Otsoa

 

        Hona zer kontatu zigun Arvilleko markes zaharrak Saint-Huberteko afari bukaeran, Ravels-eko baroiarenean.

        Egun hartan orein bat ehizatzen arituak ginen. Markesa zen, afaltiarren artean, ehizaldi hartan parte hartu ez zuen bakarra, hark ez baitzuen inoiz ehizan egiten.

        Oturuntza handi hark iraun zuen guztian animalia triskantzaz baizik ez zen ia hitz egin. Emakumeak berak ere interesaturik zeuden kontakizun odolgirozko eta sarritan sinestezinezko horietan, eta kontalariek gizonen eta piztien arteko eraso eta guduak irudikatzen zituzten, besoak jasotzen zituzten, trumoiaren gisako ahotsez kontatzen zituzten.

        Arvilleko jauna ongi mintzatzen zen, halako poesia hanpurutsu samar baina eraginkor batez. Askotan errepikatua zuen inondik ere historia hau, segidan kontatzen baitzuen, kontatu ere, irudia ongi ekartzeko trebeziaz aukeratutako hitzetan inoiz zalantzarik egin gabe.

        — Nik, jaunak, ez dut inoiz ehizan egin, nire aitak ere ez, aitonak ere ez, eta ezta birraitonak ere. Hura, ordea, zuek guztiok batera baino ehiza gehiago egindako baten semea zen. 1764an hil zen. Esango dizuet nola.

        Jean zuen izena, ezkondua zen, nire birraitona izandako haur haren aita, eta bere anaia gazteen François d'Arville-rekin bizi zen, gure Lorrenako gazteluan, baso-basoan.

        François d'Arville ezkongabe geratu zen, ehizarako zalez.

        Urte hasieratik amaia arte ibiltzen ziren biak ehizan, atsedenik gabe, gelditu gabe, nekatu gabe. Horixe besterik ez zuten maite, ez zuten besterik ulertzen, ez zuten beste ezertaz hitz egiten, horretarako baizik ez ziren bizi.

        Grina ikaragarri errukigabe horixe zuten bihotzean. Grina horrek erretzen zituen, osorik hartuak zituen, eta ez zien beste ezertarako lekurik uzten.

        Debekatua zuten ehizan zebiltzan bitartean beste ezerengatik, ezergatik ere, artega zitzaten. Nire birraitona bere aita azeri baten ehizan ari zela jaio zen, eta Jean d'Arvillek ez zuen, horregatik, bere lasterketa gelditu, honela jaulki baizik: «Ala Jainkoa, zirtzil horrek ere bazian ehiza bukaerako turutari itxarotea!»

        Haren anaia François hala ere, hura baino ere sutsuago zen horretarako. Jaikitzen zenetik, zakurrak begiratzera joaten zen, gero zaldiak, gero txori-tiroka aritzen zen gaztelu inguruan, piztia handiren bat ehizatzeko ordua iristen zen arte.

        Inguruko luraldeetan Markes jauna eta Gaztea deitzen zieten, garai hartako nobleek ez baitzuten gaur egungo hala-holako nobleek bezala egiten, tituluen artean goitik beherako hierarkia bat ezarri nahi baitute; zeren markes baten semea ez baita konde, ezta bizkondearena baroi ere, jeneral baten semea jaiotzez koronel den baino gehiago. Baina gaur egungo handikeria ziztrinak onura aurkitu du konponbide horretan.

        Banator berriro nire arbasoetara.

        Oso handiak ziren, itxura denez, hezurtsuak, iletsuak, bortitzak eta azkarrak. Gaztea handiagoa zen zaharrena baino, eta hain zuen ozena ahotsa, non, bera ere harro zegoen esaera batek zioenez, oihaneko hostoak inarrosten hasten baitziren denak, hark oihu egiten zuenean.

        Eta haiek biak zaldira igo eta ehizara abiatzeko prestatzen zirenean, ikusteko miresgarria izango zen erraldoi haiek biak beren zaldi handien gainean igota ikustea.

        Horrela, bada, 1764. urte hartako negu erdi aldera, gehiegizko hotzak izan ziren, eta otsoak oso ankertu ziren.

        Nekazari berandutuei ere erasotzen zieten, gauez etxe inguruetara etortzen ziren, eguzkia ezkutatzen zenetik jaikitzen zen arte uluka aritzen ziren, eta ukuiluak husten zituzten.

        Eta zurrumurru bat zabaldu zen berehala. Otso erraldoi bat aipatzen zen, ile gris, ia zurikoa, dagoeneko bi haur jana, emakume bati besoa kendua, eskualde hartako ate zakur guztiak itoa, eta inolako beldurrik gabe sartzen zena itxituretan barrena, atepetik usaina hartzera joateko. Hango biztanleek esaten zutenez, denek entzun omen zuten haren hatsa argiaren garra dardararazten. Eta handik gutxira izumena zabaldu zen probintzia osoan. Gaua zetorrenetik inor ez zen ausartzen kanpora ateratzen. Iluntasunak piztia haren irudiak sorgindua zirudien.

        Arvilleko anaiek piztia hura aurkitu eta hiltzea deliberatu zuten, eta eskualde hartako aitonen seme guztiak gonbidatu zituzten ehizaldi handietara.

        Alferrik izan zen. Alferrik jotzen ziren basoak, alferrik miatzen sasiarteak, ez zuten aurkitzen. Otsoak hiltzen zituzten, hura ez ordea. Eta ehiza ondoko gau bakoitzean, mendekuz bezala, bidaztiren bati erasotzen edo ganaduren bat hiltzen zuen piztia hark, haren bila aritutako lekutik urruti betiere.

        Gau batean, azkenik, Arvilleko gazteluko zerritegian sartu zen, eta bi kumerik ederrenak jan.

        Bi anaiak haserrez sutu ziren, eraso hori munstro haren harrokeriatzat, iraintzat, zuzeneko erronkatzat harturik. Piztia beldurgarrienei jarraitzen ohituak zeuden ehiza zakur sendoenak hartu, eta ehizara abiatu ziren, bihotza amorruz beterik.

        Egun urratzetik eguzki gorritua zuhaitz handi biluztuen atzean etzan zen arte, sasiarte guztiak jotzen aritu ziren, ezer aurkitu gabe, ordea.

        Bazetozen, azkenean, biak, haserre eta etsita, beren zaldien pausoan, bazterrak sastrakaz beterik zituen bide batetik, eta harriturik zeuden otsoak beren jakintzagatik ere itzuri egin zielako, bat-batean halako errezelo misteriozko bat nagusitu zitzaielarik.

        Zaharrenak zioen:

        — Piztia hori ez duk nolanahikoa. Gizonak nola, berdin-berdin pentsatzen duela ematen dik.

        Gazteak erantzun zion:

        — Beharbada bala bat bedeinkarazi beharko geniokek gure lehengusu apezpikuari, edo apaizen bati eskatu behar diren hitzak esan ditzan.

        Eta isildu egin ziren.

        Jean hasi zen berriro:

        — Begira eguzkia zein gorri dagoen. Otso handi horrek hondamenen bat egin behar dik gaur gauean.

        Hitz horiek esan baizik ez zuen egin, zaldia asaldatu zen; Françoisena oldarrean abiatu zen. Orbelez estalitako sasitza bat zabaldu zen haien aurrean, eta piztia erraldoi bat, guztia grisa, atera zen eta ihesi abiatu zen basoan zehar.

        Bi-biek halako poz marraska bat bota zuten, eta beren zaldi astunen lepo gainerantz makurturik, beren gorputz osoaren bultzadaz bultzatu zituzten aurrera, eta halako oldarrez abiarazi zituzten, beren ahotsaz, keinuaz eta ezproiaz akuilatuz, non bai baitzirudien zaldun indartsu haiek izter artean harturik zeramatzatela beren zamari astunak, hegan balihoaz bezala.

        Hala zihoazen, sabela lurrerantz, sasiak zulatuz, arrailak igaroz, maldak igoz, zintzurretan behera irristatuz, eta adarra bularraren hauspo beteaz joz, gainerako jendea eta zakurrak erakartzeko.

        Eta horra non, bat-batean, lasterka ero horretan, nire arbasoak kopetaz zuhaitz adar handi bat jo, eta burezur guztia arraildu; zerraldo erori zen lurrera; zaldiak, berriz, eroturik ihes egin zuen, oihana biltzen zuen ilunpean desagertzeko.

        Arvilleko anaia gaztea bertan geratu, lurrera jauzi egin, bere anaia beso artean jaso, eta zauritik odolarekin batera burmuina zeriola ikusi zuen.

        Gorpuaren ondoan eseri zen, jarri zuen bere belaunetan buru itxuragabetu gorria, eta anaia zaharrenaren aurpegi mugimen gabeari begira geratu zen. Poliki-poliki beldurra ari zitzaion jabetzen, ordu arte inoiz sentitu ez bezalako beldur berezi bat, ilunpearen beldurra, baso mortuaren beldurra, eta mendeku hartzeko anaia hil berri zion otso amesgaiztozkoaren beldurra.

        Iluntasuna loditzen ari zen, hotz bortitzak zuhaitzak kraskarazten zituen. François jaiki zen, ikaraz, han luzaroago ezin egonik, ia erkintzen ari zela sentiturik. Ez zen ezer entzuten, ez zakurren hotsik eta adarrenik, dena mutu zegoen odaiertz ikusezinean; eta gaueko isiltasun hits horrek bazuen zerbait beldurgarria, zerbait ohi ez bezalakoa.

        Bere erraldoi eskuetan Joanen gorputz handia hartu, zutitu, eta zaldi zelan etzan zuen gaztelura eramateko; eta geldiro-geldiro abiatu zen oinez, gogoa nahasturik uher balu bezala, irudi ikaragarri harrigarriak oldartuko balitzaizkio bezala.

        Eta, bat-batean, gaua beretzen ari zen zidorrean zehar ikaragarrizko isla bat igaro zen. Piztia zen. Laztura batek inarrosi zuen ehiztaria; gauza hotz bat, ur tanta bat bezala, jaitsi zitzaion bizkarretik behera, eta deabruak izututako fraide batek nola, gurutze santuaren handi bat egin zuen, usnalari beldurgarria bat-batean itzultze hark eroturik. Baina aurrean etzanik zuen gorpu hilera erori zitzaizkion begiak, eta kolpetik, beldurretik haserrera bat-batean aldaturik, amorru ordenagabe batez dardaratu zen.

        Zaldia ziztatu zuen, bada, eta otsoari oldartu zitzaion.

        Txara, erroitz eta oihan artetik jarraitu zion, ezagutzen ez zituen basoetatik igaroz, lurrera jaitsia zen gauean zehar ihesi zihoan orban zuri hartatik begia kendu gabe.

        Indar eta su ezezagun batek hartua zirudien zaldiak ere. Lepoa tinko, bere aurrean zuzen zuela, zihoan galapan, zelan trabes jarria zuen hildakoaren buruak zuhaitzak, haitzak jotzen zituela. Sasiek ileak erauzten zizkioten, bekokiak, enbor gaitzak jotzen zituela, odolez zipriztintzen zituen; ezproiek zuhaitz azal zerrendak urratzen zituzten.

        Eta, horretan, animalia eta zalduna biak atera ziren basotik eta ibartxo batean sartu ziren itsumustuan, ilargia mendien gainetik azaltzen ari zen une berean. Ibartxo hura harritsua zen, bi haitz handik ixten zuten, ez zuen irteerarik; eta otso inguratua itzuli egin zen.

        François-ek pozezko alarau bat bota zuen orduan; oihartzunak oinaztargiaren trumoia bezala errepikatu zuen, eta zalditik jauzi egin zuen, aiztoa eskuan zuela.

        Piztia zain zegoen, ilea lazturik, bizkarra biribil; begiek izarrak balira bezala egiten zioten dizdiz. Baina, gudua hasi aurretik, ehiztari indartsuak, bere anaiari oraturik, haitz baten gainean eseri zuen, eta odol orban bat baizik ez zen haren burua harri batzuez tinkaturik, belarrira oihu egin zion, gor bati hitz egiten ari balitzaio bezala:

        — Begira, Jean, begira hau!

        Eta munstroari oldartu zitzaion. Indarrean sentitzen zen, mendia azpikoz gora jartzeko lain, harriak esku artean ehotzeko lain. Piztiak hozka egin nahi izan zion, sabeletik heltzeko asmoz, hark ordea lepotik heldurik zeukan, arma erabili ere gabe, eta astiro itotzen zuen, haren eztarriko hatsak eta haren bihotzaren taupadak gelditzen entzunez. Eta barre egiten zuen, eroki gozatuz, bere besarkada ahaltsua geroz eta estuagotuz, pozezko eromen batean oihuka:

        — Begira, Jean, begira hau!

        Erresistentzia guztiak amaitu ziren, otsoaren gorputza belaxka bilakatu zen. Hilik zegoen.

        François-ek hartu zuen, orduan, bi besoetan, eta bere anaia zaharrenaren oinetan bota zuen, ahots samurtu batez hari esanez:

        — To, to, Jean, to, hor duk!

        Gero bere zela gainean bi gorpuak bata bestearen gainean jarri, eta bideari ekin zion berriro.

        Barrez eta negarrez itzuli zen gaztelura, Gargantua Pantagruelen jaiotzan bezala, piztiaren hilketa kontatzean garaipen oihuak jaurtiz eta poz jauziak eginez eta anaiaren heriotza kontatzean bere bizarrak erauziz.

        Eta geroago, egun hartako gertaerez berriro hitz egiten zuenean, hitzok esaten zituen askotan, begietan malkoak zituela:

        — Jean gaixo horrek hura itotzen ikusi ahal izan banindu behintzat, pozik hilko zen, ziur naiz!

        Nire arbaso haren alargunak ehizaren gorrotoa sartu zion bere seme zurtzari, eta hala heldu da nireganaino gorroto hori.

        Arvilleko markesa isildu zen. Norbaitek galdetu zuen:

        — Historia hori elezaharra da, ezta?

        Kontalariak erantzun zion:

        — Zin dagizut egia dela buruz buru.

        Eta emakume batek ahostxo goxo batez adierazi zuen:

        — Berdin dio, gauza ederra da horrelako grinak izatea.

 

(1882ko azaroaren 14an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia