Larrutuaren eskua

 

        Orain dela zortzi hilabete-edo, nire lagun batek, Louis R...-k, bere ikaskide batzuk bildu zituen gau batean; pontxe edaten eta zigarroak erretzen ari ginen, eta bitartean literaturaz eta pinturaz mintzatzen, aldiro-aldiro txantxaren bat edo beste tartekatuz, gazteen arteko bileretan ohi den bezala. Horretan, zabaltzen da atea, den bezain zabal, eta sartzen da haurtzaroko lagun on haietako bat haize oldarra balitz bezala.

        — Ezetz asmatu nondik natorren —egiten digu oihu, sartuz batera.

        — Mabilletik baietz —erantzuten dio batek.

        — Ez, oso pozik hator hi horretarako, dirua mailegatzetik, edo osabaren bati lur ematetik edo hire erlojua nire izebarenean uztetik hator hi —erantzuten dio beste batek.

        — Baietz mozkortzetik —hirugarrenak—, eta Louisenean pontxe usaina hartu duanez, berriro hasteko igo haiz.

        — Ez, bada, ez duzue asmatu, P...tik nator, Normandiatik, zortzi egun egin ditut han, eta handik ekarria dut nire adiskide gaizkile handi bat, baimena ematen badidazue, oraintxe erakutsiko dizuedana.

        Eta hitz horiek esanik, larrutu baten eskua atera zuen sakelatik; itsusi ikaragarria zen, beltza, iharra, luze-luzea, eta estutua bezala, giharrek berebiziko indarra zuten itxuraz, pergamino bilakatutako larruzko hede batez bildurik zeuden barrutik eta kanpotik; azkazal horiak, estuak, hatz muturretan zeuden oraindik; milia batetik zuen hark guztiak gaizkilearen usaina.

        — Begira —esan zuen nire adiskideak—, lehengo batean inguru hartan guztian oso ezaguna zen azti zahar baten zaharkinak saltzen ari ziren; larunbatero joaten omen zen sabbat-era erratz kirten baten gainean, magia zuria eta beltza biak egiten omen zituen, esne urdina ematen omen zien behiei eta San Antonioren lagunak erabiltzen zuen bezala erabilarazten zien isatsa. Kontua da gaiztagin horrek zaletasun handia ziola esku honi, gaizkile famatu batena baitzen, esaten zenez; gaizkile hori 1736an hil omen zuten, lehenik bere emazte legezkoa putzu batean buruz behera bota, —horretan ez dut uste gaizki egin zuenik—, eta gero ezkondu zituen apaiza elizako dorretik eskegi zuelako. Ekintza bi horiek eginik, munduan zehar joan zen, eta bere karrera labur bezain betean, hamabi bidaztiri egin zien lapurretan, hogei fraide ketu zituen komentu batean eta moja monasterio bat harem bihurtu zuen.

        — Zer egin behar duk, baina, izugarrikeria horrez? —egin genion oihu denok.

        — Txilin kirtena egingo diat, arraioak ez baitu, ea izutzen diren hartzekodunak.

        — Adiskidea —hasi zen esaten Henri Smith, ingeles handi guztiz flematiko bat—, esku hori Indiako okela da, nik uste, prozedura berri batez kontserbatua, salda egiteko erabil ezazu, gomendatzen dizut.

        — Ez ezazue barre egin, jaunak —hasi zen berriro odolik hotzenaz hiru laurdeneko beroki gris batez jantzita zegoen medikuntzako ikasle bat—, eta hik, Pierre, aholkurik eman badiezaaket, emaiok lur kristauari dagokion moduan giza gorpuzki horri, ez al zaik bestela jabea etorriko horren eske; esku horrek ez al zituen gainera ohitura txarrak hartuko, zeren badakik nola den esaera: «Hil duenak hilko du berriro».

        — Eta edan duenak edango —heldu zion ostalariak. Horrekin batera antoisin handi bete pontxe atera zion ikasleari; hark zurrutada batez irentsi, eta hordi zerraldo erori zen mahaipean. Ateraldi hori algara handiz ospatu zen, eta Pierrek, ontzia jasorik eta eskuz denei agur eginez:

        — Topa hire jabea berriro etor dakian —eta bestelako gauzez hitz egin zen handik aurrera eta nor bere etxera itzuli zen.

        Biharamunean, haren ataurretik nindoala, etxean sartu nintzen; ordubiak-edo ziren, irakurtzen eta zigarro erretzen aurkitu nuen.

        — Zer moduz? —esan nion.

        — Oso ongi —erantzun zidan.

        — Eta hire esku hori?

        — Eskua, hor ikusiko huen txirrinean, hantxe jarri bainuen bart etxeratu nintzenean, baina, ez dakik, ergel puskaren bat, adarra jotzeko inondik ere, etorri eta txirrina jo eta jo aritu zaidak gau erdi inguruan; nor zen galdetu, baina inork erantzuten ez zidanez, berriro oheratu eta lo hartu nian.

        Une horretan bertan txirrina jo zuten; etxejabea zen, gizaje oihes eta mutiria oso. Agurrik esan gabe sartu zen.

        — Jauna —esan zion nire adiskideari—, arren eskatzen dizut ken dezazula oraintxe bertan txirrinaren sokatik zintzilikatu duzun sarraski hori, bestela kanpora bota beharko zaitut-eta etxe honetatik.

        — Jauna —erantzun zion Pierrek guztiz serio—, horrelakorik batere merezi ez duen esku bati ari zara laidoka, jakin behar baituzu oso ongi hazitako pertsona batena izana dela.

        Etxejabeak oinak itzuli eta sartu bezalaxe atera zen. Pierre haren atzetik joan, eskua askatu, eta bere ohetokian zeukan txilinetik zintzilikatu zuen.

        — Hobeto horrela —esan zuen—, fraide trapisten «Anaia, hil behar duzu» hark bezala, gogoeta serioak ekarriko dizkit gauean lotarakoan.

        Handik ordu betera harenetik alde egin eta etxera itzuli nintzen.

        Gaizki egin nuen lo hurrengo gauean, urduri, asaldatuta nengoen; behin eta berriro esnatu nintzen ikaraturik; horietako batean, hala ere, etxean norbait sartu zela iruditu zitzaidan, eta, jaikirik, armairuetan eta ohe azpian begira aritu nintzen; goizeko seiak aldera, azkenik, ia lozorroan sartzen ari nintzela, atean jo zuten kolpe bortitz batek ohetik kanpora jauzarazi ninduen; nire adiskidearen otseina zen, ozta-ozta jantzirik, zurbil eta ikaraz.

        — Ai, jauna —hasi zen oihuz eta zotinez—, nire nagusi gaixoa, hil egin dutela.

        Azkar bai azkar jantzi eta Pierrenera joan nintzen lasterka. Jendez bete-beterik zegoen etxea, eztabaidak, urduritasuna, hara-hona etengabea, zein bere esan beharrak esaten, gertatua hainbat modutara kontatzen eta komentatzen. Nekez bada ere, gelaraino iritsi nintzen, atea zainduta zegoen, izena eman nuen, sartzen utzi zidaten. Lau polizia zeuden erdian zutik, eskuan koadernotxo bana zutela aztertzen ari ziren, aldian-aldian elkarrekin hitz egin eta idatzi egiten zuten; bi mediku berriketan ari ziren ohe ondoan, eta haren gainean etzanda Pierre, konorterik gabe. Ez zegoen hilda, baina edonor beldurtzeko itxura zuen. Begiak neurriz goitik zabalduak, begi-niniak handiturik, bazirudien esan ezinezko izumen batez gauza beldurgarri ezezagunen bati begira zeudela, behatzak estututa zituen, gorputza, kokotsetik behera, izara batez estalia zuen, jaso nuen. Lepoan bost behatzen seinaleak zituen, haragitan barreneraino sartuak, odol tanta batzuen orbanak zituen alkandoran. Une horretan gauza batek jo ninduen gogoan. Gelako tximiniara begiratu nuen, larrutuaren eskua ez zegoen han. Medikuek kendua izango zioten, inondik ere, zaurituaren gelan sartzen zirenak zirraraz alditxartu ez zitezen, zinez gauza hitsa baitzen, izan ere, esku hura. Ez nuen galdetu zer gertatu zen gerora hartaz.

        Orain biharamuneko egunkari batetik moztuta dakart krimenaren kontaketa, poliziak jaso ahal izan zituen xehetasun guztiekin. Hona zer zekarren:

        «Atentatu ikaragarri bat egin zen atzo Pierre B... gaztearen kontra; zuzenbidezko ikaslea bera, Normandiako familiarik onenetako batekoa. Gazte hau gaueko hamarrak aldera etxeratua zen, nekatuta zegoela eta aurki oheratu behar zuela esanez agurtu zuen bere otseina, Bouvin jauna. Gau erdi aldera, nagusiaren txirrinak esnatu zuen bat-batean, amorruz ari baitziren jo eta jo. Beldurtu zen, piztu zuen argi bat eta zain geratu zen; minutu batez-edo txirrina isilik egon zen, eta gero berriro ekin zion, halako indarrez, non otseina, beldurraren beldurraz, gelatik kanpora itsumustuka atera, eta etxezaina esnatzera joan baitzen; hura poliziarengana joan zen eta ordu laurden baten buruan-edo haiek atea bota zuten.

        »Ikuskari izugarria azaldu zitzaien begien aurrean, altzariak azpikoz gora zeuden, itxura guztia zuen ikaragarrizko borroka izan zela biktimaren eta gaizkilearen artean. Gelaren erdi-erdian zetzan, bizkarrez, gorputz atalak zurrun eta aurpegia zurbil, begiak izumenez zabal-zabal, Pierre B... gaztea, zirkinik egiten ez zuela; bost hatzen arrasto sakonak zituen lepoan. Bourdeau mediku jaunari berehalaxe deiturik, txostena eman du esanez aparteko indarra zuela inondik ere erasotzaileak, eta oso esku ihar eta zaintsua behar zuela izan, bost balaren zuloak bezala utzi baitizkio lepoan, haragian zehar ia bestalderaino pasata. Krimenaren zergatiaz ez dago susmorik eman dezakeen ezer, eta egin duena nor izan daitekeen sumatzeko ere ez».

        Hurrengo egunean honela zekarren egunkari berean:

        «Pierre B... jaunak, atzo kontatzen genuen atentatu izugarriaren biktimak, konortea hartu du berriro Bourdeau mediku jaunak bi orduz arreta handiz zaindu ondoren. Ez du bizia galtzeko arriskurik; baina beldur handia dago ez dela berriro bere senera itzuliko; errudunaren arrastorik ez da».

        Nire adiskide gaixoa erotuta zegoen, izan ere; egunero-egunero joan nintzaion ikustera, zazpi hilabetez, ospitalera, baina bere senaren izpirik ere ez zuen berriro eskuratu. Bere eromenean hitz arraroak jaulkitzen zituen, eta, ero guztiek bezala, bazuen ideia finko bat, mamu batek jarraitzen ziola uste zuen. Egun batez lasterka etorri zitzaizkidan bila, esanez okerrago zegoela, eta hiltamuan aurkitu nuen. Bi ordu sosegu oso-osoan egon zen, gero, ordea, bat-batean gure ahalegin guztiengatik ere ohean zutiturik oihuka hasi zen besoak astinduz izu laborri batek hartu izan balu bezala:

        — Heldu iezaiok!, heldu iezaiok! Ito behar naik, hel, hel!

        Bi itzuli egin zituen gelan garrasika, gero hilik erori zen, ahozpez.

        Umezurtza nola baitzen, niri eman zidaten haren gorpua Normandiako P... herrira eramateko ardura, han baitzeuden hilobiratuak haren gurasoak. Herri hartatik bertatik iritsia zen Louis R-nean pontxe edaten aurkitu gintuen eta larrutuaren esku hura erakutsi zigun gau hartan. Berunezko zerraldo batean sartu zuten gorputza, eta lau egun geroago, lehenengo ikasketak eman zizkion apaiz zaharrarekin paseatzen ari nintzen triste eta goibel haren hilobia zulatzen ari ziren hilerritxoan. Oso eguraldi ona zegoen, zerua urdin-urdin argiz parrastaka ari zen, txoriak kantuz pendoitzetako laharretan, biok artean haur ginela hainbestetan masustak jatera etorritako lekuan. Ikusten ari nintzen oraindik, nola irristatzen zen hesian, han sailaren bazter-bazterrean pobreei lur ematen zitzaien lekuan zegoen eta ongi ezagutzen nuen zulo hartatik barrura, eta gero masailak eta ezpainak jandako fruituez beltz-beltz eginik itzultzen ginen etxera, eta laharretara begiratu nuen; masustaz beterik zeuden; ohartu ere gabe hartu bat eta ahora eraman nuen, eta hobia zulatzen ari ziren hobigileen aitzurkadak entzuten nituen bide barrenetik. Horretan hots egin ziguten, apaizak itxi zuen liburua eta zer nahi zuten ikustera joan ginen. Zerraldo bat zuten aurkitua. Pikatxoi kolpe batez estalkia zartarazi, eta hezurdura gehiegizko luze bat ikusi genuen, ahoz gora etzana, bere begi hustuetatik oraindik begira balegokigu bezala, desafioz-edo; ondoezik sentitu nintzen, ez dakit zergatik ia beldurra izan nuen.

        — Begira —esan zuen gizon haietako batek—, begira hori, zital honek eskumuturra moztuta dauka, hona eskua.

        Eta esku ihar handi bat jaso zuen gorpuaren ondotik, eta erakutsi zigun.

        — Begira iezaiok, hi —esan zuen besteak barrez—, esango litzatekek begira ari zaiala eta zintzurrera egin behar diala jauzi, eskua itzul diezaioan.

        — Ea, bada, lagunak —esan zien apaizak—. Laga itzazue hilak bakean eta itxi ezazue zerraldo hori, zulatuko duzu beste nonbait Pierre gaixo honentzako hobia.

        Biharamunean bukatua zen dena, eta Parisa bidea hartu nuen berriro, apaiz zaharrari hilobiko bakea nahasi genion haren arimaren betiko atsedenerako mezak eman zitzan berrogeita hamar libera utzirik.

 

(1875)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia