? Salba nazakezu, senda nazakezu. Sufrikario ikaragarritan nago. Sufrikariotan, ai, sufrikariotan.

        Eta emeki-emeki nire besaulkian eseri zen. Begira zegokidan.

        — Nahi duzu?

        — Bai —egin nion buruaz, ahotsa oraindik ere zurturik nuela.

        Eta karei-oskolezko orrazi bat luzatu zidan, ahopeka esanez:

        — Orraz nazazu, ai! orraz nazazu; horrek sendatuko nau; orraztu egin behar naute. Begira nire burua... Hau sufrikarioa; eta ileok, zer mina egiten didaten!

        Haren adats askatua, oso luze, oso beltza, besaulkiaren bizkarraren gainetik zintzilik lurra ukitzeraino iristen zela iruditzen zitzaidan.

        Zergatik egin nuen hura? Zergatik hartu nion, hotzikara batean, orrazia, eta zergatik hartu nituen eskuan haren ile luzeak, azalean halako hotz laborrizko sentipen bat eragin zidatenak, eskutan sugeak erabili izan banitu bezala? Ez dakit.

        Sentipen hori behatzetan geratu zitzaidan, eta ikara eragiten dit oraindik ere gogora etortzen zaidanean.

        Orraztu nuen. Ez dakit nola eskuztatu nuen izotzezko ile hura. Bihurritu nuen, berriro lotu eta askatu nuen; zaldiaren zurdak txirikordatzen diren bezala txirikordatu nuen. Hasperen egiten zuen, burua makurtuz, zoriontsu zirudien.

        Bat-batean esan zidan:

        — Eskerrik asko! —eskuetatik orrazia kendu, eta erdi-zabalik ikusia nuen atetik joan zen ihesi.

        Bakarrik geratu nintzelarik, amets gaiztoen ondoren esnatutakoan izaten den nahasmen zurtu hori nuen. Gero nire senera itzuli nintzen berriro, joan nintzen korrika leihora, eta bultzada amorratu batez kanpoko leihoak puskatu nituen.

        Egun-argizko olatu bat sartu zen. Izaki hura joana zen atera jauzi egin nuen. Itxirik eta tinko topatu nuen.

        Ihes egin behar ero batek hartu ninduen orduan, heriozko izu ikara bat, guduetako izu ikara egiazkoa. Hartu nituen zalapartan zabalik zegoen idazmahaiko hiru sortak; igaro nuen lasterka gela guztia, launaka jaitsi nituen eskailera mailak, kanpoan aurkitu nintzen, ez dakit non, eta zaldia niregandik hamar urratsetara ikusirik, haren gainera jauzi egin eta galapan alde egin nuen handik.

        Roueneraino ez nintzen gelditu, nire etxe aurreraino. Hedeak morroiari utzirik, nire gelan ezkutatu, eta hantxe geratu nintzen itxirik gogoeta egiteko.

        Ordubetez egon nintzen neure buruari antsiaz galde eta galde ea liluramenduren bat izan ote nuen. Horixe, mirariak sortzen dituzten eta Naturaz gaindiko munduak bere indar guztia zor dien kirioen eztanda horietako bat, garunaren asaldamendu horietako bat zen hura, inondik ere.

        Eta sinestear nengoen agerpena izan zela, nire zentzumenen hutsegite bat izan zela; leihora ondoratu nintzen. Begiak, ustekabean, bularrera jaitsi zitzaizkidan. Nire dolmana emakume ile luzez betea nuen, botoietan kateaturik!

        Banan-banan hartu eta kanpora bota nituen hatzek ikara egiten zidatela.

        Gero morroiari deitu nion. Hunkituegi sentitzen nintzen, nahasiegi, egun hartan bertan nire adiskidearenera joateko. Eta ongi gogoetatu nahi nuen, gainera, hari zer esan.

        Gutunak eramanarazi nizkion, eta hartu-agiri bat egin zion eramaileari. Galdera asko egin zizkion nitaz. Oinazez nengoela esan zioten, eguzki kolpe bat izan nuela, ez dakit zer. Kezkaturik geratu zen, itxuraz.

        Biharamun goizean joan nintzen harengana, eguna argitzearekin, egia esateko prest. Bezperan irtena zen, eta ez zen itzuli.

        Egunean zehar berriro joan nintzen, ez zuten ikusi berriro. Astebete itxaron nuen. Ez zen azaldu gehiago. Justiziari abisu eman nion beraz. Alde guztietan bilarazi zuten, baina ez zuten arrastorik ere aurkitu hura iragan izandakorik edo erretiratu izandakorik.

        Miaketa xehea egin zen gaztelu abandonatuan. Ezer susmagarririk ez zen aurkitu.

        Inolako zantzurik ez zen inolako emakumerik han ezkutatuta egon izandakorik.

        Ikerketak inora ez zeramanez gero, bilaketa horiek utzi egin ziren.

        Eta orain dela berrogeita hamasei uztez gero ez dut ezer jakin. Ez dakit.

 

(1883ko apirilaren 4an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia