Gabonetako ipuina

 

        Bonenfant doktorea bere oroimenean bila ari zen, ahopeka errepikatuz: «Gabonetako oroitzapen bat?... Gabonetako oroitzapen bat?...»

        Eta bat-batean jaulki zuen:

        — Badaukat bat, eta ondo berezia gainera; harrigarrizko historia da. Mirari bat ikusia naiz! Bai, andreak, mirari bat, Gabon gauez.

        Harriturik zaudete niri horrela hitz egiten entzunda, ezertan sinesten ez dudalako. Eta hala ere mirari bat ikusia naiz! Ikusi, esan nuen berriro, ikusi, neure begiez, ikusi esaten dena.

        Harritu nintzen? ez; zeren zuen sinesteetan sinesten ez badut ere, fedean badut sinestea, eta badakit gauza dela mendiak mugitzeko. Adibide asko atera nezake; baina haserretu egingo zintuzketet, eta nire historiaren zirrara arintzeko arriskua izango nuke gainera.

        Aitortu beharra dizuet lehendabizi ikusi nuen hark askorik konbentzitu eta erlijiora aldatu ez baninduen ere, berebiziko zirrara eragin zidala hala ere, eta laño-laño azaltzen ahaleginduko natzaizue, auverniar baten sineskortasuna banu bezala.

        Herri mediku nintzen garai hartan, eta Rollevilleko herri txikian bizi nintzen, Normandia erdi-erdian.

        Izutzeko negua egin zuen urte hartan. Azaro bukaeratik bertatik hasi zuen elurra, astebetez izotza izan ondoren. Urrutitik ikusten ziren iparretik hodei lodiak nola zetozen, eta maluta erortze zuria hasi zen.

        Gau bakar batean zabaldi osoa estali zuen.

        Emakumeak, beren korta karratuetan, beren zuhaitz antzigarrez hautseztatuzko errezelen atzean bakarrik, loak harturik ziruditen apar lodi arin haren metatzearen azpian.

        Zarata batek ere ez zuen igarotzen landa geldia. Beleak bakarrik zebiltzan, taldeka, zeruan arku luzeak eginez, beren bidea alferrik bilatzen, denak batera alor zurbiletara jaisten eta beren moko handiez elurrari mokoka eginez.

        Denbora guztian erortzen ari zen hauts haren lerratze zehazgabe beti jarraitua baizik ez zen entzuten.

        Zortzi egun oso-oso iraun zuen horrek, eta elur-jasa atertu egin zuten. Bost oin lodiko estalkia zuen lurrak bizkarrean.

        Eta hurrengo hiru asteetan zeru argi bat, egunez kristal urdina bezalakoa, eta, gauez, antzigarrezkoak esango liratekeen izarrez josi-josia, hain baitzen giro laborria espazio zabalean, zabaldu zen elurrezko geruza trinko, gogor, distiratsuaren gainean.

        Zabaldia, hesiak, itxituretako hormak, hila zirudien denak, hotzak hila. Ez gizonik ez abererik ez zen irteten: alkandora zuriz jantzitako borda haien tximiniek baizik ez zuten adierazten bizitza ezkutua, egurats izoztuan zuzen-zuzen goratzen ziren ke-haritxo meheen bidez.

        Aldiro-aldiro zuhaitzen kraska entzuten zen, beren zurezko besoak azalaren azpian zartatu izan balitzaizkie bezala; eta, zenbaitetan, adar lodiren bat askatu eta erori egiten zen, izozte garaiezinak barneko izerdia harri bihurturik eta hariak etenik.

        Han-hemenka barreiaturik zeuden bizilekuek ehunka legoaz ziruditen bata bestetik urrunduak. Ahal zen bezala bizi zen jendea. Neu bakarrik ahalegintzen nintzen hurbileneko bezeroengana joaten, edozein unetan zuloren batean elurperaturik geratzeko arriskutan.

        Berehalaxe ohartu nintzen izumen misteriozko bat zabaldu zela eskualde osoan. Halako zigorraldiak ezin zuen, herritarren ustez, berezkoa izan. Gauez ahotsak, ziztu ozenak, iragaitzazko garrasiak entzuten zirela esaten zen.

        Garrasi eta ziztu horiek ilunabarrean bidaiatzen duten hegazti migratzaileek eginak ziren inondik ere, pilaka baitzihoazen hegoalderantz ihesi. Baina zoaz asaldatuta dagoenari arrazoizko gauzarik ulerraraztera. Izumen bat ari zen jabetzen jendearen gogoaz, eta gertaera ezohikoren baten zain zeuden.

        Vatinelen ola Epiventeko etxaldearen ertzean zegoen, orain ikusezin eta hutsik zegoen errege bide handiaren ondoan. Eta etxetarrak ogi gabe zeudenez, herriraino joatea deliberatu zuen errementariak. Ordu batzuk eman zituen eskualdearen erdia osatzen duten sei etxeetan hizketan, hartu zuen bere ogia, eta berriak ikasi zituen, eta landetan zabaldua zen beldur hartatik pixka bat ere bai.

        Eta gaua baino lehen bideari eman zitzaion.

        Horretan, hesi baten ondotik zihoala, elurretan arrautza bat ikusi ote zuen iruditu zitzaion; bai, arrautza bat hantxe utzia, munduaren gainerako guztia bezalaxe zuri-zuri. Makurtu zen, arrautza zen hain justu. Nondikoa ote zen? Nongo oiloa aterako ote zen oilategitik eta leku hartan errun arrautza? Harritu zen errementaria, ez zuen ulertzen; baina arrautza hartu, eta emazteari eraman zion.

        — Tori, andrea, begira bidean aurkitu dudan arrautza bat!

        Emakumeak buruari eragin zion:

        — Arrautza bat bidean? Eguraldi honekin, mozkortuta zaude, ala?

        — Ezetz, bada, andrea, hesi baten oinean zegoela gainera, eta beroa oraindik, izoztu gabe. Hona, tripa gainean ekarri dut, hoztu ez zedin. Zeuk jango duzu, afaritarako.

        Zopa geldiro egosten ari zen eltzean jarri zuten arrautza, eta eskualdean esaten zena kontatzen hasi zen errementaria.

        Emaztea zurbil-zurbil zegoen hari entzuten.

        — Neuk ere entzun nituen ziztuak lehengo gau batean, tximiniatik zetozela ematen zuen.

        Mahaian eseri ziren, jan zuten zopa lehenik, eta gero, senarrak bere ogian gurina zabaltzen zuen bitartean, emazteak arrautzari heldu, eta begi mesfidatiz miatu zuen.

        — Eta zerbait okerrik balego arrautza honetan?

        — Zer nahi duzu hor egotea?

        — Nik al dakit zer?

        — Tira, jan ezazu, ez ezazu ergelarena egin.

        Arrautza kraskatu zuen. Beste arrautza guztiak bezalakoxea zen, eta errun berria.

        Zalantzaz hasi zen jaten, hozka egin, utzi, berriro hartu. Senarrak esaten zion:

        — Eta, zer gustu du, e, arrautza horrek?

        Emazteak ez zion erantzun, eta dena irentsi zuen; gero, bat-batean, begiak finko, latzikaraturik, izumenez iltzatu zituen bere gizonarengan, besoak jaso zituen, bihurritu zituen, eta burutik oinetaraino dardaraz, lurrean itzulika hasi zen, oihu lazgarria botaz.

        Gau guztia eman zuen dardara erdiragarri haietan, ikara beldurgarriek astintzen zutela, zalaparta izugarritan. Errementariak, geldirik eutsi ezin zionez, lotu egin behar izan zuen.

        Etengabe ari zen oihu eta oihu, nekaezinezko ahots batez:

        — Gorputzean daukat! Gorputzean daukat!

        Biharamunean deitu ninduten. Ezagutzen diren baregarri guztiak agindu nizkion, baina inolako emaitza onik ez nuen lortu. Erotuta zegoen.

        Orduan, sinetsi ere ezinezko lastertasun batez, elur handiak eragotzi gabe, landetxez landetxe zabaldu zen berria, berri bitxia: «errementariaren emaztea deabruak hartu duela!» Eta alde guztietatik inguratzen zen jendea, baina ez ziren ausartzen etxean sartzen; urrutitik entzuten zituzten haren garrasi mingarriak, hain ahots ozenez non ez bailitzateke uste izango gizakiak eginak zirenik.

        Herriko apaizari abisu eman zioten. Apaiz zahar sineskor bat zen. Eliz-jantziz azaldu zen, elizakoak ematera bezala, eta eskuak luzaturik exorzismoak esan zizkion, lau gizonen artean emakumeari, ahobitsetan eta bihurrika, ohean eusten zioten bitartean.

        Baina ez zioten izpiritua atera.

        Gabonak iritsi ziren eta eguraldia ez zen aldatu.

        Gabon bezpera goizean ikustera etorri zitzaidan apaiza.

        — Andre gaixo hori gaur gaueko elizkizunera etortzea nahi nuke —esan zidan—. Baliteke Jainkoak mirari bat egitea, emakume batengandik jaio zen ordu berean.

        Eta nik erantzun nion:

        — Ni ados nago erabat, abade jauna. Elizkizunak bere izpiritua hunkitzen badio (eta ez dago hori baino gauza egokiagorik hura hunkitu ahal izateko), bestelako erremediorik gabe ere senda daiteke hori.

        — Zu ez zara sinestuna, doktore jauna —xuxurlatu zidan apaiz zaharrak—, baina lagun iezadazu, ezta? Arduratuko al zara hura ekartzeaz?

        Lagunduko niola agindu nion.

        Arratsa iritsi zen, gero gaua; eta elizako kanpaia jotzen hasi zen, bere ahots kexatia espazio hitsean zehar, elurtza zuri izoztuan zehar barreiatuz.

        Geldiro zetozen izaki beltzak, taldeka, kanpandorrearen brontzezko deiaren esaneko. Ilargi beteak distira bizi zurixka batez argitzen zuen odaiertz guztia, ikusgarriago bihurtzen zuen landetako laztura hitsa.

        Lau gizon sendo neramatzan, eta olara joan nintzen.

        Deabrutua garrasika ari zen denbora guztian, bere ohatzeari loturik. Garbi jantzi genuen, asaldaturik jarkitzen zen arren, eta eraman egin genuen.

        Eliza jendez beterik zegoen orain, argitua eta hotz; korukoek beren nota monotonoak jaulkitzen zituzten; sugea zurrungaka ari zen; beretterraren txilinak aldiro jotzen zuen, eliztarren mugimenduak arautuz.

        Emakumea eta haren zaindariak apaiz etxeko sukaldean itxi nituen, eta egokien nerizkion unea noiz iritsiko zain geratu nintzen.

        Jaunartzearen ondoko unea aukeratu nuen. Herritar guztiek, gizon ala emakume, beren Jainkoa hartua zuten, haren gogortasuna beratzeko. Isiltasun handi bat zegoen apaizak Jainkoaren misterioa bukatzen zuen bitartean.

        Nik agindurik, atea zabaldu eta lau laguntzaileek eroa ekarri zuten.

        Argiak, jendetza belauniko, aldare aurrea sutan eta sagrario urre-kolorea ikusi zituenetik, halako kemenez hasi zen indarka, non ihes egin baitzigun ia, eta halako oihu ozenak bota zituen non izumenezko ikara bat zabaldu baitzen elizan; buru guztiak goratu ziren; batzuek ihes egin zuten.

        Hark ez zuen emakume baten itxura ere, gure eskuetan kizkurturik eta bihurriturik, aurpegia atzera itzulia, begiak eroturik.

        Aldare aurreko mailetaraino ekarri eta lurraren kontra indarrez makurtuta eduki genuen.

        Apaiza jaikia zen; zain zegoen. Geldirik ikusi zuenean, hartu zuen eskuetan Eguzki santua, bere urrezko izpiekin, ostia zuria erdian zuela, eta urrats batzuk eginik, bere buruaz gainera jaso zuen bi besoak luzaturik, deabrutuaren begirada aurrean jarririk.

        Hura oihuka ari zen denbora guztian, begia gauza dizdizari hartan finko, tenk zuela.

        Eta apaiza hain zegoen geldirik, non aise hartuko bailitzateke elizako iruditzat. Eta luzaro egon zen horrela, luzaro.

        Emakume hark beldurrak hartua zirudien, zurtua; finko zegokion Eguzki santuari begira, oraindik ere berebiziko astinaldiak joz, baina iragankorrak hala ere, eta oihuka betiere, baina ez lehen bezalako ahots urragarriz.

        Eta luzaro iraun zuen oraindik ere.

        Esango litzateke ezin zituela begiak apaldu, ostiari lotuak zituela; intziria besterik ez zuen egiten dagoeneko; eta gorputz zurrundua biguntzen, abailtzen ari zitzaion.

        Jendetza guztia belaunikaturik zegoen, bekokia lurreraino makurturik.

        Deabrutuak bizkor-bizkor jaisten zituen orain betazalak, eta gero berriro jaso, bere Jainkoaren bista ezin jasan izango balu bezala. Isilik zegoen. Eta gero, bat-batean, begiak itxirik geratu zitzaizkiola ohartu nintzen. Sonanbuluen loak hartua zuen, eguzki santu urrezko izpidunari begira luzaro egonak hipnotizaturik, barka! menderaturik, Kristo garaileak azpiraturik.

        Bizi gabe atera zuten handik, apaiza berriro aldarera igotzen zen bitartean.

        Eliztarrak, guztiz asaldaturik, Te Deum bat kantatzen hasi ziren, esker onez.

        Eta errementariaren emazteak berrogei orduz lo egin zuen jarraian, eta haren ondoren deabruturik egondako aldiaren eta askatu zenekoaren inolako oroitzapenik gabe esnatu zen berriro.

        Horra bada, andreak, nik ikusi nuen miraria.

        Bonenfant doktorea isildu zen, eta gogoz kontrako ahotsez jarraitu zuen gero:

        — Ezin izan nien mirari hori idatziz jasotzea ukatu.

 

1882ko abenduaren 25ean

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia