HITZAURREA

 

        Gustu lodiko pasadizo barregarriak, hildakoen istorioak eta gonapeko gorabeherak kontatzen aritu omen ziren haren hiletan, haren adiskide izanak, inori lur ematen zaionean sartu ohi den asperraldi itogarria uxatzeko nonbait, Goncourt anaiek beren Egunkarian kontatzen dutenez. Halakoxea izan «Hildako baten ondoan» idatzi zuenaren patua! Ez zukeen agian gaizki hartuko ere, ikusi ahal izan balu, umore beltzaren hain zale izandakoak. Bere azken nahietan aginduaren kontra lur eman baitzioten gainera, gorpua soilik lurperatzeko agindu eta zerraldoan sartuta hilobiratu baitzuten Montparnasseko hilerrian, legeak esaten duen bezala, batek erabaki uste baitu, baina inoren legeak baitu agintzen, agindu.

 

        Bizitza

        «Henri-René-Albert-Guy de Maupassant, âgé de quarante-trois ans, homme de lettres» —heriotza agirian dioen bezala— Miromesnil-eko gazteluan jaio zen 1850eko abuztuaren 5ean —jaiotza agiriaren arabera—, edo Fécamp herrian, ez baita gauza segurua; hain zuzen, Guyren anaia gaztea, Hervé, jaiotzeko zenean ere, gaztelu bat alokatu baitzuen amak, nobleziari dagokion bezala jaio zitezen inondik ere gauza handitarako sortuak zituen bere semeak.

        Edozeinetara ere Normandiako Fécamp herrian eman zuen bere haurtzaroa; arrantzaleen seme-alabak izan zituen lagun, eta etxean egin zituen lehenengo ikasketak. Han ezagutu zuen bere bizitza guztian zaletasun handia izango zuen itsasoa eta oihal ontzi handiak.

        Guyk 12 urte zituelarik gurasoak bereizi egin ziren, eta bi semeak amarekin geratuko ziren Fécampen. Gurasoen arteko iskanbilak eta liskar bortitzak barren-barrenean markaturik geratu ziren Guyrengan, gizakiaren zorian izan zezakeen esperantzaren andeagarri. 13 urte zituela Ivetot-eko elizaren eskolan sartu zuen amak, ikasketak egin zitzan, eta han ibili zen 18 urte zituela «bertso gordin» batzuengatik kanpora bota zuten arte.

        Udako oporrak gurasoek 1860an Étretat-en erosia zuten etxean igarotzen ditu amonarekin. Étretat-eko bainutegia bolada bete-betean dago urte horietan; han biltzen dira kazetariak, idazleak, margolariak: Corot, Courbet, Monet... Han salbatu zuen itotzetik Charles Swinburne olerkari ingelesa, salbatu izanaren esker onez emandako bazkarian tximu xigortua janarazi eta ipuin hauetan bi bider aipatzen den larrutuaren eskua opari gisa eman ziona. Swinburne olerkari «madarikatuaren» itzala izan zen, hain zuzen, filosofian Schopenhauerrekin batera, Maupassanten barne bidaietako beste bidelagun nagusietako bat.

        Elizako eskolatik bota eta Parisa zuzenbide ikasketak egitera joan bitartean Roueneko Corneille Lizeoan erretorika ikasle egin zituen hamalau hilabeteak erabakigarriak izan ziren Maupassanten bizitzan. Orduan ezagutu zituen bere literaturako bizitzaren nondik norakoak markatuko zizkioten bi pertsonak. Louis Bouilhet olerkaria bata, Rouengo udal liburutegiko zuzendaria, eta Flaubert, Maupassanten amaren eta haren familiaren aspaldiko adiskidea, sarri-sarri Rouenera joan eta bere bi adiskideekin auzo ilunetako fama txarreko kaleetan ibiltzea atsegin izango duena.

        1869an Parisa joango da zuzenbide ikasketak egitera. 1870eko udan gerrak harrapatzen du eta soldadu egongo da 1872ko azaroa arte. Esperientzia gogorrak igaro behar izan zituen; ipuin eta istorio askotan aipatzen dira esperientzia horiek: «Boule-de-Suif», «Mademoiselle Fifi», «La Mère Sauvage», «Le Père Milon», «Deux Amis», banaka batzuk baizik ez aipatzearren.

        Garai horretarako erabaki sendoa zuen literatura idazten jarduteko. Jakinik, ordea, bizi ere, bizi behar dela, Itsas Armadako Ministerioan sartu zen funtzionario —Flauberten gomendioz— (1872-1978), eta gero Irakaskuntza Publikoko Ministerioan (1878-1880); esperientzia luze aspergarri horretan ikasitakoak sarritan agertuko dira Maupassanten obretan, Parisko ipuin zikloan batez ere.

        Bitarte horretan, amaren eskaera etengabeek bultzatuta, itxura denez, Flaubert «Zaharrak» amore eman, eta Guyren karrera literarioa bultzatzeko prest agertu zen. Bi baldintzarekin, ordea: etenik gabe idaztea, eta esan arte ez argitaratzea. Maupassantek gogoz onartu zuen egitarau gogor hori, eta zinez bete ere, bete zuen, bi salbuespenekin: bilduma honetan jasotzen diren «Larrutuaren eskua» eta «Héraclius Gloss doktorea», biak 1875ean argitaratuak, bere adiskideek jarria zioten Joseph Prunier ezizenaz sinaturik.

        Lan, ikasketa, kirol eta lagunarteko jostaketa urteak. Gizon azkar, indartsua baitzen Maupassant. Igerilari trebea, arraunlari bizkorra, josta zalea, «Sena ibai ertzetako jostaketen zaleegi» Flaubertek inoiz gogoratu zion bezala. Bizimodu alaia; neskak, larrua suelto, jotzeko ere. 1877rako heriotzaraino lagunduko zion sifilisaren seinaleak agertu ziren: egonaldi bat Loèche-les-bains-en gaitz horretatik sendatzeko.

        Lagunarte literarioetako kide: Flaubert, eta haren bitartez Turgeniev, Edmond de Goncourt, Zola, eta gazteagoen artean, Huysmans, Céard, Hennique, Alexis, Mirbeau.

        1880ko apirilean, azkenik, Flaubertek argitaratzen hasteko baimena eman zion. Aldi berean argitaratu zituen, alde batetik, poema liburu bat, kritikak goraipatua, eta Zolak antolatutako «Soirées de Médan» talde lana, Zolaren beraren eta Huysmans, Céard, Hennique eta Alexisen beste zenbait lanez gainera Maupassanten «Boule de Suif» dakarrena. Flaubertek, ordu arte Maupassanten lanei buruz oso zorrotz agertu baitzen, maisu lantzat goraipatu zuen lan berria. Artean, ordea, Maupassant idazleen zerrendan aipatzen hasi berria zela, 1880ko ekainaren 8an hil zen Flaubert. Dolu eta samin izan zuen Maupassantek, aspaldi ez zela ikusi baitzuen Flaubert gau batean beren arteko gutunak sutan erretzen.

        «Boule de Suif» bat-bateko arrakasta izan zen. Argitalpen saila izan zuen oso aste gutxitan. Maupassantek Ministerioko lana utzi ahal izan zuen. Bat-batean ospetsu egin zen; egunkariek eskuetatik kentzen zizkioten ipuinak eta kronikak. Handik aurrera literaturak, kazetaritzak eta bidaiek hartuko zuten Maupassanten denbora guztia.

        Kronikagile Le Gaulois egunkarian, 1880tik 1888ra, Gil Blas egunkarian, 1881etik aurrera, aldian behin Figaro egunkarian. Ipuin eta eleberri guztiak egunkarietan argitaratu ziren liburu gisa argitaratu aurretik.

        Maupassantek arrakasta du gizarte bizitzan: aberastua, ongi ordaindua (200-300 libera ordaintzen dizkiote kronikak 1885az gero), ate guztiak zabalik.

        Osasunak ordea, ez dio laguntzen: sasoiko gizona izana elbarritzen ari da, gaztarotik datorkion sifilisak eta amaren aldetik herentziaz datorkion neurosirako joerak elkar indartuta. Perlesiaren izumenak, begietako arazoak, hotzerako sentiberatasunak, gaitzen kontra hartzen dituen bromuroen, eterren, opioaren gehiegikeriek ahultzen dute eta etsimenera eramaten. Beheraldi horren guztiaren, eromenera bide horren kronika analitiko zehatz ohartuak dira garai horretan idatziz doan geroz eta kontaera ilunagoak, etsimenez beteagoak.

        Bere sormena agortzen ari zaiola sumatzen duenean egiaz erotzen da. 1982ko urtarrilaren 1ean bere buruaz beste egiten ahalegintzen da, hilaren 7an Passyko erietxean sartzen dute, eta ez da bere onera itzuliko hurrengo urteko ekainaren 6an, gorputz guztia perlesiak hartuta, hiltzen den arte. Zolak egin zuen haren hiletetan agur hitzaldia, Idazleen elkartearen izenean.

 

        Obra

        Hamabost ipuin bilduma (hirurehundik gora ipuin), sei eleberri, hiru bidaia liburu, bi antzerki obra, ehundaka kronika, hamabi urtetan. Eta hori guztia gizarte harreman etengabeen, bidaien artean. Datu soil horiek erakuts dezakete Maupassanten sormena, lanerako lehia zenbaterainokoa zen.

        Edozein obra sorrerako baldintzek halakotzen dute; Maupassanten bizitzak berak baldintzatzen du haren obra. Ez da zuzenean Maupassanten autobiografia, oso gutxitan adierazten baititu zuzenean bere bizikizunak. Baina, zinez esan daiteke Maupassanten barne bidearen isla dela haren obra gehiena: ia hasieratik dituen gaien inguruan geroz eta estuago korapilatua.

        Obra laburrak dira, zati laburrak, oso antzekoak, estiloaren bilakaera sumatzen ez zaienak, gai bertsuen inguruan moldatuak gehienak: gizakien arteko komunikazioaren ezintasuna, zoritxarreko maitasunak, familiaren desegitea, gerra, eromena, heriotza, gizarte hipokritaren kritika erruki gabea. Gertaldien inguruneak ere ez dira asko: Normandiako laborariak, Parisko gizartea, bere handiki, funtzionario eta prostitutekin.

        Azkeneko urteetan, ordea, zertxobait aldatzen hasi zen Maupassanten produkzioa. Mesprezuaren lekua halako erruki-edo batek hartzen du, kritika sozial gutxiago ageri da, eta leku gehiago uzten zaie pertsonaien barne dramei. Eta horrexen ondorioz, agian, ipuinen lekua eleberriek hartzen dute geroz eta gehiago: Une vie (1883), Bel-Ami (1885), Mont-Oriol (1887), Pierre et Jean (1888), Fort comme la mort (1889), Notre Cœur (1890).

        Aldaketa horiek guztiak azalekoak dira, ordea, mamiarenak baino gehiago. Mami bera baitago Maupassanten obra guztietan: gizonak gainetik kendu ezin duen eta beti zori txarrera eramango duen patu gaiztoaren etsimen geroz eta argiagoa. Maupassantek uste oso-osoa du tranpa bat dela itxaropena. Ezin da galdu harrapaturik gauzkan ilunbetik, barrunbe itxitik, libre irten eta askatuko garen esperantza, horretan ahalegintzen gara geure baliabide apurrez, baina lortu dugula uste duguneantxe, bat-batean eta bortizki ixten zaigu itoko gaituen lakio absurdua.

        Egiaz gizon eta libre izaten uzten ez digun patu gaizto hori bazter guztietan ageri da Maupassanten obran; ez da definitzen, ordea, ez du itxura jakinik, Horlako lausotasuna bera izatera iristen da: norberaz kanpokoa baldin bada ezin da ulertu, barnekoa baldin bada ezin da menderatu. Ezkortasun hori ezin pareka daiteke, ordea, bere garaiko gizarteak nozitu zuen «mal du siècle» harekin, gizartearen patua, gizartearen izaera eta etorkizuna eskuetatik joanak zituela sentitzen zuen gizarte hark nozitzen zuen etsimenarekin. Bestelako etsimen sakonagoa ageri da Maupassanten obretan, egilearen beraren nortasunean errotua.

        Leku askotan arrazoitzen du Maupassantek patu irrazional hori, Schopenhauerren eragin aitortu batez. Hain zuzen ere, itxaropena tranpa den bezala, logika ere tranpa da. Harrapaturik gaude, ezin dugu ezagutu (Magnetismoa, Saint-Michel Mendiko elezaharra, Horla). L'inutile Beauté-n laburbiltzen du, beharbada, ongien Maupassantek munduaz eta izateaz duen pentsamendua:

        Sais-tu comment je conçois Dieu: comme un monstrueux organe créateur inconnu de tous, qui sème dans l'espace des milliards de mondes, ainsi qu'un poisson unique pondrait des œufs dans la mer. Il crée parce que c'est sa fonction de Dieu: mais il est ignorant de ce qu'il fait, stupidement prolifique, inconscient des combinaisons de toutes sortes produites par ses germes éparpillés. La pensée humaine est un heureux petit accident des hasards de ses fécondations, un accident local, passager, imprévu, condamné à disparaître avec la terre (...) Nous lui devons d'être très mal en ce monde qui n'est pas fait pour nous.

 

        Ipuinak

        Maupassantek ez zituen inoiz bereizi «conte» eta «nouvelle»; istorio labur guztiei «nouvelle» deitu zien beti, hemen «ipuin» deituko diegu, erosotasunagatik. Hamahiru bilduma argitaratu zituen: La maison Tellier (1881), Mademoiselle Fifi (1882), Contes de la bécasse, Clair de lune (1883), Miss Harriett, Les soeurs Rondoli, Yvette (1884), Contes du jour et de la nuit (1885), La petite Roque, Monsieur Parent, Toine (1886), Le Horla (1887), Le rosier de Madame Husson (1888), La main gauche (1889), L'inutile beauté (1890). 306 ipuin, guztira; kopuru horrek, besterik gabe, literaturaren historiako ipuingile oparoenen artean jartzen du Maupassant.

        Esan den bezala egunkarietan argitaratu ahala egindako bildumak dira aipatu diren hauek. Ez dira, beraz, bilduma tematikoak. Europako ipuin modernoa egunkariekin sortu zen, egunkarietan argitaratzeko idazten ziren gehienbat ipuinak (XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran batez ere). Horrek baditu bere ondorioak, jakina. Egunkariak luzera jakin bat eskatzen du, irakurle jakin bat jartzen du, eta gai jakin batzuk proposatzen.

        Exotismoa da arau nagusia. Maupassantek normandiarren ipuinak idazten dituenean, Parisen ditu irakurleak. Atzerria eta mundu arrotza ere mundu exotikoak dira. Fantasiazko mundua, hain zuzen, mundu normalaren ertz-ertzean dagoen errealitate bat da. Maupassanten ipuinak oso modu errealistan aurkezten du eguneroko mundua, eta poliki-poliki arrotz bihurtzen du. Ziurtasun guztiak zalantzan jartzen ditu.

        Maupassanten ipuinetako gaiak hiru multzo handitan sailkatu ohi dira: Normandiako ipuinak, Parisko ipuinak (Parisko erdi mailako klaseei eta funtzionarioei buruz) eta fantasiazko ipuinak (izumenezko, ankerkeriazkoak). Gaiez, kokalekuz, anekdotaz desberdinak; a posteriori irakurrita, sortzez iturburu beretik sortuak, antolamenduz helburu berera bideratuak: etsimenetik etsimena adieraziz etsimena gainditzeko ekimen etengabeak.

 

        Fantasiazko ipuinak

        Askotan esan izan da Maupassanten gaixotasuenetik sortuak direla ipuinok, eta ez da harritzekoa uste hori izatea gaixotasun horien historia ezaguturik. Ez da ahaztu behar, baina, fantasiazko ipuinak (ankerkeriazkoekin eta beldurrezkoekin batera) hasiera-hasieratik daudela Maupassanten ipuingintza oparoan; 1885-1886 urteetan iristen du argitalpenen gailurra, Horla argitaratzen duen garaian, eta handik aurrera bakantzen hasten dira ipuin argitalpenak, bere zoria garbi ikusi eta beldurtu izan balitz bezala. Maupassantek ez zituen, gainera, fantasiazko ipuinok gainerakoetatik bereizi, besteekin batera argitaratu zituen bildumetan. Ez zegoen eroturik ipuin horiek idatzi zituenean; ez dira eromenaren fruitu. Erotzen hasten denean, hain zuzen, alde batera uzten du literatura, zalantzak ditu, eleberriak hasi eta bukatu gabe uzten ditu, eta gero ez du gehiago idazten, literaturazko sormenerako bere buruaren kontrola behar duelako eta ez duelako horrelakorik.

        Litekeena da, hasieran, Maupassanten fantasiazko lehenengo ipuinen gaiak ikasiak izatea, Gautier-engandik, Huysmans-engandik; baina, oro har, zinez esan daiteke Maupassanten autoskopiatik, bere barne mundu esturaz betetik, direla sortuak. Beldurra da, hain zuzen, fantasiazko ipuinok lotzen dituen haria. Beldurraren iturburua ez da arrisku jakin ezagutu bat, arrazoizkoa, arrazionalizatu edo arrazoiaren neurrietara ekarri ezin daitekeena baizik.

        Maupassanten ipuinetan gauak eta bakardadeak prestatzen dituzte fantasiazko mundua sortzeko baldintzak. Orduan aski da ustekabeko gertaera bat, zentzumenen hutsegite bat, arrazoimena zalantzatan sar dadin, kontaera mundu arrotz, itomenezkoan sar dadin. Fantasiazko literatura klasikoan ez bezala, Maupassanten historietan ez da naturaz gaindiko inguruneren beharrik. Fantasiazko mundua errealitatean txertatuta dago guztiz, eta horrexek egiten du, hain zuzen, sinesgarriago eta kezkagarriago. Zentzumenen hutsegite batetik etor daitekeen beldurrari, izu laborriak eta eromenak jarraitzen dio, ezin geratuzko zurrunbilo batean.

        Hiru ipuin mota bereizi ohi dira Maupassanten fantasiazko ipuin hauen artean: esturazko ipuinak, betiere halako ondoez sentipen bat uzten dutenak; eromenezko ipuinak, protagonistak poliki-poliki erotuz doazenak; eta gauza bitxien ipuinak, aurrekoak bezain gogorrak ez direnak, baina hala ere gogoa biziki erakartzen dutenak.

        Esturazko ipuinak:

        Agerpena da fantasma bat agertzen den bakarra. Ur gainean, Gaua amesgaiztozko giroa dakartenak. Tik bat, Hildako baten ondoan, Benta, Eroa?, Izua, Beldurra, Eskua, Larrutuaren eskua. Nork jakin? Maupassanten azkeneko idatzietakoak zalantzak sorrarazten ditu egilearen buru osasunaz. Eta azkenik Horla, Maupassanten ipuinik ezagunen eta ospetsuenetakoa.

        Eromenezko ipuinak:

        Hura?, Ero baten gutunak, Horla, Héraclius Gloss doktorea, Ametsak, Adatsa, Marteko gizona, Dibortzio kasu bat, Menuet, Madame Hermet, Lotarakoa. Eromen kasuak edo erotzeko bidean direnen kasuak dira guztiak.

        Gertaera bitxiak:

        Magnetismoa, telepatiari buruz, Saint-Michel Mendiko elezaharra, Gabonetako ipuina, hipnosiaz, Munstroen ama, Ezezaguna, Katuei buruz, Otsoa, piztiei buruz, Hildako andrea.

 

        Bilduma hau

        Bilduma hau Anne Richter-ek 1980an Marabout argitaletxerako apailatutako «Contes fantastiques complets» argitalpenetik hartua da. Guy de Maupassanten fantasiazko ipuinak argitalpen dataren arabera ordenatuta jasotzen dira.

 

        Estiloaz eta itzulpenaz

        Nekez azal daiteke Maupassanten idazkera idazleak berak «Pierre et Jean» eleberriaren sarreran egiten duen baino hobeto eta laburrago. Irizpide horixe izan dut, orobat, itzulpenerako gida eta helburu.

        Il n'est point besoin du vocabulaire bizarre, compliqué, nombreux et chinois qu'on nous impose aujourd'hui sous le nom d'écriture artiste, pour fixer toutes les nuances de la pensée; mais il faut discerner avec une extrême lucidité toutes les modifications de la valeur d'un mot suivant la place qu'il occupe. Ayons moins de noms, de verbes et d'adjectifs aux sens presque insaisissables, mais plus de phrases différentes, diversement construites, ingénieusement coupées, pleines de sonorités et de rythmes savants. Efforçons-nous d'être des stylistes excellents plutôt que des collectionneurs de termes rares.

        Il est, en effet, plus difficile de manier la phrase à son gré, de lui faire, tout dire, même ce qu'elle n'exprime pas, de l'emplir de sousentendus, d'intentions secrètes et non formulées, que d'inventer des expressions nouvelles ou de rechercher, au fond de vieux livres inconnus, toutes celles dont nous avons perdu l'usage et la signification, et qui sont pour nous comme des verbes morts.

       

        Esker ematea

        Nire eskerrona azaldu nahi diet Lur argitaletxean erredakzio kide ditudan guztiei, eskaini didaten laguntzagatik. Bereziki aipatu nahi ditut, hala ere, Antton Olano, irakurri eta zuzenketak egin dizkidalako, eta Jon Muñoz, zuzendu ez ezik beti kontuan hartzeko idarokizunak egin dizkidalako. Eskerrak, orobat, Joxe Antonio Sarasolari, itzulpen hau argitaratu aurretik osorik irakurri duelako. Nori berea zor baitzaio, bihoakie denei nire eskerrona.

 

 

 

© Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia