Ur gainean

 

        Joan den udan landetxetxo bat nuen alokatua Sena ibaiaren ertzean, Parisetik zenbait miliatara, eta hara joaten nintzen lotara gauero. Egun batzuen buruan auzoko bat ezagutu nuen, 30-40 urte inguruko gizaseme bat, inoiz ikusi dudan gizasemerik bitxiena inondik ere. Txalupari zahar bat zen, baina txalupari amorratua, beti uretatik hurbil, uretan beti. Txaluparen batean jaioa nonbait, eta azkeneko txalupa aldian hilko da, hil ere, ziur.

        Sena bazterrean paseatzen ari ginen batean, bere marinel bizitzako gertaera batzuk kontatzeko eskatu nion. Eta horra non nire gizon hori animatzen zaidan bat-batean, erabat aldatzen den, eta hiztun bilakatzen den, ia olerkari. Grina handi bat zerabilen bihotzean, barrua jaten ari zitzaion grina bat, eutsi ezinekoa: ibaia.

        — Ai! —esan zidan—, zenbat oroitzapen hortxe gure ondoan doala ikusten duzun ibai honetaz! Kalekumeok ez dakizue zer den ibaia. Entzun ordea, nola esaten duen arrantzale batek hitz hori. Misteriozko gauza da harentzat, gauza sakon, ezezaguna, ispilatzeen eta fantasmagorien eremua, izatez ez diren gauzak ikusten direna, gauez, ezagutzen ez diren hotsak entzuten direna, zergatik jakin gabe dardara egiten duzuna, hilerri batetik igarotzean bezala: hura baita, izan ere, hilerrietan makurrena, inork ez baitu han hilobirik.

        Lurra mugatuta dago arrantzalearentzat, eta ilunpean, ilargirik ez denean, ibaiak mugarik ez du. Itsasoko marinelak ez du horrelako gauzarik sentitzen itsasoari buruz. Itsasoa gogorra eta gaiztoa izaten da askotan, egia, baina oihu egiten du, garrasi egiten du, leiala da-eta itsaso handia; ibaia ordea, isila da eta maltzurra. Ez du errieta egiten, zaratarik gabe joaten da jarioan, eta jarioan doan uraren mugimendu amaigabe horixe Ozeanoko olatu handiak baino beldurgarriagoa da niretzat.

        Ameslariek sinetsi nahi izaten dute itsasoak sekulako lurralde urdinkarak dituela bere magalean, eta itotakoak arrain handien artean ibiltzen direla han, oihan bitxien artean kristalezko haitzuloetan. Ibaiak basatan usteltzen zaren osin beltzak baizik ez ditu. Baina ederra da goizeko eguzkitan distira egiten duenean eta ihi xuxurlariez estalita dauden ibai ertzetan plisti-plasta ari denean.

        Olerkariak honela esan zuen ibaiaz ari zela:

 

                Itsasoko urak, zuek bai ezagutzen historia makurrak!

                Ur sakon, ama belaunikatuen izu eragileak,

                goralditan kontatzen dizkiezuenak

                Horrexek ematen dizkizue gauez,

                zatozkigunean, dituzuen dei etsiak.

 

        Bada, nik badut ustea ihi meheek beren ahots apal hain gozo horiez xuxurlatzen dituzten historiak makurragoak direla oraindik olatuen urrumak kontatzen dituenak baino.

        Baina nire oroitzapen batzuk kontatzeko eskatzen didazunez, orain dela hamar urte-edo hementxe gertatu zitzaidan abentura bat kontatuko dizut.

        Gaur egun bezalaxe, andre Lafonen etxean bizi nintzen, eta nire lagunik onenetako bat, Louis Bernet, orain txaluparitza eta hark dituen ponpeziak eta pildak alde batera utzi, eta Estatu Kontseiluan sartua dena, C... herrian kokatua zen, milia pare bat beherago. Elkarrekin afaltzen genuen egunero, batzuetan harenean, beste batzuetan gurean.

        Gau batez, bakarrik eta aski nekatuta nentorrela, nire ontzi handia, hamabi oineko océan bat, gauez beti erabiltzen nuena, neke handiz nekarrela, segundo batzuk geratu nintzen arnasa hartzeko ihien muturretik gertu, hantxe, burdinbideko zubia baino berrehunen bat metro lehenago. Sekulako eguraldia zegoen; ilargiak distira egiten zuen, ibaiak dizdiz, aire guztia bare eta gozo zegoen. Sosegu horrek tentatu ninduen; leku hartan pipakada bat erretzea gauza ederra izango zela iruditu zitzaidan. Gogoetak ekitea ekarri zuen; aingura hartu eta ibaira bota nuen.

        Txalupak, ur lasterrarekin berriro beherantz baitzihoan, katea muturreraino jaregin, eta gelditu egin zen; atzealdean eseri nintzen, nire ardi larruaren gainean, ahal nuen erosoena. Ezer ez zen entzuten, ezer ez: aldian-aldian urak ibai bazterraren kontra jotzean egindako plastada ia entzun ezinezkoa iruditzen zitzaidan, eta ihi multzo garaixeago batzuk ikusten nituen itxura harrigarriak hartzen eta aldian behin astindu egiten zirela ziruditenak.

        Ibaia lasai-lasai zegoen; niri ordea, zirrara eragiten zidan inguratzen ninduen isiltasun berebiziko hark. Piztia guztiak, igelak, apoak, zingiretako kantari gautar horiek guztiak, isilik zeuden denak. Horretan, ordea, nire eskuinetara, ondo-ondoan, igel batek klon egin zuen. Ikaratu egin nintzen: isildu zen; ez nuen beste ezer entzun, eta pixka bat pipatzea deliberatu nuen, arreta bestetaratzeko; hala ere ordea, ni pipa erretzaile ezagutua izanagatik, ezin izan nuen, bigarren pipaldirako zorabioak eman zidan, eta utzi egin nuen. Kantularrean hasi nintzen; nire ahotsaren hotsa nekagarri gertatzen zitzaidan; txalupa barrenean etzan nintzen beraz eta zerura begira geratu nintzen. Alditxo batez lasai egon nintzen, baina berehalaxe ontziaren mugimendu arinek kezkatu ninduten. Sekulako balantzak egiten zituela iruditu zitzaidan, ibaiaren bazter biak joz, behin bata behin bestea; gero ikusezinezko indar batek ur hondoraino tiratzen ziola geldiro, eta gero bat-batean jaso egiten zuela, berriro erortzen uzteko. Ekaitz baten erdi-erdian bezala astintzen ninduten, inguruan hotsak entzun nituen, jauzi batez zutitu nintzen: urak distira egiten zuen, dena bare zegoen.

        Nerbioak nahasi samar nituela konturatu nintzen eta handik alde egitea erabaki nuen. Kateari tira egin nion; txalupa mugitzen hasi zen, eta handik pixka batera zerbaitek eusten ziola konturatu nintzen, indar gehiagoz tiratu nion, aingura ez zen etorri, zerbaiti kateatua zen ur azpian, eta ezin nuen jaso; berriro hasi nintzen tiraka, alferrik ordea. Orduan, arraunak hartu, txalupa itzularazi eta ibaiari goiti jarri nuen, ainguraren posizioa aldatzeko. Alferrik izan zen, kateatuta jarraitzen zuen; haserreak hartu ninduen eta amorruz astindu nuen katea. Zirkinik ere ez. Etsita eseri eta egoera hartaz pentsatzen hasi nintzen. Ezin nuen ametsik ere egin katea hura eten nezakeenik, eta ontzitik askatu ahal izango nuenik ere, sekulako katea baitzen eta nire besoa baino egur lodiago batetik baitzegoen brankatik lotuta; baina oraindik ere oso eguraldi ona zegoenez, luze baino lehen arrantzaleren bat topatuko nuela iruditu zitzaidan, eta lagunduko zidala. Ustekabe hark guztiak baretu egin ninduen; eseri, eta azkenean nire pipa erre ahal izan nuen. Banuen ron botila bat ere, bizpahiru baso edan nituen hartatik, eta nire egoerak barre eragin zidan. Bero egiten zuen oso, eta, besterik ez bazen, gaua izarpean ezin igarorik ere ez nuen, kalte handirik gabe.

        Horretan, kolpetxo bat entzun zen txalupa saihetsaren kontra. Asaldatu nintzen, eta izerdi hotz batek izoztu ninduen oinetatik bururaino. Ur lasterrak ekarritako egur puskaren batek egina zen, inondik ere, hots hura, baina huraxe nahikoa, eta urduritasunezko ezinegon bitxi batek hartu ninduen berriro. Kateari heldu eta ahalegin guztian tiratu nion eten beharrean. Aingurak gogor eutsi zion. Akiturik eseri nintzen berriro.

        Bien bitartean, laino zuri lodi-lodi batez estali zen ibaia; ur kontra-kontra herrestatzen zen; zutituz gero ez nuen ez ibaia, ez nire oinak, ez txalupa ikusten, ihien puntak baizik ez nituen ikusten, eta gero, urrutiago, ilargiaren argiak eratzen zuen ordeka zurbila, aldika-aldika zeruraino igotzen ziren makal multzoen orban beltzekin. Halako zuritasun berezi batezko kotoi geruza batean gerriraino murgildurik bezala nengoen, eta ametsezko irudipenak bururatzen zitzaizkidan. Norbaitek nire txalupara igo nahi zuela hasten nintzen pentsatzen, eta ezin nuela ikusi, eta ibaia, laino itsu hark ezkutatzen zidana, nire inguruan igerian zebilzkidan izaki bitxiz beterik zegokeela. Izugarrizko ondoeza sentitzen nuen; lokiak estuturik nituen, bihotza ito beharrean zebilkidan taupadaka; eta burua galdurik, igerian ihes egitea bururatu zitzaidan; gero ideia horrek izumenez ikara eragin zidan. Galdurik laino lodi hartan noraezean nindoala ikusi nuen neure burua, aurretik kendu ezin nituen belarren eta ihien artean indarka, beldurrez zotinka, ibai ertza ikusi ezinda, txalupa aurkitzen ez nuela, eta zerbaitek hanketatik ur beltz haren hondorantz tira egiten zidala iruditzen zitzaidan.

        Hain zuzen ere, gutxienez bostehunen bat metro egin beharko nituen ibaian goiti, oina hartu ahal izateko belarrik edo ihirik ez zen lekuren bat aurkitzeko; hala hamarretik bederatzi aukera bazegoen laino hartan biderik ez aurkitzeko eta bertan itotzeko, oso igerilari ona izanagatik.

        Zentzuz arrazoitzen ahalegindu nintzen. Beldurrik ez izateko gogo sendoa nuela banekien, baina bazen zerbait nire baitan borondatea ez zena, eta beste zer horrek beldurra zuen. Zeren beldur izan nintekeen galdegiten nion neure buruari; nire ni ausartak barre egiten zion nire ni beldurtiari, eta inoiz ez dut egun hartan bezala sumatu gure baitan ditugun bi izakari horien arteko kontrakotasuna, batek baietz, nahi zuela, besteak ezetz, aurka eginez, aurrena bat, hurrena bestea, gailentzen zirela.

        Ikara ergel eta zergatik gabe hura handituz eta handituz zihoakidan, eta izu laborria bilakatu zitzaidan. Mugi ezinik nengoen, begiak zabalik, belarria adi, zain. Zeren zain? Zer nekien nik, baina gauza izugarrizkoren bat behar zuen izan. Arrain bati uretatik kanpora jauzi egitea otu izan balitzaio, sarritan gertatu ohi den bezala, besterik ez litzateke beharko, nik uste, bertan zerraldo eror nendin, konortea galdurik.

        Hala eta guztiz ere, ahalegin handi bat eginik, berriro itzuli-edo nintzen ia alde egiten ari zitzaidan zentzu onera. Nire ron botilari heldu berriro, eta zanga-zanga edan nuen. Halaxe, ideia bat bururatu zitzaidan, eta ekinahalean hasi nintzen oihuka lau haizetara. Eztarria erabat ezindu zitzaidanean, entzuten geratu nintzen. Zakur bat zaunka ari zen, oso urruti.

        Berriro gehiago edan, eta naizen bezain luze etzan nintzen ontzi barrenean. Ordubete, bi ordu beharbada, egon nintzen horrela, lorik egin gabe, begiak zabalik, inguruan amesgaiztoak zebilzkidala. Ez nintzen ausartzen jaikitzera, eta nahi, nahi nuen, gogotik halere; minutu bat, eta gero beste bat, atzeratzen nuen, ordea. Neure buruari esaten nion: «Ea, jaiki hadi!», eta mugitzeko ere beldur nintzen. Jaiki nintzen azkenean, kontuz baina kontuz, ezeren zaratarik egiten banuen hartan bizitza balihoakit bezala, eta karel gainetik begiratu nuen.

        Ikus daitekeen ikuskaririk zoragarrien, harrigarrienak txunditurik geratu nintzen. Maitagarrien lurraldeetako fantasmagoria horietako bat zen, oso urrutiko lurraldeetatik datozen bidaiariek kontatzen dizkiguten eta guk entzun eta sinesten ez dizkiegun ikuskizun horietako bat.

        Bi ordu lehenago ur gainean zabaldurik zegoen lainoa ibai bazterretara atzeratua eta bildua zen poliki-poliki. Ibaia erabat libre utzirik, bazter bakoitzean hegi etenik gabe bat zuen eratua, sei-zazpi bat metro garai, ilargiaren argitara elurraren distira bikainaz distiratzen zuela. Era horretara ibai suz jantzi hau baizik ez zen ikusten bi mendi zuri haien artean; eta han goian, nire buru gainean, ilargi handi, bete, zabal bat hedatzen zen, zeru urdinkara esnezko baten erdian argi ematen.

        Uretako piztia guztiak esnatuak ziren; igelak amorru batean ari ziren korroka, eta aldika-aldika, behin ezkerretatik hurrena eskuinetik, apoen ahots kobrezkoak izarretara jaurtitzen duen nota labur, beti berdin, triste hori entzuten nuen. Harritzekoa, ez nuen beldurrik gehiago; hain paisaje bereziaren erdian nengoen, egon ere, non gauzarik berezienek ere ez baininduketen harrituko.

        Zenbat denbora iraun zuen horrek, ez dakit batere, azkenerako lozorroan sartua bainintzen. Berriro begiak zabaldu nituenerako ilargia ezkutatua zen, eta hodeiez beteta zegoen zerua. Urak plisti-plasta hitsean ziharduen, haizeak jotzen zuen, hotz egiten zuen, iluntasuna sakona zen.

        Geratzen zitzaidan rona edan nuen, gero dardaraz egon nintzen ihiek elkar igurztean ateratzen zuten hotsa eta ibaiaren zarata makurra entzuten. Zerbait ikusten ahalegindu nintzen, baina ezin nuen neure ontzia ere ikusi, ezta eskuak ere, begietaraino hurbildu arren.

        Poliki-poliki, hala ere, ilunaren loditasuna mehetuz joan zen. Horretan nire ondotik zerbaiten irudia igarotzen zela iruditu zitzaidan, oihu bat egin nuen, ahots batek erantzun zidan, arrantzale bat zen. Deitu nion, hurbildu zen, eta nire zorigaitza kontatu nion. Orduan bere ontzia nirearen karelez karel jarri zuen, eta kateatik tiraka ekin genion biok. Aingura ez zen mugitu ere egin. Bazetorren eguna, ilun, gris, euritsu, hotz, tristurak eta ezbeharrak ekartzen dizkiguten egun horietako bat. Beste txalupa bat ikustatu nuen, deitu egin genion. Hartan zihoan gizonak ere gurekin batera ekin zion, orduan aingura mugitzen hasi zen poliki-poliki. Bazetorren gora, baina poliki, poliki, karga astunen batez kargaturik. Azkenik multzo beltz bat ikusi genuen, eta nire karel kontrara erakarri genuen:

        Andre zahar baten gorpua zen, lepotik harri handi bat zuela.

 

(1881?)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia