Héraclius Gloss doktorea

 

 

I

Zer zen, moralez,

Héraclius Gloss doktorea

 

        Gizon jakintsua zen, zinez, Héraclius Gloss doktorea. Hark sinatutako liburuxka txikienik ere hiriko liburutegietan inoiz agertu ez zen arren, Balançon hiri eskolatuko biztanle guztiek begiratzen zioten Héraclius doktoreari oso gizon jakintsu bezala.

        Nola eta zertan zen doktore? Ezin inork esango zukeen. Haren aitari eta aitonari ere beren hirikideek doktore deitzen zietela, ez zekiten besterik. Deiturarekin eta ondasunekin batera hartu zuen herentzian haien titulua ere; haren familian doktore ziren aitaren ondoren semeak, aitaren ondoren semeak Héraclius Gloss deitzen ziren bezalaxe.

        Hortik aparte, fakultate ospetsuren bateko kide guztiek sinatu eta kontrasinatutako inolako diplomarik ez bazuen ere, horrek ez zion kentzen, horrenbestez, oso gizon duina eta jakintsua izatea. Aski zen haren bulego zabaleko lau hormak estaltzen zituzten berrogei apal liburuz kargatuak ikustea, erabat konbentzitzeko hura baino gizon jakintsuagorik ez zela inoiz izan Balançoneko hiriaren ohoragarri. Bada, haren konturik Dekano jaunaren edo Errektore jaunaren aurrean aipatzen zen bakoitzeko, halako misterio irribarre bat ikusten zitzaien beti. Esan izan da, gainera, egun batez Errektore jaunak goraipamen handia egin zuela hartaz latinez Artzapezpiku jaunaren aurrean; hori kontatzen zuen lekukoak ezin arbuiatuzko frogatzat aipatu ohi zituen, gainera, latinez entzun zituen hitz apurrok:

        «Parturiunt montes, nascitur ridiculus mus».

        Dekano jaunak eta Errektore jaunak haren etxean afaltzen zuten, gainera, igandero; inork ez zukeen zalantzatan jarriko, beraz, oso gizon jakintsua zenik Héraclius Gloss doktorea.

 

 

II

Zer zen, gorpuzkeraz,

Héraclius Gloss doktorea

 

        Egia baldin bada, filosofo batzuek nahi duten bezala, harmonia bete-betea dagoela gizon baten moralaren eta gorpuzkeraren artean, eta egia bada aurpegiko marretan izaeraren nondik norakoak irakur daitezkeela, Héraclius doktorea ez zen horrelakorik gezurtatzeko egina. Ttikia, bizia eta urduria zen. Bazuen zerbait arratoiarenik, ipurtatsarenik eta zakur lasaiarenik, bilatzaileen, marruskatzaileen, ehiztarien eta nekaezinen familiakoa zela, alegia. Hura ikusita ezin sinets zitekeen hark ikasitako dotrina guztiak horren buru txikian sar zitezkeenik, bestela baizik, bati iruditzen zitzaion hark behar zuela sartu zientzian barrena, eta hantxe bizi, arratoi bat liburu lodi batean bezala barrenetik marruskatzen. Bere harrigarrizko mehetasuna zuen batez ere gauza bereziena; haren lagun dekanoak esan ohi zuen, eta ez arrazoi gutxirekin agian, in-folio baten orrien artean mende batzuetan ahazturik utzia izan behar zuela, nonbait, arrosa baten eta bioleta baten ondoan, oso pinpirin eta urrindu ibiltzen baitzen beti. Bere aurpegia, hala ere, hain zuen bizarra mozteko labanaren gisakoa, non urrezko betaurrekoen kirtenek, lokietatik kanpora arras irtenik, itsasontzi baten mastan bela hagak bezalakoxe itxura egiten baitzioten. «Héraclius doktore jakintsua izan ez balitz —esan ohi zuen inoiz Balançoneko fakultateko Errektore jaunak—, aizto bikaina zatekeen papera mozteko». Ileordea erabiltzen zuen, oso zainduta janzten zen, ez zen inoiz gaixo, animalien zale zen, ez zion gorrotorik jendeari, eta galeper txitxiburduntzien zale amorratua zen.

 

 

III

Zertan ematen zituen

Héraclius Gloss doktoreak

eguneko hamabi orduak

 

        Ez al zen doktorea jaikitzen, xaboiz garbitzen, bizarra mozten eta bainila txokolatezko katilu batean bustitako ogi gurinez igurtzi batez betetzen, bere lorategira jaisten zen. Ez oso lorategi zabala, txikia baizik, hiri barrukoak ohi diren bezala, baina bai atsegina, itzaltsua, loretsua, isila, gogoetatsua esango nuke nik, ausartuko banintz. Aski bedi pentsatzea zer izan behar duen egiaren bila dabilen filosofo baten lorategiak, eta ez da oso-oso urruti egongo Héraclius Gloss doktoreak bigarren gosariko galeper txitxiburduntziei ekin aurretik hiruzpalau bider pauso arinez itzulia ematen zion hura ezagutzetik. Ariketatxo hori, esan ohi zuen, apartekoa zen ohetik jaikitzean; odolaren zirkulazioa bizkortzen zuen, lozorroturik egoten baitzen loarengatik, burmuineko haizeak uxatzen zituen eta txegosbideak prestatzen.

        Horren guztiaren ondoren bazkaldu egiten zuen doktoreak. Gero, kafea harturik, eta trago batetik edaten zuen, mahaian hasitako txegosketak ekarri ohi duen lozorroari inoiz amore eman gabe, bere redingote handia jantzi eta alde egiten zuen. Eta egunero-egunero, fakultate aurretik igaro eta bere Luis XV patrikako erlojuaren ordua unibertsitateko ordulariaren biribil goitituarenarekin alderatu ondoren, Uso Zaharren karrikan barrena ezkutatzen zen, eta afaritara itzultzeko baizik ez zen ateratzen handik.

        Zer egiten zuen Héraclius Gloss doktoreak Uso Zaharren karrikan? Zer egiten zuen han, ai Jauna!... egia filosofikoa zuen bilatzen, hona nola.

        Karrikatxo ilun zikin horretan elkartuak ziren Balançoneko liburu zaharren saltzaile guztiak. Urteak beharko ziratekeen Uso Zaharren karrika osatzen zuten berrogeita hamar etxekondoetan sototik ganbararaino pilatutako uste ez izateko obra guztien tituluak baizik ez irakurtzeko.

        Héraclius Gloss doktoreak bere jabegoa balitu bezala begiratzen zien karrika hari, etxe haiei, liburu saltzaileei eta liburuei.

        Sarritan gertatua zen edozein gauzaren saltzaile haietakoren batek, lotarako unean, hotsen bat entzun izana ganbaran, eta otsoaren pausoz, antzinako ezpatatzar handiren batez armatuta, hara igorik, zer aurkituko, eta Héraclius Gloss doktorea aurkitu, gorputz erdiraino liburu zahar pilatan ezkutaturik, esku batean behatz artean urtzen ariko zitzaion kandela mutur bat zuela, eta besteaz antzinako eskuizkriburen baten orriak pasatzen, handik agian egia erneko ote zitzaion ustez. Eta harritzen zen doktore gaixoa, jakinik dorreko ezkilak aspaldi joak zituela bederatziak, eta afari nazkagarriren bat jan beharko zuela.

        Zinez serio bilatzen baitzuen Héraclius doktoreak! Sakon-sakonetik ezagutzen zituen antzinako filosofiak eta filosofia moderno guztiak; aztertuak zituen Indiako sektak eta Afrikako beltzen erlijioak; Iparraldeko barbaroen artean edo Hegoaldeko basa herrien artean ez zen jende multzo txikienik, hark haien sinesteak aztertu gabe zituenik! Horra! Horra, ordea! zenbat eta gehiago ikasi, bilatu, barrendu, gogoeta egin, orduan eta handiago zalantza:

        — Adiskidea —esan zion arrats batez Errektore jaunari—, zenbatez ez ote dira gu baino zoriontsuago itsasoan barrena mundu berri baten bila abiatzen diren kolonoak; aurrera jarraitu baizik ez dute. Aurkitzen dituzten nekeak gizon kementsuak beti gainditzen dituen oztopo materialek eraginak baizik ez dira; guk, berriz, ezbaizko itsasoak amaigabe astintzen gaituelarik, hipotesi batek, itsasontzia ipar haizeak bezala, kolpetik bere aldera eramanik, bertatik topatzen dugu, kontrako haizea nola, kontrako doktrina bat, esperantzarik batere gabe, irtenak ginen portura berriro itzultzen gaituena.

        Gau batez Dekano jaunarekin filosofatzen ari zela, esan zion:

        — Bai arrazoia, adiskidea, egia putzu batean bizi dela esaten denean... Etengabe jaisten dira ontziak, noiz harrapatuko, eta ur xahua baizik ez dute ekartzen... Zeuk asmatu, jarraitu zuen sotil, nola idazten dudan nik Sots hitza.

        Horixe da hari inoiz entzun zaion hitz joko bakarra.

 

 

IV

Zertan ematen zituen

Héraclius Gloss doktoreak

gaueko hamabi orduak

 

        Héraclius doktorea arratsean etxeratzen zenean etxetik irtendakoan baino askoz ere gizenago itzuli ohi zen ia beti. Hain zuzen ere, haren patrika bakoitza, eta bazituen hemezortzi, gainezka ekartzen baitzuen Uso Zaharren karrikan erositako filosofiako liburu zaharrez; eta errektore irrizaleak zioenez, une horretan kimikalariren batek analizatu izan balu, doktorearen osaeraren bi herenak paper zaharrak hartzen zituela aurkituko omen zuen.

        Zazpietan Héraclius Gloss doktorea mahaira esertzen zen, eta jaten ari zen bitartean, erosi berriak zituen liburu zaharrak arakatzen zituen.

        Zortzi eta erdietan maisuaren gisan jaikitzen zen, ez zen egunean zehar izandako gizontxo erne alaia, bekokia, zamalaria zama astunegiaren mende bezala, gogoeta goratuen pisuaren mende zimurtzen zaion pentsalari benazkoa baizik. Bere neskameari «ez nago inorentzat» maiestatezko bat bota ondoren, bere langelan desagertzen zen. Behin hara sartuta, lanerako mahai liburuz mukuru zuenean eseri eta... amets egiten zuen. Zer ikuskari bitxia orduantxe inork doktorearen pentsamendu barrua ikusi ahal izango balu!... Jainkorik bateratu ezinenen eta sinesterik zentzugabeenen jarraigo munstrozkoa, dotrina eta hipotesien elkar gurutzatze fantasiazkoa. Filosofia guztietako aitzindariek lehiaketa erraldoi batean elkarrekin talka egiten zuten gudu leku bat bezala zen hura. Doktoreak batean biltzen, konbinatzen, nahasten zituen Ekialdeko espiritualismo zaharra alemaniar materialismoarekin, Apostoluen morala Epikurorenarekin. Laboratorioan konbinaketa kimikoak nola, halaxe ahalegintzen zen dotrina konbinaketak egiten, baina ez zuen inoiz azalean hain desiratua zuen egia borborka ikusten, eta, bere adiskide on errektore jaunak zioenez, etengabe bila ari zen egia filosofiko horrek antz handia zuen talka-harri filosofalarena...

        Gauerdian doktorea lotara joaten zen, eta haren lotako ametsak iratzar aldiko berberak ziren.

 

 

V

Nola Dekanoak eklektizismoan

zituen esperantza guztiak,

doktoreak errebelazioan eta

Errektore jaunak dijestioan

 

        Dekano jauna, Errektore jauna eta bera bere bulego zabalean bilduta zeuden gau batean, guztiz eztabaida interesgarria izan zuten hiruren artean.

        — Adiskidea —esaten zuen dekanoak—, eklektikoa eta epikurotarra behar da izan. Aukera ezazu on dena, egotz gaitz dena. Lur guztian zehar hedatzen den lorategi zabal bat da filosofia. Bil itzazu Sortaldeko lore distiratsuak, Iparreko loratze zurbilak, belardietako bioletak eta lorategietako arrosak, egizu sorta bat guztiez, eta usain egizu, haren urrina amets ere egin daitekeen gozoena ez bada, oso atsegina izango da behintzat, eta lore bakarrarena baino —munduko lorerik usaintsuena izanda ere— mila bider eztiagoa.

        — Askotarikoagoa, zalantzarik ez da —hasi zen doktorea—, baina eztiena ez, beste lore guztien usainak bere baitan biltzen eta bateratzen dituen lorea inoiz aurkitzen baduzu. Zeren zure sorta horretan ezin eragotziko duzu usain batzuek beste batzuei kalte egitea, eta, filosofian ere, sineste batzuek besteen kontrako izatea. Egia bat bakarra da — eta zure eklektizismo horrekin zatikako, puskakako egia bat baizik ez duzu inoiz lortuko. Neu ere izana naiz eklektiko, orain bat bakarraren zale naiz. Nik ez dut nahi halako gutxi gorabeherako topaketa bat, egia osoa baizik. Pertsona burutsu guztiek dute, nik uste, egia horren halako aurresusmo bat, eta inoiz bidean topatzen badu «hona!» aterako zaio barrenetik. Gauza bera gertatzen da edertasunari dagokionez ere; nik neuk, adibidez, ez nuen maitasunik izan hogeita bost urte bete nituen arte; inoiz ikusi bai emakume ederrak, baina ez zidaten ezer esaten — nik begiztatzen nuen ideal hura osatzeko, gauzatxo bat hartu beharko litzateke haietako bakoitzetik, baina horrek ere zuk lehen aipatzen zenuen lore sorta horren antza izango luke, era horretara ez bailitzateke behar den edertasun osoa lortuko, bakundu ezina baita, urrea eta egia bezala. Egun batean, azkenik, emakume hori topatu nuen, bertatik nabaritu nuen hura zela, eta maitasuna hartu nion.

        Doktorea, emozio pixka batez, isildu egin zen, eta Errektore jaunak irribarretxo fin bat egin zuen Dekano jaunari begiratuz. Handik une batera aurrera jarraitu zuen Héraclius Gloss jaunak:

        — Errebelaziotik itxaron behar dugu dena. Errebelazioak argitu zuen Paulo apostolua Damaskorako bidean eta hark eman zion kristau fedea...

        — ...egiazkoa ez dena —eten zuen barrez errektoreak—, zuk ez baituzu sinesten horretan — errebelazioa ez da, beraz, eklektizismoa baino seguruago.

        — Barka, adiskidea —jarraitu zuen doktoreak—, Paulo ez zen filosofoa, gutxi gorabeherako errebelazioa izan zuen hark, haren adimena ez zatekeen gauza izango egia osoa atxikitzeko, abstraktua baita. Filosofiak, ordea, bide luzea egin du geroztik, eta edozer gauzak, liburu batek, hitz batek agian, ulertzeko aski argitua den norbaiti egia hori azaltzen dionean, bat-batetik argituko du halakoa, eta izarrak eguzkia piztearekin batera nola, halaxe ezabatuko dira haren aurrean sineskeria guztiak.

        — Amen —esan zuen erretoreak—, hurrengo egunean ordea beste pertsona argitu bat izango duzu, eta biharamun hurrengoan beste bat, eta zeinek bere errebelazioak elkarri burura jaurtiko dizkiote; gaitzerdi, halere, errebelazio horiek oso arma arriskutsuak ez diren.

        — Zuk ez duzu hortaz ezertan sinesten? —jaurti zion doktoreak, haserretzen ere hasia baitzegoen.

        — Dijestioan sinesten dut —erantzun zuen serioski errektoreak—. Nik berdin-berdin irensten ditut sineste guztiak, dogma guztiak, moral guztiak, sineskeria guztiak, hipotesi guztiak, begitazio guztiak, afari on batean ere plazer berberaz jaten ditudan bezalaxe eltzekariak, sarrerak, haragi erreak, barazkiak, gozokiak ala postrea, eta horren guztiaren ondoren guztiz filosofikoki etzaten naiz ohean, nire dijestio lasaiak gauerako lo atsegin bat eta hurrengo egunerako bizitasuna eta osasuna ekarriko dizkidalako uste oso-osoan.

        — Sinesten ez baduzu —presakatu zen dekanoa—, ez dugu aurrerago eramango konparazio hori.

        Handik ordubetera, Héraclius jakintsuarenetik ateratzen ari zirela, errektorea barrez hasi zen tupustean, esanez:

        — Doktore gaixoa! maite duen emakumea bezala azaltzen bazaio egia, hauxe dugu mundu honek inoiz ezagutu duen gizonik tronpatuena.

        Eta bere etxean sartzeko ahaleginetan ari zen mozkor bat izumenak jota erori zen dekanoaren barre ozena entzunda, errektorearen faltsete zoliari ahots baxu sakonaz lagunkari.

 

 

VI

Nola doktorearen Damaskoko bidea

Uso Zaharren karrika gertatu zen,

eta nola eskuizkribu metenpsikosista

baten itxuran argitu zuen egiak

 

        Mila zazpiehun eta ... urteko martxoaren 17an sukarrak harturik esnatu zen doktorea. Gau hartan behin eta berriro ikusi zuen ametsetan gizon zuri handi bat, antzinako modura jantzia, hatzaz bekokian jo eta ulertu ezinezko hitzak esaten zizkiona, eta amets hori guztiz oharpen esanguratsua iruditu zitzaion Héraclius jakintsuari. Zeren oharpena zen?... zertan zen esanguratsu?... doktoreak ez zekien ziur-ziur, baina zerbaiten zain zegoen nolanahi ere.

        Gosaldu ondoren Uso Zaharren karrikara joan zen, ohi zuen bezala, eta eguerdia jotzen ari zuela 31. zenbakiko etxean sartu zen, Nicolas Bricoletenean, jantzi alokatzailea bera, altzari zaharren saltzailea, bigarren eskuko liburuen saltzailea, eta antzinako oinetakoen konpontzailea, zapataria, alegia, libre zituen uneetan. Doktorea, halako inspirazio batek bultzatuko balu bezala, ganbarara igo zen zuzenean, eskua Louis XIII armairu bateko hirugarren apalera eraman eta pergaminozko eskuizkribu handi bat atera zuen handik. Hona izenburua:

 

Nire hemezortzi metenpsikosiak

Kristau aroa deituaren 184. urteAz gero izan ditudan bizitzen historia

 

        Izenburu bitxi horren ondoren, sarrera hau zekarren, Héraclius Glossek itsumustuan deszifratu zuena:

        «Nire transmigrazioen kontaera doia dakarren eskuizkribu hau Erromako hirian hasi nuen kristau aroko CLXXXIV urtean, goian esan bezala.

        »Gizakiei arimak dituen berragertzeen berri emateko azalpen hau gaurko egunez, 1748ko apirilaren 16an sinatzen dut nire patuaren gorabeherek ekarri nauten Balançoneko hiri honetan.

        »Filosofiako arazoek kezkatzen duten edozein pertsona argituk bere begiak orri hauetara begira jartzea aski izango du, bere baitan argitasunik distiragarriena piztu dakion.

        »Horretarako, hain zuzen, lerro bakan batzuetan laburtuko dut nire historiaren muina, latin pixka bat, greziera, alemana, italiera, espainiera eta frantsesa jakinez gero beherago irakurri ahal izango dena; hain zuzen ere, gizon izan naizen aldi desberdinetan herri desberdinetan bizi izan bainaiz orobat. Geroago azalduko dut nolako ideia kateatzez, zer eratako burubide psikologikoz, zer-nolako baliabide mnemoteknikoz atera ditudan, huts egiteko arriskurik gabe, ondorio metenpikosikoak.

        »184. urtean Erroman bizi nintzen eta filosofoa nintzen. Egun batean Apia bidean nenbilela agian Pitagoras aurki jaiotzekoa zen egun handi baten eguantz oraindik ere zalantzatia zatekeela bururatu zitzaidan. Une horretatik aurrera desira bat baizik ez nuen izan, helburu bat, ardura bat bakarra: nire iraganaz gogoratu. Horra, ordea, alferrik izan ziren nire ahalegin guztiak, ez nintzen ezertaz gogoratzen nire ordu arteko bizialdiez.

        »Horrela bada, egun batean nire atriumean nuen Jupiterren irudi baten oinarrian nire gaztaroan hantxe grabatu nituen marra batzuk ikusi nituen ezustean; aspaldi ahaztua nuen gertaera bat gogoratu zidaten bat-batean. Argi izpi bat bezala izan zen; eta orduantxe ohartu nintzen urte bakan batzuk, inoiz gau bat bakarra ere, aski direla oroimen bat ezabatzeko, eta horrenbestez are ahazgarriago diratekeela lehenagoko bizialdietan gertatuak, haien oroitzapenen gainetik bitarteko giza eta animalia bizialdi guztien lozorroa igaro denez.

        »Horregatik, bada, harrizko oholetan idatzi nuen nire historia, egunen batean agian patuak berriro begien aurrean jarriko zidalako ustean, eta hala gertatuz gero estatua haren oinarrian aurkitutako idatzia bezala izango zelako esperantzatan.

        »Nik orduan nahi izandakoa halaxe gertatu zen, gertatu ere. Handik mende bat geroago, arkitekto bainintzen, etxe zahar bat erauzi eta hura egondako lekuan palazio bat eraikitzeko kargua eman zidaten.

        »Nire mende nituen langileek harri puskatu idatziz estali bat ekarri zidaten, zimenduetarako zangak zulatzen ari zirela aurkituta. Idatzi hura deszifratzen hasi nintzen — eta zeinu haiek idatzi zituenaren bizitza irakurri ahala, iragan ahaztu baten argi dirdai igarokor batzuk bezala etortzen zitzaizkidan aldika. Poliki-poliki argituz joan zitzaidan barnea, ulertzen hasi nintzen, gogoratu egin nintzen. Neuk grabatua zen harri hura!

        »Zer egin nuen nik, ordea, mende bateko bitarte horretan? Non egon nintzen? Zer itxuratan egon nintzen sofritzen? Ezerk ezin zidan horren berri eman.

        »Egun batean, ordea, aztarren bat aurkitu nuen, hain ahula eta hain lausoa ordea, non ez bainaiz aipatzera ere ausartzen. Nire auzoa zen agure zahar batek esan zidan sekulako barreak egin zituztela behin Erroman, berrogeita hamar urte lehenago (ni jaio baino bederatzi hilabete lehenago hain justu) Marcus Antonius Cornelius Lipa senadoreari gertatutako pasadizo baten kontura. Haren emazteak, emakume polita bera, eta oso gaiztoa, esaten zutenez, tximino handi bat erosi omen zien feniziar saltzaile batzuei, eta oso maite omen zuen tximino hori. Cornelius Lipa senadorea jelosiak hartu zuen bere emazteak giza aurpegidun kuadrumano hari zion txeragatik, eta hil egin omen zuen. Historia hori entzuten ari nintzela halako susmo lauso bat izan nuen ni nintzela tximino hura, eta luzaro sufritu nuela itxura hartan, jausialdi baten oroitzapenez bezala. Baina gauza argi zehatzik ez nuen ezer aurkitu. Nolanahi dela ere, hipotesi hori egin nuen, egiantz handikoa baita gutxienez.

        »Animalia izatea gizakia gizaki izan den bitartean egindako hobenengatik arimari jartzen zaion penitentzia da. Goragoko mailako bizialdien oroitzapena ematen zaio animaliari, bere jausialdiaren sentipena bera zigor izan dezan.

        »Sufrimenduak garbitu duen arimak baizik ezin dezake berriro giza izatea hartu; orduan animalia izan den bizialdietako oroitzapena galdu egiten du, orduan guztiz oneratua baita berriro, eta ezagutza hori merezi gabeko sufrikarioa izango bailitzateke halakoarentzat. Horregatik bada, bere hobenak ordaintzen ari den errudunari zaion begirune berbera beharko luke gizakiak abereentzat, era horretara, bera ere abere itxuran agertzen denean beste batzuek ere bera babes lezaten. Hain zuzen ere, horrelakoxe zerbait dio kristau moralaren esapide hark: «Ez egin inori zeuri egiterik nahiko ez zenukeenik».

        »Nire metenpsikosien kontaeran ikusiko da nola izan nuen bizialdietako bakoitzean oroitzapenak berriro aurkitzeko zoria, nola transkribatu nuen berriro historia hau brontzezko oholetara, gero Egiptoko papiroetara, eta azkenik, askoz ere geroago, Alemaniako pergaminoetara, gaur bertan ere erabiltzen dudan gai honetara.

        »Dotrina honen ondorio filosofikoak ateratzea baizik ez zait geratzen.

        »Filosofia guztiek egin dute topo arimaren gerokoa zein izango den argitu beharraren arazoarekin. Gaur egun nagusi den kristau dogmak erakusten duenez, Jainkoak paradisu batean bilduko ditu zintzoak, eta infernura bidaliko ditu gaiztoak, deabruarekin batera erre daitezen.

        »Gaur egungo zentzu modernoak, ordea, ez du sinesten patriarka aurpegiko Jainko horretan, zintzoen arimak oiloak txitoak bezala bere hegopean babesten; eta arrazoiak ezeztatu egiten ditu, gainera, kristau dogmak.

        »Paradisuak ezin baitu, izan ere, inon egon, eta infernuak ere ez:

        »Zeren gurea bezalako munduz beterik baitago espazio mugagabea;

        »Zeren lur hau sortu zenetik hemen izan diren belaunaldiak mundu honek bezala biztanleak dituzten gainerako ezin konta ahalako munduen kopuruaz biderkatzen baldin badira, hain arima kopuru ikaragarri eta ezinezkoa emango luke, biderkatzailea mugagabea denez, non Jainkoa bera ere nahastu egingo bailitzateke, zalantzarik gabe, buruz nahi den argia izanda ere, eta gauza bera gertatuko litzaioke Deabruari ere, eta hala aski egoera gogaikarria eratuko litzateke;

        »Zeren zintzoen arima kopurua infinitua izanik, eta gauza bera gaiztoen arimena, eta infinitua espazioa ere, paradisu infinitua beharko litzateke eta infernu infinitua orobat, horientzat guztientzat, eta horrenbestez gertatuko litzateke alde guztietan legokeela paradisua eta alde guztietan infernua ere, inon ez, alegia.

        »Metenpsikosiaren sinestea berriz ez du ezeztatzen arrazoiak:

        »Arima, sugetik zerriarengana, zerriarengandik txoriarengana, txoriarengandik zakurrarengana igarorik, tximinoarengana eta gizonarengana iristen da azkenean. Eta beti hasten da berriro hutsegiteren bat duen bakoitzeko, harik eta lurrean izan daitekeen garbitasun gorenera iristen den arte, eta orduan goragoko mundu batera bidaltzen du garbitasun horrek. Era horretara animaliaz animalia eta esferarik esfera igarotzen da etengabe, harik eta azkenetan zoriontasun goreneko planetara iristen den arte; handik, ordea, beste hutsegite batek oinazerik handieneko eremuetara bidal dezake berriro, eta handik berriro bere transmigrazio katea hasarazi.

        »Zirkuluak, patuaren irudi unibertsal horrek, biltzen ditu, beraz, gure bizialdien gertaerak eta horrexek gobernatzen ditu orobat munduen bilakaerak».

 

 

VII

Nola bi modutara interpreta daitekeen

Corneilleren bertso bat

 

        Héraclius doktoreak dokumentu bitxi haren irakurtzea bukatu bazuen, bukatu, harri eta zur geratu zen — errekardaritzatan ibili gabe erosi zuen, hamabi libera eta hamaika sosetan, Ponpeiako indusketetan aurkitutako hebrear eskuizkribu bat balitz bezala saltzen baitzuen liburuzaleak.

        Lau egun eta lau gauetan doktorea ez zen atera bere langelatik, eta egonarri handiz eta hiztegien laguntzaz, nola edo ahala, eskuizkribu haren aleman eta espainol aldiak deszifratu zituen, zeren greziera, latina eta italiera pixka bat baldin bazekien ere, alemanez eta espainieraz ez baitzekien ezer. Nolanahi ere, zentzu okerreko makurrik handienak egin izango zituen beldurrez, bere adiskide errektoreari eskatu zion, oso ondo ezagutzen baitzituen hizkuntza horiek biak, bere itzulpena irakurtzeko mesedez. Atsegin handiz egin zion hori errektoreak; baina hiru egun eman zituen lanari seriotan heltzeko, halakoxe barre algaraz hasten baitzen doktoreak egindako itzulpena irakurtzen hasten zen bakoitzeko, non bihotzekoa ere eman baitzion ia. Halako barregurak zergatik, galdetu baitzioten:

        — Zergatik? —erantzun zuen—, hiru arrazoi daude: 1. Héraclius nire lagun prestuaren aurpegia bera, barrez leherraraztekoa; 2. Haren itzulpen barrez leherraraztekoa, jatorrizko testuaren antza gitarrak haize errota batena adina baitu gutxi gorabehera; eta 3. Testua bera, burutik pasa ere egin daitekeen gauzarik barregarriena baita.

        Oi, errektore setatia! Hura ez zuen ezerk konbentzituko. Etor zitekeen eguzkia eta bizarra eta ileak erre, kandela bat zela esango zuen hark!

        Héraclius Gloss, berriz, esan beharrik ere ez dut poz jarioz zegoela, argitasunez beterik, eraldaturik — eta denbora guztian errepikatzen zuen Paulinek bezala

        «Je vois, je sens, je crois, je suis désabusé»

        eta hori esaten zuen bakoitzeko, errektoreak moztu egiten zion, esanez «désabusé» bi hitzetan behar zela idatzi, bukaeran s bat jarriz:

        «Je vois, je sens, je crois, je suis des abusés».

 

 

VIII

Erregea bera baino erregezaleago

edota aita santua baino elizazaleago

izan daitekeen bezalaxe, nola bihur daitekeen bat

metenpsikosistago Pitagoras bera baino

 

        Zein ere den itsasoan galdu eta itsaso zabalean, baltsa hauskor baten gainean galdurik, ez mastarik, ez oihalik, ez iparrorratzik ez itxaropenik, dena galduta, gau eta egun luzez ibili eta bat-batean horrenbeste desiratzen zuen itsasertza ikusten duenaren poza, poz hori ez zen ezer Héraclius Gloss doktorea filosofien itsaskiak hain luzaro ziurgabetasunen baltsan hara-hona erabili eta azkenik metenpsikosiaren portuan garaile eta argiturik sartu zenean zuen pozaren aldean.

        Dotrina haren egiak hain gogor jo zuen non oso-osorik beretu baitzuten azken-azkeneko ondorioetaraino. Ez zuen ezer ilun gertatzen zitzaionik, eta egun gutxiren buruan, gogoetaren gogoetaz eta kalkuluaren kalkuluz, kalkulatua zuen halako urtetan hildako gizona zein datatan azalduko zen berriro lurrean. Bazekien, hutsaren hurrengo gorabeheratxoren batekin, zein datatan transmigratzen zuen arima batek maila apalagoko izakietara, eta azkeneko giza bizialdian egindako ongiaren eta gaizkiaren halako batuketa moduko bat eginez, gai zen arima hori suge baten, zerri baten, zamari baten, idi baten, zakur baten, elefante baten edo tximino baten gorputzean noiz sartuko zen zehatz esateko. Arima bera bere goren mailako bizialdira itzultzea aldi jakin beti berdinetan gertatzen zen, lehenago zein hoben egin zuen axola ez ziola.

        Zigorraren maila, erruaren araberakoa betiere, ez zetzan animalia gisa egin beharreko erbestealdiaren luze-laburrean, arima horrek piztia nazkagarriren baten gorputzean egin behar zuen egonaldi luze edo labur berean baizik. Piztien mailaketa sugearengandik eta zerriarengandik hasten zen behetik eta tximinoa zuren gorenean, «hitzik ez duen gizona baita», esaten zuen doktoreak; — horri bere betiko umore onaz erantzuten zion errektoreak esanez ezen, arrazoi modu berari jarraituz, hitz egiteko gauza zen tximino bat zela Héraclius Gloss.

 

 

IX

Aurkia eta ifrentzua

 

        Héraclius doktoreak pozetan eman zituen aurkikuntza harrigarri hura egin zuen ondoko egunak. Pozkariotan bizi zen — zoramenetan zegoen gainditutako oztopoengatik, argitutako misterioengatik, bete zitzaizkion itxaropen handiengatik.

        Metenpsikosiak zeru bat bailitzan inguratzen zuen. Errezel oihal bat bat-batean erdi-erditik urratu eta bere begiak gauza ezezagunetarako zabaldu zitzaizkiola iruditzen zitzaion.

        Bere zakurra bere ondoan eserarazten zuen mahaian, buruz buruko solas luzeak izaten zituen harekin tximinia ondoan, animalia errugabearen begian lehenago izandako bizialdien misterioa atzeman nahiz.

        Hala eta guztiz ere, bi puntu beltz ikusten zituen bere zoriontasunean: Dekano jauna eta Errektore jauna, hain zuzen.

        Dekano jaunak haserre bizian jasotzen zituen bizkarrak Héracliusek dotrina metenpsikosistara bihurtu nahi zuen bakoitzean, eta errektoreak zertan esanik ez zituen txantxarik bihurrienez zirikatzen zuen. Hori batez ere, ez zen onez eramatekoa. Doktoreak bere sinestea azaltzen zuen orduko, zentzu beretik ekiten zion errektore deabruzko hark; apostolu handi baten hitza entzuten ari den jarraitzailearena egiten zuen, eta izan zitezkeen eta animalia genealogiarik sinestezinezkoenak asmatzen zituen inguruko pertsona guztientzat: «Horrela —esaten zuen—, Labonde apaizak, katedraleko kanpai joleak, meloia baizik ezin zuen izan bere lehenengo transmigrazioaz gero», eta geroztik oso gutxi aldatu bide da, goizean eta gauean kanpai hori jo baizik ez baitu egin, jaio ere haren azpian baita jaioa. Rosencroix, Santa Eulaliako lehenengo bikarioa, intxaurrak botatzen dituen belea izana zen inondik ere, haren iritzian, halakoxearen jantziak eta izaera gorde baitzituen gorde ere. Gero, bat-batean modurik makurrenean paperak trukaturik, Bocaille jauna, farmazialaria, ibis endekatu bat baizik ez zela esaten zuen, zeren tresneria berezia behar izaten baitzuen, Herodotok zioenez behintzat, hegazti sakratu horrek, behar izanez gero, bere moko luzeaz bere kabuz eta erraz sartzen zuen erremedio berbera sartzeko.

 

 

X

Nola izan daitekeen zuhurrago saltinbanki bat

doktore jakintsu bat baino

 

        Héraclius doktoreak animurik galdu gabe jarraitu zuen, hala ere, bere aurkikuntzetan. Handik aurrera halako esanahi misteriozko bat zuten harentzat animalia guztiek: ez zuen gehiago piztia ikusten, azal haren azpian garbitzen ari zen gizona baizik, eta erruen ordainkizuneko azalaren azpian lehengo bizitzaldian egindako hobenak sumatzen zituen.

        Balançoneko enparantzan paseatzen ari zen egun batean zurezko txosna handi bat ikusi zuen; sekulako zaratak ateratzen ziren handik, eta pailazo lokatu bat Tomahawk edo Trumoi Burrunba izeneko piztia-bezatzaile apatxe beldurgarria lanean ikustera sartzeko deika ari zen oholtza gainetik. Héraclius asaldatu egin zen, ordaindu zituen eskatzen zituzten hamar zentimoak eta sartu egin zen. Oi arima handiak babesten dituen Fortuna! Txosna hartan sartu baizik ez zen egin, eta non ikusten duen kaiola handi bat, eta haren gainean bere begi liluratuen aurrean distiraz azaldu zitzaizkion bi hitz hauek idatzirik: «Oihaneko gizona». Zirrara moral handietako dardara urduria sentitu zuen kolpetik doktoreak, eta emozioz ikara batean hartara hurbildu zen. Tximino erraldoi bat ikusi zuen, bere ipurdi gainean eserita, jostunen edo turkiarren gisara hankak gurutzatuta, eta bere azkeneko transmigraldian zegoen giza erakusgarri bikain haren aurrean, gogoeta sakon batean murgildu zen Héraclius Gloss, pozaren pozez zurbildurik. Minutu batzuen buruan, oihanetako gizonak, temaren temaz begira zegokion hiriko gizonaren baitan lehertu zen sinpatia eutsiezina sumaturik, nonbait, halako imintzio ikaragarriak hasi zitzaion egiten bere anaia biziberrituari, non buruko ileak erabat lazten zitzaizkiola sentitu baitzuen doktoreak. Gero, gizonik erorienaren ohorearekin ere inola ere adostu ezin zitekeen itzulipurdi bat eginik, guztien barregarri jarri zen lau eskuko herritar hura doktorearen bizar-bizarretan. Hari, ordea, ez zitzaion batere harrigarria iruditu bere antzinako hutsegiteen biktima haren alaitasuna; bestela baizik, gizonarekin berdintzen zuen beste antzekotasun bat zela iruditu zitzaion, ahaide izateko probabilitate handiagoa, eta bere jakin-min zientifikoa hainbesteraino bortiztu zitzaion non imintzioen maisu hura kosta ahala kosta erostea erabaki baitzuen, soseguz eta patxadaz ikertu ahal izateko.

        Zer ohorea beretzat, zer garaipena dotrina handiarentzat, azkenean gizakiaren animalia alderdiarekin harremanetan sartzea lortzen bazuen, tximino gaixo hari ulertu eta hark berari ulertzea lortzen bazuen!

        Piztia erakusketaren jabeak bere morroiaren goraipamen sutsuena egin zion, jakina; basa piztien erakusle gisa egindako karrera luze guztian ezagututako animaliarik bizkorren, atseginen, apalen, gozoena huraxe; eta esaten zituenak egia egiteko, kaiolako barroteetara hurbildu eta eskua sarturik, tximinoak hozka egin zion segituan, txantxa eta jolas gisa. Salneurria ere izutzekoa eskatu zuen, jakina, eta Héracliusek errekardaritzatan ibili gabe ordaindu zuen. Gero, bi kargalari, kaiola ikaragarri haren azpian makur-makur eginda, aurretik zituela, bere etxerantz abiatu zen doktorea, garaile.

 

 

XI

Non frogatzen baita Héraclius Gloss

ez zela sexu indartsuaren ahuleziarik gabe-gabea

 

        Baina etxera hurbiltzenago eta geldiago abiada, zeren egia filosofikoak baino askotxoz ere zailagoa zen arazo bat baitzerabilen gogoan; eta arazo hori era honetara formulatzen zen doktore gajoarentzat: «Zer trikimailu erabil nezake giza zirriborro hau etxera nire neskame Honorineren ezkutuan sartu ahal izateko?» Hain zuzen ere, Dekano jaunaren bizkar jasoaldi beldurgarriei eta Errektore jaunaren txantxa ikaragarriei aurre egiteko ausardia eta gehiago bazuen Héraclius gaixoa ez zen horren ausart, ez eta gutxiagorik ere, Honorine neskamearen leherraldien aurrean. Zergatik zion, bada, horrenbesteko beldurra doktoreak hain bizia eta hain bere nagusiaren interesetara emana zirudien emakumetxo oraindik gazte eta jator hari? Zergatik? Galdetu zergatik makurtzen zen Herkules Onfaloren oinetara, zergatik utzi zion Sansonek Dalilari indarra eta ausardia, Bibliak dioenez ileetan zituenak, ebasten.

        Damurik, egun batez doktorea hutsean geratutako maitasun sugar baten etsimena landatan zehar apaltzen ari zela (zerbaitengatik egin baitzuten egin ere, Dekano jaunak eta Errektore jaunak Héracliusen bizkarretik nahikoa barre ilunabar batez etxera zihoazela), ardiak zaintzen ari zen neskato bat topatu zuen hesi bazter batean. Beti-beti egia filosofiko soilaren bila ibilia ez zen jakintsu hark, bada, oraindik ere metenpsikosiaren misterio handia sumatzen ez-eta, oraindik ez zekiena jakin izan balu egingo zukeen bezala, ardiez arduratu eta gainerakoak utzi ordez, horra! ardiak zaintzen ari zenarekin hasi zen solasean. Berehalaxe neskame hartu zuen, eta ahulezia batek hurrengoak ekarri. Bera bilakatu zen berehala artzaintxo haren ardi, eta ahopeka zabaldua zen, landatar Dalila berri hark, Bibliakoak bezala, gizagajo fidakorregi haren ilea moztu bazuen ere, ez zuela beste horrenbestez bestelako apaindurarik gabe-gabe utzi haren kopeta.

        Damurik, iragarria zuena, uste baino ere areago gertatu zen; ez al zuen ikusi oihanetako gizona bere alanbrezko etxean katigu, haserrerik desegokienezko eztandatan lehertu zen Honorine, eta bere ugazaba beldurtua guztiz epiteto itsusizko olde batean ito ondoren, ustekabean zetorkion etorkinaren kontra isuri zuen bere haserrea. Hark, ordea, horren neskame gaizki ikasiari dena barkatzeko doktoreak zituen arrazoiak, antza, ez zituenez, oihuka, garrasika, ostikoka eta hortz karraska ekin zion; barroteei heldu eta halako imintzio desegokiak egiten zituen lehenengo aldiz ikusten zuen pertsona batentzat, non atzera egin behar izan baitzuen hark, eta, gudari bentzutua nola, halaxe joan behar izan zuen bere sukaldean babestera.

        Horrela, bada, gudu zelaiaren jabe eginik, eta bere lagun adimentsuak emandako laguntzak pozturik, bere langelara eramanarazi, eta hantxe kokarazi zituen, kaiola eta kaiolako biztanlea, mahaiaren aurrean, sutondoan.

 

 

XII

Nola bezatzaile eta doktore

ez diren batere sinonimo

 

        Begirada trukerik esanguratsuenetako bat hasi zen orduan aurrez aurre zeuden norbanako haien artean; eta astebete osoan orduak eta orduak eman zituen doktoreak egunero begien bidez (hala uste zuen berak behintzat) ekarri zuen morroi interesgarri harekin solasean. Ez zen aski, ordea; animalia hura aske aztertu nahi baitzuen Héracliusek, haren ezkutuko sekretuak, haren gurariak, haren pentsamenduak atzeman, bere gisa ibiltzen utzi, eta haren eguneroko bizitzan parte hartuz, ahazturik zituen ohiturak berreskuratzen ikusi, eta aztarren seguruetan oinarrituz haren behinolako bizialdietako oroitzapenak ezagutu. Horretarako, ordea, zabalik behar zuen kaiolak. Eginkizun hori ez zen batere segurua, ordea. Alferrik ahalegintzen zen doktorea magnetismoaren eragina, edota gozokiena eta intxaurrena, saiatzen, Héracliusentzat kezkagarriak ziren maniobratan hasten zen beti doktorea barroteetara gehiegitxo hurbiltzen zen bakoitzeko. Hala bada, egun batean, aspalditik torturatzen zuen desirari gehiago eutsi ezinik, tupustean aurreratu zen, giltzarrapoaren giltza biratu, eta zabal-zabal egin zuen atea, eta emozioaren emozioz taupadaka, pauso batzuk egin zituen atzera, zer gertatuko zain, eta ez zen luze joan, noski, gertatzeko ere.

        Tximinoak, harriturik, zalantza egin zuen hasieran, gero, kanpoan zen jauzi batez, eta beste batez mahai gainean, eta segundo bat ez zuen behar izan hango liburuak eta paperak hankaz gora botatzeko, eta gero beste jauzi batez doktorearen besoetan zen, eta haren maitasun adierazpenak hain izan ziren bortitzak non, Héracliusek ile ordea izan ez balu anaia beldurgarri haren hatzetan geratuak izango baitzatezkeen haren azkeneko ileak. Tximinoa zauli bazen, ordea, doktorea ez zen gutxiago: jo eskuin, jo ezker, aingira baten gisa irristatu zen mahaipera, erbi txakurraren gisa igaro zituen besaulkiak, eta betiere tximinoa atzean zuela, atera iritsi eta danbateko batez itxi zuen bere ostean; arnasestuka, helmugara iritsi zen lasterketa zaldiaren gisan, horma kontra hartu zuen bermea, ez erortzeko.

        Eguna bukatu arte lur jota ibili zen Héraclius Gloss; hondorainoko eroraldi bat bezala sentitzen zuen bere baitan; bere maizter arduragabea eta bera egoera hartatik nola aterako ziren ideiarik ere ez zuela, horrek kezkatzen zuen gehiena. Aulki bat eraman zuen igaro ezineko ate ondora, eta behategi bihurtu zuen sarraila zuloa. Zer ikusiko eta, ai miraria, ai ustekabeko poza! Garaile zoriontsua besaulki batean etzanik hankak sutondoan berotzen. Lehenengo poz bulkadarekin, ez zuen askorik behar doktoreak gelan sartzeko, baina gogoetak geldiarazi zuen, eta bat-bateko argi batek argitu izan balu bezala, gozotasunak ezina goseak ahal izango zuela agian, pentsatu zuen. Oraingo honetan arrazoi eman zioten gertaerek, tximino gosetuak amore eman zuen; bestela aski tximino jatorra zenez, onezkoak egin zituzten, eta egun hartatik aurrera, aspaldiko adiskide zaharrak bailiran bizi izan ziren doktorea eta tximinoa.

 

 

XIII

Nola Héraclius Gloss doktorea

Henri IV.a Errege zintzoaren

abagune berean aurkitu zen,

bi ministro abokaturi entzunda

bi-biek arrazoi zutela iritzirik

 

        Egun gogoangarri hura igarota puska batera, euri jasa bortitz batek eragotzita, Héraclius doktorea ezin izan zen lorategira jaitsi, ohi zuen bezala. Goizean goizetik bere langelan eseri eta bere tximinoa filosofiaren ikuspegitik aztertzen hasi zen; hura, aldiz, arasa baten gorenera igorik sutaurrean etzanda zegoen Pitagoras zakurrari paper pilotak bota eta bota ari zen jostaketan. Doktorea gizaki mailaz beheratuen arteko adimen mailak eta aurreramenduak aztertzen ari zen, bere aurrean zituen bi animalia haien sotiltasun mailak konparatzen. «Zakurrarengan —ari zen esaten bere baitarako—, instintua da oraindik nagusi; tximinoarengan, berriz, arrazoibideak hartzen du gaina. Hark usaina hartzen du, entzun egiten du, bere adimenaren erdia diren organo zoragarri horiez sumatzen ditu gauzak; honek, berriz, gertaerak elkarrekin lotzen ditu, eta gogoeta egiten du». Une horretan, tximinoak, bere etsaiaren axolarik ezak eta gelditasunak urduriturik, burua hanka artean zuela lasai-lasai etzanda aldian behin begiak han goian babestuta zegoen erasotzaile urrunarenganantz jaso baizik ez baitzuen egiten, gertuagotik aztertzera joatea erabaki zuen. Bere altzari gorenetik arin-arin jauzi egin, eta hain emaro, hain emaro hasi zen hurbiltzen, non ez baitzen ezer entzuten, suaren zirtadak eta penduluaren tik-tak hotsa baino, sekulako zarata ateratzen zuela baitzirudien langelako isiltasun handi hartan. Gero, mugimendu azkar ustekabeko batez, Pitagoras gaixoaren isats motosdunari heldu zion bi eskuez. Hark, ordea, zirkinik ere egin gabe, kuadrumanoaren mugimendu guztiak segituak zituen: Haren baretasuna amarrua baizik ez zen ordu arte harrapa ezina zuen etsai urruna ondora ekartzeko, eta tximino jaunak, sartu behar zion ziriaren pozez, haren isatsari heltzen zion une-unean, jauzi batez jaiki, eta besteak ihes egiteko astirik gabe, harrapatua zuen arerioa, ehiza zakurrari dagokion mutur sendoaz, ardietan begirunez izter deitzen den lekutik. Ezin da jakin borroka hura nola bukatu izango zen Héraclius bitartean sartu izan ez balitz; baina berriro bakeak egin zituenean, bere buruari galdezka ari zen, arnasestuturik esertzen zen bitartean, gauzak diren bezala harturik, bere zakurrak ez ote zuen erakutsi gertaera hartan maltzurtasun gehiago «piztietan maltzurren» deitu ohi den hark baino, eta harri eta zur eginda geratu zen.

 

 

XIV

Nola Héracliusek ia-ia jan zituen

antzinako dama galai batzuk

txitxiburduntzian sartuta

 

        Bazkaltzeko ordua zenez, doktorea bere jangelan sartu zen, eseri zen mahai aurrean, sartu zuen bere zapia xenilan, zabaldu bere ondoan eskuizkribu preziatua, eta ahora eramatear zen galeper hego ondo koipetsu eta ondo usaintsu bat, noiz eta, begiak liburu santura itzulirik, begirada pausatu zitzaion lerro apurrek distira beldurgarriagoa egin baitzioten esku ezezagun batek Baltasar izeneko errege ospetsu baten oturuntzako gelaren horman idatzitako hiru hitz famatu haiek baino.

        Hona zer ikustatu zuen doktoreak:

        «... Zerk ere bizia izan duen, bazter ezak hire jakietatik, zeren abere jatea heure berdina jatea den, eta berdin erruduntzat dauzkat metenpsikosiaren egia barneratua izanik animaliak hiltzen eta jaten dituena, beren forma apalagoetan dauden gizakiak baizik ez baitira abereok, nola garaitu duen etsaia jaten duen antropofago ankerra». Eta mahai gainean, elkarren ondoz ondo, zilarrezko orratz batek loturik, dozena erdi galeper, beren usain gozagarria airean zabaltzen ari.

        Gudu bortitza izan zen izpirituaren eta sabelaren artean, baina, esan dezagun Héracliusen aintzarako, laburra izan zela. Gizon gajoak, ezdeusturik, tentazio ikaragarri hari ezin luzaro eutsiko ziola etsirik, neskameari txilina jo, eta ahots urratu batez agindu zion kentzeko bertatik jaki nardagarri hura mahai gainetik eta ez ateratzeko handik aurrera arrautzak, esnea eta barazkiak baizik. Honorine ia erori zen hankaz gora hitz harrigarrizko haiek entzunda, protesta egin nahi izan zuen, baina ugazabaren ahots irmoa entzunik, alde egin zuen hegazti kondenatuak hartuta, kontsolagarri harturik, hala ere, batentzat galduan dena beste batentzat irabazian izaten dela gehienetan.

        «Galeperrak! Galeperrak! Zer ote zitezkeen galeper haiek beste bizialdi batean?» galdetzen zion bere buruari Héraclius gajoak egun hartan bereziki txarra iruditu zitzaion azalore gurinetan egin bat tristura handiz irensten zuen bitartean: —nor izan ote zitekeen dotore, samur eta sotil aski, piztitxo pinpirin eta polit horien gorputzera igarotzeko? — ai, zein besterik, joandako mendeetako dama galaiak ezpada... eta doktorea arras zurbildu zen azkeneko hogeita hamar urteetan egunero-egunero antzinako garaietako dozena erditxo bat dama gazte ziplo bazkaldu zituela gogoratuz.

 

 

XV

Nola interpretatzen dituen Errektore jaunak

Jainkoaren manamenduak

 

        Zoritxarreko egun hartako arratsean Dekano jauna eta Errektore jauna ordu batez edo biz Héracliusen langelan solas egitera etorriak ziren. Doktoreak segituan kontatu zien zer estuasunetan zegoen, eta segituan agertu zien orobat nola galeperrak eta jan daitezkeen gainerako animalia guztiak guztiz debekatuta zeuden beretzat, judu batentzat urdaiazpikoa egon daitekeen bezalaxe.

        Dekano jaunak, egun hartan gaizki bazkaldua baitzen nonbait, neurri guztiak galdu eta halako biraoak bota zituen non doktore gaixoak, Dekanoari begirune handia bazion ere, haren itsumena deitoraturik, ez baitzekien non ezkutatu. Errektore jaunari dagokionez, berriz, bertatik onetsi zituen Héracliusen eskrupuloak, esanez alegia Pitagorasen jarraitzaile bat animalien haragiaz elikatuko balitz gerta zitekeela bere aitaren saihetsak txanpinoiekin edo aitonaren hankak trufaz lagundurik jateko arriskutan, eta erlijio ororen izpirituaren kontrako dela hori, eta kristauen Jainkoaren laugarren manamendua aipatu zion esaten ari zenaren frogagarri:

Aita eta ama ohoratuko dituk

luzaro bizitzeko.

        — Egia esateko, ni sinestuna ez naizenez, goseak hil baino nahiago nuke Jainkoaren agindua zertxobait aldatu, edo haren lekuan beste hau jarri:

Aita eta ama jango dituk

luzaro bizitzeko.

 

 

XVI

Nola eskuizkribuaren 42. irakurraldiak

bestelako argia ekarri zion doktoreari

 

        Aberats batek bere ondasunetatik egunero plazer berriak eta atsegin berriak atera ditzakeen bezala, hala Héraclius doktoreak ere, eskuizkribu guztiz preziatu haren jabe zenez, uste ez zituen aurkikuntzak egiten zituen hartan irakurtzen zuen bakoitzeko.

        Gau batean, dokumentu hura 42. aldiz irakurri berria zuela, bat-bateko argialdi bat jausi zitzaion, tximista bezain bizkorra.

        Lehenago ikusi dugun bezala, doktorea gai zen joandako gizon bat, bere transmigraldi guztiak bukatu eta berriro lehengo itxura berean noiz agertuko zen, hutsaren hurrengo gorabehera batekin kalkulatzeko; halaxe tximistak jota bezala geratu zen eskuizkribu haren idazleak agian berriro gizonen artean bere lekua hartua zukeela gogoratu hutsarekin.

        Horrela bada, filosofiaren harria topatzear dagoela uste duen alkimista bezalaxe sukarrak harturik, inon diren kalkulurik xeheenak hasi zen egiten hipotesi haren probabilitatea aztertzeko, eta orduak eta orduak konbinaketa metenpsikosista jakintza handikoak egiten lehiatu ondoren, gizon hark bere garaikidea izan behar zuela konbentzitu zen, eta, bestela, arrazoizko bizialdira berriro jaiotzeko une-unean behar zuela egon gutxienez. Héracliusek, izan ere, metenpsikosista handi haren heriotza data zehatza ezagutzeko dokumentu ziurrik ezean, ezin baitzuen ziur-ziur finkatu haren itzulerako data ere.

        Beretzat gizakia baino gehiago, filosofoa ere baino gehiago, ia-ia Jainkoa ere baino gehiago zen izaki hura kausitzeko aukera izan zitekeela igarri zuen unetik beretik, aspaldi hila zela uste den aita bizirik eta zuregandik hurbil dela jakitean sentitzen den zirrara sakon horietako bat sentitu zuen doktoreak. Bere bizitza guztia Kristoren maitasunaz eta haren oroitzapenaz elikatzen igaro eta bat-batean bere Jainkoa agertu behar zaiola jakiten duen anakoreta santuak ez luke zirrara biziagorik izango Héraclius Gloss doktoreak egunen batean agian bere eskuizkribuaren egilea topatu ahal izango zuela ziur jakin zuenean izandakoa baino.

 

 

XVII

Nola moldatu zen Héraclius Gloss doktorea

eskuizkribuaren egilea aurkitzeko

 

        Handik egun batzuetara Etoile de Balançon-en irakurleek harriturik irakurri ahal izan zuten egunkari haren laugarren orrialdean honako iragarki hau: «Pitagoras — Erroma 184. urtea — Jupiterren irudi baten oinarrian aurkitutako oroitzapena — Filosofo — Arkitekto — Soldadu — Nekazari — Fraide — Geometra — Sendagile — Olerkari — Marinel — Etab. Egizu gogoeta eta oroi zaitez. Zure bizitzaren kondaira nire eskuetan dago.

        »Idatzi Balançoneko H.G. posta kutxara».

        Doktoreak ez zuen zalantzarik berak hain suharki aurkitu nahi zuen gizonak ohar hura, beste guztientzat ulertu ezinezkoa, irakurtzen bazuen, segituan hartuko ziola ezkutuko zentzua, eta bere aurrera etorriko zitzaiola. Horrela bada, egunero-egunero, mahairatu aurretik, posta bulegora jotzen zen H.G.-ren izenean gutunen bat hartu zuten galdezka; eta «Posta, azalpenak, zigilu ordainketak» hitzak idatzita zituen ateari bultza egiten zion unean, zirrara biziagoa izaten zuen, zalantzarik gabe, maite duen emakumearen lehenengo gutuna zabaltzera doan maiteminduak berak baino.

        Tamalez, ordea, egunak aurrera zihoazen eta antz etsigarria zuten batak bestearena; bulegariak erantzun bera ematen zion goizero doktoreari, eta goizetik goizera tristeago eta adore gabeago itzultzen zen hura etxera. Balançoneko jendea, munduko herri guztiak bezala, sotila, maiseatzailea, mihi gaiztokoa, eta non-zer-berri amorratua izanik, berehala lotu zituen Etoile egunkarian azaldutako ohar harrigarria eta doktoreak Posta etxera egunero egiten zituen sartu-irtenak. Horrela, hain zuzen, hartan zer misterio ezkutatuko ote zen galdezka hasi zen, eta esamesak zabaldu ziren.

 

 

XVIII

Héraclius doktoreak harridura handiz

ezagutzen du eskuizkribuaren egilea

 

        Gau batean, lokartu ezinik, goizeko ordubata-ordubiak aldera ohetik jaiki zen doktorea, eta oraindik oso ongi ulertu ez zuela iruditzen zitzaion pasarte bat irakurtzera joan zen. Etxeko oinetakoak jantzi, eta ahalik eta emekien zabaldu zuen bere gelako atea, teilatupe hartan beren erruak ordaintzen ari ziren giza-animalia kategoria guztien loa ahalik eta gutxien eragozteko. Hain zuzen, zeinahi izanik ere piztia zoriontsu haiek lehenago izandako bizi egoera, zinez esan daiteke inoiz ez zutela orain zuten sosegu eta zorion beterik izan, zeren bazka ona, ostatu ona, eta baita gainerakoa ere, aurkitzen baitzuten etxe hartan, horretarainoxe baitzen errukiorra gizon bikain haren bihotza. Zaratarik batere egin gabe iritsi zen, bada, bere langelako ateraino, eta sartu egin zen. Héraclius gizon bihoztuna zen, egiaz, ez zuen mamuen edo agerpenen beldurrik, baina gizonaren ausardia handia izanda ere, badira izualdi batzuk ausardiarik bulartsuenak ere balaz bezala zulatzen dituztenak, eta doktorea zutik geratu zen, zurbil, izumenak harturik, begiak sarrakioak nahasturik, ilea burugainean zut, hortzak karraska, eta burutik orporaino dardara ikaragarri batek astintzen zuela aurrean zuen ikuskari ulertezinak hartaraturik.

        Laneko argia piztuta zegoen mahai gainean, eta sutaurrean, bizkarra doktorea sartzen ari zen aterantz itzulirik, nor ikusiko... Héraclius Gloss doktorea bere eskuizkribua arreta handiz irakurtzen. Ez zen zalantzarik... Bera zen, irakurtzen... Lore handiz apaindutako seda zaharrezko gelako jantzi luzea zuen bizkarrean, eta buruan, bere greziar txano belus beltzezkoa, urrez brodatua. Doktorea berehalaxe ohartu zen beste bera hura itzultzen bazen, bi Héracliusak elkarren aurrez aurre topatzen baziren, une horretan bere baitan dardaratan zegoena tximistak jota bezala eroriko zela zerraldo bere kopiaren aurrean. Une horretan, ordea, ikara urduri batek eraginik eskuak zabaldu zituen, eta zeraman esku-argia lurrera erori zen zarata batean. Iskanbila hark berebiziko jauzia eragin zion. Bestea bat-batean itzuli, eta nor ezagutuko, asaldaturik, doktoreak... bere tximinoa. Segundo batzuen bitartean haize erauntsiak daraman orbela bezala nahastu zitzaizkion zurrunbilotan ideiak. Gero inoiz izandako pozik biziena nagusitu zitzaion bat-batean, bertatik ohartu baitzen, hain zuzen, hantxe zuela aurrean juduek beren Mesias bezalaxe itxaron eta desiratu izandako eskuizkribuaren egilea: bere tximinoa. Pozez ia eroturik egin zuen jauzi, hartu zuen besoetan izaki gurgarri hura, eta halako oldarrez besarkatu zuen, non zinez esan baitaiteke inoiz ez duela maitale batek halako besarkada suharrik hartu bere gizonaren aldetik. Gero haren aurrez aurre eseri zen tximiniaren beste aldean, eta hari begira geratu zen eraspenez beterik goiza arte.

 

 

XIX

Nola aurkitu zen doktorea

aukerarik ikaragarriena egin beharrean

 

        Baina udako egunik ederrenak ere inoiz trumoi beldurgarriak hondatzen dituen bezalaxe, doktorearen zoriona ere bat-batean arrakalatu zuen inon izan daitekeen burutapenik itsusienak. Aurkitua zuen bila ari zena, baina tximino bat besterik ez zen, tamalez. Elkar ulertzen zuten, zalantzarik ez, baina ezin ziren elkarrekin mintzatu: zerutik lurrera erori zen doktorea. Akabo berak hainbeste probetxu atera uste zuen elkarrizketa luze haiek, akabo bien artean superstizioaren kontra abiarazi behar zuten gurutzada eder hura. Zeren doktoreak, berak bakarrik, ez baitzuen ezjakintasunaren hidra azpiratzeko behar zen armarik. Gizon bat, apostolu bat, aitorle bat, martiri bat behar zuen —tximino batek ezin bete dituen eginkizunak, tamalez. — Zer egin?

        Ahots ikaragarri batek egin zion oihu belarri ondotik: «Hil ezak».

        Héracliusek dardara egin zuen. Segundo batean kalkulatu zuen ezen tximinoa hiltzen bazuen berehalaxe sartuko zela berriro jaiotzear zen haur baten gorputzean. Hogeiren bat urte utzi beharko zizkion adinera iritsi arte. Hirurogeita hamar urte izango zituen orduan doktoreak. Egingarri zen hala ere. Topatuko ote zuen, ordea, gizon hura? Eta gainera bere erlijioak debekatu egiten zion izaki bizirik hiltzea, giza hilketa bat egiteko zigorpean: eta bere arima, Héracliusena, alegia, piztia gaizto baten gorputzera joango zen, hiltzaileei gertatzen zitzaien bezala. — Zer axola, baina? Zientziaren biktima izango zen — eta fedearen biktima! Arma erakustegi batean eskegita zeukan turkiar zimitarra handi bat hartu, eta jotzera zihoan, nola Abraham batek mendian, noiz eta gogoeta batek eskua gelditu baitzion... gizon hark bete beharreko erruen ordain aldia bukatua ez bazen, eta haur baten gorputzera ordez berriro ere tximino batenera itzultzen bazen, zer? Zitekeena zen, ondo zitekeena halere — ia gauza segurua. Era horretan ezertarako ez zen krimen bat eginez, ikaragarrizko zigorra irabaziko zuen doktoreak, bere kideentzat inolako probetxurik irabazi gabe. Indarrik gabe erori zen besaulki gainean. Ondoz ondoko emozio haiek guztiek ahiturik zeukaten, eta konortea galdu zuen.

 

 

XX

Nola izan zuen doktoreak solastxo labur bat

bere neskamearekin

 

        Berriro begiak zabaldu zituenean lokiak ozpinez igurzten ari zitzaion Honorine. Goizeko zazpiak ziren. Doktorearen lehenengo pentsamendua tximinoarengana joan zen. Desagertua zen piztia hura.

        — Nire tximinoa, non da nire tximinoa? —hasi zen.

        — Horixe, noski, hitz egin dezagun tximino horretaz —erantzun zion neskame-etxekoandreak, haserretzeko beti prest—, a zer galera betiko galduko balitz. Bikaina piztia, alafede! Egiten ikusten dizun guztia antzeratzen du; ez nuen, bada, aurkitu lehengo egunean zure botinak janzten, eta gero gaur goizean, hortik jaso zaitudanean, eta nik al dakit zer ideia madarikatu dabilzkizun buruan azkenaldi honetan, ohean egoten uzten ez dizutenak, piztia gaizto horrek, deabrua gehiago da hori tximino baten azalpean, ez du bada jantzi zure txanoa eta gelako jantzia, eta barrez zirudien, gainera, zuri begira, gizon bat konortea galduta ikustea barre egiteko gauza balitz bezala. Gero, ondoratu nahi izan dudanean, ez dit bada gainera jauzi egin, zital horrek, jan nahi banindu bezala. Eskerrak Jainkoari ez garen beldurtiak eta eskua oraindik azkarra daukagun; palari heldu eta bizkarreko galanta eman diot; zure gelara ihes egin du, eta han egon behar du oraindik ere bere modukoren bat asmatzen.

        — Nire tximinoa jo duzu! —egin zuen garrasi doktoreak sutan—, jakin ezazu, andereñoa, etxe honetako nagusia balitz bezalaxe behar zaiola begirunea izan eta zerbitzatu hemendik aurrera.

        — Horixe, etxeko nagusi izatea gutxi balitz, etxeko nagusiaren nagusi dugu hemendik aurrera —jaulki zuen marmarka Honorinek, eta sukaldera erretiratu zen, Héraclius Gloss doktorea burutik erabat eginda zegoelako uste osoan.

 

 

XXI

Nola frogatu zen aski dela

samurtasunez maite den lagun bat

atsekaberik handienen pisua arintzeko

 

        Doktoreak esana zuen bezala, egun hartatik aurrera tximinoa bihurtu zen etxe hartako egiazko nagusi, eta Héraclius animalia prestu haren morroi apala bilakatu zen egiaz. Ordutan eta ordutan egoten zitzaion begira mugagabeko samurtasun batez; maitale baten begirune guztia zuen harekin; samurtasunaren hiztegiko adierazpen guztiak ematen zizkion edozerengatik; lagun bati heltzen zaion bezala eskutik helduz; hitz egiterakoan finko begiratuz; bere mintzaldietan ilun samar iruditzen zitzaizkion pasarteak azalduz; piztia haren bizitza guztia konturik handienaz eta arretarik finenaz inguratuz.

        Nahi zuena egiten uzten zion tximinoari, lasai eta bare, bere adoratzaileen omena jasotzen duen jainko baten pare.

        Beren goitasunak berak herriaren ergelkeria arruntaren maila baino goragoko bakartasunean bakantzen dituen buru argi guztiak bezala, Héraclius ere bakarrik sentitua zen ordu arte, bakar-bakarrik bere lanean, bakar-bakarrik bere itxaropenetan, bakar-bakarrik bere borroketan eta ahulaldietan, bakar-bakarrik orobat bere aurkikuntzan eta garaipenean. Oraindik ez zuen zabaldu bere dotrina herri zabalean, ezin izan zituen bere ustera ekarri bere bi lagunik minenak ere: Errektore jauna eta Dekano jauna. Baina horrenbestetan amets egindako filosofoa tximino haren baitan aurkitu zuen egun hartatik aurrera ez zen horren bakarrik sentitu doktorea.

        Piztiak hitz egiteko gaitasunik ez izatea lehenago egindako hobenengatik baizik ez dela, eta zigor horrexengatik piztia hori iragandako bizialdietako oroitzapenez beterik dagoela sinetsirik baitzegoen guztiz, berebiziko maitasun suharra hartu zion bere lagunari, eta samurtasun horren bidez kontsolatzen zen gertatzen ari zitzaizkion zoritxar guztiez.

        Hain zuzen ere azkenaldi hartan geroz eta tristeago ari zitzaion bihurtzen bizimodua doktoreari. Dekano jauna eta Errektore jauna bakanago etortzen zitzaizkion ikustera, eta sekulako hutsunea sortzen zuen horrek doktorearen inguruan. Igandero afaltzera etortzeari ere utzi egin zioten, doktoreak bere mahaira bizirik izandako janaririk ateratzea debekatu zuenez gero. Bere errejimen aldaketa ere murriztasun handia ari zitzaion bilakatzen, egiaz samintzeraino inoiz. Behinola bazkaltzeko orduaren zain hain urduri jartzen zena haren beldur zen orain, ia-ia. Triste sartzen zen jangelan, ezer gozagarriren esperantzarik ez zela jakinik, eta galeper txitxiburduntzien oroitzapenak ez zuen bakean uzten gainera han, ez zuen ordea samintzen hainbeste jan izanaren damuak, betiko uko egin izanak baizik.

 

 

XXII

Nola ohartu zen doktorea

uste baino bere antz handiagoa zuela tximinoak

 

        Goiz batean ohi ez bezalako hots batek esnatu zuen Héraclius doktorea; ohetik jauzi batez jaiki, laster bai laster jantzi eta sukaldera joan zen, sekulako garrasiak eta ostikaldiak entzuten baitziren handik.

        Honorine gaiztoak, aspalditik baitzerabiltzan gogoan bere nagusiaren samurtasuna lapurtzen zion arrotzaren kontrako mendeku asmorik beltzenak eta ongi bai ongi ezagutzen baitzuen zein ziren animalia horien zaletasunak eta grinak, egun hartan trikimailuren baten bidez tximino gaixoa sukaldeko mahaiaren hankari sendo eta finko lotzea lortu zuen. Gero, ondo lotuta zeukala frogatu zuenean, sukaldearen beste aldeko muturrera joan, eta haren grina pizteko egokien zerizkion gozagarriak erakutsiz, infernuan bekaturik larrienak egin dituztenei baizik egiten ez zaizkien Tantaloren torturak eragiten zizkion tximinoari; eta neskame gaiztoa algara batean ari zen barrez, eta emakume baten buruak baizik ezin asma ditzakeen tortura-basakeriak ari zen irudikatzen. Giza-tximinoa amorruz bihurrikatzen zen urrutitik erakusten zizkioten janari ahogozagarri haiek ikusita, eta mahai astunaren hankari lotuta egoteak ematen zion amorruak eragiten zizkion aieru-itsuskeriek ez zuten besterik lortzen ezpada borrero tentatzailearen poza pozagotu.

        Azkenik, doktorea, nagusi zorrotza, atean azaldu zen une-unean lakio ikaragarri haren biktimak, zazpi ahalak eginik, loturik zeukaten soketatik askatzea lortu, eta Héraclius haserretuak esku hartu izan ez balu, Jainkoak daki zer litxarreriaz aseko ez ote zen lau eskudun Tantalo hura.

 

 

XXIII

Nola ohartu zen doktorea

bere tximinoak guztiz doilorki tronpatu zuela

 

        Oraingo honetan haserreak gaina hartu zion begiruneari, eta doktoreak, tximino-filosofoari zintzurretik heldurik, garrasi batean eraman zuen bere langelara, eta metenpsikosista baten bizkarrak sekula inoiz hartu duen beroturik gorriena eman zion.

        Héracliusen beso nekatuak, bada, bere anaia goi-mailakoaren antz gehiegiko zaletasunak izatea beste errurik ez zuen piztia gajoaren zintzurra zertxobait lasaitu zuenean, askatu zen hura nagusi laidoztatuaren heldukadatik, egin zuen jauzi mahai gainetik, hartu zuen liburu baten gainetik doktorearen tabako hautsetarako kutxatila, eta bere jabearen burura jaurti zuen zabal-zabalik. Hark ozta-ozta izan zuen begiak ixteko astia, tabako hautsezko zurrunbilo hark itsutuko baitzukeen bestela, baina begiak zabaldu zituenerako desagertua zen erruduna, ustez berak idatzia zen eskuizkribua aldean zuela.

        Héracliusen nahigabeak ez zuen mugarik — eta eroaren gisa abiatu zen iheslearen atzetik, pergamino preziatu hura berreskuratzeko sakrifiziorik handienak ere egiteko prest. Etxe osoa arakatu zuen, etxapetik hasi eta ganbararaino, armairu guztiak zabaldu zituen, altzari guztiak miatu. Alferrik bilaketa guztiak. Azkenean, lorategiko arbola baten itzalera joan zen esertzera, etsi-etsirik. Une batez irudipena zuen kolpetxo batzuk hartzen ari zela buruan, eta haizeak erauzitako hosto iharrak zirela uste zuen; non ikusten duen ordea paper pilotatxo bat bere aurreko bidean biraka. Jaso zuen — zabaldu zuen. Errukia! bere eskuizkribuaren orrietako bat zen. Burua jaso zuen, izumenak harturik, eta animalia nardagarri hura ikusi zuen gisa bereko jaurtigaiak lasai-lasai prestatzen — eta hori egiten ari zen bitartean egiten zuen atseginezko imintzio zatarren hura baino zatarragorik nekez egingo zukeen Satanek berak ere Ebarengandik hasi eta Honorinerenganaino emakume guztiek beti eta beti eskaini izan diguten sagarra Adanek nola hartzen zuen ikusi zuenean. Itxura hura ikusita, argi ezin itsusiago bat piztu zen bat-batean doktorearen gogoan, eta orduantxe aditu zuen modurik itsusienean tronpatu zuela, iruzur egin ziola, atzipetu zuela maltzur halako, ilez estali hark, eta hura ez zela hainbeste desiratu izandako idazlea, Aita Santu edo Turkoen Nagusi izan zitekeena baino gehiago. Obra preziatu hura oso-osorik desagertu izango zatekeen Héracliusek han ondoan lorazainek urrutiko lore multzoetara ura jaurtitzeko erabili ohi dituzten ponpa horietako bat topatu izan ez balu; hartu zuen laster-laster, eta gizonarena baino gehiagoko indarrez eraginik, halako ezustean blaitu zuen gaizto hura non adarrik adar alde egin baitzuen ihesi, garrasi bizitan, eta horretan, gerrako maltzurkeria trebe batez, atsedentxo bat hartzeko inondik ere, aurpegi-aurpegira bota zion etsaiari pergamino urratua: eta bere lekua husturik, etxerantz joan zen lasterka.

        Eskuizkribuak doktorea jo baino arinago, hura bizkarrez behera zen hanka-besoak airean, zirrararen zirraraz tximistak jota bezala. Handik jaiki zenean ez zuen irain hartaz mendeku hartzeko indarrik izan; nekez bai nekez bere langelara itzuli, eta eskuizkribuak hiru orri baizik ez zituela falta ikusi zuen, ez atseginik gabe.

 

 

XXIV

Eureka

 

        Dekano jaunaren eta Errektore jaunaren bisitak atera zuen eroraldi hartatik. Ordu bat edo biz aritu ziren hizketan, metenpsikosia behin ere aipatu gabe, baina bi lagun haiek kanpora zihoazen unean Héracliusek ezin izan zuen gehiago isilik gorde.

        Dekanoa bere hopalanda zabala janzten ari zen bitartean doktoreak aparte hartu zuen Errektore jauna, beldur gutxiago baitzion hari, eta bere nahigabe guztia kontatu zion. Nola bere eskuizkribuaren egilea aurkitu uste izan zuen, nola huts egin zuen, nola bere tximino ondikozkoak modurik makurrenean tronpatu zuen, nola etsita eta abandonaturik aurkitzen zen. Eta bere ilusioen hondamena ikusirik, Héracliusek negar egin zuen. Errektoreak, emozioz, eskuak hartu zizkion; hitz egiten hastera zihoan, etxe sarreratik Dekanoaren ahots sakona deika entzun zenean:

        — Zer, bazatoz, Errektorea?

        Hark, orduan, doktore errukarriari azken esku-estutu bat emanez, irribarrez esan zion, gozo-gozo, haur gaizto bat kontsolatzeko egin ohi den bezala:

        — Zaude lasai, adiskidea, nork daki, ez zara bada zeu izango eskuizkribu horren egilea.

        Eta kaleko ilunpeetan murgildu zen, Héraclius atean zur eta lur eginik utzita.

        Doktorea geldiro-geldiro igo zen bere langelara, hortz artean minuturik minutu marmarka errepikatuz: «Neu naiz agian eskuizkribuaren egilea». Kontu handiz irakurri zuen berriro nola aurkitu izan zen dokumentu hori egilea bizialdi berri batera etorri zen bakoitzeko; eta berak nola aurkitu zuen ekarri zuen gogora. Zorioneko egun haren aurreko ametsak, probidentziaren oharpen bat bezala, Uso Zaharren karrikan sartzean izandako zirrara, argi, zehatz, distiraz itzuli zitzaion hura dena. Zutik jaiki zen, luzatu zuen besoa goiargitu bat bailitzan, eta durundizko ahots batez esan zuen:

        — Ni naiz, ni naiz.

        Dardara bat izan zen etxe osoan, Pitagorasek aharrausi handi bat egin zuen, piztia asaldatuak tupustean esnatu ziren eta zapalartaka hasi ziren zeinek bere hizkuntzan metenpsikosiaren profeta handiaren berpizte handia ospatu nahi izan balu bezala. Eta, gizonaren baitan kabitzen ez den emozio batek harturik, eseri zen Héraclius; zabaldu zuen biblia berri haren azkeneko orria, eta eraspen handiz idatzi zuen haren ondoren bere bizitzaren historia osoa.

 

 

XXV

Ego sum qui sum

 

        Egun hartatik aurrera gaitzeko harrotasun batek hartu zuen Héraclius Gloss. Mesias Jainko Aitarengandik datorren bezala, bera Pitagorasengandik zetorren zuzenean, edo hobeto esanda, bera zen Pitagoras, behinola filosofo haren gorputzean bizi izana. Doktorearen genealogiak azpian uzten zituen era horretan familiarik feudalenen armarriak. Mesprezu harro batean biltzen zituen gizadiak izan dituen gizon handi guztiak, haien egitate handiak huskeria iruditzen zitzaizkion bereen aldean, eta goitasun ezin goragokoan bakartzen zen munduen eta piztien artean; bera zen metenpsikosia, eta bere etxea metenpsikosiaren tenplua.

        Neskameari eta lorezainari debekatua zien animalia kaltegarritzat hartzen zirenak hiltzea. Harrak eta bareak mordoka ziren lorategian, gizon izandako asko ziren, hanka iletsuzko armiarma handien itxura harturik, beren eraldaketa nazkagarria haren langelako hormetan zehar pasearazten; horregatik esan ohi zuen errektore gorrotagarri hark inoren kontura bizizale ziren uzki-pitxer guztiak, zeinek bere moduko metamorfosia eginik, doktore sentikorregi haren kasko gainean bilduko balira, ez ziekeela hark bizkarroi gaixo nahasi haiei gerrarik egingo. Gauza batek bakarrik kezkatzen zuen Héraclius bere gozamen harro hartan, animaliak etengabe elkar jaten ikusteak, armiarmak eulien zelatan, txoriak armiarmak harrapatzen, katuak txoriak marraskatzen, eta bere zakur Pitagoras bere hortzen parean jarri zitzaion katu bat pozarren itotzen.

        Goizetik gauera bitarte guztia ematen zuen metenpsikosiak animalien maila guztietan zehar egiten zuen aurrerabide geldi etengabea behatzen. Bat-bateko argialdiak izaten zituen usterik gutxienean, horma txoriak zorrotenean mokoka ikusirik; inurriek, langile nekaezin burutsu horiek, guztiz samurtzen zuten; beren behinolako herabetasuna eta utzikeria zuritzeko langintza temati hartara kondenatuta zeuden nagi eta alfer guztiak ikusten zituen haietan. Orduak eta orduak ematen zituen, sudurra belarraren kontra jarrita, haiei begira, eta txunditurik zegoen haien sotiltasunaz.

        Gero, Nabukodonosor bezala, lau hankatan ibiltzen zen, hautsetan iraulika aritzen zen bere zakurrarekin, bere piztiekin bizi zen, haiekin etzaten zen lurrean. Harentzat gizakia desagertzen ari zen poliki-poliki izaditik, eta piztiak baizik ez zituen ikusten handik berehala. Haiei begira zegoen bitartean ongi ohartzen zen haien anaia zela; haiekin baizik ez zuen hitz egiten, eta halabeharrez-edo gizakiekin hitz egitera behartzen zenean, zurrundurik geratzen zen arrotzen artean balego bezala, eta oso haserretzen zen, bere baitan, bere kidekoen ergeltasunagatik.

 

 

XXVI

Zer kontatzen zen Mme Labotte, fruitu saltzailearen

dendako erakustokiaren inguruan Maraîcherie kaleko 26an

 

        Victoire andereñoa, Balançoneko fakultateko Dekanoaren sukaldaria, Gertrude andereñoa, aipatu fakultateko Errektorearen neskamea, Anastasie andereñoa, Beaufleury, Sainte-Eulalie-ko apaiz jaunaren giltzaria, horra ostegun goiz batez Mme Labotte, fruitu saltzailearen dendako erakustokiaren inguruan, Maraîcherie kaleko 26an, bilduta zegoen biltzartxoa.

        Dama horiek, ezkerreko besoan hornidura saskia harturik, ile gainean txanotxo zuri bat, farfailaz eta hodiz apaindua, dotore-dotore jantzirik, arreta handiz ari ziren entzuten Anastasie esaten ari zitzaiena, alegia, bezperan bertan Beaufleury apaiz jaunak bost deabruk hartua zeukaten emakume bati nola egin zion exorzismoa.

        Horretan, Honorine andereñoa, Héraclius doktorearen giltzaria, haize bafada bat bezalaxe sartu zen, aulki batean eseri, emozio bortitz batek arnasa estuturik, eta gero, hango guztiak nahiko artega iruditu zitzaizkionean, lehertu zen:

        — Ez, azkenerako gogorregi da, nahi dutena esango dute: ez naiz geratuko etxe horretan.

        Eta aurpegia bi eskuen artean gorderik, zotinka hasi zen. Handik minutu batera berriro hasi zen hizketan, lasaixeago:

        — Azken finean ez du bere errua, gizajo horrek, erotuta egotea.

        — Nor? —galdetu zuen Labotte andreak.

        — Nagusia, nor bada, Héraclius doktorea —erantzun zuen Honorine andereñoak.

        — Egia da, hortaz, Dekano jaunak esaten zuena, zure nagusia burutik nahastuta dagoela? —galdetu zion Victoire andereñoak.

        — Bai, alajaina —ekin zion Anastasie andereñoak—, lehengoan Abade jaunak Rosencroix abade jaunari esan zion infernuko kondenatu bat dela; piztiak adoratzen dituela, Lutero bezalakoxe gorrotagarria omen den Pitagoras-edo baten antzera.

        — Zer da berririk —eten zuen Gertrude andereñoak—, zer gertatu zaizu?

        — Egizu kontu —hasi zen berriro Honorine bere mantal ertzaz negar malkoak xukatuz—, nire nagusi gaixoak piztien eromena duela, aurki egingo ditu sei hilabete, eta atetik kanpora botako ninduke euli bat hiltzen ikusiko banindu, etxe horretan ia hamar urte daramadana. Gauza ona da animaliak maite izatea, baina ez da ahaztu behar guretzat eginak direla, baina doktoreak ez ditu kontuan hartzen gizakiak, piztiak baizik ez ditu ikusten, mundu honetara haiei zerbitzera etorria dela uste du, zentzuzko pertsonak balira bezala hitz egiten die, eta esango litzateke ahotsen bat entzuten duela haiengan, berari erantzuten. Bart, azkenik, saguak hornidurak jaten ari zitzaizkidala ohartua nintzenez, sagutegi bat ipini nien arasan. Gaur goizean, sagutegian sagu bat harrapatuta zegoela ikusirik, katuari deitu, eta hari ematera nindoan zomorro hura; non azaltzen den, ordea, ugazaba sutan, kentzen dit sagutegia eskuetatik, eta uzten du nire janari kontserben erdian, eta gero, haserretu egin naizelako, itzultzen da, eta trapu biltzaile bat bera ere tratatzen ez den moduan tratatzen nau.

        Isiltasun handi bat izan zen segundo batzuetan, gero Honorine andereñoa berriro hasi zen:

        — Edozeinetara ere, nik ez diot txartzat hartzen gaixo horri, erotuta dago.

        Handik bi ordutarako Balançoneko sukalde guztiek ezagutzen zuten doktorearen eta saguaren historia. Eguerdirako hiriko handikien bazkariko kontakizuna zen. Zortzietan, epaile nagusiak, bere kafea edaten zuen bitartean, bere etxean afaldu zuten sei epaileei kontatu zien; haiek, zeinek bere jarrera seriotan, amets giroan entzuten zioten, irribarrerik egin gabe eta buruari eraginez. Hamaiketan, Prefeta, jai bat ari baitzen ematen, bere kezka agertzen ari zen sei administrari txolinen aurrean, eta talderik talde bere gaiztakeriak eta gorbata zuriak erakusten ari zen Errektore jaunari iritzia eskatu zionez, hark erantzun zion:

        — Zer frogatzen du horrek guztiak, Prefet jauna, ezpada La Fontaine bizirik balitz beste fabula baterako gaia bazukeela: «Filosofoaren sagua» eta honela bukatuko litzatekeela ziur aski:

        «Bietan abereena, ez beti uste dena».

 

 

XXVII

Nola Héraclius doktorea ez zetorren bat beste Dauphin harekin,

uretatik tximino bat aterarik, ... berriro bota baitzuen,

eta norbaiten bila joan hura salba zezan

 

        Biharamun goizean Héraclius etxetik atera zenean, berehalaxe ohartu zen begiluzez begiratzen ziotela denek, eta atzera itzultzen zirela, gainera, bera ikusteko. Egiten zioten arreta hark harritu egin zuen lehendabizi; zergatik ote zen asmatzen aritu zen, eta pentsatu zuen agian berak jakin gabe zabaldu izango zela bere dotrina, eta bere herritarrak ulertzen hasixeak zirela agian. Horrela, bada, halako samurtasun handi bat etorri zitzaion bat-batean dagoeneko bere jarraitzaile suhar bihurturik ikusten zituen hiritar haiekiko, eta ezker-eskuin irribarrez agurtzen hasi zen, printze bat nola bere herriaren erdian. Atzean entzuten zituen txutxumutxuak laudoriozko surmurrak iruditzen zitzaizkion, eta pozez distiratzen zegoen errektoreak eta dekanoak aurki izan behar zuten lotsarekin.

        Halaxe iritsi zen Brille-ko kaietaraino. Handik pauso batzuetara haur talde bat zebilen zalapartan, eta barre handiak egiten zituzten uretara harrika; eguzkitan beren pipa erretzen ari ziren marinelek baziruditen interesaturik zeudela umekondo haien jolasean. Héraclius hurbildu zen hara, eta bat-batean atzera egin zuen, bularrean kolpe handi bat hartu balu bezala. Bazterretik hamarren bat metrora, aldika murgilduz, aldika atereaz, katu gazte bat itotzen ari zen ibaian. Piztiatxo hura zazpi ahalak egiten ari zen bazterrera iristeko, baina burua uretatik ateratzen zuen bakoitzeko agonia harekin jostatzen ziren barrabas haietakoren batek botatako harriak berriro desagerrarazten zuen. Mutiko gaiztoak zeinek hobeto ari ziren, eta batak bestea zirikatzen zuen, eta ondo jaurtitako harrikada batek animalia jotzen zuenean, barre algarak eta poz jauziak ziren kaian; horretan harri ertz-zorrotz batek kopeta erdi-erdian jo zuen piztia, eta odol hari bat azaldu zen ile zuriaren gainetik. Horrekin oihu eta txalo zoramen bat lehertu zen borreroen artean; izu ikara bihurtu zen, ordea, bat-batean. Zurbil, amorru dardaraz, aurrean harrapatzen zuen guztia ostikoka eta ukabilka hankaz gora irauliz, otsoa artaldean bezala sartu zen doktorea umeteria haren erdian. Izumen hartan, eta horren ihes bizkorrean, haurretako batek, beldurrak nahasturik, ibaira jauzi egin eta desagertu egin zen. Héracliusek erantzi zuen azkar-azkar lebita, oinetakoak kendu, eta uretara sartu zen hura ere. Une batez indarrean igeri egiten ikusi zuten, heldu zion katutxoari galtzera zihoan unean, eta garaile itzuli zen ibaiertzera. Iskin harri batean eseri zen, lehortu zuen, musukatu, laztandu heriotzatik salbatu zuen animaliatxoa, eta besoetan seme bat balu bezala maitasunez bildurik, bi marinelen artean lehorrera ateratzen ari ziren haurrari jaramonik egin gabe, atzean sortzen ari zen iskanbilak axola ez ziola, etxerantz abiatu zen pauso handiz, oinetakoak eta lebita ibaiertzean ahaztuta.

 

 

XXVIII

Historia honek, irakurle, frogatuko dizu

nola kidekoa kolpeetatik babestu nahiz,

uste delarik hobe dela gizona baino katua salbatu

Auzoen herra pizten dela maiz,

nola bide guztiek Erroma duten helburu

eta metenpsikosiak ero etxean azken amai

(L'Etoile de Balançon)

 

        Handik bi ordura jendetza ikaragarri bat oihu eta iskanbilaz pilatu zen Héraclius Gloss doktorearen leiho aurrean. Berehalaxe harrikada erauntsi batek beirak puskatu zituen, eta ateak botatzear zegoen jendetza hura kale kantoitik jendarmeak azaldu zirenean. Poliki-poliki giroa baretu zen; azkenean jendetza zein bere aldetik barreiatu zen; baina hurrengo eguna arte geratu ziren jendarmeak doktorearen etxe aurrean. Hark urduri eta berebiziko asaldutan eman zuen gau guztia. Apaizek bere kontra antolatutako azpijokoen ondorioa eta erlijio berri baten sorrerak antzinakoaren jarraitzaile tematien artean eragin ohi duen gorroto eztanda gisa ulertzen zuen jendaila haren iskanbila. Martiritzaraino sutzen zen, eta borreroen artean bere fedea aitortzeko prest sentitzen zen. Langelan sar zitezkeen piztia guztiak eraman zituen hara, eta bere zakurraren, ahuntz baten eta ardi baten artean harrapatu zuen egunak lotan, salbatu zuen katutxoa bihotzaren kontra estuturik.

        Atean eman zuten kolpe bortitz batek esnatu zuen, eta Honorinek jaun guztiz serio bat sartu zuen, eta haren atzetik segurtasuneko bi agente. Haiek baino atzeraxeago Prefekturako sendagilea ezkutatzen zen. Jaun serio hura poliziako komisario bezala aurkeztu zen, eta kortesia handiz berekin joateko erregutu zion Héracliusi; hark esan bezala egin zuen, zirrara handi batez. Zalgurdi bat zegoen atean zain; sartzeko agindu zioten. Gero, komisarioaren ondoan eserita, aurrean sendagilea eta polizia bat zituela, kotxezainaren ondoan eseri baitzen bestea, Juduen kalea, Udaletxeko enparantza, Birjinaren bulebarra igaro, eta ate gainean idatzita «Ero Etxea» hitzak zituen itxura iluneko eraikuntza handi baten aurrean gelditu zirela konturatu zen Héraclius. Orduantxe ohartu zen nolako segada ikaragarrian eroria zen; bere etsaien trebezia maltzurra sumatu zuen, eta kalera irteten ahalegindu zen, bere indar guztiak baturik; bi esku indartsuk bere lekuan eserarazi zuten berriro. Ikaragarrizko borroka bat hasi zen orduan Héracliusen eta zaindari zituen hiru gizonen artean; borrokan, bihurrika, joka, hozka, amorruz garrasika hasi zen; lurrean zapalduta aurkitu zen, gogor loturik, eta etxe patu gaiztoko hartara eraman zuten azkenik, atea bere atzean hots makur batez itxi zelarik.

        Itxura bereziko gela estu batean sartu zuten. Tximiniak, leihoak eta ispiluak burdinsare gotorrak zituzten, ohea eta gelako aulki bakarra burdinazko katez loturik zeuden zorura. Ez zegoen espetxe hartako biztanleak jaso eta mugi zezakeen altzari bat ere. Gertaerek frogatu zuten, bestalde, ez zirela alferrik hartuak kontu horiek guztiak. Beretzat berri-berria zen egoitza horretan aurkitu zen bezain laster, ito behar zuen amorruak hartu zuen doktorea. Altzariak puskatzen ahalegindu zen, burdinsareak erauzten, beirak puskatzen. Ezin zuela etsirik, lurrean itzulika hasi zen, eta halako garrasi beldurgarriak botatzen zituen, non bi gizon blusaz jantzi, buruan uniforme gisako txano moduko bat zutenak, sartu baitziren ezustean, haien atzean gizon handi buru-soil, goitik behera beltzez jantzi bat zutela. Nor hark keinu bat egin zielarik, Héracliusen gainera jauzi egin eta istant batean jarri zioten bortizko atorra; eta beltzezko jaunari begiratu zioten. Hark begirada batez doktorea aztertu, eta bere laguntzaileengana itzulirik, esan zien:

        — Dutxa gelara.

        Erdian urik gabeko aska bat zuen gela handi hotz batera eraman zuten Héraclius. Erantzi zuten, oihu batean, eta bainu aska hartan sartu zuten; eta non zegoen konturatu ere baino lehen, gizaseme hilkor baten bizkarrera, lekurik iparraldekoenetan ere, inoiz erori zen ur izoztuenezko uholde izugarri batek erabat ito zuen bertan. Kolpetik isildu zen Héraclius. Beltzezko gizona begira zegokion oraindik ere; pultsua hartu zion serioski, eta esan zuen:

        — Beste bat.

        Beste dutxa bat jausi zen sabaitik, eta dardaraz, itorik, arnasestuka erori zen doktorea bere bainu aska izoztuaren barrenean. Jaso zuten, bildu zuten estalki bero-berotan, eta bere gelako ohean etzan zuten; hogeita hamabost orduz egin zuen lo, lorik sakonenean.

        Pultsua bare eta burua arin esnatu zen hurrengo egunean. Zegoen egoeraz pixka batean gogoeta egin, eta bere eskuizkribua irakurtzen hasi zen, aldean eramana baitzuen. Handik pixka batera beltzezko gizona sartu zen. Mahai bat prestatua ekarri zuten, eta aurrez aurre bazkaldu zuten elkarrekin. Doktorea, ez baitzuen ahaztua bezperako bainua, oso lasai eta oso zintzo portatu zen; horrelako zoritxarra ekarri zion gaiaz hitz bat bera ere esan gabe, luzaro mintzatu zen oso modu interesgarrian, eta ahalegin guztiak egin zituen bere zaintzaileari Greziako zazpi jakintsuak batera baino zuhurrago zela frogatu nahirik.

        Alde egiterakoan, egoitza hartako lorategian ibili bat egiteko eskaini zion beltzezko gizonak Héracliusi. Patio karratu zabal bat zen, zuhaitzez landatua. Berrogeita hamarren bat lagun zebiltzan paseatzen; zein barrez ari zen, zein oihuka, zein hitzaldika, zein serio eta gogoilun.

        Gizonezko garai bat ikusi zuen lehendabizi, bizar eta ile luzea, bakarrik zebilena, buru-makur. Zergatik ez zekiela gizon haren zoria ezagutzeko gogoa sartu zitzaion, eta une horretan bertan, ezezagun hark, burua jasorik, finko-finko begiratu zion Héracliusi. Gero, elkarrengana joan eta zeremonia handiz agurtu zuten elkar. Eta solasa hasi zen. Doktoreak jakin zuenez, Dagobert Félorme deitzen zen bere laguna, eta hizkuntza bizietako irakasle zen Balançoneko ikastetxean. Ez zion sumatu garunean ezer hondaturik izan zezakeenik, eta bere buruari galdetzen ari zen zerk eraman ote zuen gizon hura halako lekura; horretan, besteak, bat-batean gelditurik, eskutik heldu zion, eta eskua indarrez estutuz, ahopeka galdetu zion:

        — Sinesten al duzu metenpsikosian?

        Doktoreak zalantza egin zuen une batez, zezelka; begiradek elkar topatu zuten, eta segundo batzuetan zutik geratu ziren biak, elkarri begira. Azkenean emozioa gailendu zitzaion Héracliusi, negar malkoak atera zitzaizkion begietatik, besoak zabaldu zituen, eta elkar besarkatu zuten. Isileko solasak hasi ziren orduan, eta berehalaxe ohartu ziren argi berak argitzen zituela biak, dotrina berean hanpatuak zirela biak. Puntu bat bera ere ez zuten beren ideietan bat ez zetozenik. Baina pentsamendu berdintasun harrigarri hori egiaztatzen zuen heinean, berebiziko ondoez bitxi bat hasi zen sentitzen doktorea; zenbat eta ezezagun hura bere aurrean gehiago hazten zen, orduan eta bere buruaren estima apaltzen zela iruditzen zitzaion. Jelosiak bihotzean ausiki.

        Besteak esan zuen bat-batean:

        — Ni naiz metenpsikosia; nik aurkitu nituen arimen bilakaeraren legeak; nik arakatu dut gizonen patua. Ni izan nintzen Pitagoras.

        Doktorea kolpetik gelditu zen, zamaua baino zuriago.

        — Barkatu —esan zion—, ni naiz Pitagoras.

        Eta elkarri begira geratu ziren berriro. Gizon hark jarraitu zuen:

        — Filosofo, arkitekto, soldadu, nekazari, fraide, geometra, sendagile, olerkari eta marinel izan naiz.

        — Ni ere bai —esan zuen Héracliusek.

        — Nire bizitzaren historia latinez, grezieraz, alemanez, italieraz, espainieraz eta frantsesez idatzi dut —zioen ezezagunak.

        Héracliusek berriro esan zuen:

        — Nik ere bai.

        Biak gelditu ziren, eta ezpata muturrak bezain zorrotz gurutzatu ziren haien begiradak.

        — 184. urtean —hasi zen oihuka bestea—, Erroman bizi nintzen, eta filosofoa nintzen.

        Doktoreak orduan, haize erauntsi batek astintzen duen hostoa baino dardara handiagotan, atera zuen patrikatik bere dokumentu preziatua, eta arma bat bailitzan dantzatu zuen etsaiaren sudurpean. Hark jauzi bat egin zuen atzera.

        — Nire eskuizkribua —egin zuen oihu, eta besoa luzatu zuen hura hartzeko.

        — Nirea da —egin zuen orro Héracliusek.

        Eta gauza eztabaidatu hura harrigarrizko lastertasun batez buruaz gora jaso, eta mila bira eragiten zizkion, zein baino zein harrigarriago, arerioaren itsumustuko erasotik babesteko. Hura hortzez karraska eginez, ostikoka, marruka ari zen:

        — Lapurra! Lapurra! Lapurra!

        Azkenean mugimendu azkar trebe batez Héracliusek utzi nahi ez zion paperari mutur batetik heldu zion. Segundo batzuetan bakoitza bere aldera tiraka aritu ziren biak, batak zein besteak haserre eta indar berberaz, gero, ez batak ez besteak jaregiten ez ziotenez, elkarren lotura fisikoa egiten zuen eskuizkribuak, Salomon errege jakintsuak hobeto egingo ez lukeen moduan bukatu zuen haien borroka, bi puska berdinetan zatiturik, eta hala elkarrengandik hamar metrora eseri ahal izan ziren borrokalari biak, zeinek bere esku kizkurtuaz bere garaipen erdiari heltzen ziola.

        Ez ziren berriro jaiki, baina elkarren indarrak neurtu ondoren berriro borrokari lotu ez lotu zalantzatan dauden bi olde elkarren arerio bezala hasi ziren elkar aztertzen.

        Dagobert Félormek ekin zion lehenengo.

        — Eskuizkribu horren egilea ni naizela erakusteko froga nahi baduzu —esan zuen—, horra, zuk baino lehenago ezagutzen nuen.

        Héracliusek ez zuen erantzun.

        Berriro hasi zen bestea:

        — Eskuizkribu horren egilea ni naizela erakusteko froga nahi baduzu, horra, buruz buru errezita diezazuket idatzita dagoen zazpi hizkuntzetan.

        Héracliusek ez zuen erantzun. Gogoeta sakonetan ari zen. Iraultza bat ari zitzaion gertatzen bere baitan. Ezin zitekeen zalantzarik izan, bere arerioa zen garaile; baina bere gogorik bizienaz deitu izan zuen eskuizkribuaren egile hura higuintzen ari zitzaion orain, jainko faltsu bat bailitzan. Hain zuzen ere, orain bera bere lekutik kendutako jainko bat baizik ez zelarik, jainkotasunaren kontra ari zen oldartzen. Eskuizkribu haren egiletzat bere burua ez zuen bitartean, irrika bizia izan zuen hura ezagutzeko; baina «Neuk idatzi dut hori, metenpsikosia ni naiz» esan zuen egunetik aurrera, ezin onartu zuen beste inork lekua kentzerik. Beren etxean beste norbait bizitzen ikusi baino erre nahiago dutenen gisan, berak bere buruarentzat jasoa zuen aldarera igota ezezagun bat ikusi zuen unetik, tenplua eta Jainkoa erre, metenpsikosia erre. Horrela bada, isilune luze bat utzi ondoren, ahots baxu benazko batez esan zion:

        — Zu erotuta zaude.

        Hitz horiek entzuten amorratuta egin zion jauzi besteak, eta beste borroka bat hasiko zen, lehenengoa baino bortitzagoa, baldin eta zaindariak etorri eta erlijiozko gerren berritzaile bi haiek zein bere egoitzara eraman ez balituzte.

        Ia-ia hilabete oso batean doktorea ez zen atera bere gelatik; bakar-bakarrik igarotzen zituen egunak, burua bi eskuen artean hartuta, gogoeta guztiz sakonetan. Dekano jauna eta Errektore jauna ikustera etortzen zitzaizkion aldian behin, poliki-poliki, konparazio burutsu eta zehar aipamen kontu handiko askoren bidez, haren gogoan gertatzen ari zen lana laguntzen zuten. Horrela jakinarazi zioten, adibidez, Dagobert Félorme izeneko bat, Balançoneko ikastegian hizkuntz irakasle zena, burutik nahastu zela, Pitagoras, Aristoteles eta Platoni buruz filosofiazko lan handi bat, bere ustetan berak Komodo enperadorearen garaian hasia, idazten ari zela.

        Eguzki bete-beteko goiz eder batean, azkenik, doktoreak, bere onera, berriro garai hobeetako Héraclius hura izatera bihurturik, bere bi lagunei eskuetatik bizi-bizi heldurik jakinarazi zien ezen beti-betiko alde batera utziak zituela metenpsikosia, animalia aldiak eta transmigrazioak, eta bular kolpeak jotzen zituen bere hutsegitea aitortuz.

        Handik zortzi egunera eroetxeko ateak zabaldu zitzaizkion.

 

 

XXIX

Nola joan daitekeen zenbaitetan,

Karibdis utzi, eta Eszilara

 

        Ondikozko etxe hartatik irtetean, ate-atean gelditu zen une batez doktorea, eta birikak bete artean arnastu zuen askatasunaren airea. Gero, behinolako pauso alai berari loturik, etxera bidea hartu zuen. Bidean bost minutu zeramatzala, ikusi zuen mutiko batek ziztu luze bat egin zuen; hari beste ziztu berdin batek erantzun zion ondoko kale batetik. Aurrekoa bezalako beste kale-txakur bat azaldu zen lasterka, eta lehenengoak, bere lagunari Héraclius erakutsiz, oihu bizian ekin zion: «Begira piztien gizona, eroetxetik irtenda», eta bi-biak, doktorearen atzean haren pausuarekin berdinduz, ezagutzen zituzten animalia guztien oihuak imitatzen hasi ziren, aski talentu ohargarriz imitatu ere. Aurki ziren beste dozena bat mutiko bihurri lehengoekin elkarturik, metenpsikosista ohiari segizio zaratatsu bezain ezatsegin bat antolatuz. Haietako bat doktorea baino hamar bat pauso aurrerago zihoan, ikurrin gisa erratz kirten bat hartu eta hartan inondik ere mugarri ondoren batean aurkitutako untxi larru bat loturik; haren ondoren beste hiru, danbor hotsak imitatuz, eta gero doktorea zetorren, txunditurik, bere lebita estuturik, kapelua begi gainera jaitsia, jeneral bat iduri bere gudarostearen erdian. Haren ondoren barrabas olde hura lasterka, jauzika, zilipurdika, oihuka, marruka, miauka, irrintzika, orroka, kukurrukuka, eta beste mila gauza barregarri asmatzen, ate aurrera ateratzen ziren burgesen jostagarri. Héraclius, erabat nahasirik, geroz eta gehiago presakatzen zen. Horretan han inguruan zebilen zakur bat bere hanka artetik igaro zitzaion. Halako amorru olde bat igo zitzaion garunera doktoreari, eta halako ostikada bortitza jaurti zion lehenago etxera eraman izango zukeen piztia gaixo hari, non oinazez uluka joan baitzen ihesi. Aupada beldurgarri bat lehertu zen Héracliusen inguruan, eta hura, burua erabat galdurik, leher gaizto egin beharrean abiatu zen lasterka, bere segizio deabruzko hura atzetik kendu ezinda.

        Zurrunbilo bat bailitzan igaro zen jende aldra hura hiriko kale nagusietatik, eta doktorearen etxearen kontra hautsi zen; doktoreak, hain zuzen, etxeko atea erdi irekirik ikusita, itsumustuan sartu eta itxi egin zuen, eta lasterka utzi gabe bere langelaraino igo zen; han bere tximinoak egin zion harrera, mingaina erakutsiz hasi baitzitzaion ongietorria egiten. Mamu gaiztoren bat azaldu izan balitzaio bezala jo zuen atzera hura ikusita. Tximino hura zen bere zoritxar guztien oroitzapena, bere eroaldiaren eta pairatu berri zituen beheratze eta laido guztien arrazoietako bat. Hartu zuen eskura zuen haritzezko aulkitxo bat, eta kolpe bakar batez hautsi zion buru hezurra kuadrumano malapartatu hari, eta opil bat balitz bezalaxe erori zen hiltzailearen oinetan. Gero, gaizkilea hil izanak lasaiturik, besaulki batean eseririk, lebitako botoiak askatzen hasi zen.

        Orduantxe azaldu zen Honorine, eta ia konortea galdu zuen Héraclius ikusirik. Alaitasun hartan, ugazabari lepora jauzi egin eta bi masailetan eman zion musu, jendearen iritzian nagusiaren eta neskamearen artean dagoen urruntasuna ahazturik, horretan, nonbait, esaten zutenez, etsenplu emana baitzion lehendik ere doktoreak.

        Mutiko bihurrien saldo hura, ordea, barreiatu gabe zegoen oraindik, eta hainbesterainoko iskanbila ari ziren antolatzen ate aurrean, non Héraclius lorategira jaitsi baitzen, urduriturik.

        Ikuskari guztiz zatar batek zaurt eragin zion.

        Honorinek, maite baitzuen ugazaba, haren eromena deitoratu arren, ustekabeko poz bat prestatu nahi zion etxera itzultzen zenerako. Lehendik leku hartan bilduta zeuden piztia guztiak ama batek bezalaxe zaindu zituen, eta hala, animalia mota guztiek ohi duten ugalkortasuna dela medio, Noek izaki guztiak bildu zituen Kutxak Uholde Handiko ura atzeratu zenean bide zuen itxura berbera zuen lorategi hark. Halako pila nahasi bat zen, piztia elemenia bat, zuhaitzak, lore multzoak, belarra, lurra bera desagerrarazteraino. Zuhaitz adarrak txori erregimentuen azpian makurtzen ziren; haien azpian, berriz, zakurrak, katuak, ahuntzak, ardiak, oiloak, ahateak eta antzarak hautsetan biraka. Airea era askotako oihuz beteta zegoen, etxeaz beste aldean asaldaturik zegoen umeteriaren oihuen guztiz berdinak.

        Héracliusek ezin izan zuen bere buruaren nagusi jarraitu, hori ikusita. Horma kontra ahaztuta zegoen pala bat hartu, eta Homerok kontatzen dituen egitandietako gudari ospetsuek bezala, batzuetan aurrera jauzi, besteetan atzera jauzi, ezker-eskuin kolpeka, bihotzean amorrua, hortzetan bitsa, beldurgarrizko sarraski bat egin zuen bere adiskide kalte gabekoen artean. Oiloek horma gainetik egiten zuten hegan, katuak zuhaitzetara igotzen ziren. Bakar batek ere ez zuen barkamenik izan; esan ere ezinezko nahastea izan zen. Gero, lur guztia hildako aberez estali zenean, nekeak eneatu zuen azkenik, eta jeneral garaile bat bailitzan, sarraskia egindako eremuan bertan hartu zuen loak.

        Biharamunean sukar hura joana zuen, hirian zehar ibili bat egin nahi izan zuen. Baina ez al zen atetik kanpora azaldu, kale ertzetan ezkutatuta zeuden umeak berriro hasi zitzaizkion jarraitzen oihuka: «Ea, ea, ea, piztien gizona, piztien laguna!» eta bezperako garrasi berak hasi ziren egiten, amai gabeko aldaerak eginez.

        Doktorea itsumustuan itzuli zen. Haserreak ito behar zuen, eta gizonei eraso ezinik, betirako gorrotoa eta erruki gabeko gerra deklaratu zien abere mota guztiei. Handik aurrera ez zuen desira bat, helburu bat, kezka bat baizik izan denbora guztian: piztiak akabatzea. Goizetik gaua arte zelatan egoten zen, lakioak ipintzen zituen lorategian txoriak harrapatzeko, tranpak jartzen zituen euritako zorrotenetan inguruko katuak itotzeko, haren ate beti erdi zabalik zegoenak gutiziak eskaintzen zizkien handik igarotzen ziren zakur sabelkoiei, eta bat-batean ixten zen baldin eta biktima ozarregiren batek tentaldiari men egiten bazion. Polizia-komisarioa behin baino gehiagotan etorri zen gerra erruki gabe hura gelditzeko agintzera. Auziz josi zuten; ezerk ez zuen, ordea, haren mendekua geldiarazi. Azkenean oso zabaldu zen haserrea. Beste asaldamendu bat izan zen hirian, eta zati-zati egingo zukeen jendetzak indar armatuak azaldu ez balira. Balançoneko sendagile guztiei deitu zieten Prefekturara, eta ahobatez deklaratu zuten erotuta zegoela Héraclius Gloss. Bigarren aldiz igaro zuen hiria poliziako bi agenteren artean, eta berriro ikusi zuen nola ixten zen bere atzean «Ero Etxea» idatzita zegoen etxeko ate astuna.

 

 

XXX

«Zenbat eta eroago orduan eta barreago»

esaera hura nola ez den beti egi-egia

 

        Biharamun goizean egoitza hartako patiora jaitsi zen, eta nor izango han ikusi zuen lehendabiziko pertsona, eskuizkribu metenpsikosistaren egilea. Bi etsaiak elkarrenganantz abiatu ziren begiradaz elkar neurtuz. Jendea ingurura bildu zitzaien.

        Dagobert Félormek jaulki zuen:

        — Hona nire bizitzako obra lapurtu nahi izan didana, nire aurkikuntzaren gloria ebatsi nahi izan didana.

        Zurrumurru bat zabaldu zen jendetzaren artean.

        Héracliusek erantzun zuen:

        — Hona piztiak gizon eta gizonak piztia egiten dituena.

        Gero hizketan hasi ziren bi-biak, berotu ziren poliki-poliki, eta berehala ziren borrokan, lehendabiziko aldian bezala. Ikusleek bereizi egin zituzten.

        Egun hartatik aurrera, zeinek bere jarraitzaileak bilatzeari ekin zioten, harrigarrizko tema eta lehia batez, eta handik gutxira bi alderdi elkarren kontrakotan banatuta zegoen eroetxe guztia, hain arerio suhar, amorratu eta baketu ezinak, hala ere, non ez baitzen ikusiko metenpsikosista bat bere etsaietako baten ondotik igarotzen eta sekulako borrokaren bat hasi ez.

        Topaketa odolgirozko horiek izan ez zitezen, talde bakoitzarentzako paseatzeko ordu bereiziak antolatu beharra izan zuen zuzendariak, zeren ez baita izan horren gorroto setatirik elkarren kontrako bi sektaren artean Guelfoen eta Gibelinoen arteko eskatima famatu hura izan zenez geroztik. Erabaki zuhur horri esker, bestalde, bi klan etsai horietako buruzagiak zoriontsu bizi izan ziren, beren jarraitzaileek maitaturik, entzunik, obediturik eta gurturik.

        Gau batzuetan horma inguruan uluka igarotzen den zakur batek zirrara eragiten die beren ohean Héracliusi eta Dagoberti: Pitagoras zintzoa da, bere nagusiaren mendekutik mirari batez ihes eginik, haren arrastoari egoitza berriraino jarraitu, eta sartzeko eskubidea gizonek baizik ez duten etxe hartako ateak zabaltzeko ahaleginetan.

 

(1875)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia