Munstroen ama

 

        Lehengo batean jende aberatsak zale diren hondartza batean Parisko emakume gazte, dotore, xarmagarri eta guztiek adorazioa eta begirunea dioten bat pasatzen ikusita gogoratu zaizkit berriro historia izugarri hura eta emakume izugarri hura.

        Historia hau aspaldikoa da dagoeneko, baina honelako gauzak ez dira inoiz ahazten.

        Adiskide batek probintzia bateko hiri txiki batean egonalditxo bat egitera gonbidatuta nengoen. Eskualde hartako gauzak ezagutarazteko alde guztietatik erabili ninduen; entzute handiko paisajeak, gazteluak, industriak, behinolako erauzkinak erakutsi zizkidan; monumentuak, elizak, antzinako ate landuak, berebiziko gerria zuten zuhaitzak, itxura berezikoak, San Andresen haritza eta Roqueboise-ko hagina.

        Eskualde hartako ikusgarri guztiak miresmen adierazpenen artean aztertu nituenean, zer ikusi gehiago ez zela azaldu zidan etsimen aurpegia jarririk nire adiskideak. Arnasa hartu nuen. Banuen, bada, atseden hartzeko aukera, zuhaitzen gerizpean. Baina, horretan, oihu egin zuen bat-batean.

        — A, bai! munstroen ama daukagu, ezagutarazi behar dizut hori!

        — Nor? —galdetu nion nik—, munstroen ama?

        Adiskidea berriro hasi zen:

        — Emakume guztiz gorrotagarri bat, deabru egiazko bat, urtero, nahita, haur itxuragabeak, nazkagarriak, beldurgarriak, munstroak, hitz batean, egiten dituena, eta gero munstro-erakusleei saltzen dizkiena.

        »Merkatari higuingarri horiek aldiro-aldiro etortzen dira ea beste haur mordoiloren bat egin ote duen jakitera, eta halakoa gustuko dutenean, berentzat hartzen dute amari errenta bat ordainduz.

        »Hamaika kume ditu gisa horretakoak. Aberatsa da.

        »Txantxetan ari naizela uste duzu, asmatzen ari naizela, gauzak puztu egiten ditudala. Ez, bada. adiskidea. Egia baizik ez dizut kontatzen, egia zehatza.

        »Goazen emakume hori ikustera. Gero esango dizut nola bihurtu zen munstrogintzako fabrika».

 

* * *

 

        Errebaletako auzo batera eraman ninduen.

        Bide ondoko etxe pollit batean bizi zen. Apaina eta ondo zaindua. Lorategia lorez betea zen, eta usain ona zuen. Bere lanetatik erretiroa hartutako notario baten etxea esango litzateke.

        Neskame batek landetxe giroko egongela-edo batean sartu gintuen, eta han agertu zen zorigaiztoko hura.

        Berrogei urtetsu zituen. Aurpegiera gogorreko emakume handi bat zen, baina ongi egina, indartsua eta osasuntsua, baserritar emakume sendoaren itxura betekoa, erdi abere erdi emakume.

        Bazekien zer gaitzespen zegoen berekiko, eta bazirudien apaltasun gorrotoz bete batez baizik ez zuela jendea hartzen.

        Galdetu zuen:

        — Zer nahi duzue, jaunak?

        Nire laguna hasi zen:

        — Esan didate zure azkeneko haurra jende guztia bezalaxe zela egina, ez zuela ezertan ere bere senideen antzik. Horixe ziurtatu nahi izan dut. Egia al da?

        Begirada maltzur haserre bat bota zigun, eta erantzun zuen:

        — Ez, bai zera!, jauna. Besteak baino ere itsusiagoa da beharbada. Ez dut batere zorte onik, ez dut zorte onik. Denak horrelakoxeak, jauna, denak horrelakoxeak, tamala da, izan al daiteke Jainko ona honen gogor munduan bakarrik dagoen emakume gaixo batekin, izan al daiteke?

        Bizi-bizi mintzatzen zen, begiak apal, itxura hipokrita batez, beldur den piztia anker baten gisan. Bere ahotsaren doinu garratza gozatu, eta harridura eragiten zuen negarrezko hitz horiek, faltsetezko ahotsez jaulkiak, keinu mutirietarako eta otsoek bezala ulu egiteko eginagoa zirudien gorputz hezurtsu, indartsuegi, ertz moldegabekodun hartatik irteteak.

        Nire adiskideak galdetu zion:

        — Ikusi al genezake zure haurra?

        Gorritu egin zela iruditu zitzaidan. Ala tronpatu egin nintzen? Une batez isilik egon ondoren ahotsa goratuz esan zuen:

        — Zertarako balioko lizuke?

        Burua jasoa zuen, eta begirakune gogorrez begiratzen zigun, begiradan sua zuela.

        Nire laguna berriro hasi zen:

        — Zergatik ez diguzu erakutsi nahi? Jende askori erakusten diozu. Badakizu nori buruz ari naizen!

        Asaldu bat izan zuen, eta bere ahotsa bazterturik, bere haserreari jareginik, oihu egin zuen:

        — Horretara etorri zarete orduan, ezta? Niri irain egitera? Nire haurrak piztiak bezalakoak direla? Ez duzue ikusiko, ez, ez, ez duzue ikusiko; zoazte hemendik, zoazte hemendik. Ez dakit zergatik torturatu behar nauzuen guztiek honela?

        Eskuak gerrian jarrita zetorkigun. Haren ahotsaren hots zakarrarekin, halako intziri gisako bat, edo miau bat hobeto, ergel baten oihu errukarria atera zen ondoko gelatik. Hezur muinetaraino sartu zitzaidan zirrara. Atzeraka gindoazen emakumearen aurrean.

        Nire adiskideak zorrozki esan zuen:

        — Kontuz ibili, Deabrua (Deabrua deitzen zion jendeak), kontuz ibili, egunen batean zoritxarra ekarriko dizu honek.

        Haserrearen haserrez dardaraz hasi zen, ukabilak astinduz, bere onetik aterata, garrasika:

        — Zoazte hemendik! Zerk ekarri behar dit zoritxarra? Alde hemendik! sinesgabe horiek!

        Ate aurrean geundenean, adiskideak galdetu zidan:

        — Eta? Ikusi al duzu? Zer diozu?

        — Konta iezadazu piztia honen historia —erantzun nion nik.

        Eta hona zer kontatu zidan handik, haizetxo mehe batek, aldiro putz eginez, itsaso bare bat bezala uhinetan kizkurtzen zituen uzta dagoeneko helduek inguratzen zuten lehengo bide nagusi zurira itzultzen ari ginen bitartean.

 

* * *

 

        Neska hura neskame zen behinola landetxe batean, neskame adoretsua, prestua eta zuhurra. Ez zuen maitalerik, ezagunik behintzat, ez zuen ahulezia susmorik.

        Hutsegite bat izan zuen, edonork bezala, uzta bilketako gau batez, azao ebakien artean, ekaitzezko zeru baten pean, aire geldi astunak labe bateko beroaz beterik dirudien eta mutilen eta nesken gorputz beltzaranak izerdiz blaitzen dituzten horietako batean.

        Berehalaxe sentitu zuen haurdun zegoela, eta lotsak eta beldurrak torturatu zuten. Bere zorigaitza nola edo hala ezkutatu nahirik, bortxaz estutzen zuen gerria, berak asmatua zuen sistema batez: halako indarrezko gerruntze moduko bat, oholtxoz eta sokaz egina. Zenbat eta gehiago hazten zitzaion sabela handitzen ari zen haurraren eraginez, orduan eta gehiago estutzen zuen estira tresna hura, martirio hura sufrituz, baina oinazea kuraia handiz eramanez, beti irribarrez eta zauli, ezer erakutsi edo susmatzen utzi gabe.

        Bere sabel barruan hondatu zuen makina ondikozko hark lotzen zuen izaki txiki hura, estutu eta itxuragabetu egin zuen, eta munstro bihurtu zuen. Haren burezur estutua punta baten gisa atera zen, bi begiak bekokitik kanpora irtenak zituela. Soin atalak, gorputzaren kontra estuturik, mahatsondoaren aihenak bezalaxe bihurriturik hazi zitzaizkion, neurrigabe luzatu zitzaizkion, armiarma hankak bezalako behatzez bukatuak.

        Bularra txiki-txiki geratu zitzaion, intxaurra bezala biribil-biribila.

        Soroan erditu zen udaberri goiz batez.

        Jorratzaileak, laguntzera etorririk, gorputzetik ateratzen ari zitzaion piztia ikusi zutenean, ihesi joan ziren oihuka. Eta hotsa zabaldu zen eskualdean zehar deabru bat ekarri zuela mundura. Harrezkero deitzen diote «Deabrua».

 

* * *

 

        Lanetik bota zuten. Errukitik bizi izan zen, eta amodiotik ere bai agian, ezkutuan, neska ederra baitzen, eta gizon guzti-guztiak ere ez baitira infernuaren beldur.

        Berak hazi zuen bere munstroa, beste alde batetik gorroto basati batez gorrotatzen zuena, eta ito izango zukeena beharbada, apaizak, gerta zitekeen makurra aurrez sumaturik, justiziaren mehatxuaz beldurtu izan ez balu.

        Horrela bada, behin, handik zebiltzan gauza bitxien erakusle batzuek kume ikaragarri haren berri entzun zuten, eta erakusteko eskatu zioten, gogoko bazuten eraman ahal izateko. Gogoko izan zuten, eta bostehun libera ordaindu zioten bertatik eskura amari. Amak, lotsa baitzuen hasieran, ez zien utzi nahi animalia suerte hura ikusten; baina dirua balio zuela eta haien gogoa pizten zuela ohartu zenean, tratuan hasi zen, liberak banan-banan eztabaidatzen, bere haurraren akatsen aipuez haiek gogoberotuz, salneurria nekazariaren tema lehiatsuaz jasoz.

        Lapurreta egin ez ziezaioten, paper bat egin zuen haiekin. Eta, hartaz gainera, urtero beste laurehun libera ordaintzeko hitz eman zioten, piztia hura beren zerbitzurako hartu izan balute bezala.

        Ustekabeko irabazi hark erotu zuen ama, eta harrezkero beti izan zuen gogoa halako beste ikusgarri batez erditzeko, etxe oneko andre batek bezalako errenta batzuen jabe egiteko.

        Antzu ez zenez, nahi bezala lortu zuen, eta trebe bihurtu zen, dirudienez, haurdunaldian zer modutan estutzen zituen, munstro haiek izango zuten itxura nahierara erabakitzeko.

        Denetik izan zuen, luzeak eta laburrak, batzuk karramarroaren gisakoak, beste batzuk muskerraren itxurakoak. Asko hil egin ziren, ama damu zen.

        Justizia ahalegindu zen hartan esku hartzen, baina ezin izan zen ezer frogatu. Bakean utzi zuten, hortaz, bere ikusgarri haiek moldatzen.

        Gaur egun baditu hamaika ongi biziak, sasoi onak ala txarrak gorabehera, urteko bospasei mila libera ematen diotenak. Bat bakarra falta da eramateko, erakutsi nahi izan ez zigun hori. Baina ez du luzaroan aldean edukiko, gaur egun munduan diren eskujokari eta inkaminari guztiek ezagutzen baitute, eta aldiro-aldiro etortzen baitira ezer berririk baduen begiratzeko.

        Enkanteak eta guzti antolatu izan ditu haien artean, ikuskariak egiaz merezi duenean.

 

* * *

 

        Nire adiskidea isildu zen. Sakoneko higuin batek hartua zidan barrena, eta amorru asaldatu bat, nire esku nuenean piztia hura ez urkatu izanaren damua ari zitzaidan jabetzen.

        — Eta nor da aita? —galdetu nuen.

        Hark erantzun:

        — Inork ez daki. Aita edo aitak lotsor samarrak dira. Ezkutatu egiten da edo dira. Irabaziak hainbana dituzte, agian.

 

* * *

 

        Gogotik atzendua nuen aspaldiko gertaera hori, harik eta lehengo horretan, oso modan dagoen hondartza batean, emakume dotore, pinpirin, xarmant, maitagarri, begirunea zioten gizonez inguratu bat ikusi nuen arte.

        Hondarretan zehar nindoan, adiskide baten, bainu etxeko sendagilearen besotik. Handik hamar minutura neskame bat ikusi nuen, hondarretan itzulika ari ziren hiru haur zaintzen.

        Makulutxo pare bat zegoen lurrean, eta zirrara eragin zidan. Orduantxe ohartu nintzen haurtxo haiek eragabeak, konkordunak, bihurrituak, guztiz itsusiak zirela hirurak.

        Sendagileak esan zidan:

        — Horra ikusi berri duzun emakume xarmangarri horren emaitzak.

        Erruki sakon-sakon bat sartu zitzaidan ariman harenganako eta haur haienganako.

        — Ama gaixoa! Nola egin dezake oraindik ere barre! —atera zitzaidan.

        Adiskideak ihardetsi zidan:

        — Ez ezazu erruki, adiskidea. Haur gaixo horiei behar zaie erruki izan. Horra azkeneko eguna arte gerria mehe edukitzearen emaitzak. Munstro horiek gerruntzeak egiten ditu. Amak ongi daki bizia arriskatzen duela horrela jokatuz. Zer axola dio, ordea, eder jarraitzen badu, maite badute!

        Eta besteaz gogoratu nintzen, landakoaz, Deabruaz, hark saldu egiten baitzituen, sortutako ikuskariak.

 

1883ko ekainaren 12an

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia