Izua

 

J.-K. Huysmans-i

 

        Afal ondoren ontzi gainera igo ginen berriro. Mediterraneoak ez zuen gure aurrean ikara bat bera ere ilargi handi bareak distiraz betetzen zuen zabaltasun guztian. Ontzi zabala labain zihoan, izarrez ereina zirudien zerurantz ke beltzezko suge lodi bat jaurtiz; eta, gure ondotik, ura, zuri-zuri, ontzi astuna igarotzeak astindurik, helizeak irabiaturik, apar eta bits ari zen, bihurritzen ari zela zirudien, hainbeste argitasun nahasten zituen non esango bailitzateke ilargiaren argia zela irakiten.

        Sei-zortziren bat ginen, isilik, miresmenez, begia gindoazen urrutiko Afrikarantz bihurturik. Ontziko kapitaina, gure artean zigarro bat erretzen ari zela, afariko solasera itzuli zen berriro bat-batean.

        — Bai, beldur izan nuen egun hartan. Sei ordu egin zituen nire ontziak sabelean haitz hura zuela. Eskerrak ikatz-ontzi ingeles batek ikusi eta gau aldera handik jaso gintuen.

        Orduan, gizon handi aurpegi-erre, irudi serioko bat, lurralde ezezagun luzeak etengabeko arriskutan igaro dituztela sumatzen zaion horietako bat, beren begi lasaiak barren-barrenean ikusi dituzten gertaera berezietako zerbait gorde duela dirudien horietako bat, kemenez beteak diruditen gizon horietako bat, hasi zen, hitza lehendabiziko aldiz harturik:

        — Zuk diozu, kapitaina, beldur izan zenuela; ez dut uste. Oker asmatu duzu hitza, eta oker zabiltza izan zenuen sentipenaz. Gizon kementsuak inoiz ez du beldurrik estuturik daukan arriskuaren aurrean. Hunkiturik, urduri, kezkaz baliteke egotea; beldurra, ordea, beste zerbait da.

        Kapitainak barrez jarraitu zuen:

        — Alajaina! Neuk diotsut beldur izan nuela, neuk.

        Azal brontze-koloreko gizonak ahots baratzez adierazi zuen orduan:

        — Utz iezadazu azaltzen! Beldurra (eta gizonik ausartenek ere izan dezakete beldurra), izumenezko gauza bat da, sentipen lazgarri bat, arimaren andeatzea bezala, pentsamenduaren eta bihotzaren estura ikaragarri bat, gogoratzeak berak larriminezko ikarak eragiten dituena. Hori ez da gertatzen, ordea, bihoztuna bazara, ez erasoaren aurrean, ez hil behar itzuri ezinaren aurrean, ez bestelako arrisku modu ezagunen aurrean: bestelako egoera berezi batzuetan gertatzen da hori, arrisku zehazgabeen aurrean eragin misteriozko batzuk gertatzen direnean. Beldur egiazkoa beste garai batzuetako ametsezko izumenen zantzu moduko bat da. Arima herratuetan sinesten duen batek, gauez mamu bat ikusten duela iruditzen bazaio, hark sentitu behar du beldurra beldurraren izumen guztiarekin.

        Nik egun argi-argiz jakin nuen zer zen beldurra, orain dela hamarren bat urte. Joan den neguan sentitu nuen berriro, abenduko gau batez.

        Eta ez naiz ezusteko gutxi igaroa, gertaera hilgarriak ziruditen makina bat igaroa baizik. Borroka asko izan ditut. Lapurrek hiltzat eman izan naute. Ameriketan urkatzera kondenatu ninduten, matxinatutzat; Txinako itsasaldean ontzi batetik itsasora bota ninduten. Nire burua galdurik uste izan dudan horietako bakoitzean, berehala etsi izan naiz hartara, samurtu gabe, damurik gabe.

        Beldurra ez da hori, ordea.

        Nik neuk Afrikan sentitu nuen. Baina Iparreko alaba da, izatez; lainoa bezala uxatzen du eguzkiak. Eduki ondo kontuan hori, jaunak. Sortaldetarren artean bizitza ez da ezer; bertatik hartzen da etsimena; gauak argiak dira eta ez dute herrialde hotzetan garunak atsekabetzen dituzten arrangura ilunik. Sortaldean baliteke momentuko izumena ezagutzea, baina beldurra zer den ez dakite.

        Hona, bada, zer gertatu zitzaidan Afrikako lur horretan:

        Uarglatik hegoalderako duna handiak igarotzen ari nintzen. Munduko parajerik berezienetako bat da hura. Badakizue nolakoa den itsasoko hondartza amaigabeetako harea trinko, zuzena. Bada, egizue irudi itsasoa bera hondar bihurturik haize-erauntsi baten erdian; egizue irudi ekaitz isil bat hauts horizko olatu geldiz betea. Mendiak bezain gora dira, olatu horiek, guztiak desberdinak, ondokoa ez bezalakoak, itsaso amorratua bezala jasoak, baina hura baino handiagoak oraindik, eta oihal zanpatua bezala ildokatuak. Itsaso haserre, mutu eta geldi horren gainean, hegoaldeko eguzki dena irentsi beharrak bere gar erruki gabe zuzena isurtzen du. Urre errautsezko uhin horietara igo behar da, berriro jaitsi, igo berriro, etengabe igo, atsedenik gabe, itzalik gabe, igo. Zaldiek korroka egiten dute, belaunetaraino sartzen dira, eta muino harrigarri horien bestaldeko maldan behera amiltzen dira irristan.

        Bi lagun ginen, zortzi spahi, lau gamelu eta haien gameluzainekin. Ja ez genuen gehiago hitzik esaten, beroak eta nekeak ahiturik, eta egarriak basamortu kiskalia bera bezalaxe agorturik. Horretan gure gizonetako batek oihu moduko bat egin zuen; denak gelditu ziren; eta zirkinik egin gabe geratu ginen, lurralde galdu haietako bidaiariek ezagutzen duten gertaera azalpenik gabeko batek zurturik.

        Nonbait, urrunera gabe, nondik ez zela, danbor hots bat entzuten zen, dunetako danbor misteriozkoa; danbor hots ongi bereiziak, batzuetan zoliago, bestetan apalago, aldika geldituz, hurrena berriro bere errepika ametsezkoari ekinez.

        Arabiarrak, izuaz ikaraturik, elkarri begira ari ziren; batek esan zuen, bere hizkuntzan:

        — Heriotza gainean dugu.

        Eta horra non, bat-batean, nire laguna, ia anaia nuena, zalditik erori, buruz aurrera, eguzki kolpe batek jorik.

        Eta bi orduz, alferrik hura salbatzen ahalegintzen nintzen bitartean, danbor atxikiezin hori belarria betetzen ari zitzaidan bere hots beti-berdin, eten, ulertezinezkoaz; eta hezurretan barrena beldurra irristatzen zitzaidala sentitzen nuen, egiazko beldurra, beldur lazgarria, gorpu maite haren aurrean, hondarrezko lau mendiren arteko zulo eguzkiak kiskali hartan, oihartzun ezezagunak, hurbileneko herri frantsesetik berrehun miliatara, danborraren errepika bizkorra igortzen zigun bitartean.

        Egun hartan ulertu nuen zer zen beldurra; hurrengo batean hobeto ikasi nuen, hala ere...

 

        Kapitainak hitza eten zion kontalariari:

        — Barka, jauna, baina danbor hori, zer zen, izan?

        Bidaiariak erantzun zion:

        — Ez dakit. Inork ez daki. Ofizialek, askotan entzuten baitute ustekabean hots berezi hori, haizeak daramatzan harri bikor xehezko harriabar gisako batek belar iharrezko multzoren baten kontra jotzean ateratako hotsaren oihartzuna, duna arteko ibartxoek handitu, anitzez biderkatu eta guztiz zolitua ote den esan ohi dute; ikusi baita inguruan eguzkiak kiskalitako landare xeheak, pergaminoa bezain gogorrak, direnean izaten dela beti gertaera hori.

        Hotsaren lilurazko ispilatze moduko bat bide da, beraz, danbor hori. Horra dena. Baina geroago arte ez nuen nik hori ikasi.

        Eta banoa bigarren zirrara aldira.

        Joan den negu honetan, Frantzia ipar-ekialdeko baso batean. Bi ordu lehenago iritsi zen gaua, hainbesteraino baitzegoen ilun zerua. Nekazari bat nuen gidari; nire ondoan zihoan, bidexka batetik, haize erauntsiak intziriak eragiten zizkien izaizko sabai baten azpian. Izai buruen artean hodeiak noraezean ikusten nituen, hodei galduak, izumenen batetik ihesi balihoaz bezala. Zenbaitetan, haize kolpe ikaragarri baten eraginez, baso osoa etzaten zen alde berera, oinazezko intziri batez; eta hotzak hartzen ninduen, nire pauso bizkorragatik eta jantzi astunagatik ere.

        Gu geunden lekutik oso urruti ez zegoen basozain baten etxean afaldu eta lo egin behar genuen. Ehizarako nindoan hara.

        Nire gidariak begiak jasotzen zituen eta marmarka esaten zuen: «Eguraldi tristea!». Gero joan behar genuen etxekoez hitz egin zidan. Aitak bi urte lehenago ezkutuko ehiztari bat hil omen zuen, eta harrezkero, goibel omen zirudien, oroitzapenen batek sorgindurik bezala. Bere bi semeak, ezkonduak biak, berekin bizi zituen.

        Oso-oso ilun zegoen. Ez nuen ezer ikusten ez aurrean, ez inguruan, eta elkar jotzen ari ziren zuhaitzen adarrek zurrumurru etengabe batez betetzen zuten gaua. Argi bat begiztatu nuen azkenean, eta berehalaxe zen nire laguna ate bat jotzen. Emakume oihu zoli batzuek erantzun ziguten. Gero giza ahots batek, ahots ito batek, galdetu zuen:

        — Nor da?

        Nire gidariak izena eman zuen. Sartu ginen. Ezin ahaztuzko koadroa zen hura.

        Agure ile-zuri bat, ero-begia, fusila kargaturik eskuan zuela, geneukan zain sukalde erdian, eta bi morrosko handi, aizkoraz armaturik, ate zain. Zoko ilunetan bi emakume sumatu nituen, belauniko, aurpegia hormaren kontra ezkutaturik.

        Azalpenak eman genizkien. Agureak arma horma kontra utzi, eta nire gela presta ziezadaten agindu zuen; gero, emakumeak mugitzen ez zirenez, brau bota zidan:

        — Begira, jauna, gizon bat hil nuen, orain dela bi urte, gaur bezalako gauez. Iaz deitzera etorri zitzaidan. Gaur gauean ere haren zain nago.

        Eta gero, irribarre eragin zidan doinu batez, gehitu zuen:

        — Ez gaude, bada, lasai.

        Ahal nuen bezala lasaitu nuen, noiz eta gau horretan iritsi nintzelako eta sineskeriazko izumen ikuskari hura ikusi ahal izango nuelako pozez.

        Gertaera batzuk kontatu nituen, eta ia jende guztia lasaitzea lortu nuen.

        Sukaldetik gertu, zakur zahar, ia itsu, bibote luzeko bat zegoen, ezagutzen den jendearen antza duten zakur horietako bat, lotan, muturra hanka artean zuela.

        Kanpoan ekaitz amorratuak jotzen zuen etxetxoa, eta beiratxo batetik, ate ondoan zegoen zirritu-zulo moduko batetik, zuhaitz anabasa multzoak ikusten nituen oinaztargi handien argitan haizeak astindurik.

        Nire ahalegin guztiak gorabehera, nabari sumatzen nuen izumen handi batek hartuak zituela etxe hartakoak, eta isiltzen nintzen bakoitzeko, urrutira entzun nahiz jartzen ziren belarri guztiak. Beldur zentzugabe haiek ikustez asperturik, lotara laguntzeko eskatzera nindoan, baina horra non guarda zaharra, bere aulkitik jauzi egin eta, ahots galdu batez hasi zen:

        — Hor da! hor da! entzuten dut!

        Bi emakumeak belauniko erori ziren berriro beren zokoetan, aurpegia ezkutatuz; eta semeek aizkorak hartu zituzten berriro. Berriro trankiltzen ahalegintzera nindoan, baina lotan zegoen zakurra bertatik esnatu zen eta, burua jasorik, lepoa luzaturik, bere begi ia itzaliaz suetarantz begiratuz, gauez landatan bidaztiei dardara sartzen dieten alarau lazgarri horietako bat bota zuen. Begi guztiak hari begira jarri ziren, hura geldi-geldi zegoen, ikuspen batek sorgindurik baleuka bezala lau hanken gainean zutik, eta alarauka hasi zen berriro, gauza ikusezin, ezezagun beldurgarriren baten kontra, nonbait, zeren ile guztia laztu baitzitzaion. Guardiak, zurbil-zurbil, oihu egin zuen:

        — Usaina hartu dio! Usaina hartu dio! Bera ere han zen hil nuenean.

        Eta bi emakume zoratuak zakurrarekin batera alarauka hasi ziren, biak.

        Nahi gabe ere ikara handi bat jaitsi zitzaidan bizkarretik behera. Animalia hura leku hartan, ordu hartan, jende erotu haien artean lazgarria zen ikusteko.

        Horrela bada, ordu betez aritu zen zakurra uluka mugitu gabe; amets baten esturan bezala egiten zuen ulu; eta beldurra, beldur lazgarria, barreneraino ari zitzaidan sartzen; zeren beldurra? Nik al dakit? Beldurra zen, horra, beldurra besterik ez.

        Geldi-geldi geunden, zurbil, gertakizun izugarriren baten zain, belarria erne, bihotza taupadaka, edozein hotsek inarrosten gintuela. Eta zakurra gela inguruan itzulika hasi zen, hormetan usainka, eta intzirika denbora guztian. Erotu behar gintuen animalia hark! Horretan, hara eraman ninduen nekazariak haren gainera jauzi egin, halako izumen haserre baten gailenean bezala, eta korta txiki batera ematen zuen ate bat zabaldurik, kanpora egotzi zuen animalia hura.

        Segituan isildu zen; eta oraindik ere beldurgarriagoa zen isiltasun batean murgildurik geratu ginen denok. Eta bat-batean, aztoramendu bat bezala izan genuen denok batera: kanpoko hormaren kontra zerbait basorantz irristatzen ari zen; gero ate kontra igaro zen, esku herabe batez atea haztatuko balu bezala; gero ezer ez zen entzun, erabat erotu gintuzten bi minutuz; gero berriro itzuli zen, horma ozta-ozta ukituz berriro; eta arinki hazkatu zuen, haur batek azkazalaz hazkatuko lukeen bezala; gero buru bat azaldu zen bat-batean zirritu-zuloko beiraren kontra, buru zuri bat, piztiek ohi dituzten bezalako begiekin. Eta hots bat atera zen haren ahotik, hots zehazgabe bat, zinkurin murmur bat.

        Eta zarata ikaragarri bat lehertu zen sukaldean. Guardia zaharrak tiro egin zuen. Eta semeak berehalaxe jauzi eginik, ate zirritua itxi zuten, mahai handia zutitu eta arasarekin tinkatuz.

        Eta zinez diotsuet batere espero ez nuen tiro haren eztandarengatik halako estura sartu zitzaidala bihotzean, ariman eta gorputzean, non uste bainuen nireak egin zuela, beldurrez hiltzeko prest.

        Eguna argitu arte geratu ginen, mugitu ezinik, hitz bat bera esan ezinik, esan ere ezinezko eromen batean zurturik.

        Teilape baten zirrikitutik egunaren argi izpi bat ikusi genuen arte ez ginen ausartu sarrera hesia libratzera.

        Horma ondoan, ate kontra, zakur zaharra zetzan, muturra bala batek puskatuta.

        Itxiturapean zulo bat eginez irtena zen kortatik.

        Gizon aurpegi-beltzarana isildu egin zen; geroago esan zuen:

        — Gau hartan, ordea, ez nuen inolako arriskurik izan; baina nahiago nukeen arriskurik handienei aurre egin behar izan diedan aldi guztiak berriro hasi, ate zirrituko aurpegi bizardunari tiro egin zioteneko minutu huraxe baino.

 

(1882ko urriaren 23an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia