Magnetismoa

 

        Gizonezkoen arteko afari baten ondoren zen, zigarro puru azkengabeen eta basotxo etengabeen orduan, ketan eta txegosteen moteltasun beroan, hainbeste janari eta likore irentsi eta nahasien ondoko buruen nahasmendu arin horretan.

        Magnetismoaren gaia atera zen, Donatoren trikimailuak eta Charcot doktorearen esperientziak. Bat-batean gizaseme eszeptiko haiek, txeratsuak, inolako erlijiok axola ez zienak, gertaera bitxiak hasi ziren kontatzen, historia sinestezinezkoak baina gertatuak, esaten zuten, eta superstiziozko sinesteetan erortzen ziren berriro, gauza miresgarrien azkeneko hondar hartaraxe atxikitzen ziren, magnetismoaren misterio horren deboto bilakaturik, zientziaren izenean defendatuz.

        Bat bakarrik zegoen irribarrez, mutil sendo bat, neskazale eta andre-ehiztari amorratua, hain finko baitzuen gauza orotarako sinesgogortasuna non ez baitzuen eztabaidarik onartzen. Trufaz errepikatzen zuen behin eta berriro:

        — Berriketak, berriketak, berriketak! Ez dugu eztabaidatuko Donatoz, trikimailu egile bizkor bat baizik ez baita. Charcot jauna, berriz, halako jakintsu handia omen den hori, Edgar Poeren gisako kontu kontalaria iruditzen zait, eromen kasu bitxiez gogoeta eta gogoeta horiek berek erotua. Zer diren oraindik azaldu gabe dauden eta oraindik azaldu ez diren gertaera psikikoak aurkitu ditu, egunero aztertzen den mundu ezezagun horretan dabil, eta, ikusten dituenak betiere ulertu ezin dituenez, gehiegitxo gogoratzen da beharbada misterioen gainean elizan ematen diren azalpenez. Eta neuk entzun nahi nioke gainera hitz egiten, gerta baitaiteke zuek errepikatzen dituzuen horien oso bestelakoa izatea hark esana.

        Halako erruki mugimendu moduko bat izan zen sinesgogor haren inguruan, fraide biltzar batean biraoren bat bota izan balu bezala.

        Jaun haietako batek oihu egin zion.

        — Izan ziren, bada, mirariak behinola.

        Besteak, ordea, erantzun zion:

        — Nik ukatu egiten dut hori. Zergatik ez da, bada, miraririk gehiago?

        Orduan bakoitzak gertaera bat aipatu zuen, fantasiazko aurresentipenak, oso urrutitik arimen artean komunikazioak izandakoak, izaki batek beste batengan ezkutuko eragina izandakoak. Eta zalantzan jarri ezinezko aitortzen ziren, deklaratzen ziren gertaera haiek, ukatzaile tematiak, ordea, behin eta berriro «berriketak! berriketak!» errepikatzen zuela.

        Azkenean jaiki, bota bere zigarroa, eta eskuak patrikan zituela:

        — Begira, kontatuko dizuet neuk ere historia pare bat, eta gero azalduko dizkizuet zer eta nolakoak. Hona bada:

        — Entretat-eko herrian gizonezkoak, marinelak baitira denak, Ternuako arrantzutara joaten dira neguan denak, bakailaotara. Non, ordea, gau batez marinel haietako baten semea esnatzen den kolpetik oihuka esanez «aitta itsasoan hil zela». Lasaitu zuten muttikoa, baina berriro esnatu zen oihuka «aitta itto». Handik hilabetera jakin zen, baietz, aita hilik zela, itsas kolpe batek ontziaren zubitik eramanda. Alarguna haurraren ametsez gogoratu zen. Miraria zela aldarrikatu zen, jende guztia emozioak hartu zuen, datak alderatu ziren, eta ezbeharra eta ametsak bateratsu izanak zirela ikusi zen: eta hortik atera zen gau berean eta ordu berean gertatuak zirela biak. Eta horra magnetismo mirari bat non.

        Kontalaria isildu egin zen. Entzuleetako batek, orduan, guztiz emozionaturik, galdetu zion:

        — Eta ba al dakizu hori nola den azaltzen?

        — Bai erraz, jauna, aurkitu dut ezkutuko sekretua. Gertaera horrek harritu ninduen, eta biziki kezkatu ere; nik, ordea, ikusten duzue, printzipioz ez dut sinesten. Beste batzuek sinestetik hasten diren bezala, ni neu zalantza egitetik hasten naiz; eta ezer ulertzen ez dudanean ere, orduan ere ukatu egiten dut arimen artean komunikazio telepatikorik badenik, horretarako neure suma aski dudala ziur bainago. Horrela bada, bila, bila eta bila aritu nintzen, eta kanpoan ziren marinelen emazte guztiei galdetuaren galdetuz azkenean konbentziturik geratu nintzen ez zirela zortzi egun joaten haietakoren batek, edo seme edo alabaren batek ametsetan ikusi eta esan gabe: «aitta itsasoan hil da». Ezbehar horren etengabeko beldur izugarriak eragiten die etengabe horretaz hitz egitea eta horretan pentsatzea. Horregatik bada, hain sarri egiten diren iragarpen horietakoren bat, halabehar soilez, betetzen baldin bada eta heriotzaren batekin batera gertatzen bada, miraria aldarrikatzen da ber-bertatik, bertatik ahazten baitira bete ez diren gainerako amets guztiak, iragarpen guztiak, zorigaitzaren profezia guztiak. Berrogeita hamarretik gora baditut jasoak, amets egileek handik zortzi egunetara gogoratu ere egiten ez zituztenak. Baina gizona egiaz hil izan balitz, orduan bertatik iratzarriko zatekeen oroimena, eta Jainkoaren eskua goraipatuko zen batzuen ustez, magnetismoa besteenez.

        Erretzaileetako batek esan zuen:

        — Nahikoa zuzena da, zuk diozuna, baina ea zer duzun bigarren historia hori.

        — Ai! Kontuz-kontuz kontatzekoa baita nire bigarren historia. Neuri gertatua da eta ez naiz oso-oso fio neure iritziaz. Ezin baita inoiz berdin izan epaile eta epaitu. Hona, bada, historia:

        Banuen nik neure mundu harremanetako jendartean emakume gazte bat, sekula hartan pentsatzen ez nuena, sekula arreta-arretaz begiratu ere ez niona, sekula bereziki begiratu gabea, esan ohi denez.

        Ezdeusetakoen artean neukan sailkaturik, nahiz eta itsusia ere izan ez; begiak, sudurra, ahoa, ilea, beste edonork bezalakoak zituela iruditzen zitzaidan, halako aurpegiera hits bat, hitz batean; ustekabez baizik gogoratzen ez zaizun izakari horietako bat zen, gogoa hartan ezin pausatu zaizuna, desira inola ere hartaratzen ez zaizuna.

        Gau batez, bada, ohera aurretik nire sutondoan gutunak idazten ari nintzela, non sentitzen dudan, luma airean duzula minutu batzuez ameskeriatan geratzen zarenean burmuinak laztantzen dizkizun irudi prozesio horren, ideia uholde horren erdian, hots arin bat gogoan zehar, halako bihotz zirraratxo bat, guztiz arina, eta bat-batean, pentsamendu lotura zentzuzkorik batere gabe, non ikusten dudan zehatz, ukituko banu bezalaxe ikusi, oinetatik bururaino ikusi, inolako errezelik gabe, inoiz hartan hiru segundo segidan, haren izena burutik igarotzeko behar nuen denbora, gogoan izan gabeko emakume hori. Eta ordu arte inoiz ikusi ez nion alderdi on pila bat, halako xarma gozo bat, halako ekarrai malenkoniazko bat aurkitu nizkion bat-batetik; emakume baten xerkan jartzen zaituen halako maitasun-kezka hori piztu zidan neure baitan. Baina ez nuen luzaro gogoeta egin horretaz. Oheratu nintzen, loak hartu ninduen. Eta amets egin nuen.

        Denok izango zenituzten, ezta? ezinezko ororen nagusi egiten zaituzten amets horietakoak, zabaldu ezinezko ateak, ustekabeko pozak, zabaldu ezinezko besoak zabaltzen dizkizuetenak?

        Gutako nork ez du, amets asaldatu, urduri, hasperenez bete horietan, eduki, estutu, berotu halako sentsazio zorroztasun aparteko batez, gogoa beterik zion emakumea? Eta ohartu al zarete zer nolako gozamen gizatasunaz gaindikoak ekartzen dituzten ametsaren zori on horiek! Zein mozkor erotan murgiltzen zaituzten, zer nolako espasmo sutsuz astintzen zaituzten, zer samurtasun mugagabe, laztan, sarkor sartzen dizuten bihotz barneraino, herabe eta bero-bero daukazun horrekiko errealitate bera dirudien ilusio zoragarri bortitz horretan!

        Hori guztia, dena sentitu nuen, ezin ahaztuzko bortiztasun batez sentitu ere. Emakume hori neure egin nuen, hain neure, halere, non behatzetan bainuen oraindik haren azalaren gozotasun epela, buruan oraindik haren azalaren usaina, haren musuen ahogozoa ezpainetan oraindik, haren ahotsaren hotsa belarrietan oraindik, haren besarkada estuaren eraztuna gerriaren inguruan, haren samurtasunaren xarma suharra neure osotasunean oraindik, baita iratzartze gozagarri eta desliluratzailea izan eta luzaroan ere.

        Eta hiru bider berritu zen, gau hartan berean, amets hori bera.

        Eguna iritsi zenean obsesio bihurtua nuen, bereturik nindukan, segundo bat bera ere ez bainuen igarotzen hartan pentsatu gabe.

        Azkenean, zer egin ez nekiela, jantzi eta ikustera joan nintzaion. Haren eskaileretan ikaratan nengoen hunkiturik, bihotza taupadaka ari zitzaidan: desira bizi batek betetzen ninduen oinetatik buruko ileetaraino.

        Sartu nintzen. Zut-zutik altxatu zen nire izena esaten entzun zuenean: eta finkotasun harrigarri batez gurutzatu zitzaizkigun bion begiak. Eseri nintzen.

        Funtsgabekeria batzuk totelkatu nituen, berak entzun ere egiten zituenik ez ziruditenak. Ez nekien zer esan, ez zer egin; gainera oldartu nintzaion, bi besoez heltzeko, eta hain erraz, hain eroki bete ziren nire amets guztiak non bat-bateko zalantza sartu baitzitzaidan iratzarririk ote nengoen... Bi urtez izan nuen maitale...

        — Eta zer ateratzen duzu horretatik ondorioz? —esan zuen ahots batek.

        Kontalariak bazirudien zalantzatan zegoela.

        — Ondorioz ateratzen dut... kointzidentzia dela, alafede! Nork baitaki? Zeren izan baitaiteke haren begirada bat nik erreparatu ez izana, eta, gure gogoeta ohartuak gogoan hartu gabe, gure adimenak erreparatu gabe gertatutako gauzak berriro gogorarazten dizkigun memoriaren dei misteriozko eta oharkabeko horietako bat gau hartan berriro gogora ekarria!

        — Nahi duzuna izango da —bukatu zuen solaskideetako batek—, baina horren ondoren magnetismoan sinesten ez baduzu, esker txarreko hutsa zara zu, adiskidea!

 

(1882ko apirilaren 5ean)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia