Eraman zituen gelako mahai txikira paper marratuko bloka, luma, tintontzia eta xuka-papera, eta zabalik utzi zuen logelako atea bere andrearekin zerbait kontsultatu beharra izanda ere. Andreak errosarioa errezatu zuen.

        — Zein egun dugu gaur?

        — Urriaren 27a.

        Erabide saiatuaz idatzi zuen, luma eskuan, eta eskua xuka-paperaren gainean zuela, eta bizkarrezurra zut arnasa hartzea errazteko, eskolan irakatsi zioten bezala. Beroa jasanezina egin zen gela itxian. Izerdi tanta bat erori zen gutunean. Koronelak xuka-paperean bildu zuen. Gero, urtutako hitzak karrakatzen ahalegindu zen, baina zirriborro bat egin zuen. Ez zuen etsi. Dei bat idatzi eta ertzean anotatu zuen: «eskubide erdietsia». Gero esaldi osoa irakurri zuen.

        — Zein egunetan sartu ninduten lerrokadan?

        Andreak ez zuen eten otoitza pentsatzeko.

        — 1949ko abuztuaren 12an.

        Geroxeago euria hasi zuen. Koronelak orri bat bete zuen zirriborro handiz, infantil samarrak, Manaureko eskola publikoan irakatsiak zizkioten berberak. Gero beste orri bat erdiraino, eta sinatu egin zuen.

        Andreari irakurri zion gutuna. Hark esaldi bakoitza baietsi zuen buruarekin. Irakurketa amaitu zuenean, koronelak sobrea itxi eta kriseilua itzali zuen.

        — Esan diezaiokezu norbaiti makinaz ateratzeko.

        — Ez —erantzun zuen koronelak—. Aspertua nago mesede eskean ibiltzen.

        Ordu erdi bitartean euria sentitu zuen sabaiko palmen kontra. Herria uholdean murgildu zen. Gerra-hotsaren ondoren itogina hasi zen etxeko lekuren batean.

        — Honek egina izan behar zukeen aspalditxotik —esan zuen andreak—. Beti hobe da zuzenean hizketatzea.

        —Behin ere ez da beranduegi —esan zuen koronelak, itoginari adi—. Dena konpondua egongo ahal da etxearen hipoteka betetzen denerako.

        — Bi urte falta dira —esan zuen andreak.

        Koronelak kriseilua piztu zuen egongelako itogina aurkitzeko. Oilarraren potea parean jarri eta logelara itzuli zen lata hutsean uraren burdin zaratak erasotzen zuela.

        — Baliteke dirua irabazteko interesagatik urtarrila baino lehen ebaztea —esan zuen, horrela izango zela sinetsi nahian—. Ordurako Agustinek betea izango du urtea eta zinemara joan gintezke.

        Andreak barre egin zuen ahopeka. «Ez naiz oroitzen ezta monicongo-ez ere sikiera», esan zuen. Koronela andrea ikusten saiatu zen eltxo-sarean zehar.

        — Noiz joan zinen zinemara azkeneko aldiz?

        — 1931n —esan zuen andreak—. «Hildakoaren borondatea» botatzen zuten.

        — Mutur jokarik izan al zen?

        — Ez zen jakin sekula. Ur-jasa jaulki zen mamua neskatxari idunekoa lapurtu nahian zebilenean.

        Euriaren harrabotsak lokartu zituen. Koronelak ondoez arin bat sentitu zuen hesteetan. Baina ez zen asaldatu. Beste urri batetik bizirik irteteko zorian zegoen. Artilezko mantan bildu eta une batez andrearen arnasa legartsua entzun zuen —urruna— beste udazken batean nabigatzen. Orduan guztiz ohartun mintzatu zen.

        Andrea esnatu egin zen.

        — Norekin ari zara?

        — Inorekin ez —esan zuen koronelak—. Pentsatzen nengoen Macondo-ko biltzarrean arrazoia genuela Aureliano Buendia koronelari ez errenditzeko esan genionean. Hori izan zen mundua pikutara bidali zuena.

        Euria egin zuen astebete osoan. Azaroaren bian —koronelaren borondatearen aurka—, andreak loreak eraman zituen Agustinen hilobira. Kanposantutik beste krisialdi batekin itzuli zen. Aste gogorra izan zen. Urriko lau asteak baino gogorragoa, koronelak ez zuen uste handik bizirik aterako zenik. Medikua etorri zen gaixoa ikustera eta gelatik oihuka irten zen: «Horrelako arnasestuarekin ni prest nengoke herri guztia ehorzteko.» Baina bakarrean hitz egin zuen koronelarekin eta osabide berezia agindu zuen.

        Koronelak ere eror aldia jasan zuen. Agonia ordu asko pasa zituen komunean, izerdi hotzetan, usteltzen ari zela eta bere erraietako landaredia zatika erortzen zitzaiola sentituz. «Negua da», errepikatu zuen bere golkorako etsi gabe. «Guztia bestela izango da euria atertzen duenean.» Eta sinetsi egin zuen egiazki, seguru bizirik egongo zela gutuna helduko zen unean.

        Berari egokitu zitzaion oraingoan etxeko ekonomia zuzentzea. Hortzak estutu beharra izan zuen askotan auzoko dendatan abantzua eskatzeko. «Datorren astera arte da», esaten zuen, bera ere ziur egon gabe oso kontu segurua ote zen hori. «Ostiraletik nirekin behar zuketen txanpontxo batzuk dira.» Krisialditik irten zenean andreak harriduraz aztertu zuen.

        — Hezur hutsean zaude —esan zuen.

        — Zaintzen ari naiz neure burua saltzeko —esan zuen koronelak—. Eskatua nauka klarinete fabrika batek.

        Baina egia esan, ia gutunaren itxaropena besterik ez zen eusten ziona. Ahitua, esna aldiagatik hezurrak xehatua, ezin arduratu izan zen aldi berean beren premiez eta oilarraz. Azaroaren bigarren hamabostaldian uste izan zuen animalia akabatuko zitzaiola bi egun artorik gabe pasa ondoren. Orduan, uztailean labexkaren gainean eskegita utzitako eskutada bat babarrunaz gogoratu zen. Lekak aletu eta oilarrari jarri zion potekada bat hazi lehor.

        — Hator hona —esan zuen.

        — Unetxo bat —erantzun zuen koronelak, oilarraren atzerakoa ikusiz—. Gose onarentzat ez zegok ogi txarrik.

        Andrea esertzeko eginahaletan aurkitu zuen ohean. Gorputz ahulduak senda-belar lurrina pafatzen zuen. Andreak hitzak ahoskatu zituen, banan-banan, zehaztasun kalkulatuz:

        — Irten zaitez behingoz oilar horretatik.

        Koronelak aldez aurretik ikusia zeukan une hura. Zain zegoen semea bala zuloz josi zioten arratsalde hartaz geroztik, eta berak oilarra gordetzea erabaki zuen. Edukia zuen astia pentsatzeko.

        — Honez gero ez du merezi —esan zuen—. Hiru hilabete barru izango da borroka eta orduan prezio hobean saldu ahal izango dugu.

        — Ez da diru kontua —esan zuen andreak—. Mutilak datozenean esaiezu eramateko eta egiteko berarekin gogoak ematen diena.

        — Agustinengatik da —esan zuen koronelak aldez aurretik pentsatutako argudioz—. Imajina ezazu haren aurpegia oilarraren garaipenaren berri ematera etorriko zitzaigunean.

        Andreak egiatan pentsatu zuen semearengan.

        «Oilar madarikatu horiek izan ziren haren hondamendia», txilio egin zuen. «Urtarrilaren hiruan etxean gelditu balitz ez zukeen harrapatuko ordu txarrak.» Aterantz zuzendu bere hatz erakusle erkina eta oihu egin zuen:

        — Iruditzen zait ikusten nagoela oilarra besapean zuela irten zenean. Ohartarazi nion ez joateko ordu txarra bilatzera oilarrauzka lekuan eta hark hortzak erakutsi, eta esan zidan: «Zaude isilik, gaur arratsaldean zilarretan usteldu behar dugu eta.»

        Ahuldua erori zen. Koronelak bultza egin zion leunki burko aldera. Bere begiak bereak bezalakoxe beste begi batzuekin topatu ziren. «Saia zaitez ez mugitzen», esan zuen, txistuak bere birika barruan sentituz. Andrea apur bateko lozorroan erori zen. Begiak itxi zituen. Berriro ireki zituenean haren arnasak bareagoa ematen zuen.

        — Aurkitzen garen egoeragatik da —esan zuen—. Bekatua da geure ahotik ogia kentzea oilar bati botatzeko.

        Koronelak kopeta lehortu zion maindirearekin.

        — Inor ez da hiltzen hiru hilabetean.

        — Eta bitartean zer jan behar dugu —galdetu zuen andreak.

        — Ez dakit —esan zuen koronelak—. Baina goseak hiltzekoak izan bagina hilak ginatekeen onez gero.

        Oilarra bizi bizirik zegoen pote hutsaren aurrean. Koronela ikusi zuenean zintzur bakarrizketa moduko bat egin zuen, ia gizatiarra, eta atzera eragin zion buruari. Koronelak kidetasunezko irribarre bat egin zion.

        — Bizitza gogorra duk, adiskide.

        Kalera irten zen. Nora ezean ibili zen herri siestatuan zehar, ezertan pentsatu gabe, ezta sikiera bere arazoak ez zeukala irtenbiderik ere. Kale ahantzietan zehar ibili zen ahitua aurkitu zen arte.

        Orduan etxera itzuli zen.

        Andreak sumatu zuen sartzen eta gelara deitu zion.

        — Zer?

        Andreak begiratu gabe erantzun zuen.

        — Sal dezakegula erlojua.

        Koronelak pentsatua zuen hori. «Ziur nago Alvarok berrogei libera emango dizkizula berehalaxe», esan zuen andreak. «Begira ezazu nolako erraztasunez erosi zuen josteko makina.»

        Agustinek lan egiten zion jostunaz ari zen.

        — Hitz egin liezaioke goizetik —oniritzi zuen koronelak.

        — Goizetik ez —zehaztu zuen andreak—. Eraman oraintxe bertan erlojua, ipini mahaian eta esango diozu: «Alvaro, hemen dakarkizut erloju hau eros diezadazun.» Hark berehalaxe ulertuko du.

        Koronela zoritxarreko sentitu zen.

        — Hilobi santua bizkarrean hartuta ibiltzea bezala da —esan zuen—. Kalean zehar eskaparatetzar horrekin ikusten banaute Rafael Escalonaren abesti batean aterako naute.

        Baina oraingoan ere limurtu egin zuen andreak. Andreak berak eraitsi zuen erlojua, egunkaritan bildu eta esku artean jarri zion. «Honantz ez zara itzuliko berrogei libera gabe», esan zuen. Koronela jostundegira joan zen fardela besapean zuela. Agustinen lagunak aurkitu zituen ate aurrean eserita.

        Haietako batek eserlekua eskaini zion. Koronelari ideiak mordoilotzen zitzaizkion. «Eskerrik asko», esan zuen. «Aurrerago noa.» Alvaro irten zen jostundegitik. Artekako bi hesolatan hedatutako burdin harian kotoizko adabaki busti bat eskegi zuen. Karantza gogor, zokotsu eta begi lausotuko mutila zen berau. Honek ere esertzera gonbidatu zuen. Koronela suspertua sentitu zen. Jarri zuen aulkia ate-uztaiaren kontra eta eseri egin zen, Alvaro bakarrik geratu zain negozioa proposatzeko. Bat-batean ohartu zen aurpegi hertsiz inguratua zegoela.

        — Ez zaituztet etengo —esan zuen.

        Ezezkoa egin zuten. Bat berarengana makurtu zen. Esan zuen, ia ahots sumagaitzez:

        — Idatzi zuen Agustinek.

        Koronelak kale bakartia aztertu zuen.

        — Zer dio?

        — Betiko gauza bera.

        Orri klandestinoa eman zioten. Koronelak galtzaren poltsikoan gorde zuen. Gero isilik egon zen fardel gainean tarrapataka eginez norbaitek ihartu zuela konturatu arte. Ahozabalik geratu zen.

        — Zer daramazu hor, koronela?

        Koronelak Germanen begi berde sarkorrak saihestu zituen.

        — Ezer ez —gezurra koronelak—. Erlojua daramakiodala alemaniarrari konpon diezadan.

        «Ez zaitez inozoa izan, koronela», esan zuen Germanek, fardelari eskua erantsi nahian. «Zaude eta begiratu bat emango diot.»

        Koronela bihurritu egin zen. Ez zuen ezer esan baina betazalak ubeldu zitzaizkion. Besteek ez zuten etsi.

        — Utziozu, koronela. Trebea da hau mekanikan.

        — Ez diot, ordea, nekerik eman nahi.

        — Zer neke eta neke ondo —esan zuen Germanek. Erlojua hartu zuen—. Alemaniarrak hamar libera kendu eta bere horretantxe utziko dizu.

        Jostundegira sartu zen erlojuarekin. Alvaro josten ari zen makinan. Barrurago, iltzetik zintzilikatutako gitarraren azpian, botoiak eransten ari zen neskatxa bat. Iragarki bat zegoen gitarraren gainean josita: «Debekatua politikaz mintzatzea.» Koronelak sentitu zuen sobera zeukala gorputza. Hankak apoiatu zituen aulkiaren errailean.

        — Kaka, koronela.

        Asaldatu egin zen. «Hitz itsusirik gabe», esan zuen.

        Alfonsok betaurrekoak tinkatu zituen sudur gainean koronelaren botinak hobeto aztertzeko.

        — Oinetakoengatik da —esan zuen—. Kristoren zapatak estreinatzen zabiltza zu.

        — Baina esan daiteke hitz itsusirik gabe —esan zuen koronelak, eta txarolezko bere botinen zolak erakutsi zituen—. Munstro hauek berrogei urte dauzkate eta aurreneko aldia da hitz itsusi bat entzuten dutela.

        «Listo», oihu egin zuen Germanek barruan, erlojuaren din-dinarekin batera. Alboko etxean bi etxebizitzen arteko horma jo zuen emakume batek; txilio egin zuen:

        — Utzi gitarra hori, Agustinek ez du oraindik urtebeterik eta.

        Eztanda egin zuen barre algarak.

        — Erlojua da.

        German irten zen fardelarekin.

        — Ez zen ezer —esan zuen—. Nahi baduzu lagunduko zaitut etxera nibelean jartzeko.

        Koronelak ez zuen onartu eskaintza.

        — Zenbat zor dizut?

        — Ez arduratu, koronela —erantzun zuen Germanek taldean bere lekua hartzen zuela—. Urtarrilean ordaintzen du oilarrak.

        Koronelak hantxe aurkitu zuen bila zebilen abagunea.

        — Proposamen bat egiten dizut —esan zuen.

        — Zer?

        — Erregalatu egiten dizut oilarra —aurpegiak aztertu zituen ingurumarian—. Erregalatu egiten dizuet oilarra zuei guztioi.

        Germanek ezbaian begiratu zion.

        «Ni oso zahartua nago horretarako», jarraitu zuen koronelak. Zintasun etsigarria ezarri zion bere ahotsari. «Erantzukizun handiegia da niretzat. Egun batzuk badira animalia hori akabatzen ari den zentzapena daukadala.»

        — Ez zaitez estutu, koronela —esan zuen Alfontsok—. Gertatzen dena da urte sasoi honetan lumaberritzen ari dela oilarra. Sukarra dauka luma-orratzetan.

        — Datorren hilean ongi egongo da —baieztatu zuen Germanek.

        — Edozein moduz, ez dut nahi —esan zuen koronelak. Germanek barnea ikertu zion begi-niniekin.

        — Ohar zaitez gauzez, koronela —lehiatu zen—. Garrantzitsua da Agustinen oilarra auzka lekuan jarriko duena zeu izatea.

        Koronelak gogoeta egin zuen. «Konturatzen naiz», esan zuen. «Horregatik eduki dut orain arte.» Hortzak estutu zituen, eta indarrez sentitu zen aurrera egiteko:

        — Okerrena da oraindik hiru hilabete falta direla.

        German izan zen ulertu zuena.

        — Horregatik besterik ez bada ez dago problemarik —esan zuen.

        Eta bere formula aurkeztu zuen. Ontzat eman zuten besteek. Iluntzean, bere fardela besapean zuela etxean sartu zenean, andreak etsimena jasan zuen.

        — Ezer ez —galdetu zuen.

        — Ezer ez —erantzun zuen koronelak—. Baina orain ez zaio axola. Mutilak arduratuko dira oilarra mantentzeaz.

 

 

 

© Gabriel García Márquez

© itzulpenarena: Tomas Sarasola

 

 

"Gabriel García Márquez / Koronelari ez dio inork idazten" orrialde nagusia