Ametsak

 

        Lagun arteko afari bat zen, lagun zaharren artekoa. Bost ziren: idazle bat, mediku bat eta hiru ezkongabe aberats, lanbiderik gabeak.

        Direnez eta ez direnez hitz egin, eta halako laxotasun bat ari zen iristen, jai ondoren agurraren aurretik izaten den laxotasun hori. Mahaikideetako batek, bost minutu baitzeramatzan, hitzik egin gabe, bulebar asaldatu, gas-argiz izartu, zurrumurrutsuari begira, bat-batean esan zuen:

        — Goizetik gauera ezer egiten ez denean, egunak luze dira.

        — Gauak ere bai —gehitu zion ondokoak—. Nik ia ez dut lorik egiten, plazerrek aspertzen naute, solasak ez dira berritzen; inoiz ez dut ideia berri bat aurkitzen, eta inorekin hizketan hasi aurretik ezer ez esateko eta ezer ez entzuteko gogo amorratu bat sentitzen dut. Ez dakit zertan eman nire gauak.

        Eta hirugarren zeregin gabeak aldarrikatu zuen:

        — Ederki ordainduko nuke nik egunean bi ordu, besterik ez, atseginez igarotzeko moduren bat.

        Orduan, idazlea, berokia beso gainean hartua baitzuen, hurbildu zen.

        — Norbaitek —esan zuen—, bizio berri bat asmatu eta bere kideei eskainiko balie, bizitza erdira laburtuko balie ere, mesede handiagoa egingo lioke halakoak gizadiari, betirako osasuna eta betirako gaztetasuna ziurtatzeko modua aurkituko balu baino.

        Medikua barrez hasi zen; eta zigarro bati hozka eginez:

        — Bai, horrelakoak ordea ez dira hala eta hola aurkitzen. Badira gai horretan ikertzen eta lantzen gogotik saiatuak, mundua mundu denez geroztik. Lehenengo gizonak, ordea, bat-batetik iritsi ziren osotasunera gai horretan. Guk nekez berdintzen ditugu haiek.

        Hiru zeregin gabeetako batek murmurioz esan zuen:

        — Lastima da!

        Eta, handik minutu baten buruan, jarraitu zuen:

        — Lo behintzat egin ahal izango balitz, ondo lo egin berorik eta hotzik gabe, neke handiko gauetako ezerezte horrekin lo egin, ametsik gabe lo egin...

        — Zergatik ametsik gabe? —galdetu zion ondokoak.

        Eta bestea berriro hasi zen:

        — Ametsak ez direlako beti atseginak, eta bitxiak direlako beti, sinestezinak, elkarrekin josten ez direnak, eta lotan ezin ditugulako, gainera, gure gustukoenak gozatu. Iratzarririk egin behar da amets.

        — Zerk eragozten dizu, bada? —galdetu zion idazleak.

        Medikuak zigarroa jaurti zuen.

        — Adiskidea, iratzarririk amets egiteko ahaltsua behar da izan, eta borondate lan handia, eta neke handia ekartzen du, horrexegatik. Egiazko ametsa, ordea, gure gogoetak ikuspegi xarmagarritan zehar egiten duen ibili hori, munduan denik eta gauzarik gozagarriena da zalantzarik gabe; berez etorri behar du, baina, nekez behartu gabe, eta gorputzaren ongizate bete-betea behar du lagun. Amets hori eman diezazueket nik, gehiegitan ez duzuela egingo agintzeko baldintzarekin.

        Idazleak bizkarra jaso zuen:

        — Badakit, bai, haxixa, opioa, konfitura berdea, paradisu artifizialak. Irakurria dut Baudelaire; eta proba ere egina dut droga famatu horrena; erabat gaixotu ninduen.

        Baina medikua eseria zen:

        — Ez, eterra, eterra baizik ez; eta gehiago esango dizut: zuek, letra gizonok, aldian-aldian erabili beharko zenukete.

        Hiru aberatsak ondora hurbildu zitzaizkion. Batek galdetu zion:

        — Azaldu iezaguzu, bada, zer ondorio dituen.

        Eta medikua berriro hasi zen:

        — Baztertu ditzagun alde batera hitz handiak, ezta? Ni ez naiz ari ez medikuntzaz ez moralez: plazerraz ari naiz. Zuek egunero-egunero ari zarete bizitza jaten ari zaizkizuen gehiegikeriatan. Nik beste sentsazio berri bat nahi dizuet erakutsi, gizon adimentsuek baizik eduki ezin dutena, esan dezagun areago, oso gizon adimentsuek baizik ezin eduki dutena, arriskutsua, gure organoak neurriz goitik kitzikatzen dituen guztia bezala, baina guztiz zoragarria. Jakin ezazue prestamen bat behar duzuela, ohitura bat alegia, eterraren ondorio bereziak bete-betean sentitu ahal izateko.

        »Ondorioak ez dira haxixarenak, opioarenak eta morfinarenak bezalakoak; eta botika hori hartzetik utzi bezain laster desagertzen dira gainera; beste amets eragileen ondorioek, aldiz, ordutan eta ordutan jarraitzen dute.

        »Zer sentitzen den ahalik eta zehatzen analizatzen ahaleginduko naiz. Baina ez da gauza erraza, hain baitira sotilak, ia atzeman ezinak, sentsazio horiek.

        »Neuralgia bortitzez jota nengoela probatu dut nik erremedio hori, eta geroztik gehiegitxo erabili izan dut beharbada.

        »Berebiziko mina nuen buruan eta lepoan, eta ezin eramanezko beroa azalean, sukar urduritasuna. Eter botila handi bat hartu, eta etzanik, handik geldiro arnasa hartzen hasi nintzen.

        »Minutu batzuen buruan halako murmurio zehazgabe bat iruditu zitzaidan entzutea, gero burrunba gisako bat bilakatu zen, eta nire gorputz barru guztia arindu egiten zitzaidala iruditzen zitzaidan, haizea bezain arin, lurrindu egiten zitzaidala.

        »Gero arimaren zurruntasun moduko bat izan zen, halako ongizate lozorrozko bat, minak aldegin gabe bazen ere, ez zen min nekagarria, ordea. Onez eramatea deliberatzen den sufrimendu horietako bat zen, eta ez gure gorputz osoak estiratan bezala kontra protesta egin ohi duen eten beharreko sufrikario horiek.

        »Bularrean nuen hustasun sentsazio berezi zoragarri hori gorputz ataletara zabaldu zen berehalaxe, eta arin-arin bilakatu zitzaizkidan haiek ere, haragia eta hezurrak urtu eta azala besterik geratu ez balitzait bezala, bizitzearen gozotasuna, ongizate horretan etzanda egotearena, sentitzeko behar nuen azala alegia. Ez nintzela sufritzen ari, konturatu nintzen. Oinazea joana zen, urtua, lurrindua hura ere. Eta hotsak entzun nituen, lau ahots, bi elkarrizketa, hitzetatik ezer ulertzen ez nuela. Behin hots zehazgabeak ziren, hurrena hitz bat atzematen nuen. Baina berehalaxe ohartu nintzen nire belarrietako burrunba handitua baizik ez zela hura. Ez nengoen lotan, itzarrik nengoen; zehaztasun, sakontasun, ahalmen berebiziko batez eta nire adimen ahalmenak hamar bider ahaltsuagoak bilakatu izanak zekarkidan mozkor bitxi batez ulertzen nuen, sentitzen nuen, arrazoitzen nuen.

        »Ez zen ametsa, haxixarekin bezala, ez ziren halako ikus-pen gaixo samarrak, opioarekin bezala; arrazonamenduaren zorroztasun miragarrizko bat baizik, bizitzako gauzak ikusteko, epaitzeko, estimatzeko modu berri bat, eta egiazko modua horixe zelako ziurtasunarekin, kontzientzia bete-betearekin gainera.

        »Eta Eskriturako irudi zaharra etorri zitzaidan bat-batean gogora. Jakintzaren arbolatik jan nuela iruditzen zitzaidan, misterio guztiak argitzen zirela, hainbesteraino aurkitzen bainintzen logika berri, bitxi, gezurta ezin baten mende. Eta mordoka etortzen zitzaizkidan argudioak, arrazonamenduak, frogak, berehalaxe indar handiagoko beste argudio, arrazonamendu, froga batek itzulikatzen zituenak. Nire burua ideien borroka leku bihurtua zen. Izakari goragoko bat bilakatua nintzen, mendera ezinezko adimen batez armatua, eta zoramenezko gozamena sentitzen nuen neure ahalmena frogatuta...

        »Luzaro iraun zuen horrek, luzaro. Nire eter botilaren zulotik hartzen nuen arnasa oraindik ere. Halako batean hutsik zegoela ohartu nintzen. Eta beldurgarrizko damua sentitu nuen».

        Lau gizonek batera eskatu zioten:

        — Mediku jauna, ekarri bizkor litro bete eter eskatzeko errezeta!

        Medikuak ordea kapelua jantzi eta erantzun zien:

        — Ez horixe; zoazte beste batengana pozoitu nahi baduzue!

        Eta irten egin zen.

        Jaun-andreak, bihotzak hala eskatzen badizue?

 

(1882ko uztailaren 8an)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia