Leihotik barrena irendutako animalien kurrixkak sartu ziren bulegoan don Sabasen txilioekin nahasian. «Hamar minutu barru ez badator, banoa», agindu zion koronelak bere buruari, bi ordu zain igaro ondoren. Baina hogei minutu gehiagoz itxaron zuen. Irtetera zihoan, don Sabas peoi taldea atzetik zuela bulegora sartu zenean. Behin eta berriz pasa zen koronelaren aurretik honi begiratu gabe.
Peoiak irten zirenean soilik ikusi zuen.
— Zain al zauzkat, adiskide?
— Bai, adiskide —esan zuen koronelak—. Baina oso lanpetua bazaude etor ninteke geroago.
Don Sabasek ez zion entzun atearen beste aldetik.
— Berehalaxe itzuliko naiz —esan zuen.
Eguerdi errea zen. Bulegoa dizdizka zegoen kaleko eguzki pindarrez. Beroak makalduta, koronelak begiak itxi zituen nahita eta berehalaxe ametsetan hasi zen bere andrearekin. Don Sabasen emaztea sartu zen hanka punttatan.
— Ez zaitez esnatu, adiskide —esan zuen—. Pertsianak itxi behar ditut, bulego hau infernua bera baita.
Koronelak begirada arras oharkabez jarraitu zion. Andreak argi-ilunean hitz egin zuen leihoa itxi zuenean.
— Sarritan amets egiten al duzu?
— Batzuetan —erantzun zuen koronelak, lotsatuta lo hartu zuelako—. Ia beti amets egiten dut armiarma saretan katigatu naizela.
— Nik gauero dauzkat amesgaiztoak —esan zuen andreak—. Orain zein den jakiteak eman dit, batek ametsetan aurkitzen duen jende ezezagun hori.
Elektrizitatezko haizagailua konektatu zuen. «Joan den astean emakume bat azaldu zitzaidan ohe buruaren ondoan», esan zuen. Nor zen galdetzeko ausardia izan nuen eta erantzun zidan: «orain dela hamabi urte gela honetan hildako emakumea naiz.»
— Etxea eraiki zela apenas diren bi urte —esan zuen koronelak.
— Horrelaxe da —esan zuen andreak—. Honek esan nahi du hildakoek ere huts egiten dutela.
Elektrizitatezko haizagailuaren burrunbak sendotu egin zuen argi-iluna. Koronela artega sentitu zen, lozorroak eta ametsetatik zuzenean berraragitze misteriora pasa zen emakume hitzontziak atsekabeturik. Etenaldi baten zain zegoen agur esateko, don Sabas bere arduradunarekin bulegora sartu zenean.
— Lau aldiz berotu dizut zopa —esan zuen andreak.
— Nahi baduzu bero ezazu hamar aldiz —esan zuen don Sabasek—. Baina orain ez nazazu ernegarazi.
Ireki zuen diru kutxa eta diru paper sorta bat entregatu zion arduradunari agindu mordo batekin batera. Arduradunak pertsianak zabaldu zituen dirua zenbatzeko. Don Sabasek ikusi zuen koronela bulego barruan, baina ez zuen azaldu inolako erreakziorik. Hizketan jarraitu zuen arduradunarekin. Koronela zutitu egin zen bi gizonezkoak berriro bulegoa uztera zihoazen unean. Don Sabas gelditu egin zen atea zabaldu baino lehen.
— Zer nahi zenuen, adiskide?
Koronelak egiaztatu zuen arduradunak begiratu egiten ziola.
— Ezer ez, adiskide —esan zuen—. Hitz egin nahi nukeela zurekin.
— Dena delakoa esadazu oraintxe —esan zuen don Sabasek—.
Ezin dut minuturik galdu.
Ezbaian egon zen eskua ate-sagarrean jarrita. Koronelak iragaten sentitu zituen bere bizitzako bost segundorik luzeenak. Hortzak estutu zituen.
— Oilarraren arazoa erabakitzeko da —murmurikatu zuen.
Orduan don Sabasek atea zabaldu zuen.
«Oilarraren arazoa», berresan zuen, eta arduradunari bultzatu zion artekarantz. «Mundua erortzen eta nire adiskidea oilar horretatik zintzilik».
Eta gero, koronelarengana zuzendurik:
— Ederki, adiskide. Berehalaxe itzuliko naiz.
Koronela geldi geratu zen bulegoaren erdian bi gizonezkoen oin-hotsak artekaren beste muturrean entzun zituen arte. Gero ibiltzera irten zen igande bazkalondoko lo kuluxkan gelditua zegoen herrian zehar. Inor ez zen ageri jostundegian. Medikuaren kontsultategia itxita zegoen. Inor ez zegoen siriarren biltegietan erakusten zen merkantzia zaintzen. Ibaia altzairuzko lamina bat zen. Gizon bat zetzan lo portuan lau petrolio upelen gainean, aurpegia eguzkitatik sonbreiru batekin babesten zuela. Koronela etxera joan zen herrian gauza higikor bakarra bera zen ziurtasunarekin.
Andrea zain zeukan bazkari osoarekin.
— Zorrak egin ditut bihar goizean goiz ordaintzeko promesarekin —adierazi zuen.
Bazkari bitartean koronelak hiru azken ordutako ezustekoak kontatu zizkion. Andreak urduri entzun zion.
— Gertatzen dena da zuri gizatasuna falta zaizula —esan zuen gero—. Limosna eske bazindoaz bezala azaltzen zara, burua tente duzula joan behar zenukeenean eta aparte deitu nire adiskideari eta esan: «Adiskide, oilarra zuri saltzea erabaki dut.»
— Horrela bizitza pafaldi bat da —esan zuen koronelak.
Andreak zirt edo zarteko jarrera hartu zuen. Goiz horretan txukundu bat emana zion etxeari eta ez-ohiko eran jantzita zegoen, senarraren zapata zaharrekin, hulezko amantala eta zapi bat buruan lotua bi korapilorekin belarrietan. «Ez daukazu ideia arrastorik ere negoziotarako», esan zuen. «Gauza bat saltzekoan erostekoan bezalakoxe aurpegia jarri beharra dago.»
Koronelak zerbait bitxia sumatu zuen haren irudian.
— Gera zaitez zauden bere horretantxe —eten zion irribarrez—. Quaker olo poteko gizontxoaren berdin berdina zaude. Andreak buruko zapia kendu zuen.
— Benetan ari natzaizu —esan zuen—. Oraintxe bertan eramango diot oilarra nire adiskideari eta jokatuko dizut nahi duzuna ordu erdi bat barru bederatziehun liberarekin itzuli baietz.
— Zeroak igo zaizkizu burura —esan zuen koronelak—. Dagoeneko hasi zara oilarraren zilarra jokatzen.
Lanak eman zizkion andrea atzera arazteak. Goiza emana zion andreak hiru urteko programa buruz antolatzeari ostiraletako agoniarik gabe. Etxea prestatu zuen bederatziehun liberak hartzeko. Ez zeuzkaten gauzarik beharrezkoenen zerrenda egin zuen, koronelarentzat zapata berri parea ahaztu gabe. Logelan ispiluarentzat lekua aukeratu zuen. Bere proiektuen bat-bateko zapuzketak lotsa eta erresuminezko zentzapen nahastua sortu zizkion.
Lo-kuluxka labur bat egin zuen. Jaiki zenean, koronela atarian eserita zegoen.
— Eta orain zer egiten duzu —galdetu zuen andreak.
— Pentsatu —esan zuen koronelak.
— Orduan ebatzia dago arazoa. Seguru gara diru horrekin datozen berrogeita hamar urteotarako.
Baina, egia esan, koronelak hartua zuen erabakia oilarra arratsalde hartan bertan saltzeko. Don Sabasengan pentsatu zuen, bakarrik bere bulegoan, elektrizitatezko haizagailuaren aurrean eguneroko injekziorako prestatzen. Aldez aurretik erabakiak zeuzkan erantzunak.
— Eramazu oilarra —eskatu zion andreak irtetekoan—. Santuaren aurpegiak egiten du miraria.
Koronelak uko egin zion. Andreak atzetik segi zion kaleko ateraino etsipen antsiaz.
— Ez zaio axola tropa haren bulegoan badago ere —esan zuen—. Helduiozu besotik eta ez utzi alde egiten bederatziehun liberak eman arte.
— Erasoaldi bat prestatzen ari garela pentsatu behar dute.
Andreak ez zion jaramonik egin.
— Gogoratu zeu zarela oilarraren jabea —ekin zion berriro—. Gogoratu zeu zarela mesedea egitera zoazkiona.
— Bale.
Don Sabas medikuarekin zegoen logelan. «Aprobetxa ezazu orain, adiskide», esan zion Sabasen emazteak koronelari. «Doktorea gure etxeko nagusia preparatzen ari da finkara joateko eta ez da itzuliko ostegunera arte.» Koronela bi indar kontrajarrien artean borrokatu zen: oilarra saltzeko erabakia hartua eduki arren, ordubete geroago iristea nahiko zukeen don Sabas ez aurkitzeko.
— Itxaron dezaket —esan zuen.
Baina andrea berearekin atera zen. Logelara eraman zuen; hantxe zegoen honen senarra ohe-tronuan eserita, galtzontzilotan, kolore gabeko begiak medikuarengan zituelarik. Koronelak itxaron egin zuen harik eta medikuak beirazko tutua pazientearen usuriarekin berotu, bafa usaindu eta don Sabasi baiezko keinua egin arte.
— Fusilatu egin beharko da hau —esan zuen medikuak koronelarengana zuzenduz—. Diabetea ahulegia da aberatsekin amaitzeko.
«Zuk ahalegina egin duzu behintzat intsulina injekzio madarikatu horiekin», esan zuen don Sabasek, eta salto egin zuen bere ipurdi bigunen gainean. «Ni, ordea, hezur gogorra naiz kosk egiteko.» Eta gero, koronelarengana zuzenduz:
— Aurrera, adiskide. Gaur arratsaldean bila atera natzaizunean ez dut aurkitu ezta sonbreirurik ere.
— Ez dut erabiltzen inoren aurrean kendu beharrik ez izateko.
Don Sabas janzten hasi zen. Medikuak txamarraren poltsikoan sartu zuen beirazko tutua odol erakuskariarekin. Gero gauzak zegokien lekuan jarri zituen maletatxoan. Koronelak pentsatu zuen agur esatera zihoala.
— Nik zure lekuan ehun mila liberako kontua pasako nioke nire adiskideari, doktorea —esan zuen—. Horrela ez litzateke hain lanpetua ibiliko.
— Proposatu diot negozioa, baina milioiarekin —esan zuen medikuak—. Pobrezia da sendabiderik onena diabetearen aurka.
«Eskerrik asko errezetagatik», esan zuen don Sabasek bere tripa handia zaldi gainean ibiltzeko galtzatan sartzen ahalegintzen zela. «Baina ez dut onartzen negozioa, zu aberats izatearen lazeriatik libratzearren.» Medikuak bere hortzak ikusi zituen maletatxoaren sarraila nikelatuan islatuak. Bere erlojua begiratu zuen artegatasunik azaldu gabe. Bortzegiak jartzeko unean don Sabas koronelari zuzendu zitzaion ordu txarrean.
— Beno, adiskide, zer da zure oilarrarekin gertatzen dena.
Koronela ohartu zen medikua ere bere erantzunetik zintzilik zegoela. Hortzak estutu zituen.
— Ezer ez, adiskide —murmurikatu zuen—. Saltzera natorkizula.
Don Sabasek bortzegiak janztea amaitu zuen.
— Ederki, adiskide —esan zuen asaldurarik gabe—. Burura ziezazukeen gauzarik zentzuzkoena da.
— Ni oso zahartua nago saltsa hauetarako —zuritu zen koronela medikuaren aurpegi sarkaitzaren aurrean—. Hogei urte gutxiago baneuzka bestela litzateke.
— Zuk beti edukiko dituzu hogei urte gutxiago —ihardetsi zuen medikuak.
Koronelak arnasa berreskuratu zuen. Zain egon zen don Sabasek zerbait gehiago esango ote zuen, baina ez zuen horrela egin. Larruzko txamarra kremaileraduna jantzi eta logelatik irteteko prestatu zen.
— Nahi baduzu datorren astean hitz egingo dugu, adiskide —esan zuen koronelak.
— Horixe esatera nindoakizun —esan zuen don Sabasek—. Bezero bat daukat, agian laurehun libera emango dizkizuna. Baina itxaron beharra daukagu datorren ostegunera arte.
— Zenbat? —galdetu zuen medikuak.
— Laurehun libera.
— Entzunda nengoen askoz gehiago balio zuela —esan zuen medikuak.
— Zuk bederatziehun liberaz hitz egin zenidan —esan zuen koronelak, doktorearen zalantzan babesturik—. Bailara guztiko oilarrik onena da.
Don Sabasek medikuari erantzun zion.
«Garai batean nornahik emango zituzkeen mila», adierazi zuen. «Orain, ordea, inor ez da ausartzen taxuzko oilar bat askatzera. Beti dago arriskua oilarrauzka lekutik tiroz hilda irteteko.» Koronelarengana itzuli zen erruki itxuran:
— Hori zen esan nahi izan nizuna, adiskide.
Koronelak buruarekin baietsi zuen.
— Beno —esan zuen.
Artekan zehar jarraitu zien. Medikua aretoan gelditu zen don Sabasen andreak eskaturik; honek sendabide bat eskatu zion «bati bat-batean sortzen zaizkion eta zer denik jakiten ez den gauza horientzat».
Koronelak bulegoan itxaron zion. Don Sabasek diru kutxa ireki zuen, sartu zuen dirua poltsiko guztietan eta lau diru paper luzatu zizkion koronelari.
— Hor dauzkazu hirurogei libera, adiskide —esan zuen—. Oilarra saltzean egingo ditugu kontuak.
Koronela medikuarekin joan zen arratsaldeko hozkirritan biziberritzen hasiak ziren portuko saltokietan barrena. Azukre kanaberaz kargatutako gabarra bat zetorren uretan zehar. Koronelak ez-ohiko hermetismoa aurkitu zuen medikuarengan.
— Eta zu zer moduz zaude, doktorea?
Medikuak bizkarra jaso zuen.
— Erdipurdi —esan zuen—. Uste dut mediku beharrean nagoela.
— Negua da —esan zuen koronelak—. Niri hesteak nahasten dizkit.
Medikuak batere interes profesionalik gabeko begiradaz aztertu zuen. Beren biltegietako ate aurrean eseritako siriarrak agurtu zituen hurrenez hurren. Kontsultategiko atean koronelak bere iritzia azaldu zuen oilarraren salmentari buruz.
— Ezin nuen besterik egin —adierazi zion—. Animalia hori giza okelaz elikatzen da.
— Giza okelaz elikatzen den animalia bakarra don Sabas da —esan zuen medikuak—. Ziur nago berriro salduko duela oilarra bederatziehun liberan.
— Uste duzu?
— Ziur nago —esan zuen medikuak—. Alkatearekin egindako bere hitzarmen patriotikoa bezain negozio borobila da.
Koronelak ez zuen sinetsi nahi. «Nire adiskideak larrua salbatzeko egin zuen hitzarmen hori», esan zuen.
«Horri esker geratu ahal izan zen herrian.»
«Eta horregatik erosi ahal izan zituen erdi prezioan alkateak herritik egozten zituen bere alderdikideen ondasunak», ihardetsi zuen medikuak. Atea jo zuen, ba ez zituen giltzak aurkitu poltsikoetan. Gero aurre eman zion koronelaren sinesgogortasunari.
— Ez zaitez inuzentea izan —esan zuen—. Don Sabasi dirua interesatzen zaio bere larrua baino askoz gehiago.
Koronelaren emaztea erosketak egitera irten zen gau horretan. Berak siriarren biltegietaraino lagundu zuen medikuaren agerpenak hausnartzen zituela.
— Bila itzazu segituan mutilak eta esaiezu oilarra saldua dagoela —esan zion andreak—. Ez dira utzi behar ilusioarekin.
— Oilarra ez dago saldua nire adiskide Sabas etortzen ez den bitartean —erantzun zuen koronelak.
Alvaro aurkitu zuen erruletan jokatzen billar aretoan. Joko-etxea irakiten zegoen igande gauean. Beroak itogarriagoa ematen zuen topera jarrita zegoen irratiaren dardararen kausaz. Hule beltzeko tapiz luze batean kolore biziz margotutako eta mahaiaren erdian kaxoi baten gainean jarritako petrolio kriseilu batek argituriko zenbakiekin entretenitu zen koronela. Alvaro hogeita hiruan galtzen setatu zen. Haren sorbalda gainetik jokua jarraituz, koronela ohartu zen hamaika lau aldiz atera zela bederatzi txandatan.
— Joka ezak hamaikara —murmurikatu zuen Alvaroren belarrira—. Gehiena ateratzen dena duk.
Alvarok tapiza aztertu zuen. Ez zuen jokatu hurrengo txandan. Dirua atera zuen galtzaren poltsikotik, eta diruarekin batera paper orri bat. Koronelari eman zion mahaiaren azpitik.
— Agustinena da —esan zuen.
Koronelak poltsikoan gorde zuen paper klandestinoa. Alvarok sendo jokatu zuen hamaikara.
— Hasi hadi gutxirekin —esan zuen koronelak.
«Izan daiteke bihozkada ona», ihardetsi zuen Alvarok. Alboko jokalari talde batek apustuak erretiratu beste zenbakietatik eta hamaikara jokatu zuen koloretako gurpiltzarra jadanik jiraka hasia zenean. Koronela estutua sentitu zen. Aurreneko aldiz esperimentatu zituen zoriaren lilura, asaldura eta mingostasuna.
Bosta atera zen.
— Sentitzen diat —esan zuen koronelak lotsaturik, eta eutsi ezinezko erru sentimenduarekin jarraitu zuen Alvaroren dirua arrastadan eraman zuen zurezko eskuarea—. Inporta ez zaidan lekuan sartzeagatik gertatzen zaidak hau.
Alvarok irribarre egin zuen begiratzen ez ziola.
— Ez estutu, koronela. Proba ezazu maitasunean.
Bat-batean manboaren turutak isildu ziren. Jokalariak sakabanatu ziren eskuak gora jasoak zituztela. Koronelak bere atzealdean sumatu zuen fusilak muntatzekoan ateratzen duen krakada hots lehor, bildu eta hotza. Ulertu zuen eroria zela zoritxarrez poliziaren erasoaldian orri klandestinoa poltsikoan zuela. Buelta erdia eman zuen eskuak jaso gabe. Eta orduan ikusi zuen hurbiletik, aurreneko aldiz bere bizitzan, semearen aurka disparatu zuen gizona.Juxtu bere aurrean zegoen fusilaren kanoiarekin tripa estutzen ziola. Txikia zen, indiar itxurakoa, larru zaildukoa, eta haur sunda pafatzen zuen. Koronelak hortzak estutu eta behatz punttekin fusilaren kanoia apartatu zuen poliki-poliki.
— Baimena —esan zuen.
Saguzar begi txiki eta borobil batzuei eman zien aurre. Istant batean begi horiek irentsia, birrindua, lixiritua eta bat-batean egotzia sentitu zen.
— Pasa zaitez, koronela.
© Gabriel García Márquez
© itzulpenarena: Tomas Sarasola