Saint-Michel Mendiko elezaharra

 

        Cancaletik ikusi nuen lehendabizikoz, itsasoan landaturik dagoen laminen gaztelu hori. Zehaztasun gabe ikusi nuen, itzal grisa zeru lainotsuaren kontra zutitua.

        Avranches-etik ikusi nuen berriro, eguzkia sartzean. Hondar eremu mugagabea gorri zegoen, odaiertza gorri zegoen, badia neurrigabe osoa gorri zegoen; abadia maldatsua, han, jauregi fantastiko bat bezala lurretik urruti baztertua, ametsezko palazio bat bezala harrimen eragilea, uste ezin bezalako berezi eta ederra, hura baizik ez zen geratzen ia beltz hiltzen ari zen egunaren purpuretan.

        Biharamun goizean eguna argitzearekin joan nintzen harantz, hondarretan zehar, begia harribitxi itzelezko, mendia bezain handi, kameu bat bezala zizelatu eta muselina bezain arin hartarantz tinkaturik. Gertuago eta miresmenak goitituago sentitzen nintzen, munduan ez baita ezer, agian, hura baino gauza harrigarriagorik eta bikainagorik.

        Eta harantz-honantz ibili nintzen, txunditurik, jainko baten gela topatu izan banu bezala, zutabe arin edo astunek eusten zieten areto haietan zehar, pasabide argitara zabaldu haietan, zerura jaurtitako suziriak ziruditen ezkila dorre haietarantz eta dorretxo, zurrut-harri, apaindura lirain eta xarmagarrizko nahaste hartara guztira, harrizko bolanderak, granitozko farfailak, arkitekturazko maisulan itzelezko eta fin ziren haietara guztietara nire begiak jasorik.

        Estasian bainengoen, behe-normandiar nekazari bat ondoratu zitzaidan, eta San Migelek deabruarekin izandako eztabaida handiaren historia kontatu zidan.

        Eszeptiko burutsu batek esana du: «Jainkoak bere irudira egin zuen gizona, baina gizonak ederki eman dio ordaina».

        Hitz horiek egia eterno bat dute, eta oso gauza jakingarria izango litzateke kontinente bakoitzean hango jainkoaren historia egitea, eta gure probintzietako patroien historia orobat. Beltzak idolo ankerrak ditu, gizon-jaleak; mahomatar poligamoak emakumez betetzen du bere paradisua; grekoek, jende praktikoa izaki, grina guztiak jainkotu zituzten.

        Frantziako herritxoek zeinek bere santu patroia du zaindari, zeinek bertako biztanleen irudira moldatua.

        San Migel Behe-Normandiako zaindaria da, San Migel, aingeru distiratsu gailena, ezpataduna, zeruetako heroia, garailea, Satanen menderatzailea.

        Baina hona nola ulertzen eta kontatzen duen behe-normandiar maltzur zuhurrak santu handi horrek deabruarekin izandako borroka.

        «Bere auzo deabruaren gaiztakerietatik babesteko, San Migelek bere kabuz jaso zuen, itsasoaren erdian, goiaingeru baten dina izango zen egoitza hau; eta horrelako santu batek baizik ezin zezakeen, zinez, honelako bizilekurik eraiki beretzat.

        Baina oraindik ere deabruaren hurbiltasunaren beldur zenez, itsasoa bera baino gaiztoago diren hondar higikariz inguratu zuen bere etxaldea.

        Deabrua etxola apal batean bizi zen itsasertzean; baina deabruak zituen ur gaziz bustitako belardiak, uzta astunak biltzen diren lur gozo ederrak, ibar aberatsak eta eskualde hartako guztiko malda emankorrak; santuak, berriz, hondarra baizik ez zuen bere mende. Eta hala Satan aberatsa zen, eta San Migel eskale bat bezain txiro.

        Urtetan barau eginik egoera horretaz aspertua zen santu hura, eta deabruarekin hautsi-mautsi bat egitea deliberatu zuen; ez zen, ordea, gauza erraza, Satanek beretzat nahi baitzituen bere uztak.

        Sei hilabetez gogoetan aritu zen; gero, goiz batean, lehorrerantz abiatu zen. Deabrua ate aurrean zopa jaten ari zen santua ikusi zuenean; ber-bertatik joan zitzaion bidera, haren mahukaren ertzari muin egin zion, etxera sartu zuen eta zerez freskatu eskaini zion.

        Katilu bat esne edan ondoren, San Migelek hartu zuen hitza.

        — Tratu on bat proposatzera etorri natzaik.

        Deabruak, sinesbera eta mesfidantzarik gabe, erantzun zion:

        — Interesatzen zaidak.

        — Hona. Hik hire lur guztiak utziko dizkidak.

        Satanek, kezkaturik, hitz egin nahi izan zuen:

        — Baina...

        Santua berriro hasi zen.

        — Entzun lehendabizi. Hik heure lur guztiak utziko dizkidak. Nire ardura izango duk haiek zaintzea, lan egitea, maneatzea, ereitea, ongarritzea, dena, eta uzta erdi bana banatuko diagu. Ados haiz?

        Deabruak, berez nagia baitzen, ongi iritzi zion.

        Mendi bakarti haren inguruan arrantzatzen diren barbarin aho-gozagarri haietako batzuk besterik ez zizkion eskatu, tratuaren gehigarri. San Migelek arrainak agindu zizkion.

        Elkarren eskua jo zuten, alboka listu egin zuten, tratua egina zela adierazteko, eta berriro hasi zen santua.

        — Begira, ez diat nahi niregatik zertaz kexu izan dezaan. Aukera ezak zer nahi duan: uztatik lur gainean geratzen dena ala lur azpian geratzen dena.

        — Lur gainean geratzen dena hartzen diat —esan zuen deabruak.

        — Ados nauk —esan zuen santuak.

        Eta alde egin zuen.

        Horrela bada, handik sei hilabetera, deabruaren sail itzelean azenarioa, arbia, tipula, terebuza baizik ez ikusten, sustrai lodiak eta jateko onak dituzten landareak den-denak, hostoak gehienez ere abereak bazkatzeko erabiltzen direnak.

        Satanentzat ez zen ezer izan, eta kontratua hautsi nahi izan zuen, San Migeli "maliziati" deituz.

        Santua, ordea, labore lanetara zaletua zen; deabruarengana jo zuen berriro:

        — Ziur esaten diat ez naizela horretaz gogoratu ere egin; berez gertatu duk horrela; ez duk nire erruz izan. Eta horren ordaina emateko, lur azpian geratzen den guztia hiretzat hartzeko eskaintzen diat aurten.

        — Ados nauk —esan zuen Satanek.

        Hurrengo udaberrian, Gaitzaren espirituaren lurralde guztiak bete-beterik zeuden gari lodiz, ezkila dorreak ziruditen olo gizenez, lihoz, koltza ederrez, hirusta gorriz, ilarrez, azaz, orburuz, bihitan edo fruitutan eguzkitara ontzen den guztiaz.

        Oraingo honetan ere ez zen ezer ere izan Satanentzat, eta erabat haserretu zen.

        Bere belardiak eta bere soroak berriro hartu zituen, eta gor egin zien bere auzoaren hasibide berri guztiei.

        Urte oso bat joan zen. Bere bizileku bakanetik urrutiko lur emankorrari begira egoten zen San Migel, eta deabrua bere lanak zuzentzen, uztak jasotzen, bihia jotzen ikusten zuen. Eta amorratzen ari zen, bere ezintasunean sumindurik. Satani gehiago iruzur egin ezin zionez, haren mendeku hartzea erabaki zuen, eta hurrengo astelehenean afaltzera etortzeko gonbidatzera joan zitzaion.

        — Beharbada ez duk oso zori onik izan nirekin izan dituan tratuetan —esan zion—, bazekiat, baina ez niake nahi horregatik gure artean inolako aiherkunderik izaterik, eta etorriko haiz nirekin afaltzera. Gauza onak emango dizkiat jateko.

        Satanek, nagi bezain jatun ona baitzen, bertatik onartu zion. Esandako egunean, bere jantzirik ederrenez jantzi eta Mendira bidea hartu zuen.

        San Migelek mahai bikain baten aurrean eserarazi zuen. Oilar gandorrez eta giltzurrunez betetako opil bat atera zuten lehendabizi lukainkatarako haragi albondigekin, ondoren bi barbarin lodi gurinetan, gero indioilar zuri bat ardotan gozatutako gaztainaz betea, gero arkume izter gazitu bat, gozokia bezain guria; gero ahoan urtzen diren barazkiak eta opil gozo beroa, lurrunarekin halako gurin urrin bat zabaltzen zuena.

        Sagardo huts tanta bat, apartsua eta gozoa, eta ardo gorri hordigarria, eta plater bakoitzaren ondoren zurrut bat egiten zitzaion sagar-pattar zahar gozoari.

        Kutxa-zuloak bezalaxe jan eta edan zuen deabruak, hainbesteraino non beharrak izan baitzituen.

        Orduan, San Migelek, beldurgarri jaikirik, trumoi ahots batez egin zion oihu:

        — Nire aurrean, gero! Nire aurrean, koldar hori! Nire aurrean... ausartzen haiz...

        Satanek, eroturik, ihes egin zuen, eta santuak, makila bat harturik, atzetik jarraitu zion.

        Areto sabai-apaletan zehar lasterka, zutabeen inguruka, airean zihoazen zurubietan gora, erlaitzetan galapan, zurrut-harriz zurrut-harri jauzika. Deabru gaixoa, arima erdiratzeko moduan gaixoturik, ihesi zebilen, santuaren etxea zikinduz. Azkenik azkeneko terrazan aurkitu zen, goren-gorenean, badia zabal-zabala bere urrutiko hiri, bere hondardi eta bere belardiekin ikusten den lekuan. Ezin zuen gehiago ihes egin, eta santuak, atzetik ostikada amorratu bat jorik, bala baten gisa jaurti zuen espazioan zehar.

        Gezia bailitzan igaro zuen zerua, eta Mortaingo hiriaren aurrean erori zen azkenik astun-astun. Haren kopetako adarrak eta haren ataletako erpeak sakoneraino sartu ziren haitzean, eta betiko gorde dira han Satanen eroriko haren aztarrenak.

        Herren jaiki zen, menderen mendeko elbarriturik; eta, Mendi zoritxarreko hura, eguzkiaren sartzean harkaitz orratz bat bezala zutitua, urrutitik ikusten zuela, ongi bai ongi ulertu zuen beti menderatuko zutela borroka berdingabe hartan, eta hanka narraska zuela aldegin zuen, bere soroak, bere maldak, bere ibarrak eta bere belardiak etsaiari utzirik.

        Eta horra nola menderatu zuen San Migelek, normandiarren zaindariak, deabrua».

        Beste herri batek beste eraren batera amestuko zukeen gudu hori.

 

(1882ko abenduaren 19an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia